119. ALDIZKARIA - 2010eko urriaren 1a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

CASTEJÓN

Aldaketa Etxeko animaliak edukitzea arautzen
duen udal ordenantzan. Behin betiko onespena

Castejongo Udalak, 2010eko apirilaren 26an egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen aldaketa egitea Etxeko animaliak edukitzea arautzen duen udal ordenantzan.

Hasierako onespenaren iragarkia 2010eko 64. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, maiatzaren 26an.

Hogeita hamar eguneko epea iraganik, inork alegaziorik aurkeztu ez duenez, ordenantza behin betiko onetsitzat hartu da, uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluarekin bat.

Horiek horrela, udal ordenantzaren testu osoa ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan.

Castejónen, 2010eko irailaren 6an.-Alkate udalburua, Francisco Javier Sanz Carramiñana.

ETXEKO ANIMALIAK EDUKITZEA
ARAUTZEN DUEN UDAL ORDENANTZA

I. KAPITULUA

Ordenantzaren esparrua eta xedea

1. artikulua. Osasungintza eta segurtasun aldetik behar diren baldintzak ezartzea da ordenantza honen xedea, herritarrek, animaliekin batera bizitzean, bizi kalitate egokia izan dezaten. Horrez gain, Castejongo udal mugapearen barnean animalien behar bezalako babesa bermatu eta animaliekin ikusteko duten industria, merkataritza edo zerbitzu jarduerak arautu nahi dira, Udalaren eskumen eta beharkizunen esparruaren barnean.

2. artikulua. Aplikazio eremua Castejongo udal mugapera mugatuko da.

3. artikulua. Animalien edukitzaileak, jabeak edo haien zainketako arduradunak, haien saltokiak, lagun egiteko animaliak aldi batean altxatzeko establezimenduak, animalien babes eta defentsarako elkarteak eta abeltzaintzako ustiategiak, denak beharturik daude ordenantza honetan xedatzen dena betetzera eta, horren ezean, Animaliak babesteari buruzko maiatzaren 31ko 7/1994 Legean ezarritakoa betetzera, baita udal agintaritzarekin lankidetzan aritzera ere, beraiekin harremana duten animalien datu eta aurretiko zehatzak eskuratzeko.

Era berean, betekizun berberak izanen dituzte hirilur nahiz landalurreko finketako atezain, etxezain, zaindari edo arduradunek, zerbitzu egiten duten toki horretako animaliei dagokienez, betiere nork bere lan kontratuaren arabera dituen mugetan.

4. artikulua. Arau hauetako edozein bete ezean, zehapena ezarriko da eta, hala behar bada, animaliak kenduko eta/edo jarduera hein batean nahiz erabat itxiko.

II. KAPITULUA

Definizioak

5. artikulua. Lagun egiteko etxeko animalia: irabazi asmorik gabe, atsegin eman eta lagun egiten diolako gizakiak bereziki etxean zaintzen duen animalia.

Lagun egiteko basa animalia: irabazi asmorik gabe, atsegin eman eta lagun egiten diolako gizonak, bereziki etxean, zaintzen duen animalia, baldin eta hura hemengo edo kanpoko faunakoa bada eta giza-ingurura egokitzeko aldi bat iragan behar izan badu.

Ustiatzeko edo errentan emateko etxeko animalia: giza-ingurura egokitua izanik, gizonak irabazi asmoarekin zaintzen duena, betiere inguruko gizon-emakumeentzat arriskutsua izan gabe.

Animalia abandonatua: ez jabe ez helbide ezagunik ez duen animalia, jatorriaren edo jabearen identifikagarririk ez duena, eta bere jabetza froga dezakeen jende lagunik ez duena.

III. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

6. artikulua. Udal mugapean animaliak izateko beharrezkoa da osasungintza aldetik arriskurik ez eragitea, animaliak berak arriskugarriak ez gertatzea, hirugarrenei trabarik ez egitea, egokiro edukitzea eta egonlekuak dagozkion higiene-baldintzak betetzea.

7. artikulua. Animaliekin ikusteko duten jardueretarako Udalaren aginduzko baimen edo lizentzia beharko da, eta jarraipena izateko, ordenantza honetan eskatzen diren baldintzak bete beharko dituzte betiere, eta aipatua ez ezik, geroan nahitaezkotzat jo daitezkeen zuzenketak aplikatu ere egin beharko dituzte, muntadurek eta beren hartan egiten diren jarduerek kalterik ez dutela eragiten bermatzearren.

Alderdi horiek kontrolatu ahal izateko, Udalaren zerbitzu tekniko eskudunek ikuskatuko dituzte aipatu jarduerak.

8. artikulua. Animalia guztien jabeek uneoro bete beharko dute gaitz zoonosiko eta epizootikoei aurrea hartzeari eta desagerrarazteari buruz indarra duen araudia. Epizootiak deklaratzen badira, aurrea hartzeari buruz agintari eskudunek ematen dituzten xedapenak bete beharko dituzte.

Albaitariek eta albaitaritza-klinikek, beren lanean dihardutela, zoonosi gune edo kasuen berri badute, Udalaren osasun zerbitzuei jakinarazi beharko diete berehala, Nafarroako Gobernuan dagokion departamentuarekin bete behar diren osasun beharkizunak deusetan galarazi gabe.

IV. KAPITULUA

Lagun egiteko animalien gaineko arau orokorrak

9. artikulua. Animalia abandonatua da jatorriaren edo jabearen identifikagarririk ez duena eta inorekin ez doana. Horrelako kasuetan, Udalak animalia bere gain hartu eta atxiki beharko du, harik eta dagokionak hartu, norbaiti utzi edo heriotza ematen zaion arte.

Zortzi eguneko epea egonen da identifikaziorik gabeko animaliak berreskuratzeko.

Animaliak identifikagarririk badu, jabeari gaztigatuko zaio eta horrek, une horretatik goiti, hamar eguneko epea izanen du berreskuratzeko, aldez aurretik ordaintzen baditu haren mantenuaren gastuak. Epe hori jabeak berreskuratu gabe iraganda, animalia abandonatutzat joko da eta horrek animaliaren jabeari erantzukizunak eskatzeko parada emanen du.

10. artikulua. Animalien jabe eta edukitzaile izaten segitu nahi ez dutenek debeku dute udalerriaren barreneko edozein lekutan haiek abandonatzea, bai toki irekietan, bai finka edo lokal itxietan, abandonatzen badituzte dagokien zehapen espedientea irekitzen ahal delako.

11. artikulua. Animaliek pertsonei nahiz ondasunei arazorik ez eragiteko:

Animalia deslai edo abandonaturik ikusiz gero, herritarrek Udalaren osasun zerbitzuei horren gaztigu egin beharko diete. Animaliak halako moduan egon ez daitezen, debekaturik dago jaten ematea kasu guztietan eta edozein tokitan, dela etxebizitzen patioan, dela teilatuan, etab.

Debeku da, inolako salbuespenik gabe, bide eta gune libre publikoetan edota pribatu baina jendea ibili ohi denetan, basa espezietako animaliarik ibiltzea, etxekoturik egonagatik ere.

12. artikulua. Udalak lagun egiteko animaliak dekomisa ditzake tratu txar edo tortura zantzurik bada, unadura edo desnutrizio aztarnarik badute edo muntadura desegokietan badira.

Halaber, osasun arloko eskumenak dituzten administrazio publikoek lagun egiteko animalien isolamendua edo dekomisoa agintzen ahal dute, gizonarentzat kutsagarri den eritasuna diagnostikatuz gero, bai sendabide egokia emateko, bai heriotza emateko, horren beharrik bada.

Jendeari edo bertze animalia batzuei lesioak eragin dizkieten animaliak, baita amorrua dutelako susmagarriak direnak ere, albaitariaren kontrolpean egonen dira hamalau egunean. Behaketan egon beharreko denbora hori Udalak erraten duen zentroan eginen da.

Jabeak eskatzen badu eta albaitari zerbitzuek adostasun txostena emanez gero, zakur erasotzaile baten behaketa jabearen etxean egin daiteke, betiere animaliak agiri egokiak baditu, eta kasuan kasuko urteko txertoa eta identifikazioa jasota badago.

Udalak animaliak hartzeko zentrorik ez badu, behaketa jabearen etxean eginen du behar den administrazio publikoak izendaturiko albaitari batek.

Jabeek ordainduko dituzte aipatu animaliak atxiki eta kontrolatzeak sorrarazten dituen gastuak.

13. artikulua. Debeku da animalia hilik leku agerietan, ibaibideetan eta gainerako gune publiko edo pribatuetan uztea, baita haiek ehorztea ere.

Animalia hilak gainetik kendu nahi dituenak udal mugapearen barnean ezarritako zerbitzuen bitartez eginen du.

Animalia hilen deuseztapenak ez ditu jabeak salbuesten animaliaren heriotzaren eta horren arrazoien berri emateko betebeharretik, ordenantza honek edo bertze ordenantza eta erregelamenduek horrela ezartzen badute.

14. artikulua. Pertsonen garraio kolektiboan diharduten zerbitzu publikoko ibilgailuetan, bidaiariek debeku dute berekin inolako animaliarik eramatea, non eta ibilgailuan ez dagoen horrelakorik garraiatzeko leku berezirik. Debeku honen barrenean ez dira sartzen ikusmen urriko pertsonak laguntzeko gidazakurrak.

Animaliak ibilgailu pribatuetan garraiatzeko, kontuan hartu beharko da beren mugimenduekin ez dezaten txoferra distraitu, ez eta gidatu edo ikusteko ahalmena kendu ere, eta bete beharko dira arlo horri doakionean Zirkulazioari buruzko Erregelamendu Orokorrak ezartzen dituen baldintzak.

Animaliek, beren etologia eta espeziearen arabera, behar adina leku izan beharko dute batetik bertzera garraiatzeko. Animaliak garraiatzeko ibilgailuek eta enbalajeek haiek eguralditik eta hozbero aldaketa handietatik babesteko modukoak izan beharko dute, eta enbalaje horietan paratu beharko da barrenean animalia bizidunak eramaten direla. Animalia zutik egoteko eta jarreraz aldatzeko adinako neurriak izan beharko dituzte. Animaliak erasokorrak badira, garraiorako behar diren segurtasun neurriak hartuko dira.

Garraioan eta egonaldietan, egoki edatera eta jatera emanen zaie animaliei, behar bezain maiz.

Animaliekiko zamalanak behar bezala eginen dira.

15. artikulua. Espresuki debekaturik dago animaliarik sartu eta egotea elikagaiak fabrikatu, erabili eta biltegiratzeko lokaletan, eta horiek garraiatzeko ibilgailuetan.

Mota guztietako establezimendu publiko edo ostalaritzakoen jabeek, hala nola hotel, apopilo-etxe, jatetxe, ostatu, kafetegi eta gisakoak dituztenek, beren nahierara, uzten ahalko dute zakurrak beren establezimenduetan sartu eta egon daitezen, baina kasu horretan egoitzaren sarreran seinalea paratu beharko dute denek ikusteko maneran. Baimenduta ere, sartu eta egon ahal izateko, erregelamenduaren arabera identifikaturik eta behar bezalako osasun baldintzetan egon daitezen eskatuko da, baita beren muturrekoa jantzirik eta uhalez edo kateaz loturik egon daitezen ere. Adimen urriko pertsonak laguntzeko gidazakurrek betiere izanen dute sarrera baimendua.

16. artikulua. Ez dago baimendurik animaliak sartzea ikuskizun publikoetako lokaletara, kultur eta kirol arlokoetara, ez eta erabilera publikoko igerilekuetara ere.

Orobat, debeku da animalia erietxeetara edo anbulatorioetara eta ikastetxeetara sartzea.

Artikulu honetan ezarritako debekuetatik salbuetsirik dago ikusmen urriko pertsona laguntzeko gidazakurra.

17. artikulua. Jendeari ostatu ematen dioten etxeetan eta elikadura arlokoak ez diren establezimenduetan, jabeen esku gelditzen da animalien sarrera eta egonaldia debekatzea, tokiaren maila edo kategoria kontuan hartu gabe, baina kasu horretan egoitzaren sarreran ikusteko moduko seinalea paratu beharko dute.

Nolanahi ere, debeku horrek ez du indarrik ikusmen urriko pertsona laguntzeko gidazakurrarentzat.

18. artikulua. Etxeetako igogailuetan animaliekin batera sartu nahi denean, bertze erabiltzaileak bertan ez daudela erabiliko dira, beroriek horrela eskatuz gero. Dena dela, nor iristen den lehenago, hark izanen du erabiltzeko lehentasuna.

Animalien jabeak edo edukitzaileak beharturik daude haiek eraikinen eremu eta elementu komunetan gorotzak edo zikinkeriak galaraztera eta egindakoak garbitzera.

19. artikulua. Lagun egiteko animaliaren batek norbaiti ausiki eginez gero, horrek gertatuaren berri emanen die Udalaren osasun zerbitzuei, eta horrekin batera medikuaren partea aurkeztuko. Udalaren teknikari eskudunek erabakiko dute animalia ausikigilearekin egin beharreko osasun kontrola.

Osasun zentroek eta sendagileek Udalaren zerbitzuak jakitun egin behar dituzte, baldin eta laguntza medikoa edo kirurgikoa ematen badiote norbaiti animaliaren batek hozka egin diolako.

V. KAPITULUA

Zakurren gaineko arau berariazkoak

20. artikulua. Castejongo mugapean, zakurren zentsua prestatu eta kudeatzea Udalaren eginkizuna da. Udalerrian bizi diren zakurren jabe edo edukitzaileak beharturik daude haiek identifikatzera lau hilabete egitean, legeriak ezarria dukeen prozeduraren bidez. Udal zerbitzuek edo albaitaritza-klinikek edo profesional partikularrek egiten ahalko dute identifikazio lan hori. Azken bi horien kasuan, egindako identifikazioen berri eman beharko diete udal zerbitzuei, gehienez ere zortzi eguneko epearen barrenean, zentsua eguneratu ahal izateko.

Identifikazioa egindakoan, zakurraren eramaileari emanen zaio animaliaren identifikaziorako osasun agiria.

21. artikulua. Xede berarekin -zakurren zentsua eguneratzea- zakurren jabeak edo edukitzaileak beharturik daude Udalaren osasun zerbitzuari, hamar eguneko epean, honako hauen berri ematera:

a) Bajak, heriotza edo desagertzea dela medio.

b) Bertze udalerriren batean identifikatutako zakurrak eskuratu direla.

c) Zakurren jabetzari dagokionez gertatutako aldaketak.

d) Jabeen helbide aldaketak.

22. artikulua. Udalerrian bizi diren zakurren jabe edo edukitzaileak beharturik daude animaliei amorruaren kontrako txertoa ematen hastera lau hilabete betetzen dituztenetik, eta hortik aitzina ezarrita dagoen birtxertaketa egutegiarekin segitzera.

Txertaketa horiek animaliaren identifikaziorako osasun agirian agertu beharko dute, eta horretaz jabea edo edukitzailea bera arduratuko da.

Udal zerbitzuek nahiz albaitaritza-klinikek edo profesional partikularrek egiten ahalko dute txertatze lan hori. Azken kasu horietan, egindako txertaketen berri eman beharko diete Udalaren osasun zerbitzuei, gehienez ere zortzi eguneko epearen barrenean.

23. artikulua. Zakur batek ausikirik inori egiten badio, horrek gertatutakoa jakinaraziko die Udalaren osasun zerbitzuei, eta horrekin batera medikuaren gaztigu-orria aurkeztuko.

Zakur ausikigilearen jabe edo edukitzailea beharturik dago animaliaren datuak ematera erasotua gertatu denari edo haren legezko ordezkariei, bai eta, eskatzen badizkiote, agintari eskudunei ere. Horretaz gain, beharturik dago animalia bere ohiko aterpean edukitzera, espresuki debekaturik baitago bertze inora eramatea edo hiltzea.

Animalia osasun aldetik aztertu eta begiratuko dute, legeriak ezarrita daukan denboran, eta, bidezkoa bada, nahitaezko txertoa jarriko diote.

Orobat, zakur baten jabe edo edukitzaileak uste badu bere zakurrak badituela amorru zantzuak, edo arrazoi horregatik animalia hiltzen bada, Udalaren osasun zerbitzuei jakinaraziko die, osasun aldetik egin beharrekoak egin daitezen.

24. artikulua. Eremu publikoan nahiz etxeetako sarbide eta leku komunetan (atari, eskailera, igogailu, eskailburu eta abarretan) zakurrak ibiltzen ahalko dira, baldin eta behar bezala identifikaturik eta txertaturik badaude, eta haietaz arduratzen den pertsonaren batek kate edo uhalaren bidez eramaten baditu.

Nolanahi ere, lehenago noizbait erasorik egin duten zakurrek edota aldez aurretik arriskugarritzat jo daitezkeenek nahitaez eraman beharko dute muturrekoa.

Agintaritzako agenteek zehapena paratuko dute zakurrak aipatu baldintzak bete gabe ibiliz gero, eta Udalaren osasun zerbitzuek agindua emanen dute, pertsona arduradunik gabe dabiltzan zakurrak harrapatu eta eraman ditzaten.

25. artikulua. Aurreko artikuluan ezarritakoa betez harrapatzen diren zakur guztietan egiaztatuko da identifikaturik ote dauden.

Identifikazioa jakindakoan, animaliaren jabeari jakinaraziko zaio.

Identifikaziorik ez duten zakurrak eta ezarritako epean jabeak biltzen ez dituenak edo, formalki adierazita, berreskuratu nahi ez dituenak, Zakurtegiaren esku geldituko dira.

26. artikulua. Zakurtegiaren esku gelditzen diren zakurrek bete beharko dituzte altxatokiaren funtzionamendu egokirako legez ezarrita dauden arau eta xedapenak.

27. artikulua. Zakurrekin dabiltzan pertsonek galarazi behar dute zakurrek kaka egin dezaten espaloi, galtzada, parterre, berdegune eta eremu publikoko nahiz erabilera publikoa duen eremu pribatuko bertze edozein elementuren gainean.

Zakurraren eramailea beharturik egonen da aitzineko lerroaldean zehazten diren lekuetan egindako gorotza jaso eta, behar bezala bildurik, eremu publikoan dauden zakarrontzietan uztera, eta zikindutakoa garbitzeaz ere arduratu beharko du.

Aurrekoa betetzen ez bada, udaltzainek arau-hausleak salatuko dituzte eta behar den zehapen espedientea irekiko zaie.

28. artikulua. Debeku da etxebizitzetako komunitateko patioetan eta etxeetako terraza edo jabetza komuneko bertzelako lekuetan zakurrak egotea.

Halaberean, debeku da balkoiak, terrazak etab. erabiltzea, etxebizitza pribatukoak direnean ere, baldin eta gorotz eta hondakinen bidez bertatik kutsatu edo zikintzen badira azpiko etxebizitzak edo bide publikoa.

29. artikulua. Ikusmen urriko pertsonen "gidazakurtzat" hartuko dira, Itsuen Erakunde Nazionalak aitorturiko zentro nazional edo atzerrikoetan, ikusmen urriko pertsonei lagun egin, eta haiek gidatu eta laguntzeko irakatsiak izan direla egiaztatzen direnak.

Gidazakurrek, ikusmen urriko pertsonei lagun egiten joaten direnean, agerian eraman beharko dute zer diren adierazteko ofizialki ezarrita dagoen seinale berezia.

Gidazakurra bere lana egiteko ezgauzatzat hartuko da eri dagoela ikusten bada, oldarkor ageri bada, behar bezain garbi ez badago eta, oro har, pertsonentzat arriskutsu izan daitekeela uste bada.

Ikusmen urriko pertsona bera arduratuko da animalia behar bezala porta dadin, eta berekin eramanen du gidazakurraren osasun egoera ona dela egiaztatzen duen agiria.

Ordenantza honek ematen dion eskubideaz baliatuz, gidazakurra norabait sartzeagatik, ikusmen urriko pertsonak ez du gastu gehigarririk ordaindu beharko, non eta gastu hori ez den dirutan neur daitekeen zerbitzu bereziren bat emateari dagokiona.

30. artikulua. Edozein motatako finka edo lokaletan, zaindari lanetan zakurrik baldin bada, ikusteko moduko lekuan ongi seinalaturik adierazi beharko da. Betiere, beren jabeak erantzule direla, jendeari edo gauzei kalterik eginen ez dieten lekuetan egonen dira.

Zakur horiek idorperik ez badute, etxola edo aterpe egokia beharko dute, eguraldi txarra denean babeslekua izan dezaten.

Ez dira beti lotuak egonen, eta, hala daudenean, lokarriak ez die galaraziko mugitu ahal izatea.

VI. KAPITULUA

Lagun egiteko animaliekin ikustekoa duten jarduerak

31. artikulua. 31. artikulua. Honako hauek dira ordenantza honi atxiki beharreko industria, merkataritza edo zerbitzu jarduerak:

a) Animalien haztegiak.

b) Animalien zaindegiak.

c) Animaliak salerosteko dendak.

d) Animaliendako apaindegi zerbitzuak oro har.

e) Animaliendako kontsultategiak, klinika eta ospitaleak.

f) Aipatu horietako batzuk batera hartzen dituzten jarduerak edo beren funtzionamenduan animaliak erabiltzen dituztenak.

Instalazio eta funtzionamendurako lizentzia tramitatu beharko da jarduera sailkatuei buruzko arauen eta aplikagarri diren gainerako xedapenen arabera.

32. artikulua. Udalak lizentzia emateko, eta horretarako jarduera sailkatuei buruzko Erregelamenduak eta gainerako xedapen aplikagarrietan ezarritakoa deusetan ukitu gabe, nahitaezko baldintza izanen da eskabideari memoria bat eranstea eta hartan honako hauek zehaztea:

-Jardueraren izena.

-Kokalekua.

-Zuzendari teknikoaren izena, helbidea eta telefonoa.

-Eskaini gogo dituen zerbitzuak.

-Instalazio eta egoitzen zerrenda eta deskribapena. Haien planoak.

-Aireztapen sistema. Ezaugarriak eta banaketaren planoa.

-Nola garbitu eta desinfektatzen diren animaliekin erabiltzen diren lokalak, materialak eta tresnak eta, halakorik balitz, animaliak garraiatzeko ibilgailuak.

-Animaliak hazteko tokiak, haiek altxatzeko tokiak edota salerosteko jarduerak direnean, kontratu-agiri bat, jardueraren eskatzaileak eta udal mugapean diharduen albaitari batek sinatua. Hartan ezarri beharko da albaitaria arduratuko dela higieneaz eta abere-osasunaz, zoonosiari dagokionean eta jarduera jakin horretan animaliaren babesari buruz indarra duen legerian agindutakoa bete dadin.

Aipatu kontratua deuseztatzen bada, jardueraren titularra beharturik egonen da bertze albaitari bat kontratatzera, 15 eguneko epearen barrenean, eta hala egin duela jakinarazi beharko die Udalaren osasun zerbitzuei.

33. artikulua. Ordenantza honetan aipatzen diren jarduera guztiek honako baldintza orokor hauek bete behar dituzte:

a) Bertze etxeetatik aparteko eraikinetan egon beharko dute eta xede hau baizik ez dute izanen, salbu eta salerosteko jarduerak, animaliak apaintzeko zerbitzuak eta animalien kontsultategi edo klinikak, halako lokalak beheko solairuetan paratzen ahal baitira.

b) Merkataritzako edozein lokalek izaten ohi duen gutxieneko gela-banaketa izanen dute, kasu bakoitzerako zehazten diren berariazkoez gainera.

c) Gela guztietako zola eta paretek, administraritza lanetarakoak izan ezik, material iragazgaitzekoak izan behar dute, soluzio desinfektanteak erabiliz garbitu eta tratatu ahal izateko.

d) Aitzineko paragrafoan aipatzen diren geletako zola guztiek, behar den drainatzea eta/edo hondakin urak husteko sistema izanen dute.

e) Instalazioak, tresnak eta ibilgailuak garbitu, desinfektatu eta desintsektatzeko lanak sistematikoki, aldizkakotasunez eta jarduerak berak eskatzen duen maiztasunarekin egin beharko dituzte establezimenduko langileek.

Horrez gain, urtean behin bederen, ofizialki baimenduriko enpresak desinfektatu eta desintsektatuko du lokala.

f) Jarduera abian dagoela sortzen diren hondakin solidoak egunero atera beharko dira bertatik, itxitako boltsa iragazgaitzetan.

g) Jardueran egon daitezkeen animalien kopurua lokalaren neurrien araberakoa izanen da, eta irekitzeari buruz txostena egin edo aldizkako ikuskapenez arduratzen diren Udalaren osasun zerbitzuek ezarriko dute, beren irizpideen arabera.

h) Arriskugarri gerta daitezkeen animaliak dituzten jarduerek animalia horientzat behar diren neurriak hartuko dituzte, behin ere libre utzi gabe, ezbeharrik suerta ez dadin.

i) Establezimenduaren kanpoko aldean animaliarik ez egoteko, behar den tamainako itxaron gela izanen da nahitaez, horrelakorik behar duten jardueretan.

j) Bi jarduera edo gehiago batera egiten dituzten establezimenduek, haietako bakoitzaren muntadurak berezirik izanen dituzte, eta denetan bete beharko dira ordenantza honetan haientzat ezarri diren baldintza berariazkoak.

k) Jarduera hauetan eritasun zoonosikorik agertuz gero, Udalaren osasun zerbitzuei jakinarazi beharko zaie.

34. artikulua. Lagun egiteko animaliak hazteko tokitzat hartuko dira espezie bereko lau eme baino gehiago dauzkatenak, baldin eta haien xede nagusia ugalketa eta, horren ondotik, salmenta bada.

Lagun egiteko animaliak salerosteko establezimendutzat hartuko dira beren jarduera nagusia animaliak saldu edo erostea dutenak.

Lagun egiteko animaliak hazteko edo salerosteko establezimenduek, aplikatzen ahal zaizkien gainerako xedapenak ukatu gabe, ondoko arauak bete behar dituzte:

a) Administrazio publikoen eskura egonen den erregistroa eraman beharko dute, eta hartan jaso erregelamenduak eskatzen dituen datuak eta aldian-aldian egindako kontrolak.

b) Higiene eta osasun aldetik baldintza onak izanen dituzte, bertan dauzkaten animalien behar fisiologiko eta etologikoetara egokituak.

c) Behar adinako janaria, osasungarria, eta baita ura, lo egiteko lekuak eta zaindari gaituak ere izanen dituzte.

d) Eritasunik izanez gero, horretarako muntadura egokiak izanen dituzte, bertzeei deus ez kutsatzeko, edo, horren beharrik bada, berrogeialdia bertan pasatzeko.

e) Albaitaritza zerbitzua izanen dute, animalien osasuna zaintzeko arduradun.

f) Animaliak bizkarroiz gabeturik eta eritasun bakarrik ere gabe saldu behar dituzte, eta albaitariaren ziurtagiria erantsi, gauzak hala direla adierazten duena.

Inkubazio-aldian egoteagatik saltzeko unean hautematen ez den eritasunik izanez gero, establezimenduaren mende albaitaritza zerbitzu bat izateak eta horrek animalien salmentarako osasun ziurtagiriak emateak ez dute saltzailearen erantzukizuna garbituko, hark hirugarrenei erreklamazioa egin diezaien ukatu gabe.

35. artikulua. Lagun egiteko animalien zaindegitzat hartuko dira, ordenantza honen ondorioetarako, animaliak hartu, ostatu eman, mantenuaz arduratu eta zaintzeko zerbitzuak halako denbora batez ematen dituzten establezimenduak.

Establezimendu hauek erregistro liburua izanen dute, honakook zehazteko: animalien espezie eta arraza, sarrera eta irteera datak, jabe edo edukitzailearen izen eta helbidea, eta interesgarritzat jotzen diren gainerako gorabeherak.

Zenbait instalazio izanen dituzte, honako hauetarako: eri dauden animaliak bakartzeko gelak, ariketak egiteko lekua, aterpe aldea eta sukaldea.

Establezimenduan animaliarik onartzeko, animaliaren osasun agiriak aurkeztu beharko dira, eguneraturik, zakurra baldin bada, eta gainerako animalien kasuan jardueraz arduratzen den albaitariaren irizpideari eginen zaio kasu.

36. artikulua. Apaintzeko establezimendutzat hartuko dira, animaliak garbitu eta ikuzten eta haiei ilea apaintzen eta estetika zerbitzua ematen dihardutenak.

Lan egiteko behar den tresneria eta ur beroa izanen dituzte.

37. artikulua. Ordenantza honi dagokionez, albaitaritzako kontsultategi, klinika edo ospitaletzat hartuko dira fakultatibo espezialistek animalien diagnostikoa egiteko eta haiek tratatzeko establezimenduak, haien zuzendaritza teknikoa albaitari profesionalen esku baldin bada.

Jarduera hauetarako lokalek, nahitaez izan beharko dituzte honako gela hauek gutxienez:

-Kontsultategiak: harrera gela, kontsulta gela eta zenbait sendaketa lanetarakoa.

-Klinikak: itxaron gela, kontsulta gela, ebakuntzetarako gela espezifikoa, indarra duen legeriaren araberako instalazio erradiologikoa, laborategia eta suspertze lanetarakoa.

-Ospitaleak: klinikarako aipatu direnak eta etengabeko zainketarako ospitaleratze gela. Jarduera honetan, arreta zerbitzuak gau eta egunekoa izan beharko du.

VII. KAPITULUA

Arriskugarri gerta daitezkeen animaliak

38. artikulua. Animalia arriskugarritzat hartuko dira, 50/1999 Legeari eta 287/2002 Errege Dekretuari jarraikiz, ondotik zehazten diren hauek:

1. Ondoko arrazetako zakurrak: pit bull terrierra, Staffordshire bull terrierra, Staffordshire terrier amerikarra, rottweilerra, dogo argentinarra, fila brasildarra, tosa inua, akita inua eta tosa japoniarra, baita haien gurutzatzeak ere, 50/1999 Legearen I. eranskinarekin bat.

2. II. eranskinean jasotako ezaugarri guztiak edo gehienak dauzkatenak, non ez diren gida-zakurrak edo laguntza-zakurrak, behar bezala kreditatuak eta heziak aitorpen ofizialeko zentroetan, autonomia erkidegoko legeari, edo, hala balegokio, Estatukoari jarraikiz, ezta baldintza hori lortzeko irakaskuntza fasean dauden zakurrak ere.

3. Nolanahi den, aurreko lerroaldekoak izan gabe ere, arriskugarriak gerta daitezkeen zakurren artean sartuko dira aiurri erasokor handia dutenak edo pertsonak nahiz bertze animaliak eraso dituztenak.

4. Aurreko atalean aipatzen diren kasuetan, arriskutsutasun hori badela erabaki beharko da, betiere iritzi objektiboei jarraikiz, ofizioz edo jakinarazpen nahiz salaketa baten bidez hasita, erkidegoko edo Udaleko agintari eskudunak izendatutako edo gaitutako albaitari ofizial edo kolegiatu batek aldez aurretik txostena eginda.

Animalia horiek dituztenek haiek identifikatzeko dokumentazioa izan beharko dute, osasun egoera nahiz immunizazioak ere bertan aipatzen direla, eta Udalaren zerbitzuei erakutsi beharko diete, eskatzen baldin bazaie.

Arriskugarri izan daitekeen artean sartzen den edozein animalia daukatenak edo haien jabeek berariazko lizentzia eduki beharko dute. Lizentziak 4 urteko indarraldia izanen du.

Eremu publikoetan, higiezin kolektiboetako eremu komunetan, garraio publikoetan eta, oro har, erabilera publikorako diren toki eta eremuetan, arriskugarri izan daitezkeen zakurrak eramanen dira gehienez ere bi metroko luzera duen katearekin edo uhal luzagarriarekin lotuta eta muturrekoa jantzia dutela (homologatua eta zakurraren arrazari egokitua). Inoiz ere ezin izanen dira eraman pertsona bakoitzeko zakur hauetako bat baino gehiago eta adin txikikoek ezin izanen dituzte inola ere eraman.

VIII. KAPITULUA

Animaliekin ikusteko duten bertze jarduera batzuk

Kapitulu honetan sartzen dira lehiaketak, erakusketak, agerraldiak eta gisakoak egitea xedetzat daukaten jarduerak, denbora baterakoak edo iraunkorrak izan, bai leku itxietan bai leku irekietan egiten direnak.

39. artikulua. Ezarri gogo den jarduera iraunkorra bada, bai leku itxietan bai leku irekietan izan, jarduerarako lizentzia izan beharko du, eta jarduera sailkatuen gainean indarra duen araudiaren arabera eta alor horretan aplikatzen ahal diren gainerako xedapenen arabera tramitatuko da.

Udalak aipatu lizentzia eman dezan, eta kontuan hartu gabe Jarduera Sailkatuen Erregelamenduan eta gainerako xedapenetan horri buruz agindutakoa, beharrezkoa izanen da ordenantza honen 32. eta 33. artikuluetan zehaztu baldintzak betetzea.

40. artikulua. Denbora baterako bakarrik egiten diren jarduerek, hala leku itxietan nola leku irekietan, beren baimena izan beharko dute, Udalak horretarako emana.

Baimen hori eskuratzeko eskabidearekin batera honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Jardueraren deskribapena.

b) Eskatzailearen izena, helbidea eta telefonoa.

c) Kokalekua.

d) Jarduera zenbat denboratarako eskatzen den.

e) Jarduerako animalien kopuru eta espezieak.

f) Erantzukizun zibileko asegurua, jarduerak irauten duen denborarako.

g) Instalazioen onarpenari eta erregistroari buruzko egiaztagiria, behar den ministerioak luzatua.

41. artikulua. Denbora baterako egiten diren jardueretan, funtzionatzen hasteko, ondotik aipatzen diren agiriak aurkeztu beharko dira Udalean, Udalaren osasun zerbitzuek azter ditzaten:

-Teknikari eskudunak luzatu ziurtagiria, dagokion lanbide elkargoak ikus-onetsia, instalazioak egoki muntatu direla dioena.

-Kasuan kasuko dokumentazioa (jatorri gida, osasun kartila, animaliaren identifikaziorako txartela etab.), jardueran dauden animaliei buruzkoa.

Enpresa edo erakunde antolatzaileak urez hornitzeko hargunea eta ura saneamendura husteko bidea izanen ditu, behar bezala jarduteko horren beharra daukaten jardueraren osagai guztietan, eta zuzen beteko ditu asotsei buruzko aginduzko mugak.

Jarduteko baimendutako denboran okupatzen diren muntadura eta/edo guneak garbitzeko zerbitzuak ere ez dira faltako, eta bere jarduna akitutakoan zehatz-mehatz garbitu eta desinfektatu beharko ditu.

42. artikulua. Debeku da animaliak erabiltzea ikuskizun, borroka, eta bertzelakoetan, horrek sufrimendua edo tratu txarra ekartzen ahal badie.

Zezen ikuskizunak espresuki salbuesten dira debeku horretatik.

Zakur borrokak, oilar borrokak eta animaliak elkar erasotzea helburu duten bertze guztiak debeku dira.

Usakumeei tiro egiteko lehiaketek administrazio baimena beharko dute aurrez, Lurraldearen Antolamendu eta Ingurumen Departamentuak emana.

IX. KAPITULUA

Ustiatzeko etxeko animaliak

43. artikulua. Ukuiluak, eskortak eta, oro har, aziendak ustiatzeko nolanahiko abeltegiak, haztegiak, aterpeak, eta abar paratzeko baimena emanen da, bakar-bakarrik, landalurrean sailkaturiko lurretan kokaturik daudenean eta gutienez ere 1.000 metrora badaude hirilur edo lur urbanizagarritik, arlo honetan indarra duen legeriak dioen bezala.

Aipatu muntaduretarako lizentziak, jarduera sailkatuentzat indarra duen legerian eta horretan aplikagarri diren gainerako xedapenetan ezarritakoari jarraikiz izapidetuko dira.

Dena dela, etxebizitzetatik aparteko pabiloietan egon beharko dute; zola eta paretek iragazgaitz eta garbigarriak izan beharko dute; iturriko ur edatekoa izan beharko dute, baita hustubideak kolektore nagusira ere eta, hori ezinezkoa bada, erregelamenduaren araberako putzu septikoak. Animalia espezie eta mota guztientzat higiene aldetik dagozkien baldintzak bete beharko dituzte.

44. artikulua. Debeku da errentako animaliak etxebizitzen barrenean izatea, edozein delarik haien kopurua.

Horrelakorik edukitzea onar daiteke jabego pribatuko lurretan, behar bezala hesitu edo itxirik badaude, ordenantza honetako 6. artikuluan ezarritakoa betetzen badute eta animaliarengandik ateratzen diren produktuak bere kontsumorako bakarrik erabiltzen baditu jabeak.

45. artikulua. Edozein motatako ukuilua paratzeko Udalaren lizentzia beharko da, zentsuan sartu eta legeak ezartzen dituen osasun erregistro guztiak bete beharko dira.

46. artikulua. Animaliak lekuz aldatu behar direnean, bai udalerriaren barrenean bai bertze udalerrietara, Epizootien Erregelamenduan eta alor honetan aplikatzen ahal diren gainerako xedapenetan ezarritakoari jarraitu beharko zaio.

47. artikulua. Lege xedapen baten indarrez edo osasun arrazoi larriengatik, halako lokal edo toki batzuetan animaliarik egoteko baimena ez bada ematen ahal, udal agintaritzak, behar den espedientea aldez aurretik eginda, zilegi izanen du jabeei errekerimendu egitea bertatik eraman ditzaten beren borondatez, eta, bertzenaz, horixe bera erabakitzea, izan litezkeen erantzukizun zibil eta penalak deusetan ukatu gabe.

X. KAPITULUA

Animalien babesa

48. artikulua. Animalia bat daukanak baldintza egokietan eduki behar du higiene eta osasunaren aldetik, eta nahitaezko deklaratzen diren tratamendu prebentibo guztiak eginen ditu.

Honakoak debekatzen dira:

a) Tratu txarrik ematea edo justifikatu gabeko kalte edo oinazerik eragin diezaiekeen edozein gauza egitea.

b) Kontsumorako edo pertsonendako produkturen bat erdiesteko animaliak hiltzen direlarik, ankerkeria erabiltzea edo justifikaziorik gabe oinazea ekartzen dieten metodo orokorrak erabiltzea, Animalien babesari buruzko maiatzaren 31ko 7/1994 Foru Legeak agindutakoen kontra.

c) Abandonatzea.

d) Higiene edo osasun baldintza eskasak dituzten muntaduretan edukitzea, edo desegokiak direnetan bakoitzak bere arraza eta espeziearen arabera dituen premia ekologikoek behar dituzten zainketa eta arta izateko.

e) Mutilazioak egitea, salbu beharragatik edo funtzionaltasunagatik albaitarien kontrolpean egiten direnak.

f) Normal hazteko behar duten mantenua ez ematea.

g) Animaliak erabiltzea sari, publizitateko deigarri edo esker-saritako, edo ordaineko opari gisa diru bidez eskuratzearekin ikustekorik ez duten bertzelako erosketen truke.

h) Animaliak saltzea edo ematea laborategi edo klinikei, indarra duten arauek agindutako bermeak bete gabe.

i) Hamalau urtez beheitikoei eta ezinduei saltzea, guraso-agintea edo zaintza dutenen baimenik gabe.

j) Lagun egiteko animaliak edo bertzelakoak kalez kale saltzea, behar bezala baimendutako merkatu eta ferietatik kanpora.

k) Alferrikako sufrimendu edo kaltea eragin diezaieketen gaiak ematea.

l) Zakurrak beti loturik edukitzea.

m) Animalien Babesari buruzko maiatzaren 31ko 7/1984 Foru Legeak arau-hauste administratibotzat dauzkan egintza eta ez egiteetan erortzea.

n) Animaliak herri bestetan erabiltzea, salbu eta zezen ikuskizunei buruz indarra duten arauek edo Nafarroan animaliekin egiten diren herri ikuskizunek tradizioz izan dituzten baldintzez bertzela erabiltzea.

Animaliak giza kontsumorako hiltzen direnean, istant batez eta oinazerik gabe eginen da, erregelamendu bidez finkatzen den gisan.

XI. KAPITULUA

Arau-hausteak eta zehapenak

49. artikulua. Ordenantza honi dagokionez, lege hausteak arinak, larriak eta oso larriak izan daitezke.

Hona hemen arau-hauste arinak:

a) Lagun egiteko animalia bat erroldatu gabe edukitzea 7/1994 Foru Legearen 10. artikuluan agindutakoaren kontra.

b) 7/1994 Foru Legeak agintzen dituen artxibo edo erregistroak ez eramatea, edo osatu gabe eta eguneratu gabe eramatea.

c) Lagun egiteko animaliak 14 urtez beherakoei edo ezinduei eskualdatzea, guraso-agintea, babesa edo zaintza dutenen baimenik gabe.

d) Lagun egiteko animalia bat oparitzea ordenantza honek edo, bertzenaz, 7/1994 Foru Legeak xedatzen duenaren kontra.

e) Animaliak garraiatzea ordenantza honetako 14. artikuluko arauak bete gabe.

f) Animalien identifikazioari buruzko araudia ez betetzea edo identifikaziorik ez izatea.

g) Albaitariaren kontrolik gabe txertatzea.

h) Zakurrak hiriko eremu publikoetan kate edo uhalik gabe eramatea.

i) Lagun egiteko animaliaren gorozkiak bildu gabe uztea eremu publikoan.

j) Hiriko karriketan basa espezieekin ibiltzea, etxekotuak badira ere.

k) Bidaiarien garraio publikorako zerbitzuetan animaliekin bidaiatzea, horretarako eremu berezirik ez badute.

l) Animaliekin ikastetxeetan sartzea.

m) Noizbait erasoak eginak dituzten zakurrak muturrekorik gabe eramatea.

Hauek dira arau-hauste larriak:

a) Animalia behar den mantenurik gabe edukitzea.

b) Animalia behar bezalako higiene eta osasun baldintzarik ez duten instalazioetan edukitzea, edo higiene eta osasun baldintza txarretan.

c) Animaliak zikiratzea, mutilatzea eta hiltzea inongo albaitariren kontrolik gabe edo 7/1994 Foru Legean finkatutako baldintza eta betebeharren kontra.

d) Animalia ez txertatzea edo osasun agintariek nahitaezkotzat deklaratu dituzten tratamenduak ez ematea.

e) Lagun egiteko animaliak denbora batez edukitzeko muntaduren gainean 7/1994 Foru Legearen II. tituluko III. kapituluan finkatu diren baldintza eta eginbeharrak ez betetzea.

f) Indarra duen araudiaren kontra, animaliak saltzea.

g) Usakumeei tiro egiteko saioak antolatzea, edo jarduera hori praktikatzea, aurrez administrazioaren baimenik izan gabe edo haren zehaztapenen kontra.

h) Animaliekin eszenak filmatzea zinemarako edo telebistarako, ankerkeria, tratu txarrak edo sufrimendua badakartzate.

i) Animaliak laborategi edo kliniketara eramatea, indarra duen araudiko baldintzak bete gabe.

j) Egoitza pribatuetan 7/1994 Foru Legeak eskatzen dituen albaitari zerbitzuak ez izatea.

k) Animalia bizkarroidunak edo erituak saltzea, edo gaitzik ez dutela ziurtatzeko albaitari agiririk gabe.

l) Osasun zerbitzu ofizialei aditzera ez ematea nahitaez deklaratu beharreko gaitzak.

m) Elikagaiak egin, erabili edo biltegiratzen diren tokietan animaliarekin sartzea.

n) Arau-hauste arinetan berrerortzea.

Honakoak dira arau-hauste oso larriak:

a) 7/1994 Foru Legearen 4. artikuluan xedatzen denaren kontrako jarduerak antolatu eta egitea, baita haien publizitatea ere.

b) Animaliaren kontra ankerkeria, tratu txarra eta eraso fisikoak erabiltzea.

c) Animalia abandonatzea, bizirik nahiz hilik.

d) Alferrikako sufrimendua edo kaltea eragin diezaieketen gaiak ematea.

e) Zakurrak beti loturik edukitzea.

f) Estatu espainiarrean indarra duten nazioarteko hitzarmen eta itunek babestuak edo itzaltzeko arriskutan deklaratu dituzten bertako animalia espezieen banakoak, umeak, arrautzak, edo haiengandiko produktuak merkaturatu, saldu, eduki, merkataritza helburuz erakutsi edo disekatzea.

g) Arau-hauste larrietan berrerortzea.

50. artikulua. Arau-hauste arinek 60tik 150,00 eurora bitarteko zehapena izanen dute; larriek, 150,01etik 600,00 eurora bitartekoa, eta oso larriek, berriz, 600,01etik 3.000,00 eurora bitartekoa.

Zehapenak ezartzerakoan honako irizpideak hartuko dira kontuan, isunen zenbatekoa graduatzeko eta zehapen osagarriak ezartzeko:

a) Egindako arau-hausteak gizartean zer eragin izan eta zer kalte egin duen.

b) Irabazteko asmo bidegabekorik izan den eta arau-haustean zer etekin atera den.

c) Ankerkeriarik izan den animaliarekin.

d) Arau-hausteak errepikatu diren edo haietan berrerori ote den.

51. artikulua. 7/1994 Foru Legean aipatzen diren arau-hausteengatik zehapenak ezartzeko, erregelamendu bidez arauturik dagoen zehapen prozedurari segitu beharko zaio.

Zehapen espedienteak instruitu eta ebazteko eskumena, fauna aloktonoaren babeserako araubidea hausteagatik eta baimen administratiboa ez egin edo urratzeagatik, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari dagokio.

Etxeko animalien kontrako arau-hausteengatik irekitzen diren zehapen espedienteak ireki eta ebazteko eskumena, Udalaren organo hauei dagokie:

-Hutsegite arinak: alkateari edo zinegotzi delegatuari.

-Hutsegite larriak: Gobernu Batzordeari.

-Hutsegite oso larriak: Udalaren osoko bilkurari.

52. artikulua. Animaliaren jabeak, behar bezala hala agintzen zaionean, identifikatu behar du animalia nork zeukan eta beraz nor den arau-hauste administratiboen erantzulea, eta prozedurako tramitean arrazoi justifikaturik gabe hala egiten ez badu, diru isuna ezarriko zaio hutsegite arin batengatik, gero ordaindu behar dituzkeen kalte-ordainak deusetan ukatu gabe.

Ordenantza honek aurreikusten dituen zehapenetako edozein ezartzeak ez du erantzukizun zibila galarazten, ez eta zehatuak kalte-galerengatik pagatu behar dituzkeen ordainak ere.

Animalia bati tratu txarrak emateagatik arau-haustea egin duten guztiak desgaituak izanen dira aurrerantzean animaliak edukitzeko. Desgaikuntza denbora batekoa izan daiteke, urtebetekoa alegia, nahiz iraunkorra, arau-haustea ere nolakoa den, larria edo oso larria, eta kontuan hartuta animaliari egin zaion kaltean zenbateraino egin den ankerkeriaz edo nahita.

53. artikulua. Isuna ezartzeak arau-hausteko animaliak dekomisatzea ekartzen ahal du, eta betiere arau-haustean erabili diren harrapagailuak edo ehiza tresnak dekomisatzea.

Arau-hauste oso larriak egiteak ekar dezake, hala behartzen denean, arau-haustean erantzule izandako egoitza, lokal edo muntadurak ixtea.

54. artikulua. Bere agenteen bitartez, administrazio eskudunak zilegi izanen du babestu beharreko animaliak dekomisatzea, baldin arrazoizko zantzurik bada ordenantza honetako xedapenak hautsi direla.

Dekomisatze hori badaezpada eginen da, behar den espedientea ebatzi arte; ebazpena ikusirik, animalia jabeari bihurtuko zaio, edo administrazioaren jabetzara pasako, eta hark zilegi izanen du erakunde zoologikoei edo zientifikoei ematea, jatorrizko herrira bihurtzea, animaliak sendatzeko zentroetara eramatea edo bere ingurune naturalean askatzea animalia autoktonoa baldin bada.

Dekomisatutako animaliak luzaz edukitzea arriskutsua bada beren bizirako eta berehala askatu beharra baldin bada, animalia Lurraldearen Antolamendu eta Ingurumen Departamentuko langileek askatu beharko dute haren inguru naturalean eta lekukoen aitzinean.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa.-Ordenantza honetan aurreikusten ez den orotan, kontuan hartuko da Toki Administrazioari buruzko Foru Legean, Jarduera Sailkatuen Erregelamenduan eta dagozkien araudi osagarrietan, Animalien Babesari buruzko maiatzaren 31ko 7/1994 Legean, bai eta abere osasun, ingurumen, abelazkuntza arloetan eta bertze edozeinetan aplikagarri zaizkien xedapen orokorretan ere ezarritakoa.

Bigarrena.-Indarrik gabe gelditu dira ordenantza honen aurka jotzen duten maila bereko edo txikiagoko udal arauak edo hartan araututako gaiei buruzko xedapenak dituztenak.

Hirugarrena.-Ordenantza honetako manuak ez betetzeak udaltzainen eta osasun zerbitzuen salaketa ekarriko du berekin.

Laugarrena.-Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legean aurreikusitako izapideak bete ondoan hartuko du indarra ordenantza honek.

Iragarkiaren kodea: L1015236