100. ALDIZKARIA - 2011ko maiatzaren 25a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

138/2011 FORU AGINDUA, maiatzaren 2koa, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariak emana, sentsibilizazio arloko eta garapenerako prestakuntza eta ikerketa arloetako esku-hartzeak gauzatzeko diru-laguntzetarako deialdia egiten duena.

Nafarroako erakundeek, Foru Komunitatearen gizarte kontzientziaz jabeturik, funtsak ematen dituzte, garapenerako laguntza ofizial gisa (GLO), herrialde eta herri pobretuen giza garapen iraunkorrerako ekarpen gisa, Milurtekoko Garapen Helburuak lortzeko asmoz.

Garapenaren aldeko Lankidetzari buruzko martxoaren 9ko 5/2001 Foru Legeak nazioarteko lankidetzaren arlo honen printzipioak, helburuak eta bitartekoak ezartzen ditu, besteak beste. Bereziki, 14. artikuluak xedatzen du funts publikoak erabiliko direla garapenerako lankidetza sustatzeko. Halaber, haren 7.2 artikuluak xedatzen du Nafarroako Administrazio Publikoek garapenerako lankidetzarako programetan garapenerako hezkuntzarako eta gizartearen sentsibilizaziorako ekintzak bilduko dituztela, zuzenean edo garapenerako gobernuz kanpoko erakundeekin batera egin beharrekoak.

Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak diru-laguntza publiko guztiak arautzen ditu, eta bertan ezartzen dira printzipio orokorrak, kontzeptuak, irizpideak, eskumenak, eginbeharrak eta erantzukizunak, eta diru-laguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko bidea.

Horrenbestez, beharrezkoa da sentsibilizaziorako eta garapenerako hezkuntzarako esku-hartzeak egiteko diru-laguntzei buruzko oinarriak ezarri eta argitaratzea, diru-laguntza horietan publizitate, gardentasun, konkurrentzia, objektibotasun, berdintasun, bereizkeriarik ez eta kontrol printzipioak bermatzeko, baita administrazio emaileak finkaturiko helburuak lortzeko eragimena eta baliabide publikoak esleitu eta erabiltzeko eraginkortasuna ere.

Hori horrela, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluaren bidez eta Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuaren egitura organikoa onesten duen irailaren 3ko 125/2007 Foru Dekretuaren bidez esleitu dizkidaten eskumenak erabiliz,

AGINDU DUT:

Lehena.-Sentsibilizazio arloko eta garapenerako prestakuntza eta ikerketa arloetako esku-hartzeak gauzatzeko diru-laguntzetarako deialdiaren oinarriak onestea. Foru agindu honen eranskinean ageri dira.

Bigarrena.-260.000 euroko gastua baimentzea, guztira, "Garapenerako nazioarteko lankidetza" izeneko 900001 91200 4819 143102 kontu-sailaren kargura, Nafarroako 2011ko Aurrekontu Orokorretik.

Hirugarrena.-Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Laugarrena.-Foru agindu hau igortzea Garapenerako Nazioarteko Lankidetzaren Zerbitzura, Idazkaritza Tekniko Nagusiko Administrazio Aferetarako Bulegora eta Kontabilitate Zentrora, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2011ko maiatzaren 2an.-Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilaria, María Isabel García Malo.

ERANSKINA

Sentsibilizazio arloko eta garapenerako prestakuntza
eta ikerketa arloetako esku-hartzeak gauzatzeko
diru-laguntzetarako deialdiaren oinarriak

Lehena.-Xedea eta helburua.

Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuak 2011rako diru-laguntzen deialdia egin du. Horien bidez, Nafarroan diren Garapenerako Gobernuz Kanpoko Erakundeekin (GGKE) batera garapen bidean diren herrialdeetako arazoekiko gizartea sentikorrago bihurtzeko eta Nafarroako herritarrek elkarren mende dagoen munduari buruzko kontzientzia eta ulermen kritikoa garatzea sustatzeko esku-hartzeak finantzatuko dira. Lankidetzako agenteak erakundeen aldetik indartzeko helburua duten esku-hartzeak ere sartuko diru deialdi honetan.

1. Esku-hartzeak bi mota edo modalitatetakoak izaten ahal dira:

A modalitatea: sentsibilizazio ekintzak. Esku-hartze horien xedea garapen bidean dauden herrialdeetako arazoak jakitea erraztea eta txirotasunaren arrazoiak eta globalizazioaren harreman ekonomikoak, sozialak eta kulturalak ulertzen laguntzea da.

B modalitatea: garapenerako prestakuntza eta ikerketa proiektuak. Esku-hartze horien bidez, Nafarroako Lankidetzako agenteen gaitasunak irmotuz erakundeen aldetik indartzea eta giza garapenaren sustapenari eta txirotasuna desagerrarazteari lotutako I+G+B ekintzak aztertu eta proposatzea sustatuko da.

Bigarrena.-Aurrekontuaren erabilgarritasuna.

Helburu horretarako 260.000 euro erabiliko dira 2011rako, Nafarroako 2011ko Aurrekontu Orokorreko "Garapenerako nazioarteko lankidetza" izeneko kontu-sailetik.

Zenbateko osoa oinarri hauen I. eranskinean aipatutako bi modalitateen eta azpimodalitateen artean banatuko da, honela:

-A modalitatea: sentsibilizazio ekintzak: 200.000 euro.

1. azpimodalitatea: 110.000 euro.

2. azpimodalitatea: 90.000 euro.

-B modalitatea: garapenerako prestakuntza eta ikerketa proiektuak: 60.000 euro.

1. azpimodalitatea: 40.000 euro.

2. azpimodalitatea: 20.000 euro.

Azpimodalitateetako batean ez bada amaitzen aurreikusitako kreditua, soberakina beste azpimodalitatean banatuko da. Halaber, modalitateetako batean ez bada amaitzen aurreikusitako kreditua, soberakina beste modalitatean banatuko da.

Hirugarrena.-Garapenerako gobernuz kanpoko erakundeen betebeharrak.

Deialdi honen xede diren diru-laguntzak hartu ahal izateko, garapenerako gobernuz kanpoko erakundeek beharkizun hauek bete beharko dituzte:

a) Pertsona juridiko pribatuak izatea eta, eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunerako, legez eratu eta inskribatuak egotea Nazioarteko Lankidetzarako Espainiako Agentziako Garapenerako Gobernuz Kanpoko Erakundeen Erregistroan.

b) Entitatearen egoitza soziala edo haren ordezkaritza iraunkorra Nafarroako Foru Komunitatean izatea.

c) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluan aipatutako egoeretako batean dauden entitateak ezin izanen dira deialdi honen xede diren laguntzen onuradun izan.

d) Gainera, bi GGKE edo gehiagoz edo GGKE batez eta martxoaren 9ko 5/2001 Foru Legearen 19. artikuluan aipatutako beste lankidetza agente batzuez eratutako taldeek ere parte hartzen ahalko dute, nortasun juridiko propioa edukita zein eduki gabe, eta entitate onuradunen izaera eskuratzen ahalko dute Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 8.2 eta 8.3 artikuluetan aurreikusitako moduan. Kasu horietan, elkarturiko entitateetako bakoitzak aurreko baldintza guztiak bete beharko ditu, beste agente batzuentzat salbuesten den a) baldintza izan ezik.

Nolanahi ere, GGKE batek ordezkatu beharko du erakundea.

e) B modalitateko proiektuei dagokienez, esku-hartzea gauzatzen duen talde teknikoa entitate eskatzailearen Nafarroako egoitzako edo ordezkaritzako kideek osatuko dute, gehienbat.

Laugarrena.-Esku-hartzeetan bete beharreko baldintzak.

Diru-laguntzak hartu ahal izateko, entitate eskatzaileek aurkezten dituzten esku-hartzeek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Deialdi honetako 1. oinarriko xede eta helburuei eta Garapenaren aldeko Lankidetzari buruzko martxoaren 9ko 5/2001 Foru Legearen 2., 3. eta 7. artikuluei lotzea.

b) Finantzaketaren %20, gutxienez, funts propioetatik, beste administrazio publiko batzuetatik -Nafarroako Gobernuaren beste departamentuen eta erakunde autonomoen funtsak kenduta- edo beste entitate batzuetatik aterako da.

c) Esku-hartzeak 2011n egitea.

d) Emandako diru-laguntzen zenbatekoak ez du sekula gaindituko, bakarrik edo beste erakunde edo entitate pribatu zein publikoen laguntzekin batuta, egin beharreko proiektuaren kostua.

e) Esku-hartze bakoitzeko eskatzen diren gehieneko zenbatekoak honako hauek izanen dira:

A modalitatea: 12.000,00 euro (30.000 euro, erakunde gisa aurkezten bada).

B modalitatea: 15.000 euro.

Bosgarrena.-Eskaerak aurkeztea.

1. Eskaerak aurkezteko epea 30 egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

2. Eskatzaile bakoitzak gehienez bi eskaera aurkezten ahalko ditu modalitate bakoitzeko.

3. Eskaerak Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean aurkeztuko dira, edo Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusian (González Tablas kalea, 7, 31005-Iruña) edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarritako tokietan; azken kasu horretan, Garapenerako Nazioarteko Lankidetzaren Zerbitzuari egun berean jakinaraziko zaio, faxez (848 423818), eskaera igorri dela. Dena dela, eskaerak aurkezteko epea amaitu eta 10 egun natural iraganik dokumentaziorik jaso ez bada, ez da inola ere onartuko. Eskaerak posta bulegoen bidez aurkezten badira, gutun-azala zabalik aurkeztu beharko da, eguna eta zigilua jar ditzaten, ziurtatu baino lehen.

Seigarrena.-Aurkeztu beharreko agiriak.

GGKE eskatzaileek, eskabidearekin bat, honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte, euskarri informatikoan betiere:

a) GGKE eskatzailearen agiriak (horiek Foru Komunitateko Administrazioak ez badauzka edo haien edukia aldatu bada). Agiri horiek jatorrizkoak edo fotokopia konpultsatuak izan beharko dute.

a.1) Nazioarteko Lankidetzarako Espainiako Agentziaren GGKEen Erregistroan egindako inskripzioaren frogagiria; bereziki adieraziko da Nafarroako Foru Komunitatearen lurraldean ordezkaritza ireki dela. Aipamen horren ordez beste erregistro administratibo batek emandako ziurtagiri osagarria aurkezten ahalko da, ordezkaritza hori badela egiaztatzen duena, edo notarioaren agiria, fundazioen kasuan. Ziurtagiri horrek/horiek gehienez urtebeteko antzinatasuna izan beharko du/dute, deialdi hau argitaratzen den egunetik hasita.

a.2) Hirugarren oinarriaren d) atalaren arabera onuradun izatea galarazten duten gorabeheretan ez dagoela dioen erantzukizuneko aitorpena.

GGKE elkarteak izanez gero, erakunde bakoitzaren agiriez gain, honako hauek aurkeztuko dituzte:

a.3) GGKE elkartea osatzeko agiria. Elkarteak berezko nortasun juridikorik ez badu, eratze agirian berariaz azaldu beharko da elkarteari onuraduna den aldetik dagozkion eginbeharrak betetzeko adina ahalmen duen ahaldun edo ordezkariaren izena, bai eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean preskribatzeko aipatzen den epea bukatu arte ez desegiteko konpromisoa ere.

a.4) Talde edo elkartea osatzen duen entitate bakoitzaren eginkizunak adieraziko dituen agiria, non elkarte bakoitzak eginkizun horiek bere gain hartu eta gauzatzeko konpromisoa hartzen duen. Haietako bakoitzari dagokion diru-laguntzaren zenbatekoa ere azalduko da.

a.5) Beste lankidetza agente batzuekin osatutako taldeei dagokienez, horiek kasuan kasuko erregistroan inskribatzeko ziurtagiria aurkeztuko dute, entitateko estatutuekin edo antzeko agiriekin batera, edo, bidezko bada, Nafarroan egoitza edo bulego iraunkorra duela frogatzen duen agiriarekin batera.

b) Esku-hartzearen gaineko dokumentazioa:

b.1) Esku-hartzearen gaineko txostena, inprimaki ofizialean; zein den modalitatea, haren araberakoa. Esku-hartzea aurreko urtean hasitako beste baten jarraipena bada eta Nafarroako Gobernuak finantzatzen badu, eranskin bat gehituko da, esku-hartzea egun zertan den eta jarraitzeko arrazoiak azalduta. Horrez gain, proposamena 5 urtez jarraian, gutxienez, finantzatzen bada, ebaluazio txostena aurkeztu beharko da.

b.2) Agiri grafiko, tekniko eta ekonomikoak (proforma fakturak, aurrekontu profesionalak eta abar), eta esku-hartzearen ezaugarriez ongi jabetzeko eskaini nahi diren bestelako agiriak.

b.3) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako langileek esku-hartzeko zikloaren edozein fasetan parte hartuz gero, langile horien izen-deituren zerrenda, denboraldia eta programan egin beharreko eginkizunak aurkeztu beharko dira; horrekin batera, pertsona horietako bakoitzaren erantzukizuneko aitorpena, haien lana programaren esparruko zereginekin bateraezina ez dela dioena.

B modalitaterako, honako hauek gehituko dira:

b.4) Prestakuntza edo ikerketa taldeko kide bakoitzaren curriculum zehatza (prestakuntza akademikoa, lan arloko esperientzia eta argitalpenak).

Zazpigarrena.-Diru-laguntza emateko prozedura eta prozeduraren instrukzioa.

1. Diru-laguntzak emateko prozedura norgehiagoka bidezkoa izanen da, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 17.1 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

2. Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusiak tramitatuko ditu eskaerak. Garapenerako Nazioarteko Lankidetza Zerbitzua izendatuko da instrukzio organo. Horrexek egiaztatuko du diru-laguntzak hartzeko baldintzak betetzen direla, eta eskaerak ofizioz baloratuko ditu, oinarri hauen arabera.

3. Eskaerak identifikazio datuak biltzen ez baditu, eskatutako diru-laguntzarenak, entitate eskatzailearenak eta/edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 70. artikuluan aipatzen direnak, interesdunari eskatuko zaio hutsegiteak zuzendu edo aginduzko agiriak aurkez ditzala hamar egun balioduneko epean, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluarekin bat. Aditzera emanen zaio horrela egin ezik eskaera bertan behera utzi duela ulertuko dela, espedientea artxibatzeko ebazpena eman ondoren.

Zortzigarrena.-Eskaeren balorazioa eta diru-laguntzaren zenbatekoa nola finkatuko den.

1. Eskaerak zein bere modalitatean (bigarren oinarrian adieraziak) baloratuko dira, 0tik 1.000 puntura arteko eskalan, II. eranskinean adierazitako irizpide objektiboak eta haien haztapena kontuan hartuta.

2. Diru-laguntzarako eskaera onartzeko, esku-hartzeak gutxienez ere 500 puntu lortu beharko ditu guztira, eta horietatik 40 gutxienez III. eranskinaren zeharkako ikuspegiekiko egokitasun irizpideei lotutakoak izanen dira.

3. Diru-laguntza eskatutakoarekin bat etorriko da oro har, hurrengo idatz-zatian aurreikusitako kasuan izan ezik.

4. Esku-hartzeko modalitate bakoitzean positiboki baloratzen diren eskaerei dagozkien zenbatekoek, guztira hartuta, aurrekontuan helburu horretarako dagoen kreditua gainditzen badute, honela jokatuko da:

a) A modalitatearen kasuan, tarte proportzional hauek ezarriko dira eskatutako zenbatekoaren gainean, lortutako puntuazioaren araberako diru-laguntza kalkulatzeko: 500,00 eta 624,99 punturen artean, eskatutakoaren %70; 625,00 eta 749,99 punturen artean, eskatutakoaren %85; 750,00 puntu edo gehiago, eskatutakoa. Portzentaje tarteak aplikatzetik ateratzen diren kopuruak zehazteko, haien osoko zatia biribildu eginen da, dezimalik gabe.

b) Aurreko irizpidea A modalitatean eta, nolanahi ere, B modalitatean aplikatu ondoren aurrekontuan modalitate bakoitzerako aurreikusitakoa gainditzen bada, lehentasun hurrenkera ezarriko da, balorazioan lortutako puntuazioaren araberakoa, eta diru-laguntzak muga horretaraino banatuko dira.

Bederatzigarrena.-Alegazioen tramitea.

1. Instrukzio organoak proposamen txostena eman aurretik, interesdunei entzunaldia emateko tramitea egiten ahalko da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 84. artikuluari jarraikiz.

2. Proposatutako diru-laguntzaren zenbatekoa aurkeztutako eskaeran ageri dena baino txikiagoa baldin bada, instrukzio organoak eskaera berregiteko eskatzen ahalko du, xedea eta ezaugarriak errespetaturik, konpromisoak eta baldintzak emanen zaion diru-laguntzara egokitzeko. Aldaketaren aurrekontua ez da izanen proposatutako diru-laguntzaren zenbatekoaren eta hasiera batean baldintza antzekoetan aurreikusitako kofinantzaketaren batura baino txikiagoa.

Hamargarrena.-Balorazio epea eta ebazpena.

1. Instrukzio organoak eskaeren balorazio txostena igorri beharko du haiek aurkezteko epea bukatu eta hiru hilabeteko epean, gehienez ere.

2. Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren zuzendari nagusiari dagokio aurkezten diren eskaeren gainean ebaztea, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen bidez eta Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 3ko 125/2007 Foru Dekretuari jarraikiz emandako ahalmenez baliatuz, eta esku hartzeko modalitateen arabera eginen da, zein bere aldetik.

3. Modalitateen araberako ebazpenetan diru-laguntzak hartzen dituzten eskatzaileen zerrenda, helburua, zenbatekoa, pagatzeko modua eta epea eta haiek justifikatzeko modua eta epea agertuko dira, eta beste eskaerak ezesteko zergatikoak ere bai, Diru-laguntzei buruzko arazoaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 21. artikuluan xedatu bezala.

4. Eskaerak ukatutzat joko dira, baldin eta aurkezteko epea bete eta handik sei hilabetera ebazpen espresik jakinarazten ez bada.

Hamaikagarrena.-Jakinarazpena.

Deialdiaren ebazpenak administrazio prozedura arautzen duten legeetan ezarri bezala jakinaraziko zaizkie interesdunei, eta Nafarroako Atarian argitaratuko dira.

Hamabigarrena.-Diru-laguntzaren aurrerakinak.

Diru-laguntza aldez aurreko ordainketa bakar bidez eginen da, diru-laguntza banatzeko ebazpena eman eta gero.

Hamahirugarrena.-Diru-laguntzaren justifikazioa.

1. Diru-laguntza emateko ebazpenean zehazten den epean, entitate onuradunek azken txosten tekniko eta ekonomikoa aurkeztuko dute esku-hartzearen betetze-mailaz, inprimaki ofizialean eta euskarri informatikoan. Garapenerako Nazioarteko Lankidetza Zerbitzuan eskuratzen ahalko da, edo Nafarroako Ataritik jaitsi (www.cooperacion.navarra.es). Diru-laguntzak ematen dituen administrazioak betetze epe luzeagoa baimenduz gero, kasuan kasuko baimenean xedatutakoak aginduko du.

2. Azken txostenak justifikazio-kontua izanen du, gastua justifikatzen duten agiriekin batera, eta kontu horrek hurrengo elementuak izanen ditu:

a) Kontuan ageri diren datu guztiak egiazkoak direla dioen erantzukizuneko aitorpena, entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatua.

b) Txosten teknikoa esku-hartzearen betetze-mailaz, eredu ofizialaren araberakoa, gutxienez lorturiko helburuak eta eginiko jarduerak zehaztuko dituena.

c) Esku-hartzeari dagozkion diru-sarreren eta gastuen balantzea.

d) Gastu osoen zerrenda, jardueraren eta gastu motaren arabera sailkatuta. Gastu bakoitzean honako kontu hauek agertuko dira: zerrendan zer dokumentu zenbaki duen, frogagiriaren zenbakia, eman zeneko eguna, igorlearen izena edo helbidea eta haren identifikazio fiskaleko zenbakia, kontzeptua, frogagiriaren testua (luzea izanez gero, laburtzen ahalko da), ordaintzeko modua eta eurotako zenbatekoa. Zerrendarekin batera, aurrekontuaren betetze-mailari buruzko memoria zehatza aurkeztuko da.

Aurkezten diren gastu guztien frogagiriak entitate onuradunaren egoitzan edo ordezkaritzan gorderik egonen dira, kasuan kasuko kontrol organoak egiazta ahal ditzan. Organo horrek laginen bidez aztertzen ahalko ditu. Frogagiriak fakturak izanen dira, eta, halakorik ezean, banku laburpenak, gordekinak, kaxako erregistroak, gastuen oharrak edo bestelako agiriak. Betiere, zerrendan aipatzen diren datuak adierazi beharko dituzte. Haiek denak jatorrizko agiriak edo fotokopia konpultsatuak izanen dira.

e) Beste edozein dokumentazio grafiko nahiz idatzi, borondatez eman nahi dena, diruz lagundutako proiektuaren gauzatzearen edo martxa onaren berri emateko.

3. Edonola ere, Nafarroako Gobernuaren diru-laguntzaren bidez finantzatzen ez den zatiaren zenbatekoa, jatorria eta aplikazioa egiaztatuko dira entitateak berak emandako ziurtagiri bidez, funts pribatuak badira, edo aldeko ebazpenaren kopia bidez, non adieraziko baitira zenbatekoa eta proiektua, bestelako diru-laguntza publikoak badira. Tokiko ekarpen gisa onartutako balioztatzeen kasuan, hamalaugarren oinarriaren 6. puntuan xedatutakoari jarraituko zaio.

4. Garapenerako Nazioarteko Lankidetza Zerbitzuak, diru-laguntzaren xede den jarduera egoki justifikatu dela egiaztatu ondoren, diru-laguntzari buruzko espediente administratiboa itxiko du, zerbitzuaren txostenaren bidez edo Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren zuzendari nagusiaren ebazpenaren bidez. Betiere entitate onuradunari jakinaraziko zaio.

Hamalaugarrena.-Diru-laguntza hartzen ahal duten gastuak eta Nafarroako Gobernuaren diru-laguntzatik kanpoko ekarpenak.

1. Esku-hartzeari lotuta dauden eta diru-laguntza hartzen ahal duten gastuak kontu-sailen honako talde hauei egokituko zaizkie:

a) Zuzeneko gastuak:

a.1. Ondasun higiezinak alokatzea.

a.2. Materialak eta hornidurak.

a.3. Langileen gastuak.

a.4. Bidaiak, ostatu-hartzea eta dietak.

Garraio elementuak, lurrak eta eraikinak ez dira sartuko.

b) Zeharkako gastuak:

Proiektuaren zeharkako kostuengatik diru-laguntzari %10eko edo hortik beherako zenbatekoa gehitzen ahalko zaio. Zeharkako gastuak GGKEak Nafarroan duen ohiko funtzionamenduaren gastu administratiboak dira, esku hartzeko beharrezkoak.

Gastuak frogatzeko hamahirugarren oinarrian ezarritakoari jarraikiko zaio, salbu eta egiaztatzen zailak diren gastuak badira. Hala gertatuz gero, GGKEaren legezko ordezkariak gastu horien gaineko ziurtagiria egin beharko du. Ziurtagirian zenbatekoa, gastu motaren aipamena, diruz lagundutako esku-hartzearekiko lotura eta arau orokorren arabera ezin justifikatu izateko zergatikoak agertuko dira. Gainera, gastuaren egiaztagiriak aurkeztuko dira: fakturak, kontabilitatearen egoera-orri ikuskatuak edo gastua egiazki burutu dela frogatzen duten bestelako agiriak. Ziurtagiri horren bitartez justifikatuko den diru-kopuruak ez du zeharkako gastuen %30 edo diru-laguntzaren %3 gaindituko.

2. Gastu finantzarioek, notarioenek eta erregistrokoek diru-laguntza jasotzen ahalko dute, baldin eta diruz lagundutako jarduerarekin zuzeneko lotura badute eta hura ongi prestatu edo egiteko ezinbestekoak badira.

3. Nafarroako Gobernuaren diru-laguntzaren etekin finantzarioak diru-laguntzaren zenbatekoari gehituko zaizkio eta diru-laguntzaren xedeko jarduerari ere aplikatuko zaizkio.

4. Diru-laguntzen xede diren gastuak ekipamendu ondasunak erosteko edo zerbitzuak emateko erabiltzen direnean, 12.000 eurotik gorakoak izanez gero eta Europar Batasunaren barruan kontratatuz gero, txosten gehigarri bat aurkeztuko da, hornitzaileak hautatzeko prozedurari eta irizpideei buruzkoa, gutxienez haietako hiruri eskatutako aurrekontuekin batera.

5. Ez dira inola ere diruz lagunduko protokolo gastuak eta arretak (bazkariak, harrerak, opariak, loreak, ikuskizunetarako txartelak eta abar); eta diru-laguntzari bakarrik egozten ahalko zaizkio turista mailan egiten diren joan-etorriak eta eremuko batez besteko prezioekin bat datozen ostatu-gastuak eta dietak.

6. Nafarroako Gobernuaren diru-laguntzatik kanpoko ekarpen gisa onartuko dira lokalen alokairuen gaineko balioztatzeak eta norberaren borondatez eta doan egindako lanorduak, ekarpen guztien %35ekoak, gehienez.

Hamabosgarrena.-Azpikontratazioa.

Entitate onuradunak ekintzaren zati bat burutzeko hirugarrenak azpikontratatzen ahalko ditu; horretarako, diruz lagundutako aurrekontuaren %15 erabiltzen ahalko du, gehienez, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 26. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Hamaseigarrena.-Betebeharrak.

Esku-hartze baterako diru-laguntza jasotzen duten entitateek betebehar hauek izanen dituzte:

a) Esku-hartzea diru-laguntza ematean ezarritako baldintzetan gauzatzea. Gauzatzeko epea betetzeko eragozpen larriak sortzen dituen inguruabarren bat gertatuz gero, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 49. artikuluan eta Garapenerako Lankidetzari buruzko martxoaren 9ko 5/2001 Foru Legearen 16.1.c) artikuluan ezarritako moduan jokatuko da.

b) Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuaren baimena eskatu eta lortzea, diruz lagundutako esku-hartzean aldaketak egin ahal izateko, hura burutzen ari den bitartean esku-hartzea garatzea eragotzi edo zailtzen duten gorabeherak gertatzen direnean; funtsezko aldaketak helburuak, emaitzak, xede-populazioa eta kokagunea ukitzen dituztenak izanen dira bakarrik, bai eta kontu-sailen arteko aldaketak ere, orotara emandako diru-laguntzaren %20 baino gehiago egiten dutenak eta guztirako kostuaren %5eko murrizketa edo handiagoa Nafarroako Gobernuaren diru-laguntza ez bestelako ekarpen txikiago baten ondorioz. Esku-hartzea gauzatu bitartean gertatzen diren gainerako gorabehera eta aldaketak, Nafarroako Gobernutik kanpoko finantzabideak handitzeagatik guztirako kostua handitzea barne dela, arrazoituta jakinaraziko zaizkio Nafarroako Gobernuari azken txostenean.

c) Nafarroako Gobernuaren diru-laguntza hartu ondoren helburu bererako edozein erakunde publiko edo pribaturi eskatu eta horrek emandako diru-laguntzen zenbatekoa jakinaraztea. Jakinarazpen hori azken justifikazio txostenean egin beharko da.

e) Organo emailearen aurrean betebeharrak eta baldintzak bete direla, diru-laguntzaren xede den jarduera egin dela eta diru-laguntza hartzeko helburua lortu dela justifikatzea, deialdi honen hamahirugarren oinarrian aipatzen diren azken txostenen bidez.

f) Diru-laguntzak emateko ebazpenaren proposamena egiten denean, Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak eta zergen gainekoak eguneratuak izatea.

g) Nafarroako Gobernuari laguntza ematea proiektuaren zabalkundea egiten, Nafarroako herritarrak garapenerako lankidetzaren arloan sentsibilizatzearren.

h) Proiektuaren zabalkunde eta publizitate guztietan diru-laguntza norena den adieraztea. Hedapen idatzi edo grafikoetan Nafarroako Gobernuaren logotipoa erabili beharko da, Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera arautzen dituen maiatzaren 3ko 189/2004 Foru Dekretuan adierazi bezala. Logotipoak diru-laguntzaren onuradunen logotipoaren tamaina berean eta berdin ikusteko moduan agertu beharko du. Nolanahi ere, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariak uztailaren 2an emandako 212/2010 Foru Aginduaren 4.b) artikuluan xedatutakoa bete beharko da; foru agindu horren bidez, gizarte zerbitzuen, garapenerako lankidetzaren, familiaren, haurren eta kontsumoaren arloetan diruz lagundutako edo kontratatutako zerbitzu eta zentroetan egiten diren programa, jarduera, inbertsio eta jarduketetan Nafarroako Gobernuaren partaidetza zabaltzeko arauak ezarri dira.

i) Edozein euskarritan erreproduzitzen ahal diren eta jendaurrean banatzeko, alokatzeko edo saltzeko diren mota guztietako materialak sortuz edo argitaratuz gero, Lege Gordailuaren, Jabetza Intelektualaren eta ISBN-ISSNren eskakizunak bete beharko dira, egokia denaren arabera.

j) Organo emaileak egiten dituen egiaztapenak onartzea, bai eta kontrol organo eskudunek egiten dituzten egiaztapenak eta finantza kontrolak ere, eta jarduketa horietan eskatzen zaizkien argibide guztiak ematea. Bereziki, hamahirugarren oinarrian aipatzen diren gastuen frogagiriak organo emailearen esku uztea, hala eskatuz gero; horrela egin ezik, ulertuko da Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42.1.1.f) artikulua urratu dela.

j) Jasotako diruaren erabilerari buruzko frogagiriak gordetzea, egiaztatze eta kontrol lanak egin ahal izateko.

k) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan eta deialdi honen hamazazpigarren oinarrian aipatutako kasuetan jasotzen diren funtsak itzultzea, hala denean, gizarte zerbitzuen, garapenerako lankidetzaren, familiaren, haurren eta kontsumoaren arloetan diruz lagundutako edo kontratatutako zerbitzu eta zentroetan egiten diren programa, jarduera, inbertsio eta jarduketetan Nafarroako Gobernuaren partaidetza zabaltzeko arauak ezartzeko Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariak uztailaren 2an emandako 212/2010 Foru Aginduaren 8.2 artikuluan ezarritako ondorioekin.

l) Ondasun inbentariagarriak erosiz gero, onuradunek diru-laguntzaren xederako erabili beharko dituzte, gutxienez ere hiru urtez.

Hamazazpigarrena.-Ez-betetzeak.

1. Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. eta 37. artikuluetan aipatzen diren kasuetan eta bertan ezartzen diren baldintzetan, hartutako dirua itzuli beharko dute diru-laguntzen onuradunek.

2. Diru-laguntza emateko aintzat hartutako inguruabar, betebehar eta baldintzak aurreko oinarrian aipatzen den baimen administratiboa izan gabe aldatuz gero, ez-betetzetzat joko da. Orobat, esku-hartzea bukatua dela eta ezinbestekoetan salbu, %50az azpiko betetze teknikoa eta aurrekontukoa ez-betetzetzat joko da; gainerako kasuetan, organo emaileak baloratu beharko ditu esku-hartzearen betetze-maila apala eragin dituen inguruabar eta arrazoiak, ez-betetzea izateko edo ez.

3. Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariak uztailaren 2an emandako 212/2010 Foru Aginduaren 4.b) artikulua ez betetzea. Agindu horren bidez, gizarte zerbitzuen, garapenerako lankidetzaren, familiaren, haurren eta kontsumoaren arloetan diruz lagundutako edo kontratatutako zerbitzu eta zentroetan egiten diren programa, jarduera, inbertsio eta jarduketetan Nafarroako Gobernuaren partaidetza zabaltzeko arauak ezarri dira.

4. Balizko ez-betetzeetan maila desberdinak egonen dira, honen arabera:

-Proiektuaren betetze-maila, arlo teknikoari eta aurrekontuei dagokienez.

-Aldez aurretik baimen administratiboa eduki gabe eginiko aldaketen zenbatekoa eta munta.

5. Aurreko atalean ezarritakoa galarazi gabe, arau-hauste eta zehapenei dagokien guztian Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluak eta hurrengoek eta Garapenaren aldeko Lankidetzari buruzko martxoaren 9ko 5/2001 Foru Legearen VII. kapituluak xedatzen dutena hartuko da aintzat.

Hemezortzigarrena.-Errekurtsoak.

Deialdi honen oinarrien kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, baita deialdia aplikatzeko egintzen kontra ere, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

I. ERANSKINA

Modalitateak, azpimodalitateak eta lehentasunak

A modalitatea: sentsibilizazio ekintzak.

Azpimodalitateak eta gaikako lehentasunak:

-1. azpimodalitatea: garapenaren eduki orokorrak.

  • Gaikako lehentasunak:
  • Milurtekoko garapenaren helburuak.
  • Globalizazioa, elkarrekiko mendekotasuna eta herritarrak.

-2. azpimodalitatea: garapenaren berariazko alderdiak.

  • Gaikako lehentasunak:
  • Esperientziak sozializatzea eta jardunbide egokiak trukatzea.
  • Giza eskubideak eta kultura identitateak.

B modalitatea: garapenerako prestakuntza eta ikerketa.

Azpimodalitateak eta gaikako lehentasunak:

-1. azpimodalitatea: prestakuntza.

  • Gaikako lehentasunak:
  • Garapenerako nazioarteko lankidetzaren esparruko plangintza, adierazpena eta ebaluazioa.
  • Lankidetzaren zeharkako ikuspegiak.

-2. azpimodalitatea: garapenari buruzko eta garapenerako oinarrizko ikerketa eta ikerketa aplikatua.

  • Gaikako lehentasunak:
  • Garapenerako hezkuntzako berrikuntza.
  • Ikerketa zientifiko eta teknologiko aplikatua: landa garapena, elikadura subiranotasuna eta segurtasuna, ura eta oinarrizko saneamendua.

II. ERANSKINA

Modalitateka baloratzeko irizpide objektiboak

A modalitatea: sentsibilizazio ekintzak.

a) Egokitasun instituzionala (%20):

a.1. Oinarri soziala Nafarroan (100 puntu, gehienez).

a.2. Entitate eskatzailearen gaitasun operatiboa (70 puntu, gehienez).

a.3. Entitate eskatzaileak III. eranskinaren zeharkako ikuspegiak gehitzea (30 puntu, gehienez).

b) Esku-hartzearen kalitate teknikoa (%80):

b.1. Xede-populazioa (50 puntu, gehienez).

b.2. Beste agente batzuekiko koordinazioa (50 puntu, gehienez).

b.3. Esku-hartzearen barne koherentzia (150 puntu, gehienez): helburuen eta emaitzen arteko koherentzia (50 puntu, gehienez), jardueren eta emaitzen arteko harremana (50 puntu, gehienez), adierazleen egokitasuna eta egiaztapen iturriak (50 puntu, gehienez).

b.4. Metodologia (150 puntu, gehienez): jardueren tipologia eta zehaztapena (50 puntu, gehienez), didaktika eta berrikuntza metodologikoa (75 puntu, gehienez) eta materialak (25 puntu, gehienez).

b.5. Edukiaren egokitasuna (150 puntu, gehienez): III. eranskinaren zeharkako ikuspegiekiko egokitasuna (50 puntu, gehienez) eta I. eranskinaren gaikako lehentasunekiko egokitasuna (100 puntu, gehienez).

b.6. Baliabideak (150 puntu, gehienez): giza baliabideak (50 puntu, gehienez) eta aurrekontuaren azterketa (100 puntu, gehienez).

b.7. Ebaluazio eta jarraipen prozesua (50 puntu, gehienez).

b.8. Esku-hartzearen oinarria edo sendotasun orokorra (50 puntu, gehienez).

Nafarroako Gobernuak azken hiru urteetako batean finantzatu badu esku-hartzea, jarraitzearen egokitasuna baloratuko da eta, horren aldekoa bada, b ataleko puntuazioa 1,2rekin biderkatuko da, 800 puntu bitarte, gehienez ere.

B modalitatea: garapenerako prestakuntza eta ikerketa proiektuak.

a) Entitate eskatzailearen egokitasun instituzionala (%30):

a.1. Entitate eskatzailearen gaitasun operatiboa (100 puntu, gehienez).

a.2. Talde teknikoaren gaitasun operatiboa (100 puntu, gehienez).

a.3. Gaitasun estrategikoa: Entitate eskatzaileak I. eranskinaren zeharkako ikuspegiak gehitzea (50 puntu, gehienez).

a.4. Entitate eskatzailearen gaitasun estrategikoaren beste elementu batzuk (50 puntu, gehienez).

Entitate elkarteak izanez gero, hori dena elkarte osoarentzako baloratuko da; elkartea bi entitatek osatzen badute, 1,2rekin biderkatuko da, eta 1,4rekin gainerako kasuetan, 300 puntu bitarte, gehienez ere.

b) Esku-hartzearen kalitate teknikoa (%70):

b.1. Xede-populazioa (40 puntu, gehienez) eta gaitasunen diagnostikoa (40 puntu, gehienez).

b.2. Beste agente batzuekiko koordinazioa (30 puntu, gehienez).

b.3. Esku-hartzearen barne koherentzia (160 puntu, gehienez): helburuen eta emaitzen arteko koherentzia (50 puntu, gehienez), jardueren eta emaitzen arteko harremana (50 puntu, gehienez), adierazleen egokitasuna eta gaitasunez jabetzeko egiaztapen iturriak (50 puntu, gehienez).

b.4. Metodologia (50 puntu, gehienez) eta jardueren zehaztapena (60 puntu, gehienez).

b.5. Edukiaren egokitasuna (150 puntu, gehienez): edukiaren azterketa orokorra (50 puntu, gehienez), III. eranskinaren zeharkako ikuspegiekiko egokitasuna (50 puntu, gehienez) eta I. eranskinaren gaikako lehentasunekiko egokitasuna (50 puntu, gehienez).

b.6. Aurrekontuaren azterketa (100 puntu, gehienez).

b.7. Ebaluazio eta jarraipen prozesua (40 puntu, gehienez).

b.8. Esku-hartzearen oinarria edo sendotasun orokorra (30 puntu, gehienez).

Nafarroako Gobernuak azken hiru urteetako batean finantzatu badu esku-hartzea, jarraitzearen egokitasuna baloratuko da eta, horren aldekoa bada, b ataleko puntuazioa 1,05ekin biderkatuko da, 700 puntu bitarte, gehienez ere.

III. ERANSKINA

Zeharkako ikuspegiak

Giza garapenaren ikuspegia: gizaki guztien aukera eta hautabideak handitzeko prozesua da giza garapena, bai egungo belaunaldiena bai gerokoena; ikuspegi honen arabera, pobretasunaren aurkako borroka da garapenerako lankidetzaren helburu nagusia, gizakia garapenaren erdigunean kokatzen du eta haren beharrak atzematen ditu: iraupena, babesa, maitasuna, adimena, sormena, askatasuna, aisia, partaidetza, identitatea, etab.

Genero ikuspegia eta garapena: genero berdintasuna giltzarria da garapenaren helburu nagusiak lortzeko; Nazio Batuen arabera, emakumeak ahalduntzeko eta arlo sozial eta ekonomikoan genero desberdintasunak zuzentzeko helburuak, baita eskubide zibil eta politikoetan ere; eremu eta maila guztietan planifikatzen diren ekintzek gizaseme eta emakumeentzat dituzten ondorioak baloratu beharra dakar ikuspegi honek.

Garapen iraunkorraren ikuspegia: garapen horrek ziurtatzen ditu oraingo beharrak asetzea etorkizuneko belaunaldiek beren beharrei aurre egiteko izanen duten gaitasuna ahuldu gabe, eta elkar indartu behar duten lau zutabe ditu oinarri: ekonomikoa, soziala, ingurumenarena eta munduaren gobernantzarena.

Eskubideetan oinarritutako ikuspegia: osagarria da eta giza garapenaren ikuspegia indartzen du, garapenaren helburuak giza eskubideak erabat lortzeari lotuta egotea adierazten du, haien unibertsaltasuna du abiaburu, baita haien banaezintasuna eta interdependentzia ere.

Parte hartze eta antolaketa komunitarioaren ikuspegia: parte hartzea bultzatzea ezinbesteko elementua da giza garapenean aurrera egiteko, herritartasuna bete-betean erabiltzeko eta giza izaerari dagozkion eskubideak baliatzeko; horretarako, ezinbestekoa da gizarte zibilaren erakundeak indartzea.

Iragarkiaren kodea: F1108020