100. ALDIZKARIA - 2011ko maiatzaren 25a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, 2011ko maiatzaren 9koa, Nafarroako Gobernuarena. Haren bidez, aldeko ingurumen ondorioen adierazpena egiten da, eta Nafarroako 2020ra arteko III. Energia Plana onetsi egiten da.

Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuak "Nafarroako 2020ra arteko III. Energia Plana" prestatu du, horren xede diren arloetan eskumenak dituzten gainerako departamentuekin batera.

Enpresako zuzendari nagusiak otsailaren 23an emandako 342/2011 Ebazpenaren bidez, Nafarroako 2020ra arteko III. Energia Plana, eta haren ingurumen ondorioen azterlana jendaurrean jarri ziren, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen 33.2 artikuluan ezarritakoaren arabera.

Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuak alegazioak aztertu eta erantzun ditu. Ondoren, alegazioetan proposaturiko zenbait alderdi gehitu ditu Nafarroako 2020ra arteko III. Energia Planaren behin betiko bertsiora. Ekarpenek ez dute aldarazten planaren ingurumen ondorioa.

Ingurumen zuzendari nagusiak Nafarroako 2020ra arteko III. Energia Planaren aldeko ingurumen ondorioen adierazpenaren proposamena aurkeztu du.

Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen 34.4 artikuluak ezartzen duenez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak sustatutako planen kasuan, Nafarroako Gobernuak ebatziko du horiek onestea komeni den ala ez, edo horien ingurumen ondorioen adierazpenaren edukia zein izanen den zehaztuko du.

Partaidetza publikoko eta jendaurreko informaziorako prozesua amaituta, bidezkoa da planaren ingurumen ondorioen adierazpena egitea eta hori onestea.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuak, Berrikuntza, Enpresa eta Enpleguko kontseilariak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak proposaturik,

ERABAKI DU:

1. Nafarroako 2020ra arteko III. Energia Planaren aldeko ingurumen ondorioen adierazpena, I. eranskin gisa gehitu dena, onestea.

2. Nafarroako 2020ra arteko III. Energia Plana, II. eranskin gisa gehitu dena, onestea.

3. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, Nafarroako 2020ra arteko III. Energia Planaren aldeko ingurumen ondorioen adierazpenarekin batera, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2011ko maiatzaren 9an.-Nafarroako Gobernuko kontseilari eta idazkaria, Javier Caballero Martínez.

I. ERANSKINA

Nafarroako 2020ra arteko III. Energia Planaren aldeko ingurumen ondorioen adierazpena

2011ko otsailaren 22an Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuak Nafarroako 2020ra arteko III. Energia Planaren aldeko ingurumen ondorioen adierazpena eta haren ingurumen ondorioen azterlana aurkeztu zituen Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen arabera tramita zitzan.

Plan hori badago sartuta foru lege horren 3 A eranskineko C) 4. atalean eta, beraz, ingurumen ebaluazio estrategikoaren prozedura bete behar du.

Ingurumenaren eta Uraren Zuzendaritza Nagusiak txostena eman zuen ingurumen ondorioen azterlana nahikoa zen ala ez adierazteko, martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen 33.2 artikuluarekin bat.

Enpresako zuzendari nagusiak otsailaren 23an emandako 342/2011 Ebazpenaren bidez, Nafarroako 2020ra arteko III. Energia Plana eta haren ingurumen ondorioen azterlana jendaurrean jarri ziren. Iragarkia 2011ko 42. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, martxoaren 2an. Aldi berean, Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuak Nafarroako 2020ra arteko III. Energia Planaren proposamena aurkezteko bost saio egin ditu, Iruñean, Tuteran, Tafallan, Lizarran eta Zangozan.

Jendaurreko aldian 16 alegazio aurkeztu dira. Hauek dira alegazioen egileak: Ademán (Nafarroako Egurraren Enpresaburuen Elkartea), Nafarroako Langile Komisioak, Emmanuel Bergasse, Gas Natural Servicios, SDG, S.A., Greenpeaceren Nafarroako Boluntarioen Taldea, Jan Kraft, LASEME (Lizarrako Merindadeko enpresa elkartea), Soluciones 3S (Soluciones y Sistemas Solares S.L.), Deierri Ibarreko Udala, Lergako Udala, Esako Udala, Repsol Butano, S.A., Francisco Galán Sorazaluce, Gas Navarra, S.A., Iberdrola eta Red Eléctrica de España, S.A.

Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuak alegazioak aztertu eta erantzun ditu. Ondoren, alegazioetan proposaturiko zenbait alderdi gehitu ditu Nafarroako 2020ra arteko III. Energia Planaren behin betiko bertsiora. Ekarpenek ez dute aldarazten energia planaren ingurumen ondorioa.

Energia planak Nafarroako 2020ko energia eredua zehaztu, eta hori lortzeko zuzentarauak eta jarduketa neurriak ezartzen ditu. 2020rako eskuratu nahi diren energia balantzeak zehazten ditu. Proiekzio horiek egiteko, mota askotako kanpoko faktore batzuk hausnartu dira; honako hauek dira, funtsean: egungo egoera eta lehendik dauden joerak (ekonomikoak, energetikoak, arau-emaileak), Europako eta estatuko energia helburuak, eta muga sozioekonomikoak, azpiegituren arlokoak, demografikoak, geografikoak eta klimatikoak.

Energia berriztagarriei dagokienez, behintzat, estatuko helburuak Energia Berriztagarrien 2011-2020 aldirako Ekintza Plan Nazionalean (PANER) zehaztu dira. Energia eraginkortasunari dagokionez, berriz, planak Energia Aurrezteko eta Eraginkortasunez Erabiltzeko 2004-2012. urteetako Estrategiari (E4) eta haren 2008-2012rako Ekintza Planari (PAE4+) jarraitzen die.

Estatuko helburu horiek bat datoz Europako 20-20-20 paketearen helburuekin: energiaren azken kontsumo gordinean energia berriztagarrien kuota %20koa izatea (eta %10 garraiorako erabilitako energiaren azken kontsumoan), 2020an energia primarioaren kontsumoa %20 murriztea lortzea, eta 2020an berotegi efektuko gasen isuriak 1990ekoak baino %20 gutxiago, gutxienez, izatea lortzea.

Nafarroako 2020ko energia eredua zehazteko, bi energia agertokietan oinarritzen den prospektiba ariketa egin da: erreferentzia agertokia edo oinarrizko lerroa, energia plan hau eta bertan zehaztutako neurriak gauzatzen ez badira, energia ereduaren bilakaera planteatzen duena; eta eraginkortasun agertokia, Nafarroan 2020an lortu nahi den energia eredua zehazten duena. Horixe da Europako eta estatuko helburuak aise betetzeko aukera emanen duten helburuen bidez planean garatzen den agertokia.

Horrela, Nafarroako 2020ra arteko III. Energia Planaren helburu orokorrak hiru helburu kualitatibotan laburbiltzen dira: energiaren kontsumo eraginkorra sustatzea, haren kudeaketa adimendunean aurrera egitea, eta energiaren ekoizpen berriztagarria bultzatzea.

Kuantitatiboki, honakoak dakarte: energia primarioaren autohornidura %21etik gora gehitzea, energia berriztagarrien bidez kontsumitzen den elektrizitatea baino %10 gehiago sortzea, azken energia intentsitatea %18 murriztea 2009ko datuen aldean; azken energia kontsumoa ez izatea 3 tep-tik gorakoa biztanle eta urteko per capita, eta Europar Batasunak 2020rako ezarritako energia helburuak baino hobeak eskuratzea, honakoak lortuta: energia berriztagarriak %32 izatea energiaren azken kontsumo gordinean (EBko helburua %20 da), energia berriztagarriak %12 izatea garraiorako erabilitako energiaren azken kontsumoan (EBko helburua %10 da), eta energia primarioaren kontsumoaren %31ko murrizketa, joera kontuan hartuta esportatzen den elektrizitatea ekoizteko behar dena alde batera utzita (EBko helburua %20 da).

Berotegi efektuko gasen isuriei dagokienez, Europako Erkidegoak horiek 1990ekoak baino %20 gutxiago, gutxienez, izatea lortzeko konpromisoa ezarri du.

Konpromiso hori betetzeko, arauketa eta helburu bereiziak ezarri dira berotegi efektuko gasak isurtzeko eskubideen salerosketaren mende dauden sektore ekonomikoetarako eta sektore zehaztugabeen barnean dauden gainerako sektoreetarako.

Berotegi efektuko gasak isurtzeko eskubideen salerosketaren erkidegoko araubidea hobetzeari eta handitzeari buruzko 2003/87/CE Zuzentaraua aldatzen duen Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2009ko apirilaren 23ko 2009/29/CE Zuzentarauak neurri batzuk ezarri ditu, erkidegoko araubidean sartutako instalazioetako isuriak murrizteko ibilbidea ezartzeko. Horrela, Europako esparru osoan instalazio horietarako guztietarako esleitutako isurpen eskubideak 2005eko isurpen mailak baino %25 txikiagoak izan beharko dira, hemendik 2020ra arte.

Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2009ko apirilaren 23ko 406/2009/CE Erabakiak estatu kide bakoitzaren gutxieneko ekarpena ezarri du, berotegi efektuko gasen isurpenei dagokienez, 2003/87/CE Zuzentarauak arautzen dituenak izan ezik. Erabaki horrek sektore zehaztugabeen isuriak 2020an %10 murrizteko helburua ezarri du Espainiako estaturako, 2005eko datuen aldean.

2011ko urtarrilaren 31n gobernu erabakiaren bidez onetsi zen Klima Aldaketari buruzko Nafarroako 2010-2020rako Estrategia, onetsi nahi den Nafarroako 2020ra arteko III. Energia Planaren plangintza eta neurriak gehitu dituena. Estrategia garatzen duen agiriak berotegi efektuko gasen isuriak aztertu, ebaluatu eta proiektatzen ditu 2010-2020ko aldian. Proiekzio horien ondorioz, Estrategiak 2020an, 2005eko datuen aldean, sektore zehaztugabeen isuriak %10 murriztea aurreikusi du, bere helburuen artean, hau da, Espainiako estatu osorako ezarritako helburu berdina bete nahi du.

Halaber, planak zuzentarau eta garatu beharreko neurri batzuk zehazten ditu, sektore bakoitzean energia aurrezki handiagoa eta kontsumo eraginkorragoa lortu nahi dituztenak. Nabarmendu behar dira hurrengo sektoreetan aplikatuko diren neurriak:

Nekazaritza: Energia ikuskapenak eta UNE-EN 16001 arauaren ezarpena, ureztaketarako energia eraginkortasunerako inbertsioak, energia teknologia iraunkorren sustapena, eta prestakuntza.

Industria: Energia ikuskapenak eta UNE-EN 16001 arauaren ezarpena, energia eraginkortasunerako industria inbertsioak, eta energia teknologia iraunkorren zerrenda.

Garraioa: VEN (Nafarroako ibilgailu elektrikoa) plana, entitateetarako garraio planak, mugikortasun kudeatzaileak, errepideko garraio kolektiboaren sustapena, trenbideko garraio kolektiboaren sustapena, eraginkortasunez gidatzeko ikastaroak, ibilgailu parkearen berriztapena, eta "zigilu berdea" ematea garraio eta logistika sektoreko enpresei.

Administrazioa eta zerbitzu publikoak: energia zerbitzuen sustapen plana, eraikin publikoetako energia birgaiketa eta isolamendu termikoaren hobekuntza eta instalazio termikoen eraginkortasunaren hobekuntza, energia berriztagarrien instalazioetarako diru-laguntzak, argi publikoen ikuskapenak, argi publikoen energia eraginkortasuna, eta prestakuntza.

Etxeen sektorea, merkataritza eta zerbitzuak: araudia eta sustapen publikoak, energia zerbitzuen sustapena, energia birgaiketa (isolamendu termikoaren hobekuntza eta instalazio termikoen eraginkortasunaren hobekuntza), lehendik dauden eraikinen energia ziurtapena, energia ikuskapenak eta UNE-EN 16001 arauaren ezarpena, energia berriztagarrien instalazioetarako diru-laguntzak, prestakuntza, eta gizarte sentsibilizazioa.

Ingurumen ondorioen azterlanean adierazi bezala, ingurumenean eragina duten planaren ekintza nagusiak energia ekoizpena eta haren garraioa eta banaketa dira. Energia elektriko berriztagarriaren ekoizpenari dagokionez, potentzia gehikuntza nagusia sektore eolikoan planteatzen da, Nafarroako 2020ra arteko III. Energia Planak potentzia instalatua 652,4 MW handitzea aurreikusten baitu, ahal dela kokapen berrietan. Izan ere, haren ustez, ez dago baldintza egokirik lehendik dauden parke eolikoak berriro bultzatzeko, planaren indarraldia amaitu arte, behintzat.

Gainerako teknologiei dagokienez, planaren indarraldian Nafarroako Ubidearen zentralean 20 MW energia hidrauliko eta Garesko zentralean 12,6 MW energia minihidrauliko abiaraztea aurreikusi du, baita 58 MW eguzki energia fotovoltaiko, 50 MW eguzki energia termoelektriko, eta 48,9 MW gas naturalaren baterako sorkuntza ere. Horrez gain, biomasan potentzia instalatua 45 MW eta biogasean 14,5 MW handitzea aurreikusi da.

Ingurumen ondorioen azterlanean energiaren sorrera moten proiektuen exekuziotik ondorioztatzen diren ingurumen eraginak identifikatu dira, eta ingurumen irizpide orientatzaileak eta horiek murrizteko zuzenketa neurriak ezarri dira.

Energiaren garraioari eta banaketari dagokienez, planaren indarraldian azpiegitura batzuk sortzea aurreikusi da, ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioaren edo ingurumen ukipenetarako baimenaren prozesuaren pean egonen direnak. Beraz, horiek onetsiz gero, sorturiko eraginak txikiagotzeko zuzenketa neurri egokiak ezarriko dira.

Espedientea osorik aztertutakoan, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak adierazi du ingurumen ebaluazio estrategikorako prozedura osorik egin dela, eta ingurumen ondorioen adierazpena, aldekoa, egitea proposatu du: komenigarria da Nafarroako 2020ra arteko III. Energia Plana onestea.

Adierazitakoa aintzat hartuta:

1. Aldeko ingurumen ondorioen adierazpena egitea Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuak sustatutako Nafarroako 2020ra arteko III. Energia Planari buruz.

2. Plana ingurumen ondorioen azterlanean ingurumenean integratzeko dauden irizpide orientatzaileei jarraituta eta bertan ezarritako zuzenketarako eta ingurumen jarraipenerako neurri guztiak aplikatuta garatu beharko da.

3. Energia eolikoaren garapenean, hurrengo baldintzak aplikatuko dira:

-Nafarroan dagoen garapen eoliko nabarmena eta lurraldeak ingurumen eta hirigintza ukipen adierazgarririk sortu gabe parke berriak hartzeko duen gaitasun murriztua kontuan hartuta, Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuak, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak lurraldeak mota horretako instalazioak hartzeko duen gaitasunari buruzko analisia eginen dute, bazterketa eremuak eta espazio erabilgarrietan baloratu beharreko funtsezko ingurumen eta lurralde alderdiak zehaztuta.

-Gainera, Nafarroako 2020ra arteko III. Energia Planaren 5.1 puntuan adierazitakoarekin bat etorrita, aipatutako departamentuek abian dauden parke eolikoak berriro bultzatzeko dauden mugak identifikatuko dituzte, bi urteko epean, bultzada hori egiteko mekanismoak ezartzeko asmoz.

-Energia eolikoa sortzeko instalazioen proiektu guztiek hegaztiek tokia erabiltzeko moduari buruzko urteko ziklo osoko azterlana izan beharko dute beren dokumentazioan, Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onesten duen abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuan ezarritako ingurumen eraginaren azterlanekin batera. Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak oniritzia eman beharko dio aurretik azterketaren metodologiari.

-Ingurumen eragin txikiena duten kokapenak hautatzeko alternatibak aztertzean, berariaz aztertuko da hegaztiak ukitzeko arriskua, hegaztientzako eremu interesgarrien mugaketari buruzko datu eguneratuak eta abian dauden parke eolikoetako heriotza-tasari buruzko datuak kontuan hartuta.

-Parke eoliko berriak hartzeko gai diren eremuak aztertzean, lehentasunezkoak izanen dira topografia leuna edo laua eta sarbide erraza dituzten eremuetako kokapenak.

-Parke berriei eta etorkizuneko balizko bultzada berriari lotutako obrek, instalazioek eta azpiegiturek ez dituzte nabarmen ukitu behar baso naturalak, basoberritzeak eta Kontseiluak habitat naturalen eta basa fauna eta floraren iraupenari buruz 1992ko maiatzaren 21ean eman 92/43/CE Zuzentarauaren lehentasunezko habitatak. Halaber, ahal den neurrian, edozein landaredi natural mota ukitzea eragotziko dute, labore lurren, lugorrien edo ingurumen balio txikia duten lurren gaineko okupazioak lehenetsita.

-Era berean, ez dituzte ukituko hegaztientzako arretazko erabilerako lekuak, adibidez, habiagintza eta hazkuntza eremuak, hegaztiak pilatzeko eremuak eta haien inguruneak, joan-etorrietarako ohiko igarobideak, estepa intereseko espazioak eta bestelako eremu interesgarriak.

-Ahalik eta lotutako azpiegitura berri (bideak, zangak, azpiestazioak, aireko linea elektrikoak...) gutxien sortuko dira, lehentasunezkoa izanen dela lehendik dauden azpiegiturak erabiltzea.

-Proiektu eolikoak garatzeko behar diren linea elektriko berrietan lehentasuna emanen zaie lur azpitik doazenei edo beste jarduera batzuekin lineak partekatzen dituztenei, ingurumen eta lurralde ukipen berriak saihesteko asmoz.

-Energia minieolikoa ingurumenean ondo integratzeko, instalazioen paisaiaren gaineko eragina eta kalitate akustikoarena baloratu, eta aerosorgailuen pilaketak oro har saihestu behar dira.

4. Biomasa, biogas eta bioerregaien energia aprobetxamenduan kontuan hartuko dira honako baldintza hauek:

-Basoko biomasaren aprobetxamendua plangintza tresnen esparruan eginen da, ingurumen iraunkortasuna bermatuta, baita basoko araudiaren esparruan ere, legezkotasuna bermatuta.

-Nekazaritzako biomasa kentzean, bai faunari ukipen gutxien eragiten dien aldia bai biomasa abeltzaintza estentsiboaren elikadura gisa erabiltzen duen abeltzaintza sistemari ahalik eta ukipen txikiena egitea ezartzen direla zaindu beharko da.

5. Eguzkia energia aprobetxatzeko proiektuen garapenean, hurrengo ingurumen baldintzak aplikatuko dira:

-Lurzoru urbanizaezinean eguzki-energia biltzeko instalazioak ezartzeko irizpideak eta ingurumen eta hirigintza arloetako baldintzak ezartzeko Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak otsailaren 24an emandako 64/2006 Foru Aginduan ezarritakoak arautuko ditu eguzki energiako instalazioak, jarraian adierazten diren alderdiak ere kontuan hartuta.

-Oso zabalak diren azalerak okupatzea eragotziko da. Gehieneko tamaina 50 hektareatik beherakoa izanen da, espazio esparru berean eguzki planten pilaketarik egon ez dadin.

-Ahal dela, instalazioak emankortasun txikiko labore lurretan edo lugorrietan kokatuko dira, eta edozein landaredi natural motaren okupazioa saihestuko da.

-%5etik beherako malda duten lurretan kokatuko dira, lur erauzketa eta berdinketa lan handirik ez egiteko eta instalazioak ahalik eta ezkutuen egoteko.

-Eguzki plantetan aireko linea elektriko berriak eraikitzea eragotziko da, eta, nolanahi ere, haien ibilbidea lur azpikoa izatea lehenetsiko da.

-Perimetroko hesia fauna ertainarentzat iragazkorra izateko moduan eginen da.

-Lurzoru urbanizaezinean garatzen diren eguzki parkeetan, eguzki plakak hartzen dituen azaleraren %10aren baliokidea dena erabili beharko da landarediaren bilakaera librerako.

6. Garraiorako eta banaketarako aireko linea elektrikoek Hegaztiak babesteko instalazio elektrikoei arau tekniko batzuk ezartzen dizkien apirilaren 4ko 129/1991 Foru Dekretuaren baldintza teknikoak eta Hegaztiek goi tentsioko linea elektrikoak ez jotzeko eta haietan ez elektrokutatzeko babes neurriak ezarri dituen abuztuaren 29ko 1432/2008 Errege Dekretuaren arauak bete beharko dituzte, horretarako ezarritako babes eremuetan.

7. Ingurumena zaintzeko programa:

Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuak ingurumena zaintzeko programa garatuko du, ingurumen ondorioen azterlanean ezarritakoari jarraituz. Plana onetsi ondoren, Ingurumenaren eta Uraren Zuzendaritza Nagusiari igorriko zaio jarraipenerako eta emaitzen aurkezpenerako protokoloaren proposamena, urteko txostenak egiteko. Txosten horiek jendaurrean egonen dira Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuan, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan eta Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atarian (www.navarra.es), Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuari dagokion atalean, hain zuzen.

Iragarkiaren kodea: F1108403