135. ALDIZKARIA - 2010eko azaroaren 5a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ZIZUR

Ordenantza, Administrazio elektronikoarena.
Behin betiko onespena

Zizur Zendeako Udalak, 2010eko abuztuaren 5ean egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Administrazio elektronikoa arautzen duen udal ordenantza.

Erabakia 2010eko 108. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, irailaren 6an, eta jendaurrean egoteko epea iragan da inork alegaziorik aurkeztu gabe. Beraz, Udalak, 2010eko urriaren 14an egin osoko bilkuran, erabaki du ordenantza hori behin betikoz onestea.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz, argitara ematen da testu osoa, behar diren ondorioak izan ditzan.

Gazolatzen, 2010eko urriaren 18an.-Alkate udalburua, José Ricardo Pérez Torrano.

UDAL ORDENANTZA, ADMINISTRAZIO
ELEKTRONIKOA ARAUTZEN DUENA

ATARIKO TITULUA

1. artikulua. Xedea.

1. Ordenantza honek administrazio elektronikoaren ezari-ezariko ezarpena arautzen du Zizur Zendeako Udalean, herritarrari zerbitzuak baliabide elektronikoen bidez eman ahal izateko, eta, hartara, bermatzen du hirugarren ororekiko elkarreragina, jarduera administratiboaren esparruan, informazioaren teknologia erabiliz gauzatzen ahalko dela.

2. Zizur Zendeako Udalak bermatuko du herritarrak berarekin baliabide elektronikoak erabiliz harremanetan jartzeko duen eskubidea, Herritarrek Zerbitzu Publikoetan Sarbide Elektronikoa Izateari buruzko ekainaren 22ko 11/2007 Legeak edo hura ordezkatzen duen araudiak aurreikusitako baldintzetan. Horri dagokionez, Zizur Zendeako Udalak segurtatuko du bere eskumenen barnean kudeatzen diren datu, dokumentu, informazio eta zerbitzuen informazioa, irisgarritasuna, osotasuna, benetakotasuna, segurtasuna, konfidentzialtasuna eta kontserbazioa, eta betiere bultzatuko du baliabide elektronikoen bidez egiten diren zerbitzu publikoen kalitatea.

2. artikulua. Aplikazio eremua.

1. Ordenantza hau Udal Administrazioa osatzen duten erakunde publiko eta entitateetan aplikatuko da, honako hauek harturik:

a. Zizur Zendeako Udala osatzen duten alorrak eta zerbitzuak.

b. Zizur Zendeako Udalaren mendean sor litezkeen erakunde autonomoak.

c. Zizur Zendeako Udalak, berarekin loturik, sor litzakeen enpresa erakunde publikoak.

d. Pertsona fisikoak, juridikoak eta nortasunik gabeko enteak aplikazio esparruaren barneko entitateekiko harremanetan.

1. Lo dispuesto en el apartado anterior será de aplicación, igualmente, a las empresas concesionarias de servicios públicos de competencia municipal que se pudiesen crear. Horretarako, Udal Administrazioak bere kontratazio agirietan islatu ahal izanen du esleipen hartzaileak duen obligazioa zerbitzua baliabide elektronikoen bidez emateko.

2. Ordenantza hau ez zaie aplikatuko Udal Administrazioari eta haren mendeko erakunde publikoei zuzenbide pribatuaren araubidean egiten dituzten jardueretan, haien eskumen esparruan ahalmen publikoetan aritzean baizik ez baita aplikatuko.

3. artikulua. Definizioak.

Ordenantza honi dagokionez, honako erranahi hau izanen dute ondokoek:

-Administrazio jarduera automatizatua: behar bezala programaturiko informazio sistema batek sortutako administrazio jarduera, pertsona fisiko batek esku hartzeko beharrik izan gabe kasu bakan bakoitzean. Tramite egintzak edo prozedurak ebazteko egintzak hartzen ditu barnean, baita komunikazio egintza soilak ere.

-Aplikazioa: informatika erabiliz arazo bat konpontzeko helburua duen programa edo programa multzoa da.

-Autentifikazioa: baliabide elektronikoak erabilirik egiaztatzea pertsona edo ente baten nortasuna, eta orobat egiaztatzea eragiketa, salerosketa eta dokumentuetan azaldutako borondatearen edukia eta azken horien osotasuna eta egiletza.

-Kanalak: eduki eta zerbitzuen egiturak edo hedabideak, barne direla buruz burukoa, telefono bidezkoa eta bide telematikoa, baita gaur egun dauden bertze batzuk edo etorkizunean egon daitezkeenak ere (gailu mugikorrak, TDT...).

-Ziurtagiri elektronikoa: Sinadura Elektronikoari buruzko abenduaren 19ko 59/2003 Legearen 6. artikuluaren arabera: "ziurtatze zerbitzuen egile batek elektronikoki sinaturiko dokumentua, sinadura egiaztatzeko datu batzuk sinatzaile batekin lotu eta haren nortasuna baieztatzen duena".

-Ziurtagiri elektroniko onartua: Sinadura Elektronikoari buruzko abenduaren 19ko 59/2003 Legearen 11. artikuluaren arabera: "ziurtagiri onartuak dira ziurtatze zerbitzuen egile batek luzaturiko ziurtagiri elektronikoak, lege horretan zehaztutako baldintzak betetzen dituenean eskatzaileen nortasuna eta gainerako inguruabarrak egiaztatzeari eta egiten dituzten ziurtatze zerbitzuen fidagarritasunari eta bermeei dagokienez".

-Herritarrak: Administrazio Publikoekin harremanetan jartzen diren edo jartzen ahal diren pertsona fisikoak, pertsona juridikoak eta nortasunik gabeko erakundeak.

-Helbide elektronikoa: komunikazio sare batean informazioa edo zerbitzuak ematen dituen ekipo edo sistema elektroniko baten identifikatzailea.

-Dokumentu elektronikoa: edozein motatako informazioa modu elektronikoan, euskarri elektronikoan, formatu jakin baten arabera artxibatua, eta identifikazio eta tratamendu bereizia izan dezakeena.

-Estandar irekia: honako baldintza hauek biltzen dituena:

-Publikoa izatea eta erabilera dohainekoa edo sartzeko zailtasunik eragiten ez duen kostuan izatea.

-Jabetza intelektual edo industrialaren eskubidea ordaintzea ez izatea hura erabiltzeko edo aplikatzeko baldintza.

-Sinadura elektronikoa: Sinadura Elektronikoari buruzko abenduaren 19ko 59/2003 Legearen 3. artikuluaren arabera, "datu elektronikoen multzoa, bertze batzuekin batera edo haiekin loturik daudenak, sinatzailea identifikatzeko bide gisa erabil daitezkeenak".

-Sinadura elektroniko aurreratua: Sinadura Elektronikoari buruzko abenduaren 19ko 59/2003 Legearen 3. artikuluaren arabera, "sinadura elektronikoa, sinatzailea identifikatzeko eta sinaturiko datuen geroagoko edozein aldaketa atzemateko bidea ematen duena, soilik sinatzailearekin eta dagozkion datuekin lotua, sinatzaileak kontrolpean eduki ditzakeen baliabideen bitartez sortua".

-Sinadura elektroniko onartua: Sinadura Elektronikoari buruzko abenduaren 19ko 59/2003 Legearen 3. artikuluaren arabera, "ziurtagiri onartuan oinarrituriko sinadura elektroniko aurreratua, sinadura sortzeko gailu seguru baten bitartez sortua".

-Elkarreragingarritasuna: informazio sistemen gaitasuna eta, beraz, horietan oinarritzen diren prozeduren gaitasuna, datuak partekatzeko eta haien artean informazioaren trukea eta ezagutza bideratzeko.

-Baliabide elektronikoa: dokumentuak, datuak eta informazioak ekoiztu, bildu edo transmititzeko bidea ematen duen mekanismoa, muntadura, ekipoa edo sistema, edozein komunikazio sare ireki edo mugatu barne dela, hala nola Internet, telefonia finko eta mugikorra edo bertze.

-Sarbide elektronikorako gunea: Internet domeinu batean bildutako web orrien multzoa. Horien helburua da erabiltzaileari, modu erraz eta integratuan, pertsona talde baten berariazko beharrak konpontzeko baliabide eta zerbitzu batzuetarako edo erakunde publiko baten informazioa eta zerbitzuak eskuratzeko sarbidea eskaintzea.

-Sinadura elektronikoaren sistema: sinadura elektronikoa sortzeko esku hartzen duten elementuen multzoa. Ziurtagiri elektronikoan oinarrituriko sinadura elektronikoaren kasuan, gutxienez honako hauek osatzen dute sistema: ziurtagiri elektronikoa, euskarria, irakurgailua, erabilitako sinadura aplikazioa eta sinaturiko dokumentuaren hartzaileak erabilitako interpretazio eta egiaztatze sistema.

-Denbora-zigilatzea: konfiantzazko hirugarren batek egiaztatzea baliabide elektronikoen bidez eginiko edozein eragiketa edo salerosketaren data eta ordua.

-Zerbitzu jarduera: norbere konturako edozein jarduera ekonomiko, gehienetan ordainsari baten truke emana.

-Zerbitzu jardueraren egilea: zerbitzu jarduera bat eskaintzen edo egiten duen pertsona fisiko edo juridikoa.

4. artikulua. Printzipio orokorrak administrazio elektronikoaren arloan.

Administrazio elektronikoaren arloan, Zizur Zendeako Udal Administrazioak printzipio hauen arabera jokatuko du:

-Herritarrarendako zerbitzuaren printzipioa: Udal Administrazioak informazioak, tramiteak eta prozedurak administrazio elektronikoan jasotzeko lana bultzatuko du, printzipio konstituzional hauek modu eraginkorragoan gauzatzeko: Administrazioaren gardentasuna, hurbiltasuna eta herritarrendako zerbitzua.

-Sinplifikazio administratiboaren printzipioa: Udal Administrazioak, prozesu, prozedura eta tramite administratiboen sinplifikazioa eta integrazioa lortzeko, eta herritarrarendako zerbitzua hobetzeko, administrazio elektronikoaren teknikak erabiltzeak dakarren eraginkortasuna aprobetxatuko du, nola eta, bereziki, garrantzitsutzat hartzen ez diren tramite edo jarduera guztiak baztertuz eta prozesu eta prozedura administratiboak birdiseinatuz, aplikatu beharreko araudiaren arabera, informazioaren eta komunikazioaren teknologietatik etorritako aukerak ahalik eta hobekien erabiliz.

-Baliabide elektronikoak bultzatzeko printzipioa: Udal Administrazioak, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 70 bis artikuluaren 3. atalak xedatua betetzeko, lehentasunez baliabide elektronikoen erabilera bultzatuko du bere jarduera guztietan, eta bereziki, herritarrarekiko harremanetan. Udal Administrazioak pizgarriak ezarri ahal izanen ditu herritarren artean baliabide elektronikoen erabilera bultzatzeko, ordenantza honetan zehaztutako baldintzetan.

-Neutraltasun teknologiko eta elkarreragingarritasunaren printzipioa: Udal Administrazioak ordenantza honetan araututako jardueren gauzatzea bermatuko du, zein diren ere erabiltzen diren tresna teknologikoak. Era berean, elkarreragingarritasunaren estandarrak hartuko ditu erabilitako informazio sistemak bateragarriak izan daitezen herritarrenekin eta bertze administrazioenekin, eta beroriek ezagut ditzaten, beti ere Elkarreragingarritasun Eskema Nazionalaren barnean une bakoitzean erregelamenduz onesten denarekin bat.

-Datuen konfidentzialtasunaren, segurtasunaren eta babesaren printzipioa: Udal Administrazioak, administrazio elektronikoa bultzatzean, herritarraren datuen konfidentzialtasunaren babesa eta segurtasuna babesa bermatuko ditu, datuen babesari buruzko araudian, Segurtasun Eskema Nazionalean eta konfidentzialtasuna babesteari buruzko gainerako arauetan zehaztutako baldintzetan.

-Doakotasun printzipioa: Administrazioak ezin izanen du diru ordain osagarririk eskatu herritarrarekin dituen harremanetan baliabide elektroniko informatikoak eta telematikoak erabiltzeagatik.

-Parte hartze printzipioa: Udal Administrazioak baliabide elektronikoen erabilera bultzatuko du parte hartze eskubideak gauzatzeko, batik bat eskaera eskubidea, entzutea eta informazio publikoa izateko eskubideak, herritarren ekimena, kontsultak eta gaztigu, kexa, erreklamazio eta iradokizunen aurkezpena.

-Irisgarritasun eta erabilgarritasun printzipioa: Udal Administrazioak sistema errazen erabilera bermatuko du, herritarrarendako interesa duen informazioa modu azkar, seguru eta ulergarrian lortu ahal izateko. Udal Administrazioak irizpide bateratuen erabilera bultzatuko du informazioa bilatu eta ikusteko, informazioaren hedapena ahalik eta hobekien egin ahal izateko, irisgarritasun eta dokumentuen tratamenduaren nazioarteko eta Europako irizpide eta estandarrei jarraikiz. Udal Administrazioak desgaitasunak edo zailtasun handiak dituzten herritarren eskura jarriko ditu pertsona horiek Administrazioaren inguruko informazioa baliabide elektronikoen bidez eta berdintasun baldintzetan lortzeko beharrezko diren baliabideak, orokorrean onarturiko irizpide eta estandarrei jarraikiz.

-Informazioaren zehaztasunaren eta baliabide eskaintzaren printzipioa: Udal Administrazioak, informazioa baliabide elektronikoen bidez lortzen denean, bermatuko du dokumentuak paperean edo jatorrizko dokumentua egin den euskarrian duen eduki berdin-berdina izatea. Informazioa formatu elektronikoan edukitzeak ez du galaraziko edo zailduko bulego publikoetan edo bertze baliabide tradizionalen bidez buruz buru egiten den harrera.

-Baliabide elektronikoak erabiltzeagatik ez diskriminatzeko printzipioa: baliabide elektronikoak erabiltzeak ez du inolako diskriminazio edo kalterik ekarriko Udal Administrazioarekin bertze baliabide batzuen bidez harremanetan jartzen den herritarrarendako, hori guztia baliabide elektronikoen erabilera bultzatzeko neurriak ukatu gabe.

-Borondatezkotasun printzipioa: Udal Administrazioarekiko komunikazio telematikorako sistemak lege maila duen arau batek halaxe zehazten duenean soilik izanen dira nahitaezkoak eta esklusiboak administrazioen arteko harremanetan, bai eta harreman juridiko eta zerga harremanetan eta maila bereziko harremanetan ere, aplikatu beharreko arau juridikoen arabera.

-Prozedura eta dokumentu administratiboen trazabilitatearen printzipioa: Udal Administrazioak behar diren ekintzak bultzatuko ditu trazabilitate sistema eta prozedura egokiak eta ulergarriak ezartzeko, herritarrak noiznahi, eta baliabide elektronikoen bidez, tramitazioaren egoeraren eta prozedura eta dokumentu administratiboen historialaren berri izan dezan, deusetan ukatu gabe ukituriko pertsonen intimitatea eta datu pertsonalen babesa bermatzeko behar diren baliabide teknikoak aplikatzea.

-Baliabideen intermodalitatearen printzipioa: Udal Administrazioak behar diren neurriak bultzatuko ditu baliabide baten bidez hasitako prozedurak bertze baten bidez jarraitu ahal izateko, baldin eta prozedura osoaren osotasuna eta segurtasun juridikoa segurtatzen badira.

-Administrazio arteko lankidetza eta elkarlanaren printzipioa: herritarrarendako zerbitzua eta baliabide publikoen kudeaketan eraginkortasuna hobetzeko xedez, Udalak, gainerako Administrazio Publikoekin batera, behar diren hitzarmen eta akordio guztiak sinatzea bultzatuko du bereziki ordenantza honetan jasotzen diren aurreikuspenak gauza eta aplika daitezen, bertzeak bertze, estandar teknikoak finkatzea eta informazioa, datuak, prozesuak eta aplikazioak trukatu eta partekatzeko mekanismoak ezartzea helburu dutenak. Bereziki, Udal Administrazioak, aukeratutako sistema eta soluzioen elkarreragingarritasuna bermatuko du, baita herritarrari zerbitzuak batera egitea ere, posible denean.

-Gainerako Administrazio Publikoen sarbidearen eta erabilgarritasun mugatuaren printzipioa: Udal Administrazioak bertze Administrazio Publikoei bidea emanen die interesdunen inguruan euskarri elektronikoan dituen datuetan sartzeko, eta zehaztuko ditu datu horietan segurtasuna eta osotasuna izateko berme handienekin sartzeko behar diren baldintza, protokolo eta irizpide funtzional edo teknikoak. Aitzineko atalean aipaturiko datuen eskuragarritasuna hertsiki mugatuko da, Administrazio Publikoek, beren eginkizunetan ari direnean, beren eskumeneko prozedurak tramitatu eta erabakitzeko eskatzen dituztenetara. Datu horietan sarbide izateko, interesdunak baimena emana izan behar du edo bertzenaz lege maila duen arau batek halaxe aurreikusi behar du.

LEHEN TITULUA

Herritarraren eskubideak administrazio elektronikoari
dagokionez, eta zerbitzu elektronikoen katalogoa

I. KAPITULUA

Herritarraren eskubideak administrazio elektronikoari dagokionez

5. artikulua. Herritarraren eskubideak.

1. Herritarrari onartzen zaio Udal Administrazioarekin harremanetan jartzeko eskubidea baliabide elektronikoak erabilita, indarrean dagoen legerian finkatutako baldintzetan. Onarpen hori hedatu da zenbait eskubideren erabilera eraginkorrera, hala nola Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 35. artikuluak herritarrari onartzen dizkionak, eta orobat edozein eratako informazioak eskuratzeari, kontsultak egiteari, alegazioak aurkezteari, eskaerak eta nahikundeak aurkezteari, ordainketa eta salerosketak egiteari eta ukitzen dituen ebazpen eta egintza administratiboen aurka egiteari dagozkion eskubideen erabilera eraginkorrera ere bai.

2. Gainera, jarduera administratiboan baliabide elektronikoak erabiltzeari loturik, eta indarrean dagoen legerian eta ordenantza honetan aurreikusitako baldintzetan, honako eskubide hauek ditu herritarrak:

a. Prozedura bakoitzerako une bakoitzean eskura daudenen artean, Udal Administrazioarekin baliabide elektronikoez harremanetan jartzeko kanala hautatzeko.

b. Administrazio Publikoen esku dauden datuak eta dokumentuak ez aurkezteko. Administrazio Publiko horiek, aurrerapen teknikoek horretarako aukera ematen duten heinean, baliabide elektronikoak erabiliko dituzte informazio hori biltzeko, baldin eta, datu pertsonalen kasuan, interesdunen baimena badute, Datu Pertsonalak Babesteko 15/1999 Lege Organikoak zehaztutako baldintzetan, edo lege mailako arau batek hala zehazten duenean, bildutako datu eta dokumentuen araudiaren arabera murrizketak daudenean izan ezik. Baliabide elektronikoen bidez egin eta jaso ahal izanen da baimen hori.

c. Udal Administrazioak eta haren erakunde publikoek eskainitako zerbitzuetarako sarbide elektronikoan berdintasuna izateko.

d. Halako prozedura batean interesdun gisa agertzen bada, haren tramitazio egoeraren berri baliabide elektronikoen bidez izateko, aplikatu beharreko araudiak haiei buruzko informazioan sartzeko mugak paratzen dituenean izan ezik.

e. Halako prozedura batean interesdun gisa agertzen bada, haren barneko dokumentu elektronikoen kopia elektronikoak lortzeko.

f. Espediente baten barnean dauden dokumentu elektronikoak Udal Administrazioak formatu elektronikoan kontserbatzeko.

g. Tramitazio elektronikorako behar diren baliabideak lortzeko. Beti ere Nortasun Agiri Nazionalaren sinadura elektronikorako sistemak erabili ahal izanen dituzte pertsona fisikoek, Udal Administrazioarekin edozein tramite elektroniko egiteko.

h. Administrazio Publikoaren esparruan sinadura elektronikorako onarturiko bertze sistema batzuk erabiltzeko.

i. Udal Administrazioaren fitxategi, sistema eta aplikazioetan dauden datuen segurtasun eta konfidentzialtasunaren bermea izateko.

j. Baliabide elektronikoen bidez emaniko zerbitzu publikoen kalitaterako.

k. Udal Administrazioarekin harremanak izateko aplikazioak edo sistemak hautatzeko, baldin eta estandar irekiak edo, hala behar badu, herritarren artean erabiltzen direnak erabiltzen baditu.

3. Bereziki, zerbitzu jarduerak ezartzeko prozeduretan, herritarrak eskubidea du informazio hau eskuratzeko baliabide elektronikoen bitartez:

a. Zerbitzu jardueretara iristeko eta haietan aritzeko behar diren prozedura eta tramiteak.

b. Zerbitzu jarduerekin ikusteko duten gaietan eskumena duten agintarien gaineko datuak, bai eta haiekin ikusteko duten elkarte eta erakunde profesionalen gainekoak ere.

c. Zerbitzu jardueren egileen gaineko erregistro eta datu-base publikoetan sartzeko baliabide eta baldintzak, eta errekurtsoak paratzeko bideak, auzirik pizten bada agintari eskudunen, egileen eta hartzaileen artean, edozein dela ere.

6. artikulua. Zerbitzu elektronikoetan sarbide izateko baliabideak.

1. Udal Administrazioak bere eskumenen esparruan ematen diren zerbitzu elektronikoetarako sarbidea bermatuko dio herritarrari hainbat kanaleko sistemaren bidez, eta honako baliabide hauekin gutxienez:

a. Buruz buruko harrerarako zehazten diren bulegoak: ordenantza honetan aitortzen diren eskubideak erabiltzeko baliabide eta tresnak herritarraren eskura jarriko dituzte, libreki eta dohainik jarri ere. Laguntza eta orientabidea izan beharko dute haien erabileraz, dela kokatuta dauden bulegoetako langileek emanda dela baliabide edo tresnari berari gehitutako sistemen bidez.

b. Sarbide elektronikorako guneak: zerbitzu eta erakunde publiko desberdinek sortu eta kudeaturiko egoitza elektronikoak dira, herritar guztien eskura daudenak, komunikazio sareen bidez.

Hona hemen sarbiderako gune orokorra, haren bidez, herritarrak, Udal Administrazioarekin dituen harremanetan, dagoen informazio guztia eta eskura dauden zerbitzu guztiak eskuratu ahal izateko: www.sedeelectronica.cendeadecizur.es

c. Telefonoz harrera egiteko zerbitzuak: aukera ematen dute, segurtasun irizpideek eta aukera teknikoek horretarako bidea ematen duten heinean, herritarrari aurreko ataletan aipatu diren informazio eta zerbitzu elektronikoetan sarbide emateko.

7. artikulua. Baliabide elektronikoen sustapena eta arrakala digitala ezabatzea

1. Udal Administrazioakneurriak hartu ahal izanen ditu herritarrak eskaera, prozedura eta administrazio tramite batzuk baliabide elektronikoen bidez egin ditzan bultzatzeko, aukera hori dagoenean. Ildo horretatik, Udal Administrazioak bere ordenantza fiskaletan jarduketa horiek zergapetzen dituzten zergetan hobariak eta salbuespenak ezarri ahal izanen ditu, zentzu horretan, indarrean dagoen ordenamenduak toki erakundeei jarduteko ematen dien esparruaren barnean. Zerga hobari eta salbuespen horien oinarria administrazio elektronikoko teknikak erabiltzeak dakarren eraginkortasuna izanen da, baita Udal Administrazioak baliabide elektronikoen bidezko jarduera horien tramitazioan erabilitako finantza baliabideetan gertaturiko aurrezkia ere.

2. Udal Administrazioak neurri egokiak hartuko ditu kolektibo baztertuenek, eta ezintasunak edo ekonomia, gizarte edo kultura mailan zailtasun bereziak dituzten herritarrek behar diren baliabideak izan ditzaten baliabide elektronikoen bidez eskainitako udal zerbitzuek berdintasun baldintzetan erabil ditzaten. Neurri horien artean jasotzen ahalko da prestakuntza dohainik ematea bide elektronikoen bidezko tramitazio administratiboaren gainean, herrian erroldaturiko herritar guztiendako zabalik, baita egoitza elektroniko nagusian dohainik sarbide izateko terminalak paratzea herriko toki ezberdinetan.

3. Betiere, bermatuko da kolektibo horietako kide izateagatik edo edozein zailtasun erantsi izateagatik baztertuak ez izatea edo inolako kalterik ez izatea pertsona horiek udal eskumeneko zerbitzu elektronikoak erabiltzeko tenorean, eta ahal den neurrian bederen, elektronikoen ordezko baliabideak edo kanalak erabiltzeko aukera emanen da horrelakorik dagoenean.

8. artikulua. Datuen transmisioa Administrazio Publikoen artean.

1. 5.2 b) artikuluan onarturiko eskubidea eraginkortasunez erabiltzeko, Udal Administrazioak bertze Administrazio Publikoei aukera emanen die interesdunen inguruan euskarri elektronikoan dituen datuetan sartzeko, eta datu horietan segurtasun eta osotasun berme handienekin sartzeko beharrezko baldintza, protokolo eta irizpide funtzional edo teknikoak zehaztuko ditu, Datu Pertsonalak babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta hura garatzen duen araudian zehaztutakoaren arabera.

2. Datu horien eskuragarritasuna hertsiki mugatuko da, izan ere gainerako Administrazio Publikoek beren eskumeneko prozedurak tramitatu eta erabaki beharrez haiek arautzen dituen araudiaren arabera herritarrari eskatzen dizkiotenak baizik ez dituzte eskuratuko. Era berean, eskatuko da, datu pertsonaletara sarbidea izateko, interesdunak baimena ematea Datu Pertsonalak babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan zehaztutako baldintzetan, edo lege maila duen arau batek halaxe baimentzea.

3. Artikulu honetan xedatzen denari dagokionez, Udal Administrazioak bertze Administrazio Publikoekin behar diren hitzarmenak sinatzen ahalko ditu haietako bakoitzak hartutako sistema eta moduen elkarreragingarritasuna bermatzeko eta, hartara, dokumentu elektronikoak eta legeak xedaturikora egokitzen diren identifikazio eta autentifikazio baliabideen elkarren onarpena bultzatzeko. Betiere, herritarrari zerbitzu egiteko printzipioan eta sinplifikazio administratiborako printzipioan oinarrituko dira lankidetza harreman horiek.

II. KAPITULUA

Tramite, zerbitzu eta prozedura elektronikoen katalogoa

9. artikulua. Kudeaketa elektronikoaren arloan prozedurarako eskuliburuak onestea.

1. Eskumena duten udal zerbitzuek zehaztuko dute, ukituriko alor funtzionalekin bat eta zerbitzu juridikoek txostena egin ondoan, zein diren segitu beharreko prozedurak baliabide elektronikoen bidez egin daitezkeen kudeaketa edo informazio tramite bakoitzerako, eduki funtzionalagatik dagokien alorrean. Behin prozedurak zehaztuta, dagokien eskuliburua onetsiko da alkatearen ebazpenaren bidez.

2. Prozedurarako eskuliburuak zehaztuko ditu erregistro telematikoan sartuko diren dokumentuak eta formatuak, baita horien funtzionamendurako baldintzak ere. Orobat islatuko ditu herritarrek elektronikoki egin nahi dituzten proiektuei, jarduerei edo eskaerei xedapenek ezartzen dizkieten baldintza juridiko edo teknikoak.

3. Tramite, zerbitzu eta prozedura elektronikoen katalogoa jendearen eskura egonen da Zizur Zendeako Udalaren egoitza elektroniko nagusian.

10. artikulua. Alorreko erreferenteak.

Aurreko artikuluan aipaturiko zerbitzuak Udalaren alor funtzionalekin modu egokian koordinatuko direla bermatzeko, herritarrari ahalik eta zerbitzu hoberena egin beharrez, kudeaketa elektronikoaren erreferentearen figura egonen da, eta honako eginkizun hauek izanen ditu:

a. Aitzineko artikuluan aipatu zerbitzuen eta kasuan kasuko alorraren arteko solaskide edo zubi lana egitea eta behar den sostengua ematea, eskatzen zaionean.

b. Aldaketak edo gehikuntzak proposatzea tramite, zerbitzu eta prozedura elektronikoen katalogoan, eskumenen aldetik bere alorrari dagozkionetan.

c. Udal zerbitzu eskudunak jakinaren gainean edukitzea herritarrari begira eragina izanik Alorrean egiten diren jarduketa guztiez, hala nola prozeduren tramitazio egoera, kexak eta erreklamazioak, iragarkiak, kanpainak, eta oro har, alorrak garatzen dituen jarduera guztiak.

d. Udalaren web orriaren bidez edo bertze edozein egoitza elektronikoren bidez herritarrak aurkeztutako eskariei erantzuna emateko behar diren jarduerak bideratu eta koordinatzea bere alorraren barnean.

e. Prozedurarako onesten diren eskuliburuak zuzen beteko direla kontrolatzea, eduki funtzionalari begira badagozkio.

BIGARREN TITULUA

Administrazio elektronikoaren araubide juridikoa

I. KAPITULUA

Egoitza elektronikoa

11. artikulua. Egoitza elektronikoak

1. Egoitza elektronikoak dira herritarraren eskura dauden helbide elektroniko guztiak, horiek posible egiten dituzten telekomunikazio sareen titularitatea, kudeaketa eta administrazioa Zizur Zendeako Udalaren organo, alor, administrazio entitate edo erakunde publiko bati bere eskumenak erabiltzean dagozkionean.

2. Zizur Zendeako Udala eta haren erakunde publiko desberdinak arduratuko dira egoitza elektroniko bakoitzaren bidez lor daitezkeen zerbitzuen eta informazioaren osotasunaz, egiazkotasunaz eta eguneratzeaz.

3. Udal zerbitzu eskudunek txostena egin ondotik ezarriko dira egoitza elektronikoak, interesa duen organo, unitate edo erakundeak eskatuta, publizitate, erantzukizun, kalitate, segurtasun, eskuragarritasun, irisgarritasun, neutraltasun eta elkarreragingarritasun printzipioei loturik. Egoitzaren titularraren identifikazioa ziurtatuko da beti, baita iradokizunak eta kexak egiteko baliabideen eskuragarritasuna ere.

4. Beharrezkoa denean, komunikazio seguruak izateko bidea emanen duten sistemak ezarriko dira egoitza elektroniko desberdinetan.

5. Zizur Zendeako Udalaren eta haren erakunde publikoen titulartasunekoak diren egoitza elektronikoetan informazioak, zerbitzuak eta salerosketak argitaratzean, irisgarritasun eta erabilgarritasun printzipioak errespetatuko dira, horri dagokionez ezarritako arauekin bat, baita estandar irekiak eta, hala behar badu, herritarrak erabili ohi dituenak ere.

6. Zizur Zendeako Udalean erregistro eguneratua edukiko da, egoitza elektronikoekin eta haien ezaugarriekin, haiek erabiltzeko baldintzekin eta haien titularrekin.

12. artikulua. Egoitza elektroniko nagusia.

1. Sarbide elektronikorako gune nagusia ezarri da udal administrazioaren egoitza elektroniko nagusitako, hau da: www.sedeelectronica.cendeadecizur.esEgoitza horretan, herritarren eskura jarriko da zerbitzuen zerrenda eta haietan sartzeko manera, eta Udal Administrazioaren eta haren erakunde publikoen gainerako sarbide elektronikorako guneekin koordinaturik egonen da, esteka zuzena izanen baitu haietara.

2. Ordenantza honen lehen xedapen gehigarrian xedatzen denaren arabera, egoitza elektroniko nagusia euskaraz eta gaztelaniaz egonen da, eta informazioak bertze hizkuntza batzuetan sartu ahal izanen dira hori interes orokorrekotzat hartzen denean.

3. Zizur Zendeako Udalaren Zerbitzu Orokorrak arduratuko dira Udal Administrazioaren egoitza elektroniko nagusiaz, eta haiei dagokie egoitza horien kudeaketa eta administrazioa, edukiari dagokionez, bertze udal alor eta zerbitzu batzuek izan ditzaketen eskumenak ukatu gabe.

13. artikulua. Iragarki edo ediktuen oholaren argitalpen elektronikoa.

1. Prozedura administratibo, arau juridiko edo ebazpen judizialaren arabera iragarki edo ediktuen oholean argitaratu behar diren egintzak eta jakinarazpenak egoitza elektroniko nagusian ere argitaratuko dira. Egoki juzgatzen denean eta legeak horretarako aukera ematen duenean, iragarki edo ediktuen oholean argitaratu beharrean egoitza elektroniko nagusian argitaratu ahal izanen da, baina horretaz ohartaraziko da gaur egun iragarki oholerako dagoen espazio fisikoan.

2. Egoitza elektroniko nagusiaren bidez kontsultatu ahal izanen da iragarki ohol elektronikoa, eta Zizur Zendeako Udalak udalerriko hainbat tokitan paratu terminalen bidez sartu ahal izanen da hartan. Betiere bermaturik egonen da herritar guztiek sarbidea izatea, baita behar den laguntza ere hura kontsultatzeko. Ez da eskatuko herritarraren nortasuna egiaztatzeko mekanismo berezirik, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legeren 61. artikuluan xedatuaren arabera, iragarki ohol elektronikoan laburki argitaratutako egintza publiko baten eduki osoa lortu nahi den kasuetan izan ezik, pertsona horiek bidezko interesa egiaztatzen dutenean hori jakiteko.

3. Iragarki ohol elektronikoa Udal Administrazioaren egoitza elektroniko nagusian nahi duenaren eskura egonen da egunaren 24 orduetan, urteko egun guztietan. Arrazoi teknikoak direla-eta ediktu taula elektronikoa ez dela ibiliko aurreikusten denean, erabiltzaileei horren berri emanen zaie ahalik eta azkarren, ohola kontsultatzeko eskura dauden ordezko baliabideak zein diren adierazita.

4. Edukiaren benetakotasuna, osotasuna eta kontserbazioa ziurtatuko duten sistemak eta mekanismoak izanen ditu ediktu ohol elektronikoak, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 45.5 artikuluan aurreikusitako baldintzetan. Bereziki, epeak kontatzeari dagokionez, ediktuen argitalpenaren data eta ordua egiaztatuko duen mekanismoa ezarriko da.

II. KAPITULUA

Informazio eginkizuna eta haren hedapena
baliabide elektronikoen bidez

14. artikulua. Informazio orokorra.

Egoitza elektroniko nagusiaren bidez eta inolako identifikaziorik gabe, herritarrek sarbidea izanen dute, nahi dutenean eta gau eta egun, honako informazio honetan:

a. Udal Administrazioa osatzen duten zerbitzu, erakunde eta administrazio unitateen identifikazio, helburu, eskumen, egitura, funtzionamendu, kokaleku eta arduradunen ingurukoa.

b. Herritarrak egin nahi dituen proiektu, jarduera edo eskariei xedapenek ezartzen dizkieten baldintza juridiko edo teknikoei dagokiena.

c. Udal Administrazioak egiten dituen zerbitzuen katalogo orokorra, prozeduren tramitazioari, zerbitzu publikoei eta prestazioei buruzko informazioaz gainera, eta Administrazio Publikoekiko harremanean herritarrak jakin beharreko bertze datu guztiak, herritarrarendako interes handiena duten udalez kanpoko zerbitzu eta tramiteei buruzkoak osaturik.

Adibide gisa, Udal Administrazioak honako informazio hau argitaratuko du:

-Udal zerbitzuen katalogo orokorra.

-Gobernu organoen akordioak, haiek izan ditzaketen datu pertsonalak ezkutatzea deusetan ukatu gabe.

-Ordenantzak eta Udalaren gainerako arauak, ordenantza fiskalak barne.

-Udalaren aurrekontua eta onetsiriko kontu orokorrak.

-Hirigintzaren planeamenduaren bitartekoak.

-Informazio publikoaren iragarkiak.

-Kontratazio administratiborako prozedurak, Kontratazio Administratiboari buruzko Foru Legean kontratugileaz zehaztutako soslaiaren bitartez.

-Diru-laguntzak emateko prozedurak.

-Langileak aukeratzeko prozedurak.

-Udal tramite eta prozeduren inprimakiak eta galdetegiak.

-Udal kale-izendegia.

d. Prozeduraren, edo haren zati baten ezagutza, informazio publikoan, herritarrak egoki iruditzen zaizkion alegazioak egiteko aukera izanik.

e. Herritarrak parte hartzeko prozedurak.

f. Gaztigu, kexa eta iradokizunen postontzia.

g. Herritarrarendako interes orokorrekoak diren kontu edo aferak, herritarraren bizi kalitatea hobetzen lagun dezaketenak eta gizartean eragin berezia dutenak barne, hala nola alor hauetakoak: osasuna, kultura, hezkuntza, gizarte zerbitzuak, ingurumena, garraioa, merkataritza, kirola eta aisialdia.

15. artikulua. Udaleko Informazio Aldizkaria.

Zizur Zendeako Udalak, bere egoitza elektroniko nagusiaren bidez, herritarraren eskura jarriko du, jakin eta kontsulta dezan, Udaleko Informazio Aldizkaria. Haren barnean sartuko da hartutako erabaki eta emandako ebazpen guztien laburpena eta, gainera, bizilagunei egiten zaizkien deiak, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearekin eta hura garatzeko arauekin bat haien zabalkundea nahitaezkoa bada, edo zabalkundea egitea onuragarria bada. Horiez gain, aipu eta pasarte historikoak argitaratuko dira, herrikoak nahiz probintziakoak.

16. artikulua. Informazio partikularra.

1. Informazio partikularra izanen da tramitean dauden prozeduren egoera edo edukiei dagokiena, eta, Administrazioaren zerbitzuan egonik, prozedura horien tramitazioaren ardura duten agintari eta langileen identifikazioari dagokiona.

2. Hurrengo kapituluan zehaztutako baliabideen bidez egiaztatu ondoan, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 45. artikuluan aurreikusitakoaren arabera interesdun izaera aitortzen zaien pertsonek baliabide elektronikoak erabili ahal izanen dituzte honako hauetarako:

a. Prozeduraren tramitazio egoeraren berri noiznahi izateko.

b. Espedientean jasotzen diren agirietan sarbide izateko.

c. Entzute tramitean parte hartzeko, egokitzat hartzen diren dokumentuak eta justifikazioak alegatu eta aurkeztu beharrez.

III. KAPITULUA

Identifikazioa eta autentifikazioa

17. artikulua. Identifikazio eta autentifikazio moduak.

1. Herritarrak sinadura elektronikoaren sistema hauek erabiltzen ahalko ditu Udal Administrazioarekin telematikoki harremanetan jartzeko:

a. Sinadura elektronikorako Nortasun Agiri Nazionalean jasotako sistemak, pertsona fisikoentzat. Berariazko araubide bat izanen da horien erabilera eta ondorioak arautzeko.

b. Sinadura elektroniko aurreraturako sistemak, ziurtagiri elektroniko onartuan oinarrituak barne. Tramitazio elektronikorako une bakoitzean onarturiko sinadura elektroniko aurreratuaren sistemen zerrenda eta ezaugarriak eskura egonen dira egoitza elektroniko nagusian, kasu bakoitzean ziurtagiri elektroniko horiek luzatzen dituzten emaileak zehaztuta.

2. Bertzalde, Udal Administrazioak honako sistema hauek erabili ahal izanen ditu autentifikazio elektronikorako eta egiten dituen dokumentu elektronikoak egiaztatzeko:

a. Sinadura elektronikorako sistemak, gailu seguru edo ertaineko ziurtagirien erabileran oinarrituak, egoitza elektronikoa identifikatu eta harekin komunikazio seguruak egin ahal izateko; udal idazkariak eskatu beharko dizkio sistemaren hornitzaileari.

b. Sinadura elektronikorako sistemak, administrazio jarduera automatizaturako; udal idazkariak eskatu beharko dizkio sistemaren hornitzaileari, 35. artikuluan xedaturikoa bete ondoan: ziurtagiri elektronikoan oinarrituriko zigilu elektronikoa eta egiaztatzeko kode segurua. Udal Administrazioak erabiltzen dituen zigilu elektronikoen zerrenda publikoa izanen da, ziurtagiri elektronikoen ezaugarriak eta horiek luzatzen dituztenak barne;egoitza elektroniko nagusian izanen da hartarako sarbidea. Gainera, dagokion egoitza elektronikoan sartzean, elektronikoki sortzen diren dokumentuen osotasuna egiaztatzeko bidea izanen da udal erregistroetan dagoenaren froga edo egiaztapen gisa, egiaztatzeko kode seguruaren bidez.

c. Udal Administrazioaren eta haren erakunde publikoen zerbitzuko langileen sinadura elektronikoa. Horri dagokionez, Zizur Zendeako Udalak sinadura elektronikorako sistemez hornituko ditu bere langileak, batera identifikatzeko zein den postu edo karguaren titularra eta zer administrazio edo organotan egiten duen zerbitzu; udal idazkariak eskatu beharko dizkio sistemaren hornitzaileari. Behar izanez gero, langile horiek Nortasun Agiri Nazionalean oinarrituriko sinadura elektronikoa erabili ahal izanen dute agindu honetan xedatzen denari dagokionez.

d. Datuen truke elektronikoa komunikazio inguru itxietan. Komunikazio inguru itxietan helarazitako dokumentu elektronikoak baliozkoak izanen dira igorleen eta hartzaileen autentifikazio eta identifikaziorako. Ondorio horietarako, inguruaren segurtasuna eta helarazitako datuen babesa ziurtatuko dira.

Alkatetzaren ebazpenaren bidez, onetsi beharko dira, Udal Administrazioaren barnean, baimendutako igorle eta hartzaileen zerrenda eta trukatu beharreko datuen izaera. Trukea bertze Administrazio Publiko batekin egiten denean, informazioa helarazte horrek arau izanen dituen baldintzak eta bermeak finkatuko dira aitzinetik, horretarako sinaturiko hitzarmenean.

18. artikulua. Ziurtagiri elektronikoen bidezko identifikazioaren eta autentifikazioaren elkarreragingarritasuna.

1. Zizur Zendeako Udalak berarekin modu elektronikoan harremanetan jartzeko baliozkotzat hartuko ditu ziurtatze zerbitzuaren egileek luzaturiko ziurtagiri elektroniko onartuak, baldin eta ziurtatze zerbitzuak egiten dituen horrek lehenbizikoaren eskura jartzen badu behar den informazioa, teknologikoki bideragarriak diren baldintzetan, eta harendako inolako kosturik gabe.

2. Administrazio Publikoren batek erabili edo onarturiko sinadura elektronikorako sistemak ez badira aurreko atalean aipatu diren ziurtagirietan oinarritzen, Zizur Zendeako Udalak onar litzake soilik hala adosten badu delako Administrazio horiekin, elkarren onarpenaren printzipioarekin bat eta elkarrekikotasun printzipioarekin bat.

3. Zizur Zendeako Udalak behar diren bideak jarriko ditu, bere eskumen esparruan onarturiko ziurtagiri guztien baliogabetze egoera eta sinadura egiaztatzeko.

19. artikulua. Funtzionario publikoen identifikazio eta autentifikazio lana.

1. Baliabide elektronikoen bidez edozein tramitazio egiteko, kapitulu honetan ezarritako sinadura elektronikoaren tresnaren baten bidez herritarraren identifikazioa edo autentifikazioa eskatzen denean, eta hark horrelakorik ez duenean, identifikazio edo autentifikazio hori modu baliozkoan egin ahal izanen dute funtzionario publikoek, udal idazkariak horretarako ahalmena eman ondoan, sinadura elektronikorako horniturik dauden sistemaren bidez. Horretarako, herritarrak bere burua identifikatu beharko du eta berariaz baimena eman, eta hori jasota geratuko da desadostasunak edo auziak sortzen direnerako.

2. Udalak, artikulu honetan arauturiko identifikazioa edo autentifikazioa egiteko ahalmena duten funtzionarioen erregistroa eguneratua izanen du.

20. artikulua. Tramitazio elektronikorako ordezkapena.

1. Herritarra ordezkarien bitartez aritzen ahalko da Udal Administrazioan baliabide elektronikoen bidez egiten diren prozedura eta tramite administratiboetan, legeria orokorrak aurreikusten duenari eta ordenantza honek ezartzen duenari jarraikiz. Hala bada, jarduteko ahalmen osoa duen eta sinadura elektroniko onartuaren ziurtagiria duen edozein pertsona fisikok, bertze pertsona fisiko edo juridikoak ordezkatu ahal izanen ditu baliabide elektronikoaren bidez Zizur Zendeako Udalean egiten diren prozedura eta tramite administratiboetan. Kasu horietan, eginiko jarduketak baliozkoak izan daitezen, ordezkaritza egiaztatu beharko da, Zizur Zendeako Udalak noiznahi eska baitezake hori.

2. Zizur Zendeako Udalari dagokionez bertze pertsona fisiko edo juridikoen ordezkari gisa aritu nahi duen pertsona fisikoak, honako bide hauetatik egiaztatuko du ordezkaritza hori:

a. Notarioaren aitzinean egiaztaturiko sinadura duen dokumentu publiko edo pribatuaren bidez, ordezkatua pertsona juridikoa denean edo epailearen erabakiz desgaitutako pertsona fisikoa denean (legezko ordezkaritza).

b. Ordezkatua eta ordezkaria, biak, eskumena duen administrazio organoaren aitzinean agertuta, ordezkatua jarduteko gaitasun osoa duen pertsona fisikoa denean (borondatezko ordezkaritza).

3. Aitzineko puntuan xedatua deusetan ukatu gabe, Udalak ordezkarien errolda eratzen ahal du tramitazio telematikorako, beren jarduera profesionalagatik Zizur Zendeako Udalarekin tramitazio administratiboak hirugarren pertsonen izenean egiten dituzten pertsona juridikoen legezko ordezkariek osaturik hura. Pertsona horiek, ordezkarien erroldako kide izatean, pertsona fisiko zehatzen ordezkaritzen altak eman ahal izanen dituzte, horretarako dokumentu egokian haiek behar diren baimena eman ondotik.

4. Ordezkaritza Zizur Zendeako Udalarekin lotzen dituzten tramite guztietarako eman ahal izanen da orokorrean, edo soilik tramite bat edo batzuk egiteko, aurkeztutako egiaztagirian jasotakoari edo ordezkaritza emateko egintzan ordezkatuak adierazitakoari jarraikiz.

5. Emaniko ordezkaritza hori aldi baterako edo denbora mugarik gabe izan daiteke; ordezkatuak geroago baliogabetzen duen arteko balioa izanen du, azken kasu horretan.

21. artikulua. Tramitazio elektronikorako ordezkarien erregistroa.

1. Zizur Zendeako Udalak Tramitazio elektronikorako ordezkarien erregistroa izanen du, interesdunek modu baliozkoan egiten dituzten inskripzio guztiak jaso beharrez.

2. Eskumena duen organoak eredu normalizatua onartuko du Tramitazio elektronikorako ordezkarien erregistroan alta, aldaketa edo baja eskaerak egiteko, eta hura betetzea ezinbertzeko baldintza izanen da ordezkaritza aipatu Erregistro horretan inskribatzeko. Ordezkaritzaren inskripzioaren iraupen epea eta haren norainokoa jasoko ditu.

3. Tramitazio elektronikorako ordezkarien erregistroan alta, aldaketa edo baja egiteko eskaerak, Zizur Zendeako Udalak hiru hilabeteko epean berariaz erabakiko ditu, eta baietsitzat joko dira epe horretan ez bada berariazko ebazpenik ematen.

22. artikulua. Interesdunak bat baino gehiago direnean.

Eskaera telematiko batean interesdun bat baino gehiago dagoenean, eskaera hori elektronikoki sinatuko dute guztiek, eta espresuki adierazten denarekin eginen dira jarduketak, edo bertzenaz, lehen sinatzaile gisa agertzen den interesdunarekin.

IV. KAPITULUA

Erregistro telematikoa

23. artikulua. Erregistro telematikoa

1. Xedapen honen bidez, erregistro telematikoa sortuko da Zizur Zendeako Udalean, Erregistro Orokorraren lagungarri, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.2 artikuluan aurreikusitako baldintzetan. Erregistro telematiko horrek dokumentu elektroniko normalizatuak jaso eta igortzeko gaitasuna izanen du, eta Zizur Zendeako Udalaren Erregistro Orokorrean sartuko da ondorio guztietarako.

2. Baliabide elektronikoen bidez bakar-bakarrik aurkezten ahalko dira interesdunen eskaera, jakinarazpen eta idatziak, baldin eta, formatu elektroniko normalizatuan, aldez aurretik zehaztu diren eta Zizur Zendeako Udalaren egoitza elektroniko nagusian jendearen eskura dauden tramite eta prozedura elektronikoen katalogoan behar bezala jasota badaude. Egoki juzgatzen diren dokumentu elektronikoak erantsi ahal izanen dira, betiere baldin eta elkarreragingarritasun eta segurtasun eskema nazionaletan zehazten diren formatu estandarrak eta segurtasun baldintzak betetzen badituzte.

3. Edozein erregistro telematiko sortzeko akordioa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, eta haren testu osoa kontsultatu nahi duenaren eskura egonen da egoitza elektroniko nagusian. Erregistro telematiko horiek sortzeko xedapenek zehaztuko dute zein den haien kudeaketaren ardura duen organo edo administrazio unitatea, baita data eta ordu ofiziala zein diren ere eta orobat egun baliogabeak. Nolanahi ere, erregistro telematikoari ez zaio aplikatuko Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 48.5 artikuluan xedatua.

4. Erregistro telematikoan, egunak dituen 24 orduetan egonen da sarbidea, urteko egun guztietan. Sinadura elektronikorako onartzen diren sistema aurreratuen erakunde hornitzaileetako batek emaniko denbora-zigilatzearen bidez egiaztatuko dira sartutako eguna eta ordua. Zigilatze hori teknikoki ahalik eta denbora laburrenean eginen da Udalaren egoitza elektronikoan eskaera osoa jasotzen den unetik hasita, eta horiexek izanen dira legezko epeak kontatzeko kontuan hartuko diren eguna eta ordua. Epea kontatzeari dagokionez, egun baliogabe batean jasotzen dena hurrengo lehen egun balioduneko lehen orduan jaso dela ulertuko da, egun baliogabean jasotzeko berariazko aukera emanen lukeen arau bat egotea ukatu gabe. Nolanahi ere, sarbideko egoitza elektronikoaren denbora-zigilatzearen zerbitzariaren data eta ordu ofizialei jarraituko die erregistro telematikoak, eta behar diren segurtasun neurriak izanen ditu haren osotasuna segurtatzeko eta agerian egoteko.

5. Irteerako erregistro telematikoa egunak dituen 24 orduetan ibiliko da, urteko egun guztietan. Irteera data frogatuko da data eta ordua modu elektronikoan paratzeko zerbitzu baten bidez, ordenantza honen 36. artikuluan definitzen den interesdunaren web pertsonaleko postontzian jakinarazpena uzteko prozedura hasten den egunarekin bat eginez, jakinarazpen elektronikorako ezarritakoari jarraikiz. Epea kontatzeari dagokionez, erregistro telematikoan egun baliogabe batean jasotzen den idatzi edo jakinarazpenaren irteeraren oharra hurrengo lehen egun balioduneko lehen orduan jaso dela ulertuko da, une horretan hasiko baita formalki haren jakinarazpena, egun baliogabean bidaltzeko berariazko aukera emanen lukeen arau bat dagoenean izan ezik.

6. Sarbideko erregistro telematikoak interesdunek aurkeztutako dokumentu elektronikoen harreraren egiaztagiria emanen du automatikoki. Inskribatu den data eta ordua azalduko dira agiri horretan, baita dagokion agindu zenbakia ere, osotasuna eta aurkeztutako dokumentuak ez arbuiatzea bermaturik betiere. Nolanahi ere, Udal Administrazioak jaso duen dokumentuaren formatua birmoldatzen ahalko du hura irakurri, jaso eta artxibatzeko beharrezkotzat hartzen duenean, haren funtsezko edukia aldatu gabe.

7. Mantentze tekniko edo operatiboko arrazoi justifikatuak daudenean baizik ez da eteten ahalko erregistro telematikoaren eskuragarritasuna, eta soilik haiek konpontzeko behar den denboran. Arrazoi teknikoengatik erregistroa ez dabilenean, erabiltzaileei horren berri eman beharko zaie ahalik eta azkarren eta egoera horrek irauten duen bitartean. Erregistro telematikoaren funtzionamendua iragarri gabe eteten bada, horretaz ohartarazten duen mezua ikusiko du erabiltzaileak.

24. artikulua. Kanpokoen erregistro telematikoa.

Lankidetza hitzarmen egokia sinatu ondotik, erregistro telematikoa sortzen ahalko da bertze Administrazio Publiko batzuen eskumeneko eskaerak, idatziak eta jakinarazpenak jasotzeko.

25. artikulua. Erregistro telematikorako egun baliogabeak.

1. Erregistro telematikorako eta haren erabiltzaileendako, egun baliogabeen urteko egutegian lurralde nazional osorako ezartzen diren egunak baizik ez dira izanen baliogabe, baita Nafarroako Foru Komunitateko lurralde esparruan eta Zizur Zendeako udalerrian tokiko jaiegun gisa deklaratuak ere.

2. Egoitza elektroniko nagusian agertuko dira urte zehatz bakoitzeko egun baliogabeak.

V. KAPITULUA

Komunikazio elektronikoak

26. artikulua. Komunikazio elektronikoak.

1. Udal Administrazioarekin harremanetan jartzeko herritarrak duen eskubidea bermatzeko, telematika bidezko komunikazioa bermatuko da, ondorio juridiko osoekin, ordenantza honek ezartzen duenaren babesean.

2. Lege mailako arau batek elektronikoa ez den baliabide bat erabiltzeko agintzen duenean izan ezik, herritarrak noiznahi hautatzen ahalko du Udal Administrazioarekin baliabide elektronikoaren bidez komunikatzeko manera. Baliabide batzuen edo bertzeen bidez komunikatzeko hautuak ez du herritarra lotuko, honek noiznahi hautatzen ahalko baitu hasieran hautatu ez bertzeko baliabidea.

3. Herritarrak berariaz eskatu edo onartu duenean baizik ez du Udal Administrazioak baliabide elektronikoak erabiliko herritarrarekiko komunikazioetan.

4. Baliabide elektronikoen bidez eginiko komunikazioak baliozkotzat hartuko dira betiere baldin eta gelditzen bada egiaztatuta eta jasota bidali direla eta jaso direla eta haiek egin diren eguna eta komunikazioen eduki osoa, baita modu fedemailean identifikatzen badira igorlea eta hartzailea ere.

5. Udal Administrazioak baliabide elektronikoen bidez eginiko komunikazioen segurtasuna eta osotasuna begiratuko ditu, neurri egokiak ezarrita haien xede diren datuen izaeraren arabera.

6. Berarekin komunikatzeko eskubidea erabiltzeko herritarrek eskura dituzten baliabide elektronikoen berri emanen du Udal Administrazioak bere egoitza elektroniko nagusian.

27. artikulua. Hainbat komunikazio egiteko baliabide elektronikoak nahitaez erabili beharra.

1. Ordenantza honek Alkatetzari ahala ematen dio, behar den ebazpenaren bidez, Udal Administrazioarekin komunikatzeko baliabide elektronikoak soilik nahitaez erabili beharra ezartzeko, baldin eta ukituriko hartzaileak edo igorleak pertsona juridikoak badira, komunikazioak prozedura administratiboetatik kanpo egiten badira eta komunikazioen helburuak ez badu, inolaz ere, alderdien eskubideak murriztu edo galtzea eragiten. Kasu horietatik aparte, izaera orokorreko xedapen bat onartu beharko da Udal Administrazioarekin komunikatzeko baliabide horiek nahitaez erabili beharra zehazteko.

2. Zizur Zendeako Udalak baliabide elektronikoen erabilera bultzatuko du bertze Administrazio Publikoekiko komunikazioetan, ordenantza honen 8. artikuluan xedatua ukatu gabe bertze Administrazio batzuen esku dauden datuetarako sarbide elektronikoa erabakitzeko aukerari dagokionez.

HIRUGARREN TITULUA

Prozeduren kudeaketa elektronikoa

I. KAPITULUA

Jarduteko printzipioak prozeduren kudeaketa elektronikoan

28. artikulua. Baliabide elektronikoen aplikazioa prozeduren kudeaketan.

1. Lan prozesuetan eta prozeduren eta administrazio jardueraren kudeaketan baliabide elektronikoak aplikatzeko tenorean, irizpide hauek hartuko dira kontuan: eraginkortasuna, herritarrarekiko zerbitzua eta sinplifikazio administratiboa.

2. Udal administrazioaren jardueraren kudeaketa elektronikoak beti errespetatuko ditu eskumenaren titulartasuna eta erabilera, eskumen hura esleiturik duen Administrazio, organo edo erakundearen aldetik, eta orobat beteko ditu jarduera bakoitzaren gaineko arauetan zehazten diren baldintza formal eta materialak.

29. artikulua. Kudeaketan baliabide elektronikoak aplikatzeko aurretiazko baldintzak

1. Administrazio prozeduren kudeaketan baliabide elektronikoak aplikatzeko, ordenantza honen 9. artikuluan zehaztutako mekanikari jarraituko zaio; aurretiaz, prozedura, prozesu edo zerbitzuaren diseinu berriaren eta sinplifikazioaren azterketa beharko da, eta Udalaren zerbitzu juridikoek ikus-onetsia emanen diote onetsi aitzin.

2. Azterketa horretan honako alderdi hauek hartuko dira kontuan bereziki:

-Herritarrari eskaturiko dokumentazioa kendu edo murriztea, datuekin, datuen igorpenekin edo ziurtagiriekin ordezkatuta, edo haren ekarpenaren arauketa tramitazioa bururatzean.

-Parte hartzeko, gardentasunerako eta informaziorako baliabideak edo tresnak aurreikustea.

-Epeak, alferrikako tramiteak eta erantzuteko denborak murriztea.

-Lan kargen eta barne komunikazioen banaketa arrazionalizatzea.

II. KAPITULUA

Prozeduren tramitazioan baliabide elektronikoak erabiltzea

30. artikulua. Baliabide elektronikoen bidezko prozeduraren hastapena.

1. Interesdunak halako administrazio prozedura batzuei hasiera ematen ahalko die baliabide elektronikoen bidez, tramite, zerbitzu eta prozedura elektronikoen katalogoan jasotako udal zerbitzuetatik etorriak badira. Horretarako, bere burua identifikatu eta autentifikatu beharko du, ordenantza honetan aurreikusitako sistemen bidez, eta egoitza elektroniko bagusian dagoen administrazio elektronikoaren atarian sartu.

2. Betiere, telematikoki hasten diren eskaerek Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/92 Legearen 70.1 artikuluan, edo hura ordezkatzen duen araudian ezarritako baldintzak beteko dituzte.

3. Eskaera hauetan interesdunak bere eskura dituen dokumentuen kopia digitalizatuak jaso ahal izanen ditu; horien jatorrizkoarekiko fideltasuna bermatuko du sinadura elektroniko aurreratuaren sistemaren bidez. Udal Administrazioak aurkeztutako kopien edukia jatorrizkoarekin erkatzeko eskatu ahal izanen dio dagokion artxiboari. Salbuespen gisa, eta soilik erkatze hori egin ezin denean, eskatu ahal izanen dio interesdunari jatorrizko dokumentua edo informazioa erakusteko.

4. Kopia horiek aurkezteak erran nahi du Udal Administrazioari baimena ematen zaiola dokumentu horietan jasotako informazio pertsonalean sartu eta erabiltzeko.

5. Prozeduren eskuliburuetan behar bezala zehazten denetan, Udal Administrazioak bultzatuko du baldintzak betetzen direla egiaztatzen duten dokumentuak aurkeztu beharrean interesdunak erantzukizunpeko adierazpena egin dezan, bertan adierazita baldintza horiek betetzen direla eta Administrazioak eskatuta behar diren agiriak aurkezteko konpromisoa hartzen duela.

6. Haien erabilera erraztu eta bultzatzeko egoki juzgatzen denean, administrazio elektronikoaren ataria eskatzeko sistema normalizatuek izaten ahalko dituzte aurkeztutako informazioa bere sistemetan edo bertze Administrazio batzuen sistemetan jasotako datuekin bat heldu ote den ikusteko egiaztapen automatikoak, bai eta eskaintzen ahalko ere galdetegi elektronikoaren eremuak beteta, osorik edo zati batean, interesdunak informazioa egiazta eta, hala behar badu, alda eta osa dezan.

31. artikulua. Baliabide elektronikoen bidezko prozeduraren instrukzioa.

1. Zizur Zendeako Udalak aplikazio eta informazio sistemen erabilera bultzatuko du espedienteak eta prozedurak modu elektronikoan instruitzeko, horien kudeaketa errazagoa eta eraginkorragoa izan dadin. Sistema horiek denbora eta epeen kontrola eta prozeduren ardura duten organoen identifikazioa bermatuko dute, baita espedienteen tramitazio antolatua ere. Sinadura elektronikorako ordenantza honen 17.2 c) artikuluan aipaturiko sistemak sartuko dira tramitazio horretan, ahal denean.

2. Prozeduren instrukzio elektroniko horretatik esku hartzen duten organo eta unitateen arteko komunikazioak sortzen badira, txostenak eta bertze jarduera batzuk igorri eta jasotzeari dagokionez, ordenantza honen 27. artikuluan ezarritako baldintzak beteko direla bermatuko da.

3. Halaber, prozedura edo jarduera administratibo batean baliabide elektronikoak erabilita alegazioak aurkezteko edo entzute tramitea egiteko aukera jasotzen bada, Udal Administrazioak bermatuko du beteko direla bai aurreko paragrafoan aipaturiko artikuluan xedatua bai ordenantza honek jakinarazpen elektronikoetan aritzeaz den bezainbatean egiten dituen aurreikuspenak.

32. artikulua. Interesdunak tramitazio egoeraren inguruko informazioan sarbide izatea.

1. Aplikatu beharreko araudiak informazio honi murrizketak ezartzen dizkionean izan ezik, herritarrak jakiten ahalko du, ordenantza honen bigarren tituluaren III. kapituluan aurreikusitako sistemen bidez bere burua identifikatu eta egiaztatu ondoan, titular, ordezkari baimendu edo interesdun gisa ageri den edozein espedienteren tramitazio egoera, sarrera murriztuko zerbitzu elektronikoaren bidez; administrazio elektronikoaren atariaren bidez izanen da hartan sarbide.

2. Espedienteen tramitazio egoeraren gaineko informazioak eginiko tramite egintzen zerrenda jasoko du, adierazita haren edukia zein den eta zein egunetan eman ziren, eta horrez gain, aipaturiko tramite ekintza horietako bakoitzean sortu ziren dokumentuen on-line sarbidea.

3. Aitzineko paragrafoetan deskribaturiko informazioaz gainera, berak egindako idatzi, komunikazio eta eskaera guztien zerrenda lortu ahal izanen du herritarrak, horiek Udal Administrazioaren sarrera erregistroan jasota geratu badira, baita handik igorri zaizkion komunikazio eta ofizio guztiena ere horiek irteera erregistroan jasota geratu badira.

4. Nolanahi ere, Udal Administrazioak tramitazio egoeraren inguruko oharrak bidali ahal izanen dizkio interesdunari, hartu-emanetarako hark adierazitako helbide telematikoetara edo horretarako aukera ematen duen bertze edozein bidetatik.

33. artikulua. Baliabide elektronikoen bidezko prozeduraren amaiera.

1. Baliabide elektronikoen erabileraren bidez prozedura bati amaiera ematen dion ekintza edo erabakiak beteko ditu Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 89. artikuluan aurreikusi baldintzak.

2. Baliabide elektronikoak erabilita ebatzitako prozedura batek bermatuko du eskumena duen organoaren nortasuna, ordenantza honetan horretarako aurreikusitako tresnetakoren bat erabilita.

3. Ordenantza honen 9. artikuluan aurreikusitako prozeduren eskuliburuan ebazpenak modu automatizatuan hartu eta jakinarazteko aukera aurreikusi ahal izanen da, hori posible denean.

34. artikulua. Administrazio jarduketa automatizatua.

1. Jarduketa automatizatuaren kasuan, Udal Administrazioak ezarriko ditu, aitzineko artikuluak aipatu prozeduren eskuliburuan, zein organok du(t)en eskumena zehaztapenak, programazioa, mantenua, gainbegiratzeak eta kontrol kalitatea egiteko, eta hala behar badu, informazio sistemaren eta haren iturri kodearen ikuskaritza egiteko.

2. Eskuliburu horretan adieraziko da, era berean, erabakien inpugnazioez den bezainbatean erantzuletzat hartuko den udal organoa zein den.

35. artikulua. Baliabide elektronikoen bidezko jakinarazpena.

1. Udal Administrazioak jakinarazpenak baliabide elektronikoen bidez egin ahal izanen ditu baldin eta interesdunek, sinadura elektroniko onartuaren jabe izanik, sistema hori onartzen dutela adierazi badute; bai beren eskaera, idatzi edo komunikazioan jakinarazpenak jasotzeko lehentasunez baliabide telematikoa hautatu dutelako, edo haren erabilera berariaz onartu dutelako, baliabide elektronikoen bidezko komunikazioak nahitaez egin beharraz ordenantza honetan xedatua ukatu gabe.

2. Sinadura elektroniko onartuaren ziurtagiriaren titularrak, ordenantza honetan xedatuaren arabera bere burua identifikatu eta egiaztatu ondoan, administrazio elektronikoaren udal atarian sartzen bada edozein tramitazio egiteko, bere postontzia izanen du web pertsonalean, eta horren indarraldia mugagabea izanen da. Web pertsonalaren postontzi hori desgaiturik geldituko da, jakinarazpen telematikoak egiteko soilik, titularrak berariaz eskatzen badu kentzeko edo aldatzeko, pertsona fisikoaren heriotzaren kasuan edo nortasun juridikoa deuseztatu bada, ebazpen administratibo edo judizial batek aurkakoa agintzen duenean edo jakinarazpenak egiteko bide hori erabili gabe hiru urte iragan badira, azken kasu honetan interesdunari jakinaraziko zaio sistema jardunean edukitzen jarraitzeko interesa azaldu ahal izateko.

3. Jakinarazpen telematikoa legezko ondorio guztietarako egin dela ulertuko da web pertsonalaren postontzian jakinarazpenaren edukira sar daitekeen unean, interesdunaren sinadura elektronikoa sartu ondoan. Horretarako, Zizur Zendeako Udalak, interesdunari aitzinetik jakinarazten ahalko dio, ezartzen diren baliabide osagarrien bidez, web pertsonalaren postontzian jakinarazpen bat dagoela; betiere ahaleginak eginen dira teknologia berriak (NTIC?s) erabiltzeko, interesdunarekiko komunikazioa ahalik eta gehien erraztu beharrez.

Egin den eguna eta orduak egiaztatuko ditu jakinarazpen sistemak:

a) Jakinarazpena interesdunaren web pertsonalean jartzea.

Jakinarazpena web pertsonaleko postontzian uzten denetik hamar egun natural iragaten badira haren edukian sartu gabe, posta arruntaren bidez igorriko da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legearen 59. artikuluarekin bat, salbu eta ofizioz edo hartzaileak eskatuta frogatzen bada web pertsonaleko postontzian sartzeko ezintasun tekniko edo materiala dagoela.

b) Jakinarazpenaren edukian sartzea.

Jakinarazpenaren edukian sartu ondotik eta denbora-zigilatzea (data eta ordua) sortu eta gero, hartu izanaren agiria balitz bezala, jakinarazpenak dituen legezko epeak kontatzen hasiko dira.

Jakinarazi nahi den egintzak berekin badakar administratuak ordainketa bat egiteko beharra, eta hau, sinadura elektronikoa jarri ondoan, bere web pertsonalaren postontzian dagokion zerga likidazioaren edukian sartu bada, ulertuko da ekintza horren jakinarazpena egin dela arestian aipaturiko ordainketa hori egin denetik.

c) Aurreko inguruabar horietakoren bat ezinezko egiten duen edozein arrazoi tekniko.

4. Prozeduren tramitazioan, interesdunak dagokion organoari eskatu ahal izanen dio handik aitzinako jakinarazpenak baliabide elektronikoen bidez ez egiteko, kasu horretan Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 59. artikuluan onarturiko edozein baliabide erabili beharko da, baliabide elektronikoen bidezko komunikazioak nahitaez egin beharraz ordenantza honetan xedatua ukatu gabe.

36. artikulua. Segurtasuneko Eskuliburua.

1. Tramitazio telematikoaren euskarritako balio duten aplikazio informatikoak prestatzeko Segurtasuneko Eskuliburuak segurtasun neurriak edukiko ditu, orokorrak, teknikoak nahiz antolakuntzakoak, segurtatzen dutenak bermeak beteko direla informazioaren benetakotasunaz, osotasunaz, konfidentzialtasunaz, eskuragarritasunaz eta kontserbazioaz den bezainbatean, ordenantza honetan xedatuarekin bat.

2. Alkatetzaren ebazpenaren bidez onetsiko da Segurtasuneko Eskuliburua; hartan finkatuko da liburuaren aurreikuspen bakoitzak zer zabalkunde izanen duen.

III. KAPITULUA

Dokumentu eta artxibo elektronikoak

37. artikulua. Dokumentuak, ziurtagiriak eta baimen elektronikoak.

1. Udal Administrazioak baliabide elektronikoen bidez balio osoz egin ahal izanen ditu dokumentu, ziurtagiri eta baimen elektronikoak, baldin eta ordenantza honen 17.2 artikuluak aipatu dituen beharrezko sinadura elektronikoak badituzte.

2. Gisa horretako dokumentu, ziurtagiri eta baimen elektronikoak emateko prozedurak ordenantza honen 9. artikuluan xedatuaren arabera ezarriko dira Nolanahi ere, ordenantza honen aplikazio esparruan organoek eginiko dokumentu elektronikoetan bermatuko da sinadura elektronikoa behar bezala baimendutako sinatzaileek baizik ez dutela erabiltzen, beren eskumen edo eginkizunen arabera.

3. Dokumentu administratibo hauek denbora erreferentzia izanen dute, eta hori baliabide elktronikoen bidez bermatuko da -denbora-zigilatzea, sinadura elektronikoaren sistemen erakunde hornitzaileren batek emana- dokumentuaren izaera dela-eta horrela behar denean. Hori noiznahi egiaztatu ahal izanen da ordenantza honen 17.2 artikuluaren b) atalak aipatu egiaztatzeko kode seguruaren bidez.

38. artikulua. Kopia elektronikoak.

1. Udal Administrazioak kopia benetako gisa onartuko ditu, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 46. artikuluan aurreikusitako ondorio juridikoekin, baliabide elektronikoen bidez eginiko dokumentu elektronikoen kopiak, interesdunak berak edo Administrazio Publikoek eginak dokumentu horiek, baldin eta jatorrizko dokumentu elektronikoa haren eskuetan badago eta sinadura elektronikoaren informazioak eta, hala behar badu, denbora-zigilatzearen informazioak aukera ematen badute dokumentu hori bat datorrela egiaztatzeko. Onarpen hori emanen da, puntu honetan adierazitako baldintzak salbu, kontuan izan gabe kopiaren jatorrizko formatua mantentzen den edo ez den.

2. Udal Administrazioak baliabide elektronikoen bidez eginiko kopiez den bezainbatean, hark jatorriz paper euskarrian luzaturiko dokumentuak direnean, kopia benetakotzat hartuko dira, baldin eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 46. artikuluan aurreikusitako baldintzak eta jarduerak betetzen badira.

3. Udal Administrazioak, hurrengo artikuluan konpultsa elektronikorako zehazten den prozeduraren bidez, herritarrak aurkeztutako dokumentu pribatuen irudi elektroniko digitalizatuak lortu ahal izanen dituzte, balio eta eraginkortasun berdinarekin. Horretarako, irudizko dokumentuaren benetakotasuna, osotasuna eta kontserbazioa bermatuko dira. Irudi horiek, hala erabakitzen denetan, modu automatizatuan lortu ahal izanen dira dagokion zigilatze elektronikoaren bidez.

4. Udal Administrazioak, ordenantza honen 9. artikuluan aipatu baldintzetan, jatorriz paperean eginiko dokumentuak suntsitzeko aukera emanen duten prozeduren eskuliburuak onartzen ahalko ditu, horien kopia elektronikoak egin badira aitzineko artikuluan erranaren arabera.

5. Baliabide elektronikoen bidez luzatu eta elektronikoki sinaturiko dokumentu publiko administratiboetatik paperezko euskarrian egiten diren kopiak, Udal Administrazioari aurkezten zaizkionean, kopia benetakotzat hartuko dira, betiere baldin eta beraiekin batera inprimatzen bada egiaztatzeko kode segurua, elektronikoki sortua, beren benetakotasuna egiaztatzeko bidea emanen duena Administrazio Publiko, organo edo erakunde igorlearen artxibo elektronikoetarako sarbide elektronikoaren bidez.

39. artikulua. Dokumentuen konpultsa elektronikoa eta dokumentu elektronikoak paperezko euskarrian erreproduzitzea.

1. Paperezko euskarria duten dokumentuen konpultsa elektronikoa digitalizazio prozedura seguruaren bidez eginen da; hartan agertuko da Udal Administrazioaren barnean konpultsa egin duen eta kopiaren benetakotasuna eta osotasuna bermatuko dituen zerbitzuan dauden langileen sinadura elektroniko onartua, ordenantza honen 17.2 artikuluan egiaztapen elektronikorako aurreikusi ez bezalako metodoak erabiltzea ukatu gabe. Elektronikoki konpultsaturiko dokumentuak kopia benetakotzat hartuko dira, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 46. artikuluan aurreikusitako ondorioetarako.

2. Elektronikaren bidetik hasitako tramite eta prozedura administratiboei paperezko euskarria duten dokumentuak erantsi ahal izanen zaizkie, paperezko euskarria duten dokumentuen konpultsa elektronikoaren bidez.

3. Elektronikoki konpultsaturiko dokumentuak baliagarri izanen dira bai konpultsa hori egin den prozedura zehatzean bai Udal Administrazioak tramitaturiko bertze edozein prozeduratarako.

4. Elektronika bidez hasitako prozedura bat ez denean erabat euskarri elektronikoan tramitatzen, eskumena duen organoak paperezko euskarrian erreproduzituko ditu eskaerak, komunikazioak eta bertze dokumentu elektronikoak, espedientearen tramitazioarekin jarraitu ahal izateko, eta jatorrizko dokumentu elektronikoen artxibo segurua ziurtatuz beti ere.

5. Dokumentu elektronikoetatik paperezko euskarria duten kopiak egiteko, ordenantza honen 39.5 artikuluan zehaztutako baldintza teknikoak biltzen ez direnean, eskumena duten langileen eginbidea jasoko da, horiek egiaztatuko baitute jatorrizko kopia hori dokumentu elektronikoarekin guztiz bat heldu dela. Dokumentu horiek kopia benetakotzat hartuko dira, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 46. artikuluan aurreikusiten denaz den bezainbatean.

6. Dokumentu elektronikoak paperezko euskarria duten kopietara pasatzen ahalko dira prozedura automatizatuen bidez. Kasu horretan, paperezko euskarria duen dokumentuak mekanismo bat izanen du eta horrek aukera emanen du haren edukia jatorrizko dokumentu elektronikoarekin identifikazioarekin baliozkotzeko. Udal Administrazioak emaniko helbide elektronikoaren bidez sartu ahal izanen da jatorrizko dokumentu elektronikora, egiaztatzeko elektronikoki sorturiko kode segurua erabilita.

40. artikulua. Dokumentuen artxibo elektronikoa.

1. Udal Administrazioak behar diren neurriak hartuko ditu administrazio jardueretan erabilitako dokumentu gehienak euskarri elektronikoren batean jaso daitezen, haiek kontserbatu ahal izateko. Euskarri horiek bermatu beharko dute, gainera, haietan jasotako datuen osotasuna, benetakotasuna, konfidentzialtasuna eta kalitatea, baita haietan sartzen diren erabiltzaileen identifikazioa eta sarreren kontrola ere, datu pertsonalen babesaren inguruan legeriak aurreikusitako baldintzetan.

2. Herritarraren eskubideak edo interesak ukitzen dituzten ekintza administratiboak dituzten dokumentu elektronikoak halako euskarrietan kontserbatuko dira ezinbertzean, bai formatu berean dokumentua sortu zenetik abiatuta edo behar den informazioaren izaera eta osotasuna segurtatuko duen bertze edozeinetan erreproduzitu ahal izateko. Jokoan dauden interesak behar bezala kudeatzeko dokumentu horretara aplikazio desberdinetatik heldu behar bada, Udal Administrazioak ahaleginak eginen ditu datuak bateragarriak diren bertze formatu edo euskarri batzuetara pasatzeko.

3. Erregistro telematikoaren bidez jasotzen eta bidaltzen diren dokumentu elektronikoak baliabide edo euskarri elektronikoetan artxibatu eta gordeko dituzte erregistroko zerbitzarien kudeaketaz arduratzen direnek. Aurreko puntuan adierazia ukatu gabe, horiek artxibatzeko, jatorrizko dokumentu elektronikoa sortu zen formatu edo euskarri bera erabili ahal izanen da, edo dokumentuan jasotako informazioaren izaera edo osotasuna ziurtatuko duen bertze edozein.

4. Nolanahi ere, dokumentuen kudeaketaren alorrean indarrean dagoen araudiaren arabera eginen da dokumentu elektronikoen artxiboa sailkapen koadroari, deskribapen metodoari eta kontserbazio egutegiari dagokienez.

41. artikulua. Espediente elektronikoa.

1. Espediente elektronikoa izanen da prozedura administratibo bati dagozkion dokumentu elektronikoen multzoa, edozein dela ere daukaten informazio mota.

2. Udal Administrazioak sinaturiko aurkibide elektronikoaren bidez bermatuko da espediente elektronikoen zenbakitzea, haren osotasuna segurtatuz. Dokumentu batek espediente elektroniko bat baino gehiagotan egon behar duenean, ukituriko espediente elektronikoetan haren kopia benetakoak daudela bermatuko da, ordenantza honen 39.1 artikuluan aurreikusitako baldintzetan.

3. Herritarra zein espediente elektronikotan agertzen den interesdun gisa, titular, nahiz titularraren ordezkari, nahiz interes bidezko eta zuzen baten titular izanik, guztiak haren eskura egonen dira, kontsulta ditzan, egoitza elektroniko nagusian dagoen administrazio elektronikoaren atarian, ordenantza honen 17.1 artikuluan aurreikusitako baliabideen bidez beren nortasuna egiaztatu ondotik. Hala eta guztiz ere, kontsulta hori mugatu ahal izanen da Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 37. artikuluan aurreikusitako kasuetan.

4. Udal Administrazioak bermatuko du espediente elektronikoaren kopia lortzeko interesdunak duen eskubidea, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 37.8 artikuluan aurreikusitako baldintzetan, eta legezko ondorio guztietarako, espediente elektronikoa interesdunaren eskura jarri ahal izanen da espedienteak bidali beharrean. Espediente elektronikoa bere eskura jarri aitzin, bere burua identifikatu eta interesdun izaera egiaztatuko du ordenantza honen 17.1 artikuluan aurreikusitako baliabideetakoren baten bidez.

LAUGARREN TITULUA

Faktura elektronikoa eta ordainketa elektronikoa

42. artikulua. Faktura elektronikoa.

1. Udal Administrazioak eta bere erakunde publikoek onartuko dute, egin zaizkien zerbitzuei dagokienez hirugarrenek luzaturiko fakturak baliabide elektronikoen bidez aurkeztea, igorlearen eta dokumentuaren benetakotasuna egiaztaturik badago eta dagokion araudian zehaztutako gainerako baldintzak betetzen badira. Igorlearen edo dokumentuaren benetakotasuna egiaztatuta ez badago, hura eskatuko diote igorleari Administrazioak egokitzat hartzen dituen baliabideen bidez egiazta dezan.

2. Ordenantza honen 28.1 artikuluak aurreikusia ukatu gabe, Udal Administrazioak fakturak formatu elektronikoan nahitaez aurkeztu beharra ezarri ahal izanen du, Udalean prozeduraz onartzen diren eskuliburuetan behar bezala zehaztutako kasuetan.

3. Udal Administrazioak islaturiko zenbatekoak ordainduko ditu, ahal dela baliabide elektronikoen bidezko prozedura administratiboak erabilita.

43. artikulua. Ordainketa elektronikoa.

1. Udal Administrazioak eta haren erakunde publikoek ordaintzeko sistema elektronikoak ezarriko dituzte herritarrak zergak, zehapenak, isunak, errekarguak eta zor dizkien gainerako zenbatekoak ordaindu ahal izateko, aitzinetik likidazioa eginda, hala behar denean.

2. Aurreko puntuan xedatua betetzeko, Udal Administrazioak ordainketa elektronikorako pasabideak erabili ahal izanen ditu bertze Administrazio Publiko batzuek gaituak, finantza erakunde zehatz batzuekin datuak modu seguru eta konfidentzialean on-line trukatu ahal izateko, horrekin on-line ordainketa ezarririk tramitazio telematiko baten edozein puntutan.

3. Egindako ordainketaren agiria luzatuko dute ordainketa elektronikorako ezartzen diren sistemek.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Bakarra.-Elebitasuna tramitazio elektronikoan.

Udal Administrazioak bermatuko du Nafarroako Administrazio Publikoetan Euskararen erabilera arautzen duen otsailaren 10eko 29/2003 Foru Dekretuan eta aplikatzen ahal diren gainerako arauetan xedatua betetzea. Bereziki, bermatuko da udal egoitza elektronikoen eduki guztiak Nafarroako Foru Komunitateko bi hizkuntza ofizialetan egotea eta, hartara, orobat bermatuko herritarrek duten baliabide elektronikoen bidez bi hizkuntza horietako edozeinetan harremanetan jartzeko eskubidea, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 36. artikuluan aurreikusitakoaren arabera.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa.-Legeria aplikagarria.

Ordenantza honetan aurreikusten ez duen orotan aplikatuko da Administrazio Elektronikoari buruzko 11/2007 Legean, Herritarrek Zerbitzu Publikoetan Sarbide Elektronikoa izateari buruzko ekainaren 22ko Legean eta hura garatzen duen 1671/2009 Errege Dekretuan xedatua.

Bigarrena.-Indar hartzea.

Ordenantza honek indarra hartuko du eta ondorio juridiko osoak sortuko ditu, behin betiko onespena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoan.

Iragarkiaren kodea: L1017038