146. ALDIZKARIA - 2011ko uztailaren 22a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

AURITZ

Biltegien eta eskulangintzako industria txikien eremuan lurzatien esleipena arautzen duen ordenantza. Behin betiko onespena

Aurizko Udalak, 2011ko ekainaren 21ean egin osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batean onestea Biltegien eta eskulangintzako industria txikien eremuan lurzatien esleipena arautzen duen ordenantza. 2011ko 65. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, apirilaren 5ean. Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, jendaurrean egoteko epea iraganik inork alegaziorik egin gabe, behin betiko onetsi da delako ordenantza. Haren testua osorik argitaratuko da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Auritzen, 2011ko ekainaren 23an.-Alkatea, José Irigaray Gil.

BILTEGIEN ETA ESKULANGINTZAKO INDUSTRIA TXIKIEN EREMUAN LURZATIEN ESLEIPENA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA

Udalak biltegien eta eskulangitzako industria txikien eremu bat garatu du, Aurizko udal mugapearen barruan erabilerak antolatzeko eta oinarrizko egitura gisa, gero ekimen pribatuak industria sare baten hasiera sustatu dezan. Udalak ordenantza hau onetsi du, lurzatiak esleitzeko baldintzak zehazteko; honako hauek, hain zuzen:

1. Honako hauek izanen dute eskubidea, adierazten den lehentasunezko ordena honetan:

a) Aurizko bizilagunak, erroldan urte bateko edo gehiagoko antzinatasuna dutenak eta beren eskaera arrazoitzen dutenak.

b) Bideratzen ahal den negozio baten proiektua duela frogatzen duen edozein pertsona fisiko edo juridiko, hura gauzatzeko bitartekoak baldin baditu.

2. Lurzatia esleitu ondoren, gehienez ere hilabeteko epean egin beharko da eskualdaketaren eskritura publikoa.

3. Xehetasun azterlanean eta esleipen baldintzetan ezarritako erabilera baldintzak, hirigintza arauak eta kudeaketa baldintzak bete beharko dituzte esleipenen titularrek.

4. Lurzatiak ezin izanen dira "inter vivos" eskualdatu ezta alokatu ere 20 urteko epean, eskualdaketaren eskritura publikoa egiten denetik aitzina.

Jaraunspen bidez edo "mortis causa" eskualdatzen ahalko dira, eta kasu horretan ere ezin izanen da "inter vivos" eskualdatu edo alokatu, aurreko artikuluan aipatzen den 20 urteko epea bete arte.

5. Esleipen hartzaileek obra lizentziak eta jarduera sailkatuen lizentziak sei hilabeteko epean eskatuko dituzte, gehienez ere, lurzati eskualdaketaren eskritura publikoa egiten denetik aitzina; halaber, lizentziak eman eta, gehienez ere, hiru hilabeteko epean hasi beharko dute eraikitzen; eta lurzati eskualdaketaren eskritura publikoa egin ondoren, gehienez ere bi urteko epean bukatu beharko da obra eta eskatu beharko da irekitzeko lizentzia.

Eskaera eginez gero, Udalak epe horiek luzatu ahalko ditu, gehienez ere epe horien %50 luzatu ere; kasu horretan, lursailaren prezioaren %10 eman beharko dio eskatzaileak Udalari, penalizazio gisa.

6. Hirugarren puntuan zehaztutako epea bukatu arte jardun beharko dute esleipen hartzaileek. Udalak baimendu beharko du jarduera aldaketa, eta, horretarako, behar diren lizentziak eta baimenak eskuratuko dira.

7. Aurreko baldintzetako bat betetzen ez bada, lurzatia Udalari itzuliko zaio.

8. Itzultzea erabakiz gero, lurzatiagatik ordaindutako prezioaren %30 emanen dio Udalak esleipen hartzaileari, eguneratzerik egin gabe, eta esleipen hartzaileak sei hilabeteko epea izanen du bere tresnak jasotzeko eta eraiki dituen eraikinak eraisteko; bestela, Aurizko Udalak aukeratuko du horiek dohainik hartu beretzat edo tresnak kendu eta/edo eraikinak eraitsi esleipen hartzailearen kontura.

Iragarkiaren kodea: L1111718