118. ALDIZKARIA - 2010eko irailaren 29a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

286/2010 FORU AGINDUA, irailaren 24koa, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariak emana, 2010eko irailaren 29rako dei eginiko greba dela eta Nafarroako Foru Komunitateko gizarte zerbitzuen arloko etxebizitzetan eta egoitzetan gutxieneko zerbitzuetarako behar diren langileak zehazten dituena.

Zenbait sindikatuk greba orokorrerako deia egin dute 2010eko irailaren 29rako.

Nafarroako Foru Komunitateko gizarte zerbitzuen arloko etxebizitzak eta egoitzak ezin dira babesik gabe gelditu, horrek ondorio kaltegarriak izanen lituzkeelako egoiliarren zainketan, osasunean eta bizitzan. Mendekotasun edo desgaitasunen bat duten pertsonei arreta emateko zentro hauetako instalazioetan zainketa eta zaintza behar duten pertsonak egoten dira, haien oinarrizko premiei erantzuteko laguntza pertsonala behar dutenak, eta horien faltak kalte larriak eragin ditzake haien osasunean; hori dela eta, gutxieneko zerbitzuak zehaztu beharra dago, erabiltzaileek bermatuta izan ditzaten arreta egokirako nahitaezkoak dituzten zerbitzu, programa eta tratamenduak, zainketan etenik sortu gabe.

Azpimarratu behar da erabiltzaileendako gutxieneko arretan sartuta daudela, batetik, oinarrizko beharrei erantzuteko jarduera guztiak, otorduak, adibidez, eta bestetik zainketa pertsonalari, komunikazioari, joan-etorriei, kontrolari eta babesari dagozkien guztiak, osotara edo alderdi batzuetan berez egiteko gai ez direnak, ahalik eta bizimodu normalena izan dezaten.

Konstituzio arloko jurisprudentziak behin eta berriro xedatu duenez, gutxieneko zerbitzuak ezartzerakoan proportzionaltasun eta arrazionaltasun printzipioak hartu behar dira kontuan eta ebazpenak behar dituen arrazoiak azaldu behar ditu. Izan ere, "Konstituzioan aitorturiko eskubideen erabilera librea urratzen denean, egintza hain da larria ezen zergatiko berezi bat bilatu eta justifikatzen duten gertaerak azaldu behar baitira, hartzaileek jakin dezaten zergatik sakrifikatu zen haien eskubidea eta zer interesi sakrifikatu zitzaien". (Konstituzio Auzitegiaren 26/1981, 12/1990 eta 8/1992 epaiak, besteak beste)

Gizartearendako funtsezko zerbitzuak dira, behar aitortu eta atzeraezineko zerbitzu publikoak baitira eta horietan larritasun bereziko gorabeherak gertatzen direlako. "Gizarteak hil edo biziko prestazio horietarako duen eskubideak lehentasuna du lanuzterako eskubidearen aldean" (Konstituzio Auzitegiaren 11/1981 epaia). Aginte publikoek bereziki babestu behar dituzte, gizartearen parte baten zerbitzuak, zerbitzu horien premia gorria baitu (Espainiako Konstituzioaren 39.4 eta 49. artikuluak). "Zerbitzua funtsezkoa izan dadin, asetzen diren ondasun eta interesek funtsezkoak izan behar dute" (Konstituzio Auzitegiaren 26/1981 epaia).

Horregatik, Espainiako Konstituzioak 15, 28, 39.4, 43 eta 49. artikuluetan aginte publikoei ezartzen dizkien betebeharrak betez, gutxieneko zerbitzuak ezarri behar dira, langileen grebarako eskubidea errespetatuagatik ere, herritarren osasun eta biziaren babesa bermatzen dutenak.

Horrenbestez, martxoaren 4ko 17/1977 Errege Dekretuaren 10. artikuluan xedaturikoarekin bat, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 58.d) artikuluari dagokionez, eta lanuzteetarako deialdiak direla-eta Nafarroako Foru Komunitatearen eta haren erakunde autonomoen oinarrizko zerbitzuen funtzionamendua bermatzeko behar diren neurriak hartzen dituen ekainaren 10eko 119/2002 Foru Dekretuan xedaturikoarekin bat.

AGINDU DUT:

1. Irailaren 29rako deitutako greba orokorra dela eta, gutxieneko zerbitzu hauek ezarri dira:

a) Gizarte zerbitzuen arloko egoitzak: jaieguneratarako ezarritakoak.

b) Etxebizitza gainbegiratuak: jaieguneratarako ezarritakoak.

c) Etxebizitza funtzionalak: langile baten arreta iraunkorra, zentrotik kanpoko eguneko jarduerako ordutegian izan ezik.

d) Eguneko arreta zentroak: zaintzaileen, teknikarien eta sukaldeko langileen erdiak, gutxienez pertsona bat hiru talde horietako bakoitzeko. Garraio zerbitzua ere mantendu beharko da.

2. Enpresaren zuzendaritzak izendaturiko ezinbesteko langileek burutuko dituzte aurreko idatz-zatian aipatzen diren funtsezko zerbitzuak, sindikatuen ordezkariei entzun ondoren.

3. Foru agindu honetan ezarritako gutxieneko zerbitzuak bete beharrez lanaldi horretan lan egin behar duten langileek egindako lanuzteak eta gorabeherak legez kanpokotzat joko dira eta kasuan kasuko zehapena ezarriko zaie, dagokion legeriaren araberakoa.

4. Foru agindu hau greba deitu duten sindikatuei jakinaraztea eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila xedatzea.

5. Foru agindu hau departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiko Administrazio Aferetarako Bulegoari eta Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2010eko irailaren 24an.-Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilaria, María Isabel García Malo.

Iragarkiaren kodea: F1015806