26. ALDIZKARIA - 2010eko otsailaren 26a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA

ERABAKIA, 2010eko urtarrilaren 18koa, Nafarroako Gobernuak hartua, "Abiadura Handiko Trenaren geltoki berriaren eremua eta Iruñeko antzinako tren geltokiaren eremua garatzeko udalez gaindiko plan sektoriala" onesten duena. Sustatzailea Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentua da.

I.-Aurrekariak.

2007ko maiatzaren 21eko bilkuran Nafarroako Gobernuak erabaki zuen "Abiadura Handiko Trenaren Iruñeko geltoki berriaren eremua eta Iruñeko antzinako tren geltokiaren eremua garatzeko Plana", Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak sustatua, udalez gaindiko plan sektorial deklaratzea eta hogeita hamar egunez espedientea jendaurrean jarri eta ukitutako eremuko udalei entzunaldia ematea, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legean eta Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko 4/2005 Foru Legean aurreikusitako ondorioetarako.

Planaren xedea 1. eremuko eta 2. eremuko hirigintza antolatzea da. 1. eremuan Abiadura Handiko Trenaren Iruñeko geltokia egitekoa da. Gutxi gorabehera muga hauek ditu: Barañaingo udal mugapea / Elortz ibaia, Done Jakue bidea eta A-15 errepidea. 2. eremuan, Sanduzelai eta Buztintxuri artean, hiria zeharkatzen duen trenbide begizta kenduko da eta egungo tren geltokia lekuz aldatuko da.

1. eremuko hiri antolamenduak aurreikusi eta barnean hartzen ditu tren geltoki berria, trenbide berria, eta etxebizitzetarako, hirugarren sektorerako eta jarduera ekonomikoetarako eremu garrantzitsu bat -hori garatu ahal izateko Inquinasa lantegia lekuz aldatuko litzateke-. Aldi berean errepide gabezia handiak konpondu nahi ditu, batez ere Barañain Mendebaldeko Ingurabidearekin (A-15) eta Aróstegui etorbidea/Done Jakue bideko autobiarekin (A-12) lotzeko. Bestalde, 2. eremuan etxebizitza-gunea garatuko da, egungo geltokia dagoen lekua berreskuratuz. Horrela, orain arte trenbideak banatu dituen hiriko bi alderen arteko etenunea beteko da.

Aipatu erabakia 2007ko 73. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, ekainaren 13an.

Gerora Nafarroako Gobernuak, 2007ko abuztuaren 6ko bilkuran, espedientea 2007ko irailaren 15era arte berriro jendaurrean jartzea erabaki zuen (2007ko 97. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, abuztuaren 8koa).

II.-Aurkeztutako alegazioak.

Espedientea jendaurrean egon den bitartean 145 alegazio-idazki aurkeztu dira eta epez kanpo beste alegazio-idazki bat aurkeztu da. Hona hemen horien edukia eta erantzunak:

1.-María Sagrario Echaniz Eslava andrearen eta María Socorro Echaniz Ros andrearen alegazio-idazkia.

Edukia: Nafarroako Foru Diputazioak 1971ko otsailaren 19an hartutako erabakiaren bidez behin betiko onetsi zen Etxabakoitzen Elortz ibaiko zubia handitzeko proiektua. Miguel Echaniz Sagüés jaunak, 20.b lurzatiaren jabeak (125,37 m2) eta José María Echaniz Sagüés jaunak, 20.a lurzatiaren jabeak (134,68 m2), proiektuko desjabetzeak lurzati horiek ukitzen baitzituen, lurzatiok bideetarako dohainik lagatzeko akta sinatu zuten Iruñeko Udaleko alkatearekin, baina eskubidea aitortu zitzaien finka kokaturik zegoen poligono guztietan partaidetza izateko, lagatako azalera osoarekin. Azalera hori zegokion unitatearen birzatiketan sartu behar zen, jabeei gerora birzatiketaren ondoriozko ordezpen finka edo finkak esleitzeko, baita planeamenduan zegokien eraikuntza eskubidea ere. Bai Iruñeko Udaleko Hirigintza Batzorde Iraunkorrak bai Nafarroako Foru Diputazioak akta hori berretsi eta onetsi zuten.

Aurrekari horietan oinarriturik, alegatzaileek diote UPSak betetzen dituela erabakietan ezarritako baldintzak eta eskatzen dute Jose María Echaniz Sagüés jaunari eta Miguel Echaniz Sagüés jaunari Etxabakoitzen Elortz ibaiko zubia handitzeko obren proiektua zela-eta desjabetutako lurrak UPSan sar daitezela Udalaren eta Nafarroako Foru Diputazioaren erabaki horietan ezarritako baldintzekin.

Erantzuna: bidezkoa da. Alegatzaileek aurkeztutako dokumentazioa ikusirik, bidezkoa da jabeei aitortzea hirigintzako aprobetxamendurako eskubidea, alegia, 134,68 m2 -ko azalerak eta 125,37 m2 -ko azalerak UPSaren eremuan sortzen dutena, eta halaxe gauzatuko da birzatiketa proiektuan. Edonola ere, agirian jasorik dauden azalerak informazio hutserako dira; ez dira lotesleak birzatiketa proiektuaren ondorioetarako; proiektu horretan zehaztuko dira jabe bakoitzaren eskubideak eta betebeharrak.

2.-Luis Miguel Vicente Echarri jaunak Sociedad Deportiva Cultural Echavacoiz elkartearen izenean eta hura ordezkatuz aurkeztutako alegazio-idazkia.

Edukia:

2.1. Alegatzaileak dio S.D.C. Echavacoiz elkartea eremutik kanpora utzi dela eta, ondorioz, ez dela aurreikusi egungo eta etorkizuneko bazkideen eskaria asetzeko adina aparkaleku egitea, izan ere, aparkalekuen eskaria hazi eginen baita ekipamenduak eta zerbitzuak hobetu ahala. Horregatik eskatzen du aparkatzeko 260 bat toki gehiago ezar daitezela S.D.C. Echavacoiz elkartearen inguruetan, uste baitu gutxienez 300 toki behar direla. Toki horiek honela koka litezke:

-Sanders pentsu fabrikaren ondoko biribilgune berritik elkartearen aurreko biribilgune berrira doan bidearen alboetan (aparkatzeko 90 bat toki).

-Urdanoz multzoaren ondoan, jada kanpoko aparkaleku gisa aurreikusita dagoen eremuaren alboan (120 bat toki).

-Elkartearen instalazioen aurreko biribilgunetik Urdanoz multzoaren ondoko biribilgunera doan bidearen ezker ertzean.

2.2. S.D.C. Echavacoiz elkarteak oinezkoentzako bigarren sarbide bat egokitu nahi du bere instalazioetaraino, Urdanoz multzoko inguruetatik, Elortz ibaiko zubiaren ondoan. Hori dela-eta, UPSan aurreikusitako etxebizitzetatik ibai-parkeraino eta elkartearen sarrerako pasabide berriraino sarbidea ezartzeko eskatzen du, Elortz ibaitik hurbilagoko bide berria gurutzatzea arriskutsua izanen baita edozein oinezkorentzat.

Erantzuna:

2.1 puntuari. Ez da bidezkoa. Ez da UPSaren eskumena S.D.C. Echavacoiz elkarteak aparkatzeko tokiekin duen arazoa konpontzea, ekipamendu pribatu hori eremutik kanpo baitago. UPSaren garapenak aparkatzeko eremu berrien erreserba ezartzen du ekipamendutik hurbil, eta garraio publikoko lineen arteko bat egitea areagotzen du. Horren ondorioz baliteke ibilgailu pribatuak erabiltzeko eskaria gutxitzea. Azken batean, esku-hartzearen bidez Elorzko etorkizuneko parkea lehenetsi eta babestu nahi da. Beraz, ez du batere zentzurik haren eremuaren zati bat hipotekatzea kaleko aparkaleku handiak eginez. Nolanahi ere, hasierako onespenaren dokumentuarekin alderaturik, hegoaldean dagoen zeharkako bidea aldatu eginen da, bide hiritarrago bilakatuko duten aparkatzeko tokiak egiteko, eta aparkatzeko toki berriak sortuko dira Barcos etxeen aurrean sortutako plazari erantsita.

2.2 puntuari. Bidezkoa da. Zentzuzkoa da oinezkoentzako sarbidea ezartzea ez bakarrik S.D.C. Echavacoiz elkarterako, baita Elortz Ibaiko Parkerako ere. Horregatik lehenetsi eginen dira zeharkako loturak eta bideen hiri izaera, baina, lehen aipatu den bezala, ez da zentzuzkoa parkeari dagokion erabilera hipotekatzea Urdanoz multzoko etxebizitzen ekipamendu-hedapen moduan hura ikustea eragotziko luketen aparkalekuekin. Proposaturiko oinezkoentzako bide sareak, Elorzko parkea barne, puntu horren eta beraren inguruaren arteko lotura ona ahalbidetzen du, bai Urdanoz multzoarekin eta bai proposaturiko eraikuntza berriekin ere.

3.-Fernando Sáez Muñoz jaunak Promotora Constructora El Txori S.L.ren izenean eta hura ordezkatuz aurkeztutako alegazio-idazkia.

Edukia: enpresa horren lurzati bat, Barañaingo 1. poligonoko 504. lurzatia, hain zuzen, UPSko I. eremuan sar dadila eskatzen du. Lurzati hori bazterreko triangelu baten gisa geratu da UPSko I. eremuko mugaren eta Zizur Zendeako Ingurabidearen artean, inongo hirigintza garapenetan egokitu eta bertako hirigintza aprobetxamenduaz baliatzeko batere aukerarik gabe.

Erantzuna: bidezkoa da. Hala ere, lurzati horrek antolamenduaren eremu osoaren aldean azalera txikia duenez, hura eremuari eransteak ez du ekarri behar Barañaingo Udala organo kudeatzailean (Partzuergoan) sartzerik, are gutxiago lurzati hori Iruñeko udalerrian sartzen bada, ziur aski gertatuko den bezala, udal mugapeen aldaketaren ondorioz.

4.-Jose Luis Loizu Asiain jaunak Jardín de la Cuenca, S.A. enpresaren izenean eta hura ordezkatuz aurkeztutako alegazio-idazkia.

Edukia: enpresa horren lurzati bat, Zizur Zendeako 1. poligonoko 407. lurzatia, hain zuzen, UPSko I. eremuan sar dadila eskatzen du. Lurzati hori jarduketa eremuaren mugan dago, Santa Klara ikasle-egoitzaren aurrean eta Iruñetik Zizur Txikira doan errepidearen ertzean, eta baliteke aurreikusitako bide berriaren exekuzioak hura ukitzea.

Erantzuna: bidezkoa da. Trenbidea kentzean Santa Klara ikasle-egoitzaren aurrean dagoen trenbide gaineko pasabidea ere kenduko da eta horrek bidea zuzentzen lagunduko du. Beraz, aipatu lurzatia eta ondoan dagoen 406. lurzatia UPSaren eremuan sartuko dira.

5.-María Jesús Izu Ibarrola andrearen eta Ramón Pérez Urmeneta jaunaren alegazio-idazkia.

Edukia:

Barañaingo 716., 717., 718. eta 719. lurzatien jabeak edo jabekideak dira eta horiek UPSko I. eremuan sartzeko eskatzen dute, ukipen larriak izanen baitituzte, eta horrenbestez, dagokien aprobetxamendua esleitzeko. Ekialdetik trenbideak mugatzen ditu lurzati horiek, eta AHTaren linea berriak ukitu eginen ditu. Haien azalera erabilgarria murriztu eginen da ezarriko zaizkien zortasunengatik.

Finka horiek urak har dezakeen aldean daude, baina UPSaren eremuaren zati handi bat ere bai eta ez dirudi horrek arazo teknikorik sortu duenik UPSa garatu eta ezartzeko.

Alegatzaileek diote lurzati horiek UPSaren eremuan ez sartzea bereizkeria eta bidegabekeria dela, hirigintzako planeamenduak dakartzan zamak eta onurak berdinbanatzeko printzipioa urratu dela eta printzipio horrek izan behar duela planaren abiaburu eta xede, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen (aurrerantzean LAHFL) 5. artikuluko 1. idatz-zatiko e) letran agindutakoaren arabera.

Erantzuna: ez da bidezkoa. Lurzatiak Barañaingo udal mugapean daude. Beraz, ez daude sartuta Sustapen Ministerioak, Renfek, Nafarroako Gobernuak eta Iruñeko, Zizur Nagusiko eta Zizur Zendeako udalek Iruñeko geltoki berriaren ingurua garatzeko eta hirigintzako planeamendua egiteko sinatu zuten lankidetza protokoloan zehazturiko mugen barnean. Gainera, ez dira inondik inora beharrezkoak sustatzen ari den hirigintza antolamenduko proposamena garatu eta gauzatzeko.

Trenbide berria egitean lurzati horiek ukituko dira Iruñerriko beste asko bezala, baina horrek ez die UPSan sartzeko eskubide objektiborik ematen; bestela UPSaren eremua Arrizabalagatik hasi eta Zuastiraino hedatu behar litzateke.

Horregatik komenigarria eta beharrezkoa da planeamenduaren eremuak mugatzea eta muga objektibo bat ezartzea: kasu honetan, UPSa garatzeko protokoloan sartu ez den udalerriarena da muga objektibo hori. Hirigintzarako lur egokiak ote diren baloratu, Barañaingo hirigintzako planeamendua aldatzeko edo berrikusteko espedienteetan egin behar litzateke, egitekotan, eta ez UPS honetan, Barañaingo udal mugapeari dagokionez plan honen mugak garbiak eta agerikoak baitira.

6.-José Luis Seijo Veiga jaunaren eta M. Sagrario Jiménez Aguirre andrearen alegazio-idazkia -7 Nicolás Gorospe Donazar eta María Regina Esain Marquina jaun-andreena -21 Luis Ángel González Santos eta M. Dolores Robles Sanchos jaun-andreena -22 Agustina Sanz andrearena -23 Jesús María Echarri Sotes jaunarena -92 Daniel Rafael eta Cristina Branco jaun-andreena -93 Jesús Echeverría eta Conchi Vázquez jaun-andreena -94 Javier Ortigosa Bacaicoa jaunarena -95 Teodoro Antimasberes eta Ángeles Echeverría jaun-andreena -96 Obinna Frank Anyasie eta Paloma Mercedes Fernández Gil jaun-andreena -97 Raúl Morrison Mbaoma eta Joy Nosa jaun-andreena -98 Juan José Bernet Nicolás jaunarena -99 Bienvenido Cale Pérez jaunarena -101 Olga Crespo Crespo andrearena -102 Francisco Barbero Goñi jaunarena -103 Antonio Hervas Quesada eta Josefa Robledillo del Peral jaun-andreena -104 Florencio Azona Villanueva jaunarena -105 José Villa Guardia eta Gabriela Palma Adame jaun-andreena -106 Felipe Iriarte Elorz jaunarena -107 Manuel Muño Rodríguez eta Esperanza San Martín Palacios jaun-andreena -108 Eduardo Ruiz Clavería jaunarena -109 Basilio Sarasa Beramendi eta Agustina Cañamares jaun-andreena -110 Juana Cale Pérez andrearena -111 Feliciano Jiménez Gómez jaunarena -112 Francisco Camacho jaunarena -113 Francisco Jiménez Juarez jaunarena -114- Francisco Jiménez Juarez eta Ángela Gómez García jaun-andreena, eta 115 Ramona García Valenzuela andrearena.

Edukia: ustez oker bat atzeman dute "Zenbatekoa=m2" zutabean, 6. eranskinean. Zutabe horretan ageri dira alegatzaileen etxebizitzen (batzuk maizterrak dira) metro karratuak edo, beste batzuetan, biltegiarenak edota merkataritzako lokalarenak. Eskatzen dute metro karratuen kopurua aldatzeko eta higiezinen salmenta eskrituretan ageri dena jartzeko.

Erantzuna: ez da bidezkoa. Dokumentuan katastroko azalerak jaso dira, informazio hutserako. Administrazioak emandako datuetatik atera dira. Kopuru horiek ez dira lotesleak birzatiketa proiektuari dagokionez. Agiri horretan zehaztuko dira jabe bakoitzaren eskubideak eta betebeharrak.

8.-Pedro Huarte Iribarren jaunak Zizur Nagusiko Udala ordezkatuz aurkeztutako alegazio-idazkia.

Alegazio hauen edukia eta erantzunak puntuz puntu azalduko dira.

8.1. Bide sarea dela-eta: alegatzaileak dio UPSko trafiko azterlanean ez dela jaso Done Jakue bideko autobia (A-12) eta Nafarroako autobia (AP-15) edo Mendebaldeko Ingurabidea lotzeko proposatzen den biribilgune itxiaren justifikaziorik.

Uste du, nolanahi ere, trafiko azterlana eta bide sarerako proposaturiko soluzioak (egitura eta ezaugarriak), oro har, hiriaren eta lurraldearen garapen hipotesietan oinarritu behar liratekeela, etorkizuneko bizitegi eremuen garapenari buruzko aurreikuspenak aintzat hartuta. Taryet-en azterlanak iragartzen du 2025. urtean Zizur Nagusiko mendebaldean 27.545 pertsona biziko direla. Hala ere inguru horretarako 21.000 etxebizitza aurreikusi dira (19.000 Gendulainen eta 2.000 Ardoin eta Gazolatzen), hau da, 47.250 biztanlerentzako adina.

Azaldutakoa dela-eta, azterlanak eta proposamenak berrikusteko eskatzen du, eta diseinua berriz definitzeko, bereziki Zizur Nagusiko herrigunearekin eta erdialdearekin lotzeko bideei dagokienez.

Erantzuna: ez da bidezkoa.

LAHFLaren 100. artikuluak dioenez, lurzoru urbanizagarriaren jabeek ordaindu eta, hala behar denean, exekutatu beharko dituzte jarduketaz kanpoko sistema orokorrekiko loturako azpiegiturak eta, hala denean, sistema horiek handitu edo indartzeko behar diren obrak, jarduketaren tamaina edo dentsitatea dela medio edo ondorioz ekarriko dituen intentsitateengatik egin beharko direnak, planeamendu orokorrak ezartzen dituen betebehar eta baldintzen arabera.

Alegazio honetan aipatzen diren beharrak ez dira zehatz-mehatz "Abiadura Handiko Trenaren geltoki berriaren eremua eta Iruñeko antzinako tren geltokiaren eremua garatzeko" UPSaren tamainak eta dentsitateak ekarriko dituztenak, ezta plan horrek eraginen dituen erabilera-intentsitateen ondoriozkoak ere. Ez litzateke bidezkoa izanen, beraz, beharko diren azpiegiturak UPSan sartzea, eremu honetako aprobetxamendu-eskubideen titularrek ordaindu beharreko urbanizazio obra gisa, aitzitik, etorkizunean UPS honetatik kanpo eginen diren eta alegazioan aipatzen diren hirigintza garapenen kargura egin behar litzaieke aurre, garapen horien tamaina, dentsitatea eta eraginen dituzten erabilera-intentsitateak kontuan harturik.

Alegazioaren azken zatiaz, eta "azterlanak eta proposamenak berrikusteko eta diseinua berriz definitzeko, bereziki Zizur Nagusiko herrigunearekin eta erdialdearekin lotzeko bideei dagokienez" eskatzen duen horretaz, aipatzekoa da Nafarroako Errepideen 2009-2016 bitarteko III. Plan Zuzentzailea egiteko proposamen-agirian aurreikusten dela bi fasetan egitea Logroño-Zizur Nagusia-Ezkirotz autobia. Lehenbiziko fasea aurrekontu orokorren kargura ordainduko litzateke, eta bigarren faseko bikoizketa, berriz, Gendulainen egitekoa den hirigintzako jarduketak jasan beharreko sistema orokorren kargura. Dagoeneko informazio azterlana egin da horretarako, eta jendaurreko informazioko tramitearen zain dago.

8.2. Garraio publikoaren sareari dagokionez: alegatzailearen iritziz, Aróstegui etorbidearen trazadura osoa balizko tranbia baterako sekzio nahikoarekin diseinatu behar litzateke.

Erantzuna: Aróstegui etorbidearen diseinuan noizbait tranbia edo metro arina jarri ahal izateko erreserba aurreikusi da: guztira 9 metroko zabalera duen zerrenda lorategiduna galtzadaren erdian. (Ikus I. eremuko C0403-1 P.0700 eta C043-14 P0800 planoak).

8.3. Txirrindulari eta oinezkoentzako sareari dagokionez: alegatzaileak dio UPSak bidegorrien sare bat eta oinezkoentzako beste bat aurreikusten dituela bere eremu osoan zehar, eta muturren batean Iruñeko, Barañaingo eta Zizur Txikiko hiriguneekin lotuko direla, baina ez dela aurreikusi inolako loturarik sare horien eta Zizur Nagusiko hirigunearen edo lurraldearen artean. Horregatik, proposamena zuzentzeko eskatzen du, hots, UPSko oinezko eta txirrindularientzako sarea Zizur Nagusiko oinezkoentzako bide edo eremuen sarearekin lotzeko, bereziki Zizur Nagusiko etxebizitza-gunearen eta hiriko erdialdearen artean, eta zuzeneko lotura egin dadila Zizur Nagusiko hirigune zaharraren eta Barañaingo hirigunearen artean.

Erantzuna: bidezkoa da neurri batean.

Zizur Nagusiaren eta Barañainen arteko oinezko eta txirrindularientzako konexioa Harrobietako Bidearen bitartez lortuko da, A-15 autopistaren azpian gaur egun dagoen pasabidea erabiliz; Ardoiko Bidearekin, Elortz ibaiko zubia zeharkatuz, non ibai-parkearekin bat egin eta Barañaingo goi lautadaraino igotzen baita Iruñeko etorbiderantz. AHTaren plataformaren proiektuak, era berean, oinezkoentzako lotura-pasabide bat aurreikusten du ibilbide honetako bi tokitan.

Zizur Nagusiarekiko loturako oinezkoentzako ibilbideak ere aztertu eginen dira, batez ere Aróstegui etorbidearen hego-mendebaldeko bi biribilguneetan. Lehenbizikoa trenbidearen trazaduraren gainean, geltoki berriaren aurrez aurre, eta bigarrena A-15 autobidearekiko lotura-biribilgunean (ikus I. eremuko C0403-1 P.0700 planoa. Bide sarea, oinezkoentzako ibilbideak).

8.4. Homogeneizazio koefizienteei dagokienez: alegatzailearen iritziz zuzena da hondar-balorazioaren metodoa erabiltzea homogeneizazio koefizienteak kalkulatzeko, baina itxuraz zerbaitek huts egin du kalkuluan, emaitzak merkatuaren egungo portaeratik urrunegi baitaude. Egindako kalkuluak erantsi ez direnez, ezin da okerra bilatu.

Berariaz aipatzen du kalkuluak ez direla erantsi eta horren ondorioz koefizienteen zehaztapena ez dagoela behar bezala justifikaturik. Frogatu egiten du babes ofizialeko etxebizitzetarako proposaturiko koefizienteak eta etxebizitza libreenak ez datozela bat, eta bizitegitarako erabilerei eragiten dieten koefizienteak aldatzea proposatzen du.

Erantzuna: bidezkoa da.

LAHFLaren 102.2 artikuluak honako hau dio udal plan orokorrei buruz, baina udalez gaindiko plan sektorialetarako ere balio du: planeamenduak banaketa eremuak definitzen dituen kasuetan, erabilerak eta eraikuntza-tipologiak homogeneizatzeko koefizienteen sistema kalkulatu behar da, modu justifikatuan, merkatuko benetako balioak kontuan harturik.

Esan beharra dago UPSetan homogeneizazio koefizienteak finkatzearen kontu horrek, bigarren mailakoa izan gabe, bere garrantzia neurri handian galdu duela, oraingoan bezala banaketa eremu bakarra aurreikusten den kasuetan, bereziki.

Izan ere, LAHFLan jasotako ereduan, homogeneizazio koefizienteen finkapenak banaketa eremu anitzeko udal planeamenduetan edo planeamendu sektorialetan hartzen du garrantzi handiena. Halakoetan homogeneizazio koefizienteak finkatzen dira 101. artikuluak ezarritako betebeharra betetzen dela egiaztatzeko, hau da, ez dagoela %15etik gorako alderik lurzoru mota bereko banaketa eremuetako eredu-aprobetxamenduen artean. Horrela eragozten da lur jabeei dagozkien aprobetxamenduen artean funtsezko diferentziak izatea, jabe bakoitzak non dituen lurrak edo zein banaketa eremuri atxikitzen zaion. Lehen esan dugun bezala UPS honetan ez dago horrelako arazorik, lur guztiak banaketa eremu berean daudelako eta aprobetxamendu bera izanen dutelako, esleitzen zaizkien koefizienteak esleitzen zaizkiela.

Homogeneizazio koefizienteek badute bigarren eginkizun bat birzatiketa prozeduraren alorrean, hortxe gauzatzen baita jarduketa eremu jakin bateko jabeen artean onurak eta zamak berdinbanatzeko printzipioa. Prozedura horren bitartez eskubideen eta betebeharren berdintasunezko tratamendua lortu nahi da, edozein izanik ere jabeei azkenean esleituko zaizkien lurzatien eraikuntza-tipologia.

LAHFLk egiturazko determinaziotzat jotzen zituen homogeneizazio koefizienteak eta, beraz, horiek ezin ziren aldatu birzatiketa proiektuen bitartez. Legearen aplikazio praktikoak agerian jarri zuen zaila zela berdinbanaketaren printzipioa betetzea birzatiketa proiektuetan onartuz planeamenduak finkatutako homogeneizazio koefizienteak, koefiziente horiek ez bazuten behar bezala islatzen eraikuntza-erabileren arteko benetako balio-diferentzia, edo, behinola behar bezala finkatuta egon arren, denboraren buruan, birzatiketa proiektua tramitatu eta onesteko garaian, hain zuzen ere, beharrezko ponderazioa galdua bazuten.

Hirigintza eta Etxebizitzaren arloan Urgentziazko Neurriak Hartzeko ekainaren 5eko 6/2009 Foru Legeak arazo hori egokiro konpondu du, LAHFLaren 150. artikuluari testu berri hau emanez: "Birzatitzeko proiektuak eredu-aprobetxamendua kalkulatzeko erabilitako homogeneizazio koefizienteen egokitasun edo desegokitasunari buruzko azterlan bat jasoko du, birzatitzeko proiektua tramitatzerakoan onuren eta kargen banaketa parekatua dela bermatze aldera. Azterlan horrekin egiaztatzen bada balioen parekotasunak indarra galdu duela, birzatitzeko proiektuak berregokitu ahalko ditu, horretarako arrazoiak emanez, betiere birzatiketaren xede den aprobetxamendu osoa handitu edo gutxitu gabe, ez eta betetzen ari den planeamenduak ezarritako eraikigarritasuna ere". Jakina, manu hori aplikagarria izanen da UPS hau garatzeko tramitatu beharko den birzatiketa proiekturako.

Aurrean azaldutakoa gorabehera, UPS honek LAHFLaren 102.2 artikuluan ezarritako baldintzak betez finkatu beharko ditu homogeneizazio koefizienteak, hau da, modu justifikatuan, merkatuko balioak kontuan hartuz.

Hasierako onespenaren agirian homogeneizazio koefizienteak ezarri zitzaizkien eraikuntza-erabilerei. Aldez aurretik konparazio-azterlana egin zen parekotzat jo zitezkeen beste planeamendu sektorial edo udal planeamendu batzuetan jasotako koefizienteen artean. Hori oinarritzat harturik, koefizienteen kalkuluan, hondar-metodoaz lurzorua baloratzeko teknika erabili zen, hots, higiezinen sustapenak ekar zitzakeen diru sarrera eta gastuei buruzko hipotesiak egin ziren, aurreikusitako erabileren arabera. Eraikuntza-tipologia bakoitzak lurzoru urbanizatua ordaintzeko erabil dezakeen hondar-balioa diru sarreren eta gastuen arteko diferentziaren araberakoa da. Lortutako balioen arteko proportzioak zehazten du aplikatutako koefizienteen arteko erlazioa.

Badira bi urte Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zela Nafarroako Gobernuak 2007ko maiatzaren 21ean hartutako erabakia, honako lurralde eta hirigintza jarduketa hau udalez gaindiko plan sektorial deklaratu zuena, eta bi urte hauetan higiezinen merkatuak funtsezko aldaketa izan du: egiturazko krisi larrian sartu da, eta gainera finantza sistemaren krisiak zuzenean egin dio kalte. Horrek eragin nabarmena izan du etxebizitzen eskarian, bereziki etxebizitza libreen kasuan, eta eraikuntza mota horren amaierako prezioak egokitu behar izan dira, 2007. urtean erabil zitezkeen salmenta-hipotesietatik oso urrun dauden gehieneko balioak ezarriz.

Ez da erraza iragartzea nondik nora joko duen higiezinen merkatuak epe ertainean, etxebizitza libreen prezioak suspertuko ote diren eta, suspertzen badira, zenbateraino. Nolanahi ere, homogeneizazio koefizienteak finkatzeko eta salmenta-balioen gaineko hipotesiak kalkulatzeko oinarritzat oraingo egoera hartu behar da. Gaur egun etxebizitza librearen alorrean merkatua oso uzkurturik dago eta etxebizitza babestuen prezioetara hurbildu beharra dauka ezer saldu nahi badu. Honako jarduketa eremu honetan, gainera, etxebizitza libreak asko dira eta urbanizazio nahiz finantza zama izugarria dute. Ondorioz, produktua salmentarako prezio lehiakorretan gauzatu beharra dago.

Beste horrenbeste gertatzen da hirugarren sektoreko erabilerekin eta parekoekin (bulegoak, dendak etab.) Beste planeamendu batzuetan etxebizitza libreari baino oihartzun-balio handiagoa esleitu izan zaie horrelako erabilerei, eta, beraz, homogeneizazio koefiziente handiagoa izan dute. Hemen, aldiz, halako erabileretarako eraikuntzek duten tamaina handiak, Iruñerriko eskariaren asetasun maila onari gehituta, homogeneizazio koefizientea beherantz ponderatzera behartzen du. Produktu horiek prezio lehiakorretan eskaini behar dira, etxebizitza librearen eta prezio tasatuko etxebizitzaren arteko zerrendan kokatuz.

Ekipamenduei dagokienez (adiera zabalean ulertuta, kontzeptu horren barruan sartuz ekipamendu bioteknologikoa eta ekipamendu pribatua), prezio tasatuko etxebizitzen oihartzun-prezioarekin parekatu da alor hori; izan ere, eraikuntza-tipologia horiek prezio lehiakorretan merkaturatzea lortu nahi da, are gehiago, udalei esleitu ahal izatea, zati batean bada ere, hirigintzako aprobetxamenduaren %10aren lagapenaren ordain gisa, haien sustapena ahalbidetzeko, eremuko erakargune eta dinamizazio gune bilaka daitezen, baina lagapen horren ondorioz toki administrazioek lortzen duten ondare-balioaren galerarik eragin gabe.

8.5. Eskualdeko Hirigintza Arauei dagokienez: alegatzailearen iritziz UPSan haien aipamen apala egiten da, nahiz eta, goi mailako arauak izanik, haien determinazioak lehenetsi behar diren UPSkoen gainetik.

Erantzuna: ez da bidezkoa.

UPSak aintzat hartu ditu Eskualdeko Hirigintza Arauak, eta memorian badago justifikazio-atal bat Arauetako determinazioak betetzeari buruz.

Dena den, Nafarroako Gobernuak 2007ko maiatzaren 21ean hartutako erabakiak, "Abiadura Handiko Trenaren geltoki berriaren eremua eta Iruñeko antzinako tren geltokiaren eremua garatzeko plana" UPS deklaratzen duenak, azalpen zatiaren VI. atalean ("Lurralde arloko gogoetak") eta bi azpiataletan, hain zuzen ere VI.1ean ("Lurralde estrategia") eta VI.2an ("Eskualdeko hirigintza arauak"), lehenik eta behin gogora ekartzen du "Nafarroaren etorkizunerako oso garrantzitsuak diren lurraldeari buruzko erabakiak" hartu direla, eta ondoren proposamena baloratzen du lurraldearen ikuspegitik eta hura aztertzen du "Iruñerriko Hirigintza Arauekin ere alderatuta. Arau horietako aurreikuspen batzuek lotura nabarmena dute tramitatzen ari den Planarekin".

Arretaz irakurtzen bada VI.2 azpiatala ("Eskualdeko hirigintza arauak"), egiaztatu daiteke bertako hainbat epigraferen edukiak agerian jartzen duela zenbateraino hartu den kontuan eta ikertu den Eskualdeko Hirigintza Arauen eta UPSaren arteko lotura. Hona hemen epigrafeok:

-Eskualdeko Hirigintza Arauetako aukerako aldeak. Horien artean hauxe aipatzen da: "AO.4: Etxabakoitz, Larrazkuntzea, geltoki berria".

-Eskualdeko Hirigintza Arauetako erdialde berriak. Horien artean hauxe aipatzen da: "AC.4: Etxabakoitz eta geltoki berria".

-Babestu beharreko lurrak. UPSaren eremuaren barneko zenbait gune Iruñerriko Hirigintza Arauek ezarritako tipologia horretakoak dira. Honako hauek dira zehazki: Paisaia erreserbak: RP6 "Barañaingo mazelak"; baso lurrak: SF12 "Zizurko mendiak"; atseden lekuak: AR5 ''Arga eta Elortz ibaien elkargunea''.

-RP-6 "Barañaingo mazelak" paisaia erreserba. Epigrafe horren azpian iruzkin berezi bat dago erreserba horri buruz, eta honakoak azaltzen ditu: paisaia erreserbak zer diren eta Eskualdeko Hirigintza Arauetan zein helburu ezarri zaien; arau horietan ezarritako baldintzak; RP-6 erreserbaren azterketa, inguruaren azterlan geomorfologikoan oinarritua; RP-6 erreserban eginen den esku-hartzea hirigintzaren aldetik eraginkorra eta ingurumenaren aldetik Eskualdeko Hirigintza Arauekin bateragarria izateko irizpideak, garrantzi handieneko inguruneak identifikatu ondoren, geomorfologiaren, landarediaren eta ikuspegiaren arabera; eta, azkenik, beren eragina dela-eta irizpide horiekin bateragarriak ez diren ekintzak, hala nola Z1-P8 eta Z1-P9 lurzatietako urbanizazioa eta eraikuntza (ondorioz, horiek antolamendutik kentzeko eskatzen da).

-"Bide sareak". Erabakiak epigrafe horretan dioenez, Planak Iruñerriko Hirigintza Arauetako bide sistemaren elementu hauek jaso ditu eta haiek gauzatzen lagunduko du: RVP-7, "Sarbide berria Mendebaldeko Ingurabidetik tren geltoki berriraino", hiriko sarbideen sarean; eta RVR-3, "Hegoaldeko zeharbidea. Errepideen lotunea N121-Zaragozako Etorbidea-Arostegui Etorbidea" eta RVR-4, "Barañaingo sarbide berriak", aldeak lotzeko bide sarean.

8.6. Udalerrietako muga berriei dagokienez: alegatzaileak dioenez, UPSko Memoriaren 6. atalean antolamendu berriaren eraginpeko udal mugapeak aldatzea proposatzen da. Mugaketa administratibo berria definitzeko kontuan hartu behar liratekeen irizpideak eta prozedura egokia azaltzen dira, eta udal mugapeak aldatzeko espedientearen barnean beharrezkotzat jotzen da udalerri bakoitzak izanen dituen onuren eta kostuen gaineko azterlan ekonomiko-finantzarioa egitea. Proposamen hori, ordea, zentzuzkoa izan arren, ez da loteslea.

Erantzuna: ez da bidezkoa. Udalak berak aitortzen du UPSan udal mugapeen aldaketari buruz dauden gogoetak ez direla lotesleak eta gai honi buruz aparteko espedientea egin beharko dela, eta Toki Araubideari buruzko legeriaren arabera tramitatu.

8.7. Alegatzaileak gomendatzen du irabazteko aprobetxamendua (776.846 AU) zuzendu dadila, UPSko Hirigintzako Arauetan adierazitakoaren berdina ez delako; izan ere, UPSko Hirigintza Arauetan hirigintzako guztizko aprobetxamendu homogeneizatua 879.549,06 da eta, beraz, jabeei dagokien aprobetxamendua 791.594,15 da.

Erantzuna: bidezkoa da. Izan ere oker materiala egin da eta zuzendu behar litzateke. Alabaina, alegatutakoak birtualtasuna galdu du, zeren eta, behin betiko onesteko aurkeztu den dokumentuaren Memorian azaltzen denez, Planean aldaketak egin baitira alegazio batzuk baietsi izanaren ondorioz eta exekuzioaren bideragarritasuna bermatzearren Plana egokitu behar izanaren ondorioz.

9.-Jose María Mauleón jaunak, Aritz Romeo jaunak eta Javier Ayesa jaunak Iruñeko Udaleko Nafarroa Bai taldearen izenean eta hura ordezkatuz aurkeztutako alegazio-idazkia.

Alegazio hauen edukia eta erantzunak puntuz puntu azalduko dira.

9.1. Jendaurreko epeari dagokionez: adierazten dute ez dela batere zentzuzkoa ekonomiarako eta etxebizitzen arlorako hainbesteko garrantzia duen plan hau egin den garaian egitea, udalak eta Gobernua berritzen ari direnean eta Iruñean bereziki oporrak hartzen direnean. Horregatik, jendaurreko epea gutxienez bi hilabete gehiago luzatzeko eskatzen dute, udaletako eta Gobernuko kudeatzaile berriek dokumentua sakonean azter dezaten eta hain garrantzitsua den UPS hau lasai hausnartu eta eztabaidatu ahal izan dadin.

Erantzuna: ez da bidezkoa.

UPS hau jendaurrean egon zen hogeita hamar egunez, 2007ko ekainaren 13tik hasita, Nafarroako Gobernuak plana tramitatzen hasteko hartutako erabakia egun horretan argitaratu baitzen Nafarroako Aldizkari Ofizialean. Gerora plana jendaurrean azaltzeko beste epe bat ezarri zen eta 2007ko irailaren 15ean bukatu zen.

Gainera, eta herritar guztiei UPSa ezagutarazi nahian, Nafarroako Gobernuak eta Iruñeko Udalak erakusketa publikoa antolatu zuten Ziudadelako Arma Aretoan irailaren 8tik 13ra bitartean. Bukaera gisa, irailaren 13an mahai ingurua egin zen UPSaren nondik norakoak azaltzeko eta jendeak parte har zezan.

Laburbilduz, epeak, denborak eta egindako jarduketak nahikoak eta soberakoak izan dira eta jendeari behar bezala bermatu zaio gaia aztertu eta ulertu ahal izatea eta antolamendu-proposamena egiteko prozesuan parte hartu ahal izatea.

9.2. Trenbideko instalazioen ingurunearen antolamenduari dagokionez: alegatzaileen iritziz plataforma intermodal handi bat sortu behar litzateke, 250.000 m2 ingurukoa, geltoki berriaren aurrealde osoan, salgaien trukea egiteko PHTaren, aldiriko tren arruntaren eta kamioien artean, eta plataforma horrek zuzeneko lotura izan behar luke A-15arekin eta Done Jakue bideko autobiarekin, salgai-garraioen arteko loturak ahalbidetzeko, Iruñerako beste sarbide batzuetan traba egin gabe.

Erantzuna: ez da bidezkoa. Ez dagokio UPSari plataforma intermodal baten eskaerari baietza edo ezetza ematea. Foru ekipamenduaren erabilera orientagarria da eta ez loteslea. Gobernuak erabaki beharko du erabilera publiko jakin bat non kokatu, unean uneko behar ekonomiko-sozialen arabera. Nolanahi ere, aipatu beharra dago Nafarroako Gobernuak 2009ko uztailaren 2ko bilkuran "Nafarroako Eremu Logistikoen Sarea garatzeko Lurralde Eredua" onestea erabaki zuela, eta eremu horietako bat da, jakina, Iruñeko Garraioaren Hiria, Noaingo Trenbide Gune Logistikoarekin batera.

9.3. Trenbideko instalazioen aurreko merkataritza eremuaren antolamenduari buruz: alegatzaileek uste dute tren geltokiak bestelako erabilera osagarriak behar dituela, eta ez merkataritza eremu bat, bertako bezero, salgai, langile eta abarren eguneroko joan-etorriek traba eginen baitute geltokirako sarbideetan.

Erantzuna: ez da bidezkoa.

AHTaren geltokia bidaiarientzako geltokia eta hiri-nodoa izanen da. Hiriko eremu publiko eta erakargune gisa dituen ezaugarriak indartu nahi dira erabilera osagarrien bitartez, eta beraz egokitzat jotzen da, geltokiak berezkoak dituen merkataritza-erabilerez gain, inguruaren irisgarritasun handiari lotutako merkataritza eremu bateko erabilera osagarriak ezartzea.

Trenbide instalazioen eremuaren barneko bidea arretaz aztertu da, etxebizitza-guneetako trafikoari trabarik egin ez diezaion, eta baditu zuzeneko sarrerak eta irteerak inguruko bide nagusietara. Gainera, hiri-garraioaren erabilera sustatu nahi da ibilgailu pribatuen erabilera murrizteko.

Geltokiak baditu salgai eta langileentzako sarbide bereiziak, garraiobide publikoetan edo ibilgailu pribatuetan iritsiko diren bidaiarientzako sarbideetatik aparte. Azken sarbide horiek zabalak izanen dira, Sustapen Ministerioaren hasierako aurreproiektuaren arabera.

Alegazio honetan aipatzen diren Z 7 sektoreko lurzatiek azkenean erabilera ekonomikoa izanen dute. Haietatik, P3 eta P4 lurzatiek hirugarren sektoreko erabilerak izanen dituzte. Horrenbestez aukera ematen da lurzati horietan merkataritzaz kanpoko erabilerak ezartzeko, tren geltokiko jarduerekin lotura estua izan dezaketen erabilerak hain zuzen (ostalaritza, bulegoak), nahiz eta bidearen neurriak nahikoak izanen diren sektorean gerta litezkeen zirkulazio-eskari handienei eusteko, aurreko lerroaldean adierazi den moduan.

9.4. Trenbideko eragiketa justifikatzeko erabilitako datuak eskatzen dituzte, eta jakin nahi dute ADIFek higiezinen arloan aterako dituen mozkinak aski izanen ote diren geltokia, trenbideak eta eranskinak eraikitzeko, eta higiezinen arloko zein erreferentzia erabili den, duela 3 urtekoa, gaur egungoa edo epe labur-ertainerako aurreikusten den atzerakadaren ondoriozkoa.

Erantzuna:

Puntu honetan alegatzaileek aipatu duten gaian, badu zerikusia zer-nolako akordioak lortu ahal izan dituzten Sustapen Ministerioak, ADIFek, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak eta Abiadura Handiko Trenaren Iruñerriko Partzuergoak Iruñerriko trenbide sare berriaren eta Abiadura Handiko Trenaren Iruñeko Geltoki berriaren proiektuak eta eraikuntza obrak egin eta finantzatzeko, Sustapen Ministerioaren, ADIFen, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta Abiadura Handiko Trenaren Iruñerriko Partzuergoko udalen arteko Lankidetzarako Protokolo Orokorraren bitartez.

Protokolo horrek, gainera, ez die Sustapen Ministerioak edo ADIFek UPSaren esparruan dituzten lurrei bakarrik eragiten. Trenbide Administrazioarenak izan eta Iruñerriko trenbide begiztak barnean hartzen edo ukitzen dituen lur guztiei eragiten die, eta horiek desafektatu eginen dira egungo trazadura aldatzen denean. Edonola ere, argibide gehiago ematearren, gai honi buruzko protokolo zatia ekarri dugu:

Obren exekuzioaren kostua, BEZa barne, 110,00 milioi eurokoa dela kalkulatu da, honela banatuta:

Trenbide sare berriko plataforma (1).

52,40 milioi euro

Gainegitura (geltokiko azpiegitura; burdinbidea; elektrizitatea eta seinaleak) eta trenbideko instalazioen berrezarpena (mantentze lanetako basea, azpiestazioa eta telekomunikazio parkea. Zuntz optikoa).

20,20 milioi euro

Geltoki berriko eraikina.

26,00 milioi euro

Ukitutako zerbitzuak berrezartzea.

3,90 milioi euro

Kalitate-kontrola eta laguntza teknikoa.

2,50 milioi euro

UPSaren eremutik kanpo beharrezkoak diren tarteak.

5,00 milioi euro

GUZTIRA

110,00 milioi euro

(1) Proiektu honek barnean hartzen ditu 172/100 eta 190/600 kilometro-puntuak lotuko dituen saihesbide berriaren plataforma eta 172/100 kilometro-puntutik 176/500 kilometro-puntura bitarteko gainegitura, elektrifikazioa eta segurtasun instalazioak, zabalera iberiarrekoak.

ADIFen ondasunak eta Sustapen Ministerioarenak UPSaren bidez garatuko den kudeaketa prozesura biltzearen ondorioz ADIFi egokituko zaizkion lur eta aprobetxamenduak trenbidearen zerbitzutik desafektatu eta gero, Hirigintza Partzuergoari eskualdatuko zaizkio. Klausula honetan aipatutako lur eta aprobetxamendu horien truke, ADIFek trenbideko obra baliokidea jasoko du, prezio gisa.

Gaur egungo trenbide begiztaren barnean baina udalez gaindiko plan sektorialaren eremutik kanpo dauden lurrak Artiberri-Artika, Artiberri-Berriozar, Itza Zendea, Orkoien, Berriobeiti, Berriozar eta Zizur Txikiko hirigintza garatzeko prozesuetan sartzearen ondorioz sortu diren edo etorkizunean sor daitezkeen lurzoruak, hirigintza aprobetxamenduak eta kalte-ordainerako eskubideak Hirigintza Partzuergoari eskualdatuko dizkio ADIFek, berariazko hitzarmena sinatu ondoren. UPStik kanpoko lur horien prezioa edo, hala behar denean, balio justua, trenbideko obra baliokidearen bidez ordainduko da.

Gaur egungo eraikuntzak eraitsi eta trenbide-azpiegiturak ordeztu eta lekualdatu beharra dela-eta ADIFi UPSko birzatitze prozesuaren ondoren egokituko zaizkion kalte-ordainak Hirigintza Partzuergoari lagako dizkiote haien titularrek, trenbideko obra baliokidearen truke.

Nafarroako Gobernuak bere gain hartuko ditu UPSaren eremuaz kanpoko lurrak desjabetzeko tramitazioa eta kostuak, trenbide-plataforma egiteko beharrezkoa izanen baita lurrak desjabetzea (aurrekontua 5.000.000 eurokoa da). Hori kontuan izanik, aurreko ataletan aipatutako lurren, hirigintza-aprobetxamenduen eta kalte-ordainerako eskubideen truke Hirigintza Partzuergoak trenbideko obra gisa ordaindu beharreko prezioa, gehienez, 105.000.000 eurokoa izanen da (BEZa barne).

Kalkuluak egiteko erabili den higiezinen arloko erreferentzia duela 3 urtekoa, gaur egungoa edo epe labur-ertainerako aurreikusten den atzerakadaren ondoriozkoa den argitzeko, esan beharra dago ezen, aurreko puntuan azaldutakoarekin bat, trenbideko eragiketa justifikatu egiten dela 105.000.000 euroko gehieneko prezioaren bidez (BEZa barne), higiezinen arloaren unean uneko egoera gorabehera.

9.4.bis. Sustapen Ministerioak, Renfek, Nafarroako Gobernuak eta ukitutako udalek 2004ko martxoaren 10ean sinatutako "Lankidetza protokoloa" dela-eta.

Erantzuna: Sustapen Ministerioak, ADIFek, Nafarroako Gobernuak eta ukitutako udalek 2004ko martxoaren 2an sinatutako protokoloaren edukia alegatzaileen eskura dago Nafarroako Gobernuko Herri Lan Departamentuan. Bertan aztertzen ahal da, baita kopia eskatu ere, administrazio prozedurari buruzko arauei jarraituz.

9.5. "Trenbide Sistemaren finantzaketan eta berregituraketan" Hirigintza Partzuergoak zehatz-mehatz zer eginkizun dituen galdetzen dute, eta trenbide berrien, geltokiaren edo erantsitako instalazioen eraikuntzan esku hartuko duen.

Erantzuna: Hirigintza Partzuergoaren eginkizunak Partzuergoaren Estatutuetan zehazturik daude. Nafarroako Gobernuak 2007ko maiatzaren 2ko Erabakiaren bidez onetsi zituen behin betikoz estatutu horiek, jendaurreko informazioa ebaztearekin batera, eta 2007ko 62. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ziren, maiatzaren 18koan.

Hona Partzuergoaren helburu berariazkoak:

a) Udalez gaindiko plan sektoriala erabat garatzea eta haren ondoriozko hirigintza kudeatzea.

b) Sustapen Ministerioarekin eta ADIFekin Iruñerriko trenbide azpiegitura berriak (Ezkirotz eta Zuasti arteko trenbide berria eta abiadura handiko trenaren Iruñeko geltoki berria) eraikitzeko araubide ekonomikoa hitzartzea.

c) Sinatzen dituen hitzarmenak direla bide administrazioek, erakundeek eta norbanakoek ematen dizkioten ondareak, ondasunak eta hirigintzako eskubideak ekonomikoki kudeatzea.

d) Udalez gaindiko plan sektoriala burutzeko behar diren lurrak birzatitzeko eta urbanizatzeko proiektuak tramitatzea eta onestea.

e) Udalez gaindiko plan sektoriala burutzeko behar diren lurrak birzatitzeko eta urbanizatzeko proiektuak kudeatzea arlo juridikoa, ekonomikoa eta administratiboa kontuan hartuta.

f) Udalez gaindiko plan sektorialaren urbanizazioa burutzea.

g) Udalez gaindiko plan sektorialaren kudeaketa eta burutzapena haren eremuko trenbide azpiegituren burutzapenarekin eta garapenarekin koordinatzea.

h) Kideek, erakundearen funtsezko helburuari atxikita, estatutuetan ezarritakoaren arabera agintzen dizkioten gainerako helburu guztiak.

Ondokoak inondik inora ere ez dira Partzuergoaren helburuak:

a) Lizentziak ematea; jarduketa bakoitzaren lizentzia egitekoa den udalerriko udalak eman behar du.

b) Partzuergoaren kide diren toki erakundeen mugarteak aldatzea; honelako aldaketak Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean ezarritakoaren arabera egin behar dira.

Beraz, ez da Partzuergoaren eginkizuna trenbide berriak egitea, ez geltokia eraikitzea, ezta geltokiari erantsitako instalazioak eraikitzea ere.

Partzuergoaren eginkizunak eta ADIFenak UPSari dagokionez honela daude banaturik: Partzuergoa UPSko urbanizazioaz, hirigintzako kudeaketaz eta birzatiketaz arduratuko da eta ADIFen esku jarriko ditu trenbide sistema orokorra eraikitzeko behar diren lurrak; eta ADIFek burdinbide berriak, geltoki berria eta berari erantsitako instalazioak eraikiko ditu, aurkeztutako alegazioan proposatzen den bezala.

9.6. Galdetzen dute zein "erabilera errentagarri" esleituko litzaizkiokeen ADIFi geltokian "dohainik", UPSko memoriak dioen bezala.

Erantzuna:

UPSaren exekuzioan Sustapen Ministerioari eta/edo ADIFi dohainik lagako zaizkio trenbide berriak UPSaren eremuan zeharkatuko dituen lurrak, hala behar denean. Gainera, abiadura handiko trenaren geltoki berria eraikitzeko behar diren lurrak (UPSko Z.7-DS1 lurzatia) Sustapen Ministerioari lagako zaizkio, geltokia trenbide-sistemari lotutako jabari eta erabilera publikoko ondasuna baita.

Lurzati hori trenbideko zerbitzu eremua izanen da, Trenbide Sektoreari buruzko azaroaren 17ko 39/2003 Legearen 9. artikuluan ezarritakoarekin bat, non honela definitzen baita: tren geltokiei lotutako eremuak, trenbide azpiegiturak egiteko eta azpiegituren administratzaileari dagozkion jarduerak egiteko behar diren lurrez osatuak. Trenbideko zerbitzu eremu horien barnean, gainera, legearen aginduz, bestelako jarduerak egin daitezke, industria, merkataritza eta zerbitzu arloetakoak. Horrelakoak kokatzea zerbitzu eremuekin loturik justifikatu behar da, trenbide eremuak mugatu eta erabiltzeko proiektuak eta hirigintzako planeamenduak zehazten dutenaren arabera.

Lur horiek, 10. artikuluari jarraikiz, trenbide sistema orokor gisa sailkatu behar dira eta plan berezi baten bidez garatuko dira. Oraingo honetan UPSak Trenbideko Zerbitzu Eremua-Trenbide Sistema Orokorra deiturarekin sailkatzen ditu lur horiek, eta oraintxe ezartzen ditu, etorkizuneko plan bereziaren beharrik gabe, lurzatiaren barnean garatu ahal izanen diren eraikigarritasunak eta erabilerak.

Laburbilduz, laga beharreko lurrak dira, trenbide sistema orokorrari lotuak, eta Sustapen Ministerioari esleitu beharko zaizkio jabari publikoko ondasun gisa, baina, Trenbideko Zerbitzuari buruzko Legearen 9. artikuluaren babesean, eduki dezakete eraikigarritasuna merkataritzarako, hirugarren sektorerako eta zerbitzuetarako, erabilera horiek geltokiaren ustiapenari eta kudeaketari loturik baldin badaude. Erabilera horiek planeamenduan arautu eta zehaztu behar dira, zuzenean edo garapen plan berezi baten bitartez. Kasu honetan, amaierako antolamendua egokia izanen dela bermatzeko, UPSak hasiera batean zehazten ditu Sustapen Ministerioak lurzati horretan kokatu ahal izanen dituen erabilerak eta gehieneko eraikigarritasuna.

9.7. Bide sarea dela-eta: adierazten dute A-15etik abiatuta egin nahi diren lotura-bideak auzo berriaren kanpoaldetik egin beharrean auzoan zehar proiektatu direla. Ondorioz, trafiko trinko eta azkarreko bideek auzoa lau zatitan banatuko dute. A-15etik Barañainera doan lotura-bideak bi zatitan banatzen du ekipamendu eremua (kirol eta irakaskuntza ekipamenduena), eta Urdanoz multzoaren ondora darama trafiko guztia.

9.7.1. Hortaz, eskatzen dute A-15a eta beste helmuga batzuk (Barañain, Donapea, Pio XII.a etab.) lotzen dituzten trafikoek ez dezatela auzo berria gurutzatu, kanpoaldetik joan daitezela, auzo berriaren mugetatik. Zehazki, eskatzen dute A-15ean planteatutako Mendebaldeko Bide Korapilotik Barañainerako sarbideak Barañaingo biribilgunera igo daitezela Z2-PD2 eskola-ekipamenduaren eta Z-1aren arteko espazio librean zehar, eta A-15a Donapean barna Zaragozako etorbidearekin lotuko duen errepidea auzo berriaren perimetroari jarraituz egin dadila, gaur egun Zizur Txikira eta Done Jakue bidera doan errepidearen ondotik.

9.7.2. Geltoki berriak eta Eskualdeko ekipamendu eremuak (Z7-PD14) izanen dituzten bide-loturei dagokienez, uste dute sekzio desberdinetako bide gehiegi eta lotune gehiegi daudela. Horregatik, eta eremu honetarako oso eginkizun garrantzitsua proposatzen dutenez salgaiak banatzeko eremu intermodal gisa, alegatzen dute A-15arekiko konexiorako bi korapiloen arteko bidearen trazadura erraztu egin behar litzatekeela, ibilgailuentzako bide bakarra izan dadin, sekzio zabalekoa eta bi noranzkokoa, zuzena bi korapiloen artean, kamioiei mugimendu guztiak eta A-15ean sartu-irtenak ahalbidetuko dizkiena beste inongo trafikori trabarik egin gabe, ia soilik tren eta kamioien arteko salgai-trukerako izanen dena, eta Aróstegui etorbidearekin maila bereko gurutzagunerik izanen ez duena.

9.7.3. Aróstegui etorbideari dagokionez, uste dute eraikinen arteko 85 metroko zabalera neurriz kanpokoa dela erabat eta alegatzen dute etorbide nagusi honen tamaina berriz aztertu behar dela eta hiriaren eta pertsonen neurrira egin behar dela. Aróstegui etorbidea auzo berria egituratuko duen hiri-bulebarra izatea proposatzen dute. Autoak ibil daitezela bai, baina astiro, eta oinezkoak izan daitezela jaun eta jabe, ez autoak.

Erantzuna: ez da bidezkoa.

Ez da zentzuzkotzat jotzen UPSari kanpoaldeko ingurabideak eskatzea helburua hiri-sarea osatu eta hiria eraikitzea denean, baita etorbide berriekin eta ibai bazterreko parke berriekin ere. Hala ere, gisa horretako bi lotura planteatu dira, Barañain eta Donapea alderantz, Mendebaldeko Saihesbidea (A-15) deitutik datozen bi sarbide berrirekin bat egiten dutenak.

Lehendabizi, Barañain alderantz planteatutako loturari dagokionez, ez da bidezkoa hura berriz aztertzea, Barañaingo erripetan duen eragina Planak ezin duelako bere egin eta ingurumenaren nahiz topografiaren aldetik bideraezina delako.

Geltokiarekiko loturak direla-eta esan beharra dago, lehenik, ez dela geltoki intermodala izanen, nahiz eta ontzat hartzen den trafiko-transferentzia gertatuko den, eta, bigarrenik, trenbideko instalazioen eremuaren barneko bidea berariaz azterturik dagoela trafiko-interferentzien ondoriozko arazorik ez izateko; izan ere, baditu Aróstegui etorbiderako ordezko irteerak ere. Gainera hiri-garraioa sustatu nahi da ibilgailu pribatuen eragina murrizteko.

Geltokiak sarrera bereiziak ditu salgaientzat eta langileentzat; horiek ere, garraiobide publikoetan datozen bidaiarientzako edo ibilgailu pribatuetan datozen bidaiarientzako sarreretatik bereiz, eta azken hauek behar bezain zabalak izanen dira, Sustapen Ministerioaren hasierako aurreproiektuaren arabera.

Aróstegui etorbidearen sekzioari buruzko alegazioari dagokionez, ulertzen da kezka, baina antzeman behar da erdialderako sarbide berri handi honek hiriarentzat duen balioa, zeina ezin baita hipotekatu alderdi fisikoa mugatzen dion diseinua ezarriz. Haren eskala ez dagokio errepide estuaren ondoan nahaspilatuta zegoen jatorrizko auzoari, Iruñeko hiriari baizik. Bai etorbideko abiadurek bai zeharkako erabilerek abiadura moteleko ibilgailuen, garraio publikoaren eta oinezkoen fluxuak bateratzea ahalbidetzen dute. Alboetan aurreikusitako eraikuntzen ezaugarriek, hiri-perspektibak, zarataren gaineko azterlanek eta tranbiarako edo metro arinerako erreserba-erreiek aurreikusitakoa bezalako sekzio zabala sortu dute, ahalik gehien doituz joan dena hiri-izaera gal ez dezan.

Aróstegui etorbidearen zabalera 63 metrora murriztu da. Horrez gain, bulebar erako luzetarako espazioen ezaugarriak erantsi zaizkio haren hiri-diseinuari, oinezkoei begira. Hori guztia antzeman daiteke etorbidearen sekzio berriaren irudian, non ibilgailuen zirkulaziorako eta oinezkoen zirkulaziorako espazio bereiziak lortu baitira, zuhaitzen, hiri hornigarrien eta zerrenda berde zabalen bitartez.

Nolanahi ere, argitu beharra dago alegazioan errepide laster gisa definitzen diren bideen neurriak ez direla inondik inora Pio XII.a edo Nafarroa Beherea bezalako etorbideek izan ditzaketenak baino handiagoak. Benetan dira hiri-bideak, zebra-bide, semaforo, biribilgune, erdibitzaile eta abarrekin; osagai horiek normalean 30 km/h-ra murrizten dute ibilgailuen batez besteko abiadura aurreikusia.

10.-Enrique Miranda García jaunak bere izenean eta Zizur Zendeako Erreniega Udal Taldea ordezkatuz aurkeztutako alegazioa.

Alegazio hauen edukia eta erantzunak puntuz puntu azalduko dira.

10.1. Jendaurreko epeari dagokionez: udal berriak eratzeko garaian izan dela adierazten dute, eta horrela UPSa behar bezala aztertzea galarazi zaiela udal taldeei eta ukitutako udalei berei. Horregatik, jendaurreko epea gutxienez hilabete luzatzeko eskatzen dute, udal organigramak abian jarri eta udal zerbitzu eta batzordeek proiektua aztertzeko denbora izan dezaten.

Erantzuna: ez da bidezkoa. Ikus Nafarroa Bairen 9.1 alegazioari emandako erantzuna, 9. alegazio-idazkiari buruzko atalean.

10.2. Alegatzaileek diotenez, indarra duen legeriaren arabera Zizur Txikiko Kontzejuari entzunaldiaren tramitea egin behar zaio ukitutako toki entitatea den aldetik, baina horrelakorik ez da ageri onetsitako erabakian. Beraz, erabakian behar den aldaketa egiteko eskatzen dute.

Erantzuna: ez da bidezkoa. Zizur Txikiko Kontzejuak, jakina, eskubide osoa du parte hartzeko bizilagunentzako jendaurreko informazioaren prozesuan, zeina hirigintza edo lurralde planeamenduko prozesu orotan izaten baita. Zizur Txikiko Kontzejuak ez du ordea entzunaldirako eskubide berariazkorik, LAHFLaren 45.2.d) artikuluak eskubide hori udalentzat gordetzen baitu, hirigintzan eskumena duten toki entitateentzat hain zuzen ere.

10.3. Haien iritziz trenbide sistemaren azalerak ez du hirigintzako aprobetxamendurako eskubiderik izan behar, bide sistemarekin gertatzen den bezala, garraio sistema baita Mendebaldeko Ingurabidearen moduan, eta trenbide sistemarako lurzoruaren amaierako azalera hasierakoa baino txikiagoa bada soil-soilik eman beharko zaiola aprobetxamendua soberako azalera horri. Bestela ADIFek edo Sustapen Ministerioak legeari iruzur eginen diote, lurzoruaren aprobetxamendua jasoko baitute batetik eta trenbide zerbitzuetarako doako eta zamarik gabeko lurzorua bestetik.

Erantzuna: ez da bidezkoa.

Alegatzaileak azaldutakoa ideia hedatu samarra izan arren, ez da haren planteamendua ontzat ematen.

Interpretazio horren iturburua Hirigintzako Kudeaketari buruzko Erregelamenduaren 47. artikuluan dago. Bertan ezartzen da, arau orokor gisa, jabari eta erabilera publikoko ondasunen hasierako azalera plan baten exekuzioaren ondorioz ateratzen denaren berdina edo txikiagoa denean, batek bestea ordeztuko duela.

Jurisprudentziak ñabardurak erantsi dizkio lehen ideia orokor horri: lehenagoko hirigintza jarduketen exekuzioan, hirigintzako legeriak agintzen duen bezala, doako lagapenen bidez eskuratu ziren jabari eta erabilera publikoko lurzoruetara mugatu du. Ez da aplikagarria, beraz, gaur egun jabari eta erabilera publikokoak diren ondasunak erosketaren edo desjabetzearen bidez eskuratuak badira, edo erosketa nahiz desjabetzeen bidez eskuratutako ondasunen titularra den beste administrazio publiko batenak badira.

Aztertzen ari garen kasuan, UPSaren eremuaren barnean Sustapen Ministerioarenak edo/eta ADIFenak diren lurrak, bistan denez, desjabetuta edo erosita eskuratu ziren jabari eta erabilera publikoko ondasunak dira. Inola ere ez dira lehengo jabeek legearen aginduz dohainik lagatako ondasunak.

Lur horiek, Mendebaldeko Saihesbideko lurrak edo Aróstegui etorbidea bera ez bezala, egungo erabileratik desafektatuko dira eta ondareko lurzoru bihurtuko dira, eraikigarritasuna sor dezaketen lurren poltsan sartuz, eta, beraz, gainerako jabeen baldintza berberetan hirigintzako aprobetxamendurako eskubidea sortuko dute.

Egoera hori erabat berretsita gelditu da Lurzoruari buruzko Legean eta beraren Testu Bategin indardunean, 2/2008 Legegintzako Errege Dekretuak onetsi zuen horretan. Testu Bateginaren laugarren xedapen gehigarriak 190.bis artikulua gehitu dio Administrazio Publikoen Ondareari buruzko 33/2003 Legeari. Ukitutako higiezinen hirigintzako araubidearen gainekoa da eta honela dio hitzez hitz: "Estatuaren eskumeneko erabilera eta zerbitzuetarako diren lurrak, edo haiek ukitutakoak, lurraldea eta hirigintza antolatzeko tresnaren batek urbanizazio jarduketa baten eremuan sartzen dituenean edo hari atxikitzen dizkionean, Estatuko Administrazio Orokorrak edo erakunde publiko titularrak, lur horiek desjabetuz edo kostu bidez eskuratuak baditu, onuren eta zamen berdinbanaketan parte hartuko du hirigintzako legeriak ezartzen duen moduan".

Jurisprudentziak adierazi du halako ondasunei aprobetxamendurik ez aitortzea jabe partikularren mesederako eta administrazio publikoen kalterako dela, jabe partikularrei mugatu edo murriztu egiten baitzaie jabari eta erabilera publikorako lurrak dohainik lagatzeko betebeharra.

Ezin da zalantzan jarri, bestalde, hirigintza-garapeneko jarduketa batetik onura ateratzen duten lur jabeek eta, oraingo honetan, Sustapen Ministerioak edo/eta ADIFek, lur jabe diren aldetik, behar adina lur laga behar dutela (LAHFLaren 200.b artikulua) planeamendu orokorrak haien eremuaren barnean kokatzen dituen edo haien eremuari atxikitzen dizkion sistema orokorren exekuziorako.

Legeak ez du bereizten sistema orokor horien titularra nork izan behar duen, udalak edo beste administrazio publiko batzuek; hori antolamenduaren izaeraren eta eraginaren araberakoa izanen da. Kasu honetan, UPSak proposatzen duen hirigintza-berrantolamenduaren abiaburu eta funtsa da trenbidea berrantolatzea Iruñeko trenbide begizta kentzeko eta tren geltoki berria eraikitzeko. Beraz, zentzuzkoa da lurrak dohainik laga daitezela proposatzea UPSa eragin duen trenbide sistema orokorra ordezteko.

Dudaren bat balego ere, 10/1994 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onesten duen 85/1995 Foru Dekretuak (gaur egun indarra du LAHFLri aurka egiten ez dion guztian) 10.1.A artikuluan dio sistema orokortzat jo behar direla lurraldearen egitura organiko eta funtzionalaren funtsezko elementu hauek, biztanle guztien zerbitzu orokorrekoak; betiere erabilera eta jabari publikokoak badira: "A) Sare orokorreko azpiegiturak, xede hauek badituzte:-Komunikazioak, bai hirikoak bai hiriartekoak, eta horiei loturiko beste instalazio guztiak, hala nola tren geltokiak..../...."

Laburbilduz, lurzoruari buruzko hirigintza-legeriak berak manu berri bat erantsi dio administrazio publikoen ondarearen gaineko legeriari, administrazio publikoei hirigintzako aprobetxamendua aitor dakiela eskatuz, eta hirigintzako legeriak berak dio jabeek dohainik laga behar dituztela jabari eta erabilera publikoko sistema orokorretarako lurrak, besteak beste tren geltokietarako eta era guztietako komunikazio sareetarako direnak.

10.4. Hirigintzako antolamenduaz: alegatzaileek benetan desegokia deritzote, ez dakarrelako ideia garbirik, hiri diseinua antolatu eta zuzenduko duen ideiarik, alegia. Etxebizitza-guneen, parkeen eta eremu libreen arteko lotura iluna da, berdeguneak eta ekipamendu eremuak etxebizitzetatik urrun daude eta parkeak eskualdekoak dira tokikoak baino areago. Ez da oinezkoentzako hiri-ingurune egokirik izanen eremuan.

Bestalde, etxebizitza asko eraistea aurreikusten da, egungo biztanleen kalterako, eta hirigintza iraunkorraren printzipio oinarrizkoenen aurkako planteamendua egin da, dagoenari eutsi eta ahalik eta gehien berreskuratzea izan behar baita abiapuntua.

Ondorioz, alegatzaileek hau eskatzen dute: a) UPSaren eremuko antolamenduaren oinarrizko planteamenduak berriz aztertzeko eta diseinu iraunkorragoa bilatzeko, etorkizuneko biztanleak hiri ingurune orekatu eta integratuan bizi daitezen, etxebizitzen, ekipamenduen eta eremu libreen artean lotura zuzena izan dadin eta ekipamendu horiek erdian koka daitezen, pertsonen eskura; eta b) eremuko antolamenduaren oinarrizko helburua izan dadila gaur egungo etxebizitza eta ekipamenduetatik ahalik eta gehienak mantentzea, horiek zaharberritzeko, eraitsi beharrean.

Erantzuna: ez da bidezkoa.

Proposatutako antolamenduak badu ideia garbi bat, hain zuzen ere hiri espazio trinko bat sortzea, erdialdea den baina paisaiari irekita dagoen hiri bat, zabalgune itxien ohiko antolamenduetatik eta horiek dakarten uniformetasunetik urrun, nahiz eta dentsitateak baliatu bizi inguruneak lortzeko eta gune bereziak nabarmentzeko. Ekipamenduei dagokienez, esan behar da horiek ez daudela etxebizitzetatik urrun, planoetan argi ikus daitekeen moduan. Izan ere, trenbide estalien gaineko parkearen ondoko ekipamenduak izan ezik, beste guztiak erdialdean kokaturik daude. Bestalde, berdeguneak direla-eta, bistan denez, Elortz ibaiari eta Barañaingo erripei lotutako parkeak lehenetsi dira, egokiagoa baita eremu honek berez dituen espazio naturalei eustea eta eremuaren barnealdean sortzea bizilagunen topaleku izanen diren espazio libreak (pasealekuak eta plazak), horiek espazio hiritarragoak izanen baitira.

Gaur egun Urdanoz multzoari loturik funtzionatzen ari diren ekipamendu guztiak mantendu eta eremuko planeamendu berrian sartuko dira, Nicasio Landa ikastetxe publikoa izan ezik, hori erabat berritu behar baita bere hiri ingurune berriari eta hezkuntzaren arloko behar berriei egokitzeko. Gaur egungo kokalekuaren ondoan kokatuko da, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuarekin adostutako eran.

Antolamenduak oinarrizko helburu izan behar du eremu honek dituen aukerei eta etorkizuneko egoerari erantzutea Iruñerriko eskualdeari begira. Hortaz, eraikin bereziak bakarrik zaharberrituko dira, ezin baita halakotzat hartu etxebizitza multzo sakabanatu eta zatikatu bat, diseinuan egokitu ahal izateko behar lukeen hiri egitura zehatza falta duena.

10.5. Alegatzaileek diote antolamenduak ez dituela kontuan hartzen eremuan eskumena duten udalen arteko muga administratiboak, etxebizitza-guneak eta horiek hiri elementuekin (ekipamenduak, parkeak, espazio publikoak) izanen duten lotura diseinatzeko garaian.Horregatik eskatzen dute antolamendu berria modu koordinatuan diseinatu dadila eta UPStik bertatik proposamena egin dadila udalerrien arteko muga administratiboak berrantolatzeko, horrela eremu guztien etorkizuneko funtzionamendu administratiboa bermatuko baita. Zentzuzkoa da bizitegitarako erabilera, loturik dituen ekipamenduekin batera, oso-osorik Iruñean egotea.

Erantzuna: ez da bidezkoa.

UPSak lotesleak ez diren ideia eta irizpide batzuk planteatzen ditu jada, udalerrien arteko mugak berrantolatzeko espedientea tramitatzeari begira, eta balorazio ona egin diete Zizur Nagusiko eta Zizur Txikiko Zendeako udalek, beste arrazoi batzuen artean, bizitegitarako erabilera berriaren zatirik handiena Iruñeko udal mugapeak bere gain hartzea proposatzen duelako.

Ez dago inola ere, bestalde, udalerrietako mugak berrantolatzeko espedientea planeamenduaren espedientearekin batera tramitatu beharrik edo bigarrenak lehenbizikoa baldintzatu beharrik. Toki Araubideari buruzko legeriak horretarako prozedura berariazkoa ezartzen du eta egokiagoa dirudi, kasu honetan, hura bereiz tramitatzea behin betiko onetsitako planeamenduarekin edo, are hobeki, behin betiko onetsitako birzatiketarekin batera.

Kasu honen berezitasunek galarazi egiten dute udalerrien arteko mugen berrantolaketan azalera aintzat hartzea. Udal bakoitzak zenbateko azalera jarri hainbeste jaso, hori ezinezkoa izanen da. Beraz, esku artean dugun dokumentuaren logikaz haragoko azterlan ekonomiko-finantzarioa egin beharko da, eta horretarako, lurzati eraikigarriak udal ukituei zehazki nola esleituko zaizkien jakin beharra dago.

10.6. Adierazten dute zerbitzu eremua eta Aróstegui etorbidea erabilera bioteknologikoetarako izanen direla esanez lurzati horien okupazioa eta xedea gehiegi zehaztu direla eta ea ez ote den sustatu nahi Nafarroako Unibertsitateari, CIMAri eta abarrekoei lotutako jardueren ezarpena.

Erantzuna: ez da bidezkoa. Nafarroako Lurralde Estrategiaren helburuetarako ezarri nahi da eremu bioteknologikoa, izan ere estrategia horrek bioteknologiako ikerkuntza bultzatu nahi baitu eta Nafarroa Estatuko eta Europako erreferente bilakatu. Gainera, Iruñeko ospitale, irakaskuntza eta biomedikuntza gunetik hurbil gaur egun dagoen garapen-eremu bakarrean kokatuko da. Gune horretan badaude sektore publikoaren instalazioak eta sektore pribatuarenak. Ez dago inolako oinarri tekniko edo juridikorik baieztatzeko bioteknologiako erabilerek zuzeneko zerikusia dutela Nafarroako Unibertsitateari edo CIMAri lotutako jardueren ezarpena sustatzeko asmoarekin.

10.7. Uste dute UPSak neurriak hartu behar dituela urbanizazio eta eraikuntza obretako hondakin inerteak edo kutsatuak (Inquinasa) behar bezala kudeatu daitezen eta ahalik hondakin gutxien sor dadin. Horregatik eskatzen dute hiri diseinuaren bitartez ahalik gehien murriztu daitezela urbanizazio eta eraikuntza obretan sortuko diren hondakinak, eta UPSaren eremuaren barnean hondakindegiak aurreikus daitezela.

Erantzuna: ez da bidezkoa.

Eraikuntzako hondakinen kudeaketa Ingurumen ondorioen azterlanean jasotako prebentzio eta zuzenketa neurriekin bat datorrela esan beharra dago.

Inquinasako lurrei dagokienez, Huntsman Advanced Materials Spain, S.L. enpresak "Lurren ikerketaren gaineko amaierako txostena" eta "Arriskuen azterketa kuantitatiboaren (QRA) gaineko txostena" aurkeztu zituen eta Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak txostena egin zien 2007ko abuztuan. Bi azterlanok egiterakoan kontuan hartu da tokia gaur egun industriarako erabiltzen dela eta etorkizunean hiria izanen dela.

Urbanizazio proiektuak aintzat hartu beharko ditu Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuaren txosten horretako ondorioak, bai etorkizuneko egoerarekin (barne espazioak, hala nola etxebizitzak edo merkataritzako eraikinak) bateragarriak ez diren erabilerei dagokienez, bai hondeaketa lanetan ateratzen den lurra eta lurpeko ura kudeatzeari dagokionez ere; material horien ezaugarriak behar bezala zehaztu beharko dira aldez aurretik.

11.-Marine Pueyo Danso andrearen eta Oscar de Miguel Sagardia jaunaren alegazio-idazkia.

Alegazio hauen edukia eta erantzunak puntuz puntu azalduko dira.

11.1. UPSaren figurari buruz: alegatzaileen iritziz ez da bidezkoa UPSaren figura erabili izana, LAHFLan ezarritakoaren arabera; iruzurrez erabili da, helburu mota posibleak nahasiz, etxebizitzaren arloko espekulazio hutsezko eragiketa erraldoi bat justifikatzeko; horren xede bakarra da behar adinako finantza-ahalmena biltzea AHTaren geltoki berria egin ahal izateko eta geltoki zaharra eraitsi ahal izateko. Hortaz, alegatzen dute UPSaren figura geltokia eraikitzeko eta haren eraginpeko inguru hurbilerako soilik erabili behar litzatekeela, eta udalei utzi beren planeamenduak garatzen errealitate berria kontuan hartuz, orain arte egin duten bezala.

Erantzuna: ez da bidezkoa.

Nafarroako Gobernuak 2007ko maiatzaren 21ean hartutako erabakiak, "Abiadura Handiko Trenaren Iruñeko geltoki berriaren eremua eta Iruñeko antzinako tren geltokiaren eremua garatzeko Plana" udalez gaindiko plan sektorial deklaratzen duenak, alegazio honi erantzuten dio azalpen zatiaren III. atalean, "Udalez gaindiko plan sektorialaren figura zergatik hautatu den" izenburupean. Honela dio hitzez hitz:

"Lehenago azaldu den bezala, Planaren bidez konplexutasun handiko arazo batzuetarako konponbideak eman nahi dira, hala nola, Iruñerria zeharkatzen duen trenbide begizta kendu eta tren geltokia lekuz aldatzea; Inquinasa lekuz aldatzea, lantegi horrek, trenbidearekin batera, inguruaren zentzuzko garapenerako edozein aukera baldintzatu izan baitu; Etxabakoitz auzoa berregituratzea, hiri sare egokiaz hornituz eta inguru horrek guztiak izan dituen errepide defizitak eta gabeziak betez; eta egungo geltokiak hartzen duen tokia berregituratzea. Definitutako eremuen antolamenduak dituen izaera eta ezaugarriak, aurrez aurre izanen dituen magnitudeak eta haren exekuzioari ekiteko modua ikusirik, bidezkoa da, inolako zalantzarik gabe, udalez gaindiko plan sektorialaren figura hautatzea. Tresna hori da egokiena nahi diren helburuak lortzeko, eta beraren xedea, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legeak dioenez, hain zuzen ere etxebizitzetarako, jarduera ekonomikoetarako edo ekipamenduetarako jarduketak antolatzea da, halako jarduketek, beren tamainagatik, garrantziagatik edo ezaugarri bereziengatik, egiten diren udalerritik edo udalerrietatik kanpo ere eragina dutenean.

Beste alde batetik, plan sektorialetako zehaztapenak lotesleak dira ukitutako toki entitateen udal planeamenduarentzat eta, horregatik, bestela nekez ezar litezkeen antolamendurako neurri eta zehaztapenak ezartzea ahalbidetzen dute. Modu horretan, Plan Sektorialak bere antolamendu-zehaztapenak ezarri ahal izanen ditu ukitutako udalerrietako planeamenduen gainetik, eta udalek zehaztapen horiek bere eginen dituzte, nahiz eta haietako batzuek ez zuketen euskarririk izanen ukitutako hiri planeamenduetako arauen argitan, bereziak izateagatik jarduketa berezi baten barnean bakarrik justifikatzen ahal diren antolamendu-erabakiak eragotziz. Izan ere, Plan Sektorialak erabilera, intentsitate, garaiera, aprobetxamendu, lagapen eta abarrekoei buruz definitzen eta ezartzen dituen zehaztapenak ez lirateke ezartzen errazak, helburu, planteamendu, metodologia eta araudi guztiz desberdinak dituzten hiru hirigintza-planeamendu batera aintzat hartu behar balira."

11.2. Alegatzaileek diote UPSan ez dela justifikatzen AHT tren eredua Nafarroan ezartzearen arrazoia. Uste dute oinarrian ez dagoela gizarte onurarekin zerikusia duen irizpiderik, elite ekonomiko jakin batzuen interesa eta eraikuntzako enpresen asetu ezina baizik, eta onuraren ordez eragin ekologiko izugarria eta kostu sozial handia ekarriko dituela. Horregatik, Nafarroarentzat AHT tren eredua gaitzesten dute eta geltoki berria beste tren mota batzuetarako egokitzeko eskatzen dute.

Erantzuna: ez da bidezkoa.

Ez dagokio UPS honi AHTaren garraio modalitatea Nafarroarentzat egokia dela frogatzea: bai trenbidearen trazadura bai geltoki berria UPSaren baldintzatzaileak dira, ez UPSko proposamenak. Ildo horretan komeni da adieraztea zein den UPSaren xedea: hirigintza antolatzeko tresna izatea Abiadura Handiko Trenaren Iruñeko geltoki berria kokatuko litzatekeen eremuetan eta gaur egungo tren geltokiaren lekualdaketaren ondorioz libre geldituko litzatekeen eremuan.

AHTaren trazadura, Nafarroan, Kantauritik Mediterraneorako Abiadura Handiko Trenbide Korridore deituaren barnean dago. Nazioko Gobernuak 2005eko uztailaren 15ean onetsitako Azpiegituren eta Garraioaren Plan Estrategikoan (PEIT) ezarritakoaren arabera, Kantauritik Mediterraneorako Korridorea bidaiarien eta salgaien trafiko mistorako abiadura handiko linea izanen da, kostalde mediterraneoa eta atlantikoa lotuko dituena, bi eremu geografiko garrantzitsu horien arteko lotura egon dadin, penintsularen erdialdetik igaro beharrik izan gabe.

"Ipar-ekialdeko Abiadura Handiko Trenbide Korridorearen Castejón-Iruñerria tartea" eta "Iruñerriko trenbide sare berria. Trenbidearen kizkurgunea kentzea eta geltoki intermodal berria" izeneko proiektuen gaineko informazio azterlanak jendaurrean jarri ziren eta txosten ofizialak egin zitzaizkien. Jendaurreko informaziorako iragarkiak argitaratu ziren 2003ko otsailaren 18ko Estatuko Aldizkari Ofizialean eta 2003ko martxoaren 5eko Nafarroako Aldizkari Ofizialean, "Ipar-ekialdeko Abiadura Handiko Trenbide Korridorearen Castejón-Iruñerria tartea" proiekturako, eta 2001eko urriaren 18ko Estatuko Aldizkari Ofizialean eta 2001eko azaroaren 5eko Nafarroako Aldizkari Ofizialean, "Iruñerriko trenbide sare berria. Trenbidearen kizkurgunea kentzea eta geltoki intermodal berria" proiekturako.

Jendaurreko informazioaren espedienteak eta informazio azterlanen behin betiko onespena, hurrenez hurren, Azpiegituretarako eta Plangintzarako Estatu Idazkaritzak 2004ko uztailaren 21ean eta 2004ko uztailaren 7an emandako ebazpenetan ageri dira.

11.3. Alegatzaileen iritziz, aukera eremua, UPSan adierazitakoaren kontra, ez du AHTaren geltokiaren instalazioak sortuko, geltokiaren kokapen estrategikoak eta proposatzen zaion hiri inguruneak baizik, non geltokia ez baita agente aktiboa, pasiboa baizik.

Erantzuna: ez da bidezkoa.

Hain zuzen ere UPSaren helburua, II. eremuan, etxebizitza-gunea garatzea da, egungo geltokia dagoen lekua berreskuratuz. Horrela, orain arte trenbideak banatzen zituen hiriko bi aldeen arteko etenunea beteko da.

Tren geltoki berriaren ingurune urbanizatuan, aldiz, etxebizitzak eta hirugarren sektoreko erabilerak daudenez, geltokiaren ezarpenak izan dezakeen eragin negatiboa arintzeko neurriak aurreikusten dira; besteak beste, burdinbideen tarte luze bat estaltzea. Proiektuak aldatu eginen du bi ingurune horiek gaur egun duten itxura industrial eta hondatua, hiriko habitat erakargarriak sortuz, eta horietan aukera ekonomikoetarako eremuak integratuko dira.

Geltoki berria eta haren ezarpenaren haritik sortutako proposamen osoa Iruñerriaren lotura garrantzitsua izanen da Foru Komunitateko beste eskualde batzuekin eta horien arteko harremanak eraginen ditu bai azpiegituren mailan, bai zerbitzuen eta beste lurralde-ekipamendu batzuen mailan.

Geltoki berria, halaber, eskualdean begi bistako ondorioak dituen jarduketa baten erdigunea da. Ondorio horien artean azpimarragarriak dira udalez gaindiko zenbait ekipamenduren aurreikuspena, gaur egungo hirietako bideak elkarren artean eta beren hurbileko inguruarekin lotzea, eta garraio publikoaren garapena.

UPSan jasotako jarduketek erantzuna eta jarraipena eman nahi dizkiete beren inguruko hirigune guztiei. Bereziki, tren geltoki zaharra eta trenbideko begizta kentzen direnean, bera ez bezalako ingurune baten erdian oztopo fisiko handia izan den eremu bat erabilgarri geldituko da.

11.4. Aukera eremua, alegatzaileen iritziz, Opus Deiren eta nafar eskuinaren interesak ezkutatzeko eta haien hiri eredua indarrez ezartzeko estalkia da. Ildo horretan proposatu omen da bioteknologiaren sektorearentzat eremu teknologikoa sortzea, Nafarroako Opus Deiren jarduerari lotua. Ezbaian jartzen dute, halaber, bioteknologiaren sektorearentzat izanen diren azaleren homogeneizazio koefizientea eta babes ofizialeko etxebizitzena parekoak izatea, eta eremu bioteknologikorako aurreikusten den espazioan ekipamendutarako lau lurzati kokatu izana ere bai, lurzati horiek auzoari lotu behar zaizkiola uste baitute.

Erantzuna: ez da bidezkoa.

UPSaren bidez arazo batzuetarako konponbide orokorrak eman nahi dira, hala nola, Iruñerria zeharkatzen duen trenbide begizta kendu eta tren geltokia lekuz aldatzea; Inquinasa lekuz aldatzea, lantegi horrek, trenbidearekin batera, inguruaren zentzuzko garapenerako aukera guztiak baldintzatu izan baititu; Etxabakoitz auzoa berregituratzea, hiri sare egokiaz hornituz eta inguru horrek guztiak izan dituen errepide defizitak eta gabeziak betez; eta egungo geltokiak hartzen duen tokia berregituratzea.

Aukera eremuari buruzko aipamena dela-eta, esan beharra dago Eskualdeko Hirigintza Arauetan ezarritako aukera eremuetako bat hauxe dela: "AO.4: Etxabakoitz, Larrazkuntzea, geltoki berria".

Nafarroako Lurralde Estrategiaren helburuetarako ezarri nahi da eremu bioteknologikoa, izan ere estrategia horrek bioteknologiako ikerkuntza bultzatu nahi baitu eta Nafarroa erreferente bilakatu Estatuan zein Europan. Nafarroako Garapen Ekonomikoaren Ereduak (Moderna), bestalde, medikuntzako bioteknologiaren garapena lehentasunezko elementutzat jotzen du, beste batzuen artean, eta halako elementuentzat gaur egun dagoen enpresa sarea ekipamendu berrien bitartez handitzeko beharra aipatzen du. Horretarako kokagune egokia da UPSa gauzatzeko planteatu den eremua, hots, "AO.4 aukera eremua: Etxabakoitz, Larrazkuntzea, geltoki berria".

Homogeneizazio koefizienteei dagokienez, Pedro Huarte Iribarren jaunak Zizur Nagusiko Udala ordezkatuz aurkeztu duen 8. alegazio-idazkiko 8.4 alegazioari emandako erantzunean homogeneizazio koefizienteen gaia aztertzen da eta bidezkoa da alegatzaileei bertara jo dezatela adieraztea.

11.5. Uste dute UPSak bertan behera utzi duela Etxabakoitzen auzo berria eratzeko eginkizuna, proposaturiko antolamenduan aurkezten dena ez baita barne-batasuna baduen eta izaten jarraitu nahi duen auzo bat, lurraldea egituratzeko elementuen osagarri soil bat baizik. Antolamendu-proposamen horren berehalako emaitza da Urdanoz multzoa bazterrean uztea, lotura-bideek gainerako hiri espazioetatik bereizten dutela; eskualdearentzat kirol ekipamenduetarako eremu handi bat aurreikustea, auzoarentzat, aldiz, behar adinako kirol eremurik bermatu gabe, eta proposaturiko bideen trazadurekin gaur egungo kirol eta aisiako instalazioak handitzeko aukera hipotekatzea.

Erantzuna: ez da bidezkoa.

Urdanoz multzoaren oraingo egoera nabarmen hobetuko da. Arazo bakarra kokapenarena da: Elortz ibaiaren bazterrean dagoen etxe multzo hori berez inpaktu bat da eta ibai ondoko hiri parkea izan behar lukeen tokian kokaturik dago.

Hala ere, Urdanoz multzoa hiri parke berri baten erdian egonen da, erdialdeko ekipamendu eremuetatik eta Etxabakoitz Iparraldeko eta Barañaingo hirigune garaiarekiko lotura berrietatik hurbil, eta urpean geratzeko gaur egun duen arriskua nabarmen murriztuko zaio.

Diseinu prozesuan bideak hiritartu egin dira, bizilagunek elementu bateratzaile gisa uler ditzaten, eta ez hiria zatitzen duen elementu bereizle gisa. Bide berriek ibaian duten eragina murriztu eginen da eta planteatutako biribilgunea Urdanoz multzotik urrutixeago kokatuko da, tartea utziz berdegune bat sortzeko (trantsizio gune gisa), jolasleku eta Elortz ibaiko parkerako sarrera izan litekeena.

UPSan proposatzen ziren bi zubiei dagokienez, haietako bat kendu eginen da, toki horretan ibaia hainbeste ez estutzeko eta Urdanoz multzotik irispide zuzenagoa izan dadin Elortz Ibaiko Parkera.

Erabilera anitzeko bi ekipamendu berri proposatzen dira Urdanoz multzoari zuzenean lotuta. Gaur egun funtzionatzen ari diren ekipamenduei eutsiko zaie eta oraingo toki bertsuan birkokatuko da gaur egungo hezkuntza ekipamendua (Nicasio Landa ikastetxea), etorkizunean handitzeko eta auzoaren behar berriei egokitzeko espazioarekin.

Azkenik, etxe multzoaren ondoan aurreikusten zen aparkalekua kendu egin da, eta, aparkatzeko toki horien ordez, proiektaturiko bideei lotutako aparkalekua ezarri da.

12.-Esteban Ezpeleta Marticorena jaunaren alegazio-idazkia.

Edukia: eskatzen du Zizur Zendeako 1. poligonoko 83., 373., 445. eta 454. lurzatiak, Ezpeleta familiarenak, UPSko I. eremuan sar daitezela dagokien aprobetxamenduarekin batera, edo 373., 445. eta 454. lurzatiak bederen sar daitezela, aparte utzitako triangelua osatzen baitute, Zizur Txikirako errepidearen, Mendebaldeko Ingurabidearen eta errepide horretatik datorren sarbide berriaren artean, inongo hirigintza garapenetan egokitzeko aukerarik gabe.

Erantzuna: ez da bidezkoa. Aipatu lurzatiak nahiko handiak dira gaur egungo nekazaritza erabilerari eusteko, eta ezin dira espazio degradatu edo baztertutzat jo. Gainera, lurzati horietarako sarbide den tokiko bide sistema mantendu egin da UPSan.

13.-Alberto Zoco Huarte jaunak Kosmópolis residencial Villaverde S.L. enpresaren izenean eta hura ordezkatuz aurkeztutako alegazio-idazkia.

Edukia: alegatzen du oker bat aurkitu duela Planeko memorian. Kosmópolis Residencial Villaverde enpresarena den Iruñeko 4. poligonoko 2679. lurzatiaren azalera gaizki dago eta aldatzeko eskatzen du, hots, 873,51 m2jartzeko, tituluan eta katastroan ageri den moduan.

Erantzuna: bidezkoa da. Baiesten da alegazioa, erabili izan den irizpide orokorrari jarraituz: lurzati guztiei katastroan ageri den azalera esleitzen zaie, baina horrek ez du esan nahi horixe hartu behar denik benetako azaleratzat birzatiketaren ondorioetarako.

14.-Jesús Cia Aldaba jaunaren alegazio-idazkia.

Edukia: Zizur Nagusiko 2. poligonoko 828. lurzatiaren jabea da eta UPSko I. eremuan sar dadila eskatzen du. Mendebaldeko Ingurabideak eta Elortz, Arga eta Sadar ibaietako parkeak lurzati hori ukitzen dute eta ezer eraikitzeko aukerarik gabe eta sarbiderik gabe uzten dute. Mendebaldeko Ingurabidearen eta ibaiaren arteko triangelua berdegune eta espazio libre publikoetan sartzen ahal da, eta horrela hirigintzako aprobetxamendua esleitu ahalko zaio lurzatiari.

Erantzuna: ez da bidezkoa. UPSak ez du oraingo egoera aldatuko, lurzati hori berdegune publikoz inguratuta baitago eta gaur egungo nekazaritza erabilerari eusteko moduan. Aipatu lurzatietarako sarbide den tokiko bide sistema mantendu eginen da. Planeamenduaren abiapuntu izan zen administrazio publikoen arteko hitzarmenean definituriko lurralde erreserbak finkatu du UPSko ipar-mendebaldeko muga.

15.-Manuel Burguete Zubillaga jaunak Barañaingo Udala ordezkatuz aurkeztutako alegazio-idazkia.

Alegazio hauen edukia eta erantzunak puntuz puntu azalduko dira.

15.1. Barañaingo udal mugapea UPSan sartu ez izanari buruz: alegatzaileak dio UPSko memorian adierazitakoaren arabera UPSko I. eremua Barañaingo, Iruñeko, Zizur Nagusiko eta Zizur Txikiko udalerriek mugatzen dutela eta UPSak eragin eta ukipen nabarmenak dituela Barañaingo udalerrian, ez bakarrik antolamenduarengatik eta horrek sortzen dituen ukipenengatik (bideak, ekipamenduak, zerbitzuak etab.), baita udalerriko esparru fisikoaren beraren ikuspuntutik ere.

Halaber, UPSan modu xehakatuan antolatzen dira katastroko 504. lurzatia eta bideetarako 8045. lurzatia, biak Barañaingoak eta UPStik kanpokoak. Horrela, Barañaingo planeamendua Z-1 zonaren eta berdegunearen antolamenduaren mende dago eta, gainera, irabazteko aprobetxamendu mota guztiak kendu dira.

Bestalde, Barañaingo udal mugapearen barnean badu eragina Iruñeko etorbidearen, Kirolen etorbidearen eta Aróstegui etorbidetik Kirolen etorbiderako bide berriaren arteko bidegurutzerako proposatu den biribilgune berriaren diseinuak, baita Iruñeko etorbidean dagoen erdibitzailean itxuraz eginen den aldaketak ere.

Azkenik, UPSan sartutako ARS-5 eremua Barañaingo udal mugapekoa dela adierazten du, eta zerrenda hori zenbait tokitan 8 metro barneratzen dela.

Eta zalantzarik balego ere, Memoriaren 6.4 puntuan aditzera ematen da Barañaingo lurrak Iruñera aldatuko liratekeela udal mugapearen bananketa partzial baten bitartez. Horrek are argiago erakusten du eremuak barnean hartu behar duela Barañain.

Esandako guztiak agerian jartzen du Barañain ukituta dagoela eta proposaturiko antolamenduaren barnean sartuta. Hortaz, Barañaingo 504. eta 8045. lurzatiak UPSaren eremuan sartzeko eskatzen da, eta Sustapen Ministerioko Mugaketen eta Eskala Handien Zerbitzuak ezarritako udalerrien arteko muga onar dadila.

Erantzuna: ez da bidezkoa.

ARS-5 banaketa eremuak (Etxabakoizko U.I. XX unitateko S-1 sektorea eta atxikitako GSA-1 sistema orokorra) ez du inon ere inbaditzen Barañaingo udal mugapea, eremu hori garatzeko prozeduran zehaztuta gelditu den bezala. Garapenerako plan partziala tramitatu zen, eta hura behin betiko onesteko erabakia 2007ko abuztuaren 22ko Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, 104. zenbakian.

505. lurzatia UPSan sartzeari dagokionez, horren aldeko txostena eman da jada, baina horrek ez du esan nahi Barañaingo Udala Partzuergoaren kudeaketa-eremuan sartzea beharrezkoa denik, lurzati horren azalera oso txikia baita UPSaren eremu osoaren aldean.

8045. lurzatia UPSan sartzeko eta Iruñeko eta Barañaingo udalerrien artean Sustapen Ministerioko Mugaketen eta Eskala Handien Zerbitzuak ezarritako muga onartzeko eskaerari dagokionez, esan beharra dago 8045. lurzatia gaur egungo bide bat dela, eta nolanahi ere eremuaren mugaketa aztertu eginen dela birzatiketa proiektua egiten denean.

15.2. Proposaturiko antolamenduaz (Barañaingo udal mugapea ukitzen duen aldeetan), alegatzaileak dio UPSan aparkatzeko toki gutxiegi aurreikusten dela, egitekoak diren etxebizitzen kopurua kontuan izanik; ondorioz Barañaingo aparkalekuak gehiago beteko dira eta orain dagoen arazoak okerrera eginen du. Horregatik, Z. 2 zonako 1. eta 2. lurzatietan etxebizitzen kopurua murrizteko eta lurzati horien barneko zirkulazioak berriz aztertzeko eskatzen du.

Alegatzaileak dio, bestalde, Aróstegui etorbidea eta Kirolen etorbidea lotzen dituen bideak ez duela tratamendu bera tarte guztietan: tarte batzuetan badu erdibitzailea eta besteetan ez. Horregatik, Urdanoz multzoko biribilgunetik Kirolen etorbidera egitekoa den bideari eta Aróstegui etorbidetik aipatu biribilgunera egitekoa denari tratamendu berdina emateko eskatzen du, eta biribilgune horretan aldaketa egiteko, Barañaindik A-15erantz irtetean eskuinerako bira hain bortxatua izan ez dadin.

Erantzuna: bidezkoa da neurri batean.

Z.2 sektorean aparkatzeko toki gehiago proiektatuko dira, lotura-bidearen bi alboetan tokiak gehituz. Berriz aztertu dira Z.2 sektoreko lurzatien barneko zirkulazio guztiak. Aparkatzeko tokien kopuruak Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legean eskatzen diren estandarrak betetzen ditu.

Etxebizitzen kopurua murriztu egin da Z1 sektorean, hasierako onespeneko Z1-P9 eta Z1-P9 lurzatiak planeamendutik kenduz.

Urdanoz multzoko biribilgunea eta Kirolen etorbidea lotzen dituen bideak eta Aróstegui etorbidetik Urdanoz multzora doanak ezin dute diseinu bera izan, oso espazio desberdinak direlako, lurraren ezaugarri topografiko erabat desberdinek markatuak; hala ere aintzat hartuko da bide honetan erdibitzailea ezartzeko aukera.

Urdanoz multzoaren ondoko biribilguneari dagokionez, lotune horretan aldaketa handia egin da Elortz ibaiaren gaineko gurutzegune bikoitza kentzeko eta espazio libre gehiago uzteko Urdanoz multzoaren ingurunean. Biribilgune berria diseinatu da eta horrek hobetu egiten du Barañainen eta A-15era doan bidearen arteko lotura.

15.3. Ekipamenduak direla-eta: alegatzaileak uste du I. eremuko ekipamenduak oso txikiak direla eremu osoaren aldean. Horregatik, Z-1 zonan hainbeste etxebizitza kokatu ordez, ekipamendu handietarako erreserba egin dadila gomendatzen du.

Erantzuna: ez da bidezkoa.

UPSak betetzen ditu 35/2002 Legean ezarritako ekipamendu-estandarrak. Eremu horretan ekipamendutarako lurzati bat erreserbatzen ari da, Z1-PD1 lurzatia hain zuzen, nahikoa dena Z1 sektorerako, are gehiago sektore horretan etxebizitza kopurua murriztu ondoren.

Ekipamenduen banaketa, erabileren planoan (C0403-1 P.0600. I. eremua. Erabilerak) argi ikus daitekeenez, bizitegitarako unitateen banaketaren arabera orekatu da, betiere ezaugarri topografikoak eta sektore bakoitzaren ingurunea kontuan hartuz.

15.4. Eremutik kanpokoak diren eta Barañaingo udal mugapea ukitzen duten urbanizazio kostuei buruz: alegatzaileak adierazten du urbanizazio obrak eginen direla, bistan denez, UPSaren eremutik kanpo eta Barañaingo mugapean (ez bada Barañaingo mugapea eremuan sartzen), eta horregatik eskatzen du obra horiek ez daitezela izan lehendik dagoenaren gaineko erremate edo adabaki hutsak, Iruñeko etorbidearen eta Zizur Zendeako ingurabidearen tratamendu integrala baizik, eta UPSaren sustatzaileen kargura ordain daitezela.

Erantzuna: ez da bidezkoa.

Iruñeko etorbidearen eta Zizur Zendeako errondaren urbanizazioa, Barañainekin muga egiten duen lau erreiko bide-ardatza osatu artekoa, aurreikusitako urbanizazio kostuetan sartu da. Lurzoru urbanizagarriaren jabeek, beren kargura oso-osorik, sistema orokorren indargarri gisa, Barañaingo etorbidearen eta Oltza Zendeako ingurabidearen arteko lotura-bidea egiteko obra guztiak ordaindu behar dituzte. Obra horien barnean, tarteko bidea, hots, Zizur Zendeako ingurabidea, diseinu bateratuari egokitu behar zaio, aldaketak eginez zintarri eta espaloietan, erdibitzaileetan, asfaltozko zoladuran, pinturan eta hiri-altzarietan.

Barañaingo "Eultzako Jaurerria" eremuan bidearen trazadura bertako urbanizazio proiektuaren bitartez behin betiko zehazten ez den artean, behin-behineko diseinuari eutsiko zaio, Iruñeko etorbide berriaren eta gaur egungo bidearen arteko behin-behineko lotura bermatzen baitu, baina UPS hau garatuko duen urbanizazio proiektuan behin betiko soluzioa jaso beharko da, Barañaingo garapen-eremu horrek barnean izanen duen bidearekin lotura egiteko. Bi noranzkoko bidea izanen da eta erdibitzailea izanen du.

Aurreikusitako eraikuntzen funtzionamendu egokirako behar diren instalazioak ere erantsiko dira.

15.5. Barañaingo 1. poligonoko 716. lurzatitik 719.era bitartekoen tratamendua dela-eta: alegatzaileak dio trenaren trazadurak kalte larria eginen duela lurzati horietan, hirigintzako garapena eragozteraino. Horregatik eskatzen du lurzati horiek UPSaren eremuan sartzeko edo, beharrezkoa bada, haien gaineko hirigintza-determinazioak ezartzeko, trenbidearen trazadurak eragin handia izanen baitu haietan.

Erantzuna: ez da bidezkoa. Ikus María Jesús Izu Ibarrola andreak eta Ramón Pérez Urmeneta jaunak aurkeztutako 5. alegazio-idazkiari emandako erantzuna.

16.-Jose Joaquín Roncal Baraibar jaunaren alegazio-idazkia.

Edukia:

16.1. Berak ordezkatzen duen jabearen lurzati bat, Zizur Zendeako 1. poligonoko 406. lurzatia hain zuzen, UPSko I. eremuan sar dadila eskatzen du. Lurzati hori jarduketa eremuaren mugan dago, Santa Klara ikasle-egoitzaren aurrean eta Iruñetik Zizur Txikira doan errepidearen ertzean, eta baliteke aurreikusitako bide berriaren exekuzioak hura ukitzea. 374. lurzatia (Klaratarrak) ere sar dadila eskatzen du, landatarrak ez diren inguruko lur guztiak batzeko.

16.2. Zizur Zendeako 1. poligonoko 445., 454. eta 373. lurzatiak ere eremuan sartu behar liratekeela alegatzen du.

Erantzuna:

16.1 puntuari. Bidezkoa da neurri batean. Lurzati hori eranstea zentzuzkoa da, Done Jakue bide zaharretik iparraldera dagoelako, bide horren traza hartu baita UPSaren hego-ekialdeko mugatzat. Lurzati hori behin betiko onespenean sartuko da. Burdinbidea kentzean Santa Klara ikasle-egoitzaren aurreko zubia ere kenduko da eta horrek bidea zuzentzen lagunduko du. Hortaz, eremuan sartuko dira bai aipatu lurzatia eta bai albokoa, 407. lurzatia alegia. Aldiz, 374. lurzatia sartzeko eskaera oso bestelakoa da eta ez da bidezkoa lurzati hori UPSan sartzea.

16.2 puntuari. Gai bera aurkeztu da 12. alegazio-idazkian eta ikus bedi idazki horri emandako erantzuna.

17.-María José De La Cruz Eraso andrearen eta Luis Ángel González Santos jaunaren alegazio-idazkia.

Alegazio hauen edukia eta erantzunak puntuz puntu azalduko dira.

17.1. Jendaurreko epeari dagokionez: alegatzaileek diote UPSa oso une txarrean jarri dela jendaurrean, hauteskunde garai betean eta oporren garaian, eta horregatik UPSaren jendaurreko epea luzatzeko eskatzen dute.

Erantzuna: ez da bidezkoa. Ikus Nafarroa Bairen 9.1 alegazioari emandako erantzuna, 9. alegazio-idazkiari buruzko atalean.

17.2. Antolamendua dela-eta: proposatu den antolamenduak, alegatzaileen iritziz, Urdanoz multzoa gainerako etxebizitzetatik banatuta uzten du, aparkatzeko zabalgune batez, ekipamendu eraikin batzuez, A-15etik Iruñera sartzeko errepide azkar batez eta biribilgune batez bereizita. Horregatik guztiagatik, Urdanoz multzoaren inguruan proiektaturiko erabileren banaketa aldatzeko eskatzen dute, etxeak antolamenduan integraturik gera daitezen. Zehazki, beren auzoaren eta eremuko gainerakoaren artean errepide azkarrik ez dadila ezar eta auzoaren inguruetan etxebizitzak egin daitezela eskatzen dute.

Erantzuna: ez da bidezkoa.

Urdanoz multzoaren egoera nabarmen hobetuko da. Arazo bakarra kokapenarena da: etxe multzo horrek Elortz ibaiaren ur-ibilguaren gaineko inpaktua sortzen du eta horregatik ezinezkoa da inguruetan etxebizitza-gunerik egitea. Ekipamenduetarako lurzatiek lehendik baldintzatzen dute, baina egoera hobetzeko ahalegina eginen da haien artetik pasabidea eginez, ez daitezen izan etxe multzoaren eta gainerako antolamenduaren arteko hesia.

Urdanoz multzoa hiri parke berri baten erdian egonen da, erdialdeko ekipamendu eremuetatik eta hirigune garaiarekiko lotura berrietatik hurbil, eta urpean geratzeko gaur egun duen arriskua nabarmen murriztuko zaio. Nolanahi ere, diseinu prozesuan bideak hiritartu egin dira, bizilagunek elementu bateratzaile gisa uler ditzaten, eta ez hiria zatitzen duen elementu bereizle gisa.

Planteatutako biribilgunea, bestalde, Urdanoz multzotik urrutixeago kokatuko da, tartea utziz hurbileko parke bat sortzeko. Hori jolaslekuen kokagune izan liteke, baita Elortz ibaiko parkearen zati ere. UPSan proposatzen ziren bi zubietako bat kendu eginen da, toki horretan ibaia hainbeste ez estutzeko eta Urdanoz multzotik irispide zuzenagoa izan dadin Elortz Ibaiko Parkera.

Gaur egungo aparkalekua kendu eginen da eta ekipamendu berri bat planteatuko da Urdanoz multzoaren ekialdean, kultur zentro batean hain zuzen ere. Beraz, Urdanoz multzoaren aurrean espazio librea lortuko da eta gainerako urbanizazioarekiko lotura erraztuko da.

17.3. Urdanoz multzoko bide sareari buruz: alegatzaileek diote kaleak antolatzeko egin den proposamenaren arabera Urdanoz multzoko bizilagunek ibilgailuentzako sarbide bakarra izanen dutela beren etxebizitzetaraino. Autoz sartu eta irteteko mugimenduak zailagoak izanen dira, eta inoiz irteera hori ixten bada (istripua dela, izoztea dela) bizilagunak bakarturik geldituko dira. Horregatik, Urdanoz multzoaren inguruan kaleen trazadura aldatzeko eskatzen dute, Kooperatiba deritzon eraikina bera ere salbatu ahal izateko moduan, Urdanoz multzoko kale guzti-guztiei lotura hobea emanez eremuko gainerako kaleen sarearekin.

Erantzuna: bidezkoa da. Sarrera-irteerako bide berri bat erantsi da Urdanoz multzorako.

17.4. Bide sare orokorra dela-eta: alegatzaileek diote Urdanoz multzoari aurretik pasatzen zaiola Barañainera doan eta handik irteten den trafiko guztia eta multzoaren hego-mendebaldean proiektatu den biribilguneak trafiko oso ugaria izanen duela, A-15etik Iruñerako eta Barañainerako bi errepide azkarrek bertan eginen dutelako bat. Diseinu horren ondorioz auzokoen bizi kalitateak okerrera eginen du (trafiko gehiago, zarata, istripu arriskua) eta Urdanoz multzoa bazterturik geldituko da. Hori dela-eta, trafiko ugari eta azkarreko bideek Urdanoz multzoa zokoratu eta auzo berria erditik zeharkatu beharrean, auzo berriaren kanpoaldetik joan daitezela eskatzen dute.

Erantzuna: ez da bidezkoa.

Eremurako proposatu diren bideak kaleak dira betiere. Sekzioa aztertuko da hiritarragoa izan dadin. Erdibitzailea gehituko da oinezkoen zirkulazioa erraztu eta ibilgailuen abiadura moteltzeko, eta bideari aparkalekuak erantsiko zaizkio.

Urdanoz multzoko ekipamendu-eraikinak mantendu eginen dira, ikastetxea izan ezik. Ikastetxe berria gaur egungoaren inguruetan kokatuko da. Urdanoz multzoaren aurrean planteatzen zen ekipamendu-frontea zatikatu eta oinezkoentzako pasealekuak eginen dira, Urdanoz multzoaren eta auzo berriaren arteko komunikazioa hobetzeko.

17.5. Oinezkoentzako bide sarea dela-eta: alegatzaileek diote "Oinezkoentzako ibilbideak" izeneko planoaren arabera ez dela lehen mailako ibilbide bat bere ere igaroko ez auzoaren barnetik ez ondotik. Horregatik, UPSan aurreikusitako oinezkoentzako ibilbideei, bidegorriei eta garraiobide publikoei dagokienez, Urdanoz multzoa aintzat hartzeko eskatzen dute, eta oinezkoentzako ibilbide nagusiek eta bidegorrien sareak etxe multzo hori barnean har dezatela, eta autobus geralekua ezar dadila inguruetan.

Erantzuna: bidezkoa da neurri batean.

Bidegorriak Urdanoz multzoa lotzen du, iparraldean, UPSko gainerako zatian dagoen sarearekin (C0403-1 P.0700 planoa. I. eremua. Bide sarea, oinezkoentzako ibilbideak. Hirigintzako oztopoak).

Elortz ibaiko parkeko bidea, Urdanoz multzoa iparraldetik zeharkatzen duena, eremuaren barnean oinezkoentzako ibilbide garrantzitsua da berez. Gaur egungo proposamenean, oinezkoentzako lehen mailako ibilbide bat igarotzen da hegoaldetik eta intereseko ibilbide bat ekialdeko mugatik.

Urdanoz multzoaren aurrean planteatzen zen ekipamendu-frontea zatikatu eta oinezkoentzako pasealekuak eginen dira, Urdanoz multzoaren eta auzo berriaren arteko komunikazioa hobetzeko.

Azkenik, autobusaren geralekuak eta ibilbideak Iruñerriko Mankomunitatearen eskumenekoak dira eta urbanizazio proiektuan zehaztuko dira.

17.6. Aparkalekuen aurreikuspenari buruz: ez dute ulertzen zergatik proiektatu den aparkaleku bat Urdanoz multzoaren ondoan eta zergatik ez zaion eremu horri erabilera publiko integratzaileagoa eman. Horregatik, eskatzen dute Urdanoz multzoaren ondoko aparkalekua kentzeko eta Urdanoz multzoa gainerako antolamenduarekin bat egiten lagunduko duten beste erabilera batzuk planteatzeko, hala nola, parkea, ekipamendu publikoa edo are etxebizitza.

Erantzuna: bidezkoa da. Aparkalekua kendu eginen da, 17.2 alegazioaren erantzunean adierazi bezala. Toki horretan etorkizuneko ekipamenduetarako lurzati bat ezarriko da Urdanoz multzorako. Kendutako aparkalekuak ondoan dagoen bide egituratzaileari erantsiko zaizkio eta horrela hiritarrago bihurtuko da.

17.7. Garraio publikoari buruz: alegatzaileek diote hiri-autobusa Aróstegui etorbidetik ibiliko dela soilik, proiektuaren arabera, eta ondorioz Urdanoz multzoko bizilagunek 350 metrora baino urrunago izanen dutela geraleku hurbilena. Horregatik, garraio publikoaren ibilbide berariazkoak berriz aztertzeko eskatzen dute.

Erantzuna: bidezkoa da.

Mankomunitateak txosten batean hiri-autobusaren trazadurak proposatu ditu eta biribilgune gehiago egin daitezela eskatu du, hiri-autobusen biraketa errazteko, Aróstegui etorbidearen perpendikularra den bide nagusian. UPSak bere eginen ditu Mankomunitateak ezarritako baldintzak, baina hiri-autobusaren geralekuak eta ibilbideak Iruñerriko Mankomunitatearen eskumenekoak dira.

Bereizi beharra dago, ordea, batetik auzo berriaren zerbitzurako autobusa eta bestetik etorkizuneko garraio arinerako erreserba, Aróstegui etorbidean ezarri dena.

17.8. Lehendik dauden etxebizitzei buruz: alegatzaileen iritziz, ahalik eta etxebizitza gehien errespetatu behar dira. Horregatik, lehendik dauden etxebizitzetatik ahalik eta gehien errespetatzen saiatzeko eskatzen dute. Konpromiso horri lotuta aldez aurretik informazio osoa eman behar zaie ukituei, atsekabe eta ziurgabetasun handia eragiten ari zaielako.

Erantzuna: ez da bidezkoa.

Egia da ukituei kezka larria eragiten diela gaizki antolatu eta eraiki zen auzo baten berrantolamenduaren ondorioz etxebizitzak kentzeko aurreikuspenak. Horrelako kasuetan, ukitutako etxebizitzen titularren eskubideek eta bidezko itxaropenek talka egiten dute kalitateko ingurunea proiektatu eta eraiki beharrarekin.

Antolamendu berria kudeatu eta gauzatzeko ardura duten administrazio publikoek arreta egokia emanen diete ukituei, eta prozesu mingarri hau ahalik eta leunena izan dadin saiatuko dira. Edonola ere, lehendik badago nahikoa esperientzia hirigintzako birmoldaketek ukitutako pertsonak berrostatatzeko jarduketetan. Horietatik gehienak denboraren buruan mesedegarriak gertatu dira ukituentzat eta hiriarentzat.

17.9. Diseinu orokorrari buruz: alegatzaileek Urdanoz multzoaren ingurua, Kooperatiba eta Aróstegui etorbidea berriro diseinatzeko eskatzen dute, hango bizilagunak, kaleak eta etxebizitzak erabat integratu daitezen Planaren hirigintza-alderdi guztietan (erabilerak, kaleen trazadurak, oinezko eta txirrindularientzako ibilbideak, garraio publikoa, zerbitzuak etab.), betiere, ukitutako gehienei ahalik eta kalte txikiena egiteko moduan.

Erantzuna: ez da bidezkoa.

Gaur egun Urdanoz multzoari loturik funtzionatzen ari diren ekipamendu guztiak mantendu eta eremuko planeamendu berrian sartuko dira, Nicasio Landa ikastetxe publikoa izan ezik, hori erabat berritu behar baita bere hiri ingurune berriari eta hezkuntzaren arloko behar berriei egokitzeko. Gaur egungo kokalekuaren ondoan kokatuko da, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuarekin adostutako eran.

Antolamenduak oinarrizko helburu izan behar du eremu honek dituen aukerei eta etorkizuneko egoerari erantzutea Iruñerriko eskualdeari begira. Hortaz, eraikin bakanak besterik ez da zaharberrituko, ezin baita halakotzat hartu etxebizitza multzo sakabanatu eta zatikatu bat, diseinuan egokitu ahal izateko behar lukeen hiri egitura zehatza falta duena.

18.-María José De La Cruz Eraso andrearen eta Luis Ángel González Santos jaunaren alegazio-idazkia.

Alegazio hauen edukia eta erantzunak puntuz puntu azalduko dira.

18.1. Garraio publikoari buruz: alegatzaileak garraio publikorako ibilbide berariazkoak azter daitezela eskatzen du.

Erantzuna: bidezkoa da. Mankomunitateak txosten batean hiri-autobusaren trazadurak proposatu ditu eta biribilgune gehiago egin daitezela eskatu du, hiri-autobusen biraketa errazteko. Egile taldeak bere eginen ditu Mankomunitateak ezarritako baldintzak, baina hiri-autobusaren geralekuak eta ibilbideak Iruñerriko Mankomunitatearen eskumenekoak dira.

18.2. Bideen antolamendua dela-eta: alegatzaileek eskatzen dute errepide lasterrak UPSaren eremuaren kanpoaldetik joan daitezela.

Erantzuna: ez da bidezkoa. Barnealdeko bideak kaletzat jotzen dira eta urbanizazio proiektuan egokiro diseinatuko dira, hiriguneetan onartzen diren abiadurak gainditzea galarazteko moduan. Bi lotura perimetral egin dira Aróstegui etorbideko trafikoaren aringarri, baina horrek ez du esan nahi errepide lasterrak direnik, aitzitik, eremua zeharkatzen duten bide guztiak, barnealdekoak nahiz perimetralak, kale gisa tratatuko dira eta abiadura mugatua izanen dute.

18.3. Oinezkoentzako bide sarea dela-eta: alegatzaileek oinezkoentzako ibilbideak berriro azter daitezela eskatu dute.

Erantzuna: bidezkoa da.

Kontuan hartuko da eta dokumentazioan irudikatuta dauden oinezkoentzako ibilbideak aztertu eginen dira.

Aróstegui etorbidea 20 bat metro estuagoa izanen da hasiera batean onetsitako agirian baino, C0403-1 planoan (I. eremua. Ereduzko sekzioak) ikus daitekeenez. Bide sarea. Oinezkoen eta ibilgailuen zirkulazioa egituratzeko elementu garrantzitsu horren ereduzko sekzioa zuhaitz, erdibitzaile eta abarren bidez zona desberdinak sortzeko eran aztertu da. Hala ere, alegazioa kontuan hartuko da eta aipatu etorbidea hiritartzeko eta oinezkoentzat ahalik eta atseginena egiteko modua aztertuko da.

Done Jakue bidea berriz aztertu da eta ekialdeko mugari jarraituz Zizur Txikira doan errepidetik bereiziko duten berdegune libreak ezarriko dira ahal den tarteetan. Hori guztia egin ahal izanen da Santa Klara ikasle-egoitzaren aurreko 375., 406. eta 407. lurzatiak UPSko I. eremuan sartuko direlako, eta trenbidearen gaineko pasabidea eraitsi eta errepidearen trazadura zuzenduko delako. Done Jakue bideari begira dagoen ekialdeko eraikuntza-fronte osoa berriz diseinatuko da, Etxabakoitz-Arrizabalaga errepideak eta Done Jakue bideak markatutako lerro horren kalitate espaziala hobetzeko. Bidegorriak Done Jakue bidearen trazadurari jarraitzen dio planeamenduaren ekialdeko mugan.

18.4. Espazio publikoei buruz: alegatzaileek bizilagunentzako biltokiak (plazak, pasealekuak, parkeak, lorategiak) sortzeko eskatzen dute.

Erantzuna: ez da bidezkoa.

Badira espazio publikoak plaza, lorategi eta parkeetan, eta gainera erabilera publikoko gune handiak daude lurzati pribatuetan. Gune horietan ezin izanen da hesirik jarri eta kanpoko urbanizazioaren jarraipen gisa diseinatuko dira.

Horrez gain, badira bizilagunak biltzeko hiri espazioak toki hauetan:

Z0 sektorea, II. eremua: eremua ekialdetik mendebaldera zeharkatzen duen erdiko zerrenda osoa, berez, bizilagunak biltzeko hiri espazioa da. Ekialdeko muturrean duen errematea Artikaberriko (Berriobeiti) Usain gozoen parkearekin lotuta dago zuzenean, eta beraren osagarri da; eta mendebaldean hezkuntzako ekipamendutarako espazioa dago. Mendebaldeko puntu horretan Argako ibai parkearekiko lotura egin daiteke.

Z1 sektorea: Z1-P1 lurzatia, Iruñeko etorbidearen paraleloa den hiri espazioaren muturreko plaza gisa. Z1-P2, P3, P4, P5 eta P6 lurzatietan erabilera publikoko espazio zabalak daude, erripa gaineko ertzeko pasealekura irekiak. Pasealeku hori Iruñeko udal mugapean gaur egun dagoenaren jarraipena izanen da eta 12 metroko zabalera izanen du alde guztietan. Beraz, biztanleentzat pasealeku eta biltoki izanen da.

Z 3 sektorea: Z3-P5 eta Z3-P8 lurzatiak erabilera publikoko bi espazio handi dira; eta sektore osoko etxesailen barnealdeetan ere, irin fabrikaren ingurunean, Z3-P13 lurzatian, Z 3-PD 5 ekipamenduarekin, sektore honen erdialdeko espazio handia eratzen da.

Z4 sektorea: Elortz ibaiko parkeak tamaina ederra du sektore honetan. Gainera badira plaza publikoak ekipamendutarako zonaren inguruan eta sektoreko gainerako ekipamenduen inguruan. Lurzatien barnean, batez ere Z4-P2an, erabilera publikoko gune handiak daude.

Z5 sektorea: zabalgune edo plaza handi bat sortuko da, Z5-PD9, PD10, PD11, PD12 eta PD13 lurzatietako eraikuntzek mugatua. Z5-P8 lurzatietan sortutako espazio publikoa, Nafarroako Unibertsitatetik, Done Jakue bidetik eta Sadar eta Elortz ibaien elkargunearen inguruko berdegune handitik hurbil egoteagatik, topaleku atsegin eta garrantzitsua izanen da proposamenaren ekialdeko mugan.

Z6 sektorea: parkearekin zuzenean loturik dago trenbidearen gainetik. Elortz ibaiko parkea I. eremuko auzo berriko bizilagunen biltoki eta aisiarako espazio garrantzitsua izanen da berez.

18.5. Lurzoruaren erabilerei buruz: alegatzaileek eskatzen dute etxebizitza-gunearen barnean erabileren banaketa birmoldatu egin dadila, erabilera desberdinak nahasiz (etxebizitzak, bulegoak, ekipamenduak etab.).

Erantzuna: ez da bidezkoa. Aróstegui etorbide berria iparraldetik mugatzen duten eraikin guztiak erabilera mistoetarako dira, hots, badituzte merkataritzako lokalak beheko solairuetan, erabilera ekonomikoak eta bulegoak etorbidera ematen duten lehenengo solairuetan, eta etxebizitzak kale paralelora ematen duen bigarren lerroan. Eta erabilerak ez dira lurzati beraren barnean bakarrik nahasten, sektore bereko lurzati desberdinen artean ere nahasten dira. Beraz, erabileren nahasketa begi bistakoa da Planeko sektore guztietan.

18.6. Ibai parkeari buruz: alegatzaileek eskatzen dute ibai parkeari garrantzi handiagoa eman dakiola, auzoa egituratzen duen ardatza baita.

Erantzuna: bidezkoa da.

Ez da kanpoaldeko parkea, erdigunekoa baizik, eremuko biztanle guztiak batu eta Arga eta Elortz ibaietako eskualde mailako pasealeku nagusiarekiko lotura eskaintzen diena. Aisia eta jostetarako espazio egituratzailea da. Parke gisa erabil dadin lehenetsiko da eta hasiera batean aurreikusitako ekipamendu-elementuak kenduko dira ibai bazterretik.

Elortz ibaiko parkeari buruzko determinazioak, baita egindako obra zibilak ere (bideak, zubiak...), kontuan hartu dira egungo Hirigintza Planeamendua diseinatzeko garaian. Hala ere, determinazio horiek eguneratu eginen dira, behin betiko onetsi beharreko diseinuan eta hirigintza kudeatzeko etorkizuneko dokumentuetan sartzeko.

Planeamenduan beti aintzat hartu da Elortz ibaiko parkea, proposamenaren elementu egituratzaile garrantzitsua baita, Planeko I. eremuko hirigintza antolamenduaren ezaugarri dena hasiera-hasieratik. Hala ere, behin betiko onespenari begira zenbait neurri hartu dira, besteak beste bidegurutze bikoitza kentzea Urdanoz multzoaren parean.

Mendebaldeko mugan bata bestearen atzetik ordenarik gabe metatuz joan diren zubiak kentzea planteatzen da, ur-ibilguaren kalitatea murrizten baitute. Ibaiaren bazterretan bizilagunentzako erabilera publikoa eragozten duten baratze klandestinoak ere kendu egin nahi dira.

Ibaiaren gaineko pasabide bikoitza kenduta, 7. sektorearekiko lotura-bidea Elortz ibaiaren ibilgutik urrunago kokatuko da eta, horrenbestez, Z2-PD 4 ekipamendu-eraikuntza eta Z2-P4 bizitegi-eraikuntza ibaiaren ibilgutik urrundu ahal izanen dira. Horrek izugarri erraztuko du zerrenda horretan ur-laster naturalaren bidea, eta eraikuntzak Elortz ibaiko parkearen UPSak ezarritako mugetatik urrunduko dira. Lurzatiek erabat errespetatzen dituzte, betiere, Zizur Nagusian Elortz ibaiko parkean sartutako lurrak.

18.7. Beste gai batzuk: alegatzaileek zenbait alderdi zuzentzeko eskatzen dute, hala nola Z2-PD3ko aparkalekuak Z2-PD3 kirol eremu publikoaren beste aldean eta errepide laster batez bereizita kokatu izana; Z2-PD2 eskola errepide laster baten ondoan kokatu izana; zenbait ekipamendu (Z7-PD15, Z5-PD9 eta Z4PD8) kanpoaldean kokatu izana; haur hezkuntzarako erreserbarik eza; espaloia nola ezarri den Z1 eremuaren mugan, begiratokiaren ordez; eta Z6 eremuan, planoetan irudikatutako eraikinak ez etortzea bat hirigintza fitxetan ageri direnekin.

Erantzuna: ez da bidezkoa.

Z2-PD3ko aparkalekuei dagokienez, esan beharra dago hango bidea kale bat dela, eta, beraz, ez dela arriskutsutzat jotzen. Dena den, aparkaleku horiek Z2-PD2 hezkuntza ekipamendurako ere balio dute, eta, gainera, badira kanpoko aparkalekuak Z2-PD3ko kalearen alde berean.

Hezkuntza ekipamendu guztien kokapena Hezkuntza Departamentuak eskatu eta bermatutakoa da.

Ekipamendu publikoen %75 antolamenduaren eremuaren barnealdean kokaturik daude, eta antolamenduaren oinarrizko beharrak betetzen dituzte, bereziki hezkuntza beharrak eta osasun arlokoak.

Haur hezkuntzarako ekipamenduei dagokienez, esan beharra dago UPSak, hasierako proposamenean, lurzoru erreserba jakin batzuk aurreikusten zituela haientzat. Behin betiko onespenerako aurkeztutako agirian honako erreserba hauek aurkeztu dira: I. eremuko Z5-PD14 lurzatian 9.944 m2 gorde dira eta horietatik 8.000 m2 Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikorako dira; gainerakoak 0-3 urteko haurren ikastetxerako. Eremu berean, Z4-PD 6b lurzatia, 1.542,10 m2 dituena, haurtzaindegirako izanen da (0-3 urteko haurren ikastetxea). II. eremuan, 2.000 m2 inguru, Z0-PD20 lurzatian (guztira 4.792 m2 ditu), 0-3 urteko haurren hezkuntzarako izanen lirateke.

Hezkuntza Departamentuko Obren eta Mantentze Lanen Zerbitzuak 2009ko abenduaren 10ean emandako txostenean, hala ere, beharrezkotzat jotzen da I. eremuan beste lurzati bat gordetzea, 2.000 m 2 -koa, 0-3 urteko haurren ikastetxea eraikitzeko Z5-PD14 lurzatitik hurbil, eta, halaber, Z4-PD6 "b" lurzatiaren azalera 2.000 m2-ra handitzea. Eskakizun horiek beterik geldituko lirateke erabaki honen V.A)a.3) atalean azaldutako irizpideak eta jarraibideak aplikatuta.

Iparraldean diseinatu den espaloi zabalaren bitartez, Iruñeko etorbideari hiri espazio garrantzitsua den aldetik behar duen zabaltasuna eman nahi zaio lehendik dagoen Etxabakoitz Iparraldeko zatiaren luzapenean, Z1 sektoreko eraikuntzek Barañaingo etorbidearen beste aldean lehendik dauden eraikinen kalitatean eraginik izan gabe. Bi aldeetako eraikuntzen artean 40 metroko tartea dago, hiriko erdialdeko etorbiderik onenen pare. Hegoaldean pasealeku-begiratoki zuhaiztun zabala dago, 12 metroko zabalera duena.

Eremu bioteknologikoari dagokionez, adierazi beharra dago lurzatietako espazio libreak beti jo izan direla erabilera publikoko espaziotzat eta, ondorioz, ezin direla hesitu. Baldintza horiek berretsi eginen dira UPSan eta, horrenbestez, agiriaren inprimaketan okerrik egin bada zuzendu eginen da.

19.-María José De La Cruz Eraso andrearen eta Luis Ángel González Santos jaunaren alegazio-idazkia.

Edukia: alegatzaileek uste dute UPSak determinazio gisa jaso behar lukeela antolamenduz kanpo utzitako etxebizitzen jabeei etxebizitza berri bana esleitu beharra, beren etxeak botatzearen truke, jarduketaren beste hirigintza zama bat balitz bezala, eta jabeek hirigintzako aprobetxamenduei eta kalte-ordainei uko eginda.

Erantzuna: ez da bidezkoa. Alegazio hori ezin da onartu, hirigintzako legeriak bestelako eskubideak eta betebeharrak ezartzen dizkielako eraitsi beharreko etxebizitzen jabeei, batetik, eta etxebizitza horien ordezpen balioaren eta lekualdatze gastuen ordaina ematera beharturik dauden lur jabeei, bestetik. Horrek ez du ezertan ere galaraziko exekuzioaren ardura duten administrazio publikoek aipatu egoerei aurre egiteko laguntza neurriak hartzea.

20.-Luis Ángel González Santos jaunaren alegazio-idazkia.

Edukia:

20.1. UPSaren gaineko informazioa dela-eta, alegatzen du informazioa emateko ahalegin handiagoa egin behar zela eta informazio gehiago eman behar zitzaiela ukitutako jabeei.

20.2. Emanen diren etxebizitzek oraingoen baldintza berak izatea eskatzen du.

Erantzuna:

20.1 puntuari. Ez da bidezkoa. Ikus Nafarroa Bairen 9.1 alegazioari emandako erantzuna, 9. alegazio-idazkiari buruzko atalean.

20.2 puntuari. Ez da bidezkoa. Alegazio hori ezin da onartu, hirigintzako legeriak bestelako eskubideak eta betebeharrak ezartzen dizkielako eraitsi beharreko etxebizitzen jabeei, batetik, eta etxebizitza horien ordezpen balioaren eta lekualdatze gastuen ordaina ematera beharturik dauden lur jabeei, bestetik. Horrek ez du ezertan ere galaraziko exekuzioaren ardura duten administrazio publikoek aipatu egoerei aurre egiteko laguntza neurriak hartzea.

24.-Gloria Arrarás andrearen alegazio-idazkia.

Edukia:

Adierazten du Zizur Zendeako 1. poligonoko 682. eta 398. lurzatien jabea dela eta UPSan finka horiek 398 zenbakia dutela erreferentzia bakarra, hau da, garai batean izan zutena, errepideko desjabetze espedientea jasan aurretik.

Egungo datuen arabera 682. lurzatia UPSaren eremuan dago eta 398. lurzatia eremutik kanpo; azken lurzati hori irla txiki bat da aurreikusitako eraikuntzen eta gaur egungoen artean, ez du aprobetxamendurik eta inguruan jabari publikoaren ukipenak ditu, hala nola Zizur Txikiko errepidearena eta ibaiarena. Horregatik, Zizur Zendeako 1. poligonoko 398. lurzatia UPSko I. eremuan sar dadila eta dagokion aprobetxamendua izan dezala eskatzen du, eta, gainera, katastroko datuak zuzen daitezela.

Erantzuna: ez da bidezkoa.

Planeamenduaren eremuei muga objektiboak ezartzea komeni da. Kasu honetan eremuaren muga NA-6000 errepidearen trazadura da eta, horregatik, aipatu lurzatia kanpoan gelditu da.

Bestalde, aipatu lurzatia nahiko handia da gaur egungo nekazaritza erabilerari eusteko. Lurzati horretarako sarbide den tokiko bide sistema mantendu eginen da, gainera.

Nolanahi ere, dokumentuan katastroko azalerak jaso dira, informazio hutserako. Administrazioak emandako datuetatik atera dira. Azalerak ez dira lotesleak birzatiketa proiektuaren ondorioetarako. Proiektu horretan zehaztuko dira jabe bakoitzaren eskubideak eta betebeharrak.

25.-Paul Morrison Mbaoma jaunaren alegazio-idazkia -26 Virgina Mañeru Zunzarren andrearena -27 Javier A. López Leton jaunarena -28 María Dolores Robles Sanchis andrearena -29 Luis Angel González Santos jaunarena -30 Raul González Robles jaunarena -31 Ricardo Diez Diez jaunarena -32 Juan José Bernet Nicolas jaunarena -33 Feliciano Jiménez Gómez jaunarena -34 Olga Crespo Crespo andrearena -35 J. Carlos Casilla Fernandez jaunarena -36 Iñigo Fernandez Mendibe jaunarena -37 Guzman Fernandez Pelarda jaunarena -38 María Antonia Mendibe Iturbide andrearena -39 Julio Cesar Diaz Pérez jaunarena -40 Primitivo Rodriguez jaunarena -41 Mercedes Rubio andrearena -42 Bienvenido Calé Pérez jaunarena -43 Paloma Fernández Gil andrearena -44 Obinna Frank Anyasie jaunarena -45 Isabel Suarez Alcala andrearena -46 Feli Suarez andrearena -47 Belmiro de Jesus jaunarena -48 Isabel Vilches Suarez andrearena -49 Genaro Pozo jaunarena -50 Isabel Waliño Viedma andrearena -51 Joseba de Lera García jaunarena -52 Josefina Sancho Aznar andrearena -53 Jesús Perez Perales jaunarena -54 Paula Sanchez Mancebo andrearena -55 Gonzalo Toscano Lucero jaunarena -56 Amelia Ascençao Rodrigues andrearena -57 Mariola Vidaurreta Carreta andrearena -58 María Teresa García andrearena -59 M. José De la Cruz Eraso andrearena -60 José Velaz Rubio jaunarena -61 Ana Garralda Ichaso andrearena -62 Encarna Martínez Ezquerro andrearena -63 José Barrena Corchado jaunarena -64 Bárbara Teixeira Silva andrearena -65 Martín Ugarte Ortiz jaunarena -66 María Luisa Garriz Hualde andrearena -67 J. Miguel Cenborain Arregui jaunarena -68 Manuel Muño Rodríguez jaunarena -69 Benito Lozano Hernaez jaunarena -70 Pablo Iriarte Elorz jaunarena -71 Juan José Barrena Medioroz jaunarena -72 Jose Antonio Unzu Lemona jaunarena -73 Isabel Jimenez García andrearena -74 Francisco Javier Pérez García jaunarena -75 María Garín Arriaga andrearena -76 Francisco Barrero Goñi jaunarena -77 M. Carmen Ojer García andrearena -78 Juana Cale Pérez andrearena -79 Julio Segura Muñoz jaunarena -80 Francisco Camacho jaunarena -81 Francisco Jiménez Juarez jaunarena -82 Eduardo Ruiz Clavería jaunarena -83 Ramona García andrearena -84 Lucrecia Cámara Hernandez andrearena -85 Asunción Tohane Zubiri andrearena -86 María Pilar Barrientos González andrearena -87 Cándido Barrientos Barrientos jaunarena -88 Josefina Irurzun andrearena -89 Piedad Gauza Remirez andrearena -90 Jose Luis Pérez Muro jaunarena, eta -91 Jose Luis Pérez Gamuza jaunarena.

Alegazio horiek eta erantzunak puntuz puntu azalduko dira, 25. alegazio-idazkia erreferentzia harturik.

25.1. Antolamendu orokorrari buruz: alegatzaileak uste du UPSa neurriz gainekoa dela eta soluzio ezegokiak ematen dituela, konparazioa eginez gero murrizketa handia proposatzen baitu ekipamenduetarako espazioetan, antzeko soluziorik eman gabe berdegune, lorategi eta hiri multzoan integratutako aisiarako gune txikietan. Duela gutxi egindako lorategiak galduko dira eta Urdanoz multzoaren inguruetan ez da berdegune edo parkerik aurreikusten. Horregatik, gaur egungo lorategiak mantendu, hobetu eta antolamendu osoan txertatzeko eskatzen du.

Erantzuna: ez da bidezkoa.

Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legeak ekipamenduetarako erreserben, espazio libreen eta gainerako lagapenen estandarrak ezartzen ditu. Horiek guztiak beterik eta justifikaturik daude Antolamenduan. Aipatzekoa da, bestalde, espazio libreetarako lagapenari dagokionez, plana legezko estandarren oso gainetik dagoela.

Erabilera anitzeko bi ekipamendu berri proposatzen dira Urdanoz multzoari zuzenean lotuta. Gaur egun funtzionatzen ari diren ekipamenduak mantendu eginen dira. Gaur egungo hezkuntza ekipamendua (Nicasio Landa ikastetxea) ia toki berean berreraikiko da eta etorkizunean handitu eginen da.

Urdanoz multzoa, bere kokapenagatik eta proiektaturiko hiri diseinuaren bitartez, bete-betean sartuko da Elortz ibaiko parkearen barnean, eraikuntzen ondoko berdeguneak mantendu eta nabarmen handituko dira, gaur egungoei eutsiko zaie eta ibaiaren bazterreko espazio berde osoa zona honetara hedatuko da.

Mantendu eginen da ibaiaren ondoko plaza zolatu eta lorategiduna, etxe multzoaren ekialdean, eta ibaiaren eta Pilarreko Andre Maria parrokiaren artean berdegune zabal bat sortuko da Elortz ibaiari lotuta, baita Urdanoz multzoari berari ere, hurbil baitago.

25.2. Sarbide berriei eta Urdanoz multzoa bereiz uzteari dagokienez: alegatzailearen iritziz, UPSak ez du aztertzen Urdanoz multzoa nola txertatu eremu osoaren barnean; aitzitik, bakartu egiten du eta dituen baldintzak okerragotzen ditu, trafiko handiko errepidez inguratzen baitu. Ondorioz zarata eta kutsadura areagotu eginen dira inguru horretan. Bestalde, uste du aurkeztutako diseinuak Barañainerako sarbidea hobetzen duela baina ez duela soluzio egokirik ematen Urdanoz multzoko bizilagunak Aróstegui etorbidera iristeko.

Erantzuna: ez da bidezkoa.

Bideari dagokionez, esan bezala ez da errepide lasterra, hiriko kalea baino. Nolanahi ere bidea hiritarrago bihurtuko da, bi aldeetan aparkatzeko tokiak ezarriz.

Biribilgunea hego-mendebalderago eramanen da, Urdanoz multzoko eraikuntzetatik bereiziko duen zerrenda berdea zabalagoa izan dadin. Halaber, ibaiaren gaineko bi pasabideen ordez bakarra eginen da eta horrek hobetu eginen du, ipar-mendebaldeko puntu horretan, Urdanoz multzotik Elortz ibaiko parkerako irispidea.

Ekipamenduen antolamendu eta kokapen berria eta multzoaren hegoaldeko ekipamenduen iraupena eta hezkuntza ekipamendurako lurzati berria direla medio, lehendik dauden eraikuntza horiek balio handia hartuko dute.

Urdanoz multzoan ibilgailuentzako sarrera-irteerako gune berri bat sortuko da. Badago lotura ona eta egokia, bai oinezkoentzat bai ibilgailuentzat, Aróstegui etorbidearekin eta eremuko gainerako sektoreekin; hain zuzen ere eremuaren erdian oinezkoentzat dagoen espazioa Aróstegui eta Urdanoz arteko bulebarra da.

Urdanoz multzoak zuzeneko lotura eta harremana du Z3 sektorearekin (Irin-fabrika) eta Z2 sektorearekin (Etxabakoizko erripak).

UPS honek badu zaratari buruzko Ingurumen eraginaren azterlana, eta bat dator bete beharreko araudiarekin.

25.3. Urpean geratzeko arriskuaz: Urdanoz taldea urpean geratzeko arriskua duen eremuan dago. Ur-ibilguan eta zubi berrietan aurreikusitako jarduketek ez dute inolako hobekuntzarik ekarriko Urdanoz multzoa urpean geratzeko arriskua saihesteko. Hori dela-eta, alegatzaileak eskatzen du ez dadila UPSa baimendu harik eta Urdanoz multzoa urpean geratzeko arriskuaren arazoa konpondu arte. Baliteke arazo hori behin betiko larriagotzea, uholdea gertatuz gero ura arin husteko aukerak urriagoak izanen baitira, itxura batean, urbanizazio berriarekin.

Erantzuna: ez da bidezkoa. Urdanoz multzoaren egoera nabarmen hobetuko da, 100dik gora urtetik behingo uholdeetatik babesturik egonen baita. Gaur egun apenas betetzen duen 25 urtetik behingo uholdeetarako muga. Bestalde, Ebroko Ur Konfederazioak jarduketaren aldeko txostena eman du.

25.4. Informazio faltari buruz: alegatzaileak ahalik eta informazio gehien eta modu zuzenagoan emateko eskatzen du.

Erantzuna: ez da bidezkoa. UPS hau kudeatu eta gauzatzeko eratu den partzuergoaren ardura izanen da ukitutakoei egokitzat jotzen duen informazio guztia ematea haien eskubideak bete eta aitortzeko.

25.5. Etxabakoizko Kooperatibaren eraispena dela-eta: alegatzaileak dio bloke hori eraitsi ordez bestelako aukerak bilatu behar direla eta sortu nahi den multzoan hura txertatzea ahalbidetu behar dela. Zenbait bideren trazaduran aldaketa txikiak eginez lortu liteke hori, Pilarreko Andre Maria eliza errespetatzeko egin den bezalaxe.

Erantzuna: ez da bidezkoa.

Antolamenduak oinarrizko helburu izan behar du eremu honek dituen aukerei eta etorkizuneko egoerari erantzutea Iruñerriko eskualdeari begira. Hortaz, eraikin bereziak bakarrik zaharberrituko dira, ezin baita halakotzat hartu etxebizitza multzo sakabanatu eta zatikatu bat, diseinuan egokitu ahal izateko behar lukeen hiri egitura zehatza falta duena.

Etxabakoizko Kooperatiba blokeak eremuan duen kokapena erabat desegokia da proposaturiko edozein antolamendu motaren barnean, haren kokalekuagatik eta tamainagatik, eta ez dagoelako zuzenean loturik unitatea osatzen duten beste etxebizitza-eraikin batzuekin, Urdanoz multzoan, adibidez, gertatzen den moduan.

Azkenik, Iruñean bertan egindako beste jarduketa batzuetan antolamendu orokorretik kanpoko eraikuntzak mantendu izan dira eta esperientzia horrek erakutsi du, hirigintzaren ikuspuntutik, komeni dela bestelako soluzioak bilatzea, halako eraikuntzak ezinbestean antolamendu berriaren barnean atxiki ordez.

100.-Javier Antonio López Letón jaunaren eta Virginia Mañeru Zunzarren andrearen alegazio-idazkia.

Edukia:

100.1. Alegatzaileak Etxabakoizko Kooperatibako 3an bizi dira, 3. solairuko ezkerrean. Eskatzen dute beren etxebizitza blokea ez dadila antolamenduz kanpokotzat jo, eta horretarako bideen trazadura alda dadila, baita eraikinak egiteko proposamena ere.

100.2. Ustez akats bat atzeman dute "Zenbatekoa=m2" zutabean, 6. eranskinean (UPSko balorazioak) sarturik dagoen beren etxebizitzari (Etxabakoiz Kooperatiba 3, 3. ezk.) dagokionez. Metro karratuen kopurua aldatzeko eta higiezinaren salerosketa eskrituretan ageri den kopurua jartzeko eskatzen dute.

Erantzuna:

100.1 puntuari. Ez da bidezkoa.

Antolamenduak oinarrizko helburu izan behar du eremu honek dituen aukerei eta etorkizuneko egoerari erantzutea Iruñerriko eskualdeari begira. Hortaz, eraikin bereziak bakarrik zaharberrituko dira, ezin baita halakotzat hartu etxebizitza multzo sakabanatu eta zatikatu bat, diseinuan egokitu ahal izateko behar lukeen hiri egitura zehatza falta duena.

Etxabakoizko Kooperatiba blokeak eremuan duen kokapena erabat desegokia da proposaturiko edozein antolamendu motaren barnean, haren kokalekuagatik eta tamainagatik, eta ez dagoelako zuzenean loturik unitatea osatzen duten beste etxebizitza-eraikin batzuekin, Urdanoz multzoan, adibidez, gertatzen den moduan.

Azkenik, Iruñean bertan, Buztintxurin esaterako, egindako beste jarduketa batzuetan antolamendu orokorretik kanpoko eraikuntzak mantendu izan dira eta esperientzia horrek erakutsi du, hirigintzaren ikuspuntutik, komeni dela bestelako soluzioak bilatzea, halako eraikuntzak ezinbestean antolamendu berriaren barnean atxiki ordez.

100.2 puntuari. Ez da bidezkoa. Dokumentuan katastroko azalerak jaso dira, informazio hutserako. Administrazioak emandako datuetatik atera dira. Azalerak ez dira lotesleak birzatiketa proiektuaren ondorioetarako. Proiektu horretan zehaztuko dira jabe bakoitzaren eskubideak eta betebeharrak.

116.-Ángel Larrea Pérez jaunak Sanduzelaiko Bizilagunen Elkartea ordezkatuz aurkeztutako alegazio-idazkia.

116.1. Jendaurreko epeari dagokionez: alegatzailea kexu da bizilagunek denbora gutxi izan dutelako halako dokumentazio korapilatsu eta ulergaitza aztertzeko eta UPSaren sustatzaileek (Gobernua eta udalak) ez dietelako auzokoei jaramonik egin: ez bilerarik, ez informazio solasaldi edo antzekorik. Horregatik, UPSa jendaurrean berriro jar dadila eskatzen dute, eragin handiena jasanen duten bizilagunei ongi azaldu behar zaiela eta horretarako politikari eta teknikarien informazio hitzaldiak egin daitezela, eta aldeko eta aurkakoen arteko eztabaida mahaiak, alderdi guztietan sakontzeko eta plan hau seriotasunez epaitzeko.

Erantzuna: ez da bidezkoa. Ikus Nafarroa Bairen 9.1 alegazioari emandako erantzuna, 9. alegazio-idazkiari buruzko atalean.

116.2. II. eremuaren diseinuari buruz: alegatzaileak dioenez, UPSan luzetarako diseinua lehenetsi da baina horren ordez zeharkakotasuna lehenetsi behar da, auzo berri honek hirian beteko duen eginkizun nagusia trenbidean egon den hesi fisiko eta soziala ezabatzea baita, eta lehendik dauden auzoen arteko zubiarena egitea. Arrazoi horiek direla eta, eskatzen dute zeharkako diseinua hobets dadila eta ez luzetarakoa; oraingo bizilagunen eta berrien arteko topalekuak sor daitezela, gaur egungo bi auzoetan (Buztintxuri eta Sanduzelai) kalitateko espazio publikoen gabeziak betetzeko; jendea biltzeko plaza publiko zabalak egin daitezela, argitsuak eta ongi orientatuak, zuhaiztunak, ekipamendu-eraikinak euskarri dituztenak, etxebizitza-blokeak dituztenak, dorrerik ez, horiek bizilagunen egonleku izateko plaza egokiak eratzen lagunduko baitute.

Erantzuna: ez da bidezkoa.

Planteatu den antolamendua zeharkakoa da erabat, dorreen tipologia aukeratu baita, horrela espazio huts handiagoak utziz eta zeharkakotasuna ahalbidetuz.

UPSko dokumentazio grafikoan (C0403-2 P.20000 planoa. II. eremua. Eremuaren eta ingurunearen azterketa eta diagnostikoa) ikus daiteke nola aztertu diren bi auzoetako egungo hiri bilbeak eta zirkulazioak eta nola zeharkako lotura horiek argi txertatu diren hiri diseinuan.

Proposamenean badaude topalekuak. Erdiko parke lineala, hau da, trenbide zaharra, topaleku zabala da, eta beraren osagarri, ekialdean, Gipuzkoa etorbidearen ondoan, plaza bat diseinatu da ekipamenduekin, eta beheko solairuan merkataritzako erabilerak izanen dituzten etxebizitza-eraikinak inguruan. Plaza hori Sanduzelai eta Buztintxuri arteko topaleku garrantzitsua izanen da.

UPSko funtsezko determinazioei buruzko atalean, hasierako onespenerako Memoriak hauxe dio: "Helburu horien osagarri dira, II. eremuan, auzoen arteko hiri jostura eta Eskualdeko pasabide naturalei lotutako hiri parkearen sorrera".

Memoriaren laburpena:

Trenbidearen beste aldean auzo berriak hazi ahala, trenbide trazaduraren zerrenda hau -behinola Iruñeko hiriaren iparraldeko muga izan zena- pixkanaka hutsune gaindiezin bilakatu da finkatzen hasita dagoen sare baten erdian. Abiadura handiko trenaren etorrerari eta tren azpiegituraren zati baten desegiteari esker, ordea, hiriak hutsune hori erabili ahal izanen du.

Ildo horretan, proiektuak oinarrizko helburu gisa planteatzen du hesi fisiko hori gainditzea. Horrenbestez, planteamenduak, eremu honetan, inguruko auzoen artean dagoen haustura konpontzen lagundu behar du.

Batasun horretarako urratsak, ordea, ez dira lortuko Sanduzelai edo Buztintxuri auzoetako trazadurari ekinez. Izan ere, Buztintxuri, bietan berriena, unitate bakartu gisa planteatu zen, trenbidearen trazadura noizbait desagertzeko aukera aintzat hartu gabe. Era berean, Sanduzelaik eremu honi begira ematen duen itxura ez da oso hiritarra: ertzeko etxebizitza-gunea, dentsitate txikikoa, familia bakarreko etxebizitzak eta lurzati pribatuak aurrealdean.

Horregatik, I. eremuan gertatzen den bezala, berrirotik ez hasteko borondatearekin sortu da proposamena, eta lehendik dagoen ordena industrialaren -kasu honetan, trenbidearen- arrastoetan saiatzen da inguru honi esanahia ematen lagunduko dion ordenaren bila. Kasu honetan ez dira eraikinak kontserbatuko, industria gehienak aspaldi eraitsi baitziren. Bide trazadurak ematen digun linealtasun -eta jarraitutasun- ideia da kontserbatuko dena.

Luzetarako linealtasuna eta, horrekin batera, auzoen arteko zeharkako lotura. Bi helburu horiei begira planteatu den esku-hartzeak ohiko hiri trazaduratik ihes egiten du eta saiatzen da inguruko eraikuntza guneak paisaiatik hurbilago dauden parametroekin lotzen. Hala, proposamenak parke lineal handi bat planteatzen du trenaren bideari jarraitzen dion erdiko pasealeku baten alboetara. Horrekin batera, oinezkoentzako zeharkako pasabide batzuk eta ibilgailuentzako lau lotura ezartzen ditu Sanduzelai eta Buztintxuri artean. Horiek ez dira bide egituratzailetzat jotzen, aitzitik, bi aldeen arteko zubi gisa tratatzen dira.

116.3. Espazio publiko kualifikatuei buruz: alegatzaileak dio gaur egungo auzoek ez dutela espazio publiko kualifikaturik. Horregatik, alegatzaileak II. eremua berrantolatzeko eskatzen du, UPS berriko espazio libre publikoek eta ekipamenduek ingurunearen gabeziak betetzen lagun dezaten.

Erantzuna: bidezkoa da.

Proposaturiko antolamenduak asko hobetuko du bi auzoen egungo egoera, burdinbideak kenduz eta bi etxebizitza-guneen arteko lotura ahalbidetuz. Alabaina, ezin da eskatu eta exijitu lehengo antolamenduak sortutako arazoetarako konponbidea. Etxebizitzak, kanpoaldean egoteagatik, espazio publikoetatik eta ekipamenduetatik urrun badaude, ez da zentzuzkoa arazo hori konpontzea bi auzoen mugakide den eremu baten antolamenduaren bitartez. Hala ere, alegatzaileak azaldutako egoera hori hobetu egin nahi da eremuaren antolamenduaren bidez, eta Gipuzkoa etorbidearen ondoan hiri espazio handi bat sortuko da, plaza bat alegia, bere ekipamenduekin eta beheko solairuetan merkataritzako lokalak izanen dituzten etxebizitza blokeekin.

Buztintxuriren hegoaldeko parkea errespetatu eta lehenetsiko da. Gainera apustu eginen da oinezko eta txirrindularientzako loturako parke lineal sendo bat sortzearen alde, gaur egungo burdinbidearen trazadurari jarraituz. Bere kokapenagatik eta neurriengatik auzokoen bilgune garrantzitsua izanen da eta haren izaera hiritarra urbanizazio proiektuaren bidez osatuko da.

116.4. Eraikinen tipologiari eta antolamenduari buruz: alegatzaileak dio Buztintxuriko eraikinak lau solairukoak direla eta Sanduzelaikoak bi solairukoak, baina II. eremuan 26 eta 50 metro bitarteko dorreak (16 solairukoak) aurreikusten direla ordenarik gabe kokatuta, eta horien artean ez dela izanen plaza, kale edo horrelako hiri espaziorik. Horregatik eskatzen dute II. eremuko eraikuntza berriz antola dadila, iparraldean eta hegoaldean lehendik daudenen antzera 4-5 solairu izan behar dituzten eraikin baxuetan oinarrituta, eta eremuaren barneko bilbea berrantola dadila, bizilagunen topaleku gisa diseinaturiko hiri esparruak (plazak, bulebarrak) sortuz, espazio publikoari kalitatea emanen baitiote.

Erantzuna: ez da bidezkoa.

Alegazio hau eta zeharkakotasunari buruz 116.2 atalean azaldutakoa elkarren kontrakoak dira. Ez da ulertzen "zona erdi hutsa" aipatzean ematen duen definizioa, eraikuntzen arteko espazioaz ari dela. Lehendik dauden bi auzoen eta biak lotuko dituen auzo berriaren arteko zubiarena egiten duten berdegune eta plaza publikoak dira nonbait.

Egungo tren azpiegitura kendu eta gero, Buztintxuriko eta Sanduzelaiko eraikuntzen arteko espazio librearen batez besteko zabalera 160 metrokoa litzateke, Iruñeko Pio XII.aren etorbidearena halako lau.

116.5. Alegatzaileak uste du 12-15 solairuko dorreak "iraunkortasun" urriko eraikuntzak direla, lau puntu kardinaletara ematen dutelako, fatxada handiegia dutelako eta haize guztien mende daudelako. Horregatik eskatzen du "iraunkortasunerako" eraikin egokiagoak diseinatu daitezela, nagusiki ipar-hego norabidean kokatuak, aireztapen gurutzatua dutenak, eta baxuak, inguru honetan gogor jotzen duten haizeetatik babestuago.

Erantzuna: ez da bidezkoa. hasieratik zenbait aukera planteatu ziren eta eraikuntza baxuak baztertu egin ziren, oso luzeak izan behar zutelako. Luzera handi horrek auzoen arteko lotura ahulduko zuen eta Buztintxuriko biztanleei Argako parkerako irispidea mugatuko zien. Erdialdeko dorreek, dena den, "Beheko solairua + 5 solairu + Atikoa" eta "Beheko solairua + 12 solairu + Atikoa" bitarteko garaierak izanen dituzte. Ekialdeko eta mendebaldeko muturretan, berriz, bi dorre bakan eginen dira: batek "Beheko solairua + 15 solairu + Atikoa" izanen ditu eta besteak "Beheko solairua + 18 solairu + Atikoa" gehienez. Tipologia horiek askoz iraunkorragoak dira, "arrasto ekologikoari" dagokionez, 5 solairuko etxebizitza blokea baino. Dorreak arazo izan daitezke paisaia-balio handiko tokiak desitxuratzen dituztenean, baina ez honelako dorre txikiak, hiri ingurune finkatu batean kokatuak.

116.6. Alegatzaileak eskatzen du ekipamendu publikoa toki garrantzitsu batean koka dadila, multzo osoaren antolamendua egituratzen duen elkargune batean.

Erantzuna: bidezkoa da neurri batean.

Ekipamendu publikoaren kokalekua, batez ere hezkuntzako ekipamenduarena, Hezkuntza Departamentuak eskatu du, gaur egungo ikastetxeak handitu ahal izan daitezen. Nolanahi ere, Buztintxuriko banaketa eremuko ekipamenduak berregituratzeko eta egungo Geltokiko plazatik hurbilago kokatzeko aukera aztertuko da.

Ekipamendu berriak sortuko dira, hasierako onespenaren agirian jasotakoez gain, Buztintxuriko banaketa eremuko eta Gipuzkoa etorbideko ekipamenduaren ondoan planteatuko den espazio publikoaren inguruan. Espazio hori bi auzoen arteko elkargune izanen da, eskatzen den bezala.

116.7. Alegatzaileak eskatzen du ahalik eta gehien erraz dadin oinezkoen eta txirrindularien zirkulazioa, gaur egungo bi auzoen artean eta auzo berriarekiko loturetan. Beraren iritziz, proiektaturiko espazio publikoek etenik gabeko ikuspegi eta ibilbideak izan behar dituzte, horietan ez dute traba egin behar eraikinek edo bestelako erabilerek, eta erreferentziako mugarri publikoak ezarri behar dira, adibidez plaza publikoren bat.

Erantzuna: ez da bidezkoa.

Gaur egun erraztasun handiz gertatzen da oinezkoen zirkulazioa bi auzoen artean. Bidegorrien sarea lasaiago aztertuko da hurrengo faseetan, baina ez da inolako arazorik ikusten, antolamenduak berak duen ahalmenagatik, bertako zirkulazioa erraz eta arina izan dadin, luzetara nahiz zeharka.

Lurzati pribatu askotan, Hirigintzako Araudiko fitxetan ageri denez, inguruko hiri espazioan duten kokapena sakonean aztertu ondoren, erabilera publikoko guneak seinalatu dira, egokitzat jo den tokietan, eta gune horietan ezin izanen da itxiturarik jarri. Hain zuzen ere erabilera publikoko espazio horiek dira Buztintxuri auzoarekiko loturen aurrean aurkezten direnak, alegatzailearen esanetan jarraitutasunik ez zuten horien aurrean.

Arestian esan bezala, planeamenduan proposatzen da Gipuzkoa etorbidearen ondoan espazio publiko bat sortzea, plaza bat alegia.

117.-Jose María Paloma Fosalba jaunak Inmobiliaria de la Universidad de Navarra S.A. (Inmudensa) ordezkatuz aurkeztutako alegazio-idazkia.

Edukia: alegatzaileak dioenez, Z5-PD9 lurzatiko ingurua eta diseinaturiko bideen arteko espazioa Nafarroako Unibertsitateko campusaren jarraipen dira eta bai INMUDENSA bai Unibertsitatea prest daude hura beren campusean sartzeko, dela UPSan "unibertsitate erabilera" kalifikazioa emanez, dela erosketaren bidez, eta horretarako Z5-PD9 lurzatia beste toki batean kokatu beharko litzateke, edo ekipamendutarako beste lurzati batzuetan konpentsatu.

Erantzuna: bidezkoa da neurri batean. ekipamendutarako Z5-PD9 lurzatia eremuko beste toki batean kokatuko da eta haren lekuan espazio libre naturala utziko da, ingurumen eta paisaia arrazoiengatik. Horrela Sadar ibaiko parkeak, Elortz ibaiko parkearekin bat egin aurretik, proposaturiko antolamenduarekin zuzeneko lotura izan ahalko du, eta, gainera, Nafarroako Unibertsitateko campusera oinez sartzea erraztuko da, eta campusak ibai parke osoarekin bat eginen du, honek espazio libre publiko izateari utzi gabe.

118.-Igor Errasti Alcalá jaunak Nafarroako Unibertsitatea ordezkatuz aurkeztutako alegazio-idazkia.

Edukia:

118.1. Eskatzen du Z5-PD9 lurzatia beste toki batean koka dadila edo haren azalera beste ekipamendu-espazio batzuetan birbana dadila, edo, bestela, bideen arteko eremu osoarekin batera, "irakaskuntzako ekipamendu pribatua" erabilera izan dezala eta Sadar ibaiaren bazterretan, berriz, "ibai parkea", Nafarroako Unibertsitateko UPSaren jarraipen gisa.

118.2. Ibai parkea errespeta dadila, hots, ez dadila eraikuntzarik egin, AHTaren UPSak Sadar ibaiaren bazterretan ukitzen duen tartean.

118.3. Ez dadila aldatu Unibertsitateko kaleak gaur egun duen trazadura.

Erantzuna:

118.1 eta 118.2 puntuei. Puntu horietan azaldutako gaiak jada 117. alegazioan aztertu dira eta ikus bedi alegazio horri emandako erantzuna.

118.3 puntuari. Ez da bidezkoa.

Nafarroako Unibertsitatearen eta Aróstegui etorbidearen artean gaur egun dagoen ibilgailuentzako lotura, bi norabidekoa, ez da nahikoa, begi bistan denez, eta horregatik planteatu da lotura horren ordezko ibilbide berri bat.

Azken tarte horretan gaur egungo errepidea kontserbatzea aurreikusten da, baina norabide bakarrarekin: Nafarroako Unibertsitateko campusetik irteteko erabil liteke. Horrela Fuente del Hierrotik jaisteko biribilgunean zehar sar liteke campusera eta edukiera handiagoko bideak erabiliko lirateke, Donapeakoa eta Aróstegui etorbidetik datorrena, esaterako.

119.-Miguel Cruz Ricarte jaunaren alegazio-idazkia.

Edukia: Aróstegui etorbideko 24an, 3. solairuko D etxebizitzaren titular gisa UPSan María Ángeles Gorricho Lumbier andrea ageri dela, baina etxebizitza horren jabea bera dela adierazten du. Horregatik etxebizitzaren titularra aldatzeko eskatzen du.

Erantzuna: bidezkoa da. Birzatiketa proiektua egiten denean gai hau aztertuko da.

120.-José Ricardo Pérez Torrano jaunak Zizur Zendeako Udalaren izenean eta hura ordezkatuz aurkeztutako alegazio-idazkia.

120.1. Bide sarea dela-eta: eskatzen du trafiko azterlanak berrikus daitezela, etxebizitza-guneak garatzeko aurreikuspenak (Gendulain, Ardoi, Gazolatz) kontuan hartuz.

Erantzuna: ez da bidezkoa.

Gaur egun garapen fasean dauden planeamenduei dagokienez, UPSan planteaturiko bideen diseinuari begira trafiko-azterlanean erabili diren aurreikuspenek sobera estaltzen dituzte planeamendu horiek. UPSak 27.545 pertsonako biztanleriaren beharrak aurreikusten ditu Zizur Nagusiko mendebaldean.

Plangintza fasean dauden eremu berriei dagokienez, abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legeak dioena gogoratu behar da: lurzoru urbanizagarriaren jabeek ordaindu eta, hala behar denean, exekutatu beharko dituzte jarduketaz kanpoko sistema orokorrekiko loturako azpiegiturak eta, hala denean, sistema horiek handitu edo indartzeko behar diren obrak, jarduketaren tamaina edo dentsitatea dela medio edo ondorioz ekarriko dituen intentsitateengatik egin beharko direnak, planeamendu orokorrak ezartzen dituen betebehar eta baldintzen arabera.

Plangintza fasean dauden azken eremu horiei dagokienez, haiek sortutako trafiko beharrak ez lirateke estaliko erabilitako trafiko-azterlaneko aurreikuspenekin, baina argi dago ez direla zehatz-mehatz "Abiadura Handiko Trenaren geltoki berriaren eremua eta Iruñeko antzinako tren geltokiaren eremua garatzeko" UPSaren tamainak eta dentsitateak ekarriko dituztenak, ezta plan horrek eraginen dituen erabilera-intentsitateen ondoriozkoak ere. Ez litzateke bidezkoa izanen, beraz, beharko diren azpiegiturak UPSan sartzea eremu honetako aprobetxamendu-eskubideen titularrek ordaindu beharreko urbanizazio obra gisa, aitzitik, etorkizunean UPS honetatik kanpo eginen diren eta alegazioan aipatzen diren hirigintza garapenen kargura egin behar litzaieke aurre, garapen horien tamaina, dentsitatea eta eraginen dituzten erabilera-intentsitateak kontuan harturik.

Horren harira azpimarratzekoa da Nafarroako Errepideen 2009-2016 bitarteko III. Plan Zuzentzailea egiteko proposamen-agirian aurreikusten dela bi fasetan egitea Logroño-Zizur Nagusia-Ezkirotz autobia: lehenbiziko fasea aurrekontu orokorren kargura ordainduko litzateke, eta bigarren faseko bikoizketa, berriz, Gendulainen egitekoa den hirigintzako jarduketak jasan beharreko sistema orokorren kargura. Aipatu jarduketak trafikoa arinduko dio Done Jakue bideko autobia (A-12) eta Nafarroako autobia (AP-15) lotuko dituen biribilguneari.

120.2. Homogeneizazio koefizienteei buruz: adierazten du justifikatu gabe daudela, haien kalkulua ez delako UPSan jaso, eta justifikatzeko eskatzen du, hots, kalkulurako erabilitako metodoa jasotzeko.

Erantzuna: bidezkoa da. Ikus 8. alegazio-idazkiko 8.4 alegazioari emandako erantzuna. Pedro Huarte Iribarren jaunak aurkeztu du alegazio hori, Zizur Nagusiko Udala ordezkatuz.

120.3.Udalerrietako muga berriei dagokienez: Planak udal mugapeen aldaketa proposatu eta horretarako irizpideak azaltzen ditu (Memoriaren 6. atala), baina alegatzaileek agiri grafikoa eskatzen dute, udal mugapeak aldatzeko proposamena erakutsi behar duena antolamenduaren gainean, gaia argitzeko.

Erantzuna: ez da bidezkoa. Ikus 10. alegazio-idazkiko 10.5 alegazioari emandako erantzuna. Zizur Zendeako Erreniega Udal Taldeak aurkeztu du alegazio hori.

121.-José Ricardo Pérez Torrano jaunak Zizur Zendeako Udalaren izenean eta hura ordezkatuz aurkeztutako alegazio-idazkia.

Edukia: alegatzaileak, hain proiektu garrantzitsua noiz jarri den jendaurrean kontuan izanik, jendaurreko aldiaren hilabeteko luzapena eskatzen du.

Erantzuna: ez da bidezkoa. Ikus Nafarroa Bairen 9.1 alegazioari emandako erantzuna, 9. alegazio-idazkiari buruzko atalean.

122.-Javier Rubio Vela jaunak Rubio de Villanueva senideen izenean eta haiek ordezkatuz aurkeztutako alegazio-idazkia -123 María Josefa Iribarren Fernández andreak, Ascensión Iribarren Razquin andreak eta Ángeles María Aznar Iribarren andreak Agroalimentaria Aznar S.A.ren izenean eta hura ordezkatuz aurkeztutakoa -124 Ángeles María Aznar Iribarren andreak Agroalimentaria Aznar S.A.ren izenean eta hura ordezkatuz aurkeztutakoa -125 Ángeles María Aznar Iribarren andreak, María Teresa Aznar Iribarren andreak eta María Isabel Aznar Iribarren andreak aurkeztutakoa, eta -140 Ana María Las Carnicer andreak Adania Residencial S.L. ordezkatuz aurkeztutakoa.

Edukia: alegatzaileek diote UPSak ukitutako lurzatien zerrendan beren lurzatien azalera txikiagoa dela katastro zaharrean edo/eta tituluetan ageri dena eta neurtutakoa baino, edo, beste kasu batzuetan, Arga (2. fasea), Elortz eta Sadar ibaiak lehengoratzeko proiektuaren espedientean ageri dena baino. UPSan agertu den akats hori zuzendu dadila eta beren lurzatien benetako azalera jaso dadila eskatzen dute.

Erantzuna: ez da bidezkoa. Dokumentuan katastroko azalerak jaso dira, informazio hutserako. Administrazioak emandako datuetatik atera dira. Azalerak ez dira lotesleak birzatiketa proiektuaren ondorioetarako. Proiektu horretan zehaztuko dira jabe bakoitzaren eskubideak eta betebeharrak.

126.-María Asunción Goñi Oroz andrearen alegazio-idazkia.

Edukia:

126.1. Adierazten du 6. eranskinean 2654-P lurzatiak 605 m2 -ko gune zolatua duela eta titularra Isabel Erice Irisarri dela. Lurzati horrek bi zati ditu ordea, eta horietako bat, 153 m2 -koa, sarturik dago 605 m2-etan, eta horregatik eskatzen du 153 m2 horiek 605 m2 -etatik bereiz jaso daitezela, eta horrekin batera zuzendu egin dadila 153 m² horien titulartasuna (%50 Isabel Erice Irisarri andrearen jaraunsleentzat eta %50 Gaspar Goñi Muniain jaunaren jaraunsleentzat).

126.2. Bestalde, Aróstegui etorbideko 32ko beheko solairuan dagoen biltegiaren eta 2. solairuan dagoen etxebizitzaren titularra aldatzeko eskatzen du. Gaspar Goñi Muniain jaunaren izenean daude eta eskatzen du haren zazpi seme-alaben izenean jartzeko, zati berdinetan.

Erantzuna bi eskaerei: ez da bidezkoa. Dokumentuan katastroko azalerak jaso dira, informazio hutserako. Administrazioak emandako datuetatik atera dira eta ez dira lotesleak birzatiketa proiektuaren ondorioetarako; proiektu horretan zehaztuko dira jabe bakoitzaren eskubideak eta betebeharrak.

127.-David Pablo Botín Cociña jaunak Villavanco S.L.ren izenean aurkeztutako alegazio-idazkia.

Edukia: Zizur Nagusiko 2. poligonoko 221. lurzatiaren jabea Villavanco S.L. da eta alegatzaileak eskatzen du lurzati hori UPSko I. eremuan sar dadila. Lurzati hori jarduketaren hegoaldeko mugan gelditu da, inongo hirigintza garapenetan egokitu eta bertako hirigintza aprobetxamenduaz baliatzeko batere aukerarik gabe.

Erantzuna: ez da bidezkoa. Planeamenduaren eremuei muga objektiboak ezartzea komeni da. Kasu eta inguru honetan eremuaren muga A-15 autobidearen hegoaldeko trazadura da eta, horregatik, aipatu lurzatia kanpoan gelditu da.

128.-Iruñeko Udaleko Hirigintza Gerentziako Kontseiluaren alegazio-idazkia.

Edukia: UPSa jendaurrean jartzeko eta entzunaldia emateko beste epe bat eskatzen dute.

Erantzuna: ez da bidezkoa. Ikus Nafarroa Bairen 9.1 alegazioari emandako erantzuna, 9. alegazio-idazkiari buruzko atalean.

129.-Iruñerriko Mankomunitatearen alegazio-idazkia.

UPSa sustatu duen departamentuak alegazioei buruz aurkeztu duen txostenean, alegazio-idazki gisa jaso da Iruñerriko Mankomunitateak 2007ko uztailaren 17an emandako txostena; Nafarroako Gobernuak 2007ko maiatzaren 21eko Erabakian hala eskatuta egin zen txosten hori.

Haren edukia eta iruzkinak ikusteko, hortaz, jo bedi txosten honen V. atalera ("Nafarroako Gobernuak 2007ko maiatzaren 21eko Erabakian ezarritako determinazioak nola bete diren") eta bereziki atal horretako A) epigrafera ("Emandako txostenak").

Hala ere, hemen txosten horren erreferentzia ematen da, aurkeztu diren alegazio-idazkien zerrenda eta ordena ez aldatzeko.

130.-Catalina Gutiérrez Rivas andreak Santa Klara ikasle-egoitza eta Sakramentu Txit Santuaren Misiolari Klaratarrak ordezkatuz aurkeztutako alegazio-idazkia.

Edukia:

130.1. Eskatzen du Done Jakue bidearen ondoko N-6000 errepiderako proposatu den diseinua alda dadila, hiriko kale bihurtzeko prozesu saihestezin eta agerikoari bidea emanez, aparkalekuen, sare berriarekiko loturen eta beste edozein elementu lagungarriren bitartez.

130.2. Eskatzen du antolamendua alda dadila Done Jakue bidearen ondoan, eraikuntzen garaiera mugatuz, kontraste handirik izan ez dadin eta eskainiko den pasealekua hobeki integratu eta egokitu dadin landa-ingurunean.

130.3. Ikastetxe Nagusiaren aurreko lurzatiak UPSaren eremuan sar daitezela eskatzen du, bertako sarbideak behar bezala antolatu eta urbanizatuko direla bermatzeko.

Erantzuna:

130.1 puntuari. Bidezkoa da. Aztertu eta kontuan hartuko da. Planeamenduak hiritarrago eta oinezkoen aldekoago bihurtuko du gaur egungo N-6000 errepidearen ingurua. Oraingo trenbidearen gaineko pasabidea kentzeak lagundu eginen du itxura hiritarragoa ematen, errepidearen eta eraikuntzaren arteko korridore berdeari lotuagoa, hortik joanen baita Done Jakue bidea.

130.2 puntuari. Bidezkoa da. Kontuan hartu da, eta, horrenbestez, Done Jakue bidearen ondoko eraikuntza multzoan, batzuk baxuagoak izanen dira; beraz, multzoaren aurrealdea irekia eta mailakatua izanen da, begientzat ederrago, kanpoaldeko hego-ekialdetik ikusita. Lurzatiak ez dira ilaran antolatu, sigi-sagan baino, zereal alorrez osaturiko ingurune naturalera hobeki moldatzeko. Aurrealde honetako eraikuntzen batez besteko garaiera iparraldeko eraikuntza mugakideetan baimendutako garaierak baino txikiagoa da. Eraikuntza baxuen artean han-hemenka eraikuntza garaiagoak daude (B+12).

130.3 puntuari. Bidezkoa da. Lurzati horiek behin betiko onespenean sartuko dira. Trenbidea kentzen denean Santa Klara Ikasle-egoitzaren aurre-aurrean errepideko zubia kenduko da; horrenbestez bidea zuzendu ahal izanen da eta eremura bilduko dira 406. eta 407. lurzatiak. Errepidean gaur egungo trenbidearen gaineko pasabidea kentzean nabarmen hobetuko dira Santa Klara Ikasle-egoitzarako sarbideak, bai ibilgailuentzat bai oinezkoentzat.

131 eta 134.-Pedro Huarte Iribarren jaunak Zizur Nagusiko Udala ordezkatuz aurkeztutako alegazio-idazkiak.

Edukia:

131.1. Eskatzen du UPSaren barnean saihesbidea egin dadila N-111 errepidean (gaur egun A-12 autobidea). Horrela, bidearen trazadura, Iruñeko sarreran, ez da Zizur Nagusiko hiri bilbearen barnetik igaroko.

131.2. Eskatzen du udalerrien mugaketa berriak ez dezala Zizur Nagusia ukitu oraingo hiri- eta etxebizitza-bilbetik aparteko eremuetan kokaturiko etxebizitza-guneen bitartez, eta UPSan aurreikusitako etxebizitzaz besteko erabilerei dagokien edozein jarduera Zizur Nagusiko mugapean koka dezala udalerrian ukitutako azaleraren araberako proportzioan.

131.3. UPSaren eremuan aisiako baratzeetarako zonaren bat aurreikustea gomendatzen du.

Erantzuna:

131.1 puntuari. Ez da bidezkoa.

Alegazio honetan aipatzen diren beharrak ez dira zehatz-mehatz "Abiadura Handiko Trenaren geltoki berriaren eremua eta Iruñeko antzinako tren geltokiaren eremua garatzeko" UPSaren tamainak eta dentsitateak ekarriko dituztenak, ezta plan horrek eraginen dituen erabilera-intentsitateen ondoriozkoak ere. Ez litzateke bidezkoa izanen, beraz, beharko diren azpiegiturak UPSan sartzea eremu honetako aprobetxamendu-eskubideen titularrek ordaindu beharreko urbanizazio obra gisa, aitzitik, etorkizunean UPS honetatik kanpo eginen diren eta alegazioan aipatzen diren hirigintza garapenen kargura egin behar litzaieke aurre, garapen horien tamaina, dentsitatea eta eraginen dituzten erabilera-intentsitateak kontuan harturik.

Alegazioaren azken zatiaz, eta "azterlanak eta proposamenak berrikusteko eta diseinua berriz definitzeko, bereziki Zizur Nagusiko herrigunearekin eta erdialdearekin lotzeko bideei dagokienez" eskatzen duen horretaz, aipatzekoa da Nafarroako Errepideen 2009-2016 bitarteko III. Plan Zuzentzailea egiteko proposamenean aurreikusten dela bi fasetan egitea Logroño-Zizur Nagusia-Ezkirotz autobia. Lehenbiziko fasea aurrekontu orokorren kargura ordainduko litzateke, eta bigarren faseko bikoizketa, berriz, Gendulainen egitekoa den hirigintzako jarduketak jasan beharreko sistema orokorren kargura.

131.2 puntuari. Ez da bidezkoa. Ikus 10. alegazio-idazkiko 10.5 alegazioari emandako erantzuna. Zizur Zendeako Erreniega Udal Taldeak aurkeztu du alegazio hori.

131.3 puntuari. Ez da bidezkoa. Aisiako baratzeak lurzoru urbanizaezineko jarduerak dira. Horregatik, eta Elortz ibaiko pasabidea hiri parke publiko gisa planteatzen delako, ez du zentzurik inguruan aisiako baratzeak kokatzeak.

132.-Angel María Iturralde García jaunak, Nafarroako Gobernuko Plangintza, Segurtasunaren Koordinazio eta Trafiko Zerbitzuko Trafiko eta Bide Segurtasunaren Ataleko buruak, aurkeztutako alegazio-idazkia.

UPSa sustatzen duen departamentuak alegazioei buruz egindako txostenean goiko idazki hori jaso da alegazio-idazki gisa.

Idazki hori, ordea, bere iruzkinarekin batera, txosten honen V. atalean ("Nafarroako Gobernuak 2007ko maiatzaren 21eko Erabakian ezarritako determinazioak nola bete diren") jaso beharrekoa da, eta bereziki atal horretako A) epigrafean ("Emandako txostenak").

Hala ere, hemen idazki horren erreferentzia ematen da, aurkeztu diren alegazio-idazkien zerrenda eta ordena ez aldatzeko.

133.-Mariné Pueyo Danso andreak eta Oscar De Miguel jaunak EAE/ANV ordezkatuz aurkeztutako alegazio-idazkiak.

133.1. Etxabakoizko erriparen gainetik Barañainera doan lotura-bidea kentzeko eskatzen dute, erripan eragin handia duelako, Urdanoz multzoa are bereizago uzten duelako eta Iruñeko Udal Planean dauden jarraibideen aurkakoa delako; izan ere, erripak eta mazelak babestutako lurzoru urbanizaezin gisa sailkatu dira plan horretan. Barañaingo loturen arazoa konponduko litzateke Concepción Benítez kalearen bitartez eta Aróstegui etorbidearekin eta Donapeako bidearekin lotura eginez eta garraio publikoa hobetuz.

Erantzuna: ez da bidezkoa.

Barañainekiko bide-lotura UPSan ongi aztertutako elementua da. Iruñeko Udal Planean jada aurreikusten da, eta erripari erdi-erdian eragiten dio. UPSan proposatzen da erripako bide hori alborago kokatzea Udal Planean baino, paisaiaren eta ingurumenaren gaineko eragina txikiagoa izan dadin.

Alegazioan proposatzen den soluzioa (lotura bakarra Concepción Benitez kalean zehar, lotura Aróstegui etorbidearekin eta Donapeako bidearekin) ez da aski izanen aurreikusten den trafikoaren intentsitatea bideratu eta zerbitzu-maila onargarriari eusteko, eta ezin da haren edukiera handitu trafiko-eskari dibertsifikatu gabeari erantzuteko, malda handiko trazadura bertikala duelako, erabat deserosoa oinezkoen trafikorako, UPSko bideetan barna ibili beharra areagotzeaz gainera. Proposaturiko lotura berriak trafiko-intentsitate osoa birbanatzen du eta kalez kale ibili beharra murrizten du, %6 inguruko malda duen eta, horrenbestez, oinezkoen zirkulaziorako onargarria den trazadura baten bitartez.

Bide horrek ez du Urdanoz multzoa bereiz uzten. Batetik, haren trazadura Elortz ibaiaren beste ertzetik doa eta, bestetik, Urdanoz multzoko biztanleek bide berriaren bitartez sortzen den loturaren aukerak baliatu ahal izanen dituzte; gaur egun, aldiz, Aróstegui etorbidetik bakarrik irits daitezke ibilgailuan beren etxebizitzetaraino.

133.2. Eskualdeko Ekipamenduetarako zonan aurreikusitako aparkalekua disuasio-aparkalekua izan dadila eskatzen dute. Horretarako lotura onak izan beharko ditu garraio publikoko lineekin.

Erantzuna: bidezkoa da. Eskualdeko Ekipamenduaren parean kokatutako aparkalekua disuasio-aparkalekua izatea egokia da, eta hori aintzat hartuko da aparkalekua diseinatzerakoan eta haren neurriak zehazterakoan, espediente honen ebazpenean eta geroko urbanizazio proiektuan. Garraio publikoko lineen ibilbidea zehaztea Iruñerriko Mankomunitatearen eskumena da.

133.3. Industria elementuen erabilerak baloratzeko azterlana egin dadila eskatzen dute. Azterlan horretan aditzera eman behar da zein irizpide erabili diren eraikin batzuk zaharberritu eta besteak baztertzeko, eta erabilera egokiak zehazteko balorazioak azaldu behar dira.

Erantzuna: ez da bidezkoa.

Inquinasako eraikuntza multzoari buruzko plan berezi bat eginen da. Bertan zehaztuko da kontserbaturiko eraikuntzaren elementuen lehengoratze, zaharberritze eta kontserbazio maila.

UPSak zenbait eraikin mantentzea proposatzen du -horien balio orokorra Hirigintzako Araudiari erantsitako katalogoan ageri da-, interesgarritzat jotzen duelako proposamen hori, hiriaren eta haren bilakaeraren memoria historikoa gordetze aldera, baina Partzuergoa da kudeaketaren eta exekuzioaren ardura duen erakundea eta berak baloratu beharko du, garaia denean, zer kontserbatu behar den, edo zer eraitsi, irizten badio eraikuntza horiek ez direla egokiak edo errentagarriak proposaturiko ekipamendu-erabileretarako.

133.4. Tren geltoki zaharreko eraikina kontserbatzeko eskatzen dute.

Erantzuna: ez da bidezkoa. Gaur egungo tren geltokia balio arkitektoniko eta historiko nabarmenik gabeko eraikuntza da.

133.5. Fauna autoktonoari buruzko azterlan berezia egiteko eskatzen dute.

Erantzuna: ez da bidezkoa. Ingurumen ondorioen azterlanean fauna autoktonoaren azterketa egokia egin da, UPSaren eremuaren ezaugarriei erreparatuta eta kontuan izanik ingurumen balioa duten gune nagusietan UPSak izan dezakeen eragina. Aztergai dugun eremuari buruz Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan eskura dagoen informazio guztia kontuan hartu da, eta ibai inguruen nahiz Barañain-Etxabakoizko erripen gaineko ukipenak ahal den heinean murrizteko behar diren zuzenketa neurriak aurreikusi dira.

133.6. Udal mugapeetan eginen diren aldaketen gaineko informazio zehatza emateko eskatzen dute.

Erantzuna: ez da bidezkoa. Ikus 10. alegazio-idazkiko 10.5 alegazioari emandako erantzuna. Zizur Zendeako Erreniega Udal Taldeak aurkeztu du alegazio hori.

133.7. Ingurumen ondorioen azterlanean prebentzio eta zuzenketa neurriei buruz jasotako soluzioa azter dadila eskatzen dute, Urdanoz multzoa urpean geratzeko arriskua saihesteko konponbidea edo antzeko beste batzuk, alegia.

Erantzuna: ez da bidezkoa.

Egindako Ingurumen ondorioen azterlanari jarraituz egin da planeamendua, eta inguruaren azterlan hidrologikoaren emaitzak ere hartu dira oinarritzat, 500 urtetik behingo uholdeetan urak har dezakeen eremuan eraikuntzarik ez kokatzeko.

Ubide bikoitzaren bidezko soluzioak interesgarria dirudi, baina, arreta handiagoz azterturik, argi ikusten da Urdanoz multzoa areago bereiziko lukeela gainerako antolamendu eremutik. Urdanoz multzoaren egoera, uholdeak direla-eta, are gehiago hobetuko duen soluzioren bat aurkitzeko ahalegina eginen da, baina gogoratu beharra dago 25 urtetik behingo uholdeak ez gainditzetik 100 urtetik behingo uholdeak gainditzera igaro dela. Hori guztia, eraikuntza multzo hori hain kokaleku txarrean eraikia izan arren, Elortz ibaiaren bazterretako toki beherenetako batean. Bestalde, Ebroko Ur Konfederazioak jarduketaren aldeko txostena eman du.

133.8. Aróstegui etorbideko egoera zarata maila onargarrietara ekartzeko konponbidea azter dadila eskatzen dute.

Erantzuna: ez da bidezkoa.

Aróstegui etorbidean zarata mailak onargarriak dira, eta planeamendu honetan aplikatu beharreko legeak ezartzen dituen gehieneko mugak ez dira gainditzen. UPSaren azken agiriak, behin-betiko onespenerako aurkeztutakoak, aldaketa sorta garrantzitsua dakar. Azpimarratzekoa da, besteak beste, Aróstegui etorbidearen inguruko erabileren birkokapena dela medio, ezarritako zarata mailak ez direla gaindituko.

Datu zehatzak Memoriaren 5. eranskinean daude jasorik izenburu honen pean: "Zaratari buruzko Ingurumen eraginaren azterlana, abiadura handiko trenaren Iruñeko geltoki berriaren eremua garatzeko UPSrako".

133.9. Eskatzen dute Ingurumen eraginaren azterlana egin dadila abiadura handiko trenak atera ditzakeen zarata eta dardarei buruz, bai geltoki berrian eta bai trenbideetatik eta geltokitik hurbileko eraikuntza eta ekipamenduetan ere.

Erantzuna: ez da bidezkoa.

Zarataren azterlanean jada kontuan hartu da abiadura handiko trenak aterako duen zarataren ingurumen eragina, eta azpimarratu beharra dago UPSan ibilgailuen trafikoak sortuko duela zarata gehien. Zaratari dagokionez trenak oso eragin txikia izanen du, kontuan hartu diren aurreikuspenei esker: besteak beste, trenbidea lurperatu eginen da hirian barneratzen den tartean, geltoki berria baino lehenagokoan, hain zuzen ere.

Planeamenduak, dena den, Sustapen Ministerioaren eskakizunak errespetatzen ditu eta 2007ko apirilean erakunde hori UPSaren alde agertu zen, Trenbide Sektoreari buruzko azaroaren 17ko 39/2003 Legea betetzeko egin zuen txostenean. Lurpeko trenbidetik hurbileneko lurzatietan, 6. sektoreko zerrenda horretan eraiki beharreko eraikuntzen erabilerak kontuan harturik, dardaren azterketa egin zedila eskatu zen aipatu txostenean. Izan ere, zerrenda horretan bioteknologiako erabilerak ziren nagusi eta horrexegatik eskatu zen azterketa, batez ere. Behin inguru horretako kokalekuak eta erabilerak aldatutakoan, Z6-PT 3 lurzatiak (bioteknologia), Z6-P1 lurzatiak (foru erreserba) eta Z6-P4 lurzatiak (foru erreserba) ez lukete bateraezintasunik izan behar. Lurzati horietarako eskatutako dardaren azterketak egin, eginen dira.

Datu guztiak egiaztatzen ahal dira 5. eranskinean (zaratari buruzko Ingurumen eraginaren azterlana), UPSaren proiektuaren barnean baitago, herritar guztien eskura. Esan behar da, bestalde, Abiadura Handiko Trenaren Iruñerriko Trazadurari buruzko Informazio Azterlanak ere baduela Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioa, eta aldekoa dela.

135.-Sara Echeverría Arrondo andreak Buztintxuriko Bizilagunen Elkartea ordezkatuz eta haien izenean aurkeztutako alegazio-idazkia.

Edukia:

135.1. Bat egiten dute Sanduzelaiko Bizilagunen Elkarteak uztailean aurkeztutako alegazioekin eta, gainera, Buztintxuriko hegoaldean dagoen berdegune eta ekipamendu zerrenda errespetatzeko eskatzen dute, eta eremu berrian egin behar diren eraikinek garaiera egokia izan dezatela Buztintxurin lehendik dauden eraikinei itzalik ez egiteko.

135.2. Udaleko eta Nafarroako Gobernuko teknikariek Buztintxuriko eta Sanduzelaiko bizilagunei zuzeneko informazioa eman diezaietela eskatzen dute (solasaldiak, eztabaidak etab.), eta informazio hori jaso ondoren bizilagunek epe bat izan dezatela alegazioak aurkezteko.

Erantzuna:

135.1 puntuari. Bidezkoa da neurri batean.

Iparraldeko mugan lurzatien kokapena aldatu eginen da, hegoalderago eramanez, etenik gabeko espazio libre zabalagoa egon dadin antolamendu berriaren eta Buztintxuri auzoaren artean. Horrela, proposaturiko eraikuntzek ez diete eragozpenik sortuko lehendik daudenei. Espazio libre horrek errespetatu eta, zenbait tokitan, zabalagotu eginen du Buztintxuri hegoaldeko egungo zerrenda berdea, alegatzaileak aipatzen duen hori.

Buztintxuri-Euntzetxiki-Dona Grazia Eremuko Plan Partzialean aurreikusten den kirol ekipamendutarako lurzatia planeamendu honen hegoaldeko mugan dago. Lurzati hori osorik birkokatuko da II. eremuaren barnean.

Hezkuntza, kultura eta erabilera anitzeko ekipamendutarako lurzatiak, berriz, II. eremuaren barnean iraunen du, baina zati bat lekuz aldatuko da. Memorian justifikaturik dago.

Halaber, B+15+A garaiera duten dorre guztiak apalduko dira, B+12+A garaiera izanen baitute, Z0-P1 eta Z0-P13 lurzatietan izan ezik; lurzati horietako eraikuntza berriek, beren kokapenagatik, ez dute zuzeneko eraginik izanen gaur egungo eraikuntza bakar batean ere.

135.2 puntuari. Ez da bidezkoa. Ikus Nafarroa Bairen 9.1 alegazioari emandako erantzuna, 9. alegazio-idazkiari buruzko atalean.

136.-Angel García Clavijo jaunak Construcciones GM S.A. ordezkatuz aurkeztutako alegazio-idazkia.

Edukia: Iruñeko 4. poligonoko 575., 2175. eta 2176. lurzatiak UPSko I. eremuan sartzeko eskatzen du. Lurzati horiek Construcciones GM S.A.renak dira. Aróstegui etorbidearen eta Concepción Benítez kalearen arteko gurutzagunean daude eta UPSa horraino iristen da. Beraz, lurzati horien hirigintza-garapena zentzuzkoagoa izanen da UPSan sartzen badira, unitate bakartu gisa hartuta baino.

Erantzuna: bidezkoa da. Kontuan hartuko da eta lurzati horiek UPSan sartuko dira 2.229. eta 2.177. lurzatiekin eta Concepción Benítez kalea ukitzen duen bide sistemaren zati batekin batera. Horrela lotura hori hobetu eginen da eta kalitatezko espazio publikoa eratuko da lehendik dauden etxebizitzetarako. Espazio librea ekipamendutarako eraikin baten bitartez berriro konfiguratzeko aukera aztertuko da, Iruñeko Udalak 142. alegazioan eskatu duen bezala.

137.-Iñigo Eugui Martínez de Azagra jaunak, Promociones Erro y Eugui S.L.ren izenean eta hura ordezkatuz, Victor Lizarraga Echeverría jaunak, Adania Residencial S.L.ren izenean eta hura ordezkatuz, eta Camino Royo Burgos andreak, bere izenean, aurkeztu duten alegazio-idazkia.

Edukia:

137.1. Eskatzen dute zuzen definitu dadila, ikuspuntu grafikotik, Iruñeko 4. poligonoko 2694. lurzatia, eta azalera hau aitor dakiola: 11.148,4 m2.

137.2. Eskatzen dute Iruñeko 4. poligonoko 2.804. lurzatia UPSaren eremuan sar dadila, azalera hau esleituta: 4.555,85 m2.

137.3. Eskatzen dute 53.219,68 m2 -ko azalera onar dadila Iruñeko 4. poligonoko 2694. katastro-lurzatirako.

137.4. Eskatzen dute eredu-aprobetxamenduaren kalkulua alda dadila katastrokoa baino azalera handiagoa abiapuntutzat hartuta, eta, horrez gain, zuzenbidezkoa den oro.

Erantzuna:

137.1 eta 137.3 puntuei. Ez da bidezkoa. Dokumentuan katastroko azalerak jaso dira, informazio hutserako. Administrazioak emandako datuetatik atera dira. Azalerak ez dira lotesleak birzatiketa proiektuaren ondorioetarako. Proiektu horretan zehaztuko dira jabe bakoitzaren eskubideak eta betebeharrak.

137.2 puntuari. Erantzuna: bidezkoa da. Lurzatia fisikoki eremuan sartuta dago jada, baina ez dago behar bezala definiturik dokumentazio grafikoan eta idatzian. Edonola ere, agirian jasorik dauden katastroko azalerak informazio hutserako dira eta ez dira lotesleak birzatiketa proiektuaren ondorioetarako; proiektu horretan zehaztuko dira jabe bakoitzaren eskubideak eta betebeharrak.

137.4 puntuari. Ez da bidezkoa. UPSaren 23. artikuluan, eredu-aprobetxamenduaren kalkuluari buruzkoan, berariazko aurreikuspena jaso da, birzatitze proiektua onesterakoan azalerak aldatuz gero sor daitezkeen arazoak saihesteko. Hori gertatzen denean, eredu-aprobetxamendua, birzatitzearen ondorioetarako, honela kalkulatuko da: guztizko eraikigarritasun homogeneizatua zati aprobetxamendurako eskubidea duen benetako azalera.

138.-Sustapen Ministerioko Abiazio Zibilaren Zuzendaritza Nagusiko Garraio Idazkaritza Nagusiaren alegazio-idazkia.

UPSa sustatzen duen departamentuak alegazioei buruz emandako txostenean, alegazio-idazki gisa jaso da Sustapen Ministerioko Abiazio Zibilaren Zuzendaritza Nagusiaren txosten bat.

Espedientean ageri denez, bestalde, Sustapen Ministerioko Abiazio Zibilaren Zuzendaritza Nagusiak azken txosten bat eman du 2009ko azaroaren 25ean eta bidezkoa da berari eustea. Txosten honen V. atalean ("Nafarroako Gobernuak 2007ko maiatzaren 21eko Erabakian ezarritako determinazioak nola bete diren") dago jasorik, eta zehazki atal horretako A) epigrafean ("Emandako txostenak").

Hala ere, hemen txosten horren erreferentzia ematen da, aurkeztu diren alegazio-idazkien zerrenda eta ordena ez aldatzeko.

139.-Jose Luis Garraza Osaba jaunaren alegazio-idazkia.

139.1. Uste du UPSak egiturazko determinazioak eta xehakatuak bereizi behar lituzkeela, eta UPSko determinazio grafikoen artean jaso.

Erantzuna: bidezkoa da.

UPS honek lurzoru mota bakarra ezartzen du (urbanizagarri sektorizatua) eta horrek egiturazkoa izan behar du. Ez da sektorerik ezarri jarduketa eremu osoa sektore bakarra delako. Nahiz eta elementu egituratzailerik baden (bideak, espazio libreak eta ekipamenduak), Memorian azaltzen den bezala, ez dira sistema orokortzat jotzen, argi eta garbi jakin dadin nork burutu eta finantzatu behar duen haien exekuzioa.

Sektorizazio planen aurreikuspenik ere ez da planteatzen, dokumentuaren izaera dela-eta, lurrak antolamendu sektorizatuko lurzoru urbanizagarri gisa sailkatzen baititu.

Egiturazko determinaziotzat joko dira bizitegitarako erabilera orokorra (jarduketa eremurako proposaturiko erabilera nagusia), gehieneko aprobetxamendua, babes publikoko etxebizitzen portzentajea, eredu-aprobetxamendua (14. artikuluan ezarritako zehaztapenekin) eta homogeneizazio koefizienteak.

UPSak ez du aurreikusten lurzoru urbanizaezinaren sorrerarik, ezta Udalaren lurzoru ondarea handitzeko erreserba eremurik ere.

139.2. Uste du UPSak etxebizitzetarako lurzoru beharrei buruzko azterlan baten ondorio izan behar lukeela, besteak beste, eta eraikuntzen intentsitatea eta tipologia justifikatzerakoan aintzat hartu behar liratekeela, gutxienez ere, inguruko hirialdearen ezaugarriak, eta bi parametro horiek inguru hurbilenean ezarrita dauden gehieneko balioetara mugatu behar liratekeela.

Erantzuna: ez da bidezkoa.

UPSko Memoriak behar adina justifikatzen du egokia eta komenigarria dela Etxabakoizko eta Sanduzelaiko lurrak eraldatu eta berrantolatzeko eragiketa handi bat planteatzea, baita etxebizitzak eta hirugarren sektoreko erabilerak ezartzea eta bioteknologiarako eremu garrantzitsu bat sortzea ere.

Bi parametro dira jarduketaren tamaina eta intentsitatea zehazten dutenak: antolamendurako irizpide onak erabiliz etxebizitza-gune bat ezartzea, behar adinako edukiera eta intentsitatea izanen dituena bere exekuzioa bideragarri egiteko, interes publikoko hainbat onuratarako bide emanez (tren zerbitzuak berregituratzea, Inkinasa lekuz aldatzea, Iruña, Barañain eta Zizur arteko bide eta komunikazio sistema hobetzea, ekipamendu publiko handiak lortzea eta Eskualdeko Hirigintza Arauetako paisaia-erreserben barneko lurrak libre utzi eta babestea).

UPSak ez du zertan bere parametroak egokitu hurbileko eremuetan dauden balioetara. Egin behar duena da proposatzen den soluzioaren egokitasuna justifikatu, ahaztu gabe benetan zaila dela "inguru hurbilena" kontzeptua zehaztea hiru udalerri desberdinetan era halaber eremu fisiko desberdinetan gertaturiko errealitate erabat heterogeneoen aurrean.

139.3. Gaur egun bi eremuak lotzen dituen trenbideko lurrak UPSaren mugen barnean sartu behar liratekeela uste du, horien etorkizuneko xedea planifikatu eta aurreikusteko garaia baita.

Erantzuna: ez da bidezkoa.

UPS honek dagoeneko bere determinazioen artean jaso du egungo trenbideko lurrak bere jarduketa eremuan sartzea, lur horiek berrantolatuz erabilera eta xede berriekin.

Alegatzailearen planteamendua tramitatzen ari den UPSaren helburutik harago doa, haren alegazioa honela ulertzen baldin badugu behintzat: UPSan sar daitezela trenbide ertzeko lurrak Iruñerrian, Arrizabalaga eta Zuasti artean.

Gaur egungo trenbide sistemako lurrak arazo handirik gabe planifikatu izan dira udal planeamenduen bitartez (Iruña, Berriozar, Berriobeiti etab.), eta ez da disfuntziorik agertu lurzoru horiek planifikatzeko irizpideetan.

UPS hau egin izanak ez du galarazten beste UPS bat tramitatu ahal izatea helburu horretarako, nahiz eta hori ere ez den beharrezkotzat jotzen trenbide sistemari lotutako lurren plangintza egoki baten helburuak bermatzeko UPStik kanpoko eremuetan.

139.4. Uste du UPSak ez lukeela sektore bakarra ezarri behar elkarrengandik bereiz eta urrun dauden bi eremu elkartuz, analisiaren eta egiturazko antolamenduaren ondorioetarako, bi eremuetan proposaturiko antolamenduek falta dituzten alderdiak baitira.

Erantzuna: ez da bidezkoa.

Kudeaketari eta exekuzioari dagokienez, UPS honek trenbidea eta hirigintza birmoldatzeko planteatzen duen eragiketa hain da korapilatsua non bideraezin egiten baitu bi sektore ezartzea alegatzaileak proposatzen duen bezala.

UPS honek badu antolamendu xehakatua, geroko plan partzialen bidez garatu beharrik ez duena; antolamendurako irizpideak eta ekipamenduak eremu bakoitzaren beharretara egokitzen ditu, legeen eskakizunak betez; banaketa eremu bakarra ezartzen du, eredu-aprobetxamendu orokor bakarrarekin lurzoru guztietarako; eta kudeaketa eta exekuzio unitate bakarra proposatzen du, ezinezkoa baita onura eta zamen oreka lortzea lurrak berriz zatitzen badira antolamendu, kudeaketa eta exekuzio unitatetan.

139.5. Uste du sistema orokorrak berriz definitu behar direla, haien lurrak eskuratzeko kudeaketa ezartzeko, behar duenak haien urbanizazioa bere gain hartzeko, eta jarduketa eremutik kanpoko sistema orokorrekiko loturako azpiegiturak, sistema horien handitzea edo indartzea ordaintzeko eta, hala behar denean, burutzeko.

Erantzuna: ez da bidezkoa.

Memorian azaltzen denez, UPSak, elementu egituratzaileak ezartzen baditu ere, ez du aintzat hartzen sistema orokorren eta tokiko sistemen arteko ohiko banaketa, uko egin ezinezko printzipiotzat daukalako lurzoruaren jabeek ordaindu eta burutu behar dituztela funtzionamendurako eta exekuziorako behar diren azpiegitura eta ekipamendu guztiak.

Hori ez da oztopoa UPS honek espazio libreetarako legezko estandarrak bete ditzan, sistema orokortzat eta tokiko sistematzat jo litezkeen estandarrak barne.

Alegazio honen lehenbiziko puntuari erantzunez esan den bezala, komunikazio sistemako, zerbitzuetako, espazio libreetako eta ekipamenduetako elementu egituratzaile izenarekin UPSan sartuko dira, egiturazko determinazio gisa, baina ez zaie sistema orokorren kategoria emanen, argi gera dadin jabeek beren gain hartu behar dituztela haien exekuzioa eta finantzaketa.

139.6. Uste du espazio libreak eta berdeguneak leku egokienetan kokatu behar direla, eman beharreko zerbitzurako toki aproposetan. Ez dirudi ezpondak halako erabilerarako lur egokienak direnik, ez bada justifikatzen opari ematen direla, eskatutakoaz gainetik.

Erantzuna: ez da bidezkoa.

Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko 35/2002 Foru Legean eskatutako estandarrak betetzeko kontatu diren espazio libre eta berdeguneak, bi eremuetan, eskatzen diren gutxieneko azaleren nahiko gainetik daude.

Ezpondatzat hartzen bada I. eremuko Etxabakoizko Erripen iparraldean dagoena, esan beharra dago zona horrek eman behar duen zerbitzua, besteak beste, hauxe dela: paisaiaren eta naturaren aldetik duen interesagatik babestu beharrekoa deklaratutako eremu bat mantentzea, horrek dakartzan ondorio guztiekin. Ibiltokia da, eta gaur egun bertan dauden oinezkoentzako bideen sarea mantendu eta zainduko da. Horregatik uste dugu eremu hori guztia leku egokia dela espazio libre gisa kalifikatzeko.

II. eremuan toki maldatsuena Cascajoko hegoaldean dago eta inguru horretara hedatuko da gaur egungo "Usain gozoen parkea", Artikaberriko (Berriobeitiko udalerria) urbanizazioari lotua.

Espazio libre eta berdegunetzat (tokiko ekipamendua) kontatu diren espazioek betetzen dituzte uztailaren 4ko 10/1994 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 24. artikuluan ezarritako betekizunak. Plano hauetan irudikatuta daude: "C0403-1 P.12 00 I. eremua. Lurzoru erreserbak" eta "C0403-2 P-29 00 II. eremua. Lurzoru erreserbak".

141.-Xavier Urrutia Atienza jaunak Etxabakoitz Bizirik elkartea ordezkatuz aurkeztutako alegazio-idazkia.

Edukia:

141.1. Hezkuntza zerbitzu publikoetarako gaur egungo ekipamenduak (Nicasio de Landa ikastetxe publikoa, Orreagako Andre Maria haurtzaindegia, Etxabakoizko liburutegi publikoa, Etxabakoizko Haurren Arretarako Talde Komunitarioaren bulegoak), denak ere Urdanoz multzoan kokatuak, UPSko aurreikuspenen arabera suntsitu eginen direnez, eskatzen dute horiek kontuan har daitezela planaren diseinuan, auzoarentzat lanean jarraitzeko behar dituzten azpiegiturak jaso ditzatela eta orain bezala Urdanoz multzoaren ondoan koka daitezela.

141.2. Elkarteari bere jarduerak egiten jarraitzeko behar dituen espazioak emateko eskatzen dute, eta UPSak ez dezala haren programazioaren garapena eragotzi, Etxabakoizko haur eta gazteentzat eskolaz kanpoko, hezkuntzako eta aisiako jarduera publikoak eskaintzen dituen erakunde bakarra baita.

Erantzuna:

141.1 puntuari. Bidezkoa da.

Pilarreko Andre Maria parrokiaz gainera, Orreagako Andre Maria haurtzaindegia eta Etxabakoizko liburutegi publikoa/Erretiratuen Elkartea ere mantendu eginen dira. Nicasio de Landa ikastetxe publiko berria Urdanoz multzoaren parean kokatuko da, hegoaldean. Urbanizazio proiektuaren barnean burutu beharreko hirigintza-zama izanen da.

Urdanoz multzoaren ondoan, lehen aipatutako ekipamenduez gain (ZD4-PD6 lurzatia), erabilera anitzeko ekipamenduetarako zona berri bat kokatuko da, zuzeneko lotura izanen duena gaur egungo auzoarekin eta Elortz ibaiko parkearekin (Z4-PD8 eta Z4-PD18 lurzatiak).

141.2 puntuari: ez da bidezkoa. Obrak egiten diren bitartean aipatu elkarteen zerbitzuetarako lokalen bat eskuragarri egotea ez da Plan Sektorialaren ardura, baizik eta, izatekotan ere, Plana kudeatu eta burutu behar duten administrazioena.

142.-Iruñeko Udaleko Hirigintza Gerentziaren alegazio-idazkia.

142.1. I. eremuari dagokionez: UPSak barnean hartu behar luke Barañaingo udal mugapeari dagokion zatia, horren urbanizazioa eta lurrak eskuratzeko formula aurreikusiz; baita Venta de Andrés jatetxearen aurreko biribilgune osoa, lehenago dagoen kale-tarte osoa eta zubia, Concepción Benítez kalearen trazadura berriaren ondoriozko lotunea eta "Venta de Andrés" eraikina bera ere. Azkenik, Barcos multzoaren ondoan plaza bat egitea proposatzen du, eta gaur egungo ekipamendua birkokatzea, espazio publiko horri forma eman diezaion.

Erantzuna: bidezkoa da.

UPSan sartuko dira bide sistemaren Venta de Andrés jatetxe aurreko zatia eta Aróstegui etorbidean Elortz ibaiaren gainean dagoen zubi osoa.

Era berean UPSko I. eremuan sartuko dira Iruñeko udal mugapeko 575., 2.175., 2.176., 2.229. eta 2.177. lurzatiak. Horietan, eskatu den bezala, plaza bat eta erabilera anitzeko ekipamenduetarako lurzati bat kokatuko dira.

Barañaingo 504. lurzatiaren jabeak eta Barañaingo Udalak berak egindako alegazioa dela-eta, onarturik dago lurzati hori UPSaren eremuan sartzea eskatzen duen alegazioa, baita bidea urbanizatzeko betebeharra ere.

142.2. II. eremuari dagokionez: proposatzen da UPSan sar daitezela Iruñeko Udal Planeko VI. unitate integratuko SO1 sektorea, Orkoiengo errepiderainoko gainerako lurrak eta Nazario Carriquiri kaleko lehen tartea, Udal Planean proposaturiko biribilgunea egin ahal izan dadin.

Erantzuna: bidezkoa da.

Sartuko dira SO1 sektoreko lur horiek, tartean 2460. eta 2477. hiri-lurzatiak, 8144. bide-lurzatiaren puska bat eta 2459. landa-lurzatiaren puska bat. Lurzati horiek sartuta, Iruñeko Udal Planak inguru honetarako proposatzen duen biribilguneraino iristea lortuko da.

Nazario Carriquiri kalearen hasierako tarteko lurrei dagokienez, Udal Planean proposaturiko biribilgunea egin ahal izateko, Hirigintzako Araudiaren 29. artikuluak lehendik dagoen urbanizazioarekiko loturak egiteari buruz dioenari lotuko gatzaizkio. Beraz, ez da beharrezkotzat jotzen II. eremuaren muga aldatzea biribilgune hori eransteko.

8078. bide-lurzatiko lurrak sartuko dira, espazio horren errematea egiteko Udal Planak Arrotxapeko Bernardino Tirapu kalearen azkenean aurreikusten duen biribilguneraino.

142.3. Antolamendu orokorrari dagokionez:

142.3.1. Barañaingo mazeletako Z2-P1 eta Z2-P5 bitarteko unitateetan egitekoak diren eraikuntzen antolamendua berraztertzeko eskatzen da, bereziki espazio libreen antolaketa. Horiek irabazi eginen lukete hegoaldera orientatuta eta auzo berriari begira kokatuko balira.

Erantzuna: bidezkoa da. Barañaingo mazeletan aurreikusitako unitateak azaldutako irizpideen arabera aztertu dira. Ondorioz, aldaketa hauek egin dira:

-Zona honetan 4tik 3ra murriztu dira bizitegitarako lurzatiak (Z2-P1, P2 eta P3 lurzatiak).

-Beheren dagoen lurzatiak, hau da, Z3-P4 lurzatiak, hegoaldera eta Elortz ibaiko parkera begira izanen ditu espazio libreak.

-Malda handieneko lurzatietako espazio libreak hegoaldera orientatuko balira, beheko solairuak lurraren kontra geldituko lirateke eta hori ez da gomendagarria hainbat arrazoirengatik.

142.3.2. Iruñeranzko kale nagusiari (Aróstegui etorbidea) dagokionez, komenigarritzat jotzen dute beraren sekzioaren diseinua aldatzea, oinezkoentzako espazio zabalagoak ezarriz eta kalearen neurriak aztertuz inguruko espazioarekin alderatuta (elkarguneak Zizur Nagusiko tartearekin eta Iruñeko atzeko tartearekin).

Erantzuna: bidezkoa da.

Aróstegui etorbidearen sekzioa aldatu eginen da eta oinezkoentzako toki zabalagoa ezarriko da. Esan beharra dago, dena den, Aróstegui etorbidearen paraleloa den iparraldeko kalean bulebar bat sustatuko dela (16,5 metro zabal, hegoaldera begira). Kale horretara ematen dute etorbideko erabilera mistoko eraikuntzek eta beheko solairuetan merkataritza lokalak dituzten etxebizitza blokeek. Hala eta guztiz ere, Aróstegui etorbidearen sekzioa aldatu eginen da, hiritarrago bihurtuz eta zabalera 63 metrora murriztuz; alboetako zerbitzu bideak kenduko dira; etorbideak hiru errei izanen ditu noranzko bakoitzean, eta erdian 9 metro zabaleko zerrenda berdea, balizko tranbia edo metro arinerako erreserba gisa. Hiru erreiko bidearen bi alboetara baterian aparkatzeko tokiak eta 11,5 metro zabaleko espaloiak daude. Espaloien barnean zona desberdinak bereizten dira zuhaitzen antolaeraren arabera, eta badira zerrenda lorategidunak.

Bide berri honen eta lehendik dauden bideen arteko lotuneak aztertu dira bai Zizur Nagusiaren kasuan bai Iruñarenean, eta azken kasu horretan ikusi da Venta de Andrés jatetxearen aurrean proiektaturiko biribilgunearen pare estugunea gertatuko litzatekeela, noranzko bakoitzean errei bat gutxiago, hain zuzen ere, Pio XII.aren etorbidetik Iruñeko erdialderantz joateko, gaur egungo bideak bi errei bakarrik dituelako noranzko bakoitzean, 1,50 metroko erdibitzailearekin.

Aróstegui etorbideak Iruñeko eta Zizur Nagusiko bideekin, Pio XII.aren etorbidearekin eta Lizarrako errepidearekin dituen lotuneak aztertu dira gure jarduketaren mugaraino. Komeni da gogora ekartzea Pio XII.aren etorbidea eta Lizarrako errepidea ez daudela UPSaren eremuaren barnean eta, beraz, horietan ez dela jarduketarik aurreikusten.

142.3.3. Bigarren mailako bideen trazadurari dagokionez, komenigarria litzateke irteerarik gabeko kaleak jostea, zirkulazioa arinagoa izan dadin eta irisgarritasuna hobetzeko.

Erantzuna: bidezkoa da neurri batean.

Egia da bigarren mailako bideen trazadurak zirkulazio arinagoa izaten duela irteerarik gabeko kalerik gabe eta kaleak josita daudela diseinatzen denean, baina irteerarik gabekoek ere ez dute zertan eragotzi irisgarritasuna, eta, bestalde, badute alde on bat, bizilagunek bakarrik erabiltzen baitituzte, paseko trafikorik izan gabe, eta, beraz, haren zaratarik ere ez. Irteerarik gabeko bide horiek ibilgailuek eta oinezkoek kaleak elkarrekin partekatzeko balio dute.

Kendu egin da zuzeneko lotura Z1-P6 eta Z1-P7 lurzatien hegoaldean dagoen bigarren mailako bidetik Barañaingo Kirolen etorbideko biribilguneraino, alegazio honetan adierazten den moduan.

142.3.4. Z5 P6-P7 etxesailetan planteatu dena baino espazio publiko adierazgarriagoa edo plaza garrantzitsuagoa behar da. Egokia izan daiteke Inquinasako zonaren erdiko bi etxesail handiek eratzen duten espazioa hartzea, Z5-P5 etxesaileko eraikuntzen banaketa berrantolatuz.

Erantzuna: bidezkoa da neurri batean. Gaur egungo ekipamendu-eraikinek eta merkataritzako jarduerak eta bulegoak dituzten beste batzuek eratutako plaza bat, eraikuntzez inguratutako beste plaza txikiago batzuekin lotua, konponbide hobea izan daiteke plaza erraldoi eta bakarra baino; halako plaza handiek ez dute bete-betean funtzionatzen, edo perimetroguneetan besterik ez dute funtzionatzen, betiere terrazak nahiz jarduera biziko guneak haiekin batera izanez gero. Hala ere, alegazio honetan azaldutakoa aintzat harturik, Z5-PD9, PD-10, PD-11 eta PD-13 ekipamendu-lurzatien erdian dagoen eremu librearen diseinua eta neurriak aldatu egin dira 145 x 55 metroko plaza nagusi bat lortu arte. Beste plaza txikiago batzuekin loturik egonen da, zuzenean edo gutxienez 15 metroko zabalera izanen duten oinezkoentzako pasealekuen bitartez. Horregatik guztiagatik, zona hau berez espazio adierazgarria da, erabileren eta jendearen bilgune bat.

142.3.5. Nafarroako Unibertsitaterako gaur egungo sarbideari dagokionez, ona litzateke errepideko trafikoa gutxitzea, baina ez da komeni lotura kentzea tokiko ekipamendu berri bat ezarriz.

Erantzuna: bidezkoa da. Unibertsitateko errepidea bere horretan mantenduko da, baina amaierako tartea aldatuko zaio, bide hori Nafarroako Unibertsitateko campusetik irteteko soilik izan dadin eta Aróstegui etorbideko ekialdeko biribilgunetik igaro gabe irten dadin. Mendebaldetik campusera datozen ibilgailuak Eremuan proposaturiko bi bide berri zabalagoetatik sartuko dira campusean, eta Donapeako bide berritik, Fuente del Hierroko errepidea eta Unibertsitateko errepidea elkartzen diren biribilgunean zehar. Ekipamenduetarako Z5-PD9 lurzatia lekuz aldatuko da eta espazio librea utziko du.

142.3.6. Gipuzkoa etorbidearen sekzioa handitu behar litzateke Cuatrovientosko zubitik hurbil dagoen tartean eta zubian bertan, eta garrantzi handiagoa eman behar litzaioke Z0-PD20 ekipamendu publikoari; ekipamendu hori eta beste ekipamendu berri batzuk erdialderago koka litezke antolamendu berriaren barnean eta Sanduzelai auzoarekiko.

Erantzuna: bidezkoa da.

Gipuzkoa etorbidea zabaldu eginen da eta Buztintxurirantz luzatzen den sekzioari egokituko zaio. Horrekin batera, trenbidearen gaineko pasabidea kenduko da.

Z0-PD20 ekipamenduaren zati bat berrantolatu da, plaza bat era dezan gaur egungo bi auzoen eta antolamendu berriaren artean, oraingo geltokiko plazari begira (Z0-PD21 eta Z0-PD22 ekipamendu-lurzatiak). Horrela ekipamenduak erdialderago kokatuko dira, eta zuzeneko lotura izanen dute Sanduzelai auzoarekin.

142.3.7. Unitate bakoitzeko araudi partikularrak ez ditu arautzen planoetan ageri den antolamendua gauzatzeko gutxieneko baldintzak.

Erantzuna: ez da bidezkoa. Hirigintzako araudiaren agirian eta beraren fitxetan dagoen informazioa determinaziotzat hartzen badugu, hori nahikoa da planoetan ageri den antolamendua gauzatzeko.

142.4. Urbanizazio baldintzei buruz: exekuziorako gutxieneko baldintzak biltzen dituen araudi edo ordenantza baten falta nabaritzen da. Horrelako agiri batek espazio publikoen (erripak edo Sadar eta Elortz ibaien inguruak) urbanizazioa arautu behar luke Iruñean ezarritako irizpideekin bat etorriz, eta gainera erabilera publikoko espazioak mantentzeko baldintzak arautu behar lituzke.

Erantzuna: ez da bidezkoa. UPSak ezartzen ditu espazio publikoaren eta bide sistemaren ezaugarri egituratzaileak, urbanizazio proiekturako determinazio orokor batzuen bitartez (Araudiaren 29. artikulua); determinazio horiek urbanizazio proiektuan zehaztuko dira.

142.5. Memoriaren agiriari dagokionez:

142.5.1. Jasorik utzi behar litzateke 2.5 atalean dauden datuak ez direla lotesleak, birzatiketa proiektuak zehaztu behar baitu, kasu bakoitzean, bertan sartutako zein lurrek duten hirigintza-aprobetxamendua izateko eskubidea.

Erantzuna: bidezkoa da. Atal horretan jasorik utziko da bertako datuak ez direla lotesleak.

142.5.2. Eraikuntza eta erabilera finkatzen zaizkien lurzoruetan, egokiagoa dirudi "hiri lurzoru finkatua" sailkapenari eusteak.

Erantzuna: bidezkoa da. Finkatu beharreko eraikinetatik, 408. lurzatian eta 591., 592. eta 593. lurzatien zati batzuetan daudenak bakarrik geldituko dira hiri lurzoru finkatuko unitate gisa. Mantentzea erabaki den gainerako eraikinak ekipamendutarako lagapenetan sartuko dira, eta hirigintzako zamak dituzten eraikinak izanik, ezin dira hiri lurzoru finkatu gisa definitu. Horrela dago jasorik "C0403-1 P.05 00. I. eremua. Lurzoruaren sailkapena" planoan.

142.5.3. Egiturazko determinazioen zerrenda (73. orrialdea) araudian jaso behar da; ez dira jaso LAHFLaren 49.2 artikuluan dauden egiturazko determinazio batzuk, eta jaso litezke; eta 5.3.1 eta 5.3.2 atalek sektorea antolatzeko oinarrizko irizpide eta baldintza batzuk garatzen dituzte, LAHFLan sartuak, horiek parametro arauemaileak dira eta gehiago zehaztu eta definitu behar dira aplikatzen ahalko den zerrenda labur baten bidez.

Erantzuna: bidezkoa da. Alderdi hori zuzendu da eta hirigintzako araudi orokorrean egiturazko determinazioak eta xehakatuak identifikatu eta bereizi egiten dira.

142.5.4. Homogeneizazio koefizienteei dagokienez, etxebizitzei eta gainerako erabilerei esleitutakoen justifikazio osoagoa falta da, lurzoru libre pribatuari eta aparkalekuei esleitzea falta da, eta egiturazko araudian jaso behar dira. Udalez gaindiko zuzkidura LAHFLk eskatutako zenbatekoari egokitu behar litzaioke, etxebizitza babestuetarako eta titulartasun publikoko beste bizitegi-erabilera batzuetarako lurzoru erreserba justifikatuz. Biztanleria osoaren zerbitzurako gainerako ekipamendu publikoak lagapen bidezko sistema orokorrak izanen dira.

Erantzuna: bidezkoa da.

Hainbat dira gai honi buruz UPSaren agiriari egin zaizkion alegazioak. Batetik homogeneizazio koefizienteak ez daudela behar adina justifikaturik adierazi da, eta bestetik ezbaian jarri da, ikuspegi desberdinetatik, proposaturiko koefizienteen egokitasuna. Ildo horretan, alegazio batzuek diote etxebizitza babestuei aplikaturiko homogeneizazio koefizienteak etxebizitza libreekin alderatuta neurriz gainekoak direla eta etxebizitza babestuei esleitutako koefizienteak murriztea proposatzen dute (Zizur Nagusiko Udala), eta kritika bera egin da epez kanpo aurkeztu arren aintzat hartu den alegazio batean; antolamenduaren eremuan lurrak dituzten sustatzaile eta eraikitzaile ia guztiek sinatu dute.

Bistan da higiezinen merkatuan funtsezko aldaketak izan direla UPSa hasiera batean onetsi zen egunetik hona, eta horrek eragin handia izanen du azkenean proposatuko diren homogeneizazio koefizienteetan.

Ukatu ezinezko errealitatea da higiezinen merkatua krisialdian dagoela eta ondorioak funtsean etxebizitza libreen merkatuan jasaten ari direla. Horrek eragin handia izanen du etxebizitza libreen gehieneko salmenta prezioetan. Erosleak bilatu ahal izateko, etxebizitza babestuen gehieneko salmenta prezioetara hurbiltzeko beharra izanen da eta, ondorioz, eraikuntzako erabilera horien homogeneizazio koefizienteen arteko aldea murriztu beharko da.

Esan beharra dago, bestalde, UPSetan homogeneizazio koefizienteak finkatzearen ingurukoak, bigarren mailako kontua izateraino iritsi gabe ere, garrantzi asko galdu duela jarraian azalduko diren arrazoiengatik.

Udal planeamendu batean zenbait banaketa eremu ezartzen direnean, homogeneizazio koefizienteak finkatzea garrantzi handiko kontua da ondoko betebehar hau betetzen dela egiaztatu ahal izateko: gehienez %15eko aldea dagoela banaketa eremuei esleitutako eredu-aprobetxamenduekin. Horrela betearazten da, ahal den neurrian, hirigintzako antolamenduak ukitutako lurren jabeen arteko berdinbanaketaren printzipioa. Garrantzi eta helburu berak planteatzen dira edo planteatzen ahal dira UPSek hainbat banaketa eremu ezartzen dituzten kasuetan ere. Oraingoan, ordea, UPSak banaketa eremu bakarra ezarri duenez, koefizienteen finkapenak ez dio eragiten LAHFLaren 101. artikuluan ezarritako helburuari eta ez du helburu hori baldintzatzen.

Homogeneizazio koefizienteek birzatitze prozesuan betetzen dute bigarren eginkizuna, kudeaketa eremuko jabeen artean onurak eta zamak berdinbanatzeko printzipioa gauzatzea helburu duen espedientean, alegia. Erabileren eta eraikuntza-intentsitateen esleipenak, edozein izanda ere, ez dio jabe bati onura edo kaltea ekarri behar besteen kaltetan edo mesedetan.

LAHFLk egiturazko determinaziotzat jotzen zituen homogeneizazio koefizienteak eta, beraz, horiek ezin ziren aldatu birzatiketa proiektuen bitartez. Legearen aplikazio praktikoak agerian jarri zuen zaila zela berdinbanaketaren printzipioa betetzea birzatiketa proiektuetan onartuz planeamenduak finkatutako homogeneizazio koefizienteak, koefiziente horiek ez bazuten behar bezala islatzen eraikuntza-erabileren arteko benetako balio-diferentzia, edo, behinola behar bezala finkatuta egon arren, denboraren buruan, birzatiketa proiektua tramitatu eta onesteko garaian, hain zuzen ere, beharrezko ponderazioa galdua bazuten.

Hirigintza eta Etxebizitzaren arloan Urgentziazko Neurriak Hartzeko Foru Lege indardunak arazo hori egokiro konpondu du, LAHFLaren 150. artikuluari testu berri hau emanez: "Birzatitzeko proiektuak eredu-aprobetxamendua kalkulatzeko erabilitako homogeneizazio koefizienteen egokitasun edo desegokitasunari buruzko azterlan bat jasoko du, birzatitzeko proiektua tramitatzerakoan onuren eta kargen banaketa parekatua dela bermatze aldera. Azterlan horrekin egiaztatzen bada balioen parekotasunak indarra galdu duela, birzatitzeko proiektuak berregokitu ahalko ditu, horretarako arrazoiak emanez, betiere birzatiketaren xede den aprobetxamendu osoa handitu edo gutxitu gabe, ez eta betetzen ari den planeamenduak ezarritako eraikigarritasuna ere". Jakina, manu hori aplikagarria izanen da UPS hau garatzeko tramitatu beharko den birzatiketa proiekturako.

Aurrean azaldutakoa gorabehera, UPS honek LAHFLaren 102.2 artikuluan ezarritako baldintzak betez finkatu beharko ditu homogeneizazio koefizienteak, hau da, modu justifikatuan, merkatuko balioak kontuan hartuz. Horregatik, UPSko Memoriari atal bat erantsi zaio homogeneizazio koefizienteak zenbakiz justifikatzeko, aurrean azaldutako irizpideei jarraituz.

Udalez gaindiko zuzkiduraren estandarrak betetzeari dagokionez, proposamena bat dator LAHFLaren 52.7 artikuluan ezarritako estandarrekin.

142.5.5. Geltoki berriaren ondoko aparkalekuak ekipamendu horren osagarritzat hartu behar lirateke, eta ez eremuaren zerbitzurako ekipamendu gisa. Badira beste zona batzuk aparkatzeko toki gehiago eduki ditzaketenak, sektoreari zerbitzu zuzenagoa emanez (Donapearanzko bideak eta Barañainerako sarbidea).

Erantzuna: bidezkoa da neurri batean.

Aparkalekuak ezarriko dira Donapearantz doazen bideetan eta Barañainerako sarbidean. Eremuko hainbat bidetan aparkatzeko toki gehiago ezarriko dira bide hiritarragoak lortzeko.

Geltoki berriaren ondoko aparkalekuari dagokionez, aipatzekoa da geltokiko eraikinak badituela bere aparkalekuak, trenbide azpiegitura horrek sortuko dituen erabilera-beharrak betetzeko.

142.5.6. Bide edo blokeen arteko espazio libre edo berdeguneak erreserbatzat kontatu dira eta hondar-izaera nabarmena dute; kanpora utz litezke, halako espazioetan eskatutako zenbatekoa baino askoz handiagoa aurreikusi baita.

Erantzuna: bidezkoa da.

Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legean eskatutako estandarrak betetzeko kontatu diren espazio libre eta berdeguneak, bi eremuetan, eskatzen diren gutxieneko azaleren nahiko gainetik daude, bai.

Espazio libre eta berdegunetzat (tokiko ekipamendua) kontatu diren espazioek betetzen dituzte uztailaren 4ko 10/1994 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 24. artikuluan ezarritako betekizunak. Plano hauetan irudikatuta daude: "C0403-1 P.12 00 I. eremua. Lurzoru erreserbak" eta "C0403-2 P-29 00 II. eremua. Lurzoru erreserbak". Espazio libreen erreserben kalkuluan ez dira kontuan hartzen hondar-espaziotzat jo daitezkeenak edo aipatu erregelamendua betetzen ez dutenak.

142.5.7. Memorian udalerrietako mugen aldaketa planteatzen da, baina ez dago proposamen grafikorik.

Erantzuna: ez da bidezkoa. Hain zuzen ere Memorian aipatzen da gaur egungo udal mugak aldatu beharra dagoela, eta etorkizuneko espedientearen tramitazioan erabili behar liratekeen irizpideak eta gaiak azaltzen dira argibide gisa soil-soilik, Biztanleriari eta Lurralde Mugaketari buruzko 1690/1986 Errege Dekretuan ezarritakoari jarraituz. Balizko udal mugen planorik ez eranstea erabaki da, birzatiketa proiektuarekin batera edo horren ondoren egin behar litzatekeelako mugapena, oinarri zehatz bat hartuta, hots, lurzatiak, esleitutako erabilerak eta erabilerok etorkizunean udal mugape berri bakoitzean izanen dituzten kokalekuak oinarritzat hartuta.

142.5.8. UPSko azterlan ekonomikoa Memoriatik aparteko dokumentu gisa formalizatu behar litzateke, eta osagarri hauek erantsi behar litzaizkioke: mantenduko diren eraikinak esleitutako erabilerarekin eta zentzuzko inbertsio batekin bateragarriak direla justifikatzen duen azterlana; kanpoko sistema orokorrekiko loturako azpiegiturak eta sistema horiek handitu edo indartzeko egin beharreko obrak zein diren zehazten duen dokumentua; eta urbanizazio obren exekuzioaren balizko faseen azterlana.

Erantzuna: bidezkoa da.

Bidezkoa da azterlan ekonomikoa Memoriatik banantzeko egindako proposamena onartzea.

Mantenduko diren eraikinak zentzuzko inbertsio batekin bateragarriak direla justifikatu behar duen azterlanari dagokionez, plan berezi bat eginen da Inquinasako eraikuntza multzorako, eta bertan zehaztuko da kontserbatu beharreko eraikuntzen elementuen lehengoratze, zaharberritze eta kontserbazio maila. Kontserbaturiko eraikin bakoitzaren balio orokorra Hirigintzako Araudiari erantsitako katalogoan ageri da.

UPSak proposamen interesgarria egiten du hiriaren bilakaera historikoaren oroitzapenari eusteko, baina UPSa kudeatu eta gauzatzeko ardura duen Hirigintza Partzuergoari dagokio azken erabakia hartzea. Eraikuntza horiek eraistea erabaki ahal izanen du, ez badu interesgarritzat jotzen haien kontserbazioa. Hori gertatuz gero, eraispenaren kostuak urbanizazio kostuetan sartuko lirateke.

142.6. Hirigintzako Araudi Orokorrari dagokionez:

142.6.1. Proposatzen da UPSa iraungitzeko eta udal planeamenduetan sartzeko baldintzak jaso daitezela, eta Partzuergoak edo udalek etorkizunean xehetasun azterlanak edo UPSko determinazio xehakatuen aldaketak tramitatzeko aukera azter dadila, bitarteko horien tramitazioan eraginkortasun handiagoa lortze aldera.

Erantzuna: bidezkoa da.

LAHFLaren 46. artikuluak UPSen indarraldiaren eta iraungitzearen ingurukoak arautzen ditu eta bi aukera aurreikusten ditu: a) Planaren ondorengo aldaketek desitxuratzea hasierako izaera, eta b) Jarduerak kokatzen diren tokiko entitateek eskatzea sar dadila udal planeamenduan.

UPS hau kudeatzeko Hirigintza Partzuergoa sortu da eta berari eman zaizkio kudeaketarako eta exekuziorako eskumenak, bai eta garapen-planeamendurako tresnak onesteko hirigintza-ahalmena ere.

UPS honek hiria eta trenbide eremua berregituratzeko eragiketa bat planteatzen du, eta horretarako baterako jarduketa egin beharko da kudeaketa eta urbanizazio faseetan. Halako dokumentuak eta balizko garapen-tresnak onesteko eskumena Partzuergoari eman zaio. Ukitutako udalek badute ordezkaritza erakunde horretan.

142.6.2. Araudiak lehendik dauden eraikinen katalogoa eduki behar du.

Erantzuna: bidezkoa da. Hirigintzako Araudiak badauka kontserbatu behar diren oraingo eraikinen katalogoa (Araudiaren 1. eranskina).

142.6.3. Erabilera xehakatuen bateragarritasun araubidearen inguruko zenbait kontu berriz planteatu behar dira.

Erantzuna: bidezkoa da. Iruñeko Udalak erabilera eta bateragarritasunen araubideaz egindako gogoetak neurri batean jaso dira behin betiko onespenerako aurkezten den agirian.

142.6.4. Ekipamendutarako erabilera berezia, 15. artikuluan azaltzen dena, hobeki egokituko litzateke edozein ekipamenduren osagarri diren erabileren kontzeptuan.

Erantzuna: ez da bidezkoa.

Egia da 15. artikuluan araututako ekipamendu-erabilerak konotazio berezia duela, Sustapen Ministerioaren, ADIFen, Foru Komunitateko Administrazioaren eta ukitutako udalen arteko akordioen ondorioz.

Hasiera batean, tren geltoki berrirako eta jarduera osagarrietarako lurzatia bezalaxe, Trenbide Sektoreari buruzko azaroaren 17ko 39/2003 Legearen 9. artikuluak arautzen dituen "trenbideko zerbitzu eremuetako" espazioa zen. Eremu horiek jabari eta erabilera publikoko ondasunak dira, trenbide sistemari lotuak.

Azkenean, ukitutako administrazioen artean lortutako protokoloaren ondorioz, azpilurzati hori ez du Sustapen Ministerioak zuzenean kudeatuko; Partzuergoari laga beharko zaio, Sustapen Ministerioari edo/eta ADIFi jarduketa eremuan dituzten lurzatiek sortutako hirigintza eskubideen ordainez esleituko zaizkien gainerako lurzati eraikigarriak bezala.

Iruñeko Udalak dioena zentzuzkoa da kontzeptuz, baina, hainbat administrazio publikoren artean lortutako akordioen eraginez, lurzati horrek ezinbestean izan behar du lurzati bereki eta independentea.

Ekipamendu hauen araubidea Araudiaren 22. artikuluan azaltzen da.

142.6.5. Etxesail eta lurzati kontzeptuak errespetatu egin behar dira gainerako arauetan. Berriz aztertu behar litzateke xehetasun azterlanen nahitaezkotasuna tipologiak arautu edo lurzatiak birzatitzeko, Plana izan behar baita lurzatitze zehatza proposatuko duena eremu osoan, bai eta etorkizuneko banantzeetarako baldintzak ere. Birzatiketa proiektuak esleipenetarako irizpideak ezartzerakoan ez du aldatu behar UPSko eredu-aprobetxamendua. Hirigintzako erabilera berdinei ez litzaizkieke eskatu behar sotoko aparkalekuetarako estandar desberdinak. Erabilera publikoko espazio pribatuak proiektatzeko, okupatzen dituen lurzatietako bakoitzean lizentzia bat duen urbanizazio proiektua egin behar da.

Erantzuna: bidezkoa da.

Plan Sektorialak eraikigarritasuna aurreikusten du etxesailka, eta, horren osagarri, garaiera, erabilera, espazio libre eta abarrei buruzko arauak ezartzen ditu. Horren emaitza gisa, etxesail bakoitzak izan lezakeen antolamendua proposatzen du, baina ez da loteslea. UPSaren ezaugarrietako bat, hain zuzen ere, diseinurako askatasuna ahalbidetzea da, amaierako emaitza egokia lortzeko beharrezkoak diren irizpide orokorrei lotuta, betiere.

Etxesail horietako batzuetan eraikigarritasuna eta aprobetxamendu-kontsumoa oso handiak dira, bereziki etxebizitza libreetarako lurzatietan, eta ondorioz etxesaila ezin daiteke izan gutxieneko eta zatitu ezinezko lurzatia. Hala izanen balitz, maiz, birzatiketa proiektuak hainbat jaberi esleitu beharko lieke etxesaila; horrek kudeaketa zailduko luke eta enpresa sustatzaile eta eraikitzaile askok zilegi dituzten lan aukerak galduko lituzkete. Horregatik, UPSak onartu egiten du etxesail horietan azpilurzatiak egin daitezkeela birzatiketa proiektuaren bitartez, betiere gutxieneko lurzatiari buruzko determinazioak errespetatuz.

Etxesail baten barnean azpilurzatiak egiten badira, azpilurzati bakoitzak birzatiketa proiektuan esleitzen zaizkion eraikigarritasuna eta aprobetxamendua izanen ditu, UPSak argibide gisa egiten duen antolamendu-proposamenaren araberakoak.

Proposamen hori aldatu ahal izanen da xehetasun azterlanak tramitatuz eta onartuz ukitutakoen artean; are gehiago, azterlan horren emaitza gisa lurzatiketa gehiago planteatu ahal izanen dira etxesailaren barnean, bertako aprobetxamendua eraikuntza-konfigurazio berriari egokitzeko. Xehetasun azterlanik tramitatu ezean, etxesail bakoitzaren fitxan ezarritako antolamendu-maketaren arabera lortutako lurzatiak nahitaezkoak izanen dira.

Esleipenak egiterakoan birzatiketa proiektuak ez duela eredu-aprobetxamendua aldatu behar dioen alegazioa dela-eta, egokitzat jotzen da Hirigintzako Araudi Orokorraren 16. artikuluan aurreikusten den proposamenari eustea, ulertzen baita ez dagoela eredu-aprobetxamenduaren aldaketarik, baizik eta benetako doikuntza bat: UPSak aitortzen duen guztizko eraikigarritasunaren, gehieneko aprobetxamenduaren (hau ezin da inola ere aldatu) eta birzatiketa proiektua egiterakoan aprobetxamendurako eskubidea duten azaleren neurketari buruzko behin betiko azterlanaren azken emaitzaren arteko doikuntza, hain zuzen.

UPSa, gai honi dagokionez, katastroak ematen duen informaziotik ateratzen den hipotesi batetik abiatzen da, eta, lurralde eremu zabal batean lan egin behar denez, oso litekeena da (aski da irakurtzea ukitutako lurzatiei katastroan esleitzen zaien azalerarekin ados ez daudenen alegazio ugariak) amaierako emaitza, titulartasunen azterketa zehatzaren ondorengoa, alegia, bat ez etortzea eredu-aprobetxamenduaren kalkulu teorikorako erabili den izendatzailearekin.

UPSak xede eta helburutzat dauka berak aitortzen dituen eraikigarritasuna eta gehieneko aprobetxamendua ukitutako lurzoru guztien artean banatzea. Gerta liteke magnitude hori aintzat hartutakoa baino handiagoa edo txikiagoa izatea, baina horrek ez du esan nahi soberakin edo mentsik sor daitekeenik. Aprobetxamendurako eskubidea duen amaierako azalera handiagoa balitz azalera teorikotzat hartutakoa baino, eskubide hipotetikoa sortuko litzaieke jabeei, ordain ekonomikoa jasotzeko, UPSko eredu-aprobetxamendu teorikoaren aldean behar baino gutxiago esleitu zaielako. Noski, horrek ez du zentzurik. Aprobetxamendurako eskubidea duen azalera osoa aintzat hartutako azalera baino txikiagoa izanez gero aprobetxamendu soberakina dagoela eta administrazio jarduleari eman behar zaiola baieztatzea, era berean, zentzugabea litzateke.

Hona hemen funtsezko premisa: proiektaturiko antolamenduko aprobetxamendu osoaren %90 jabeei dagokie eta gainerako %10a Administrazioari dagokio, edozein izanik ere aprobetxamendurako eskubidea duen benetako azalera; azken hori ezin izanen da jakin birzatiketa proiektua egiteko beharrezkoak diren azterlanak egin arte.

Aprobetxamenduaren kalkulua guztiz zuzena da. UPSak zehatz-mehatz ematen du, lurzatiak banaka eta xehetasunez aztertu eta gero, eraikuntzako erabilera bakoitzaren gehieneko eraikigarritasun osoa, eta ezarritako homogeneizazio koefizientea aplikatzen dio erabilera bakoitzari. Eragiketa matematiko horretatik ateratzen da aprobetxamendua, LAHFLaren 102.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz kalkulatua.

Bidezkoa da UPSko dokumentuak interpretatzeko irizpideak osatzeko iradokizuna onartu eta eranstea.

Hirigintzako erabilera berdinetarako sotoko aparkalekuen koefizienteari dagokionez, alderdi hori zuzendu eta berdindu egin da behin betiko onesteko aurkeztutako dokumentuan.

142.6.6. Araudiaren osagarri gisa, aprobetxamendua kalkulatzeko arauak erantsi behar lirateke eta sakondu egin behar litzateke 10. artikulua, UPSko dokumentuak interpretatzeko irizpideei eta haien arteko lehentasunei buruzkoa.

Erantzuna: bidezkoa da neurri batean. Proiektuko aprobetxamendua neurtzeko jarraibideak erantsiko zaizkio Araudiaren 26. artikuluari. Bestalde, 10. artikuluak baditu behar adina irizpide UPSko agiriak interpretatzeko eta zuzen aplikatzeko.

142.7. Araudi Partikularrari dagokionez: dokumentuak fitxa bereizgarri bat ematen du etxesail bakoitzerako eta fitxaren eskema errepikatu egiten da. Fitxa horien edukiak kasuan kasuko eremuaren bereizgarri izan behar du. Etxesail guztietarako determinazio orokorrak ezartzen badira, horiek Araudi Orokorrean jasotzea gomendatzen da. Proiektuak egiteko askatasuna eman nahi bada, gehieneko aprobetxamendua esleitzea da onena. Ekipamendu publiko eta espazio libreetarako araudi partikularra jaso behar da.

Erantzuna: bidezkoa da. Etxesail bakoitzaren fitxan gehieneko aprobetxamendua ezarriko da, baina etxesailen bereizgarri diren determinazioei eutsiko zaie. Ekipamendu publiko eta espazio libreetarako lurzatiei araudi partikularra ezarriko zaie.

142.8. Planoei dagokienez: araudi grafikoaren barnean sartu behar lirateke erabilera xehakatuen planoak, beheko solairuetako erabilerenak, lurzoruaren erabilerarenak eta jabariarenak.

Erantzuna: bidezkoa da. Kontuan hartu da behin betiko onespenerako, eta eskatutako informazioa erantsi da.

142.9. Lurzoruari buruzko Lege berria dela-eta: oinarrizko legea da eta, hortaz, haren printzipioak kontuan hartu behar dira. Ez dirudi UPSa aldaraziko duenik, baina kontuan hartu behar litzateke 2. artikulua, lurzorua ondasun urri gisa erabili behar dela aldarrikatzen duena; horrek esan nahi du ingurumena errespetatu behar dela garapen iraunkorraren bitartez.

Erantzuna: bidezkoa da. Alegazioak dioen bezala, estatuko oinarrizko legeria berriaren onespenak (gaur egun, Lurzoruari buruzko Legearen Testu Bategina onesten duen 2/2008 Legegintzako Errege Dekretuan dago jasorik) ez dio eragiten UPS honen eduki arauemaileari. Nolanahi ere, aipatu lege-testuaren 2. artikulutik ondorioztatzen diren lurralde eta hiri garapen iraunkorraren printzipioak betetzeari buruzko aipamena jaso da Memorian, eta eraldaketarako eta urbanizazio berrirako hirigintza-eragiketaren izaera, berriz, araudian; eta duela gutxi onetsitako Lurzoruari buruzko Legearen Testu Bateginetik ondorioztatzen diren eskubide eta betebeharren araubideari jarraitzen zaio.

142.10. Iruñeko Udaleko Talde Sozialistak ondokoa eskatu du:

142.10.1. Etxebizitza dentsitatea murriztu dadila II. eremuan, etxebizitza batzuk I. eremura aldatuz; tipologia egokia iruditzen zaie behealdean eraikin baxuak dituen dorrearena.

Erantzuna: ez da bidezkoa. II. eremuko etxebizitza dentsitatea txikia da lehendik eta ez da egokitzat jotzen are gehiago murriztea. Dena den, eremua berriz diseinatu da, eraikuntza horrek lehendik dauden urbanizazioetan duen eragina murrizte aldera, proposamenaren abiaburu diren batasun eta zeharkakotasun printzipioak alboratu gabe.

142.10.2. Buztintxurin etxebizitzak nagusi direnez, egokia dirudi, dorre erako garapen berrian, merkataritzako erabilerek eta bulegoek proportzio handiagoa izatea eraikin baxuetan, askotariko erabilerak izanen dituen hirigune berri baten sorrera bultzatzeko, horrek hiri-bizitza sustatuko baitu.

Erantzuna: bidezkoa da neurri batean. Eremu honen garapena etxebizitzetan gauzatuko da gehienbat. Beraz, merkataritzarako eta ekipamenduetarako azalera handiagoak proiektatuko dira, bai, baina ez da egokitzat jotzen toki honetan bulegoak ezartzea, duen kokapenagatik eta trenbideko trazaduraren gaineko parke gisa berreskuratu nahi delako.

142.10.3. Kontuan izanik Iruñeko Udal Planak II. eremuaren zati batean parke lineal handi bat aurreikusten zuela eta oraingo antolamendu berriak barnean hartzen dituen etxebizitza eta ekipamendu berriek parke horren zati bat okupatu dutela, komenigarritzat jotzen dute garapen berriaren hiri izaera indartzea, bai Buztintxurirentzat bai Sanduzelairentzat erreferente izanen diren erdiguneak sortuz, plazak alegia.

Erantzuna: bidezkoa da.

Iparraldeko mugan lurzatien kokapena aldatu eginen da, hegoalderago eramanez, etenik gabeko espazio libre zabalagoa egon dadin antolamendu berriaren eta Buztintxuri auzoaren artean. Horrela, proposaturiko eraikuntzek ez diete eragozpenik sortuko lehendik daudenei. Espazio libre horrek errespetatu eta, zenbait tokitan, zabalagotu eginen du Buztintxuri hegoaldeko egungo zerrenda berdea, hau da, alegazioan aipatzen den parke lineal hori, Udal Planak aurreikusten zuena.

Gainera, ekialdean, Buztintxuriri, Gipuzkoa etorbideari eta Sanduzelai auzoari lotutako ekipamenduaren ondoan, bilgune edo plaza handi bat sortuko da. Bloke lineal batzuen bidez eratuko da espazio hori, merkataritzarako beheko solairuak eta arkupeak izanen dituzten lurzatiekin, eta horiei gehituko zaizkie gaur egungo Geltokiko kalearen luzapenaren inguruan proposaturiko ekipamendu-lurzatiak.

143.-Luis Iriarte Arbeloa jaunak eta Paulino Huarte Huertas jaunak AHTaren aurkako Asanblada ordezkatuz aurkeztutako alegazio-idazkia.

143.1. Ukituenganako elkartasuna adierazten dute.

143.2. Adierazten dute ez daudela ados erabili den prozedurarekin, jendaurreko epea udako hilabeteetan izan delako.

Erantzuna: ez da bidezkoa. Ikus Nafarroa Bairen 9.1 alegazioari emandako erantzuna, 9. alegazio-idazkiari buruzko atalean.

143.3. Nafarroako Gobernuari UPSa eteteko eskatzen diote.

Erantzuna: ez da bidezkoa. Ukitutako bizilagun eta udalerrien eskubide eta interes bidezkoen defentsaren eraginkortasunari administrazio prozeduraren tramitazioak eusten dio, indarra duen antolamenduan kasu honetarako aurreikusitako bermeekin bat, eta hori guztia zehatz-mehatz errespetatu da.

143.4. Ez dute uste UPSaren figura erabiltzeko arrazoirik dagoenik, eta alegatzen dute hirigintzako eragiketa hau espekulazio hutsa dela eta behar adinako finantza-ahalmena biltzea duela xede bakarra, AHTaren geltoki berria egin ahal izateko eta geltoki zaharra eraitsi ahal izateko.

Erantzuna: ez da bidezkoa. Ikus 11. alegazio-idazkiko 11.1 alegazioari emandako erantzuna. Marine Pueyo Danso andreak eta Oscar de Miguel Sagardia jaunak aurkeztu dute alegazio hori.

143.5. Ez dute uste AHTa bezalako azpiegitura bat ezartzeko arrazoirik dagoenik, ekologian, nekazaritzan, ekonomian, gizartean eta lurraldean ondorio larriak izateaz gainera, erabilgarritasun urria duelako biztanle gehienentzat.

Erantzuna: ez da bidezkoa. Ikus 11. alegazio-idazkiko 11.2 alegazioari emandako erantzuna. Marine Pueyo Danso andreak eta Oscar de Miguel Sagardia jaunak aurkeztu dute alegazio hori.

143.6. Informazio eta parte-hartze sistemak berriz planteatzeko eskatzen dute, ukitutako herri eta komunitateetan hartu ahal izan daitezen erabakiak, modu demokratikoan.

Erantzuna: ez da bidezkoa.

UPSaren tramitazioan erabilitako informazio eta parte-hartze sistemak hertsiki lotzen zaizkio antolamendu indardunean kasu honetarako ezarritakoari.

LAHFLan mugatu egiten dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eskumenak eta udalen eskumenak lurraldearen antolamenduaren eta hirigintzaren arloan, udal autonomiarentzako begirune osoz eta udalek esparru horretan izan behar duten protagonismoa bermatuz. Bereziki goraipatzen dira instituzioekiko leialtasunaren printzipioa, koordinazioarena, lankidetzarena, laguntzarena eta elkarren arteko informazio trukearena. Printzipio horiek guztiak, administrazio jardunaren sektore guztietan aplikatzekoak badira ere, lurraldearen antolamenduaren eta hirigintzaren alorrean esanahi berezia izanen dute, bertan biltzen baitira, elkarrekiko harremanean, mota askotako interesak.

Aipatu foru legean zehazten denez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak eskumena du, besteak beste, udal bati baino gehiagori dagozkion hirigintza plan bateratuak formulatzeko eta plan partzialak nahiz garapeneko plan bereziak behin betiko onesteko, planek ukitzen dituzten udalek erabakirik hartzen ez dutenean; eta baztertu egiten da halako kasuetan toki entitateen beto eskubidea onar daitekeenik edo ukitutako komunitateek beren kabuz hartutako erabakiak nahitaez errespetatu behar direnik.

143.7. Uste dute ez dela beharrezkoa 8.000 etxebizitza berri eraikitzea geltokiaren inguruan, Iruñerrian 15.000 etxebizitza baino gehiago hutsik daudelarik eta 70.000 etxebizitzatik gora eraikitzeko jarduketa planak izanik.

Erantzuna: ez da bidezkoa.

UPSko Memoriak behar adina justifikatzen du egokia eta komenigarria dela Etxabakoizko eta Sanduzelaiko lurrak eraldatu eta berrantolatzeko eragiketa handi bat planteatzea, baita etxebizitzak eta hirugarren sektoreko erabilerak ezartzea eta bioteknologiarako eremu garrantzitsu bat sortzea ere.

Bi parametro dira jarduketaren tamaina eta intentsitatea zehazten dutenak: antolamendurako irizpide onak erabiliz etxebizitza-gune bat ezartzea, behar adinako edukiera eta intentsitatea izanen dituena bere exekuzioa bideragarri egiteko, interes publikoko hainbat onurarako bide emanez (tren zerbitzuak berregituratzea, Inkinasa lekuz aldatzea, Iruña, Barañain eta Zizur arteko bide eta komunikazio sistema hobetzea, ekipamendu publiko handiak lortzea eta Eskualdeko Hirigintza Arauetako paisaia-erreserben barneko lurrak libre utzi eta babestea).

UPSan planteatu diren intentsitate mailak beharrezkoak dira helburu horiek lortzeko, eta, gainera, teknikoki egokitzat jotzen dira antolamenduaren xede diren eremuetarako.

143.8. Uste dute aukera eremua eta, zehatzago, bioteknologiako jarduera eremua, Opus Deiri lotutako enpresa pribatuen interesen aldeko jarduketa dela. Bioteknologia sektorearentzako lurrei ezarri zaien homogeneizazio koefizientea babes ofizialeko etxebizitzenaren parekoa izatea ere ezbaian jartzen dute. Uste dute UPSak lurzoru publikoa merkatu nahi duela bioteknologia sektorean diharduten enpresa pribatuen mesedetan, eta ez gizartearen onerako.

Erantzuna: ez da bidezkoa. Ikus 11. alegazio-idazkiko 11.4 alegazioari emandako erantzuna. Marine Pueyo Danso andreak eta Oscar de Miguel Sagardia jaunak aurkeztu dute alegazio hori.

143.9. Uste dute Etxabakoizko hiri eremu berrirako planteamenduan asmatu den auzoa ez dela barne-batasuna baduen eta izaten jarraitu nahi duen auzo bat, lurraldea egituratzeko elementuen osagarri soil bat baizik, AHTaren geltokiaren bideragarritasun ekonomikoa bermatzeko helburuari egokitua, eta horren erakusgarri dela Urdanoz multzoa baztertu eta zokoratu izana. Gainera, uste dute unibertsitate pribatua eta Barañain lotzen dituen bideak eragin kaltegarria duela ingurumenean eta inguru osoaren kalitatean.

Erantzuna: ez da bidezkoa.

Urdanoz multzoaren oraingo egoera nabarmen hobetuko da. Arazo bakarra kokapenarena da: Elortz ibaiaren bazterrean dagoen etxe multzo hori berez inpaktu bat da eta ibai ondoko hiri parkea izan behar lukeen tokian kokaturik dago. Hala ere, Urdanoz multzoa hiri parke berri baten erdian egonen da, erdialdeko ekipamendu eremuetatik eta Etxabakoitz Iparraldeko eta Barañaingo hirigune garaiarekiko lotura berrietatik hurbil, eta urpean geratzeko gaur egun duen arriskua nabarmen murriztuko da.

Diseinu prozesuan bideak hiritartu egin dira, bizilagunek elementu bateratzaile gisa uler ditzaten, eta ez hiria zatitzen duen elementu bereizle gisa. Bide berriek ibaian duten eragina murriztu eginen da eta planteatutako biribilgunea Urdanoz multzotik urrutixeago kokatuko da, tartea utziz berdegune bat sortzeko (trantsizio gune gisa), jolasleku eta Elortz ibaiko parkerako sarrera izan litekeena.

UPSan proposatzen ziren bi zubiei dagokienez, haietako bat kendu eginen da, toki horretan ibaia hainbeste ez estutzeko eta Urdanoz multzotik irispide zuzenagoa izan dadin Elortz Ibaiko Parkera.

Erabilera anitzeko bi ekipamendu berri proposatzen dira Urdanoz multzoari zuzenean lotuta. Gaur egun funtzionatzen ari diren ekipamenduak mantendu eginen dira. Gaur egungo hezkuntza ekipamendua (Nicasio Landa ikastetxea) ia toki berean berreraikiko da eta etorkizunean handitu eginen da. Azkenik, multzoaren ondoan aurreikusten zen aparkalekua kendu egin da, eta, aparkatzeko toki horien ordez, proiektaturiko bideei lotutako aparkalekua ezarri da.

Barañain eta Nafarroako Unibertsitatea lotzen dituen bideak ingurumenean ustez izanen duen eraginari dagokionez, komeni da gogora ekartzea UPSak baduela Ingurumen ondorioen azterlana, hortxe jaso direla ingurumenari eragiten ahal dioten elementu guztiak eta kontuan hartu direla UPSaren tramitazioan ezarritako zuzenketa eta ingurumen-neurri guztiak.

144.-Manuel Velasco Valladares jaunak Lanaren Konfederazio Nagusiaren (CGT-LKN) Iruñeko Federazioa ordezkatuz aurkeztutako alegazio-idazkia.

Alegazio hauek aurrekoen berdin-berdinak dira. Ikus bedi, beraz, 143. alegazio-idazkiko alegazioei emandako erantzuna.

145.-María José Boloqui Larraya andrearen alegazio-idazkia.

Edukia: Zizur Nagusiko 2. poligonoko 1170., 870., 868. eta 865. lurzatiak UPSaren eremuan sartzeko eskatzen du.

Erantzuna: ez da bidezkoa. Planeamenduaren eremuei muga objektiboak ezartzea komeni da. Kasu honetan eremuaren muga A-15 autobidearen hegoaldeko trazadura da eta, horregatik, aipatu lurzatiak kanpoan gelditu dira.

146.-Cándido Gil Istúriz jaunak Gil Hermanos S.L.ren izenean eta hura ordezkatuz aurkeztutako alegazio-idazkia.

Edukia:

Alegazio hau epez kanpo aurkeztu da. U.I. III-Arrotxapeko GS1 eremua osatzen duten lurrak UPSaren eremuan sar daitezela eskatzen du.

Alegatzaileek gogoratzen dute Iruñeko azken HAPOa onartu zenetik zona hau urbanizagarritzat sailkaturik dagoela, nahiz eta, egia esan, hura urbanizatzea ia ezinezkoa den, duen jarduketa sistemaren ondorioz (desjabetzea).

Gogoratzen dute nola Iruñeko Udalak beren lurzatia garapen eremu batean sartu zuen; baina ezarri zion jarduketa sistema oraingoz bideraezina da, eta izugarrizko aldeak eragin ditzake jabe mugakideen artean, bakoitza garapen eremu desberdin baten eraginpean egonez gero. Lurrak desjabetzen badira, U.I. III-Arrotxapeko GS1 eremuaren eraginpean daudenek ezin izanen dute partaidetza izan onura eta zamen berdinbanaketan, eta UPSaren eraginpeko jabeek, aldiz, bai.

Gogoratzen dute Nafarroako Gobernuak eta Iruñeko Udalak batera lortu nahi duten helburua dela espazioak hobetzea, bananduta dauden hiri espazioen arteko lotura ahalbidetuz. Hortaz, zentzuzkoa dirudi aipatu eremuko lur guztiak UPSan sartzeak; bestela zona hau "irla" moduko hondarra izanen litzateke.

Erantzuna: ez da bidezkoa. Planeamenduaren eremuei muga objektiboak ezartzea komeni da. Kasu honetan, 1.712. lurzatia, alegazioan aipatzen dena, Arrotxapeko III. unitate integratuko S.O.-1 jarduketa unitatearen barnean dago, eta UPSaren eremua Arrotxapeko III. unitate integratuko G.S-1 jarduketa unitatearen mugan bukatzen da. Beraz, lurzati hori kanpoan dago.

III.-UPSaren eremuko lurren jabe diren hainbat sustatzaile eta eraikitzailek 2008ko maiatzean eta abenduan aurkeztutako proposamenak.

A. Nafarroako Gobernuko Herri Lan Departamentuari 2008ko maiatzean aurkeztutako idazkiaren laburpena:

2008ko maiatzean, eraikuntza sektorearen baldintza ekonomikoen aldaketa latzaren ondoren, sustatzaile eta eraikitzaile multzo adierazgarri batek, UPSan hirigintzako aprobetxamendurako eskubidea duten lurren %40aren jabeek, gutxi gorabehera, Herri Lan Departamentuari UPSa aldatzeko eskatu zioten. Zehazki, aldaketa hauek eskatu zituzten:

a.1. UPSko aurreikuspenak berrikus daitezela, higiezinen sektoreak aspaldi honetan bizi duen atzeraldiari egokitzeko eta, kontuan izanik krisialdia itxuraz ez dela bukatuko planeamenduaren exekuziorako hasiera batean ezarri zen epean, haien garapenaren bideragarritasuna bermatzeko.

a.2. Honako hauek berrikus litezkeela, orientazio gisa eta aurreikusitako garapen eredua funtsean aldatu gabe:

-Eremuaren mugak. Ahal dela, kanpoan utzi behar lirateke ertzeko lur batzuk; horiek, aprobetxamendurako eskubidea izan arren, ez dira eraikuntzarako egokiak eta UPSaren kargura "eskuratu" edo "askatu" egiten dira, besterik gabe.

-Etxebizitzak egiteko eraikigarritasuna eta, bereziki, dentsitatea. Azken hori 10.000 etxebizitzaraino handitu liteke antolamenduaren funtsezko aurreikuspenen kalterik gabe, gaur egun jada dentsitatea iraunkortasunarekin lotzen delako. Hori guztia, baita gehikuntza oso-osorik etxebizitza babestuetarako izanen balitz ere.

-Tramitatu den proiektuan etxebizitza babestuek duten tipologia (babes ofizialeko etxebizitzak eta prezio tasatuko etxebizitzak). Prezio itunduko etxebizitza babestua erants liteke.

-Erabilerak homogeneizatzeko koefizienteak, erabilera bereizgarriarekiko. UPSan koefiziente horiek justifikatzeko oinarritzat hartu dira beste sektore batzuetan behinola ezarri zirenak, higiezinen sektorearen egoera oso bestelakoa zenean. Gaur egun koefiziente horiek ez dute adierazten erabilera errentagarri bakoitzean (eta bereziki etxebizitza babestuetan, prezio itunduko etxebizitza mota sartuz gero) onar daitekeen lurzoruaren balioak zer proportzio duen ekipamendu bioteknologikoari dagokion balioarekin; ekipamendu bioteknologikoari esleitu zaion koefizientea horrelako erabilera bati legokiokeena baino nabarmen txikiagoa da.

-Urbanizazio kostuak (batez ere kalte-ordainak ezin badira beherantz berrikusi), alde batera utziz proiektuan eremuaren hirigintza garapenari egozten zaizkion sistema orokorrak.

-Antolamenduaren xehetasun batzuk, ezertan eragotzi gabe funtsezko parametroak, erabilera errentagarriei lotutako lurzatiak hobetu eta handitzea helburu dutenak; izan ere eraikuntzen goranzko garapenak badu muga bat eta aprobetxamendua gauzatzea zailtzen ahal du.

a.3. Argibide gisa, aipa daiteke bioteknologiako ekipamendurako eremua txikitzeko aukera; are gehiago, proiektuan "erakustazoka" egiteko izendatutako lurretara alda liteke. Horrek bide emanen luke bizitegitarako lurzoru egokiak askatzeko, eta bateragarria litzateke lurralde ereduarekin eta geltoki berriaren ingurunearen egitura funtzionalarekin.

B. Nafarroako Gobernuko Herri Lan Departamentuari 2008ko abenduan aurkeztutako idazkiaren laburpena:

b.1. UPSko determinazioak aldatzeko zenbait proposamen aurkezten dira; hasiera batean onetsitako dokumentuan dagoen hirigintzako antolamenduaren funtsezko printzipio eta irizpideei eusten diete eta haren aurreikuspenak garatu eta gauzatzeko hobekuntza dakarte.

Eraikigarritasuna eta etxebizitzen kopurua handitzea proposatzen da, era honetara:

-Etxebizitza libreak: 4.065, bakoitzak 120 m2-ko azalera eraikia.

-Prezio tasatuko etxebizitzak: 2.685, bakoitzak 120 m2-ko azalera eraikia.

-Babes ofizialeko etxebizitzak: 2.250, bakoitzak 120 m2-ko azalera eraikia.

-Guztira: 9.000 etxebizitza, bakoitzak 120 m2-ko azalera eraikia.

Erabileren homogeneizazio koefizienteak berraztertu eta oraingo egoerari egokitzea proposatzen da. Hauek lirateke homogeneizazio koefiziente berriak:

-Etxebizitza libreak: 1,00.

-Prezio tasatuko etxebizitzak: 0,50.

-Babes ofizialeko etxebizitzak: 0,38.

-Bioteknologiako ekipamendua: 0,50.

-Hirugarren sektorea, ostalaritza: 0,70.

-Jarduera ekonomikoa: 0,70.

-Merkataritza: 0,70.

-Bulegoak: 0,80.

Urbanizazio kostuen azterketa zehatzagoa eginda, ondoriotzat ateratzen da zentzuzkoa izan daitekeela hasiera batean aurreikusitako guztizko kostuak 280 milioi euro ingururaino murriztea; Partzuergoaren kudeaketa gastuen portzentajea hasiera batean onetsitako dokumentuko %4tik %2ra murriztuko litzateke.

b.2. Adierazten dute ados daudela jendaurrean jarri den UPSan dagoen antolamendu-proposamenarekin, baldin eta behin betiko onespenerako dokumentuari eransten bazaizkio egile taldeak proposaturiko aldaketak, hots, aurreko puntuan azaltzen direnak: eraikigarritasunaren eta etxebizitza kopuruaren gehikuntzari buruzkoa, homogeneizazio koefizienteen egokitzapenari buruzkoa eta urbanizazio kostuak murrizteko kalkuluei buruzkoa.

Azken batean, Nafarroako Gobernuari esleituko litzaiokeen eskualde-ekipamenduari gutxieneko homogeneizazio koefizientea egotz lekioke, eraikitako 1 m2 -ko eraikigarritasuna hartuz lurzati garbiaren m2 bakoitzeko. Ondorioz, honela izanen litzateke aprobetxamenduen taula berria.

ERABILERA

ETXEB. KOP.

M2 ERAIKIAK

KOEFIZIENTEAK

A. (AU)

% (AU)

Etxeb. libreak

4.065

487.800

1,000

487.800

%48,46

Prezio tasatuko etxeb.

2.685

322.200

0,560

180.432

%17,92

Babes ofizialeko etxeb.

2.250

270.000

0,400

108.000

%10,73

Bioteknologia

115.217

0,560

64.522

%6,41

Hirugarren sektorea, ostalaritza

32.575

0,700

22.803

%2,27

Jarduera ekonomikoa

22.230

0,700

15.561

%1,55

Merkataritza

88.775

0,700

62.143

%6,17

Bulegoak

56.682

0,800

45.346

%4,50

Eskualdeko ekipamenduak

49.993

0,400

19.997

%1,99

GUZTIRA

9.000

1.445.472

1.006.604

%100

Parametro horiekin ondoko eredu-aprobetxamendua ateratzen da: 0,5300 AU/m 2 (1.006.604 AU / 1.899.163 m2).

C. Erantzuna:

UPSaren eremuko sustatzaile-eraikitzaile talde garrantzitsu batek egindako alegazioa, epez kanpo aurkeztua izan arren, aztertu eta arakatu egin da, eta, zenbait puntutan, uler daiteke behin betiko onespenerako aurkezten den dokumentuko antolamenduaren eta eduki arauemailearen azken emaitza haien gogoeta edo/eta asmoetako batzuetara hurbiltzen dela, edo horiek jasotzen dituela.

Egia da, alegazioak eta beraien erantzunak azaltzerakoan aitortu den bezala, eta halaxe adierazten da Memorian ere, oraingo inguruabar ekonomikoek eta finantza zein higiezin sektorearen egoerak zerikusi gutxi dutela, ez bakarrik UPS hau hasieran onetsi zenean indarrean zeudenekin, baita, oso bereziki, UPSa egiteko lanari ekin zitzaionean, eta hasiera batean onetsitako dokumentua osatzera eraman zuten azterlan eta proposamenak egin zirenean, indarrean zeudenekin ere.

Bai egile taldea bai espedientea sustatu duen administrazio publikoa jabeturik daude inguruan aldaketa garrantzitsua gertatu dela eta UPS hau egoera berrira egokitu behar litzatekeela, baina horrek ez du galarazi behar antolamenduaren kalitate-helburuen eta UPSa eragin zuten lehentasunezko helburuen lorpena (trenbide zerbitzua berregituratzea, tren geltoki berrirako zona berariazko bat sortzea, Inquinasa lekuz aldatzea, paisaia erreserbarako lurrak eta ingurukoak askatzea, eta ekipamendu eta lurzoru-erreserben maila handia lortzea bioteknologiako erabileretarako eta zerbitzu publikoetarako, eskualdeko ekipamendurako erreserba barne).

Gogoeta egin da eta Plan Sektoriala moldatu da, egokitzat jotzen diren mugen barnean, etxebizitza kopurua eta etxebizitza babestuen portzentajea handituz, nahiz eta ez den iritsi alegatzaileek nahi zituzten kopuru edo mailetara; homogeneizazio koefizienteak erabileren oihartzun-balio ekonomikoetara egokitu dira, gaurko merkatuari edo aurreikuspen zentzuzkoagoei erreparatuta. Etorkizuneko urbanizazioaren kostuei buruzko azterketak ere doitu egin dira. Hori guztia, ordea, UPS hau eragin zuten funtsezko helburuen lorpena errespetatuz egin da, helburu horiek uko egin ezinezkotzat jotzen baitira.

IV.-Antolamenduan, eremuan, erabileretan, azaleretan eta aprobetxamenduetan proposaturiko aldaketak.

Kontuan harturik alegazioak, UPSan lurrak dituzten sustatzaile eta eraikitzaileek egindako proposamenak eta espedientean dauden txosten sektorialak nahiz ingurumen arlokoak, zenbait aldaketa egin dira UPSan, eta beraren sustatzaileak, Herri Lan Departamentuak, 2009ko abenduaren 16an behin betiko onespenerako aurkeztu zuen dokumentuari erantsi zaizkio. Hona hemen aldaketa horien azalpen laburra:

1.-Aldaketak antolamenduan.

I. eremuan:

-Barañaingo erripa: zenbait lurzati kendu dira, Gobernuaren erabakia betez.

-Etxabakoizko erripa eta Elortz ibaiaren inguruak: berriz antolatu dira Etxabakoizko erripa eta Elortz ibaiaren eskuineko bazterra, bide sistemaren aldaketak eta urpean gera daitezkeen eremuen balorazioak eraginda.

-Elortz ibaiko zubiak: bi zubietako bat kendu da; Elortz ibaiaren eskuinaldean eginen den biribilgune berri batetik iritsiko da A-15era eta Barañainera. Urdanoz multzoaren ondoko biribilgunea lekuz aldatu da.

-Urdanoz multzoa: ekipamenduak berrantolatu dira -gaur egungo haurtzaindegia eta erretiratuen elkartea berreskuratuz- eta multzoari lotutako ekipamendu berriak aurreikusi dira.

-Inquinasako ingurua. Ekipamenduak berrantolatu dira.

-Eremu bioteknologikoa: bioteknologiako erabilerak Aróstegui etorbideko aurreneko lerrora aldatu, eta haien ordez bizitegitarako erabilera ezarri da. Etorbide horren beste ertzean bulego eta merkataritza erabilerak ere kokatu dira.

-Trenbide eremua eta eskualdeko ekipamendua: hainbat doikuntza planteatu dira erabileretan eta antolamenduan; aldaketa nagusia izan da "merkataritzako erabilera" -hasierako proposamena- kendu eta horren ordez hau ezartzea: "jarduera ekonomikorako erabilera hirugarren sektoreko erabilerekin batera".

-Sadar eta Elortz ibaien elkargunea: ekipamendutarako bi lurzati kendu dira.

II. eremuan:

-Buztintxuriko muga: handitu egin da antolamendu berria Buztintxuritik bereizten duen zerrendaren zabalera.

-Ekipamendutarako lurzati bat erantsi da Artikako "Usain gozoen parkearen" ondoan.

-Gipuzkoa etorbidea: inguruak berrantolatu dira, espazio publiko handi bat sortuz.

2.-Aldaketak eremuen mugetan.

I. eremuan:

-Barcos multzoa: Venta de Andrés jatetxearen aurreko biribilgunea eta alboko zona erantsi dira, eta gehitutako espazioan ekipamendutarako lurzati bat kokatu da.

-Santa Klara ikasle-egoitza: eremua pixka bat handitu da, lurzati batzuk erantsiz egoitza horren eta Done Jakue bidearen artean.

-Ipar muga: Barañaingo lurzati bat erantsi da eta beste eremu batzuetako zonak kanpoan utzi dira, baita Urdanoz multzoa ere.

II. eremuan:

-Mendebaldeko muturra: eremua handitu egin da mendebaldeko muturrean, Orkoienera bidean gaur egun dagoen bidegurutzea erantsiz.

-Cascajo mendiaren hegoaldea: "Usain gozoen parkea" ondoan duen zona honetan, eremua apur bat handitu da.

3.-Aldaketak erabileretan, azaleretan eta aprobetxamenduetan.

AZALERAK

HASIERAKO UPSa

AMAIERAKO UPSa

I. eremua. Geltoki berriaren ingurunea

2.096.308 m2

2.063.176,14 m2

II. eremua. Geltoki zaharra

287.517 m2

293.622,44 m2

UPSaren eremua, guztira

2.383.825 m2

2.356.798,58 m2

I. eremua. Aprobetxamendurako eskubidea duten lurzoruak

1.688.949,37 m2

II. eremua. Aprobetxamendurako eskubidea duten lurzoruak

223.467,34 m2

Hirigintzako aprobetxamendurako eskubidea duten lurzoruak, guztira

1.899.163 m2

1.912.416,71 m2

Banaketa eremua

2.344.263,23 m2

U.C. 1 unitate finkatua

5.390,07 m2

U.C. 2 unitate finkatua

495,05 m2

UPSaren azalera urbanizaziorako soilik

6.650,23 m2

Guztira

2.356.798,58 m2

ETXEBIZITZEN TIPOLOGIA ETA KOPURUA

HASIERAKO UPSa

AMAIERAKO UPSa

Etxebizitzen kopurua I. eremuan

7.005 etxebizitza

7.875 etxebizitza

Etxebizitzen kopurua II. eremuan

1.125 etxebizitza

1.125 etxebizitza

Etxebizitza libreak

4.065 etxebizitza

4.065 etxebizitza

Prezio tasatuko etxebizitzak (PTE)

4.065 etxebizitza

(PTE + BOE)

2.685 etxebizitza

Babes ofizialeko etxebizitzak (BOE)

2.250 etxebizitza

Etxebizitza kopurua guztira

8.130 etxebizitza

9.000 etxebizitza

GEHIENEKO AZAL. ERAIKIA ERABILERAKA

HASIERAKO UPSa

AMAIERAKO UPSa

Etxebizitza libreak

467.476 m2

487.800 m2

Prezio tasatuko etxebizitzak

233.738 m2

322.200 m2

Babes ofizialeko etxebizitzak

233.738 m2

270.000 m2

Bizitegitarako azalera 1. eremuan, guztira

805.576 m2

945.000 m2

Bizitegitarako azalera 2. eremuan, guztira

129.376 m2

135.000 m2

Bizitegirako azalera, guztira

934.952 m2

1.080.000 m2

Bioteknologiako ekipamendua

115.217 m2

115.217 m2

Bizitegiak / Ostalaritza

32.575 m2

54.805 m2

Jarduera ekonomikoa

22.230 m2

Merkataritza

88.775 m2

88.775 m2

Bulegoak

56.682 m2

56.682 m2

JARDUKETA BEREZIAK

HASIERAKO UPSa

AMAIERAKO UPSa

Trenbide sistema orokorra

145.452,68 m2

121.349,42 m2

Trenbide ekipamendu sektoriala

65.644,22 m2

65.644,22 m2

Eskualdeko ekipamendua

49.992,64 m2

49.968,70 m2

EXEKUZIO KOSTUEN KALKULUA

HASIERAKO UPSa

AMAIERAKO UPSa

Urbanizazio kostuak

180.768.000

151.778.625

Kalte-ordainen kostuak

153.340.870

138.985.574

Partzuergoaren kudeaketa gastuak

13.364.320

6.000.000

Guztira

347.472.320

296.764.199

Homogeneizazio koefizienteak eta aprobetxamenduak, AUtan, UPSaren hasierako proposamenean.

ERABILERAK

AZALERA ERAIKIA

KOEFIZIENTEA

AU

Etxebizitza libreak

467.476 m2

1,000

467.476,00 AU

Prezio tasatuko etxebizitzak

233.738 m2

0,364

85.080,63 AU

Babes ofizialeko etxebizitzak

233.738 m2

0,272

63.576,74 AU

Bioteknologiako ekipamendua

115.217 m2

0,272

31.339,05 AU

Bizitegiak / Ostalaritza

32.575 m2

0,694

22.607,05 AU

Jarduera ekonomikoa

22.230 m2

0,611

13.582,53 AU

Merkataritza

88.775 m2

0,611

54.241,59 AU

Bulegoak

56.682 m2

0,694

39.337,45 AU

Sotoen aprobetxamendua

102.308,02 AU

Guztira

879.549,06 AU

Hirigintzako aprobetxamendurako eskubidea duten lurzoruak: 1.899.163 m2.

Eredu-aprobetxamendua: 879.549,06/1.899.163 = 0,463 AU/m2.

Homogeneizazio koefizienteak eta aprobetxamenduak, AUtan, UPSaren amaierako proposamenean.

ERABILERAK

AZALERA ERAIKIA

KOEFIZIENTEA

AU

Etxebizitza libreak

487.800,00 m2

1,000

487.800,000 AU

Lurz. pribatuaren azalera, etxeb. libreetan

126.005,40 m2

0,050

6.300,270 AU

Prezio tasatuko etxebizitzak

322.200,00 m2

0,560

180.432,000 AU

Lurz. pribatuaren azalera, prezio tasatuko etxebizitzetan

50.966,94 m2

0,050

2.548,347 AU

Babes ofizialeko etxebizitzak

270.000,00 m2

0,400

108.000,000 AU

Lurz. pribatuaren azalera, babes ofizialeko etxebizitzetan

77.429,75 m2

0,050

3.871,488 AU

Jarduera ekonomikoa

54.805,00 m2

0,700

38.363,500 AU

Lurz. pribatuaren azalera, jarduera ekonomikoetan

65.487,10 m2

0,050

3.274,355 AU

Bulegoak (bereiz eta beste eraikin batzuetan)

56.682,00 m2

0,800

45.345,600 AU

Lurz. pribatuaren azalera, bulegoetan

3.024,12 m2

0,050

151,206 AU

Merkataritza

88.775,00 m2

0,700

62.142,500 AU

Bioteknologiako ekipamendua

115.217,00 m2

0,560

64.521,520 AU

Lurz. pribatuaren azalera, bioteknologian

32.760,96 m2

0,050

1.638,048 AU

Guztira

1.004.388,830 AU

Hirigintzako aprobetxamendurako eskubidea duten lurzoruak: 1.912.416,71 m2.

Eredu-aprobetxamendua: 1.004.388,83 AU / 1.912.416,71 m2 = 0,5252 AU/m2.

Guztizko azalera eraikia: 1.395.479 m2

Eraikigarritasuna (sabai-azalerako m2 -ak zati hirigintzako aprobetxamendua duen lurzoruaren m2 ak): 1.395.479 m2/1.912.416,71 m2 = 0,7297 m2/m2.

V.-Nafarroako Gobernuak 2007ko maiatzaren 21eko Erabakian ezarritako determinazioak nola bete diren.

Nafarroako Gobernuak, 2007ko maiatzaren 21ean hartutako erabakian, udalez gaindiko plan sektorial deklaratu zuen "Abiadura Handiko Trenaren Iruñeko geltoki berriaren eremua eta Iruñeko antzinako tren geltokiaren eremua garatzeko Plana". Erabaki horren bigarren atalean hauxe ezarri zen: "Espedientea behin betiko onetsi aurretik, departamentu sustatzaileak erabaki honen azalpen zatiko "Eskatutako eta emandako txostenak", "Lurralde arloko gogoetak", "Hirigintzaren gaineko gogoetak" eta "Ingurumen arloko gogoetak" ataletan aipatzen diren hutsuneak eta akatsak zuzendu behar ditu".

A. Emandako txostenak.

Izenburu honen azpian bilduta daude aipatu erabakian eskatu ziren txostenak eta UPSari buruz eman diren beste txosten batzuk, baita horien gaineko iruzkinak ere.

a.1. Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalak (Ondare Historikoaren Zerbitzua), 2007ko otsailaren 15ean eta martxoaren 16an emandako txostenak, prebentzio eta babes neurriak ezartzen dituztenak katalogatu gabeko ondare arkeologikoari buruz.

Departamentu sustatzaileak adierazi du txosten horietan ezarritako prebentzio eta babes neurriak kontuan hartuko direla urbanizazio proiektuan eta obrak egiten direnean, eta Ondare Historikoaren Zerbitzuari txostena eskatuko zaiola horren beharra duten jardueretarako.

a.2. Oinarrizko Osasun Laguntzako Zuzendaritzak (Nafarroako Osasun Zerbitzua) 2007ko apirilaren 4an emandako txostena. Horren arabera, Planean (UPSaren hasierako bertsioa) proposaturiko lurzatiak, Z3-PD5 eta Z5-PD12, Nafarroako Osasun Zerbitzuaren beharretarako egokiak dira azaleraz eta kokapenez.

Geroago (2007ko uztailaren 19an) egindako beste txosten batean, Oinarrizko Osasun Laguntzako Zuzendaritzak (Nafarroako Osasun Zerbitzua) proposatu du lurzoru erreserba egin dadila I. eremuan, 23.000 pertsonentzako osasun zentro bat eraikitzeko. Hona hemen lurzatiaren azalera, gutxi gorabehera: 1.800 m2. II. eremuan "ez da egitura berriak sortzeko beharrik ikusten".

UPSaren amaierako proposamenean, Z5-PD 13 lurzatia (hasierako onespeneko Z5-PD 12 lurzatia) gordetzen da I. eremuan. Azalera hau du: 2.609,64 m2. Alabaina, ekipamendu honi dagokion hirigintzako fitxan, gehieneko azalera eraikigarria, ezarritako gehieneko lerrokaduren arabera, hauxe litzateke: 1.350 m2. Beraz, Osasun Zerbitzuaren txostenean zehaztu gabe dagoenez 1.800 m2 horiek lurzati garbiarenak diren ala ez, komeni litzateke lurzati horretan eraikuntzaren okupazioa 1.800 m2-koa izan dadin ahalbidetzea, eta horretarako iradokitzen da gehieneko lerrokadura nahitaezkoak alda daitezela, hego-ekialdean bideari begira dagoen lerrokaduraren gehieneko luzera 35,50 metrora murriztuz; hego-mendebaldeko lerrokaduraren gehieneko luzera, noski, 58 metrokoa litzateke, Z5-PD11 lurzatikoa bezala.

a.3. Ikastetxeen eta Ikasketetarako Laguntzen Zerbitzuak (Hezkuntza Departamentua) 2007ko apirilaren 16an emandako txostena. Txosteneko ondorioak eta UPSaren amaierako proposamenak:

I. eremuan.

-Ed-Z2-PD2 lurzatia, 12.637 m2-koa, onargarria da aurreikusitako hezkuntza mailetarako, eta erreserban geldituko litzateke. Behin betiko proposamenean lurzatiak azalera handiagoa du: 13.092,94 m2.

-Ed-Z5-PD13 lurzatia, 10.015,92 m²-koa, onargarria da aurreikusten diren bi hezkuntza mailak jasotzeko: Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoa (8.015,92 m 2) eta 0-3 urteko haurrentzako ikastetxea (2.000 m2). Behar izanez gero, lurzati osoa har daiteke Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikorako. Behin betiko proposamenean lurzati hori Z5-PD14 deitzen da, eta azalera hau izanen luke: 9.944 m2.

-Ed-Z4-PD6 "a" lurzatia, 7.968,70 m2-koa, onargarria da Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publiko berrirako. "Eraikin horren eraikuntzak, barneko urbanizazioak eta inguruko itxiturak -dio txostenak-, poligonoaren kargura izan behar dute eta ez diete kosturik ekarri behar Iruñeko Udalari eta Hezkuntza Departamentuari; araudia bete behar da, eta eraikin berriak egungo eraikinak adina gela izan behar ditu". Hona hemen lurzati horrek behin betiko proposamenean duen azalera: 6.563,12 m2.

-Ed-Z4-PD6 "b" lurzatia, 2.088,64 m2-koa, onargarria da 0-3 urteko haurrentzako ikastetxe publiko berrirako. "Eraikin horren eraikuntzak, barneko urbanizazioak eta inguruko itxiturak -dio txostenak-, poligonoaren kargura izan behar dute eta ez diete kosturik ekarri behar ez Nafarroako Gobernuari (Gizarte Gaietako Departamentua edo Hezkuntza Departamentua) ez Iruñeko Udalari". Lurzati hori, behin betiko proposamenean, gaur egungo eraikuntzarena (zeina haurtzaindegi gisa -0/3 urteko haurrentzako zentroa- mantenduko baita) izatera igaroko litzateke; eta honako azalera du: 1.542,10 m2.

II. eremuan.

-Ed-Z0-PD19 lurzatia, 8.473,80 m2-koa, onargarria da beharrezkoa izan litekeen ikastetxerako (DBHI, edo BHI, edo LH edo HBIP). Behin betiko proposamenean lurzati hori Z0-PD26 deitzen da, eta azalera handiagoa du: 9.046,00 m2.

-2.000 m2 inguru, Z0-PD20 lurzatian (guztira 5.162,74 m2), Buztintxuriko GSA-II unitatearen barnean, 0-3 urteko haurrentzako ikastetxe bat egiteko hartu behar lirateke. Ikastetxe horrek II. eremuan kokatuko diren biztanleen eta Buztintxuriko bizilagunen eskolatze beharrak aseko lituzke. Behin betiko proposamenean lurzati horrek 4.792 m2 -ko azalera du, baina erabilera anitzekoa da; beraz, lurzati horretan 2.000 m2 har daitezke 0-3 urteko haurrentzako ikastetxerako.

2009ko abenduaren 10ean, eta aurrez eskaturik, beste txosten bat jaso da Hezkuntza Departamentuko Obren eta Mantentze Lanen Zerbitzutik, planteatutako amaierako proposamenen gainekoa. Hauek dira txosten horretan azaldutako ondorio nagusiak:

I. eremuan.

-Beharrezkoa litzateke 2.000 m²-ko beste lurzati bat izatea, Ed-Z5-PD14 lurzatitik hurbil, 0-3 urteko haurrentzako ikastetxe bat eraikitzeko.

-Ed-Z4-PD6 "b" lurzatia, 1.542,10 m2 -koa, ez da nahikoa 0-3 urteko haurrentzako ikastetxe publiko berrirako, eta azalera handiagoa behar du, hain zuzen ere, 2.000 m2.

II. eremuan.

-Z0-PD20 lurzatian (4.792 m2 -koa eta erabilera anitzekoa) 2.000 m2 -ko azalera hartu behar da 0-3 urteko haurrentzako ikastetxe baterako. Ikastetxe horrek II. eremuan kokatuko diren biztanleen eta Sanduzelaiko bizilagunen eskolatze beharrak aseko lituzke.

Iruzkina:

Ed-Z5-PD14 lurzatitik hurbil 0-3 haurrentzako ikastetxe bat eraikitzeko 2.000 m2 -ko beste lurzati baten beharrari dagokionez, lurzati hori Z5-P5 etxesailean koka liteke, baina, horretarako, proposaturiko antolamenduko P-03 planoan ageri diren eraikinetako bat (24 x 24 m) kendu behar litzateke.

Ed-Z4-PD6 "b" lurzatia, 1.542,10 m2 -koa -UPSaren amaierako proposamenean harentzat ezarritako formaren eta azaleraren arabera-, 2.000 m2 -raino handitzeari dagokionez, esan beharra dago lurzati hori gaur egun haurtzaindegiarena dela, eta, SITNAk emandako katastro-datuen arabera, azalera hau duela: 1.762,595 m2. UPSaren hasierako aurreikuspena izan zen lurzati berri bat eratzea, 2.088,64 m2 -koa (amaierako proposamenean duen izen bera eman zitzaion), eta horretarako oraingo haurtzaindegia eta erretiratuen elkartea eraistea. Azken proposamenean, aldiz, bi ekipamendu horiek mantendu egiten dira, jatorrizko forma eta azalerak aldatzen badira ere.

Hori horrela, esan beharra dago ezen, lurzati hori kokatu den moduagatik -bide bat du aurrean eta eraikuntza gehiago dituzten bi lurzati alboetan-, bera handitzeko konponbidea oso zaila litzatekeela, gaur egun dituen formarekin eta kokapenarekin ere zaila den bezalaxe.

Egoera horretarako konponbide bat litzateke lurzati hori barnean duen "etxesaileko" bideen sekzioa aldatzea era honetara: etxesailaren ekialdean dagoen biribilgunetik etxesailari triangelu forma ematen dioten beste bi biribilguneetara doazen kaleak norabide bakarrekoak izanen dira, kontrako noranzkoak izanen dituzte, eta zazpi metroko sekzioa izanen dute. Bateriako aparkalekuak eta espaloiak beren horretan utziko dira, orain duten sekzioarekin. Horrela Ed-Z4-PD6 "b" lurzatiaren iparraldeko mugari 58 x 6 metro inguruko zerrenda erantsiko litzaioke, hau da, 350 m2 inguru gehiago, eta azalera hau lortuko litzateke, gutxi gorabehera: 1.890 m2. Halaber haurtzaindegiko eremu librea handitu liteke, hegoaldeko mugan, erretiratuen elkartearen ondoan, 385 m2 inguruko zati angeluzuzena erantsiz. Horrenbestez, konponbide behartu samarra bada ere, txostenean eskatzen den azalerara hurbiltzeko ahalegina eginen litzateke (bi konponbideak batera erabilita, noski, 2.000 m2 baino gehiago lortuko lirateke).

Esan behar da, azkenik, araudian aurreikusi beharko dela II. eremuko Z0-PD20 lurzatian 2.000 m2 -ko erreserba egitea 0-3 urteko haurrentzako ikastetxe baterako. Erreserba hori araudian fisikoki zehaztu ezean, gerora xehetasun azterlana tramitatu beharko da.

a.4. Sustapen Ministerioaren txostena, 2007ko maiatzaren 3koa, Trenbide Zuzendaritza Nagusiko Plan eta Proiektuetarako zuzendariorde nagusiak emana. Bertan ondorio gisa esaten da Sustapen Ministerioak ontzat ematen duela Plana, baina ohar hauek egiten dira:

-Plana garatzen den bitartean, une oro bete behar dira Trenbide Sektoreari buruzko Legearen eta hura garatzen duen Erregelamenduaren aginduak, trenbiderainoko distantziei dagokienez.

-Planean proposatzen da N-111 eta NA-600 errepideen artean trenbidea estaltzea. Proiektu hori Trenbide Zuzendaritza Nagusiarekin adostu behar da.

-Z6-PT1, Z6-PT3, Z6-PT6 eta Z6-P1 lurzatiak (eta agian Z7-PD15 lurzatia) -lurzati horiek beste zenbaki batzuk dituzte UPSaren azken proposamenean- trenbide berrietatik oso hurbil daude. Beraz, bermatu egin behar da azkenean lurzati horietarako eginen diren proiektuek ez dutela trenbide sistema ukituko. Gainera, bibrazioen azterketa eginen da, inguru horretan egin beharreko eraikinak zertarako erabiliko diren kontuan hartuta.

-Plana kudeatu eta gauzatzeko formula, Sustapen Ministerioari dagokionez, azpiegitura berriaren garapenak eragiten dien alderdien arteko protokolo edo hitzarmenetan azkenean erabakitzen dena izanen da.

a.5. Iruñerriko Mankomunitatearen txostena, 2007ko uztailaren 17koa, ur hornidurari, saneamenduari, hiri hondakinen bilketari eta hiri garraioari buruzkoa.

Hasierako ohar batean txostenak gogora dakartza lurzoru urbanizaezinaren jabeen eskubideak, LAHFLaren 100. artikuluan zehazten direnak: "lurzoru urbanizagarriaren jabeek ordaindu eta, hala behar denean, exekutatu beharko dituzte jarduketaz kanpoko sistema orokorrekiko loturako azpiegiturak eta, hala denean, sistema horiek handitu edo indartzeko behar diren obrak, jarduketaren tamaina edo dentsitatea dela medio edo ondorioz ekarriko dituen intentsitateengatik egin beharko direnak, planeamendu orokorrak ezartzen dituen betebehar eta baldintzen arabera".

a.5.1. Ur hornidura. I. eremua: instalazio hauen trazaduran eta diseinuan kontuan har daitezen, Mankomunitateak dituen asmoak azaltzen dira. Aróstegui etorbidean behera doan hodia berritzeko obrak egin nahi ditu, burdinurtu nodularrezko hodia jarriz, 500 mm-ko diametrokoa, Venta de Andrés jatetxeraino. Epe ertainean, halaber, Ezkiroztik Zizur Txikiraino 400-500 mm-ko diametroko hodia ezartzeko asmoa dute. Etorkizunerako plan horien arabera, uste dute garapen berriaren konexioa Aróstegui etorbideko hodi berriarekin egin behar litzatekeela, eta bigarrena Zizur Txikiko San Fermin ikastola inguruko lotune berrian.

Mantendu egin behar da Zizur Nagusiko iparraldea hornitzen duen 150 mm-ko hodia, Mendebaldeko Ingurabidearen (A-15) egitura zeharkatzen duena Lizarra etorbidetik.

Kontsumoa kontrolatzeko gune bat (emari-neurgailua) jarri beharko da Aróstegui etorbideko hodiarekiko lotunean, eta, kalkulu hidrauliko egokirik ezean, kontuan hartu beharko da behealdean presioa murrizteko balbulak ezartzeko aukera.

Ur hornidura. II. eremua: eremuko ur sarrera nagusian emari-neurgailua jarriko da, eta 400 mm-tik gorako diametroa duten hodiek ez dute 45º-tik gorako ukondorik izanen.

Iruzkina: aurrean azaldutako planteamenduei dagokienez, sustatzaileak adierazi du UPSaren behin betiko onespenerako berriz egokitu dela sare berrien oinarrizko trazadura hirigintzako planeamendu berrira moldatzeko, eta I. eremuan loturak egin direla Aróstegui etorbidean ezarri beharreko 500 mm-ko diametroko burdinurtu nodularrezko sare berriarekin, Venta de Andrés jatetxearen parean, bai eta etorkizuneko lotune berria ere (400 mm-ko diametroa), autobideko irteerako bide-korapilo berriaren trazaduran zehar, San Fermin ikastolatik hurbileko sare berrirantz. Aróstegui etorbidearekiko lotunean emari-neurgailua jarriko da bere elementu osagarriekin. Gaur egungo sareak bi eremuetan mantenduko dira, baina bide-trazadura berriari egokituko zaizkio, betiere inguruko eremuekiko loturari eutsiz.

a.5.2. Saneamendu sareak. I. eremua: UPSaren garapenak neurri handian eragiten dio C-15 eskualde-kolektorearen trazadurari (Planean oker deitzen zaio C-2 kolektorea). Eskualdeko saneamendu sareko ardatz nagusietakoa denez, kolektore horren azterketari lehentasunezko tratamendua eman behar zaio ukitutako zerbitzuen barnean.

Planean kolektorearen tarte batzuk desbideratu dira, baina zenbait tokitan hiri lurzati berrien barnean gelditu da, eta hori ez da onargarria.

UPSa onetsi aurretik, kolektorearen edukierari buruzko azterlana eginen da, eta S.C.P.S.A.ren onespena beharko du. Kolektore berriaren trazadura osoak mantentze-lanetako ibilgailuen irispidean egon behar du, eta urak har dezakeen eremutik kanpo.

Ez da kontuan hartu Zizur Nagusitik datorrela Lizarra etorbidean behera doan kolektorearentzat bide berria egitea. Berriz jarri beharko da.

Uholde arriskuari buruzko azterlana onetsi behar da aldez aurretik. Bertan argi zehaztu behar dira urak hartzen ahal dituen eremuak eta uholdeek gaurko edo/eta etorkizuneko kolektoreetan izan ditzaketen ondorioak.

Saneamendu sareak. II. eremua: eremuko kolektoreei buruzko azterlana erantsi beharko da. Bertan egiaztatu behar da kolektoreek badutela behar adinako edukiera isurketa berriak jasotzeko. Azterlan hori aldez aurretik onetsi beharko da.

Iruzkina: sustatzaileak dio I. eremua zeharkatzen duen C15 kolektorea eremu publikoan zehar desbideratzeko aukera planteatu dela behin betiko onespenerako agirian, trazadura berriei egokitzeko, eta are kolektorearen neurriak aldatzeko aukera ere, beste sektore batzuetatik (Mutiloartea, Lezkairu, Donapea etab.) jasoko dituen isurketa berriak aurreikusiz, jarduketaren amaieraraino. Ustez badu nahikoa edukiera. Nolanahi ere, urbanizazio proiektuan zehaztuko da kolektorearen behin betiko trazadura, eta haren edukierari buruzko azterketa ere bertan eginen da.

Galeria bat eginen da trafiko handiko bideen eta abiadura handiko trenbidearen azpian, kolektorea mantentzeko lanetan bertara sartu ahal izateko. Halaber, Mankomunitateak beharrezkotzat jotzen dituen gainezkabideak eginen dira.

Badago uholde arriskuaren gaineko azterlana espedientean, Ebroko Ur Konfederazioak behar den moduan onetsia.

II. eremuari dagokionez, urbanizazio proiektuan egungo kolektoreen edukiera aztertuko da eta, beharrezkoa bada, kolektore berriren bat planteatuko da, isurkinak Arga ibaiaren ertzeko kolektore nagusira eramateko.

a.5.3. Euri uren sareak. I. eremua: sarea modu egokian diseinatuko da, euri urak atzera egin ez dezan eta eraikuntzetako sotoetara sar dadin eragozteko.

Euri uren sareak. II. eremua: proiektaturiko euri uren sarearekin lotu behar diren gaur egungo sareen edukiera egiaztatu beharko da.

Iruñerriko Mankomunitatearen eskumeneko gaia ez bada ere, uholdeen balizko ondorio eta kalteak saiheste aldera, sustatzaileak erakunde eskudunari baimena eskatu beharko dio euri urak ur-ibilgu publikora isurtzeko.

Iruzkina: I. eremuari dagokionez, sareek Elortz ibaira jotzen dute, eta badituzte behar diren baliabideak urak atzera egin ez dezan eta eraikin berrietara sar dadin eragozteko. II. eremuari dagokionez, urbanizazio proiektuan egungo kolektoreen edukiera aztertuko da eta, beharrezkoa bada, kolektore berriren bat planteatuko da, isurkinak Arga ibaira eramateko.

a.5.4. Hondakinak biltzeko sareak. I. eremua: bilketa pneumatikorako sare bakarraren eta bilketarako zentral bakarraren diseinua aztertu behar da. Bilketa pneumatikoa eremu osora hedatu behar da, jada finkatuta dagoen aldea barne. Ekipamendutarako lurzati bat gorde behar da, behar bezain handia, bilketarako zentrala kokatzeko, urak har dezakeen eremutik kanpo. Irteerarik gabe taxutu diren bi kale sareari lotzeko aukera aztertzeko eskatzen da.

Hondakinak biltzeko sareak. II. eremua: bilketa pneumatikoa, inguru honetan, Mankomunitateko zerbitzu teknikoek egin behar duten bideragarritasun azterlanaren zain dago. Ez da inola ere onartuko hodi sare bikoitzik. Bada bideragarritasun azterlan bat sare hau eta Iruñeko hirigune historikokoa lotzeko aukerari buruz (2007ko urrian argitaratu zen).

Iruzkina: behin betiko onespenerako dokumentuan lurzati bat gorde da, urak har dezakeen eremutik kanpo, etorkizunean hondakin bilketaren zentrala kokatzeko. Haren neurriak bat datoz azkenaldian ezarritako zentralen tamainarekin. II. eremuan ez da bilketa sistema pneumatikorik ezarri, ez delako bideragarria. Iradokizunak onartuko dira eta aintzat hartuko dira urbanizazio proiekturako.

a.5.5. Eskualdeko taxi zerbitzua eta hiri-garraioa:

1.-Txostenak eskatzen du trafikoak Pio XII.aren etorbidean izanen dituen ondorioak aztertu eta baloratu daitezela, eta oinarriak ezar daitezela noranzko bakoitzean plataforma bat gordetzeko garraio publikoari, Pio XII.aren etorbideak eta Aróstegui etorbideak osatzen duten ardatzean, I. eremuan, eta Gipuzkoa etorbidean, II. eremuan.

Iruzkina: Aróstegui etorbidean 9,0 metroko zabalera duen zerrenda gorde da garraio publikoarentzat bakarrik. Pio XII.aren etorbidea eta Gipuzkoa etorbidea ez daude UPSaren lurralde eremuaren barnean eta, beraz, ez da jarduketarik eginen etorbide horietan.

2.-Iruñerriko eskualdean tranbia edo metro arina ezartzeko erabakia dela-eta, kontsulta egin behar zaio Nafarroako Gobernuko Garraio Zuzendaritza Nagusiari, bideragarritasun azterlana egin baitu. Mota horretako garraio publikoa ezarriz gero, azpiegituraren kostuak UPSko urbanizazio zamen barnean jasanarazi behar lirateke.

Iruzkina: Iruñerriko eskualdean tranbia sistema ezartzeko azterlanetan sistema hori ez dela bideragarria ondorioztatu da, eta, beraz, tranbia ez dela bideragarria kontuan izanik, haren kostuen jasanarazpenaz ez dago ezer esatekorik. Hala ere, esan liteke eskualdeko sistema baten kostua ez zaiola UPS bakar bati jasanarazi behar.

3.-Proposamen hau egiten da I. eremuaren hirigintza-diseinuari buruz: 2. zonako (Etxabakoizko erripak) etxebizitzak eremuko gainerako zonetara aldatzea, eta, ezin bada, etxebizitza horien kopurua ahal den neurrian murriztea. Halaber, proposatzen da 3.etik 6.era bitarteko zonei dagokien etxebizitza-dentsitatea ahalik eta gehien meta dadila Aróstegui etorbidearen alboetara dauden 200-300 metroko zerrendetan.

Iruzkina: Zaratari buruzko Legea bete beharra eragozpen handia da Aróstegui etorbidean eta inguru hurbilean etxebizitza gehiago egin ahal izateko. Eremuak ukipen ugari ditu, hiri garraioaz gainera, eta ezin da bereiz hartu, ukipen horiek kontuan izan gabe.

4.-Aróstegui etorbidearekin zuzen gurutzatzen den bide nagusian bi biribilgune berri diseinatzea proposatzen da, autobusek biratu ahal izateko.

Iruzkina: eskatutako biribilguneak erantsi dira behin betiko onespenean.

5.-Geltokiaren alboko bidearen eta aurreko plazaren arteko lotura azter dadila proposatzen da.

Iruzkina: kontuan hartuko da urbanizazio proiekturako; proposaturiko lotura grafikoetan jaso da dagoeneko.

6.-Aróstegui etorbidean, AHTaren geltokitik hurbileko geralekuak antola daitezela, oinezkoen pasabidea geltokiaren egiturari egokituz.

Iruzkina: kontuan hartuko da urbanizazio proiekturako.

7.-Garraio publikoen II. eremuko ibilbideei dagokienez, eremu horretan zehaztutako ipar-hego bideak erabiltzea proposatzen da, eta, halaber, autobusek eta oinezkoek partekatzeko bide bat egin dadila, Buztintxuriko erdiko parkea iparraldetik hegoaldera zeharkatzeko.

Eskatutako aldaketak egin daitezela, 18 metroko luzera duten autobusen zirkulaziorako beharrezkoak diren ezaugarri geometrikoak lortzeko.

Iruzkina: UPSko proposamen eta determinazioak jarduketa eremurako dira soilik. Proposatu diren errei guztiek, II. eremuan, 3,50 metroko zabalera dute. Biraketa erradioak, zabalera gehigarriak eta abar kontuan hartuko dira urbanizazio proiekturako.

8.-Urbanizazio proiektuetan garraio publikoaren geralekuak ezar daitezela proposatzen da. Oraingo fasetik bertatik geraleku batzuk arreta bereziz aztertu beharrekoak direla adierazten da, hain zuzen ere, geltoki berriaren aurrekoa eta Aróstegui etorbidetik igarotzen diren lineak geltokiarekin eta eskualdeko ekipamenduarekin lotzen dituztenak; eta deskribatutako taxi geralekuak erantsi behar direla.

Iruzkina: UPSaren lurralde eremuaren barneko autobus geralekuak eta beharrezkoak diren taxi geralekuak sartuko dira urbanizazio proiektuan.

9.-Proposatzen da I. eremuko eskualde-ekipamenduan disuasio-aparkaleku bat kokatzeko aukera azter dadila. Aparkaleku horretatik Aróstegui etorbideko garraio publikoaren sarera iristeko bide ona egin beharko litzateke.

Iruzkina: eskualdeko ekipamenduaren aurrean kokatutako aparkalekua disuasio-aparkalekutzat jotzea egokia da eta hori aintzat hartuko da aparkalekua diseinatzerakoan eta haren neurriak zehazterakoan, behin betiko onespenerako eta geroko urbanizazio proiekturako.

10.-UPSan aurreikusten ez den egungo trenbide-begiztaren trazadurari dagokionez, bereziki garrantzitsutzat jotzen da oraingo geltokiaren eta Iparraldeko Ingurabidearekiko gurutzagunearen arteko tartea.

Iruzkina: UPSak ez du bere lurralde eremutik kanporako determinaziorik.

a.6. Nafarroako Gobernuko Plangintza, Segurtasunaren Koordinazio eta Trafiko Zerbitzuko Trafiko eta Bide Segurtasunaren Ataleko buruaren idazkia, 2007ko irailaren 3koa.

Eskatzen du trenbideko zorupea erreserbatzeko aukera azter dadila, tren geltoki berritik hasi eta Iruñerriaren mugaraino, eta etorkizunera begira bideragarritasun azterlanak egin daitezela metroari eta aldirietako trenei buruz, ingurumenaren, zirkulazioaren eta istripuen aldetik horiek iraunkorragoak baitira beste garraio mota batzuk baino.

Iruzkina: Aróstegui etorbidean 9,0 metroko zabalera duen zerrenda gorde da garraio publikoarentzat bakarrik. Nafarroako Gobernuak Iruñerriko eskualdean tranbia sistema ezartzeko egin dituen azterlanetan, sistema hori ez dela bideragarria ondorioztatu da.

a.7. Babes Zibileko zuzendariaren txostena, 2008ko otsailaren 1ekoa. Azalpen-eskema grafikoa erantsita daukan txosten horrek dioenez, bi eremu daude -uste izatekoa da gaur egun ere badirela- babes araubide desberdinekoak: "esku hartzeko eremua" enpresatik hurbilena da eta bertan "ezin da inolako jarduera berririk baimendu", eta "alerta eremua" aurrekoaren ingurukoa da eta bertan "baimentzen ahal diren jarduera motak mugatu behar dira; zehazki, ezin da inola ere baimendu etxebizitza berrien okupazioa".

"Hurrengo urteetan Huntsman enpresa eremu horretatik irtetekoa denez -gehitzen du txostenak- baimena eman daiteke etxebizitza eraikin berriak eraikitzeko, baina ez okupatzeko, Huntsmaneko jarduera guztiak edo, behintzat, 1254/1999 Errege Dekretua aplikatuz arriskutsutzat sailkatu diren jarduerak bukatzen ez diren artean". Azkenik hauxe dio: "Jarduera arriskutsuak bukatu baino lehen eraikina egiten hasten bada, haiek sustatzen dituen enpresak, autobabeserako planean, Huntsmaneko prozesuek sortzen dituzten arriskuak eta ezarri behar diren prebentzio, alerta eta alarma neurriak jaso beharko ditu".

Aurrekoa ikusirik, agerikoa da UPSko antolamenduak eta, ondorioz, UPSko determinazioen garapenak eta kudeaketak -birzatitze prozesua, urbanizazio prozesua, obren exekuzioa eta abar- berekin dakartela, beste ondorio garrantzitsu batzuen artean, Huntsman enpresaren (Inquinasa) lekualdatze saihestezina. Horregatik, UPSko determinazioak garatu eta kudeatzeko prozesu horretan aurren-aurrenik enpresa hori lekuz aldatzeko kudeaketei ekin behar litzaieke.

a.8. AENAren txostena, 2009ko urriaren 26koa: C0403-1 antolamendu planoan ageri diren eraikuntzen garaierak (AENAren txostenean plano horren kopia jaso da) bat datoz indarra duten zortasun aeronautikoekin, baita Iruñeko aireportuko zortasun aeronautikoetarako proposamenarekin ere; azken zortasun horiek tramitazio aldian daude, aireportuaren konfigurazio berriaren ondorioz. Zortasun aeronautiko horiek, planoaren aipamenarekin batera, UPSko Hirigintzako Araudian jaso behar dira, zortasun aeronautikoei lotutako determinazioen gaineko artikuluan, hain zuzen ere.

a.9. Sustapen Ministerioko Abiazio Zibilaren Zuzendaritza Nagusiaren txostena, 2009ko azaroaren 25ekoa. Txosten horri erantsitako dokumentazio grafikoan UPSaren eremuaren gaineko ukipen akustikoak eta zortasun aeronautikoak ageri dira.

Ukipen akustikoei dagokienez, txostenak dio eremuaren zati bat inguratzaile sonikoaren barnean dagoela baina UPSak zati horretarako proposatzen dituen erabilerak bateragarriak direla bertako ukipen akustikoarekin. Zona horretan bateraezinak dira, aldiz, bizitegitarako erabilerak, hezkuntza ekipamenduak eta osasun ekipamenduak. Bateraezintasun hori garbi azaldu behar da UPSan. Beste ohar batzuetan, erabilera bateragarrietarako eraikinen intsonorizazioa aipatzen da (intsonorizazioaren kostuak ez dira Iruñeko aireportuaren titularraren kargura izanen), eta komenigarritzat jotzen da jabetza erregistroan idatzoharrak egitea ukipen akustikoak dituen eremuan dauden finken kokapenari buruz.

Zortasun aeronautikoei dagokienez, aztertu diren agiriak aipatu eta gero -UPSko I. eta II. eremuetako zortasun aeronautikoen gaineko P-19 eta P-36 planoak, Hirigintzako Araudian zortasun aeronautikoen ondoriozko determinazioei eta xehetasun azterlanei buruz dauden artikuluak eta hirigintzako fitxak-, txostenak dio, P-19 eta P-36 planoetan proposaturiko "Lurzatiaren gehieneko sestra", Hirigintzako Araudiaren determinazioak eta eraikuntzetarako (elementu guztiak barne) proposaturiko gehieneko garaierak kontuan hartuta, badagoela "behar adinako kota, hasiera batean, eraikuntzek zortasun aeronautikoen mugak gainditu ez ditzaten; nolanahi ere, eraikuntzek zortasun horien mugen azpitik egon behar dute beren elementu guztiekin (antenak, tximistorratzak, tximiniak, aire girotuko ekipamenduak, igogailu-kaxak, kartelak, gainaldeko apaingarriak etab.), eraikuntza lanetako garabi eta antzekoak ere barne". Ohar osagarriren batzuk egin ondoren, txostenean aldeko ondorioa azaltzen da zortasun aeronautikoei dagokienez, bertan ezartzen diren baldintzei lotuta.

Eraikuntzaren bat lekuz aldatzen bada, berriro eskatu beharko da Abiazio Zibilaren Zuzendari Nagusiaren txosten loteslea. Halaber, gogorarazten da edozein eraikuntza edo egitura egiteko eta horretarako behar diren bitartekoak instalatzeko ere beharrezkoa izanen dela aldeko ebazpena lortzea. Inguruabar hori UPSan jaso beharko da.

a.10. ADIFen txostena, 2009ko abenduaren 14koa:

1.-UPSak trenbide sistema orokorra mugatzen du; modu loteslean ezartzen ditu haren azalerak, AHTaren geltoki berrirako lurzatiak eta, Hirigintzako Araudian, lurzati horiei dagozkien parametroak. Horrek guztiak gehiegi baldintzatuko du oraindik egin gabe dauden geltokiaren eta trenbide trazaduraren eraikuntza proiektua. Horregatik, eta LAHFLaren 44.1 artikuluan ezarritakoa kontuan izanik, UPSa behin betiko onesteko dokumentuan prozedura egokiak ezar daitezela eskatzen da, geltokia eta UPSaren eremuaren barneko trenbide trazadura egiteko behin betiko eraikuntza proiektuak hirigintzako araudiarekin eduki ditzakeen aldeak zuzendu edo/eta moldatu ahal izan daitezen.

Puntu horretan, azkenik, UPSan trenbide sistemari buruz dauden determinazioek ez dutela lotesleak izan behar adierazten da.

2.-Memoriako lerroalde bat zuzentzeko eskatzen da. Lerroalde horrek dio birzatiketa egiten denean trenbide azpiegiturari lotutako ondasunen esleipen-hartzailea Sustapen Ministerioa izanen dela, baina, trenbideen arloko legeriaren arabera, ADIF da azpiegitura horien esleipen-hartzaile eta titularra.

3.-Sustapen Ministerioak, ADIFek eta Nafarroako Foru Komunitateak 2009ko maiatzaren 16an sinatutako Protokolo Orokorreko 6. akordioa aplikatuz, ADIFek uste du UPSa behin betiko onetsi ondoren berrikusi egin beharko dela Hirigintza Partzuergoak aipatu erakunde publikoari ordaindu beharreko gehieneko prezioa. Izan ere, onesteko aurkeztutako UPSaren azken proposamenean aldatu egin dira behinola aurreikusten ziren hirigintzako aprobetxamenduak; bestalde, azkenaldian proposaturiko azterlan ekonomikoan asko murriztu dira urbanizazio kostuak. Halaber, ADIFek, Protokoloko 6. akordioaren a) atalean ezarritakoari jarraituz, berrikuspen hori noiz egin behar den eta nola bideratu behar den adierazten du.

ADIFen planteamenduak ikusirik, UPSan sartu behar lirateke ADIFek eskatu eta UPSari dagozkion determinazioak. Horren haritik, eta 3. puntuari dagokionez, esan beharra dago ADIFek eskatutakoak zerikusia duela alderdiek Protokolo Orokorrean jasotako akordioak betetzearekin.

a.11. Iberdrolaren eskaera.

2009ko abenduaren 23an Iberdrolaren idazki bat sartu zen Herri Lan Departamentuan. Bertan Iberdrolak dio lurrak gorde behar direla antolamenduaren xede diren eremuak argindarrez hornitzeko behar adina BTA (banaketarako transformazio azpiestazioa) eraiki ahal izateko, eta azpimarratu egiten ditu Larrazkuntzea eta Arrotxapeko BTAk egiteko erreserbak (Zizurko BTA exekuzio bidean dago jada).

Iberdrolaren eskaera hori oinarri hartuta, eta tokiko ekipamenduen (parkeak, lorategiak, espazio libreak..) eta UPSa garatzeko behar diren azpiegitura orokorren (BTAk, bilketa pneumatikoa...) arteko bateragarritasun orokorrari dagokionez, Herri Lan Departamentuak ondoko proposamena aurkeztu du eta bidezkoa da horren edukia UPSan jasotzea:

-UPSko Hirigintzako Araudiari testu hau erantsiko zaio: "Urbanizazio proiektuak, erabilera publikoko espazio libreetan, Plana garatzeko behar diren azpiegitura orokorrak ezarri ahalko ditu (BTAk eta zaborren bilketa pneumatikorako azpiegiturak barne), baldin eta halako espazioei dagozkien erreserbak bermatzen badira kasu guztietan".

-Berariazko erreserba eginen da II. eremuan BTA azpiestazio bat ezarri ahal izateko P29 planoan ageri den SL8 toki ekipamenduaren barnean, hau da, I 16 planoan ageri den gaur egungo 467. lurzatian.

-Sektorea garatzeko beharren eta aurreikuspenen arabera, urbanizazio proiektuan erabakiko dira bigarren BTA baten kokalekua eta baldintzak, Larrazkuntzea-Venta de Andrés inguruan. Horretarako, 2.520 m 2 -ko azalera ez da kontatuko eremu horretako tokiko sistemetarako erreserben barnean.

-Araudiaren 56. artikuluari ("AR1 banaketa eremuko azpiegitura-erreserbetarako lurzatiei buruzko determinazio partikularrak") azpiegituretarako lurzati horien baldintzak erantsiko zaizkio.

a.12. Herri Lan Departamentuaren proposamena, bizitzeko egokiak diren gelen kopurua dela-eta.

Herri Lan Departamentuak eskatu du, halaber, Urgentziazko Neurriei buruzko 6/2009 Foru Legea aplikatuta tramitatzen ari diren azken planeamenduekin bat etorriz, aldaketa egin dadila Hirigintzako Araudi Orokorraren 27. artikuluan ("Bizitzeko egokiak diren gelen kopurua"), bizitegi gisa erabiltzeko eraikitako 120 m2 bizitzeko egokiak diren 5 gelaren baliokideak izan daitezen.

Proposamen horren azterketan erreferentzia gisa erabili behar da Nafarroako Gobernuak 2009ko azaroaren 9an hartutako erabakia (2009ko 147. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, azaroaren 30ekoa), Erripagaineko UPSa aldatzeko espedientearen tramitazioa hasten duena, Hirigintza eta Etxebizitzaren arloan Urgentziazko Neurriak Hartzeko ekainaren 5eko 6/2009 Foru Legearen lehen xedapen iragankorraren 1. atalean ezarritakoaren babesean. Espediente horretan antzeko aldaketa proposatu zen eta ez zen onartu.

Oraingo kasuan, bizitzeko egokiak diren bi gela dituzten etxebizitzak sustapeneko etxebizitza guztien %40 baino gehiago ez badira eta bizitzeko egokiak diren gainerako piezak, esate baterako, 3 gelako eta 4 gelako etxebizitza-kopuru berdinetan banatzen badira, aldatu nahi den araua sustapen horri aplikatuta lortuko den etxebizitza kopuruak %35etik gorako aldeaz gaindituko du etxebizitza guztiek 4 gela izanez gero lortuko litzatekeena. Bizitzeko egokiak diren gelen kopurua kalkulatzeko 4 faktorea erabili beharrean 5 faktorea erabiliko balitz, aurreko egoera berean, etxebizitza kopuruaren gehikuntza neurrigabea izanen litzateke benetan. Beraz, aldaketa ez da onargarria.

B. Lurralde arloko gogoetak.

Erabakiaren atal horretan, proposamenaren eta Iruñerriko Eskualdeko Hirigintza Arauetako determinazioen arteko bateragarritasuna aztertzen denean RP-6 "Barañaingo mazelak" paisaia erreserbari dagokionez, honakoa adierazten da: "Azkenean aurkeztu den proposamena, oro har, bat dator Iruñerriko Hirigintza Arauetako irizpide orokorrekin, salbuespen hau salbu: Z1-P8 eta Z1-P9 lurzatietako urbanizazioaren eta eraikuntzaren eragina ez da bateragarria RP-6 paisaia erreserba babesteko ezarritako irizpideekin, goiko terrazako malkarra ukitzen duelako, %30etik gorako malda duen zuhaiztian sartuz. Arestian esan bezala, gune horiek ahalik gehien errespetatu behar dira. Ondorioz, lurzati horiek antolamendutik kendu behar dira".

UPSaren azken proposamenean hala egin da, Z1-P8 eta Z1-P9 lurzatiak kendu baitira.

C. Hirigintzaren gaineko gogoetak.

Zuzendu beharreko alderdi batzuk aipatzen dira atal horretan, LAHFLaren 53. artikuluko determinazioak, ekipamendu eta horniduretarako estandarrei buruzkoak, betetzen ote diren aztertu ondoren. Alabaina, UPSaren azken proposamenean egindako aldaketek ekipamenduei buruzko hasierako aurreikuspenak aldatu dituzte eta horregatik berriro aztertu behar da LAHFLaren 53. artikuluko determinazio horiek betetzen ote diren.

Aipatzekoa da Hirigintza eta Etxebizitzaren arloan Urgentziazko Neurriak Hartzeko ekainaren 5eko 6/2009 Foru Legea indarrean jartzeak LAHFLaren 53. artikuluaren erregulazio berria ekarri duela. Hala ere, UPSaren azken proposameneko Memorian hau adierazten da: "arau orokor gisa, lehengo estandarrei eusten zaie, oraingoak baino zabalago eta zorrotzagoak baitira".

Atal honetan honela jokatuko da: eremu bakoitzerako behar diren ekipamenduak kalkulatuko dira, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen 53. artikuluan ezarritako zehaztapenen arabera, eta ondoren, lortutako emaitzak UPSan ezarritako aurreikuspenekin alderatuko dira. Azkenik, iruzkina eginen da. Kontuan hartuko da eremu bakoitzean aurreikusita egon behar direla, gutxienez ere, eremu libre publikoen toki sistemak, behar den hezkuntza eta osasun ekipamendua, erabilera anitzeko ekipamendua eta aparkalekuak, horiek bizilagunen zerbitzurako hornidura eta ekipamenduak baitira. Titulartasun publikoko etxebizitza edo bestelako egoitza-erabileretarako lurren udalez gaindiko dotazioa proposaturiko eremuetako edozeinetan metatzen ahal da. Babes ofizialeko araubideren bati loturik aurreikusi behar diren etxebizitzen gutxieneko kopurua, halaber, sektorea osorik hartuta (I. eremua + II. eremua) betetzen ahal da, eta eremu bakoitzean egiten diren etxebizitza babestuen kopuruak ez du zertan eremu horri estandarra aplikatuta ateratzen dena izan.

c.1. Espazio libre publikoak: sistema orokorrak diren espazio libre publikoak (5 m2 biztanleko edo 15 m2 etxebizitzako); eta parke eta lorategi, kirol eremu, atseden eremu eta josteta eremu publikoetarako lur erreserba, tokiko ekipamendu gisa (35 m2 etxebizitzako edo etxebizitza erabilerarako eraikitako 100 m2 -ko; azalera horietatik handiena hartuko da eta beti izanen da sektorearen azaleraren %10 baino gehiago).

Araudia, proposamen berriari dagokionez:

-I. eremua: 7.875 x 15 + 945.000/100 x 35 = 118.125 + 330.750 = 448.875,00 m2.

-II. eremua: 1.125 x 15 + 135.000/100 x 35 = 16.875 + 47.250 =
64.125,00 m2.

UPSaren aurreikuspen berriak:

-I. eremua: 506.118 m2 > 448.875 m2.

-II. eremua: 137.240,12 m2 > 64.125,00 m2.

c.2. Erabilera anitzeko ekipamendu komunitarioa.

Etxebizitzetarako lurzoruan, erabilera anitzeko ekipamendu komunitariorako (hezkuntza eta osasun erabilerak salbu) 15 m2 hartu behar dira etxebizitza bakoitzeko edo etxebizitza erabilerarako eraikitako 100 m2 -ko; azalera horietatik handiena hartuko da. Hezkuntza edo osasun ekipamendurako hartu beharreko azalera kasuz kasu zehaztuko da, Foru Komunitateko Administrazioaren hezkuntza edo osasun politikaren beharren arabera. Ekipamendu horiek toki sistemak direnean, erabilera anitzeko ekipamendu komunitariorako erreserba txikiagoa izan ahalko da: 10 m2 etxebizitzako edo etxebizitza erabilerarako eraikitako 100 m2 -ko. Betiere, hezkuntza ekipamenduko, osasun ekipamenduko eta erabilera anitzeko ekipamendu komunitarioko toki sistemetarako azalera, osotara, gutxienez ere 15 m2 izanen da etxebizitza bakoitzeko edo etxebizitza erabileretarako eraikitako 100 m2 -ko.

Hezkuntza eta osasun ekipamenduetarako aurreikuspen hauek egin dira, Hezkuntza eta Osasun departamentuek txostenetan emandako datuak kontuan harturik: I. eremuan 31.600,06 m2 gorde dira hezkuntza ekipamendurako eta 2.609,64 m 2 osasun ekipamendurako. II. eremuan 11.046 m2 gorde dira hezkuntza ekipamendurako.

Erreserba horiek guztira, 47.255,70 m2-koak dira, hots, 4,38 m2 gorde dira bizitegitarako eraikitako 100 m2 -ko; beraz, ekipamenduetarako, oro har, gutxienez ere 15 m2 gorde behar dira eraikitako 100 m2 -ko, hau da, 1.080.000/100 x 15 = 162.000 m2.

Bestalde, UPSaren aurreikuspenak honako hauek dira: 141.750,28 m2 I. eremuan eta 20.306,41 m2 II. eremuan; guztira, 162.056,69 m2.

c.3. Lur erreserba, udalez gaindiko hornidura gisa, titulartasun publikoko etxebizitza eta bestelako bizitegi-erabileretarako: 10 m2 lur erreserbatu behar dira babes publikoko araubideren bat duten etxebizitzetarako eraikitako 100 m2 -ko.

Kontuan harturik udalez gaindiko hornidura hori eremuetako edozeinetan metatzen ahal dela (UPSan I. eremua proposatzen da), estandarra aplikatuz emaitza hau ateratzen da: 592.200/100 x 10 = 59.220 m2.

UPSaren azken proposamenean, udalez gaindiko ekipamenduetarako 60.009,98 m2lur gordetzen dira eta horietatik 26.580 m2 hiri eremuak elkarrekin lotzeko "trenbide gaineko berdegune" dira.

Abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legeko estandarrak aldatzen dituen 6/2009 Foru Legea aplikatuz gero, udalez gaindiko hornidurarako orube den gutxieneko lurzoru erreserba 3 metro karratukoa litzateke bizitegitarako eraikitako 100 metro karratuko, hau da, 1.080.000/100 x 3 = 32.400,00 m2. Bestalde, lur horiei esleitutako guztizko eraikigarritasuna, gutxienez ere, sektoreko eraikigarritasun osoaren %7 izanen da, hau da, 1.395.479/100 x 7 = eraikitako 97.683,53 m2 . Bada, proposamenean udalez gaindiko hornidurarako gordetzen dira lurzati garbiko 33.570,00 m2 (lurzati garbia legearen arabera neurtuta) eta eraikitako 101.173,50 m 2 (horietatik 90.956,50 m2 bizitegietarako, 1.620 m2 bulegoetarako eta 8.597 m2 merkataritzarako).

c.4. Aparkalekuak.

Etxebizitzetarako sektoreetan legez aparkaleku hauek behar dira: 2 toki, sestraren gainetik eraikitako 100 m2 -ko, erabilera edozein dela ere (garajeen azalera deskontatu behar da). Toki horietatik, honako hauek erabilera publikoko eremuetan egonen dira: toki bat etxebizitzako + toki bat merkataritzarako edo zerbitzuetarako 100 m2 -ko. UPSan dauden etxebizitza erabilerak eta irabazteko erabilerak kontuan izanik, honako erreserba hau egin behar litzateke:

-I. eremua:

Tokien kopurua: 2 x 945.000/100 + 2 x 309.217 m2/100 = 25.084 toki guztira.

Lurzoru publikoan: 7.875 + 309.217 m2/100 = 10.967 toki.

-II. eremua:

Tokien kopurua: 2 x 135.000 + 2 x 6.262 m2/100 = 2.825 toki guztira.

Lurzoru publikoan: 1.125 + 6.262 m2/100 = 1.188 toki.

UPSaren aurreikuspenek goiko emaitza horiek berdintzen dituzte. Honakoak dira:

-I. eremua: Tokien kopurua guztira: 25.101 toki > 25.084 toki. Lurzoru publikoan: 12.434 toki (ikus P-12 planoa) > 10.967 toki.

-II. eremua: Tokien kopurua guztira: 3.160 toki > 2.825 toki. Lurzoru publikoan: 1.579 toki > 1.188 toki.

Beste alde batetik, oztopo fisikoei eta zentzumenezkoei buruz indarra duen legeriaren arabera, aparkatzeko tokien %6 gorde behar dira mugikortasun murriztuko pertsonentzat.

VII.-Ingurumen ondorioen adierazpena:

Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak 2009ko abenduaren 30ean emandako 2666/2009 Ebazpenaren bidez, Ingurumen ondorioen adierazpena egin zen plan sektorial honi buruz, behin betiko onespenerako aurkeztutako dokumentuan oinarrituta. Aldeko adierazpena izan zen.

Adierazpen horrek azalpen zatian dioenez, Ebroko Ur Konfederazioak 2008ko azaroaren 20an UPSari buruzko txostena egin zuen eta txosten hori aldekoa izan zen, ur jabari publikoaren babesari eta korronteen erregimenari zegokienez. Txostenean planeamenduko jarduketek bete beharreko aurreikuspen batzuk azaldu ziren. Aurreikuspen horiek behin betiko onespenaren dokumentuan hartu dira kontuan, eta urbanizazio proiektua egitean ere gogoan hartuko dira.

Bestalde, "alegazio batzuei kasu egiteko, UPSan sartu da Venta Andrés jatetxearen eremua, Probintzietako Errege Altxonbidearen 97 metro lineali eragiten diena".

Ingurumen ondorioen adierazpena aldekoa izan zen, baina baldintza hauek ezarrita:

a. Urbanizazio proiektuaren fasean Elortz ibaia leheneratzeko proiektua eginen da. Proiektu horretan uholde-arriskuaren kudeaketako ingurumen-alderdiak eta alderdi geomorfologiko eta hidraulikoak kontuan hartuko dira, Ebroren Plan Hidrologiko berrian aurreikusitako neurriei jarraikiz, ibai horren egoera ona lortzeko. Proiektu horren oinarriak honako baldintza hauek izanen dira:

-Elortz ibaiaren ubidea gaur egungo dimentsioekin mantenduko da. Nolanahi ere ubidearen azterlan geomorfologikoa eta simulazio hidraulikoa eginen dira.

-Ubide natural horren ur-bazterreko landaredia birlandatzeko azterlana eta proiektua eginen dira.

-Elortz ibairako uholde-lautada utzi beharko da. Lautada horrek gutxienez 70 metroko zabalera izanen du gaur egungo ur-bazterretik, ezkerreko ur-bazterrean, eta zabalera berbera eskuineko ur-bazterrean, hori fisikoki egiten ahal bada. Gutxieneko distantzia hori erreserbatu beharko da Urdanoz multzoan izan ezik, han beste babes-lubeta bat aurreikusiko baita, uholde-lautadako leuntzearekin batera arriskua murrizteko. Uholde-lautadaren behin betiko zabalera ubidearen azterlan geomorfologikoak eta simulazio hidraulikoak ezarriko dute.

-Bi bazterretan ahal dela gutxienez 70 metroko zabalera izanen duen uholde-lautadako landaretza birlandatzeko azterlana eta proiektua eginen dira.

b. Urbanizazio-proiektuan kontuan hartu beharko dira Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuaren 2007ko abuztuko txostenaren ondorioak, Huntsman Advanced Materials Spain, S.L. enpresak aurkeztutako "Lurzoruei buruzko ikerketaren azken txostena" eta "Arriskuen azterketa kuantitatiboaren txostena (QRA)" izeneko dokumentuei buruzkoak, etorkizuneko egoerarekin bateraezinak diren erabilerei nahiz hondeatutako lurren kudeaketari eta lur horietan dauden lurrazpiko urei dagokienez, horien ezaugarriak aldez aurretik behar bezala ezarri beharko baitira. Urbanizazio-proiektuan instalazio osoaren kokalekuaren txostena agertu beharko da. Hori, enpresak bere jarduera amaitzen duen egunean aurkeztu beharko du.

c. Probintzietako Errege Altxonbidearen trazadurari dagokionez, berdegune bat planteatuz gero, tarte txiki batean altxonbidearen gaur egungo egoera hobetuko litzateke. Dena dela, berdegune hori osagarri gisa planteatu beharko litzateke, inola ere ez eskatzen diren dotazioetarako eta zerbitzuetarako espazioen azalera ordezteko. Beraz, altxonbidearen azalera ondorio hauetarako ez da zenbatuko, erabilera eta titulartasun diferenteak dituzten espazio diferentetzat hartzen direlako.

Neurriak modu osagarrian txertatuko direla aintzat hartuta, eremua garatzeko geroko faseetan egin beharreko jarduketa zehatzak Plangintza eta Laguntza Atalari zehazki aurkeztu beharko zaizkio. Jarduketa horiek atal horren oniritzia izan beharko dute, Nafarroako Abelbideei buruzko abenduaren 15eko 19/1997 Foru Legean xedatuta dagoena betetzen dela bermatzeko.

d. Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onesten duen abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuan adierazitakoa betez tramitatu beharko dira azpiegiturak. Horietako bakoitzaren trazadura orokorra eta konponbidea UPSaren barruan agertzen dira.

Horrenbestez, Lurraldearen Antolamenduko Batzordearen txostenarekin bat, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legeari eta aplikatu beharreko gainerako arauei jarraikiz, Nafarroako Gobernuak, Lurraldearen Antolamenduko eta Etxebizitzako kontseilariak proposaturik,

ERABAKI DU:

1. Aurkeztu diren alegazioak erabaki honen azalpen zatian adierazitako moduan ebaztea.

2. "Abiadura Handiko Trenaren geltoki berriaren eremua eta Iruñeko antzinako tren geltokiaren eremua garatzeko" udalez gaindiko plan sektoriala, Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak sustatua, onestea. Ondoko determinazioak bete beharko ditu:

a. UPSari behar diren aldaketak edo/eta determinazioak erantsiko zaizkio, erabaki honen azalpen zatian jaso diren alegazioen ebazpena, "Emandako txostenak" atalaren edukia eta ondorioak eta "Hirigintzaren gaineko gogoetak" aintzat hartuta.

b. UPSaren determinazioak eta aurreikuspenak garatu eta gauzatzeko garaian, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak 2009ko abenduaren 30ean emandako 2666/2009 Ebazpenean ezarritako baldintzak beteko dira. Ebazpen horren bidez UPSari buruzko Ingurumen ondorioen adierazpena egin zen.

3. Abiadura Handiko Trenaren Iruñerriko Partzuergoak bere estatutuetan berariaz ezarriak dituen helburuekin bat, partzuergo horrek eginen ditu udalez gaindiko plan sektorial honen garapen osoa eta hirigintzako kudeaketa. Estatutuak behin betiko onetsi ziren Nafarroako Gobernuak 2007ko maiatzaren 2an hartutako erabakiaren bidez, eta 2007ko 62. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ziren, maiatzaren 18koan.

4. Urbanizazio proiektua onetsi aurretik txostena egin beharko dute Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiak, Herri Lan Zuzendaritza Nagusiak, Ingurumenaren eta Uraren Zuzendaritza Nagusiak, Iruñerriko Mankomunitateak eta Ebroko Ur Konfederazioak.

5. Partzuergoak ordaindu eta, hala behar denean, egin egin beharko ditu jarduketaz kanpoko sistema orokorrekiko loturako azpiegiturak eta, beharrezkoa denean, sistema horiek handitu edo indartzeko behar diren obrak, jarduketaren tamaina edo dentsitatea dela medio edo ekarriko dituen intentsitateengatik egin beharko direnak.

6. Planaren garapena, exekuzioa eta hirigintza-kudeaketa uki edo baldintza ditzaketen beste azpiegitura eta zortasun batzuei dagokienez, arlo bakoitzean eskumenak dituzten organoen baimenak beharko ditu Partzuergoak.

7. Departamentu sustatzaileari UPSaren testu bategina egin eta aurkez dezala eskatzea.

8. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea eta Herri Lan Zuzendaritza Nagusiari, Ingurumenaren eta Uraren Zuzendaritza Nagusiari, Toki Administrazioko Zuzendaritza Nagusiari, Kultura Zuzendaritza Nagusiari, Osasun Zuzendaritza Nagusiari, Hezkuntza Departamentuko Ikuskapenaren eta Zerbitzuen Zuzendaritza Nagusiari, Gizarte Gaien Zuzendaritza Nagusiari eta Barne Zuzendaritza Nagusiari igortzea.

9. Erabaki hau Sustapen Ministerioko Trenbide Zuzendaritza Nagusiari, ADIFi, Sustapen Ministerioko Abiazio Zibilaren Zuzendaritza Nagusiari, AENAri, Ebroko Ur Konfederazioari, Iruñerriko Mankomunitateari, Barañaingo, Zizur Zendeako, Iruñeko eta Zizur Nagusiko udalei eta alegatzaileei jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan, eta adieraztea, halaber, erabakiak bide administratiboa agortzen duela eta beraren kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkezten ahal dutela, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, erabakia argitaratu eta biharamunetik bi hilabeteko epean.

Nolanahi ere, administrazio publikoek aurretiazko errekerimendua egin ahal izanen diote Nafarroako Gobernuari, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2010eko urtarrilaren 18an.-Nafarroako Gobernuko kontseilari eta idazkaria, Javier Caballero Martínez.

Iragarkiaren kodea: F1001445