61. ALDIZKARIA - 2010eko maiatzaren 19a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

CASTEJÓN

Aldaketa, ur horniduraren tasa arautzen duen ordenantzan.
Behin betiko onespena

Udalak, 2010eko urtarrilaren 26an egin bilkuran, Castejóngo Udalaren ur horniduraren tasa arautzen duen ordenantza fiskala hasiera batez onestea erabaki zuen, besteak beste.

Jendaurreko aldia iragan da, iragarkia 2010eko 22. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, otsailaren 17an, argitaratu ondoren, eta inork ez du erreklamaziorik aurkeztu; hortaz, behin betiko onetsita gelditu da, Nafarroako Toki Administraziori buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluarekin bat.

Castejónen, 2010eko apirilaren 26an.-Alkate udalburua, Francisco Javier Sanz Carramiñana.

Aldaketa, Castejongo Udalaren ur horniduraren tasa arautzen duen ordenantzan. Behin betiko onespena

1. artikulua. Tasa hauek martxoaren 2ko 4/1999 Foru Legearen 100.5 artikuluari jarraituz ezarri dira, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea aldatu baitzuen, tasen eta prezio publikoen gaietan.

Zergapeko egintza

2. artikulua. Zergapeko egintza honako inguruabarretako bakoitzerako zehazten da:

a) Edateko uraren hornidura zerbitzua eskura izatea eta mantentzea, hau da, hornidura zer lekutarako kontratatu zen, edateko ura berehala hantxe izateko aukera.

b) Udalak ematen duen edateko ura erabili eta eskura izatea. Zergapeko egintzak horri atxikitako tarifa aldatuko du, emandako edo kontsumitutako uraren erabilera edo xedeen ariora.

c) Edateko ura hornitzeko zerbitzuan alta hartzea. Horren barnean daude edateko ur horniduraren zerbitzua eskatutako emaria jasotzeko instalazio egokiak aurretiaz dituen leku bati ematen hasteko kontratu jarduketa guztiak, administratiboak zein materialak.

d) Hornidurako baldintzen aldaketa. Horren barnean daude lehenagotik altan dagoen hornidura baten baldintzak aldatzeko behar diren kontratu jarduketa guztiak, administratiboak zein materialak. Horren barnean honelako aldaerak izaten ahal dira:

1. Eskatutako emariaren aldaketa. Ondorioz, neurri handiagoko kontagailuaren ordez txikiagoa jarriko da edo alderantziz.

2. Horniduraren titularitatearen aldaketa, Udalaren Ur Zerbitzuaren erregelamenduan subrogaziorako onartzen diren arrazoietako batengatik.

e) Edateko uraren hargunea egitea. hargunea egiteko obra materialki egitea eta horren kostua eskatzailearen kontura izanen dira. Udalak egiten duen zerbitzua, tarifa honen zergapeko egintza sortzen duena, alegia, izanen da obra egiten ari den bitartean alderdi teknikotik gainbegiratzea, baita hargunea lotzea ere Udalaren sare orokorrarekin nahiz zuzkitu nahi den esparruko instalazio partikularrarekin.

f) Hondatutako kontagailuak konpontzea, erabiltzailearen kontura. Horren barrenean daude erabiltzailearena den kontagailu hondatua jaso, konpondu eta berriz jartzeko egin beharreko jarduketak.

g) Erabiltzaileak eskatutako ikuskatze lanak. Horren barnean daude Udalak, abonatuak hala eskatuta, egin beharreko ikuskapen lan guztiak, hala nola kontagailuaren funtzionamendua egiaztatzea, kontagailuaren irakurketa ustez akasdunen ikuskapena eta gisako beste jarduketak, ikuskapena burutu ondotik egiaztatzen bada erabiltzaileak ez duela behar adina arrazoi izan ikuskapena eskatzeko.

Salbuespenak eta hobariak

3. artikulua. Ez da salbuespenik eginen ordainarazpen honi dagokionez.

4. artikulua. 1. Tarifaren araberako kuotaren %80eko hobaria onartzen da lauhilekoko lehen 20 metro kubikoko kontsumorako, etxeko abonatuak badira eta delako familia unitatearen diru-sarrerak, errentak edo pentsioak, edozein motatakoak izanik ere, LGS -gehi %10 familia unitateko kide bakoitzeko- baino txikiagoak badira.

2. Ondorio horietarako, familia unitatea dira etxe berean bizi diren senideak.

3. Hobari horietarako eskubidea izateko, alderdi batek eskaturik tramitatuko dira.

Subjektu pasiboak

5. artikulua. 1. Ordenantza honetan ezarritako tarifak ordaintzera beharturik diren subjektu pasiboen izaera izanen dute, zergadun gisa, pertsona fisikoek eta juridikoek, eta entitateek, baldin eta zergapeko egintza izaten ahal diren unitate ekonomiko edo ondare banatua osatzen badute, nahiz eta izaera juridikorik ez izan; betiere, ordenantza honen xedeko zerbitzu eta jarduketen onura erreal edo potentzialak jasotzen badituzte edo ukitzen badituzte.

2. Zehazki, honako hauek daude ordaintzera behartuak:

a) a) eta b) ataletan ezarritako tasetarako, abonu polizaren edo lotunearen titular agertzen den erabiltzailea.

b) c), d), e), f) eta g) ataletan ezarritako tasetarako, kasu bakoitzeko zerbitzuaren eskatzailea izanen da subjektu pasiboa.

6. artikulua. 2. artikuluko zerrendan aipatutako zergapeko egintzetan hauek dira bakoitzaren karga oinarriak:

a) 2. artikuluaren a) atalean ezarritako zergapeko egintzarako, edateko uraren hodietan paratutako kontagailua.

b) 2. artikuluaren b) atalean ezarritako zergapeko egintzarako, kontsumitutako uraren metro kubikoen kopurua, kontagailuaren bidez neurtua edo, kontagailurik ez bada edo hondaturik badago, aurreko bi urteetan kontagailuak erregistratutako datuak estrapolatuz neurtu eta zenbatespena eginez. Aurretik aipatutako estimazioa egiten ahal ez bada estrapolaziorako behar diren datuen faltagatik, kontsumitutako metro kubikoen ebaluazioa arlo horretan indarra duen legeriak ezarritako prozeduren bidez eginen da.

c) 2. artikuluaren c) atalean ezarritako zergapeko egintzarako.

1.-Lotune kuota, paratu beharreko kontagailuaren diametroaren ariora.

2.-Zerbitzua egiteko behar diren lanen kostua.

d) 2. artikuluaren d) atalean ezarritako zergapeko egintzetarako:

1.-Zerbitzua egiteko behar diren lanen kostua.

2.-Dagokion lotune kuotaren zenbatekoarekiko aldea.

e) 2. artikuluaren e) atalean ezarritako zergapeko egintzarako, lotune kuota hargunearen diametroaren eta ezaugarrien ariora.

f) 2. artikuluaren f) atalean ezarritako zergapeko egintzarako, zerbitzua egiteko behar diren lanen kostua.

g) 2. artikuluaren g) atalean ezarritako zergapeko egintzarako, zerbitzua egiteko behar diren lanen kostua.

Tarifak

7. artikulua. Aplikatuko diren tarifak Udalaren osoko bilkurak onesten dituenak izanen dira.

Uraren hornidura arautzen duen araudian, hornidura udal zerbitzuek eskuratzen ahal dituzten kontagailuen edo kontagailuen kaxaren bidez arautuko da. Araudi horrekin bat datozen eraikinetan, Udala kontagailurainoko instalazioaz eta, hala denean, eteteko giltzaz arduratu beharko da, matxura baldin badago.

Araudia betetzen ez duten instalazioetan, erabiltzailea instalazioaz arduratuko da finkak bide publikoaren esparruan duen mugaraino.

Sortzapena

8. artikulua. 1. 6. artikuluaren a) atalean ezarritako kuota sortuko da kuota finkoei dagokien lauhileko bakoitzeko lehenbiziko egunean, erabiltzaile guztientzat. Kuota horiek ezin izanen dira murriztu.

2. 6. artikuluaren b) atalean ezarritako kuota ur kontsumoak egiten diren unetik sortuko da.

3. 6. artikuluaren c), d) eta e) ataletan ezarritako kuotak zerbitzua egiteko eskabide ofiziala egiten den unetik sortuko dira.

4. 6. artikuluaren f) eta g) ataletan ezarritako kuotak zerbitzua egiten den unean sortuko dira.

Kudeaketa arauak

9. artikulua. 1. Bai kontagailua erosteko gastuak bai instalaziorako eta hornitzeko behar diren materialei eta eskulanari dagozkien gastuak sarera lotzeko edo hornidura emateko eskatzen duenaren bizkar joanen dira.

2. Ateratzen den tributu-kuotaren gainean legeek aldi bakoitzean finkatzen dituzten zeharkako zergak aplikatuko dira, horiek ezartzen duten maneran eta halabereko baldintzetan.

3. Kontrakoa frogatu ezean, paraturik eta abian dagoen kontagailu sail guztia Udalarena dela usteko da.

4. Zuzenbideak onartzen dituen frogabide guztiez baliatzen ahalko da erabiltzailea, kontagailuaren gainean bere jabetza eskubidea agerian uzteko.

10. artikulua. Aurreneurri moduan, etxe edo instalazio barrenean ur-galera dakarten matxurak dituen hargunearen titularrari ur-hornidura mozten ahalko zaio.

11. artikulua. Erabiltzaileak behin ere ez dio urik ematen ahalko beste pertsona bati, eta ez die erabiltzen utziko horretarako eskubiderik ez dutenei. Utzikeriagatik izan litekeen iruzur oro saihestu beharko du. Horrelakorik gertatuz gero, erabiltzailea izanen da errudun bakarra.

12. artikulua. Erabiltzaileak behartuak daude ura banatzeko sare nagusiko aberia baten ondorioz gertatutakoak Udalari lehenbailehen jakinaraztera.

13. artikulua. Erabiltzaileari dagokio kontagailua eta paso-giltza dauden tokia behar bezala zaintzea eta Udalak ematen dituen jarraibideak betetzea.

14. artikulua. Ordenantza honetan aipatzen diren ordainarazpenetako bat ordaindu beharra duten zergadunak behartuak daude kontagailua dagoen tokira sartzen uztera irakurketa egiten duen langile kreditatuari edo bestelako udal langileei, baldin eta zerbitzuko beharrengatik edo gisako zerbaitengatik zergadunaren etxera edo lokalera sartu behar badira.

15. artikulua. Ordenantza honetan ezarritako kuotak arau hauei jarraikiz ordainaraziko dira:

a) 6. artikuluaren a) atalean aurreikusitako kuota, lauhilekoka sortzen baita, berdin ordainaraziko da.

b) 6. artikuluaren b), c) eta d) ataletan aurreikusiak lauhilekoka ordainaraziko dira.

c) 6. artikuluaren e), f) eta g) ataletan aurreikusitako kuotak zerbitzua egitean ordainaraziko dira.

16. artikulua. Ondoriozko kuoten kudeaketa honela ulertuko da, jakinarazteko ondorioetarako:

a) Ordenantza honen 6. artikuluaren a) eta b) ataletan ezarritako tarifei dagozkien kuotak jakinarazpen gabekotzat hartuko dira.

b) Ordenantza honen 6. artikuluaren a) eta b) ataletan ezarritako kuotei dagozkien zorrak esan gabe jakinarazitzat joko dira: lauhileko bakoitzari dagozkionak, urteko lauhileko natural bakoitzeko 1. egunean.

c) Ordenantza honen 6. artikuluaren b) atalean ezarritako kuotei dagozkien zorrak esan gabe jakinarazitzat joko dira: urteko lauhileko natural bakoitzari dagozkionak, urteko hurrengo lauhileko naturaleko 1. egunean.

d) Artikulu honen a) eta b) ataletan xedatua gorabehera eta subjektu pasiboek borondatezko aldian eta errekargurik gabe ordaintzeko duten 30 egun balioduneko epea ziurtatzeko, ordainagiriak ematean administrazioaren atzerapenen bat gertatzen bada, arestian aipatutako epea hasiko da Udalak, bere iragarki oholean azalduko den iragarkiaren bitartez, ordainagiriak eman dituela jakinarazi eta biharamunean.

e) c), d), e), f) eta g) ataletan ezarritako kuotek sortutako zorrak jakinaraziko dira zerbitzua eskatu duenari tasaren likidazioa agertzen duen agiri bat emanez. Hortik aurrera, ordenantza hauetan jasotako jakinarazpenik gabeko tasetan bezala, 30 egun balioduneko epea hasiko da borondatezko aldian eta errekargurik gabe ordaintzeko.

1.-6. artikuluaren c), d) eta e) ataletan jasotako kuoten kasuan, jakinarazpena eginen da zerbitzua eskatzen den unean.

2.-6. artikuluaren f) eta g) ataletan jasotako kuoten kasuan, jakinarazpena eginen da zerbitzua eman ondotik, posta ziurtatuaren bidez.

f) Borondatezko aldian eta errekargurik gabe ordaintzeko aurreko atalean adierazitako epea kendu gabe, ordenantza honen 6. artikuluaren c), d) eta e) ataletan jasotako kuotek sortutako zorrak, behin zerbitzua eskatu duenari behar bezala jakinarazita, Udalaren Diruzaintzan utzi beharko ditu eskudirutan edo horretarako gaitutako banku edo aurrezki bulegoetan. Baldintza hori bete gabe ez da emanen eskatutako zerbitzua.

17. artikulua. 1. Aurreko artikuluan aurreikusi bezala borondatezko denboraldian ordaintzen ez diren tributu-zorrak, luzapen epean ordaintzen ahalko dira, arauetan ezarritako errekarguarekin eta dagozkien korrituekin.

2. Epe hori iragan eta zorrak ordaindu ez badira, premiamendu-bideari ekinen zaio, Udalak haiek atzeratzeko edo zatika ordaintzeko baimenik eman ez badu.

18. artikulua. Zorren ordainketa honela egiten ahalko da:

a) Zorren ordainketa helbideratu duten subjektu pasiboek, haiek adierazitako banku edo aurrezki entitatean eta kontuan kargatuz.

b) Zorren ordainketa helbideratu ez duten subjektu pasiboentzat, Udalaren Diruzaintzan.

Arau-hausteak eta zehapenak

19. artikulua. Honako hauek iruzurtzat hartuko dira:

a) Behar bezala akreditatuta dauden udal langileek egiten dituzten bisitak oztopatzea.

b) Kontagailuen irakurketa edo ordenantza honetan araututako zerbitzuekin ikustekoa duten frogaketak eragoztea.

c) Prezintu, sarraila eta kontsumoa neurtzeko Udalak jarritako aparatuak aldatzea.

d) Kontsumoa neurtzeko aparatuak aldatzeko Udalak ematen dituen jarraibideak ez betetzea.

e) Kontagailuaren irakurketa maltzurkeriaz aldatzeko asmoz, baimenik gabeko mekanismoak ezartzea.

20. artikulua. Arau-hauste edo zehapenen gainerako kontuetarako, ordenantza fiskal orokorrean xedatutakoari jarraituko zaio, bai eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean eta horrekin bat datozen gainerako arauetan xedatutakoari ere.

Azken xedapenak

Lehena.-Ordenantza honetan aurreikusirik ez dagoen guztian, ordenantza fiskal orokorrean eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean xedatutakoa aplikatuko da.

Bigarrena.-Ordenantza honek indarra hartuko du eta aurreikusitako tramiteak beteko dira, testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoren, eta indarra izanen du aldatu edo indargabetu arte.

Iragarkiaren kodea: L1007361