141. ALDIZKARIA - 2010eko azaroaren 19a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2010eko urriaren 18an hartua, "Iruñeko bide sareko hegoaldeko sarbideen informazio azterlana" izeneko Udalez Gaindiko Proiektu Sektorialaren proposamen berria, Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak sustatua, jendaurrean jarri eta, aldi berean, mugapean eragina duten udalei entzunaldia ematen diena.

Nafarroako Gobernuak 2007ko azaroaren 19an hartutako erabakiaren bidez, Udalez Gaindiko Proiektu Sektorial deklaratu zen "Iruñeko bide sareko hegoaldeko sarbideen informazio azterlana", eta erabaki zen espedientea, aldi berean eta hogeita hamar egunean, jendaurrean jartzea eta entzunaldia ematea proiektuko trazadurak ukitutako mugapeak dituzten toki entitateei, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legean eta Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko 4/2005 Legean xedatutakoari jarraituz. Erabaki hori 2007ko 154. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, abenduaren 12an.

Iruñeko bide sareko hegoaldeko sarbide berriek, aipatu azterlanean jasotzen direnek, funtsean "T" bat eratzen dute, non zeharkako ardatza -ekialde/mendebalde- bide bat baita Zizur Txikiko errepidea eta Nafarroa Etorbidea lotzen dituena Donapea gainetik barrena, eta ardatz ortogonala -iparralde/hegoalde- beste bide bat, Iparraldeko ingurabidearen eta Ezkirozko errepidearen arteko lotunetik abiatuta aipatu zeharkako bidearekin bat egin eta "Unibertsitateko errepidean" bukatzen dena.

"T" hori eratzen duten hiru bideetako bakoitzarentzat, informazio azterlanak hiru trazadura planteatzen ditu. Aipatu hiru bide horien arteko gurutzaguneen biribilguneak zein tokitan dauden, horren ondorioz sortzen dira aukera horien arteko alde nagusiak.

Jendaurreko epea bukatuta, Herri Lan Departamentuak dokumentu bat prestatu zuen, non jasotako alegazioak eta Nafarroako Gobernuaren azaroaren 19ko erabakian bildutako oharrak aztertu, baloratu eta erantzun ondoren, 2. alternatiba, onartutako alegazioen bidez aldatua, proposatu baitzuen onesteko.

Gero eta espediente hori tramitatu bitartean, Nafarroako Gobernuak, 2009ko otsailaren 23ko Erabakiaren bidez, Cordovillako (Galar) eta Iruñeko mugapeetan etxebizitza babestuetarako bizitegi eremu bat garatzeko Udalez gaindiko Plan Sektoriala, "Agrupación de propietarios de Cordovilla" elkarteak sustatua, onetsi zuen, "Nafarroa 2012 Plana. Lehentasunezko jarduketa: Nafarroan etxebizitza babestuak sustatzeko planaren" barrenean (2009ko 27. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, martxokoa).

UPS horretan bideei buruz egindako aurreikuspenak kontuan izanda, Ingurumen zuzendari nagusiak, 2009ko irailaren 11n, jakitera eman zuen Cordovilla-Galarko UPSak bere egiten duela Iruñeko hegoaldeko sarbideari buruzko proiektuaren zati bat. Horrenbestez, funtsezko aldaketa izan du azken proiektu horrek eta, beraz, jarraipena eman edo espedientea itxi baloratu behar da.

Hortaz, Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak beste soluzio bat aurkeztu du Iruñeko hegoaldeko sarbideen UPSarentzat, bateragarria dena Cordovilla-Galarko UPSaren antolamenduarekin eta "Abiadura Handiko Trenaren geltoki berriaren eremua eta Iruñeko antzinako tren geltokiaren eremua garatzeko plana" izeneko UPSarekin.

Alde horretatik, hasieran proiektatutako hiru bideetatik, Cordovilla-Galarko UPSaren antolamenduan sartzen ez den bideak bakarrik egiten du aurrera, hau da, Zizur Txikiko errepidetik (NA-6000) biribilgune berrira -Ezkirozko bidean (NA-6001)- doan zeharkako bidea edo ardatza, jada Cordovilla-Galarko UPSaren antolamendu berriaren parte dena. Hau da, proiektuak azkenik zeharkako bide bat zehaztu baino ez du egiten Donapea Institutuaren hegoaldean.

Bide berriaren trazadura Zizur Txikiko errepidetik (NA-6000) abiatuko da eta, Donapea L.H.ko institutuaren atzetik, Ezkirozko errepidera (NA-6001) iritsiko da; azken errepide hori Cordovilla-Galarko UPSko auzoberriaren bide berri bat izanen da.

Bidea 1.300 bat metro luze da eta biribilgune itxien bidez lotzen zaio bide sarearen gainontzekoari. Sekzio tipoak 7 metroko galtzada bikoitza izanen du (2 lerro norabide bakoitzean), 2,5 m-ko erdibitzailea eta 2,5 m-ko bazterbideak alde bakoitzean. Iparraldean, berdegune bat izanen da, 2,8 metro zabal, eta ondoren oinezkoen bide bat eta bidegorri bat, 4 metro zabal.

Trazadurak Done Jakue bidea eta Probintzietako Errege Altxonbidea zeharkatzen ditu. Proiektuak bi trazadurak berreskuratzea planteatzen du: aipatu altxonbidea trazadura beretik eta Done Jakue bidea proiektuaren abiapuntuan, egin gogo den biribilgunearen kanpoaldea inguratuz.

Azkenean, bide soluzio berriak Iruñeko eta Zizurko udal mugapeak ukitzen ditu.

Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren uztailaren 23ko 1095/2010 Ebazpenaren bidez, Ingurumen eraginaren adierazpena egiten da "Iruñeko bide sareko hegoaldeko sarbideen informazio azterlanari" buruz (Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak sustatua), proiektua ingurumenaren aldetik bideragarria dela iritzirik; betiere, Ingurumen eraginaren azterlanean eta proiektuan jasotako neurri zuzentzaileez gain aipatu ebazpenean ezarritako baldintzak betetzen badira.

Azkenik, eta proposatzen den bide berria hasierako proposamenaren funtsezko aldaketa gisa ikus daitekeenez, ohartarazten da proposamen berri hau jendaurrean jarri behar dela eta entzunaldia eman behar zaiela ukitutako udalei.

Horrenbestez, Lurraldearen Antolamenduko Batzordearen txostenarekin bat, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legeari eta aplikatu beharreko gainerako arauei jarraikiz, Nafarroako Gobernuak, Lurraldearen Antolamenduko eta Etxebizitzako kontseilariak proposaturik,

ERABAKI DU:

1. "Iruñeko bide sareko hegoaldeko sarbideen informazio azterlana" izeneko Udalez Gaindiko Proiektu Sektorialaren proposamen berria, Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak sustatua, aldi berean eta hilabetez, jendaurrean jarri eta mugapean eragina duten udalei entzunaldia ematea.

Horretarako, espedientea ikusgai egonen da Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuan (Alondegi kalea, 1-1.a, Iruña), eta epe horretan zilegi izanen da egokitzat jotzen diren alegazioak aurkeztea, idatziz.

2. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Herri Lan, Kultura eta Ingurumenaren eta Uraren Zuzendaritza Nagusietara igortzea eta Iruñeko, Galar Zendeako eta Zizurko Udalei, Iruñerriko Mankomunitateari (Garraio Alorra), Nafarroako Unibertsitateari eta Juan Antonio Zozaya Sanz jaunari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2010eko urriaren 18an.-Nafarroako Gobernuko ordezko kontseilari idazkaria (Nafarroako Gobernuko lehendakariak irailaren 20an emandako 9/2010 Foru Dekretua), Alberto Catalán Higueras.

Iragarkiaren kodea: F1017192