4. ALDIZKARIA - 2010eko urtarrilaren 8a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

GESALATZ

Aldaketa Gesalazko Udalaren hiri antolamendurako
udal planeko eraikuntzari buruzko ordenanantza orokorrean. Hasierako onespena

Gesalazko Udalak, 2009ko azaroaren 30ean egin osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batean onestea ondoko aldaketa Gesalazko Udalaren hiri antolamendurako udal planeko eraikuntzari buruzko ordenanantza orokorrean.

-59. artikulua. Estalkiak.

Estalkiak inklinatuak izanen dira egikera tradizionalen moduan, bi, hiru edo lau isurkikoak eta hegalkin horizontala daukatela fatxada nagusiaren gainean eta eremu publikora isurtzen duten fatxaden gainean ere. Haren malda, %25 eta 40 artekoa, egokia izanen da teilaz estaltzeko. Zeramikazko teila arabiar tradizionala, mistoa edo hormigoizkoa izan daiteke, betiere kolore arre argikoa.

Ez da baimentzen ibiltzeko moduko estalki laurik. Ibiltzeko moduko elementuek, hala nola terrazek, azken solairuko eguterek etab. estalkia izan behar dute, artikulu honetan zehazten diren baldintzetan. Balkoiak salbuetsita daude.

Estalkiko isurkiak hegalkinen bidez luzatuko dira beti. Zurezkoak, zeramikazkoak edo hormigoizko lauzakoak izanen dira horiek, betiere ertza 15 cm baino txikiagoa badute, udalerriko egikera tradizionaletan, estalkiko forjatuaren egiturazko egikera gorabehera, hala balegokio. Debeku dira hormigoizko perroteak dituzten hegalkinak.

Estalkiko planoen gainetik txapitulak, argizuloak, tximiniak eta antenak besterik ez da onartuko.

Txapitulak eraikinaren gainerako eraikuntza sistemetara egokituko dira, eskualdeko egikera tradizionalekin bat. Bi edo hiru isurkiko estalkia izanen dute, baina malda apalagoak izan ditzakete beste estalkiaren aldean; gailurra horizontala izanen da beti. Txapitulek ez dute eraikineko hegalkina moztuko inolako puntutan, eta estalkiko isurkiaren barrenean kokatu beharko dira, eraikineko fatxadak abiapuntu hartuta. Gehienez ere txapitula bana onartzen da isurkiko; haren fatxadak ez du gaindituko azpian duen fatxadaren luzeraren %20, eta gehienez onartzen den neurria 3 metrokoa izanen da.

Estalkiko leihoaren moduko argizuloak egiten ahalko dira, zurgintzako elementuak teilen planoaren mailan badituzte eta haren egikerak hezetasunari, beroaren galerari eta abarri gainerako leihoek bezala aurre egiten badie. Zein isurkitan dagoen horren azaleraren %10 baino txikiagoa izanen da argizuloarena, gehienez ere 10 metro koadrokoa.

Debeku dira zuntz-zementuzko eta horretatik eratorritako estalkiak, baita arbelezkoak, plastikozkoak eta metalezkoak ere, non eta ez diren kontzejuek edo udalek sustatutako kirol instalazioetarako.

Erretenak eta zorrotenak egiteko galbanizatutako altzairua, zinka edo metalezko xaflak erabiliko dira, betiere PVCkoak debekatuta.

Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 74. artikuluan ezarritakoari jarraituz, espedientea jendaurrean egonen da hilabetean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita, azter dadin eta bidezko alegazioak aurkez daitezen. Jendaurreko aldian inork ez badu alegaziorik aurkezten, dokumentua behin betiko onetsiko da, bidezko bada.

Muetzen, 2009ko abenduaren 1ean.-Alkatea, Mariví Goñi Azanza.

Iragarkiaren kodea: L0927872