64. ALDIZKARIA - 2010eko maiatzaren 26a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA

ERABAKIA, 2010eko maiatzaren 10ekoa, Nafarroako Gobernuak hartua, "2012rako Nafarroa Plana. Lehentasunezko jarduketa. Erroko eta Mezkirizko tunelak" izenekoaren barnean "Erroko Tunela N-135 (Iruña-Frantzia Luzaidetik) errepidean" izeneko proiektuaren gaineko Informazio Azterlana Udalez gaindiko Proiektu Sektorial deklaratu, jendaurrean jarri eta jarduketaren eraginpeko eremuetako udalei entzunaldia ematen diena, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legea eta Ingurumen gaineko eraginaren ebaluazioaren prozeduraren ondorioak bete daitezen. Proiektua Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak sustatu du.

2010eko otsailaren 19an, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuan Herri Lan, Garraio eta Komunikazioko kontseilariaren idazkia sartu zen. Idazki horren bidez "Erroko Tunela N-135 (Iruña-Frantzia Luzaidetik) errepidean" izeneko proiektuaren gaineko Informazio Azterlana bidali zuen, ingurumen eraginaren azterlanarekin batera, ingurumen eraginaren adierazpena tramitatzeko eta hautatzen den alternatiba udalez gaindiko proiektu sektorial gisa onesteko.

I.-Proposatutako azpiegituraren xedea eta udalez gaindiko eragina.

Proposatzen den azpiegiturak Erroko eta Esteribarko udal mugapeak ukitzen ditu eta Nafarroako Foru Komunitatearen eta Frantziako Pirinio Atlantiarreko Departamentuaren arteko komunikazioen hobekuntzaren barnean integratzen da.

Jarduketa horren bidez Pirinioetako ibarretara iristeko modua hobetu nahi da, eta gainera Frantziarako irteera propioa izatea, gaur egungo N-135 errepidearena baino trazadura hobea duen errepidean zehar. Aztertzen den tarteak, Zubiri eta Erro udalerrien artean, Erro mendatea igarota, oinplanoan trazadura bihurgunetsua du eta arrapala handi samarrak ere bai.

Ohar horiek kontuan hartuta behar beste justifikatuta dago Erroko Tunelaren gaineko Informazio Azterlana udalez gaindiko proiektu sektorial gisa tramitatzea.

II.-Planteatzen diren alternatiben azalpena.

Trazadurarako bost alternatiba planteatzen dira -guztiak Magnaren harrobiaren parean hasten dira, Zubiriko herrigunearen hego-mendebaldean, eta Erroko hirigunearen hego-ekialdean amaitzen dira-. Trazadura horien izena, alternatiba bakoitzaren hasiera-tartean hartutako mazela-latitudearekin (Ibesiko errekaren iparraldeko edo hegoaldeko mazela) lotzen da, baita tunelaren posizioarekin (iparraldean, hegoaldean edo erdialdean), azpiegituraren azken tarteak zehazten duen posizioarekin, alegia.

1. alternatiba: Hegoaldea-Hegoaldea. Alternatiba horri dagokion trazadura gaur egungo N-135 errepidea Ipar-ekialderantz desbideratzen duen tarte zuzen batekin hasten da. Errepide horren eta Arga ibaiaren artean gainetik edo azpitik lotunea planteatzen da, bazter bietan biribilguneak dituena. Lotune horretatik Zubiri udalerrira eta Osteritzerako NA-2335 errepidera helduko da.

Jarraian Arga ibaia zeharkatzen du 100 m-ko luzera duen bidezubi batean zehar, eta gero, Done Jakue Bidearen jarraitutasuna azpiko pasabide baten bidez konponduz, bertan dagoen errekaren hegoaldeko mazelan zehar jarraitzen du tunelaren hasieraraino. Tunelaren ahoa trazaduraren hasieratik 2.310 metrora dago, eta trazaduraren luzera 2.317 metrokoa izanen dela aurreikusten da.

Tuneletik irtetean, eta Erro ibaia zeharkatu ondoren, trazadurak Ipar-ekialderanzko bihurgunea egiten du eta NA-2330 (Urrotz-Erro) errepidea eteten du. Hori konpontzeko, NA-2330 errepidearen gaineko pasabidea aurreikusten da. Hortik aurrera, trazadurak zuzenean jarraitzen du Ipar-ekialderantz Erroko hirigunearen hegoaldean zehar. Gainetik edo azpitik beste lotune bat egitea aurreikusten da, lotune horretatik Erroko gunera sartzeko. Lotune horrek, gune horretan elkartzen diren NA-2330 (Urrotz-Erro), NA-2332 (Aintzioa) eta NA-2333 (Esnotz) errepideekiko lotura ebatziko luke.

Azkenik, aipatu lotura hori gainditu ondoren, hasieratik 6,6 km-ko ibilbidea eginda, N-135 errepidearekin elkartzen da.

2. alternatiba: Hegoaldea-Iparraldea. Alternatiba horren lehenengo bi kilometroak arestian azaldu den Hegoaldea-Hegoaldea Alternatibaren berdinak dira. Puntu horretatik aurrera, Hegoaldea-Hegoaldea Alternatibak ez bezala, trazadurak ipar-ekialderanzko bihurgune txikia egiten du tunelaren sarrerara bideratzeko. Kasu honetan, sarrera Hegoaldea-Hegoaldea Alternatibaren tunela baino iparralderagoko latitudean planteatzen da. Tunelaren ahoa trazaduraren hasieratik 2.609 metrora dago, eta trazaduraren luzera 1.938 metrokoa izanen dela aurreikusten da.

Tunelaren irteera, lehenago esan den bezala Hegoaldea-Hegoaldea Alternatibako tunelaren irteera baino iparralderago dago. Horregatik, trazaduraren gainerako zatia Erroko herrigunetik hurbilago igarotzen da aurreko alternatiban baino. Erro ibaia gainditu ondoren, trazadurak NA-2330, NA-2332 eta NA-2333 errepideen arteko elkargunerantz jarraitzen du, eta elkargune horretan gaineko edo azpiko lotunea planteatzen da -lotune horren zeharkako ardatza eta jarraitutasuna ematen zaion NA-2332 (Aintzioa) errepidearena ia-ia berdin-berdinak dira-. Lotune horretatik Erroko gunera sartzen ahalko da, eta aldi berean, gune horretan elkartzen diren NA 2330 (Urrotz Erro), NA 2332 (Aintzioa) eta NA 2333 (Esnotz) errepideekiko lotura ebatziko litzateke.

Azkenik, aipatu lotura hori gainditu ondoren, hasieratik 6,4 km-ko ibilbidea eginda, N-135 errepidearekin elkartzen da.

3. alternatiba: Iparraldea-Iparraldea. Alternatiba horren trazaduraren hasiera N-135 errepidean hasten da, aurrekoen puntu berean, eta antzeko lotura planteatzen du Zubiri udalerrira iritsi ahal izateko. Hala ere, Arga ibaiaren gainetik -140 m-ko luzera duen zubi batekin, zubi horren baoetako bat Done Jakue Bidea birjartzeko aprobetxatuko dela- aurreko alternatibetarako aurreikusita dagoena baino iparralderago igaroko da. Izan ere, kasu honetan Ibesiko errekaren -geroago Otsagaingo deitzen denaren- iparraldeko mazela (edo eskuineko bazterra) aukeratuko da lehen tarte hori tunelaren sarreraraino, Hegoaldea-Iparraldea alternatiban deskribatzen denaren antzeko puntuan dagoen sarreraraino bideratzeko. Tunelaren ahoa trazaduraren hasieratik 2.462 metrora dago, eta proiektatuta dagoen tunelaren luzera 1.916 metrokoa da.

Tuneletik irtetean, alternatiba horretarako proiektatzen den trazadura eta Iparraldea-Hegoaldea alternatibaren trazadura berdinak dira. Erroko gunera iristeko eta NA-2330, NA-2332 eta NA-2333 errepideekin lotzeko erabiltzen den lotunea ere berdina da, beti bezala N-135 errepidearekiko azken elkargunea baino lehenago, elkargune hori hasieratik 6,615 km-ko luzera duen ibilbidearen amaieran dagoela.

4. alternatiba. Iparraldea-Hegoaldea. Alternatiba horren hasierako tartearen zati luze bat eta aurreko puntuan deskribatu den Iparraldea-Iparraldea alternatiba berdinak dira, baina tunelaren ahoa Hegoaldea-Hegoaldea alternatibatik oso hurbil dagoen puntu batean dago. Tunelaren ahoa trazaduraren hasieratik 2.354 metrora dago, eta tunelaren luzera 2.325 metrokoa izanen dela aurreikusten da.

Tuneletik irtetean, alternatiba horretarako proiektatzen den trazadura eta Hegoaldea-Hegoaldea alternatibaren trazadura berdinak dira. Erroko gunera iristeko eta NA-2330, NA-2332 eta NA-2333 errepideekin lotzeko erabiltzen den lotunea ere berdina da, beti bezala N-135 errepidearekiko azken elkargunea baino lehenago, elkargune hori hasieratik 6,808 km-ko luzera duen ibilbidearen amaieran dagoela.

5. alternatiba: Iparraldea-Erdialdea: Alternatiba horrek ezaugarri hauek konbinatzen ditu: alde batetik Iparraldea-Iparraldea alternatibako trazaduraren hasierako tartearen ezaugarriak, tunelaren ahoraino (hori barne dela), eta bestetik Hegoaldea-Hegoaldea alternatibaren ezaugarriak, tunelaren irteeratik tartearen amaieraraino. Diferentzia bakarra tunelaren kokaera da. Izan ere, kasu honetan 2.109 m-ko luzera du. Ibilbidearen luzera osoa 6,813 km-koa da.

Hona hemen alternatiba bakoitza eraikitzeko kostuak:

-1. alternatiba - Hegoaldea-Hegoaldea: 81.453.314,39 euro.

-2. alternatiba - Iparraldea-Hegoaldea: 70.246.091,06 euro.

-3. alternatiba - Iparraldea-Iparraldea: 69.975.826,72 euro.

-4. alternatiba - Iparraldea-Hegoaldea: 82.574.532,94 euro.

-5. alternatiba - Iparraldea-Erdialdea: 76.323.818,14 euro.

Irizpide anitzeko azterketa egindakoan, Azterlanak, garatu beharreko konponbide gisa Iparraldea-Iparraldea alternatibarena proposatzen du, helburu funtzional eta ekonomikoei dagokienez baloraziorik onena duelako eta ingurumenaren ikuspegitik bigarren balorazio onena duelako.

III.-Lurraldeari eta hirigintzari buruz kontuan hartu beharrekoak.

Proposatzen diren alternatibek ez dute diferentzia nabarmenik lurralde ikuspuntu zabaletik hartuta: guztiak Magnaren eta Zubiriko gunearen arteko erdibidean hasten dira eta Erroko hirigunearen hegoaldean amaitzen dira. Diferentzia, azken buruan, honetan datza: bideen trazadura batzuen eta besteen hasieran tunelen ahora heldu baino lehen Ibesiko errekaren sakanaren zein mazela (iparraldekoa edo hegoaldekoa) aukeratzen den; dagokion tunela zein posiziotan dagoen (iparraldean, hegoaldean edo erdialdean); eta tunel bakoitzaren irteeraren osteko azken tartearen trazadura zein den -agerikoa denez, kasu bakoitzean trazadura tunelaren posizioak baldintzatzen baitu-. Trazadura horiek, era berean, Erroren hegoaldeko saihesbidea eratuz, NA 2330 (Urrotz Erro), NA 2332 (Aintzioa) eta NA 2333 (Esnotz) errepideekiko lotura egiteko alternatiba diferenteak sorrarazten dituzte.

Planteatzen diren alternatiba guztiek Esteribar eta Erro udalerriak ukitzen dituzte, zehazki Zubiri eta Erro herrien inguruak, hurrenez hurren.

Zubiriren ingurunean, alternatibek sarbide mota berbera planteatzen dute Zubirirako eta Osteritzeko NA- 2335 errepiderako. Hala ere, Iparraldea-Iparraldea, Iparraldea-Hegoaldea eta Iparraldea-Erdialdea alternatiben hasierako tarteak, hiruretarako berbera denak, Zubiriko hiri lurzoruko gune bat (ADU-2 izenekoa, industria txikirako erabiltzekoa) ukitzen du. Ukipen hori, hasieran, gune horren hego-ekialdeko ertzean gertatzen da, eta une honetan ezin da zehaztu zein neurritaraino geratzen ahal den eraginpean aurreikusitako nabeetako baten bat, dela trazaduraren beraren ondorioz, dela -beste kasu batean-, eraikinaren eta aurreikusita dagoen errepide berriaren arteko distantziaren ondorioz.

Erroren ingurunean, planteatzen diren alternatiba guztiak herriaren hegoaldea zeharkatzen duten bi trazadura diferentetan taldekatzen dira.

Iparraldea-Iparraldea eta Hegoaldea-Iparraldea alternatibei dagokien trazadura Erroko gunetik hurbilen dagoena da, eta gune horren hegoaldean elkartzen diren hiru errepideekiko lotura ebazten du erdiko errepidearen ardatzean (NA-2332 Aintzioa) dagoen biribilgune batekin. Horrela, ondoko alorren gaineko ukipena txiki samarra da. Loturarako beste biribilgunea ere, Erroko gunera sartzekoa, NA-2332 errepidean bertan kokatzen da.

Hegoaldea-Hegoaldea, Iparraldea-Hegoaldea eta Iparraldea-Erdialdea alternatibei dagokien trazaduran tunelaren irteerako ahoa aurrekoen hegoaldean dago, 400 metro ingurura, Erro ibaia zeharkatu ondoren NA 2330 (Urrotz-Erro) errepidearen paraleloan doa, hesi bikoitzaren efektua sortuz. Horregatik, ibaiaren gainean zubia aurreikustera behartzen du, Urrotzerako aipatu errepidearen jarraitutasuna ziurtatzeko. Beste alde batetik, NA-2332 Aintzioa eta NA-2333 Esnotz errepideekin lotura egiteko proposatzen den konponbideak nekazaritzarako lurren azalera handi bat ukitzen du, hegoaldeko biribilgunea aipatu bi errepideen artean dauden laborantza-lurretan egitea aurreikusten baita.

Beste alde batetik adierazi behar da Erroko Udal Planak 43.450 m²-ko azalera duen erabilera industrialeko lurzoru urbanizagarriko sektore bat (AR-2) garatzea aurreikusten duela, NA-2330 Urrotz-Erro errepidea ukituz. Hegoaldea-Hegoaldea, Iparraldea-Hegoaldea eta Iparraldea-Erdialdea alternatiben trazadurek sektorea zeharkatzen dute eta bi zatitan banatzen dute. Horrela 10.000 m² inguruko azalera alferrik galtzen da, eraikinen eta errepide berriaren arteko distantziari buruz legean ezarrita dauden zortasunak aparte utzita. Kasu horretan kontuan hartu behar da tokian bertan oso eragin handia sortuko dela.

Azkenik, bidezkoa da gogora ekartzea aldez aurretiko kontsulten tramitea egitean egin zen iradokizunen txostenean Erroren inguruneari buruz zera esan zela: "uste da komenigarria izanen litzatekeela gunearen ekialdean dagoen azken tartea (600 metro inguruko luzera duena), N-135 errepidera berriro sartu baino lehenago, apur bat hegoalderago ibiltzea, (...), horrela mugatutako hiri lurzoruarekiko distantzia handiagoa egonen baita". Ohar hau kontuan hartuz gero, izan ere eraikuntza proiektuan egiaztatuko baita gauzatzen ahal dela, planteatzen diren alternatiba guztietan aplikatuko litzateke.

Done Jakue Bideari ematen zaion tratamenduari dagokionez diferentzia nabarmenak daude. Iparraldea-Iparraldea, Iparraldea-Hegoaldea eta Iparraldea-Erdialdea alternatibetan, Arga ibaiaren gaineko tamaina handiko zubia proiektatzen denez, Bidea zubi horren beraren azpian integratzen dute, ubidearen paraleloan, horren trukean Done Jakue Bidearen jatorrizko trazadurarekin alderatuta gehiago desbideratzen dela. Gainerako alternatibek Bidearentzat soilik izanen den azpiko pasabidea proposatzen dute, lubeta handiak dituen eremu oihantsuan, jatorrizko trazadura modu nabarmenean aldatu gabe. Uste da hasieran aukerarik komenigarriena, eta batez ere seguruena, trazadura zubiaren azpian zehar desbideratzea dela, horrela ibaiaren bazterrarekin hobeto integratuko delakoan, paisaia aldetik.

Aurkeztutako azterlanaren irizpide anitzeko azterketa kontuan hartuta, 3. alternatibak (Iparraldea-Iparraldea) du baloraziorik onena. Lurraldeari eta hirigintzari dagokienez, orokorrean balorazio hori konpartitzea bidezkoa da, Zubiriko hiri lurzoruan antzeman den ukipena gorabehera. Ukipen horren norainokoa zehatzago zehaztu eta baloratu beharko da.

Nolanahi ere, exekutatu beharreko alternatiba behin betiko aukeratu aurretik espedientearen jendaurreko azalpenaren eta azpiegiturak ukitzen dituen herrietako udalen entzunaldiaren emaitza jakin beharko litzateke, eta alternatiba batzuen zein besteen ingurumen arloko azken ebaluazioaren emaitza ere bai.

IV.-Ingurumen arloko txostena.

2010eko martxoaren 16an, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak txosten batean azaldu zuen aurkeztutako ingurumen eraginaren azterlanak behar bezala aztertzen zituela ingurunea eta jarduketak izan zitzakeen eraginak. Ondorio gisa azaldu zuen aurkeztutako dokumentazioa nahikoa zela eta beraz bidezkoa zela espedientea jendaurrean jartzea Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioa egiteko eta udalez gaindiko proiektu sektoriala tramitatzeko.

V.-Beste txosten batzuk.

Aldez aurretiko kontsulten tramitazioari buruz aurkeztutako dokumentazioa aztertutakoan, bidezkoa da nabarmentzea "Vianako Printzea" Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuko Ondare Historikoaren Zerbitzuak egindako txostena. Txosten horren amaierako zatian zera azaltzen da: "proiektuak Kultur Ondarean izanen duen ukipenari buruzko azterketa egin beharko da. Azterketa horren barnean, aztergai diren alternatiben gainazaleko prospekzio arkeologikoa eginen da. Prospekzio horretan, bertan dauden aztarnategiak aintzat hartuko dira, kasu bakoitzean bideragarriena den alternatiba aztertuko da eta neurri zuzentzaileak proposatuko dira".

Sustatzaileak Prospekzio Arkeologikoari buruzko Txostena txertatu du, eta Kultura Departamentuari bidali zaio, txostena egin dezan.

Horrenbestez, Lurraldearen Antolamenduko Batzordearen txostenarekin bat, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legeari eta aplikatu beharreko gainerako arauei jarraikiz, Nafarroako Gobernuak, Lurraldearen Antolamenduko eta Etxebizitzako kontseilariak proposaturik,

ERABAKI DU:

1. Erroko Tunelaren informazio azterlana Udalez gaindiko Proiektu Sektorial deklaratzea, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legean aurreikusitako ondorioak izan ditzan. Proiektua Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak sustatu du.

2. Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuari adieraztea aukeratutako alternatiba onetsi aurretik erabaki honen azalpen zatiko III. idatz-zatian azaltzen diren alderdiak kontuan hartu beharko dituela.

3. Ondare Historikoaren babesari dagokionez, Ondare Historikoaren Zerbitzuari eskatu zaion txostenak ezartzen duena bete beharko da.

4. Espedientea jendaurrean jartzea eta proiektatu diren trazaduren eraginpeko lurretako udalei entzunaldia ematea, 30 egunez. Bi tramiteak aldi berean eginen dira, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legean aurreikusitakoaren eta Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioaren prozeduraren ondorioetarako.

Hartarako, espedientea ikusgai egonen da interesdunen eskura, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren bulegoetan (Armada Etorbidea, 2, 2. maila, Iruña), eta epe horretan zilegi izanen da idatziz nahi adina alegazio aurkeztea.

5. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta honen berri ematea Herri Lan Zuzendaritza Nagusiari, Kultura Zuzendaritza Nagusiari, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari, Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuari, Iparraldeko Ur Konfederazioari, Erroko eta Esteribarko Udalei eta Zubiriko eta Erroko Kontzejuei, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2010eko maiatzaren 10ean.-Nafarroako Gobernuko kontseilari eta idazkaria, Javier Caballero Martínez.

Iragarkiaren kodea: F1008385