150. ALDIZKARIA - 2011ko uztailaren 29a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

109/2011 FORU DEKRETUA, uztailaren 26koa, Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumen Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duena.

Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariak uztailaren 1ean emandako 10/2011 Foru Dekretuaren bidez Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura eta departamentu bakoitzaren eskumen-esparrua finkatu ziren. Hortaz, bidezkoa da departamentu bakoitzaren oinarrizko egitura organikoa ezartzea, gero gehiago garatu badaiteke ere.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 20.2 artikuluak ezartzen du departamentu bakoitzak zuzendaritza nagusi bat edo gehiago izanen dituela, baita idazkaritza tekniko nagusi bat ere, zuzen-zuzenean kontseilariaren menpe egonen dena. Aurreko lerroaldean xedatutakoa gorabehera, artikulu horretako 3. lerroaldeak adierazten du departamentu guztietan beste organo batzuk ere egoten ahalko direla kasuko kontseilari titularraren menpe. 25.2 artikuluak xedatzen du zerbitzuak zuzendaritza nagusien barrenean egon daitezkeela edo kontseilariaren menpe, zuzenean.

Abenduaren 3ko 15/2004 Foru Lege horren 21.2 artikuluak adierazten du zuzendaritza nagusiak sortu, aldatu, bateratu edo kentzea, baita bakoitzak eskumenean izanen dituen arloak zehaztea ere, Nafarroako Gobernuari dagokiola, departamentu bakoitzeko kontseilari titularrak proposaturik.

Abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 100.2 artikuluak adierazten du erakunde autonomoak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentu bati edo zuzendaritza nagusi bati atxikita egonen direla.

Horiek horrela, Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumeneko kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2011ko uztailaren 26ko bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua. Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumen Departamentuaren eskumenen esparrua.

Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumen Departamentuari dagokio Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak honako arlo hauetan bereganatuak dituen eskumenak gauzatzea: nekazaritza, abeltzaintza, elikadura eta landa garapena; ingurumena babestu eta zaintzea; ur baliabideak; industria, energia eta meatzaritza; industria jarduera sustatzea; ikerketa, garapen teknologikoa eta berrikuntza, kalitatea eta lehiakortasuna bultzatzea; informazioaren gizartea garatzea; energiaren eta meategietako baliabideen kontrola; energia berriztagarriak sustatzea; Nafarroako enpresak nazioartera ateratzea; lan harremanak eta ekonomia soziala sustatu eta antolatzea; enplegua lortzeko politika aktiboak eta lan bitartekotza sustatzea; bai eta antolamendu juridikoak ematen dizkion gainerako eskudantziak ere.

2. artikulua. Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumeneko kontseilaria.

1. Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumeneko kontseilariak, Departamentuko titularra baita, eta foru dekretu honen 1. artikuluan zehaztutako eskumen esparruari loturik, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluan ezarritako eskudantziak izanen ditu.

2. Era berean, Departamentuko kontseilaria kide anitzeko organo hauetako buru izanen da:

-Nafarroako Nekazaritza Kontseilua.

-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Gobernu Kontseilua.

3. Departamentuan Kontseilariaren Kabinetea dago, kontseilariari laguntza politiko eta teknikoa emateko unitate gisa; Kabinetea Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 19. artikuluan ezarritakoari lotu behar zaio eta kontseilariaren menpean dago zuzenean.

3. artikulua. Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumen Departamentuaren oinarrizko egitura.

1. Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumen Departamentuak, bere titularraren zuzendaritzapean, honako organo hauek izanen ditu:

a) Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza Nagusia.

b) Landa Garapeneko Zuzendaritza Nagusia.

c) Enpresa eta Berrikuntza Zuzendaritza Nagusia.

d) Arriskuen Prebentziorako eta Lanaren Zuzendaritza Nagusia.

e) Ingurumenaren eta Uraren Zuzendaritza Nagusia.

f) Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusia.

2. "Nafarroako Enplegu Zerbitzua" erakunde autonomoa Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumen Departamentuari atxikirik egonen da.

4. artikulua. Zuzendaritza nagusien eskudantziak.

Foru dekretu honen 2. artikuluan ezarritakoa alde batera utzi gabe, Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumen Departamentuko zuzendaritza nagusiek, kontseilariaren goi zuzendaritzapean eta foru dekretu honetan esleitutako esparru materialean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluan ezarritako eskudantziak izanen dituzte eta, horiez gain, indarra duten xedapenek esleitzen dieten edo Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumen kontseilariak haien esku uzten duen beste edozein.

5. artikulua. Idazkaritza Tekniko Nagusiaren eskudantziak.

Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumen Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiak, foru dekretu honen 1. artikuluan zehaztu den eskumen esparruaren barruan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 23. artikuluan eta eta idazkaritza tekniko nagusiak arautzen dituen otsailaren 21eko 29/2005 Foru Dekretuan ezarritako eskudantziak baliatuko ditu Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumeneko kontseilariaren goi-zuzendaritzapean, berari atxikita baitago zuzenean, bai eta indarreko xedapenek emandakoak eta Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumeneko kontseilariak agintzen dizkion guztiak ere, eta horretarako behar diren ebazpenak emango ditu.

6. artikulua. Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza Nagusiaren eskumenen esparrua.

Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza Nagusiak foru dekretu honetan ezarritako eskudantziak ditu ondoko arlo hauetan:

-Nekazaritza eta abeltzaintzako produkzioa.

-Landareen eta abereen osasuna.

-Mintegiko haziak eta landareak.

-Nekazaritzako aseguruak.

-Nekazaritza eta abeltzaintzako ikerketa eta garapena koordinatzea.

-Nekazarien eta abeltzainen etekinetarako laguntzak.

-Merkatuak erregulatzea eta haietan esku hartzea.

-Siloen Oinarrizko Sarea mantentzea eta zaintzea.

-Fruta eta barazki ekoizleen erakundeak eta nekazaritzako ekoizleen elkarteak.

-Nekazariendako eta abeltzainendako laguntzak.

-Erakunde Ordaintzailearen zuzendaritza.

-Erakunde Ordaintzailearen baliabide informatikoak kudeatzea.

-Nekazaritzaren arloko prestakuntza.

-Indarreko xedapenek Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumen Departamentuari emandakoetatik Zuzendaritza Nagusiaren eskumeneko direnak eta Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsaren (FEAGA) Erakunde Ordaintzailearen eta Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren (FEADER) bidezkoak, Nafarroako Foru Komunitateari dagozkionak.

7. artikulua. Landa Garapeneko Zuzendaritza Nagusiaren eskumenen esparrua.

Landa Garapeneko Zuzendaritza Nagusiak foru dekretu honetan ezarritako eskudantziak izanen ditu ondoko arlo hauetan:

-Nekazaritzako azpiegituren erreforma eta garapena.

-Ureztalur berriak sortzea eta jadanik daudenak gaurkotzea eta sendotzea.

-Nekazaritzako azpiegituretarako laguntzak.

-Herri ondasunak zaindu eta berreskuratzea.

-Landa inguruneko jardueren aniztasuna bultzatzea, baita landa ingurunea bera garatzea ere, betiere horren arloko programazioari jarraikiz.

-Landa garapeneko LEADER programako parte hartzaile diren Tokiko Ekintza Taldeen koordinazioa eta kontrola.

-Nekazaritza ustiategien eraginkortasuna hobetzea.

-Kalitate deiturak.

-Abeltzaintza-nekazaritzako laborategiak.

-Prozesuen eta produktuen kalitatea sustatzea, babestea eta kontrolatzea.

-Nekazaritzako produktuen eta nekazaritzako elikagaien merkaturatzea sustatzea.

-Nekazaritzan eta nekazaritzako elikagaien arloan kooperatibak eta elkarteak sortzen laguntzea.

-Landa garapenaren arloko neurriak bultzatu eta koordinatzea.

-Nekazaritzako baliabide naturalen inbentarioa eta ebaluazioa egitea.

-Landa Garapeneko programen Kudeaketaren Agintaritzaren eginkizunak betetzea, programa horiek eginez eta zuzenduz, baita haien jarraipena eta ebaluazioa ere.

-Indarra duten xedapenek Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumen Departamentuari esleitzen dizkiotenak, zuzendaritza nagusiak bere duen esparruan.

8. artikulua. Enpresa eta Berrikuntza Zuzendaritza Nagusiaren eskumenen esparru materiala.

Enpresa eta Berrikuntza Zuzendaritza Nagusiak foru dekretu honetan ezarritako eskudantziak izanen ditu, ondoko arlo hauetan:

-Industria jarduera eta enplegua sustatzea.

-Nekazaritzako industrien eta nekazaritzako elikagaien industrien antolamendua eta sustapena.

-Ikerketa, garapen teknologikoa eta berrikuntza.

-Nafarroako enpresak nazioartera ateratzea.

-Industria, energia eta meatzaritza.

-Industria eta energia arloko azpiegiturak.

-Industria berrantolatzea.

-Pisuak, neurriak eta metalen kontrastea.

-Informazioaren gizartea sustatzea.

-Indarra duten xedapenek Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumen Departamentuari esleitzen dizkiotenak, zuzendaritza nagusiak bere duen esparruan.

9. artikulua. Arriskuen Prebentziorako eta Lanaren Zuzendaritza Nagusiaren eskumenen esparru materiala.

Arriskuen Prebentziorako eta Lanaren Zuzendaritza Nagusiak foru dekretu honetan ezarritako eskudantziak izanen ditu, ondoko arlo hauetan:

-Lan harremanak.

-Laneko arriskuen prebentzioa.

-Ekonomia soziala eta lan autonomoa.

-Indarra duten xedapenek Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumen Departamentuari esleitzen dizkiotenak, Arriskuen Prebentziorako eta Lanaren Zuzendaritza Nagusiak bere duen esparruan.

10. artikulua. Ingurumenaren eta Uraren Zuzendaritza Nagusiaren eskumenen esparrua.

Ingurumenaren eta Uraren Zuzendaritza Nagusiak foru dekretu honetan ezarritako eskudantziak izanen ditu, ingurumena eta ur baliabideak zaindu eta babesteari dagokienez. Berariaz hauxe dagokio:

-Gai hauen gaineko plangintza: hondakinen kudeaketa, ur baliabideak, naturgune babestuak, kutsaduraren kontrako borroka eta oihan ondarea.

-Gai hauen gaineko koordinazioa: ingurumen hezkuntza, ingurumen osasuna, biosegurtasuna eta Foru Komunitateak ingurumenaren arloko politikan parte hartzeak dakartzan beste guztiak.

-Nafarroako Foru Komunitateko naturgune babestuak, oihan ondareko finkak eta abelbideen sarea kudeatzea.

-Hondakin kudeaketa eta urarekin lotutako natur baliabideen kudeaketa ingurumenaren aldetik kontrolatzea.

-Ingurumenaren arloko ebaluazioa eta kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuak.

-Ikerketa eta prestakuntza eta heziketa jarduerak sustatzea ingurumenarekin eta mendien ustiapen eta erabilera antolatuarekin zerikusia duten gaietan.

-Beste administrazio batzuekin lankidetzan aritzea ingurumen arloko gaietan.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Bakarra.-Arauek indarrean jarraitzea.

Departamentuaren antolaketaren egitura zerbitzu eta atal mailan garatzen ez den bitartean, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 3ko 124/2007 Foru Dekretua eta Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 3ko 128/2007 Foru Dekretua aplikatuko dira, foru dekretu honen edukiari kontra egiten ez dioten orotan.

AZKEN XEDAPENAK

Azken xedapenetako lehena.-Organoak kentzea.

1. Enpresa Zuzendaritza Nagusia kendu egin da, eta haren tokia Enpresa eta Berrikuntza Zuzendaritza Nagusiak hartuko du.

Azken xedapenetako bigarrena.-Gaikuntzak.

Lehendakaritzako, Administrazio Publikoetako eta Barneko kontseilariari eta Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariari gaikuntza ematen zaie behar diren xedapen guztiak eman ditzaten foru dekretu honetan xedatutakoa garatu eta betetzeko, eta bidezkoak diren langileen eta baliabide ekonomiko eta materialen esleipena eta banaketa egiteko.

Azken xedapenetan hirugarrena.-Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2011ko uztailaren 26an.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Yolanda Barcina Angulo.-Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumeneko kontseilaria, Lourdes Goicoechea Zubelzu.

Iragarkiaren kodea: F1112773