64. ALDIZKARIA - 2010eko maiatzaren 26a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA

ERABAKIA, 2010eko maiatzaren 10ekoa, Nafarroako Gobernuak hartua, "2012rako Nafarroa Plana. Lehentasunezko jarduketa. Erroko eta Mezkirizko tunelak" izenekoaren barnean "Mezkirizko Tunela N-135 (Iruña-Frantzia Luzaidetik) errepidean", izeneko proiektuaren gaineko Informazio Azterlana Udalez gaindiko Proiektu Sektorial deklaratu, jendaurrean jarri eta jarduketaren eraginpeko eremuetako Udalei entzunaldia ematen diena, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legea eta Ingurumen gaineko eraginaren ebaluazioaren prozeduraren ondorioak bete daitezen. Proiektua Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak sustatu du.

2010eko otsailaren 19an, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuan Herri Lan, Garraio eta Komunikazioko kontseilariaren idazkia sartu zen. Idazki horren bidez "Mezkirizko Tunela N-135 (Iruña-Frantzia Luzaidetik) errepidean" izeneko proiektuaren gaineko Informazio Azterlana bidali zuen, ingurumen eraginaren azterlanarekin batera, ingurumen eraginaren adierazpena tramitatzeko eta hautatzen den alternatiba Udalez gaindiko proiektu sektorial gisa onesteko.

I.-Azpiegituraren Udalez gaindiko eragina.

Proposatzen den azpiegiturak Erroko udal mugapea ukitzen du eta Nafarroako Foru Komunitatearen eta Frantziako Pirinio Atlantiarreko Departamentuaren arteko komunikazioen hobekuntzaren barnean integratzen da.

Jarduketa horren bidez Pirinioetako ibarretara iristeko modua hobetu nahi da, eta gainera Frantziarako irteera propioa izatea, gaur egungo N-135 errepidearena baino trazadura hobea duen errepidean zehar. Aztertzen den tarteak, Mezkiritz mendatea igarota, oinplanoan trazadura bihurgunetsua du eta arrapala handi samarrak ere bai. Trazadura horren ondorioz, gainera, saihesbide bat eraikiko da, trafikoa N-135 errepideak gaur egun bitan banatzen duen Aurizberri udalerritik aldentzeko.

Ohar horiek kontuan hartuta behar beste justifikatuta dago Mezkirizko Tunelaren gaineko Informazio Azterlana Udalez gaindiko proiektu sektorial gisa tramitatzea.

II.-Planteatzen diren alternatiben azalpena.

Trazadurarako bi alternatiba planteatzen dira. Horien izena bat dator horietako bakoitzak Aurizberri herriarekin alderatuta duen kokalekuarekin.

-Iparraldeko alternatiba:

Alternatiba horren abiapuntua -bere trazadurak guztira 5,4 km-ko luzera du gutxi gorabehera- N-135 errepidean dago, Mezkiritz eta Aurizberri artean, Mezkirizko elkargunetik 400 m ingurura.

Lehenengo tarte horretan gaur egungo errepidearen trazadura bihurgunetsua zuzentzen da 540 erradioa eta %7ko malda duen bihurgune batekin. Trazadura gaur egungo N-135 errepidearen Iparraldean dagoen mazelan oinarritzen da, eta horrela gutxi gorabehera 12 m-ko gehieneko altuera duen zelaigunea sortzen da. Zelaigune horrek Done Jakue Bidearen ibilbidea ukitzen du, eta hain zuzen ere bide hori zelaigunearen gainaldean birjartzen da. Jarraian, trazadura gaur egungo N-135 errepidetik Ekialderantz urruntzen da, eta tunelaren sarrerarantz abiatzen da. Tunel horren ahoa abiapuntutik kilometro batera gutxi gorabehera dago, eta luzera 472 metrokoa da.

Tunela igaro ondoren, trazadurak Aurizberriko hirigunea Iparraldetik inguratzen du 1.050 m-ko erradioa duen bihurgune zabal batekin, herriaren ingurunean dauden belardiak zeharkatuz.

Aurizberriko gunetik ipar-mendebaldera erdilotunea planteatzen da: azpiko pasabidea da, gune horretara sartu ahal izateko. Tarte horretan daude trazaduraren lubetarik handienak.

Trazadurak Aurizberriko hirigunea Iparraldetik inguratzen jarraitzen du, eta hainbat bide eteten du; bide horiek ezkerreko bazterrean birjartzen dira Done Jakue Bidearekiko bidegurutzera heldu arte. Bertan, bidearen gainean zubi bat proiektatu da, sakan batetik igarotzeko ere balio duena.

Aurizberriko Ekialdeko muturrean elkargune bat planteatzen da mutur horretatik hirigunera sartzeko aukera emateko. Elkargune horretatik aurrera trazadurak gaur egungo N-135 errepidea hartzen du berriro. Leku horretatik ibilbidearen amaierara arte, trazadura gaur egungo errepidearen profilera egokitzen da, baina oinplanoan gasolindegiaren ondoan dagoen 90.º-ko bihurgunea zuzentzen du, 300 erradioa duen bihurgune baten bidez. Era berean, dagoen kanpinera sartzeko elkargunea birjartzen du.

-Hegoaldeko alternatiba:

Alternatiba honen trazadura eta Iparraldeko alternatibarena N-135 errepidearen leku berean abiatzen dira; Done Jakue Bidean ere antzeko ukipena sortzen du, eta kasu honetan ere zelaigunearen gainaldean birjartzen da. Hortik aurrera, trazadurak bihurgune txikia egiten du hego-ekialderantz, gaur egungo errepidearen Hegoaldean dagoen mazelan oinarrituta, lepoan gora; lepo horren gainaldean 157 metroko luzera duen tunel faltsua planteatzen da.

Tunel faltsuaren irteeratik trazadurak beheranzko bideari ekiten dio apurka, Aurizberriko gunea Hegoaldetik inguratuz; bihurgune handia egiten du haritzak eta pagoak landatuta dituen mazela baten gainean. Hegoaldean ere, bertan dagoen urbanizazio bat gainditzen du, eta jarraian, trazadurak ipar-ekialderantz biratzen du, gaur egungo errepidea gainetik edo azpitik zeharkatuz, eta gerora berriro errepide horrekin elkartu egiten da.

Gaur egungo errepidearen bidegurutzearen eta ibilbidearen amaieraren artean, gaineko edo azpiko lotune osoa planteatzen da, Aurizberriko gunearekiko lotura Ekialdetik ebazteko eta bertan dauden gasolindegi eta kanpinerako sarbidea ere ebazteko. Azken tartean, trazadura gaur egungo errepidearen profilera egokitzen da, eta horrela amaitzen da abiapuntutik 4,807 km-ko luzera duen ibilbidea.

Hona hemen alternatiba bakoitza eraikitzeko kostuak:

-Hegoaldeko alternatiba: 12.792.295,20 euro.

-Iparraldeko alternatiba: 17.991.436,93 euro.

Irizpide askotan oinarrituriko azterketa egin ondoren, alternatibetako bat ere ez da proposatu garatzeko. Biek balorazio berdina dute. Hegoaldeko alternatibaren balioak orokorrean Iparraldekoak baino apur bat handiagoak diren arren, dauden diferentzia txikiak direla-eta ezin da argi eta garbi lehentasunik ezarri. Kasu honetan, diferentziak ingurumen arloko irizpideetan (Iparraldeko alternatibaren alde) nahiz ekonomikoetan (Hegoaldekoaren alde) daude.

III.-Lurraldeari eta hirigintzari buruz kontuan hartu beharrekoak.

Planteatzen diren alternatibek lurzoru urbanizaezina zeharkatzen dute, eta lurralde aldetik oso diferenteak dira; eta Aurizberriko guneari dagokionez, jarraian azalduko diren ezaugarri baldintzatzaileak dituzte.

Iparraldeko alternatibak, 472 metroko tunel faltsuarekin, Aurizberri herria inguratzen du bihurgune nabarmen samarra eginez, herriaren inguruneko alderik lauena eta nekazaritzarako lursail landatuak zeharkatuz, eta argi eta garbi udalerriaren hazkundea mugatzen du. Erdiko tartean altuera handiko zelaigune batzuk proiektatzen dira. Zelaigune horiek, Aurretiazko Kontsulten tramiteari emandako erantzunean iradoki zen bezala, tunel faltsu batekin ordeztu beharko lirateke.

Halaber, Aurizberritik Iparralderantz abiatzen diren bideak alternatibaren trazadurak berak eteten ditu, eta horren ondorioz, azpiko pasabide txiki batzuk diseinatu behar dira hainbat lubetatan, lubeta horien altuera, kasu batzuetan, 14 metrokoa izaten ahal dela. Komenigarria litzateke pasabide horiek handiagoak izatea, Nafarroako alde horrek nekazaritza erabilera ez ezik turismo eta kirol erabilera ere duelako.

Alternatiba horretan bi sarbide proposatzen dira Aurizberrira iristeko. Lehenengo sarbidea Mendebaldean dago, herrira iritsi aurretik, Sorogainera sartzeko bidean. Bigarren sarbideak bide berria zeharbidearekin lotzen du hirigunearen Ekialdeko muturrean, hilerritik hurbil. Hirigunerako bi sarbide edukitzea trafikoa igarotzeko onuragarria izanen da, eta hobekuntza ekarriko du ikuspuntu funtzionaletik. Gainera, nabarmendu behar da Urrobiko kanpinaren ingurunean bihurgunerako planteatzen den erradioa 300 metrokoa soilik dela, eta horren ondorioz abiadura murriztu behar dela Hegoaldeko alternatibarekin alderatuta, azken hori askoz zuzenagoa baita.

Alternatiba horrek ia ez ditu ukituko Done Jakue Bidea eta P-26 iraganbidea. Era berean, ia 500 metro dituen tunela proiektatzen denez, eta laborantza lurrak zeharkatzen direnez, Aurizberriren inguruan dauden zuhaizti handien gaineko eragina hutsaren hurrengoa izanen da.

Hegoaldeko alternatibak oso trazadura uniformea du. Mezkiritz mendatea Iparraldean geratzen da, eta mazelaren erdialdetik igarotzen da Aurizberriko Hegoaldean zehar. Gutxi gorabehera 160 metro dituen tunel faltsua proposatzen du, eta gerora zuhaizti handiak zeharkatzen ditu gaur egungo errepidea gurutzatu arte. Alternatiba horrek lur erauzketa eta lubeta handiak eskatzen ditu, eta kasu batzuetan horien ordez tunel faltsuak jartzen ahalko lirateke ingurumen eragina murrizteko, eta leku ospel batean daudenez, zoladuran izozte arriskua murrizteko. Beste alde batetik, laborantza lurrik ia ez denez zeharkatzen, planteatzen diren azpiko pasabideak, batik bat drainatze arazoak konpontzea helburu dutenak, egokitzat jotzen dira.

Alternatiba horretan Aurizberrirako sarbide bakarra proiektatzen da gunearen Ekialdeko muturrean, Urrobiko kanpinetik hurbil, pisu motako bi biribilgune dituen azpiko pasabide batekin, lurzoru-azalera handia okupatuta. Ez dago inolako lotunerik lehenago, eta irisgarritasunaren ikuspuntutik horregatik alternatiba horren balorazioa Iparraldekoa baino txarragoa da: trafiko gehiena Iruñearekin lotzekoa da (Frantziatik etortzen den trafikoa gaur egun oso urria da), eta horren ondorioz, Aurizberri nolabait esatearren "zaku-hondo" batean sartuko da, gunea neurri batean "ikusezin" bihurtuz. Beste alde batetik, ematen du ezinezkoa dela sarbidea trazaduraren hasieran jartzea. Izan ere, horren ondorioz honako hauen artean erabaki beharko litzateke: alde batetik gaur egungo Mezkiritz mendatea, jarduketa honen bidez saihestu nahi dena, edo, bestetik, Done Jakue Bidearen trazadura erabili; hori, lurralde eta kultura alderdian, oso ukipen negatiboa izanen litzateke.

Hala ere, alternatiba horrek badu abantaila bat: ez luke ukituko Aurizberriren inguruko nekazaritza gunea (larre alderdia), eta horregatik alderdi horretan Iparraldean proposatutako trazadurak baino balorazio hobea du. Izan ere, Iparraldeko trazadura horrek nolabait esatearren Aurizberriren hazkundea mugatuko luke iparralderantz.

Azkenik, adierazi behar da Hegoaldeko trazadurak P-26 iraganbidea luzera handiko tarte batean desbideratzera behartuko duela, eta gauza bera gertatzen dela Done Jakue Bidearekin.

Ondorio gisa: Iparraldeko trazadurak, Hegoaldekoa baino bihurgunetsuagoa denak, Aurizberriren Iparraldean dauden lurzoruak ukitzen ditu modu nabarmenean. Dena dela, hasieran, ikuspegi funtzionaletik gomendagarriena da, herriaren eta errepide berriaren arteko lotura ona bermatzen duelako, eskualdeko ingurumen balioei kalterik egin gabe. Nolanahi ere, exekutatu beharreko alternatiba behin betiko aukeratu aurretik espedientearen jendaurreko azalpenaren eta azpiegiturak ukitzen duen herriko Udalaren entzunaldiaren emaitza jakin beharko litzateke, eta aztertutako bi alternatiben ingurumen arloko azken ebaluazioaren emaitza ere bai.

IV.-Ingurumen arloko txostena.

2010eko martxoaren 10ean, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak txosten batean azaldu zuen aurkeztutako ingurumen eraginaren azterlanak behar bezala aztertzen zituela ingurunea eta jarduketak izan zitzakeen eraginak. Ondorio gisa azaldu zuen aurkeztutako dokumentazioa nahikoa zela eta beraz bidezkoa zela espedientea jendaurrean jartzea Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioa egiteko eta Udalez gaindiko proiektu sektoriala tramitatzeko.

V.-Beste txosten batzuk.

Aldez aurretiko kontsulten tramitazioari buruz aurkeztutako dokumentazioa aztertutakoan, bidezkoa da nabarmentzea "Vianako Printzea" Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuko Ondare Historikoaren Zerbitzuak egindako txostena. Txosten horren amaierako zatian zera azaltzen da: "proiektuak Kultur Ondarean izanen duen ukipenari buruzko azterketa egin beharko da. Azterketa horren barnean, aztergai diren alternatiben gainazaleko prospekzio arkeologikoa eginen da. Prospekzio horretan, bertan dauden aztarnategiak aintzat hartuko dira, kasu bakoitzean bideragarriena den alternatiba aztertuko da eta neurri zuzentzaileak proposatuko dira".

Sustatzaileak Prospekzio Arkeologikoari buruzko Txostena txertatu du, eta Kultura Departamentuari bidali zaio, txostena egin dezan.

Horrenbestez, Lurraldearen Antolamenduko Batzordearen txostenarekin bat, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legeari eta aplikatu beharreko gainerako arauei jarraikiz, Nafarroako Gobernuak, Lurraldearen Antolamenduko eta Etxebizitzako kontseilariak proposaturik,

ERABAKI DU:

1. Mezkirizko Tunelaren informazio azterlana Udalez gaindiko Proiektu Sektorial deklaratzea, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legean aurreikusitako ondorioak izan ditzan. Proiektua Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak sustatu du.

2. Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuari adieraztea aukeratutako alternatiba onetsi aurretik erabaki honen azalpen zatiko III. idatz-zatian azaltzen diren alderdiak kontuan hartu beharko dituela.

3. Ondare Historikoaren babesari dagokionez, Kultura eta Turismo Departamentuari eskatu zaion txostenak ezartzen duena bete beharko da.

4. Espedientea jendaurrean jartzea eta proiektatu diren trazaduren eraginpeko lurretako udalei entzunaldia ematea, 30 egunez. Bi tramiteak aldi berean eginen dira, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legean aurreikusitakoaren eta Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioaren prozeduraren ondorioetarako.

Hartarako, espedientea ikusgai egonen da interesdunen eskura, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren bulegoetan (Armada Etorbidea, 2, 2. maila, Iruña), eta epe horretan zilegi izanen da idatziz nahi adina alegazio aurkeztea.

5. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta horren berri ematea Herri Lan Zuzendaritza Nagusiari, Kultura Zuzendaritza Nagusiari, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari, Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuari, Erroko Udalari eta Aurizberriko Kontzejuari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2010eko maiatzaren 10ean.-Nafarroako Gobernuko kontseilari eta idazkaria, Javier Caballero Martínez.

Iragarkiaren kodea: F1008386