150. ALDIZKARIA - 2011ko uztailaren 29a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

79/2011 FORU DEKRETUA, uztailaren 18koa, balio erantsiaren gaineko zergaren erregelamendua, martxoaren 8ko 86/1993 Foru Dekretuaren bidez onetsia, eta fakturazio betebeharrak arautzen dituen erregelamendua, maiatzaren 17ko 205/2004 Foru Dekretuaren bidez onetsia, aldatzen dituena.

Foru dekretu hau bi artikuluz eta azken xedapen batez osatua dago.

Lehenengo artikuluan balio erantsiaren gaineko zergaren erregelamenduan egindako aldaketak ageri dira. Alde batetik, eragiketa salbuetsi jakin batzuk egiaztatzeko beharrezkoak diren frogabideak eguneratzen dira: esportazioekin zerikusi zuzena duten zerbitzuak, gune eta gordailu frankoei buruzko salbuespenak eta etendura-araubideei buruzko salbuespenak. Beste alde batetik, ondasunak ateratzea justifikatzen duten agiriak bidaltzeko epea ondasun horien ateratze-datatik aurrera hiru hilabetekoa (eta ez hilabetekoa, orain arte bezala) izan dadila zehazten da.

11.3 eta 12.12. artikuluetan gune eta gordailu frankoei buruzko salbuespenak eta etendura-araubideei buruzko salbuespenak egiaztatzeko agiriak modu nabarmenean aldatzen dira. Gaur egungo aitorpena, ondasunen eskuratzaileak edo zerbitzuen hartzaileak sinatutakoa, honako honekin ordeztuko da: alde batetik, eskuratzaile horrek hartzaile deneko eragiketa salbuetsien berri emanen du, zerga administrazioak onartzen duen arauzko agirian, artikulu honetan xedatutakoarekin bat etorriz. Beste alde batetik adierazten da zerga administrazioaren ziurtagiri bidez justifikatuko dela gune eta gordailu frankoekin, aldi baterako gordailuekin eta zulatze edo ustiatze plataformekin zerikusia duten eragiketen nahiz etendura-araubideekin zerikusia dutenen salbuespenen aplikazioa. Ziurtagiri horrek ondasunen helmuga edo egoera, faktura zenbakia(k) eta eragiketaren ondorio diren kontraprestazioak jasoko ditu.

Zerga-oinarriaren aldaketarako bete beharreko eskakizun eta arauei dagokienez, erregelamenduzko araua zergak Harmonizatzeko maiatzaren 10eko 4/2010 Legegintzako Foru Dekretuaren bitartez Zergari buruzko Foru Legearen 28. artikuluan txertatutako aldaketei egokitzen zaie.

Gainerako aldaketak (54. artikuluko 5. zenbakia kentzea eta 55. artikulua aldatzea) subjektu pasiboaren inbertsioetan faktura luzatzeko legezko betebeharra ezabatzearen ondorioak dira, hau da, "autofaktura" izenekoa desagertzearen ondorioak.

Bigarren artikulua fakturazio betebeharrak arautzen dituen erregelamenduko aldaketei buruzkoa da. Kasu guztietan, erregelamenduko aldaketak subjektu pasiboaren inbertsioetan autofaktura ezabatzearekin ere badu zerikusia.

Horrenbestez, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak proposaturik, Nafarroako Kontseiluak emandako txostenarekin bat, eta Nafarroako Gobernuak 2011ko uztailaren 18an egindako bilkuran hartutako erabakiari jarraikiz,

DEKRETATU DUT:

Lehenengo artikulua. Balio erantsiaren gaineko zergaren erregelamendua, martxoaren 8ko 86/1993 Foru Dekretuaren bidez onetsia, aldatzea.

Balio erantsiaren gaineko zergaren erregelamenduaren (martxoaren 8ko 86/1993 Foru Dekretuaren bidez onetsiaren) ondorengo aginduak honela idatzita geldituko dira:

Bat. 9.1. 5. B) eta C) artikulua.

"B) Zenbaki honetan jasotako salbuespenak aplikatu ahal izateko, ondoko eskakizunak beteko dira:

a) Ondasunak erkidegotik ateratzeko hiru hilabete izanen dira, zerbitzua eskaintzen denetik aurrera.

b) Zuzenbideak onartutako edozein frogabidez justifikatuko da ondasunak ateratzea.

Ateratze hori ondoko agiriak aurkeztuz egiaztatzen ahalko da, hain zuzen ere:

a') Esportazioak egiten direneko aduanaren zerga administrazioaren ziurtagiria. Ziurtagiri horrek faktura zenbakia(k) eta esportazioarekin harreman zuzena duten zerbitzuen kontraprestazioak jasoko ditu.

b') Zerga administrazioak onartzen duen arauzko agiria.

c) Ondasunak ateratzea justifikatzen duten agiriak zerbitzua eskaintzen duenari bidaliko zaizkio. Horretarako, hiru hilabete izanen dira, ondasunak ateratzen direnetik aurrera.

C) Zenbaki honetan sartzen diren zerbitzuen artean honako hauek egonen dira: ondasunen garraioa; zamalanak eta mantentzea; zainketa, biltegiratzea eta enbalatzea; garraiobideak alokatzea; edukiontziak eta salgaiak babesteko materialak eta antzeko beste batzuk."

Bi. 11.3. artikulua.

"3. Ondasunen eskuratzaileak edo zerbitzuen hartzaileak hartzaile deneko deneko eragiketa salbuetsien berri emanen du, zerga administrazioak onartzen duen arauzko agirian, artikulu honetan xedatutakoarekin bat etorriz.

Zerga administrazioaren ziurtagiri bidez justifikatuko da gune eta gordailu frankoekin, aldi baterako gordailuekin eta zulatze edo ustiatze plataformekin zerikusia duten eragiketen salbuespenen aplikazioa. Ziurtagiri horrek ondasunen helmuga edo egoera, faktura zenbakia(k) eta ondasunak ematearen edo zerbitzuak eskaintzearen ondorio diren kontraprestazioak jasoko ditu."

Hiru. 12.1.2. artikulua.

"2. Ondasunen eskuratzaileak edo zerbitzuen hartzaileak hartzaile deneko salbuetsitako eragiketen berri ematea zerga administrazioari, horretarako onartutako arauzko agiri batean.

Zerga administrazioaren ziurtagiri bidez justifikatuko da Zergari buruzko Foru Legearen 21. artikuluan jasotako arauekin zerikusia duten ondasunak emateari eta zerbitzuak eskaintzeari aplikatzen ahal zaizkien salbuespenen bidezkotasuna, aduanez besteko gordailu araubidea izan ezik. Ziurtagiri horrek ondasunen helmuga edo egoera, faktura zenbakia(k) eta ondasunak ematearen edo zerbitzuak eskaintzearen ondorio diren kontraprestazioak jasoko ditu."

Lau. 15.2. artikulua.

"2. Zergaren kargapeko eragiketetako hartzailearen konkurtsoa deklaratzeko auto judiziala ematen denean, eta jasanarazitako kuotei dagozkien kredituak osorik edo hein batean kobraezinak diren gainerako kasuetan, zerga- oinarriaren aldaketa jarraian ematen diren arauei lotuko zaie:

a) Baldintza hauek bete beharko dira zerga-oinarria aldatu ahal izateko:

1. Zerga-oinarria zuzendu nahi zaien eragiketek behar diren garaian eta moduan fakturatuak eta hartzekodunak luzatutako fakturen liburuan idatziak izan behar dute.

2. Hartzekodunak zerga-oinarrian egindako aldaketa jakinarazi beharko dio Ekonomia eta Ogasun Departamentuari, hilabeteko epean, zuzenketa-faktura igortzen duen egunetik hasita, eta agerrarazi beharko du aldaketa hori ez dagokiela kreditu bermatu, fidantzatu edo aseguratuei, elkarri lotutako pertsonen edo entitateen arteko kredituei edo Zergaren aplikazio lurraldean, Kanarietan, Ceutan eta Melillan establezimendurik ez duten hartzaileentzako eragiketei, Zergari buruzko Foru Legearen 28. artikuluan ezarritako eran.

Jakinarazpenari honako agiri hauek erantsiko zaizkio:

-Zuzenketa-fakturen kopiak. Zuzenketa-fakturetan zuzendutako fakturak zein egunetan luzatu ziren jarri behar da.

-Konkurtsoa badago, zerga-oinarria aldatu zaien eragiketetako hartzailearen konkurtsoa deklaratzeko auto judizialaren kopia, edo Merkataritza Erregistroak konkurtsoa egiaztatzeko emandako ziurtagiria, hala behar denean.

-Kreditu kobraezinak badaude, hartzekoduna zordunari erreklamazio judizialaren bidez edo notarioaren errekerimenduaren bidez kreditua kobratzen saiatu dela frogatzen duten agiriak.

-Erakunde publikoek zorretan dituzten kredituei dagokienez, erakunde publiko zordunaren organo eskudunak egindako ziurtagiria, Zergari buruzko Foru Legearen 28. artikuluaren 4. zenbakiko 4. baldintzari dagokiona.

b) Eragiketetako hartzailea enpresaburu edo profesionala bada, hark Ekonomia eta Ogasun Departamentuari jakinarazi beharko dio hartzekodunak igorri dizkion zuzenketa-fakturak jaso izana, eta kuota zuzenduen zenbateko osoa jarriko du, baita, halakorik bada, kendu ezin diren kuotena ere, hurrengo lerroaldean aipatzen den aitorpen-likidazioa aurkezteko ezarritako epe berean. Betebehar hori ez betetzeak ez dio hartzekodunari zerga-oinarria aldatzea galaraziko, betiere a) letran aipatu baldintzak betetzen badira.

Aurreko paragrafoan aipatu jakinarazpenaz gain, eragiketen zuzenketa-fakturak jaso diren aldiari dagokion aitorpen-likidazioan, aipatu hartzaileak kuota zuzenduen zenbatekoa jarri beharko du kendutako kuoten murrizketa gisa.

Hartzailea enpresaburu edo profesionala ez denean, Zerga Administrazioak eskatzen ahalko dio hartzekodunak bidaltzen dizkion zuzenketa-fakturak aurkezteko.

c) Hartzekodunen hitzarmena onesten bada, horrek ez du eraginik izanen aurretik zerga-oinarrian egindako aldaketan."

Bost. 54. artikuluaren 5. zenbakia kendu da.

Sei. 55.1, 2 eta 4 artikulua.

"1. Enpresaburu edo profesionalek, balio erantsiaren gaineko zergaren ondorioetarako, beren enpresa edo lanbide jardueraren barnean eskuratu edo inportatu dituzten ondasunei eta jaso dituzten zerbitzuei dagozkien faktura, kontabilitateko frogagiri eta aduana agiri guztiak zenbakitu beharko dituzte koerlatiboki. Sailka banaturik zenbakitzen ahalko dituzte, hori egiteko bidezko arrazoi objektiboak egonez gero.

2. Aurreko zenbakian aipatu agirien idazpenak egin beharko dira jasotako fakturen erregistro liburuan.

Bereziki, enpresaburu edo profesionalek, Europar Batasunaren barnean, zergari loturiko ondasun-eskuraketak eginez gero, ondasun horien emateei dagozkien fakturen idazpenak egin beharko dituzte.

Era berean, fakturak ere jasoko dira edo Zergari buruzko Foru Legearen 43. artikuluaren 1. zenbakiko 4. puntuan aipatzen diren kontabilitateko frogagiriak.

4. Jasotako fakturen erregistro liburuan inskribatuko dira, banan-banan, jasotako fakturak eta, halakorik bada, aduanako agiriak eta aurrean aipatu gainerakoak. Datu hauek jarriko dira: agiriaren harrera zenbakia, luzapen data, eragiketaren data (luzapen data bera ez bada eta aipatu agirian hala ageri bada), agiria luzatu behar duenaren izen-deiturak, izen soziala edo izen osoa eta identifikazio fiskaleko zenbakia, Zergari buruzko Foru Legearen 26. eta 27. artikuluei jarraituz zehaztutako zerga-oinarria eta, halakorik bada, zerga tasa eta tributu kuota.

Fakturak 2. zenbakiko bigarren paragrafoan aipatzen diren horietakoak izanez gero, hots, Europar Batasunaren barneko ondasun-emateen fakturak izanez gero, ondasun horien eskuraketei dagozkien tributu-kuotak kalkulatu eta fakturen idazpenetan jarri beharko dira.

Era berean, fakturei edo artikulu honen 2. paragrafoaren hirugarren lerroaldean aipatzen diren kontabilitateko frogagiriei dagokienez, faktura edo kontularitzako frogagiri horiek idaztean kalkulatu eta esleituko dira beraietan jasotako ondasun emate edo zerbitzu eskaintzei dagozkien zerga kuotak."

Bigarren artikulua. Fakturazio betebeharrak arautzeko Erregelamendua, maiatzaren 17ko 205/2004 Foru Dekretuak onetsia, aldatzea.

Maiatzaren 17ko 205/2004 Foru Dekretuaren bidez onetsitako fakturazio betebeharren Erregelamenduko manu batzuk aldatu dira eta honela geratu dira:

Bat. 2.3 artikulua.

"3. Zergari buruzko Foru Legearen 43.1.4 artikuluan aipatu kontabilitateko frogagiri izanen da eragiketaren kontabilitateko oharraren baleko euskarri den agiri oro, baldin eta egiten duena Erkidegoan egoitza ez duen enpresaburua edo profesionala bada."

Bi. 3. artikulua.

"3. artikulua. Faktura eman beharraren salbuespenak.

1. 2. artikuluko 2. idatz-zatian araututakoetan izan ezik, ez dago zertan fakturarik egin ondoko eragiketongatik:

a) Zergari buruzko Foru Legearen 17. artikuluan ezarritakoaren indarrez balio erantsiaren gaineko zerga ordaintzetik salbuetsita dauden eragiketak. Hala ere, faktura luzatu beharko da aipatu artikuluaren 1. zenbakiko 1., 2., 3., 4., 5., 10., 11., 12., 26. eta 27. idatz-zatien arabera zerga hau ordaintzetik salbuetsita dauden eragiketetan.

b) Baliokidetasun errekarguaren araubide berezia aplikagarri duten jardueretan ari direlarik, enpresaburu edo profesionalek egiten dituzten eragiketak.

Hala ere, faktura luzatu beharko da betiere, subjektu pasiboak salbuespenari uko eginda higiezin-emateak egiten direnean. Eragiketa horiek Zergari buruzko Foru Legearen 99.2 artikuluan aipatzen dira.

c) Zergaren araubide erraztua duten jardueretan ari direlarik, enpresaburu edo profesionalek egiten dituzten eragiketak, non eta sartu beharreko kuotak ez diren zehazten diru-sarreren kopuruari erreparatuta.

Hala ere, faktura luzatu beharko da betiere, Zergari buruzko Foru Legearen 68. artikuluaren 5. zenbakiko 3. idatz-zatian aipatzen diren aktibo finko materialen emateengatik eta aktibo finko ez-materialen eskualdatzeengatik.

d) Beste edozein eragiketa, baldin eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuak fakturarik ez emateko baimena ematen badie enpresa-sektore, lanbide-sektore edo enpresa jakinei, enpresa edo lanbide jardueretan aritzeko eragozpenak saiheste aldera.

2. Halaber, enpresaburu edo profesionalek ez dute faktura luzatu beharrik izanen nekazaritza, abeltzaintza eta arrantzaren araubide bereziko jardueretan ari direlarik egiten dituzten eragiketengatik, ezertan galarazi gabe 14.1 artikuluan xedatutakoa.

Betiere, faktura luzatu beharko da Zergari buruzko Foru Legearen 74.1 artikuluko bigarren paragrafoan aipatu higiezin-emateengatik".

Hiru. 6.1 artikulua.

"1. Fakturek eta fakturen kopiek ondotik aipatzen diren datuak eduki edo baldintzak bete behar dituzte beti. Gainera, baliteke beste datu eta baldintza batzuk ere beharrezkoak izatea beste ondorio batzuetarako, eta bestelako aipamenak sartu behar izatea:

a) Zenbakia eta, halakorik badago, seriea. Serie bereko fakturen zenbakiak korrelatiboak izanen dira.

Fakturak serieka luzatzen ahalko dira bidezko arrazoiak daudenean; adibidez, fakturak luzatu behar dituenak establezimendu batean baino gehiagotan egiten baditu bere eragiketak, edo mota desberdinetako eragiketak egiten baditu.

Honako faktura hauek, ordea, beti luzatu beharko dira serieka:

1. Eragiketetako hartzaileek edo hirugarrenek luzatzen dituztenak, 5. artikuluan aipatzen diren horiek alegia. Faktura-egileok faktura serie bana eginen dute.

2. Zuzenketa-fakturak.

3. Martxoaren 8ko 86/1993 Foru Dekretuaren bidez onetsitako balio erantsiaren gaineko zergaren erregelamenduaren laugarren xedapen gehigarriari jarraituz egiten direnak.

b) Zein egunetan luzatu den.

c) Faktura luzatu behar duenaren eta eragiketetako hartzailearen izen-deiturak edo, sozietateak izanez gero, izen osoak.

d) Faktura luzatu behar duenak eragiketan erabili duen identifikazio fiskaleko zenbakia, Espainiako Administrazioak nahiz Europar Batasuneko beste estatu batek emana.

Honako kasu hauetan hartzailearen identifikazio fiskaleko zenbakia ere jarri beharko da:

1. Europar Batasuneko beste estatu batera ondasun-emate salbuetsia egiten denean, Zergari buruzko Foru Legearen 22. artikuluari jarraikiz.

2. Eragiketako hartzailea eragiketarengatiko zergaren subjektu pasiboa denean.

3. Eragiketa zergaren aplikazio-lurraldean egin dela eta faktura egin behar duen enpresaburu edo profesionala lurralde horretan ezarrita dagoela uste izan behar denean.

e) Bai faktura egin behar duenaren bai eragiketetako hartzailearen helbidea.

Faktura luzatu behar duenak edo eragiketetako hartzaileak negozio toki finko bat baino gehiago izanez gero, eragiketak zein egoitza edo establezimendutan gauzatu diren adierazi beharko da, baldin eta datu hori kontuan hartu beharrekoa bada eragiketen tributazio araubidea zehazteko.

Eragiketetako hartzailea enpresaburu edo profesional gisa ez diharduen pertsona fisikoa denean, ez da beharrezkoa izanen haren helbidea jartzea.

f) Eragiketen deskribapena. Eragiketen zerga-oinarria zehazteko behar diren datu guztiak jarriko dira (Zergari buruzko Foru Legearen 26. eta 27. artikuluetan zerga-oinarriaz dagoen definizioari jarraituz), eta zenbatekoa ere bai, unitate bakoitzaren prezioa sartuta, zergarik gabe, baita unitate bakoitzaren prezioan sartuta ez dauden deskontu edo beherapen guztiak ere.

g) Eragiketei aplikatutako zerga-tasa edo zerga-tasak.

h) Jasanarazitako tributu-kuota, halakorik egonez gero, bereiz jarri behar da.

i) Dokumentatzen diren eragiketak zein egunetan egin diren jarri behar da, edo, aurretiaz ordaintzen den kasuetan, ordainketa aurreratua zein egunetan jaso den, non eta ez den jasotzen faktura luzatzen den egunean bertan."

Lau. 11. artikulua.

"11. artikulua. Faktura laburbiltzaileak.

Faktura bakarrean biltzen ahalko dira hartzaile batentzat hainbat egunetan egindako eragiketak, denak hilabete natural berean egin badira.

Eragiketak zein hilabete naturaletan egiten diren, hilabete hori amaitu aurretik luzatu behar dira fakturak, hilaren azken egunean, luzeen jota. Hala ere, eragiketako hartzailea enpresaburu edo profesionala izan eta hala ari denean, egun horretatik hasita hilabeteko epean luzatu beharko dira.

Nolanahi ere, zergaren likidazioaldia amaitu eta hurrengo hilabeteko 16a baino lehen luzatu beharko dira likidazioaldi horretan egindako eragiketen fakturak."

Bost. 14.4. artikulua.

"4. Enpresaburu edo profesionalek ondasunak ematean baliokidetasun errekargua jasanarazi behar duten kasuetan, ondasun-ematearen faktura bereiz luzatu beharko dute beti, eta fakturan jarri beharko dituzte aplikatutako errekargu-tasa eta errekarguaren zenbatekoa.

Baliokidetasun errekarguaren araubide berezia duten txikizkako merkatariek, aldi berean enpresa edo lanbide jardueren beste sektoreren batean badihardute, salgaien erosketak faktura desberdinetan dokumentatuko dituzte, aipatu araubidea duten jardueretarako erositako salgaiak eta gainerako jardueretarako erositakoak bereizteko."

Sei. 15. artikulua.

"15. artikulua. Fakturak edo ordezko agiriak igorri beharra.

I. tituluko II. kapituluan xedatutakoaren arabera eragiketen fakturak edo ordezko agiriak luzatzen direnean, luzatu beharra dutenek edo haien izenean dihardutenek jatorrizkoak bidali beharko dizkiete eragiketetako hartzaileei."

Zazpi. 19.1. artikulua.

"1. Enpresaburu edo profesionalek Tributuei buruzko Foru Lege Orokorrean ezarritako epean gorde beharko dituzte honako agiri hauek:

a) Jasotako fakturak eta ordezko agiriak.

b) 2. artikuluaren 1 eta 2. idatz-zatiei jarraituz luzatutako fakturen kopiak edo matrizeak, eta luzatutako ordezko agirien kopiak.

c) Zergari buruzko Foru Legearen 43.1.4 artikuluan aipatu kontabilitateko frogagiriak.

d) 14. artikuluaren 1. idatz-zatian aipatu ordainagiriak; luzatzaileak jatorrizkoa gordeko du eta ustiategiko titularrak kopia gordeko du.

e) Inportazioaren gaineko zerga ordaindu izanaren agiriak.

Betebehar hori izanen dute, halaber, balio erantsiaren gaineko zergaren araubide bereziei atxikitako enpresaburu edo profesionalek, baita enpresaburu edo profesional izan gabe zergaren subjektu pasibo direnek ere, nahiz eta azken horien betebeharra goiko c) letran aipatzen diren agiriei bakarrik dagokien."

Azken xedapen bakarra.-Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2011ko uztailaren 18an.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Yolanda Barcina Angulo.-Ekonomia eta Ogasuneko kontseilaria, Álvaro Miranda Simavilla.

Iragarkiaren kodea: F1112403