153. ALDIZKARIA - 2010eko abenduaren 17a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

1745/2010 EBAZPENA, azaroaren 9koa, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak emana, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren azaroaren 28ko 2445/2007 Ebazpenean egindako Ingurumen eraginaren adierazpena aldatzen duena. Adierazpen hori N-121-B errepidea, Irurita-Elizondo tartea, egiteko azterlan informatiboari buruzkoa da, eta sustatzailea Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentua.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuak, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onesten duenak, 57. artikuluan ezartzen du zein den, sustatzaileak proposatuta, Ingurumen eraginaren adierazpena funtsean aldatzen ez duen prozedura.

Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren azaroaren 28ko 2445/2007 Ebazpen horren 2. puntuan ingurumen arloan jasotzen diren baldintzetan esaten da "ez dela ibi edo sakongunerik eginen Baztan ibaian eta Artesiagako errekan. Lanak bi bazterretatik eginen dira, makineriak ubidea gurutzatu gabe. Horretarako, lanak egoki planifikatu beharko dira ukitutako ibaien bi bazterretan. Ez da betelanik ere eginen habeak jarriko dituzten garabiak kokatzeko; horregatik, habe horiek anezka bitartez ezarriko dira".

2010eko abuztuaren 16ko ofizioaren bidez, Bide eta Eraikuntza Zerbitzuak "Iruritatik Elizondo arteko saihesbideko obrengatiko zenbait jarduketaren proposamena ubideetan: Artesiagako errekan, Baztan ibaian eta Bagordiko errekan" izeneko dokumentazioa igorri zuen; hartan, behin-behineko ibia egitea proposatzen du Bagordiko errekan, beste bat Baztan ibaian eta ur-agor txiki bat Artesiagako errekan. Beraz, Artesiagako errekari eta Baztan ibaiari dagokienez, aipatu ebazpeneko baldintzak aldatu behar dira.

Proposamen horren justifikazioaren arabera, obrako 1., 2. eta 3. bidezubiak eraiki eta erauzketa eta maileguetako lurrak mugituko dira trazaduratik atera gabe eta inguruko errepideak (NA-4404, NA-4405, NA-4445 eta N-121-B) eta Iruritako kale batzuk, N-121-B errepidera arte, erabili beharrik gabe.

Aurkeztu den dokumentazioan adierazten da obra hasi ondoren aldaketa handia gertatu dela lur mugimenduen kapituluan, lur-erauzketako materialak eskasak direlako lubetak egiteko, lizitazioaren proiektuan aurreikusitakoan ez bezala. Horregatik, zabortegi-mailegu bat tramitatu da Baztan ibaiaren ezker aldeko bazterrean, ibai hori gurutzatzera behartzen duena materialak mailegutik lubetara ekartzeko eta erauzketa egiten den tokitik zabortegi gisa baliatuko den maileguaren zuloraino.

Orobat, azaltzen da ezin dela Artesiagako zubibidea egin, proposatutako ur-agorra gauzatu gabe.

Baztan ibaiko ibia egiteko, drainadurako 3 hodi, 1,8 m-ko Ø-dunak, ezarriko dira, eta haien gainetik betelana eginen da iparraldean eta zubibidearen trazaduraren paraleloan; horrela gurutzatuko dute ubidea obrako lurra garraiatzen duten ibilgailuek. Bagordiko errekaren ibia hodi bakar batekoa izanen da, aurrekoen ezaugarri berekoa. Bi proposamenak 4-5 hilabeterako dira, obraren epearen barrenean.

Artesiagako errekako ur-agorrari dagokionez, betelan bat eginen da, 20 m luze eta 5 m zabal, errekaren eskuinaldeko bazterra ukituko duena Lezabeko zubi zaharra baino lehen, ubidea piska bat hartzen duela. Ur-agor hori pare bat hilabete inguru egonen da zutik.

Aurkeztu den dokumentazioan bada alternatiben gaineko azterlan bat, non proposamen berria baloratzen baita, Baztan ibaian ibirik egin gabe, lurrak mugitzeko egin litezkeen ibilbideei begira, eta askoz errazagoa da ibia erabiltzea. Horren ondorioz, proposamen berriari esker bakarrik beteko da lizitazioko proiektua; bestela, aurreikusitako lanak behaztopatuko dira.

Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak txosten batean dioenez, proposamena behar adina justifikatuta dago; izan ere, modua emanen du habeak lehorrean muntatzeko eta 1. zubibideko 2. zutoineko (hondealana, zimentazioa, pilotajea, enkofratuko garabiak, etab.) zapatak eraikitzeko, Artesiagako erreka gurutzatzeko; aldiz, Baztan ibaiari dagokionez, ez da 150.000 m³ - 170.000 m³ material (240 bat kamioi iraulkidun egunean, 5-6 hilabetez) garraiatu beharko inguruko kale eta errepideetan barna. Horren tokian, saihesbide berriaren trazaduratik barna garraiatuko dira, aparteko bideak baliatuta 4 bat hilabetez. Dokumentazioaren barrenean bada ingurumen arloko balorazio egokia proposamenari buruz, eta neurri zuzentzaile berriak hartzen dira bi ubideetako eta inguruko flora eta faunaren gaineko eragina gutxitzeko.

Aldaketa horrek ez du ondoriorik proiektuaren diseinuan eta lurralde eremuan, baina bai izan daitezkeen ukipenetan eta harentzat ezarritako neurri zuzentzaileetan, ingurumenaren gaineko eragina ebaluatzeko izan duen prozesuan.

Ur-agorra gauzatzearen kontuan, ur bazterreko habiten gaineko ukipenei dagokienez, hasieran aurreikusitakoaren antzekoa da; izan ere, bazter horretako belar-sastrakak berdin garbitzen dira. Baztan ibaiaren ibiaren kasuan, zerbait handixeagoa da; izan ere, zubibideak berak ukitutako eremuaren paraleloan ibia egitean landaredi multzo bat ukitzen da.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 57. artikuluan adierazitakoari jarraituz, kontuan hartuta sustatzailea eta organo eskuduna bat bera direla, 15 egun baliodunean jarri zen proposamena jendaurrean, 2010eko 123. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, urriaren 11n, iragarkia argitaratuta. Epe horretan ez da alegaziorik jaso.

Jendaurreko epe horren ondotik, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak txosten batean aditzera eman du ur bazterreko habiten gaineko eragina hasierakoa baino zerbait handixeagoa dela baina jasateko eta lehengoratzeko modukoa aurreikusitako neurri zuzentzaileak aplikatu ondoren, batez ere ur bazterrak eta ubideak lehengoratzeari eta berriz landareztatzeari dagokienez.

Proposamen berriak Baztan ibaian eta Artesiagako errekan ukitzen dituen tarteak "Artesiagako errekaren bokalea" izeneko ES2200023 Batasunaren intereseko lekuan sartuta daude. Bi tarteetako ubide eta ibai-oheen gaineko ukipena aurreikusi gabe zegoen hasieran, baina jasangarria da bidezko neurri zuzentzaileak hartuz gero. Gainera, ukipen hori itzulgarria da, obrak bukatu ondoren ubidearen aurreko sekzioa berreskuratuko delako.

Beraz, aldaketa hori erabakitzen da, abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren aipatu 57. artikulua bete dadin, eta bidezko ingurumen baldintzak ezartzen dira proiektuaren ingurumen eraginaren adierazpenak aldekoa izaten jarrai dezan. Aipatu foru dekretuak Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen erregelamendua onetsi zuen.

Horrenbestez, espedientean dauden txostenak ikusirik, eta ingurumenaren arloko eskumenak eskuordetzeko Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak urriaren 10ean emandako 426/2007 Foru Aginduaren 1.d) artikuluarekin bat,

EBATZI DUT:

1. Onetsi egiten da Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren azaroaren 28ko 2445/2007 Ebazpenaren bidez egindako ingurumen ondorioen adierazpenean sartutako aldaketa, funtsezkoa ez dena. Adierazpen hori N-121-B errepidea, Irurita-Elizondo tartea, egiteko azterlan informatiboari buruzkoa da, eta sustatzailea Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentua. Aditzera ematen da aldaketa hori justifikatuta dagoela eta, ingurumen aldetik, bideragarriak direla, zenbait baldintzarekin, behin-behineko ibi bat Bagordiko errekan, beste bat Baztan ibaian eta ur-agor txiki bat Artesiagako errekan, saihesbide horren proiektua behar bezala garatzeko.

2. Proposamena gauzatzeko, azaroaren 28ko 2445/2007 Ebazpenean zehaztutako dokumentazioko ingurumen baldintzei jarraitu beharko zaie eta, gainera, ondoko baldintzak beharko dira bete. Beharrezkotzat jotzen dira eragina gutxitzeko eta aldi batez ukitzen den errealitate fisikoa eta naturala azkar berreskuratzeko:

-Agortean baoetatik nahikoa ur bolumen igarotzen dela bermatu beharko da.

-Behar adina emari bada, Baztan ibaiaren ibirako proposatzen diren hodien ordez, guztira beharrezko sekzioa duten 2 edo 3 marko jarriko dira.

-Markoen eta hodiaren beheko aldea ibai-oheko materialen azpian sartuko da, hormigoiaren solidotasunak eta zimurtasun ezak ez dezaten eraginik izan fauna urtarraren mugikortasunean.

-Ur-agorrak eta ibiak harritsuak izanen dira, ubide horietako urak, bai lehorraldian bai uholdeetan, haiek egitean erabilitako material finak eraman ez ditzan.

-Hiru jarduketetako bakoitzerako bere lehengoratze proposamena aurkeztu beharko da, egin beharreko ekintza bakoitza zehazki definituta eta, bereziki, lan horiek ukitutako hiru ubideen bazterrak nola landareztatu deskribatuko da, eta aurrekontua eginen da. Lehengoratzeko epe hori 2011ko abendua bitarte izanen da.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onesten duen abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 57. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

4. Ebazpen hau Ingurumen Kalitatearen Zerbitzura, Herri Lan Departamentura, Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzura, Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzura eta Baztango Udalera igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2010eko azaroaren 9an.-Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusia, Andrés Eciolaza Carballo.

Iragarkiaren kodea: F1018619