135. ALDIZKARIA - 2010eko azaroaren 5a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

685/2010 EBAZPENA, urriaren 20koa, Toki Administrazioko zuzendari nagusiak emana, "Iruñerriko Ibai Parkea handitzea. Arga Beherea I (Barañain-Etxauri)" proiektua behin betiko onesten duena.

Toki Administrazioko zuzendari nagusiak emandako uztailaren 29ko 476/2010 Ebazpenaren bidez, "Iruñerriko Ibai Parkea handitzea. Arga Beherea I (Barañain-Etxauri)" izeneko proiektua eta haren ondoriozko lanek ukituko dituzten ondasun eta eskubideen zerrenda jendaurrean jarri ziren hamabost egunez.

Jendaurreko epe hori iraganik, ondoko alegazioak jaso dira, eta erantzun hauek izan dituzte:

1.-María Isabel Jaunsaras Balda andreak Isabel Balda Ansoáin andrea ordezkatuz egina.

Eskatzen du bere finkarako sarbidea utz dadila, eta uraren ureztaketarako erabilera mantendu dadila.

Erantzuna: proiektuak ez du finkarako sarbidea ukituko, eta, beraz, ez da lehengoratzea egin beharrik. Horregatik, oraingo ezaugarri berberak izanen ditu.

Ureztaketari dagokionez, obrak ukitzen badu, behar bezala lehengoratuko da, oraingo ezaugarriei eutsiz.

2.-Villa Miranda mintegiak egina.

Eskaeran adierazten du enpresa ekoizpen eta landareak saltzeko mintegia dela, eta ez, katastroko datuetan ageri bezala, "larrea".

Halaber, alegatzen du finka itxi egin beharko duela oinezkoak sar ez daitezen, eta ureztaketako instalazioak ibai bazterrean daudela, eta, hortaz, mugitu egin beharko direla, paseoaren bestaldean geldituko baitira.

Erantzuna: ondasun eta eskubideen zerrendan jaso den lurren sailkapena zerrenda egitean indarrean zen katastrotik hartu da. Nolanahi ere, okupatu aurreko aktak egitean xeheki deskribatuko dira ukitutako elementuak, ukitutako lur mota eta jabetza barne. Akta horretan berean gai horri buruz egoki jotzen dituen adierazpen guztiak egiteko aukera izanen du.

Itxiturari buruz alegatutakoa onartu egin da, eta finka behar bezala itxiko da, bihurdura bakuneko sare metalikoz edo antzeko baten bidez.

Hala da, ureztaketako instalazioetako batzuk paseoaz bestaldean geldituko dira, baina oraingo funtzio bera izanen dute. Nolanahi ere, ukitzen diren elementuak oraingo ezaugarriei eutsiz mugituko edo berrituko dira.

3.-Jesús Gárriz Ezcurra jaunak egina.

Eskatzen du paseoa etorkizuneko bidera egokitu dadila, eta okupatuko diren metroak etorkizuneko urbanizazioari lagatzea.

Erantzuna: Oltzako Udal Planaren arabera, bide hori oraindik zehaztu gabe dago. Onuradunak, balio justuaren ordainketa gisa, proposatzen du jabearentzat etorkizunean legokiokeen eraikigarritasun bolumena erreserba dadila. Hala, finka osorik ekar liteke etorkizuneko birzatiketa proiektura, oraingo neurriei eutsiz.

4.-José María Beriain Olave jaunak egina, bere izenean eta bere anai-arreba Jesús eta Socorro Beriain Olave jaun-andreak ordezkatuz.

IB-10 izendatutako proiektuko finkaren titulartasuna alda dadila eskatzen du, ukitutako ondasun eta eskubideen zerrendan agertzen denarekin bat; horretarako salerosketa eskritura aurkeztu du.

Erantzuna: alegatutakoa onartu da, aurkeztutako dokumentazioa ikusirik. Ondasun eta eskubideen zerrenda zuzendu da, eta hasierako titularren ordez Jesús, José María eta Socorro Beriain Olave jaun-andreak jarri dira. Denek ere Artikako (Nafarroa) San Marcial, 29 helbidea dute.

5.-Emilia Larumbe Astiz andreak egina.

Adierazten du bere ustez proiektua ez dela ez onura publikokoa ez interes sozialekoa ere, ingurumenean ukipen handia eragiten duelako.

Era berean, alegatzen du ez dela bidezkoa presakoa izatearen adierazpena, eta prozedura orokor bidez gauzatu behar dela.

Bestalde, trazadura aldatzea planteatzen du: beste bide batetik merkeagoa eta egingarriagoa izanen litzatekeela.

Azkenik, ondasun eta eskubideen zerrenda aldatzea eskatzen du, Etxauriko 2. poligonoko 310. lurzatian eraikuntza bat ukitzen delako, eta ureztalurra delako.

Erantzuna: hasteko, kontuan hartu behar dugu hemen onura publikoaren adierazpen inplizituaren kasua gertatzen dela, ex lege, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko 1954ko abenduaren 16ko Legearen 10. artikuluan aurreikusia, zeren proiektu hau Iruñerriko Mankomunitateak onetsi baitzuen, 2009ko abenduaren 15ean Gobernu Batzorde Iraunkorrak egindako bileran, eta, gainera, "Iruñerriko Ibai Parkea handitzeko Udalez gaindiko Plan Sektorial" baten onespena ere badu. Horrenbestez, proiektu honetako ondasun eta eskubideen zerrenda jendaurrean jartzeko epea, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko 1954ko abenduaren 16ko Legearen 18. artikulua betez garatua eta Nahitaezko Desjabetzeari buruzko 1954ko abenduaren 16ko Legearen 19.2 artikuluan eta haren Erregelamenduaren 18.3 artikuluan ezarritakoari jarraikiz, interesdunek alegazioak aurkeztu ahal izateko egin da bakarrik, ondasun eta eskubideen zerrendan izan daitezkeen akatsak zuzentzeko. Horrek denak hauxe esan nahi du: obren edo zerbitzuen proiektuak deskribapen material zehaztua jasotzen duenean, nahitaez desjabetu beharrekotzat jotzen diren ondasunak edo eskubideak bereiziz eta horiek alderdi guztietan, materialean eta juridikoan, deskribatuz, eta oraingoan hala egin da, proiektua onesteak okupatzeko beharra dakarrela ulertzen da, eta horregatik jendaurreko aldian ezin zaio okupazio beharrari kontra egin, soil-soilik onartuko dira ondasunen deskribapen materialean edo lege deskribapenean izandako akatsak zuzentzeko alegazioak. Era berean, Toki Administrazioko zuzendari nagusiak uztailaren 29an emandako 476/2010 Ebazpenean jadanik adierazten zen bezala, tokiko obra eta zerbitzuen proiektuak onesteak, tokiko zerbitzu publikoa direnez, onura publikoa adieraztea dakar berarekin, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 10. artikuluan eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 215.2 artikuluan adierazitakoarekin bat. Horrenbestez, ez da onargarria alegatzailearen nahia, hots, proiektuak inplizituki eta berezkoa duen onura publikoa edo interes soziala auzitan jartzea.

Baina kontuan hartzekoa da Iruñerriko Ibai Parkea handitzeko Udalez gaindiko Plan Sektorialak, Nafarroako Gobernuaren 2010eko martxoaren 29ko Erabakiz onetsiak, jaso zituela Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak otsailaren 26an emandako 426/2010 Ebazpenaren bidez onetsitako Ingurumen eraginaren adierazpenak ekarritako aldaketak. Horregatik, ingurumenean egin daitezkeen ukipenak, izatez ere, planteatutako obrak ongi gauzatzeko behar-beharrezkoak eta gutxienekoak izanen dira.

Interesdunak egindako bigarren alegazioari dagokionez, adierazten da Nahitaezko Desjabetzearen Legearen 52. artikuluan ezarritako presazko prozeduraren bidez ukitutako lurren balizko eskurapena baloratzea Nafarroako Gobernuari dagokiola, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 57.b) artikuluak emandako eskumenarekin bat. Behar denean, jabeak aukera izanen du nahi adina ekintza gauzatzeko gai honen inguruan.

Jabeak eskatutako trazadura aldaketari dagokionez, aurretik erantzundakoari lotzen gatzaizkio, Nafarroako Gobernuaren 2010eko martxoaren 29ko Erabakiz UPSa onetsi izanari dagokionez.

Ondasun eta eskubideen zerrendan agertzen den lur motaren sailkapena zerrenda egitean indarrean zen katastrotik atera zen; hala ere, okupatu aurreko aktak egitean zehatz-mehatz deskribatuko dira ukitutako elementu guztiak, baita okupatutako lur motak ere.

6.-José Luis Artieda Gil jaunak egina.

Alegatzen du OR-09 erreferentzia duen finkak azalera handiagoa duela eskrituretan, eta, desjabetzearen ondorioz, bitan zatiturik gelditzen dela.

Finkan badela ura hartzeko etxola bat.

Bukatzeko, eskatzen du OR-12 erreferentzia duen finkako C azpilurzatiaren lur motaren sailkapena aldatu dadila.

Erantzuna: proiektuan jasotako lurzatien banaketak proiektua egin den unean indarrean zen katastroan du oinarria. Bere finkaren neurriei dagokienez, okupatu aurreko aktak egiteko unean egiten ahalko ditu adierazpenak auzi horren gainean; nolanahi ere, beste zantzu batzuk ere kontuan hartuko dira, esaterako ukitutako finkaren jatorri diren lurzati berrantolamenduaren prozesuko planoak. Finka zatitu egiten dela dioen adierazpenaren gainean, azaltzen da hori ez dela horrela: katastroaren arabera ibai ondoko pasealekuaren eta finkako hegoaldeko mugaren arteko lur guztia desjabetzen da.

Ukitutako zerbitzuei dagokienez, azaltzen da horiek denak oraingo baldintza berberetan lehengoratuko direla.

OR-12 lurzatirako alegatu denarekin loturik, ondasun eta eskubideen zerrendan ageri den lur motaren sailkapena zerrenda egitean indarrean zen katastrotik atera zen; hala ere, okupatu aurreko aktak egitean zehatz deskribatuko dira ukitutako elementu guztiak, baita okupatutako lur motak ere.

7.-Ana Ascunce Diez de Ulzurrun andreak egina.

Eskatzen du Iberoko trazadura aldatu dadila, eta beste bat proposatzen du.

Erantzuna: lehenik, esanen dugu Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 19.2 artikuluaren eta haren Erregelamenduaren 18.3. artikuluaren arabera ondasun eta eskubideen zerrenda jendaurrean jartzea eginen dela "ondasunen deskribapen materialean eta lege deskribapenean izan diren akatsak zuzentzeko bakar-bakarrik".

Nafarroako Gobernuaren 2010eko martxoaren 29ko Erabakiaren bidez onetsi zen Iruñerriko Ibai Parkea Handitzeko Udalez gaindiko Plan Sektoriala. Onespen horren barnean Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak otsailaren 26an eman zuen 426/2010 Ebazpenaren bidez onetsitako Ingurumen eraginaren adierazpenak ekarritako aldaketak sartu ziren.

8.-Miguel Ascunce Diez de Ulzurrun jaunak egina.

Eskatzen du Iberoko trazadura aldatu dadila, eta beste bat proposatzen du.

Erantzuna: aurreko alegazioan erantzun zaio honi.

Egindako alegazioak ebatzirik, eta Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 20. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 3ko 121/2007 Foru Dekretuak esleitu dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. "Iruñerriko Ibai Parkea handitzea. Arga Beherea I (Barañain-Etxauri)" proiektua behin betiko onestea, egindako alegazioak ebazpen honen azalpen zatian adierazi bezala ebatziz.

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean, Foru Komunitateko egunkari batean eta Barañain, Oltza eta Etxauriko udaletxeetako eta Iruñerriko Mankomunitateko iragarki oholetan argitaratzea.

3. Ebazpen hau Barañain, Oltza eta Etxauriko udalei, Iruñerriko Mankomunitateari eta alegatzaileei jakinaraztea. Horrekin batera adierazten zaie administrazio publikoek ez beste interesdun guztiek gora jotzeko errekurtsoa jar dezaketela Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hau jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean. Administrazio publikoek, berriz, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean.

Iruñean, 2010eko urriaren 20an.-Toki Administrazioko zuzendari nagusia, Pedro Blas Pegenaute Garde.

Iragarkiaren kodea: F1017274