20. ALDIZKARIA - 2010eko otsailaren 12a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

2666/2009 EBAZPENA, abenduaren 30ekoa, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiarena, "Abiadura Handiko Trenaren geltoki berriaren eremua eta Iruñeko trenaren antzinako geltokiaren eremua garatzeko plana" udalez gaindiko plan sektorialari buruzko ingurumen ondorioen adierazpena egiteari buruzkoa. Plan hori Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak sustatu du.

2006ko azaroaren 26an, Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak "Iruña, Zizur Zendea, Zizur Nagusia eta Barañaingo udal mugapeetan Abiadura Handiko Trenaren geltoki berriaren eremua eta Iruñeko trenaren antzinako geltokiaren eremua garatzeko plana" udalez gaindiko plan sektorialaren dokumentazioa aurkeztu zuen, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 45. artikuluan ezarritako moduan tramitatzeko eta, halaber, ingurumen ebaluazio estrategikoaren prozedura egiteko, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legean ezarritakoari jarraituz.

Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen 3. eranskineko A) 4 atalean ezarritakoaren arabera, udalez gaindiko plan sektorialei ingurumen ebaluazio estrategikoa eta ingurumen ondorioen adierazpena egin behar zaizkie, plana onestearekin batera edo lehenago.

Plan sektorialak, hasierako konfigurazioan, 2.383.825 m²-ko azalerari eragiten dio, eta azken proposamenean, berriz, 2.356.798,58koari. Azalera hori funtsean hiru udalerriri dagokie (Iruña, Zizur Zendea eta Zizur Nagusia), eta zati txiki batean Barañaingo udal mugapea ukitzen du.

Proposamenaren bidez trenbide-geltokiaren kokaleku berria eta trenbide berriaren trazadura behar bezala antolatu eta ebatzi nahi dira eta, aldi berean, bizitegiko eta hirugarren sektoreko gune garrantzitsu bat gauzatzea proposatu nahi da. Gainera, antzinako geltokiak okupatzen zuen espazioa eta bere ingurunea leheneratzea aurreikusten da.

2006ko azaroan aurkeztutako dokumentazioaren barnean dagoen ingurumen ondorioen azterlanak UPSak ukitzen duen eremuaren ingurumen arloko baliorik garrantzitsuenak identifikatzen ditu, funtsean Elortz ibaiaren ingurua, Barañaingo eta Etxabakoizko erripak, eta gainera inguruko eremu erdinaturalak eta nekazaritzako eremuak. UPSa zehaztean, ingurumen aldetik funtsezko alderditzat jo da proposatutako eremuan zaratak izanen duen eragina. Halaber, UPSaren aurreikuspenak eta uholde-eremuak bateragarri egitearen beharrizana azaltzen da.

2007ko maiatzaren 3an txostena egin zen ingurumen ondorioen azterlana nahikotzat jotzeko, eta sustatzaileari ingurumenaren ikuspuntutik espedientea tramitatu bitartean behar bezala ebatzi behar ziren alderdien berri eman zitzaion. Zehazki, ondoko alderdi hauek zehaztu behar ziren: ibaien gaineko jarduketak eta konponbideak, UPSean sartutako eremuetan uholdeak izateko arriskua dela eta, urbanizazio proiektuetan zuzenketa neurriak garatzea hiri eremuetako zarata mailei buruzko arauak betetzeko, ingurumenaren eta paisaiaren egoera Elortz ibaiaren bazterrean eta Barañaingo erripetan, zuzenketa neurriak aplikatu eta gero, eta Huntsmaneko lur kutsatuei buruzko jarduketa plana.

Nafarroako Gobernuaren 2007ko maiatzaren 21eko Erabakiaren bitartez, Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak sustatutako Abiadura Handiko Trenaren Iruñeko geltoki berriaren eremua eta Iruñeko tren geltoki zaharraren eremua garatzeko udalez gaindiko plan sektorialaren tramitazioa hasi zen. Erabaki hori 2007ko 73. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, ekainaren 13an. Bertan xedatu zen "espedientea, hogeita hamar egunez, aldi berean jendaurrean jartzea entzunaldia ematea planak ukitutako mugapea duten udalei" eta ingurumen ebaluazio estrategikoari begira ere jendaurrean jartzea. Nafarroako Gobernuaren abuztuaren 6ko Erabakiaren bidez, epe hori 2007ko irailaren 15era arte luzatu zen. Erabaki hori urte hartako 97. Nafarroako Aldizkari Ofizialean eman zen argitara, abuztuaren 8an.

Jendaurreko aldi horretan 147 alegazio-idazki jaso ziren, jendaurreko aldian azaldutako bi prozeduren aurka. Alegazio horietatik mugikortasuna hobetzeari, oinezkoentzako eta txirrindularientzako sarbideei, Done Jakue bidearen inguruari, Barañaingo erripen paisaiaren gainerako eraginei eta UPSaren eta Ibai Parkeko jardueren arteko bateraezintasunari buruzkoak behin betiko onesperako egindako UPSaren dokumentazioan aztertu dira.

Enrique Miranda García jaunak bere izenean eta Erreniega Udal Taldearen ordezkari gisa eta Mariné Pueyo Danso andreak eta Oscar de Miguel jaunak EAE/ANV ordezkari gisa aurkeztutako alegazio-idazkietan hainbat alderdi planteatzen dute. Besteak beste, zehazki ingurumen arloko edukia duten alderdi batzuk agertzen dira. Horiek I. eranskinean agertzen dira laburtuta, emandako erantzunarekin batera.

2009ko irailaren 10ean Proiektu, Trenbide eta Lan Hidraulikoen Zerbitzuaren zuzendariak "Abiadura Handiko Trenaren geltoki berriaren eremua eta Iruñeko trenaren antzinako geltokiaren eremua garatzeko planaren aldaketa"ren barnean dagoen "Donejakue Bideko Bizitegi-Parkearen proiektua" izenekoa igorri zuen, ingurumen ondorioen adierazpena egiteko. Aldatutako planean hainbat aldaketa sartu dira alegazioen eta sustatzaileek eta UPSaren eremuko lurzoru jabeek egindako proposamenen ondorioz, eta ingurumen arloko baldintzak kontuan hartuta.

UPSaren ingurumen eraginean ondorioak dituzten aldaketa nagusiak jarraian aipatuko dira. Z1-Barañaingo erripa sektorean Z1-P8 eta Z1-P9 lurzatiak desagerrarazi dira, ertzeko hegoaldeko pasealekua atzera eraman ahal izateko, Barañain aldera. Eraikinen kopurua nabarmen txikitu da Etxabakoizko erriparen goiko aldean eta paisaiaren gaineko eragina murriztu da, ingurune erdinaturalak eta hiri inguruneak bat egiten duten aldean integrazioa hobetze aldera.

Etxabakoizko erripan gora igotzen den lotura-bidea aldatu da; horrenbestez, Elortz ibaia behin soilik zeharkatzen da eta eraikina ibaiaren ertzetik aldentzen da. Aldaketa horren bidez, ibai-ingurunearen gainerako eraginak saihesteaz gain, ibaiaren portaera hidraulikoa hobetu nahi da.

Dotazioetarako eraikin batean 500 urtean behingo uholde-eremuan betelan garrantzitsuak egin behar ziren. Eraikin horren kokalekua aldatu da, urak azpian har dezakeen gunea libre uzteko eta Urdanoz multzoko ura irten dadila errazteko.

Sadar eta Elortz ibaien arteko elkargunean urak hartzen ahal dituen lurzatietan dauden eraikinak desagerrarazi dira.

Alegazio batzuei kasu egiteko, UPSean sartu da Venta Andrés jatetxearen eremua, Probintzietako Errege Altxonbidearen 97 metro lineali eragiten diena.

Ingurumen ondorioen azterlanean eta jendaurrean jarritako ingurumen-zarataren azterlanean neurri multzo bat hartu da, identifikatutako ondorio akustikoak saihesteko. Eraikinen altuerak eta lurzatien sestrak aldatu dira eta lurzorua berdindu da, bideen diseinu eta sekzio berriak egin dira eta landare-hesiak ere bai. Ingurumen-zaratari buruzko arazoak saihesteko oso garrantzitsuak izan dira erabileren antolamenduan eta erabileren esleipenean egin diren aldaketak: bizitegikoak ez diren erabilerak Aróstegui etorbidearen inguruan jarri dira eta goiko solairuak etxebizitza gisa erabiltzeko jarri dira beharrezkoa izan den lekuetan. Eragin akustikoaren beste azterlan bat egin da 2009ko otsailean, azken proposamenak baloratzeko, eta ondorio hau atera zen: lurralde-eremu guztietan eta aurreikusitako eraikin guztietan 135/1989 Foru Dekretuak ezartzen zituen maila eta eskakizun guztiak betetzen dira.

Ingurumenaren Kalitatearen Zerbitzuak balorazio positiboa egin du behin betiko onesperako dokumentuan agertzen diren Elortz ibaiaren inguruaren eta Barañaingo erriparen ingurumen- eta paisaia-kalitatea indartzeko aplikatutako neurri zuzentzaileei buruz, eta zaratei buruzko araudia betetzen dela adierazi du. Egindako aldaketen bidez, jendaurrean jarri baino lehenagoko txostenean eskatzen ziren neurri guztiak nahiz ingurumen ondorioen azterlaneko neurri zuzentzaileak txertatu dira. Azken eraginaren balorazioa 2009ko ekaineko ingurumen ondorioen azterlanaren eranskina izeneko dokumentuan aztertu da.

Huntsmaneko lur kutsatuei buruz, sustatzaileak adierazi du urbanizazio-proiektuarekin batera lur kutsatuen gunearen tratamenduaren definizioa eginen dela.

Hain zuzen ere, urbanizazio-proiektuan kontuan hartu beharko dira Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuaren 2007ko abuztuko txostenaren ondorioak, Huntsman Advanced Materials Spain, S.L. enpresak aurkeztutako "Lurzoruei buruzko ikerketaren azken txostena" eta "Arriskuen azterketa kuantitatiboaren txostena (QRA)" izeneko dokumentuei buruzkoak, etorkizuneko egoerarekin bateraezinak diren erabilerei nahiz hondeatutako lurren kudeaketari eta lur horietan dauden lurrazpiko urei dagokienez, horien ezaugarriak aldez aurretik behar bezala ezarri beharko baitira. Txosten horretan adierazi zenez, arriskua etorkizunean hiri lurzoru gisa erabiltzeko onargarria da. Urbanizazio-proiektuan instalazio osoaren kokalekuaren txostena agertu beharko da. Hori, enpresak bere jarduera amaitzen duen egunean aurkeztu beharko du.

Ebroko Ur Konfederazioak 2008ko azaroaren 20an UPSari buruzko txostena egin zuen. Txosten hori aldekoa izan zen ur jabari publikoaren babesari eta korronteen erregimenari dagokienez. Txostenean planeamenduko jarduketek bete beharreko aurreikuspen batzuk azaldu ziren. Aurreikuspen horiek behin betiko onespearen dokumentuan hartu dira kontuan, eta urbanizazio-proiektua egitean ere gogoan hartuko dira.

Ur Zerbitzuak adierazi du behin betiko onespenaren dokumentuan uholde-arriskua hobetzea dakarten aldaketa batzuk agertzen direla. Hala ere, ibaien inguruetan egin beharreko jarduketekin zerikusia duten alderdi batzuk erantzun gabe daude, eta alderdi horiek urbanizazio-proiektuan agerrarazi beharko dira, ingurumen ondorioen adierazpen honen baldintzetan azaltzen diren zehaztasunekin.

2009ko irailaren 16an, Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak udalez gaindiko plan sektorialaren dokumentazio osoa aurkeztu du, behin betiko onesteko.

UPSan bildutako jarduketen laburpena eta ingurumen ondorioen azterlanaren ildo nagusiak II. eranskinean agertzen dira laburtuta.

Horrenbestez, espedientean dauden txostenak ikusirik, kontuan izanik ingurumen ebaluazio estrategikorako prozedura osorik bete dela, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak urriaren 10eko 426/2007 Foru Aginduaren bidez emandako eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. "Abiadura Handiko Trenaren geltoki berriaren eremua eta Iruñeko Trenaren antzinako geltokiaren eremua garatzeko plana" udalez gaindiko plan sektorialari buruzko ingurumen ondorioen adierazpena egitea, Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak sustatutako UPSa behin betiko onesteko aurkeztutako dokumentuaren arabera, baldintza hauekin:

-Urbanizazio-proiektuaren fasean Elortz ibaia leheneratzeko proiektua eginen da. Proiektu horretan uholde-arriskuaren kudeaketako ingurumen-alderdiak eta alderdi geomorfologiko eta hidraulikoak kontuan hartuko dira, Ebroren Plan Hidrologiko berrian aurreikusitako neurriei jarraiki, ibai horren egoera ona lortzeko. Proiektu horren oinarriak honako baldintza hauek izanen dira:

  • Elortz ibaiaren ubidea gaur egungo dimentsioekin iraunaraziko da. Nolanahi ere ubidearen azterlan geomorfologikoa eta simulazio hidraulikoa eginen dira.
  • Ubide natural horren ur-bazterreko landaredia birlandatzeko azterlana eta proiektua eginen dira.
  • Elortz ibairako uholde-lautada utzi beharko da. Lautada horrek gutxienez 70 metroko zabalera izanen du gaur egungo ur-bazterretik, ezkerreko ur-bazterrean, eta zabalera berbera eskuineko ur-bazterrean, hori fisikoki egiten ahal bada. Gutxieneko distantzia hori erreserbatu beharko da Urdanoz multzoan izan ezik, han beste babes-lubeta bat aurreikusiko baita, uholde-lautada laminatzeaz batera arriskua murrizteko. Uholde-lautadaren behin betiko zabalera ubidearen azterlan geomorfologikoak eta simulazio hidraulikoak ezarriko dute.
  • Bi bazterretan ahal dela gutxienez 70 metroko zabalera izanen duen uholde-lautadako landaretza birlandatzeko azterlana eta proiektua eginen dira.

-Urbanizazio-proiektuan kontuan hartu beharko dira Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuaren 2007ko abuztuko txostenaren ondorioak, Huntsman Advanced Materials Spain, S.L. enpresak aurkeztutako "Lurzoruei buruzko ikerketaren azken txostena" eta "Arriskuen azterketa kuantitatiboaren txostena (QRA)" izeneko dokumentuei buruzkoak, etorkizuneko egoerarekin bateraezinak diren erabilerei nahiz hondeatutako lurren kudeaketari eta lur horietan dauden lurrazpiko urei dagokienez, horien ezaugarriak aldez aurretik behar bezala ezarri beharko baitira. Urbanizazio-proiektuan instalazio osoaren kokalekuaren txostena agertu beharko da. Hori, enpresak bere jarduera amaitzen duen egunean aurkeztu beharko du.

-Probintzietako Errege Altxonbidearen trazadurari dagokionez, berdegune bat planteatuz gero tarte txiki batean altxonbidearen gaur egungo egoera hobetuko litzateke. Dena dela, berdegune hori osagarri gisa planteatu beharko litzateke, inola ere ez eskatzen diren dotazioetarako eta zerbitzuetarako espazioen azalera ordezteko. Beraz, altxonbidearen azalera ondorio hauetarako ez da zenbatuko, erabilera eta titulartasun diferenteak dituzten espazio diferentetzat hartzen direlako.

Neurriak modu osagarrian txertatuko direla aintzat hartuta, eremua garatzeko geroko faseetan egin beharreko jarduketa zehatzak Plangintza eta Laguntza Atalari zehazki aurkeztu beharko zaizkio. Jarduketa horiek atal horren oniritzia izan beharko dute, Nafarroako Abelbideei buruzko abenduaren 15eko 19/1997 Foru Legean xedatuta dagoena betetzen dela bermatzeko.

-Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onesten duen abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuan adierazitakoa betez tramitatu beharko dira azpiegiturak. Horietako bakoitzaren trazadura orokorra eta konponbidea UPSaren barruan agertzen dira.

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen 23. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

3. Ebazpen hau jakinaraztea Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuari, Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Iruñeko, Barañaingo, Zizur Zendeako eta Zizur Nagusiko Udalei eta alegatzaileei, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2009ko abenduaren 30ean.-Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusia, Andrés Eciolaza Carballo.

I. eranskina

Jendaurrean jarri izanaren emaitza

Jendaurreko aldian 147 alegazio-idazki jaso ziren, jendaurreko aldian azaldutako bi prozeduren aurka.

Enrique Miranda García jaunak bere izenean eta Erreniega Udal Taldearen ordezkari gisa eta Mariné Pueyo Danso andreak eta Oscar de Miguel jaunak EAE/ANV ordezkari gisa aurkeztutako alegazio-idazkietan zehazki ingurumen arloko edukia duten alderdi batzuk agertzen dira.

1. alegazioa.

Erreniega Udal Taldeak aurkeztutako alegazioan adierazi da UPSak urbanizazioaren eta eraikuntzaren ondoriozko hondakin inerteak edo kutsatuak (Inquinasa) behar bezala kudeatu eta murrizteko neurriak hartu behar dituela. Ondorioz, zera eskatu dute: hiri-diseinua eta urbanizazioaren eta eraikuntzaren ondoriozko hondakinak murriztea eta UPSaren eremuaren beraren barnean isurketa-guneak aurreikustea.

Alegatzaileak eraikuntzari lotutako hondakinen kudeaketari buruz egindako proposamenei erantzuteko adierazi behar da ingurumen ondorioen azterlanean zehazturiko neurri zuzentzaileekin koherentea dela.

Inquinasaren lurzoruei dagokienez, Huntsman Advanced Materials Spain, S.L. enpresak "Lurzoruei buruzko ikerketaren azken txostena" eta "Arriskuen azterketa kuantitatiboaren txostena (QRA)" izeneko dokumentuak aurkeztu zituen, eta Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak 2007ko abuztuan horiei buruzko txostena egin zuen. Bi azterlanak egitean kokalekua gaur egun industria-lurzoru gisa erabiltzen ari dela eta etorkizunean hiri-lurzoru gisa erabiliko dela kontuan hartu da.

Urbanizazio-proiektuan kontuan hartu beharko dira aipatutako Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuaren txostenaren ondorioak, dela etorkizuneko egoerarekin bateraezinak diren erabilerei dagokienez (barneko espazioak, adibidez etxebizitzak edo merkataritzako eraikinak), dela hondeatutako lurren eta lur horietan dauden lurrazpiko uren kudeaketari dagokionez, horien ezaugarriak aldez aurretik behar bezala ezarri beharko baitira.

2. alegazioa.

Mariné Pueyo Danso andreak eta Oscar de Miguel jaunak EAE/ANV ordezkari gisa aurkeztutako alegazioan, bertako faunari buruzko azterlan berezia egiteko eskatu dute.

Erantzuteko, adierazi behar da ingurumen ondorioen azterlanean bertako faunaren azterlan egokia egin dela UPSaren eremuaren ezaugarrien arabera eta ingurumen-balioa duten eremurik garrantzitsuen gainean egon daitezkeen eraginak kontuan hartuta. Aztertutako esparruari buruz Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan dagoen informazio guztia kontuan hartu da eta ibai inguruetan nahiz Barañaingo eta Etxabakoizko erripen espazioan eraginak murrizteko beharrezkoak diren neurri zuzentzaileak aurreikusi dira.

Idazki berean Aróstegui etorbidearen egoera konpontzeko eskatu nahi dute, zarata-maila onargarriak izateko.

Erantzun gisa jakinarazi behar da Aróstegui etorbidean zarata-mailak onargarriak direla eta Planeamendu honetan aplika daitekeen araudian ezarrita dauden gehieneko mugak betetzen dituztela. Behin betiko onesteko aurkeztutako UPSean (2009ko ekaina) aldaketa ugari biltzen dira, besteak beste Aróstegui etorbidearen inguruan erabilerak birkokatzea. Horrela, ezarritako zarata-mailak bete eginen dira.

Datu zehatzak Memoriaren 5. eranskineko dokumentuan ("Iruñeko abiadura handiko trenaren geltoki berriaren eremua garatzeko zarataren ingurumen eraginaren azterlana") agertzen dira.

Abiadura Handiko Trenak tren geltoki berrian nahiz trenbidetik eta geltokitik bertatik hurbil dauden eraikin eta dotazioetan zarataren eta bibrazioen ondorioz sortzen ahal duen ingurumen eraginari buruzko azterlana egin dadila ere eskatzen da.

Erantzun daiteke kontuan hartu dela Abiadura Handiko Trenaren zarataren ingurumen eragina eta adierazi behar da UPSean zarataren eraginik handiena ibilgailuen trafikoarena dela. Trenak oso eragin txikia izanen du zarata aldetik, aplikatu diren neurriei esker, hala nola, trenbidea geltokitik hurbilen dagoen tartean lurperatzea.

Dena dela, planeamenduak Sustapen Ministerioaren eskakizunak betetzen ditu. Hain zuzen ere, Ministerio horrek UPSaren aldeko iritzia eman zuen 2007ko apirilean Trenbideen Sektoreari buruzko 39/2003 Legea betetzeari buruzko txostenean. Txosten horretan, trenbideak estalita dauden lekuetatik hurbilen dauden lurzatietan bibrazioen azterketa egiteko eskatu zen, 6. sektorearen zerrenda horretan eraiki beharreko eraikinen erabileraren arabera. Azterketa horren arrazoia, batik bat, zerrenda horretan gehienbat erabilera bioteknologikoak egotea da. Guneko kokaleku- eta erabilera-aldaketen ondorioz -Z6-PT 3 (Bioteknologia), Z6-P1 (Foru Erreserba) eta Z6-P4 (Foru Erreserba) lurzatiak- ez litzateke bateraezintasunik sortu behar. Aipatutako lurzatietarako eskatutako bibrazioen azterketak eginen dira.

II. eranskina

Udalez gaindiko plan sektorialaren
eta ingurumen eraginaren azterlanaren laburpena

Udalez gaindiko plan sektoriala bananduta dauden eta helburu bereiziak dituzten bi esparrutan garatzen da. Planaren funtsezko helburua Abiadura Handiko Trenaren geltoki berriak ingurunea dinamizatzeko dakarren faktorea aprobetxatzea da, erabilera mistoak dituen auzo berri bat sortzen ahalko baita. Bertan bizitegi erabilera eta ikerketa biomediko eta zientifikoari lotutako jarduera ekonomikoak batera egoten ahalko dira.

Iruñeko antzinako geltokiaren eremuan, Sanduzelaiko lurretan, helburua auzoa birmoldatzea da, eta orain arte trenbidearen trazadurak bereizi duen espazioan bizitegirako eraikinak sartzea. Horretarako, bizitegi erabilera -gehienbat babes publikokoa- barnean hartuko duen parkea sortzea aurreikusita dago.

UPSaren helburuak betetzeko, determinazio hauek biltzen dira:

1. Bizitegi-auzo berria sortzea Etxabakoizko eremuan. Auzo berri horrek ikerketari lotutako jarduera ekonomikoen erabilerak nahiz merkataritzako eta bulegoetarako eremuak hartuko ditu barnean. Eskualde izaerako dotazio handiak ere -geltokia kasu- egonen dira, eta inguruneko balio topografikoak integratuko, ingurune naturala eta hiri ingurunea batera egon daitezela sustatzeko.

2. Hiri- eta industria-tipologiei eustea, hiriaren kanpoaldeko industria-eremu baten isla eta memoria gisa. Eraikin horiek erabilera berriekin -publikoak edo hirugarren sektorekoak- berriro baliatzea proposatzen da.

3. Berariazko erabilera eta eraikuntza-tipologiak definitzea, eta azpiegitura handiak integratzea.

4. Komunikazio-azpiegitura, bide eta errepide handi eta modernoak sortzea hirira sartzeko, izaera dinamizatzailea duten aldetik.

5. Espazioak leheneratzea, eta industria- eta trenbide-azpiegiturek bereizitako hiri-espazioen arteko lotura bideratzea.

I. esparrua 206,3 ha-ko eremua da eta Iruña, Zizur Nagusia, Zizur Zendea eta Barañaingo udalerrietako guneak barnean hartzen ditu. Topografia bertan dauden erripek definitzen dute: iparraldean Etxabakoizkoa, Barañain eta Iruña arteko muga eratzen duena, eta hegoaldean Zizurkoa, sakan nabarmena mugatzen duena. Esparrua ibilgailuentzako bi komunikazio-bide garrantzitsuk zeharkatzen dute; Mendebaldeko Ingurabideak / A-15 autobideak ekialdetik mendebaldera eta N-111 errepideak (Iruña-Logroño)/Aróstegui etorbideak iparraldetik hegoaldera. Gaur egungo trenbide-sareek esparru osoa ekialdetik mendebaldera zeharkatzen dute, bi gunetan bereizten dute eta hiru udalerrietako -Iruña, Zizur Nagusia eta Zizur Zendea- lurzoruak okupatzen dituzte. Etorkizuneko geltokiak esparruan erdigune geometrikoa okupatuko du eta bideek trazadura ia zuzena izanen dute ekialdetik mendebaldera, Mendebaldeko Ingurabidearen paraleloan, AVEren trazadurak eta bertako ezaugarri topografikoek baldintzatuta.

II. esparruak, antzinako tren geltokiaren eremuan, 29.3 Ha-ko azalera du. Iruña udalerrian dago osorik. Sanduzelai, Arrotxapea eta Buztintxuri auzoak hartzen ditu.

UPSak trafikoko beste bide bat planteatzen du Aróstegui etorbidea Barañainekin zuzenean lotzeko jarduketa ekialdetik mendebaldera egituratuta. Horrela, Barañaingo udal mugapeari sarbide berri bat emanen zaio, gaur egun dituen trafiko-dentsitateak kontuan hartuta oso beharrezkoa den sarbidea.

Adierazi behar da Elortz eta Arga ibaien inguruneari buruzko proposamen osoak tratamendu berezia duela, bere inguruneari buruz lehendik dauden garapen-planen oharrak errespetatuta, eta dotazio erantsiekin nahiz urak har dezakeen kotaren gaineko bizitegi-eremuekin indartuta.

Honako hauek dira erabilera, azalera eta aprobetxamenduak:

AZALERAK

UPS.
HASIERAKOA

UPS.
AMAIERAKOA

I. esparrua.-Geltoki berriaren ingurua

2.096.308

2.063.176,14

II. esparrua-Antzinako geltokia

287.517

293.622,44

UPSaren esparrua guztira

2.383.825

2.356.798,58

TIPOLOGIA ETA ETXEBIZITZA-KOP.

UPS.
HASIERAKOA

UPS.
AMAIERAKOA

Etxebizitza kop. I. esparruan

7.005 etxebizitza

7.875 etxebizitza

Etxebizitza kop. II. esparruan

1.125 etxebizitza

1.125 etxebizitza

Etxebizitza libreak

4.065 etxebizitza

4.065 etxebizitza

Prezio tasatuko etxebizitza PTE

4.065 etxebizitza
(PTE + BOE)

2.685 etxebizitza

Babes ofizialeko etxebizitzak (BOE)

2.250 etxebizitza

Etxebizitzen kop. guztira

8.130 etxebizitza

9.000 etxebizitza

GEHIENEKO AZALERA ERAIKIA,
ERABILEREN ARABERA

UPS.
HASIERAKOA

UPS.
AMAIERAKOA

Etxebizitza libreak

467.476

487.800

Prezio tasatuko etxebizitzak

233.738

322.200

BOE etxebizitzak

233.738

270.000

Bizitegi erabilerarako azalera 1. esparruan, guztira

805.576

945.000

Bizitegi erabilerarako azalera 2. esparruan, guztira

129.376

135.000

Bizitegi erabilerarako azalera, guztira

934.952

1.080.000

Ekipamendu bioteknologikoa

115.217

115.217

Bizitegia / Ostalaritza

32.575

54.805

Jarduera ekonomikoa

22.230

Merkataritza

88.775

88.775

Bulegoak

56.682

56.682

JARDUKETA BEREZIAK

UPS.
HASIERAKOA

UPS.
AMAIERAKOA

Trenbide-Sistema Orokorra

145.452,68

121.349,42

Trenbide-Dotazio Sektoriala

65.644,22

65.644,22

Eskualde-Dotazioa

49.992,64

49.968,70

INGURUMEN ONDORIOEN AZTERLANAREN LABURPENA

Ingurumen ondorioen azterlana 2006ko azaroan tramitatzeko aurkeztutako udalez gaindiko plan sektorialari buruz egin zen. Ingurumen ondorioen azterlan horren edukiak eta norainokoak martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legean aurreikusita dagoena betetzen zuten. UPSaren xede den inguru naturalaren deskribapen egokia agertzen zen, eta kaltetuta egon daitezkeen balio nagusiak nabarmentzen ziren. 2009ko ekainean ingurumen ondorioen azterlanaren eranskina egin da, UPSean egindako aldaketak behin betiko onespenerako baloratzeko.

l. esparruak zati handi batean Elortz ibaitik hurbil dauden eta batik bat nekazaritza erabilerakoak diren lurzoruei eragiten die. Beste azalera handi bat industria-jardueretarako erabiltzen da, eta hainbat enpresa dago kokatuta: Huntsman, Sanders, Argal, Urdánoz etab. Dauden gainerako erabilerak nekazaritzakoak eta dotazioetakoak dira.

ll. esparruan lurzoru gehienak trenbide-azpiegiturak okupatzen ditu. Gainerakoak nekazaritza-erabilera duten lurzoruak dira, eta Buztintxurirekin mugakideak diren lurzoruak parkeetarako edo berdegunetarako erabili beharreko lurzoruak dira.

Balio natural nagusien artean Elortz, Sadar eta Arga ibaien ingurua dago identifikatuta. Elortz aldeak pasabide ekologikoaren balioa du, eta gainera paisaian garrantzi handia du. Halaber, ibai parkea garatzen ari da bertan.

Nabarmendu beharrekoa da I. esparruaren inguruko erripen paisaia-balioa eta bereziki Barañaingo eta Etxabakoizko erripena. Hain zuzen ere horiek eskualdeko hirigintza arauetan lehendik paisaia-babeseko eremu gisa definituta zeuden.

UPSaren eraginpean egoten ahal den landaretza eta faunaren azterketa egin da.

Identifikatu diren ondorio nagusiak paisaia-kalitatea duten eremuetan eta ibai-korridorean gertatuko dira. Faunari dagokionez, urbanizatutako eremuaren hesi-efektuak sortzen duen eragina identifikatzen da. Gainera, uholde-eremuekin zerikusia duten arazoak ere identifikatzen dira. 2006an aurkeztutako UPSean bazen ingurumen-alderdi bat, bateraezina dena: garatu beharreko eremuetako zarata.

Eraginak identifikatu ondoren ingurumen ondorioen azterlanean UPSaren eragin orokorra modu nabarmenean aldatuko luketen honako neurri eta proposamen hauek ezartzen dira:

-S1 eta S2 sektorearen dimentsioak altueran eta azaleran berrezartzea, paisaiaren gaineko eragina murrizteko.

-Elortz ibaiaren gainetik igarotzeko guneak aztertzea, ur etorriari bide emateko toki nahikoa dagoela ziurtatzeko eta aldi berean zubiaren gainetik nahiz azpitik oinezkoentzako pasabide nahikoa lortzeko.

-La Moreako meandroan uholde-eremuan atondu beharreko kiroletako dotazio-elementuak berraztertzea, haien eragina murrizteko.

-Uholde-gunean betelanak desagerrarazi eta erabilerak berriro kokatu ala ez aztertzea.

Beste alde batetik, urbanizazio- eta eraikuntza-proiektu zehatzak prestatzen direnean aplikatu beharko diren neurri zuzentzaileak azaltzen dira:

-Bideetarako eta Barañaingo erriparen gainean dauden eraikin batzuetarako euskarri diren eustormetan erliebearen, lurzoruaren eta landaretzaren nahiz pasaiaren gaineko eraginak murrizteko neurri bereziak.

-Trenbidearen bidezubiaren azpiko bidearen dimentsio egokiak, paisaian ahalik eta gutxien eragiteko. Bide asfaltatu, estu eta argiteriarik gabearen tratamendua emanen zaio.

-Elortz eta Sadar ibaien bi bazterretan jarduketak "bigunak" eta kostu txikiarekin leheneratzeko modukoak izan beharko dira. Hau da, ibilgailuentzako sarbide bakarrak planoetan adierazita daudenak izanen dira, ertz bateko oinezkoentzako pasealekuak jende guztiak erabiltzeko atonduko dira eta beste ertza "naturalago" utziko da (lur harrotuzko bidexka estua, ingurune naturalagoa...). Gainazalak gehienbat iragazkorrak izanen dira eta lurzoruak edo ertzak zigilatzea beharrezkoa dela justifikatu beharko da. Ibai-bazterreko landaretza bertakoa izanen da, edo Iruñerriko gune hezeetako ertzetan orain arte erabili izan dena.

-Mendebaldeko ingurabidetik Barañainera eta geltokira sartzeko bidean irizpide hauei jarraitu beharko zaie: larreek kolonizatutako magalean ahalik eta lurzoru gutxien okupatzea eta paisaiaren gaineko eragina murriztea, ahalik eta lur-mugimendu gutxien eginda.

-Sadar eta Elortz ibaien ertzetan egin beharreko obretarako -adibidez zubi berriak, betelanak, bideak, dikea etab.- berariazko proiektua egin beharko da. Proiektu horretan alderdi hidrologikoez gain, ingurumen-alderdiak lehenetsi beharko dira.

-Barañainera sartzeko bidearen paisaiaren tratamendua (erriparen gainean) eta inguruan dauden eraikinena.

2009ko irailaren 10ean, Proiektu, Trenbide eta Lan Hidraulikoen Zerbitzuaren zuzendariak "Abiadura Handiko Trenaren geltoki berriaren eremua eta Iruñeko trenaren antzinako geltokiaren eremua garatzeko planaren aldaketa"ren barnean dagoen "Donejakue Bideko Bizitegi-proiektua" izenekoa igorri zuen, ingurumen ondorioen adierazpena egiteko. Aldatutako planean ingurumen aldetik ondorioak dituzten aldaketa batzuk sartu dira:

-Barañaingo erripa: Barañaingo goi-ordokiaren ertzean lurzati batzuk desagerrarazi dira. Horrek paisaiaren gaineko eragina murriztea dakar.

-Etxabakoizko erripa eta Elortz ibaiaren gunea: Etxabakoizko erripa eta Elortz ibaiaren eskuinean dagoen gunea berrantolatu dira bide-sistemaren aldaketaren eta uholde-eremuen balorazioaren ondorioz. Eraikinak altxatzeko betelanak saihestu dira.

-Bidea Elortz ibaiaren gainetik igarotzea: zubietako bat kendu da, eta A-15era eta Barañainera Elortz ibaiaren eskuinaldean dagoen biribilgune berritik sartuko da. Urdanoz multzoaren ondoko biribilgunea beste leku batean kokatu da.

-Eremu bioteknologikoa: erabilera bioteknologikoen ordez bizitegirako erabilera ezarri da, eta erabilera bioteknologikoak Aróstegui etorbideko lehen lerrora lekualdatu dira. Etorbide horren beste aldean ere bulegoetarako eta merkataritzarako erabilerak kokatu dira. Aldaketa horrek zaratari buruzko araudia betetzen lagunduko du.

-Sadar eta Elortz ibaien arteko elkargunea: uholde-eremuan betelanen gainean eraikitzen ari ziren dotazioetarako bi lurzati kendu dira.

Behin betiko onesteko UPSaren proposamen berriari buruz, 2009ko ekainean ingurumen ondorioen azterlanaren eranskina egin zen. Eranskin horretan 2006ko UPSari buruzko ingurumen ondorioen azterlanean antzemandako eraginak eta aldaketak egin eta geroko eraginak baloratu ziren, elkarren arteko konparazioa eginez.

2006ko azaroko ingurumen ondorioen azterlanak Etxabakoitz eta Barañain arteko erripetako erliebe eta geomorfologiaren gaineko eragin handia identifikatu zuen. Aldaketak aztertutakoan ondorioztatu zen erripei Barañainera sartzeko bidean Urdanoz multzotik hurbilen dagoen gunean soilik eraginen diela. Erriparen gainaldea gehienbat oztoporik gabe geratuko da. Azalera eraikiarekin okupatzen den azalera erripen azalera osoaren %20-30 inguru izanen da. Landaretza duten eremuak babesteko guneak eta ezponda-eremuak definitzen dira.

Aldaketak egin baino lehen, paisaiaren gaineko eragina moderatutik larrira bitartekoa zen. Proposatutako aldaketekin, eragina moderatu eta bateragarri bitartekotzat jotzen da, larritasun eta intentsitate ertainetik ertain-txikira bitartekoa.

Ibaiaren kasuan, dotazioetarako eraikinak uholde-lautadatik kendu direnez, lautadan ez da betelanik egin beharko. Hortaz, lautada hori zabalago geratuko da eta harri-lubetak edo tamaina handiko beste mota batzuetako babesak ez dira hain beharrezkoak izanen.

Hidrologiaren gaineko eraginei dagokienez, proposatutako aldaketa egin ondoren, urbanizazioak ingurumenean sortutako eragina, Elortz ibaiaren dinamika naturala aldatzeari dagokionez, argi eta garbi murriztu eginen da.

Aldaketaren bidez, zubi bakarra, Urdanoz baino beherago dagoena, hasierako proiektuan aurreikusitakoa baino askoz handiagoa izanen den bao bakar batekin eginen da, eta uholde-lautadako betelanak kendu dira Elortz ibaian nahiz ibai horrek bere adarrarekin, Sadarrekin, bat egiten duen gunean. Uholde-lautadan espazio zabala lortzen da, eta bertan neurri batean landaretza naturala eta dinamika egokia mantentzen ahal dira. Horrela, aldi berean, gune hori pasabide ekologiko baten antzekoa izanen da Elortz baino gorago zein beherago urbanizatu gabe edo lorategiz hornituta dauden guneen artean.

Eragin hori azkenean moderatu gisa baloratu da, eta eraikitzeko unean ibaiaren ertzak eta uholde-lautada behar bezala diseinatuz bateragarria izatera irits liteke.

Urbanizazioaren hesi-efektua eragin garrantzitsua da, Arga ibarrean Iruñetik beherago dagoen gunearen eta Elortz ibaiaren ibarraren arteko lotura-pasabide ekologikoaren zeregina betetzen duen gunearen gaur egungo ezaugarriengatik. Elortz ibaia bertan egoteak eta Ibai Parkea egiteko borondateak (zeregin nagusietako bat lotura izatea litzateke) neurri batean eragin hori murrizten ahalko lukete. Proposatutako aldaketaren ondorioz, uholde-lautadan dotazioetarako eraikinak kenduko dira, eta espazio horrek dinamika naturalagoa izanen du; horrela, pasabidea nahiko zabala izanen da. Eragina moderatutzat jotzen da.

Hasierako proiektuan, trafikoaren zaratek eragin nabarmena zuten Aróstegui etorbidean, eta ezin zen neurri zuzentzaile bideragarririk aplikatu. Erabileren banaketa berriari esker, etxebizitza-eraikinetan nabarmen hobetuko da egoera zaratei dagokienez, eta horrela 135/1989 Foru Dekretuan ezarritako helburuak bete eginen dira, zaratari buruzko 2009ko ekaineko azterlanean frogatu den bezala.

UPSean aurreikusi da urbanizaziorako beharrezkoak diren azpiegiturak beti, ahal dela, lur azpian plantea daitezela, eraginak murrizteko.

Espedientean Ondare Historikoaren Zerbitzuko Ondasun Higigarri eta Arkeologia Atalaren 2007ko otsailaren 15eko eta martxoaren 16ko txostenak agertzen dira. Txosten horietan prebentzio neurriak eta katalogatu gabeko ondare arkeologikoa babesteko neurriak ezartzen dira, eta horiek urbanizazio-proiektuan kontuan hartuko dira.

Iruñerriko Mankomunitateak 2007ko ekainaren 17an UPSari buruzko txostena egin zuen. Txosten horretan esparru bakoitzeko hornidurarako baldintzak ezarri ziren eta berriro definitu da sare berrien oinarrizko trazadura behin betiko onespenerako dokumentuan. Saneamenduari dagokionez, Mankomunitateak txosten horretan adierazi zuenaren arabera, urbanizazio-proiektuan eginen da beharrezkoak diren kolektoreen ahalmenari eta behin betiko trazadurari buruzko azterlana.

Iragarkiaren kodea: F1000197