62. ALDIZKARIA - 2010eko maiatzaren 21a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

DEIALDIA, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak apirilaren 29an emandako 82/2010 Ebazpenaren bidez onetsia, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko kazetari izateko lanpostu bat oposizio bidez betetzekoa.

Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak apirilaren 29an emandako 82/2010 Ebazpenaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko kazetari izateko lanpostu bat oposizio bidez betetzeko deialdia onetsi da.

Hautapen prozesua honako hauetan xedatutakoari jarraikiz eginen da: Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina, abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsia, hori garatu eta betearazteko Sarrera Erregelamendua, gainerako aplikazio arauak eta deialdi honen oinarriak.

1.-Deialdiaren xedea.

1.1. Kazetari izateko lanpostu bat oposizio bidez betetzea da deialdi honen xedea. Funtzionarioen araubidekoa da, A mailakoa, Erakundeekiko Harremanetarako eta Gobernuaren Eledunaren Departamentuko Komunikazio Zuzendaritza Nagusia-Nafarroako Gobernuaren Eledunaren Bulegoari atxikia, plantilla organikoan 56 zenbakia du eta Iruñean lan egiteko izanen da.

1.2. Lanpostuak A mailako lansariak izanen ditu, uztailaren 4ko 158/1984 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Lansarien Behin-behineko Erregelamenduan ezarritakoari jarraikiz.

1.3. Halaber, deialdi honen bidez sarrerako hautaketa-prozesuan lanposturik lortzen ez duten izangaiekin aldi baterako kontratatuak izateko izangaien zerrenda hauek osatu nahi dira, 10. oinarrian xedatutakoarekin bat:

a) Hautaketa-prozesua gainditu arren lanposturik lortu ez duten izangaien zerrenda.

b) Oposizioko bigarren ariketa gainditu arren ariketa guztiak gainditzen ez dituzten izangaien zerrenda, Administrazio Erroan aldi baterako kontratatuak izateko.

2.-Betebeharrak.

2.1. Oposizio honetan onartuak izateko, izangaiek, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean eta agiriak aurkezteko epea bukatzen denetik (deialdiaren 7.2 atalean adierazia) lanpostuaren jabetza hartu arte, baldintza hauek bete beharko dituzte:

2.1.1. Izangai guztiek bete beharreko baldintzak.

a) Espainiarra izatea, edo Europar Batasuneko beste estatu batekoa edo, Europar Batasunak sinatu eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunak direla medio, langileen zirkulazio librea aplikatzen den eremuko estatu batekoa.

Orobat, parte har dezakete espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatuetako herritarren ezkontideek, edo aipatu nazioarteko itunen aplikazio eremuan sartutako estatuetako herritarren ezkontideek, zuzenbidez bereizita ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bereizita ez badaude, 21 urtetik beherakoak badira, edo gorakoak, haien kontura biziz gero.

b) Hamasei urte beteta izatea eta erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina gainditua ez izatea.

c) Kazetaritzako lizentzia edo baliokidea edukitzea, edo eskabideak aurkezteko azken egunerako titulu hori eskuratzeko moduan egotea.

Atzerrian lortutako tituluak badira, homologazioaren frogagiria eduki beharko da.

d) Bete behar dituen eginkizunetan aritzeko adinako gaitasun fisikoa eta psikikoa izatea.

e) Eginkizun publikoetan aritzeko ezgaitua edo gabetua ez egotea eta administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizia ez izatea.

Espainiako nazionalitatea ez duten izangaiek frogatu beharko dute ez dutela diziplina zehapenik edo zigor penalik beren estatuko funtzio publikoan sartzea eragozten dienik.

2.2. Izendatua izateko proposatzen den izangaiak deialdiaren 7.2 atalean ezarritako epean eta moduan frogatu beharko ditu betebehar horiek.

3.-Eskabideak.

3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean (Karlos III.aren etorbidea, 2, 31002 Iruña) edo Nafarroako Gobernuaren gainerako erregistro bulegoetako edozeinetan (zerrenda 2008ko 14. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, urtarrilaren 30ean) aurkeztu beharko dira, edo, bestela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan adierazi diren bideetakoren bat erabiliz, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hogeita hamar egun naturaleko epean.

Eskabidea posta bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal irekian eginen da, postako langileek data eta zigilua jar ditzaten, ziurtatu aurretik.

Eskabideak deialdi honen eranskineko ereduari lotu behar zaizkio eta, horietan, izangaiek adierazi beharko dute eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela. Eredu hori Nafarroako Gobernuaren edozein erregistro bulegotan dago eskuragarri. Interneten bidez ere lortzen ahal da, www.navarra.es helbidean, bai argitaratzen den aldizkari ofizialetik abiatuta, bai atal honetatik abiatuta: "Zerbitzuak", "Enplegu Publikoa".

3.2. Eskabideari, behar bezala bete ondoren, agiri hauek erantsiko zaizkio:

A) Izangai guztiek aurkeztu beharreko agiriak:

Bat.-Nortasun agiri nazionalaren fotokopia, edo izangaiaren nortasuna frogatzen duen beste agiri baliokideren batena.

Bi.-Espedientea formalizatzeko eta azterketa eskubideetarako 40 euro ordaindu izanaren ziurtagiria. Azterketa eskubideen tasa ordaintzen ez bada, baztertu eginen da izangaia.

Sistema hauetako bat erabiliz ordaintzen ahalko da tasa hori:

-Behar den bezala betetako ordainketa gutunaren bidez (Nafarroako Foru Komunitateko banku entitateetan ordaintzeko). Interneten, deialdiaren iragarkian, agertzen da ordainketa gutunaren eredua, arestian aipatutako helbidean.

-Banestoko (Banco Español de Crédito) 0030 8124 87 0870002271 kontuan eskudirutan edo bankuko transferentzia bidez ordainduz; horrelakoetan, ordainagirian datu hauek jarri beharko dira nahitaez:

-Izangaiaren izen-deiturak.

-NANa/IFZ.

-Ordainketa zein kontutan egiten den, haren zenbakia.

-Kontzeptua: oposizioak.

-Deialdiaren xedeko lanpostua.

Honako hauek ez dute tasarik ordaindu beharko:

a) %33ko edo hortik gorako desgaitasun aitortua duten pertsonak. B) letran ezarri bezala frogatu beharko da hori.

b) Deialdia argitaratu aurretik hilabetez edo luzaroago lan eskatzaile gisa inskribaturik egon diren pertsonak. Salbuespen hori aplikatzeko baldintza izanen da inskribaturik egon diren bitartean eskaini zaizkien lan egokiei uko egin ez izatea eta lanbide sustapen, prestakuntza edo aldaketarako ekintzetan parte hartzeari uko egin ez izatea, justifikatutako kasuetan izan ezik, eta, horrez gainera, lanbide arteko gutxieneko soldatatik gorakoa den diru-sarrerarik ez izatea hilabetero.

Lan eskatzailea dela frogatzeko, enplegu bulegoak emandako agiria aurkeztu beharko du. Bertan, lan eskatzaile gisa inskribatu zeneko data agertuko da eta, orobat, adieraziko da inskribaturik egon den bitartean ez diola uko egin handik eskainitako lan egokiei, ezta lanbide sustapen, prestakuntza edo aldaketarako ekintzetan parte hartzeari ere, justifikatutako kasuetan izan ezik.

Interesdunaren aitorpenaren bidez frogatuko da ez duela hilabetero lanbide arteko gutxieneko soldatatik gorako diru-sarrerarik. Aitorpen eredua Nafarroako Gobernuko Informazio Bulegoan eskuratzen ahalko da, edo bestela Interneten bidez, arestian emandako helbidean.

B) Desgaitasuna duten izangaiak:

Tasak ordaindu beharrik ez izateko eta denborak eta baliabideak egokitzea eskatzeko, %33ko edo hortik gorako desgaitasuna duten izangaiek hori frogatu beharko dute hauetako agiriren baten kopiaren bidez:

-IMSERSOk edo autonomia erkidegoan eskumena duen organoak luzatutako ziurtagiria.

-Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren ebazpena, prestazio bat jasotzeko eskubidea onartzen diona hauetakoren bat izateagatik: ezintasun iraunkor osoa, erabateko ezintasun iraunkorra edo baliaezintasun handia.

Desgaitasuna duten izangaiek ariketak egiteko denboren eta baliabideen egokitzapenak eskatzeko, hala adierazi beharko dute eskabidean, eta aparteko orri batean azaldu beharko dute nolako desgaitasuna duten eta zein egokitzapen eskatzen duten. Egokitzapenak eskatzeko bada eredu bat interesdunen eskura www.navarra.es web orrian, "Zerbitzuak", "Enplegu Publikoa" atalean, deialdiaren aipuan.

3.4. Eskabideak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

3.5. Eskabidean atzematen diren akats materialak edo egitezkoak ofizioz edo interesdunak eskaturik zuzentzen ahalko dira, noiznahi ere.

4.-Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatuta, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Sarrerarako Hautapenaren Zerbitzuko zuzendariak, erakunde autonomoko zuzendari kudeatzaileak emandako eskuordetzaz (103/2008 Ebazpena, ekainaren 26koa), ebazpena emanen du izangai onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila aginduko du.

4.2. Behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko.

4.3. Erreklamazioak aurkezteko epea bukaturik eta haien gainean ebatzi ondoren, Administrazio Publikoaren Institutuko Sarrerarako Hautapenaren Zerbitzuko zuzendariak, erakunde autonomoaren zuzendari kudeatzaileak emandako eskuordetzaz (103/2008 Ebazpena, ekainaren 26koa), ebazpena emanen du izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila aginduko du.

4.4. Izangaiei ez zaizkie azterketa egiteko eskubideak itzuliko, baldin eta beraiei egotzitako arrazoiengatik baztertzen badira.

5.-Epaimahaia.

5.1. Epaimahaia honako kide hauek osatuko dute:

-Mahaiburua: Joaquín Ortigosa Ocón jauna, Erakundeekiko Harremanetarako eta Gobernuaren Eledunaren Departamentuko Komunikazioko zuzendari nagusia.

-Ordezkoa: Lola Eguren Apesteguía andrea, Erakundeekiko Harremanetarako eta Gobernuaren Eledunaren Departamentuko Erakundeekiko Harremanetarako zuzendari nagusia.

-Mahaikidea: María Isabel Muñoz García andrea, Erakundeekiko Harremanetarako eta Gobernuaren Eledunaren Departamentuko Prentsa Bulegoaren Ataleko burua.

-Ordezkoa: María Antonia Úriz Ayestarán andrea, Erakundeekiko Harremanetarako eta Gobernuaren Eledunaren Departamentuko Sustapen Ataleko burua.

-Mahaikidea: Carlos Gil Martínez jauna, Nafarroako Parlamentuko Prentsa, Argitalpenak eta Protokolo Zerbitzuko burua.

-Ordezkoa: Fermín Erbiti Zabalza jauna, Nafarroako Comptos Ganberako kazetari-itzultzailea.

-Mahaikidea: langileen ordezkari bat, Administrazio Erroko Langileen Batzordeak proposatua.

-Ordezkoa: langileen ordezkari bat, Administrazio Erroko Langileen Batzordeak proposatua.

-Mahaikide idazkaria: Juan José Balerdi Usabiaga jauna, Erakundeekiko Harremanetarako eta Gobernuaren Eledunaren Departamentuko Komunikabide Zerbitzuko zuzendaria.

-Ordezkoa: Manuel Bear Sanz jauna, Erakundeekiko Harremanetarako eta Gobernuaren Eledunaren Departamentuko Interneteko Atariaren eta Ikus-entzunezko Baliabideen Ataleko burua.

Epaimahaia hautaprobak hasi baino lehen eratuko da.

5.2. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta aritu ere, kideen gehiengo osoa bertan izan gabe.

Kide anitzeko organoaren eraketak eta jardunak balio izateko, mahaiburuak eta mahaikide idazkariak edo haien ordezkoek egon beharko dute bertan.

5.3. Epaimahaiko kideek ez dute parte hartuko, baldin eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean parte ez hartzeko aipatzen diren egoeretako batean badaude, eta organo dei egileari hala jakinaraziko diote.

Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errefusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

5.4. Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdiaren oinarriak ulertu eta aplikatzeko moduaren gainean sortzen diren arazo guztiak.

5.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake, proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

6.-Oposizioa nola eginen den.

6.1. Oposizioa 2010eko abenduan hasiko da. Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean berean finkatuko dira probak hasteko tokia, eguna eta ordua.

Ondoren, epaimahaiak gainerako probak egiteko iragarkiak jakinaraziko ditu, arauz egin behar den moduan.

6.2. Oposizioak ariketa hauek izanen ditu:

Lehenengo ariketa: ariketa teorikoa, deialdiaren gai zerrendako lehen zatiko gaiei buruzko 80-100 galdera idatziz erantzun beharko dira. Galdera bakoitzak erantzun batzuk izanen ditu aukeran, baina bat bakarra izanen da egokia. Erantzun okerrengatik puntuak kenduko dira. Ariketa hori egiteko izangaiek zenbat denbora duten adieraziko du epaimahaiak haren hasieran.

Bigarren ariketa: ariketa praktikoa; epaimahaiak gai zerrendako bigarren eta hirugarren zatietako gaiei buruz proposatutako kasuak erantzun beharko dituzte izangaiek. Ariketa ordenagailuaren bidez eginen da.

Hirugarren ariketa: ariketa teorikoa. Bi gai garatu beharko dira idatziz; bata gai zerrendaren bigarren zatikoa izanen da eta bestea hirugarrenekoa. Horretarako, epaimahaiak zati bakoitzetik bi gai aterako ditu zozketaz, eta izangaiak bakarra hautatuko du. Ariketa ordenagailuaren bidez eginen da.

Laugarren ariketa: ingeleseko probak, borondatezkoak eta ez baztergarriak. Aurreko hiru ariketak gainditu dituzten izangaiek egiten ahalko dituzte.

Idatzizko proba bat eta ahozko bat eginen dira, izangaien jakite maila zehazteko.

Proba horiek Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak prestatuko ditu eta haren emaitza loteslea izanen da epaimahaiarentzat.

6.3. Oposizioko ariketen balorazioan 100 puntu eman daitezke gehienez, honela banatuak:

-Lehenengo ariketa: gehienez ere 10 puntu.

-Bigarren ariketa: gehienez ere 50 puntu.

-Hirugarren ariketa: gehienez ere 30 puntu.

-Laugarren ariketa: gehienez ere 10 puntu.

6.4. Lehenbiziko, bigarren eta hirugarren ariketak baztertzaileak izanen dira. Bazterturik geldituko dira ariketa bakoitzean kalifikaziorik altuena lortzen duen izangaiaren puntuazioaren erdira gutxienez iristen ez diren izangaiak. Hori hala izanik ere, ariketa gainditutzat jotzeko, deialdiaren oinarrietan ariketarako ezarritako gehieneko puntuazioaren herena atera beharko da gutxienez.

6.5. Bigarren eta hirugarren ariketak plika sistemaren bidez eginen dira.

6.6. Ariketa bakoitza kalifikatu ondoren, epaimahaiak jendaurrean jarriko du, Nafarroako Gobernuaren iragarki oholean eta ariketa egin den tokian, gainditu duten izangaien zerrenda, lortutako kalifikazioekin eta, halaber, oposizioaren hurrengo ariketa egiteko tokia, eguna eta ordua, gutxienez 48 ordu lehenago. Zerrenda Interneten bidez ere kontsultatzen ahalko da, www.navarra.es helbidean, Zerbitzuen Katalogoan, Enplegu Publikoaren atalean, deialdiari buruz dagoen aiputik abiatuta.

6.7. Ariketa bakoitzerako deialdi bakarra eginen da. Izangaiek aldean izan beharko dute nortasun agiri nazionala, pasaportea, gidabaimena edo epaimahaiaren iritziz identifikaziorako balio duen beste agiriren bat. Azterketara agertzen ez direnak edo arestian aipatutako agirietako baten bidez nor diren frogatzen ez dutenak oposiziotik baztertuko dira.

6.8. Hautaprobak egiteko, onartutako desgaitasunen bat dutenentzat beharrezkoak diren denbora eta baliabide egokitzapenak ezarriko dira, eskabidean azaldutakoaren arabera.

7.-Probak gainditzen dituztenen zerrenda, izendapen proposamena eta agirien aurkezpena.

7.1. Azken ariketaren kalifikazioa bukatuta, epaimahaiak jendaurrean jarriko du probak gainditu dituztenen zerrenda, oposizioan lortutako kalifikazioekin, Nafarroako Gobernuaren iragarki oholean eta ariketak egiten diren tokietan. Gero, zerrenda hori Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileari igorriko dio, hautaprobak puntuazio altuenarekin gainditu dituen izangaia izendatzeko proposamenarekin eta espediente osoarekin batera. Proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da. Zerrenda Interneten bidez ere kontsultatzen ahalko da, www.navarra.es helbidean, Zerbitzuen Katalogoan, Enplegu Publikoaren atalean, deialdiari buruz dagoen aiputik abiatuta.

Berdinketarik gertatuz gero, bigarren ariketan puntu gehien lortzen dutenen alde ebatziko da. Eta hala ere berdinduta segitzen badute, hirugarren ariketan eta lehenbiziko ariketan lortutako puntuazioak hartuko dira kontuan, ordena horrexetan.

7.2. Izendapen proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoko 30 egun naturaleko epean, proposatutako izangaiak inprimaki berariazko batzuk jaso eta honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Sarrerarako Hautapenaren Zerbitzuan:

7.2.1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langile finko ez diren izangaiek:

a) Nortasun agiri nazionalaren bi fotokopia konpultsatu, edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna frogatzen dituen agiri baliokideren batenak.

b) Deialdiaren 2.1.1.c) oinarrian eskatzen den tituluaren fotokopia konpultsatua, edo hura lortzeko eskubideak pagatu direla frogatzen duen gordekinarena, edo, hala bada, eskaerak aurkezteko epean titulua eskuratzeko moduan dagoela frogatzen duen ziurtagiria.

c) Laneko Arriskuei Aurrea Hartzeko Atalak emandako txostena, interesdunak karguan aritzea eragozten dion eritasun edo akats fisiko edo psikikorik ez duela frogatzeko.

Proposatutako izangaiak desgaitasunen bat alegatu badu, gainera, desgaitasuna deialdiko lanpostuarekin bateragarria dela dioen frogagiria aurkeztu beharko du, balorazio eta orientazio talde eskudunek emana.

d) Eginkizun publikoetarako ezgaitua edo gabetua ez izatearen eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik bereizia ez izanaren zinpeko aitorpena.

Izangaiak nazionalitate espainiarra ez badu, agiri bat aurkeztu beharko du, bere Estatuko Funtzio Publikoan sartzea eragozten dion diziplina zehapenik edo zigor penalik ez duela adierazteko.

e) Zin egin edo hitz ematea Nafarroako Foru Araubidea errespetatuko duela, Konstituzioari eta legeei men eginen diela eta karguari dagozkion eginkizunak zuzen beteko dituela.

Deialdi hau egin ez duen Nafarroako beste administrazio publikoren bateko langile finkoak edo Nafarroako Foru Komunitateari transferitutako Justizia Administrazioko zerbitzuei atxikitako langile finkoak, gainera, beste ziurtagiri bat aurkeztu beharko du, aurreko administrazioko espediente pertsonalean ageri diren inguruabar eta aurrekari guztiak frogatzeko, hots, sarrerari, antzinatasunari, mailari, egoera administratiboari eta abarri buruzko guztiak.

7.2.2. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren edo haren erakunde autonomoen zerbitzuko langile finkoak diren izangaiek:

a) Deialdiaren 2.1.1.c) oinarrian eskatzen den tituluaren fotokopia konpultsatua, edo hura lortzeko eskubideak pagatu direla frogatzen duen gordekinarena, edo, hala bada, eskaerak aurkezteko epean titulua eskuratzeko moduan dagoela frogatzen duen ziurtagiria.

Izangaiak desgaitasuna alegatu badu, gainera, desgaitasuna deialdiko lanpostuarekin bateragarria dela dioen frogagiria aurkeztu beharko du, balorazio eta orientazio talde eskudunek emana.

7.3. Inork agiri horiek goian adierazitako epean ekartzen ez baditu, behar bezala arrazoitutako ezinbesteko kasuetan izan ezik, ezin izanen dute izendatu eta haren jarduketa guztiak deuseztatu eginen dira, eskabidean gezurra esateagatik izan lezakeen erantzukizuna eskatzea baztertu gabe.

7.4. Aurreko atalean ezarritakoa gertatuz gero, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak probak gainditu dituztenen zerrendan, 7.1 atalean aipatutakoan, hurrengoa den izangaiarekin beteko du hutsunea, eta horrekin ere aurreko ataletan adierazitako moduan jokatuko da.

7.5. Nahitaezko betebeharren frogagiriez gain, Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiak, bere eskudantziak erabiltzeko, beste edozein agiri eskatzen badio izangaiari, horrek deialdi honen 7.2 oinarrian ezarritako moduan aurkeztu beharko du.

8.-Izendapena, lanpostuen esleipena eta jabetza hartzea.

8.1. Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak, ebazpen baten bitartez, aurreko oinarrietan ezarritakoa betetzen duen izangaia Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko funtzionario izendatuko du, kazetari lanpostua betetzeko. Ebazpen horren bidez lanpostu hutsaren esleipena ere eginen da.

8.2. Izendapenak eta lanpostuaren jabetza hartzeak nomina eta plantillako funtzionario bilakatuko dute izendatua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren funtzionarioen arloan indarra duten xedapenek ezartzen dituzten eskubide eta betebehar guztiak dituela. Gizarte Segurantzako araubide orokorrean inskribatu eta kidetuko da, araubide horretan aurreikusitakoaren babesean.

Aurrekoa gorabehera, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutua onetsi zuen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bederatzigarren xedapen gehigarriaren 3. puntuan xedatutakoa aplikatzearen ondorioz, Nafarroako Administrazio Publikoen edozein montepiotako eskubide pasiboen araubidekoak direnek bi aukera izanen dituzte: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren montepioan segitzea, martxoaren 5eko 10/2003 Foru Legearen bidez arauturiko eskubide pasiboen araubideak babesturik, edo Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean sartzea.

8.3. Lanaldia zerbitzuaren beharretara egokituko da eta noiznahi aldatzen ahalko dute administrazio organo eskudunek, aplikatzekoa den araudian ezarritakoarekin bat.

8.4. Funtzionarioek bizilekua destinoko herrian ez izateak ez du alde batera uzten lantokira puntual iritsi beharra eta lanaldia eta lanpostuko eginkizunak zuzen bete beharra, eta, gainera, ez da inolako konpentsaziorik jasoko lantokirako joan-etorriengatik.

Behar bezala justifikatutako kasu batzuetan, administrazio publikoek zilegi izanen dute funtzionarioei destinoko herrian bizi daitezela eskatzea, lanpostuko eginkizunengatik eta eskatzen den dedikazioagatik bidezkoa denean.

8.5. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da eta izangai izendatuak hilabeteko epean jabetu beharko du bere lanpostuaz, izendapenaren jakinarazpenetik kontatzen hasita.

Aipatutako epean eta ezinbesteko kasuetan izan ezik, izangairen bat lanpostuaren jabe egiten ez bada, Foru Komunitateko Administrazioaren funtzionario izateko eskubide guztiak galduko ditu. Hala gertatzen bada, deialdiaren 7.4 atalean ezarritakoari jarraikiko zaio.

8.6. Izangai bat funtzionario bihurtu eta lanpostuan batere aritu gabe, zuzenean eta berak eskatuta, borondatezko eszedentzia ematen bazaio jabetza hartzearen egunetik beretik, data horretan beste administrazio publiko batean ari delako, kasuko lanpostu hutsa ere deialdiaren 7.4 atalak agintzen duen moduan beteko da.

9.-Aldi baterako kontratuetarako izangaien zerrenda.

9.1. Kontuan harturik Nafarroako Administrazio Publikoan sartzeko Erregelamenduaren 42. artikulua, Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariaren azaroaren 14ko 146/2005 Foru Agindua (Lanpostuak aldi baterako betetzeko kudeaketa arauak onetsi zituena) eta oinarri honexetan ezarritako prozedura, eta horiei jarraikiz, aldi baterako kontratazioetarako izangaien zerrenda hauek prestatuko dira:

a) Sarrerako hautaketa-prozesuko ariketa guztiak gainditu arren lanposturik lortu ez duten izangaien zerrenda, bat bera Foru Komunitateko Administrazioko departamentu eta erakunde autonomo guztientzat.

b) Hautaketa-prozesuko bigarren ariketa gainditu arren ariketa guztiak gainditu ez dituzten izangaien zerrenda, Administrazio Erroan aldi baterako kontratatuak izateko.

9.2. Probak gainditu arren lanposturik lortu ez duten izangaien zerrenda eta Administrazio Erroan aldi baterako kontratatzeko izangaien zerrenda.

Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Sarrerarako Hautapenaren Zerbitzuak espedientea igorri ondoren, Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiaren ebazpen bidez onetsiko dira probak gainditu arren lanposturik lortzen ez duten izangaien zerrenda eta bigarren ariketa gainditzen dutenena, une horretan indarrean diren kudeaketa arauekin bat, eta argitaratu eginen dira Nafarroako Gobernuko iragarki oholean (Karlos III.aren etorbidea, 2, atalondoa, Iruña) eta Nafarroako Gobernuaren web orrian: www.navarra.es.

Hauxe izanen da aldi baterako kontratazio zerrendetako izangaien ordena: oposizioa gainditu arren lanposturik lortu ez dutenen kasuan, sarrerako hautaketa-prozesuan lortutako puntuaziorik handienaren arabera; gainerako izangaien kasuan, gainditutako ariketetan lortutako puntuazioen batura. Berdinketa dagoenean, nor nagusitzen den erabakitzeko, deialdi honetan kasu horietarako ezarritako irizpideak hartuko dira kontuan.

Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendan agertzeak ez du esan nahi interesdunei onartzen zaienik 2. oinarrian ezarritako betebeharrak betetzen dituztela; izan ere, horiek oinarri honetan adierazten den bezala frogatu beharko dituzte.

Izangaiei deitu eta, kasua bada, haiek kontratatzerakoan, Administrazio Erroan, honako hauetan xedatutakoari jarraikiz jokatuko da: Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 88.b) artikulua eta hurrengoak; lanpostuak aldi baterako betetzeko arauak ematen dituen Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariaren azaroaren 14ko 146/2005 Foru Agindua (144. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, abenduaren 2an); eta aplikatzekoak diren gainerako arauak.

Deia egiterakoan, kontuan hartuko da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bateginaren zazpigarren xedapen gehigarriaren 4. atalean ezarritakoa.

Kontratatzeko deitzen diren izangaiek bakarrik aurkeztu beharko dute 2.1 oinarrian tituluari buruz eskatzen zaiena betetzen dutela frogatzeko dokumentazioa, hain zuzen ere kontratua formalizatzen den unean, jatorrizko agiriak edo behar bezala konpultsatutako kopiak aurkeztuz.

Eskatzen diren agiriak aipatu epean aurkezten ez dituzten izangaiek, aski justifikatutako ezinbesteko kasuetan izan ezik, eta eskatutako baldintzak betetzen ez dituztenek deialdian parte hartzetik eratorritako eskubide guztiak galduko dituzte; betiere, parte hartzeko eskabidea faltsutzeagatik legokiekeen erantzukizuna galarazi gabe.

9.3. Sarrera prozesuko eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dira beharkizunak eta, orobat, hautaprobak egin bitartean eta kontratazioaldiak iraun bitartean.

9.4. Dokumentazioa aurkezteko epea bukaturik, Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez, aldi baterako kontratuetarako izangaien zerrendak onetsiko dira eta Nafarroako Gobernuaren iragarki oholean argitaratuko (Karlos III.aren etorbidea, 2, atalondoa, Iruña).

9.5. Hauxe izanen da aldi baterako kontratazio zerrendetako izangaien ordena: oposizioa gainditu arren lanposturik lortu ez dutenen kasuan, sarrerako hautaketa-prozesuan lortutako puntuaziorik handienaren arabera; gainerako izangaien kasuan, gainditutako ariketetan lortutako puntuazioen batura. Berdinketa dagoenean, nor nagusitzen den erabakitzeko, deialdi honetan kasu horietarako ezarritako irizpideak hartuko dira kontuan.

10.-Errekurtsoak.

Epaimahaiaren egintzen eta ebazpenen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileari zuzendua, errekurtsoaren xedeko egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

Deialdiaren, oinarrien eta horiek aplikatzeko egintzen kontra, epaimahaiak hartutakoen kontra izan ezik, zilegi izanen da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariari zuzendua, errekurtsoaren xedeko egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

Hori guztia Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 57. artikuluan eta urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatutako Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. eta 115. artikuluetan xedatutakoari jarraikiz.

Iruñean, 2010eko apirilaren 29an.-Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailea, Gregorio Eguilaz Gogorza.

I. ERANSKINA

Hautaprobetan onartua izateko eskabidea

Deialdiaren datuak

Lanpostua:

Deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizial honetan argitaratu zen: zenbakia: ....................., eguna: .................

Sartzeko txandak

Txanda irekia q

Igoera txanda* q

Desgaitasunen bat dutenentzako txanda* q

Datu pertsonalak

Izen-deiturak:

NANa edo agiri baliokidea:

Jaioteguna:

Jaioterria: ( )

Nazionalitatea:

Helbidea:

Herria:

Probintzia:

Posta kodea:

Sakelako telefonoa:

2. telefonoa:

Helbide elektronikoa:

Aurkeztutako agiriak

Desgaitasunaren frogagiria q

Denboren eta/edo baliabideen egokitzapenak eskatzen ditu, beste orri batean q

Euskararen gaitasun agiria edo baliokidea* q

Ondoko hauen proba eskatzen du:

Euskara* q

Ingelesa* q

Frantsesa* q

Sinatzaileak ESKAERA egiten du eskabide honetan adierazitako prozesuan onartua izan dadin eta ADIERAZTEN DU, erantzukizuna berea izanik, bertan agertzen diren datu guztiak egiazkoak direla, eta deialdiaren oinarrian eskatutako betebehar guztiak betetzen dituela, eta datu horiek guztiak agirien bidez frogatzeko konpromisoa hartzen duela.

(Sinadura)

.................(e)n, 2010eko .............aren ..............(e)an.

NAFARROAKO ADMINISTRAZIO PUBLIKOAREN INSTITUTUKO ZUZENDARI KUDEATZAILEA.

LEHENDAKARITZA, JUSTIZIA ETA BARNE DEPARTAMENTUA.

(*) Deialdiaren oinarrietan xedatutakoari jarraikiz.

II. ERANSKINA

Lehen zatia.

1. gaia.-Espainiako 1978ko Konstituzioa: printzipio orokorrak. Oinarrizko eskubide eta betebeharrak. Botere Judiziala. Gorte Nagusiak: osaera eta eginkizunak. Gobernua eta Estatuko Administrazioa. Konstituzio Auzitegia: osaera, izaera eta eskumenak.

2. gaia.-Europar Batasuna. Parlamentua. Kontseilu Europarra. Europako Batzordea. Kontseilua (ministroena). Justizia Auzitegia. Beste erakunde batzuk.

3. gaia.-Europar Batasuneko antolamendu juridikoaren iturriak: jatorrizko zuzenbidea eta zuzenbide eratorria.

4. gaia.-Espainiako 1978ko Konstituzioaren lehen xedapen gehigarria. Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoa: izaera eta esanahia. Atariko titulua. Nafarroaren eskumenak.

5. gaia.-Nafarroako Parlamentua edo Gorteak. Nafarroako Comptos Ganbera. Arartekoa.

6. gaia.-Nafarroako Gobernua. Eginkizunak. Osaera, izendapena, eratzea eta kargu-uztea. Eskudantziak eta eskumenak. Funtzionamendua. Laguntzako eta sostenguko organoak. Nafarroako Parlamentuaren erantzukizun politikoa, parlamentuaren kontrola eta desegitea. Nafarroako Gobernuko lehendakaria.

7. gaia.-Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legean ezarritako printzipio orokorrak. Herritarren eskubideak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekiko harremanetan. Antolaketa: printzipio nagusiak eta egitura organikoa, kide anitzeko organoak eta administrazio organoen eskumenak.

8. gaia.-Administrazio publikoen araubide juridikoaren printzipio orokorrak. Administrazio publikoen organoak. Administrazio prozeduraren interesdunak.

9. gaia.-Administrazioaren xedapenak eta egintzak. Egintza administratiboen betebeharrak. Egintzen eraginkortasuna. Deuseztasuna eta deusezgarritasuna.

10. gaia.-Prozedura administratiboen xedapen orokorrak: prozeduraren abiaraztea, antolamendua, instrukzioa eta amaiera. Bide administratiboko egintzen berrikuspena: ofiziozko berrikuspena eta administrazio errekurtsoak.

11. gaia.-Kontratu Publikoei buruzko Foru Legea: aplikaziorako arau orokorrak eta eremua. Kontratistak. Administrazio publikoen kontratu guztietarako xedapenak. Esleipenaren aurreko jarduketak.

12. gaia.-Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutua. Langile motak. Funtzionario publikoak hautatzea. Administrazio egoerak. Funtzionarioen eskubideak, betebeharrak eta bateraezintasunak. Ordainsariak.

13. gaia.-11/2007 Foru Legea, apirilaren 4koa, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan Administrazio Elektronikoa ezartzeari buruzkoa.

14. gaia.-21/2005 Foru Legea, abenduaren 29koa, Politika Publikoak eta Zerbitzu Publikoen Kalitatea Ebaluatzeari buruzkoa.

15. gaia.-15/1999 Lege Organikoa, abenduaren 13koa, Datu Pertsonalak Babesteari buruzkoa.

Bigarren zatia.-Nafarroa: gai orokorrak

16. gaia.-Nafarroa XVI. mendera arte. Historiaurrea. Erromanizazioa. Erresumaren sorrera eta historia. Pertsonaiak.

17. gaia.-Nafarroa Aro Modernoan. Gaztelako Koroan sartzea: historia, izaera juridikoa eta ondorioak. Kultura eta gizartea.

18. gaia.-XIX. mendeko gertakari politikoak. Lege Itundua: inguruabarrak eta garrantzia. Karlistaldiak. Pertsonaiak.

19. gaia.-Nafarroa XX. mendean. Mendearen lehen herenaldiko jarduera politikoa eta gizartearen egoera. II. Errepublika. Estatutuaren inguruko plateamenduak. Gerra zibila (1936-1939). Nafarroa frankismoan. Industrializazioa eta aldaketa soziala.

20. gaia.-Trantsizio politikoa Nafarroan. Garaiko gertakari politikoak eta sozialak. Alderdi eta koalizio politikoen bilakaera. Hauteskundeen emaitzak.

21. gaia.-XX. mendearen amaiera. Nafarroako gertakizun publikoak 1983tik 1999ra bitarte. Hauteskundeen emaitzak.

22. gaia.-Etapa berriena (XXI. mendea). Nafarroako gertakizun publikoak 2000tik 2010era bitarte. Hauteskundeen emaitzak.

23. gaia.-Foru araubidea. Foruaren kontzeptuaren adiera historikoak. Ituna, Nafarroako Foruen oinarri. Historian izan diren foru-itunen azterketa.

24. gaia.-Nafarroako erakundeak 1979ra arte. Erresuma independenteko erakundeak. Erresumaren konstituzio araubidea. Nafarroako Gorteak; erregeordea eta Errege Kontseilua; Erresumako Diputazioa. Foru Diputazioa. Foru Kontseilu Administratiboa.

25. gaia.-1979ko urtarrilaren 26ko Errege Dekretua. Lanketa prozesua. Foru Parlamentua: osaera, hautaketa, eskudantziak eta jarduketa nagusiak. Foru Diputazioa: osaera, hauteskundeak eta eskudantziak.

26. gaia.-Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoa aldatzeko prozesuak (2001 eta 2010eko martxoko erabakia). Garrantzia. Parlamentuan ordezkaritza duten alderdien arteko adostasun maila.

27. gaia.-Estatuarekiko hitzarmen ekonomikoak. Jatorria. Izaera. Beste autonomia erkidegoetako sistemekiko dituzten diferentziak eta antzekotasunak.

28. gaia.-Gaur egungo Hitzarmen Ekonomikoa. Negoziazio prozesua. Edukia. Hitzarmen Ekonomikoa berritzeko aurreikuspenak. Parlamentuan ordezkaritza duten alderdien jarrerak.

29. gaia.-Foru legegintza jarduera. Nafarroako Parlamentuak 1983tik onetsitako lege nagusiak. Beste erabaki nabarmen batzuk.

30. gaia.-Foru Komunitatearen legezko xedapenak. Foru legeak: haiek onetsi eta aldarrikatzeko ekimena eta tramitea. Foru dekretuak. Foru aginduak.

31. gaia.-Aurrekontu-araudia. Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko Foru Legearen lanketa eta onesteko prozedura. Aurrekontu-gauzatzea. Kontu-hartze Atala. Kontu Orokorrak.

32. gaia.-Nafarroako Aurrekontu Orokorrak 2010erako. Sarrerak eta gastuak. Sailkapen ekonomikoa, organikoa eta funtzionala. 2008ko ekitaldiko Kontu Orokorrak.

33. gaia.-Nafarroako Gobernua 2007-2011 legegintzaldian. UPN-CDN legegintzaldiko ituna eta horren haustura. Aurrekontuko itunak PSNrekin. Lehendakariaren 12/2007 Foru Dekretua, Botere Exekutiboaren egiturari buruzkoa, eta departamentuen egiturari buruzko foru dekretuak. Proiektu nagusiak eremuka. Gauzatzearen zenbaterainokoa.

34. gaia.-Justizia Nafarroan. Antolaketa administratiboa. Epaitegiak eta auzitegiak. Nafarroako Justiziako Aholku Kontseilua.

35. gaia.-Nafarroako Toki Administrazioa (I). Udalak eta kontzejuak. Hautapena. Funtzionamendua. Eskudantziak. Finantzazioa. Legezko arauak. Mankomunitateak. Beste toki entitate batzuk. Nafarroako Administrazio Auzitegia eta bertan jarritako errekurtsoak.

36. gaia.-Nafarroako Toki Administrazioa (II). Foru Komunitateko tokiko mapa: ezaugarriak eta erronkak. Autonomia eta tokiko finantzazioa. Toki Azpiegituren Plana (2009-2012). Edukia eta nobedadeak. Krisiaren kontrako neurriak 2010erako toki administrazioetan. Hondakinen kudeaketa, ibaien saneamendua eta ur arazketa Nafarroan. Herritar txartela eta 012 telefono-zerbitzua.

37. gaia.-Nafarroako sinboloak eta zeremoniak. Nafarroako sinboloak: araudi orokorra. Agintarien lehentasun-ordena. Erakundeen festak: Nafarroaren Eguna. Nafarroako sari nagusiak.

38. gaia.-Euskarari buruzko Foru Legea eta hura garatzeko erregelamenduak. Euskara sustatzeko ekimen publikoak. Euskara eta komunikabideak: egungo egoera eta etorkizuna.

39. gaia.-Nafarroako geografia. Lurraldearen banaketa geografikoa. Klima. Fauna eta flora. Lurzoruaren erabilera. Populazioa.

40. gaia.-Nafarroako baliabide naturalak: deskribapena. Ekosistema esanguratsuak. Ingurumena babesteko lege-araudiak. Flora eta faunaren espezie autoktono nagusiak. Mehatxuak.

41. gaia.-Lurraldearen antolamendua eta etxebizitza. Aplikatu beharreko legedia. Nafarroako Lurralde Estrategia. Iruñeko eta Iruñerriko hirigintzaren bilakaera; eta beste herrigune garrantzitsu batzuetakoak. Babestutako etxebizitzak eta alokairuaren sustapena.

42. gaia.-Nafarroako egitura ekonomikoa. Ezaugarriak. Indize ekonomikoak. Inportazioa eta esportazioa. Lan-merkatua. Biztanleria aktiboa, langileak eta langabetuak. Lan harremanak eta enpleguaren aldeko itunak.

43. gaia.-Krisi ekonomikoa Nafarroan. Krisiaren aurkako neurriak eta Nafarroa 2012 Plana. Moderna plana. Nafarroa nazioartean txertatzeko plana.

44. gaia.-Lehen sektorea. Bilakaera eta ekoizpen faktoreak. Nekazaritzako azpisektorea. Abeltzaintzako azpisektorea. Basoko azpisektorea. Nekazaritzako elikagaien industria. Etorkizuna.

45. gaia.-Industria sektorea. Nafarroako industriaren egituraren bilakaera. Ezaugarriak. Azpisektore nabarmenenak. Berrikuntza. Azpiegiturak. Etorkizuna.

46. gaia.-Zerbitzu sektorea. Bere jardunaren bilakaera eta ezaugarriak. Azpisektoreak. Etorkizuna.

47. gaia.-Turismoa. Baliabide turistiko nagusiak. Instalazioak. Nafarroako Gobernuak arlo horretan martxan jarritako politika aktiboak.

48. gaia.-Nafarroako garraiobideak. Bide, trenbide eta aireko azpiegiturak. Foru Komunitateko errepide sarea eta errepide planak. Abiadura handiko trenaren Nafarroako korridorea. Beste herri lan handi batzuk, berriak edo proiektuan daudenak.

49. gaia.-Telekomunikazioak Nafarroan. Telebistaren irudiaren digitalizazioa. Interneteko estaldura sustatzeko planak. Informazioaren gizartea sustatzea.

50. gaia.-Nafarroako osasun sistema. Bilakaera, egungo egoera eta etorkizuna. Osasun sistema pribatua eta sistema publikoarekin duen ituna. Lan osasuna. Osasun publikoa.

51. gaia.-Nafarroako hezkuntza sistema. Ekimen pribatua eta publikoa. Derrigorrezko, unibertsitate aurreko eta lanbide heziketako ikasketak. Unibertsitatez kanpoko beste ikasketa batzuk. 0-3 urteko zikloa.

52. gaia.-Nafarroako unibertsitateak. Orainaldia, lehenaldia eta geroaldia. Foru Komunitatean finkatutako unibertsitateen ikerketak eta garapena. Graduatu ondokoen eta I+G-ko beste zentro batzuk.

53. gaia.-Nafarroako kultur ondarea. Ondare historikoa eta artistikoa. Ezaugarriak. Kontserbazioa eta erabilera. Kultura azpiegiturak, artxiboak eta museo garrantzitsuak.

54. gaia.-Kultura eta arte garaikidea Nafarroan. Literaturaren, musikaren, arte eszenikoen, zinearen eta arte plastikoen arloetako pertsona garrantzitsuenak. Beste diziplina hasiberri batzuk. Arte garaikiderako azpiegiturak.

55. gaia.-Herritarren segurtasuna. Nafarroaren eskumenak. Babes zibila, salbamendu lanak eta suteak itzaltzea. Larrialdien kudeaketa. Bide segurtasuna eta trafikoa. Foruzaingoa.

56. gaia.-15/2006 Foru Legea eta Nafarroako gizarte zerbitzuen zorroa. Mendekotasunerako arreta. Gizarte-egoera ahuleko taldeei laguntzeko politika publikoak eta gizarteratzea. Ekimen pribatua eta haren ituna sare publikoarekin. Adingabeenganako babesa.

57. gaia.-Immigrazioa Nafarroan. Zifra nagusiak eta migrazio mugimenduak. Nafarroako Gobernuaren Immigraziorako Bulegoa. Plan eta jarduketa nagusiak. Immigrazioaren Behatoki Iraunkorra Nafarroan. Garapenerako nazioarteko lankidetza.

58. gaia.-Genero berdintasuna. Berdintasun politikak Europar Batasunean, estatuan eta Nafarroan. Genero berdintasunaren arloko araudia. Aukera Berdintasunerako I. Plana 2006-2010. Sentsibilizaziorako jarduerak. Bateratzeko toki itunak. Hizkuntza ez sexista. Genero indarkeria.

59. gaia.-Kirola Nafarroan. Elitekoa, kirol federazioak eta eskolako kirola. Nafarroako Kirolaren Institutua. Gazteria Nafarroan. Nafarroako Gazte Kontseilua. Nafarroako Gazteriaren Institutua.

60. gaia.-"2010 zeruertza" Nafarroako Energia Plana. Energia berriztagarrien sektorea: lehenaldia, orainaldia eta geroaldia. Energiaren aurrezkiaren eta eraginkortasunaren arloko jarduketetarako laguntza publikoak.

Hirugarren zatia.-Komunikazioari buruzko gai orokor nazional eta nazioartekoak eta berariazkoak

61. gaia.-Nazioko Gobernua. 2008-2012 legegintzaldia: ministerioen antolaketa eta eskumenen banaketa. Espainiako gobernuak 1977tik: historia, gako politikoak eta erakundeen lorpen nagusiak.

62. gaia.-Espainiaren lurralde antolaketa. Autonomia erkidegoen ekimena. Autonomia erkidegoak sortu, aldatu eta desegiteko modua. Autonomia estatutuak. Izaera. Egiteko prozedurak. Edukia eta eskumenen banaketa. Aldatzeko prozesu nagusiak.

63. gaia.-Espainiako hauteskunde-sistema. Hauteskunde-ahalmen aktiboa eta pasiboa. Hauteskunde administrazioa. Hauteskunde orokorretarako deialdia. Hauteskunde kanpaina. Kongresuko eta Senatuko hauteskunde-sistemak. Hauteskunde prozedura.

64. gaia.-Espainiako ekonomia. Produkzio sektoreak. Indize ekonomikoak. Aberastasunaren banaketa. Garapenaren dinamika eta mundu mailako azken krisiaren eragina (2008).

65. gaia.-Nazioarteko ekonomia. Munduko eremuen bilakaera ekonomikoa. Energia iturrien garrantzia. Kanpoko zorra.

66. gaia.-Lan-merkatua Espainian. Langabezia. Itun sozialak. Sindikatuen eragina.

67. gaia.-Espainiaren kanpo harremanak. Eremuak eta ildoak. Helburuak eta lorpenak.

68. gaia.-Lisboako ituna. Europar Batasuna: egunerokotasuna eta etorkizuneko erronkak.

69. gaia.-Eskualdeen zeregina Europar Batasunean. Eskualdeen Batzordea. Nafarroa Europar Batasunean. Pirinioetako Lan Komunitatea.

70. gaia.-Nazioarteko harremanak (I). Munduko sistema Gerra Hotzaren ondoren. Globalizazioa eta segurtasun kolektiboa. Potentzia handiak eta multipolaritatea.

71. gaia.-Nazioarteko harremanak (II). Gutxien garatutako herrialdeen egoera. Mundu mailan duten zeregina. Etorkizuna. G8.

72. gaia.-Nazioarteko harremanak (III). Gatazka eta gertakaririk berrienak. Nazioarteko lankidetza munduan. Nazioarteko terrorismoa.

73. gaia.-Nazioarteko defentsa. Munduko potentzia militarrak. Armen ekoizpena. Arma nuklearrak: egungo egoera eta etorkizuna. Hirugarren Munduko lurraldeen indar militarra.

74. gaia.-Nazioarteko erakundeak. Nazio Batuen Erakundea. Eskualde eta sektore mailako beste erakunde batzuk. Helburuak, osagaiak, funtzionamendua eta lorpenak.

75. gaia.-Ingurumenaren mundu mailako babesa. Natura hondatzeko prozesua. Defentsako ekimen eta ekintzak. Kiotoko protokoloa. Klima aldaketari buruzko Nazio Batuen Esparru Konbentzioa (Kopenhage).

76. gaia.-Sistema demokratikoen ereduak: presidentzialismoa eta parlamentarismoa. Erregimen mistoak. Botereen banaketa. Subiranotasun nazionala. Federalismoa eta konfederalismoa.

77. gaia.-Informaziorako eskubidea. Informazio egintzaren ondorio juridikoak. Erantzuteko eta zuzentzeko eskubideak.

78. gaia.-Informazioa eta giza eskubideak. Ohore, intimitate eta norberaren irudirako eskubidea. Printzipioak eta mugak. Legezko araudia eta Konstituzio Auzitegiaren jurisprudentzia.

79. gaia.-Deontologia informatiboa. Egia informazioaren arloan. Objektibotasunaren kontzeptuak. Egiazkotasun informatiboa eta haren hausturak. Kontzientzia klausula. Iturriak. Sekretu profesionala. Kode deontologikoak.

80. gaia.-Iritzi publikoa. Definizioa eta ebaluazio metodoak. Hedabideen eginkizuna. Zundaketen ezaugarriak, erabilera eta lege esparrua.

81. gaia.-Informazioko enpresak. Hedabideen inplikazio ekonomikoak. Multimedia enpresak. Espainiako eta munduko hedabide nagusien jabeak.

82. gaia.-Eguneroko prentsa. Jatorria eta egungo egoera. Mundu mailako eta Espainiako eguneroko prentsaren ezaugarriak. Azken berrikuntzak. Hedapena. Etorkizuna. Eguneroko prentsa (doakoa) eta egunerokoa ez den prentsa.

83. gaia.-Irratia. Bilakaera eta egungo egoera Espainian eta mundu osoan. Irrati-etxe publikoak eta pribatuak. Informazio edukiak. Publikoak eta audientziak. Etorkizuna. Irratiaren digitalizazioa. Irratia LTDn.

84. gaia.-Telebista. Aro analogikoaren amaiera. Hedabide horren bilakaera eta egungo egoera munduan eta Espainian. Telebista-etxe publikoak eta pribatuak. Informazio edukiak. Publikoak eta audientziak. Etorkizuna.

85. gaia.-Albiste agentziak. Nazioarteko agentziak. Informazio orokorreko eta espezializatuko Espainiako agentziak. Agentzia autonomikoak. Etorkizuna.

86. gaia.-Internet, masentzako hedabide gisa. Komunikabide tradizionalak sarean; on-line komunikabideak; informazio eta iritzi pertsonalen orriak.

87. gaia.-Komunikabideak Nafarroan: bilakaera historikoa XX. mendearen amaiera arte.

88. gaia.-Komunikabideak XXI. mendeko Nafarroan: prentsa, irratia, telebista eta Internet. Enpresa egitura eta komunikazio taldeak. Merkatuan duten zabalkundea eta barneratzea. Salmentak, harpidetzak eta publizitatea. Ekimen eta euskarri berriak.

89. gaia.-Nafarroan aplikatzen den araudia ikus-entzunezko baliabideen gainean. Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseilua. Komunikabideetako profesionalen eta erabiltzaileen entitate eta elkarteak.

90. gaia.-Eskualdeko eta tokiko komunikabideak Nafarroan. Berariazko araudia. Gaur egungo errealitatea tokiko prentsan, irratian eta telebistetan. Etorkizuna.

91. gaia.-Nafarroako Gobernuaren eleduna. Komunikazio Zuzendaritza Nagusia/Gobernuaren Eledunaren Bulegoa. Antolaketa, emandako zerbitzuak, giza baliabideak eta baliabide materialak. Eskumenak.

92. gaia.-Komunikazio kabineteak eta antzeko egiturak Nafarroako Gobernua ez diren erakunde publikoetan eta Foru komunitateko enpresetan. Ereduak. Funtzioen analisia eta eraginkortasuna. Etorkizuna.

93. gaia.-Komunikazio publikoaren kabineteak Espainian. Helburuak eta eginkizunak. Kabinete profesionalak eta izendapen politikoko kabineteak. Erabiltzen diren baliabideak. Espainiako erakundeetan duten ezarpena.

94. gaia.-Teknologia berriak eta beren aplikazioa erakundeetako komunikazio kabineteetan. Egungo egoera eta etorkizuna.

95. gaia.-Publizitatea. Izaera eta ezaugarriak. Kontsumitzailearen jokabidean duen eragina. Baliabideen ikerketa eta plangintza. Publizitateko mezuaren ezaugarriak. Publizitatearen eraginaren ebaluazioa.

96. gaia.-Publizitatearen tresnak munduan eta Espainian. Publizitate agentziak. Publizitatearen lege-araudia Espainian. Espainiako publizitatearen sektorearen ezaugarriak. Publizitateko inbertsioa hedabideetan.

97. gaia.-Publizitatea Nafarroan. Publizitatea eta komunikabideak. Erakundeen publizitatea. Publizitatearen sektorea, agentziak eta erosketen zentralak. Etorkizuna.

98. gaia.-Komunikazio eta aholkularitzako enpresak komunikazio arloan. Ematen dituzten zerbitzuak. Espainian eta Nafarroan duten ezarpena.

99. gaia.-Korporazio-irudia eta diseinua: irudi korporatiboa sinbolo gisa. Erabilera eta aplikazioak. Diseinu grafikoaren egitekoa komunikabideetan. Elebitasuna sinbolo grafikoetan.

100. gaia.-Nafarroako Gobernuaren Interneteko ataria: www.navarra.es. Deskribapena eta filosofia. Antolamenduaren egitura eta giza baliabideak. Atariko departamentuarteko batzordea. Bilakaera. Azterketa kritikoa.

Oharra: gaiak bat etorriko dira deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean indarra duen legeriarekin.

Iragarkiaren kodea: F1007540