118. ALDIZKARIA - 2010eko irailaren 29a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

56/2010 FORU DEKRETUA, irailaren 13koa, Nafarroako Zerga Ogasuneko zerga agenteen eginkizunak finkatzen dituena.

ZIOEN AZALPENA

Iruzur Fiskalaren aurka Borrokatzeko 2008-2012 Planak, Nafarroako Gobernuaren 2008ko azaroaren 3ko Erabakiaren bidez onetsiak, zerga agentearen figura sortzen du Nafarroako Zerga Ogasunean.

Zerga agentea zerga administrazio gehienetan dagoen langilea da. Haren lanak, ogasuneko teknikariekin eta ogasuneko kudeatzaile eta ikertzaile laguntzaileekin batera, zerga kontrola indartzeko balio behar du, zerga arloko ez-betetzeak murriztuz eta ikerketa bultzatuz, datu gehiago bilduko baititu.

Foru dekretu honen bidez, lanbide profil horren eginkizunak finkatzen dira. Esleitzen zaizkion lanen artean, informazioa kalean bertan biltzea dago, eta aktuarioei laguntzea, egitezko inguruabarrak egiaztatuz, aurrekariak eta dokumentazioa prestatuz edo ohartarazpenak jakinaraziz.

Zerga agenteak tributuen ikuskatzailetzako langiletzat hartuko dira, horretan jarduten baitute bereziki, baina hori ez da traba izanen haiei beste eginkizun batzuk agintzeko, betiere tributuen ikuskapenaren, kudeaketaren edo bilketaren arloko organoentzat egiten badira.

Horrenbestez, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak proposaturik, Nafarroako Kontseiluak emandako txostenarekin bat, eta Nafarroako Gobernuak 2010eko irailaren 13an egindako bilkuran hartutako erabakiari jarraikiz,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua. Zerga agenteen atxikipena eta eginkizunak.

1. Nafarroako Zerga Ogasuneko Tributu Ikuskapenerako Zerbitzuari laguntzako langileak atxikitzen ahalko zaizkio, zerga agenteak hain zuzen. Agente horiek, behar bezalako egiaztapena izanda, zerga ondorioak dituzten egintza eta inguruabarrak egiaztatu edo kontrolatzeko agintzen zaizkion lanak eginen dituzte, eta jarduera horiek prestatzekoak ere bai.

Zehazki, eginkizun hauek izanen dituzte:

a) Zerga ondorioak dituzten egintzak egiaztatzea, tributudunen finkak edo negozioen lokalak zuzenean bisitatuz, zordunak izan ala ez izan, eta egintza horiek edo bisitaren edo elkarrizketaren emaitza egiaztatzeko eginbideak egitea.

b) Tributu bakoitzaren araudian aurreikusitako datuak, neurketak, moduluak, indizeak eta/edo magnitudeak egiaztatzea tributudunengandik hurbil.

c) Tributudunak lokalizatzea, dauden datu-iturriak kontsultatuz eta/edo ezagunak diren azkeneko helbideetan bilatuz.

d) Ikuskapen lanetan aktuarioei laguntzea.

e) Mota guztietako erregistro publikoetatik, datu baseetatik, enpresetatik edo entitateetatik zerga ondorioak dituzten datuak biltzea, tributuen likidazio, ikuskapen eta bilketarako, eta datu horiek zerga fitxategietan sartu ondoren, eguneratu eta etengabe araztea.

f) Zentsu fiskalak sortu eta eguneratzeko informazioa biltzea, hala nola likidazioak, ikuskapenak edo zerga-bilketa egiteko lanak prestatzekoa, are tributudunak bisitatuz edo haien inguruan kudeaketak eginez.

g) Premiamendu bidean hartutako erabakien eta probidentzien jakinarazpen fede-emaileak entregatzea, baita ikuskatzailetzak nahiz kudeaketa organoek egiten dituzten zitazioak ere.

h) Tributudunari kasu egitea eta bere eginkizunen gaineko informazioa ematea, dela zuzenean, dela telefono bidez.

i) Tributuen arloan eta tributuen kudeaketan, ikuskapenean edo bilketan laguntzeko agintzen zaizkion eginkizun guztiak, bere ezaugarri eta prestakuntzaren araberakoak badira.

2. Zerga agenteak ikuskatzailetzako atal edo unitateetan aritzen ahalko dira lanean, edo bestela, Tributu Ikuskapenerako Zerbitzuko zuzendariaren menpe zuzenean.

2. artikulua. Jarduteko moduak.

1. Zerga agenteek beren jarduketen emaitza eginbide baten bidez dokumentatuko dute eta bidezko diren jakinarazpenak eginen dituzte, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Tributu Ikuskapenari buruzko Erregelamendua onetsi zuen ekainaren 11ko 152/2001 Foru Dekretuaren 46. eta 47. artikuluetan ezarritakoari jarraikiz.

2. Zerga agenteek tributudunei egiten dizkieten eginbide eta jakinarazpenetan jarduketaren xedea eta hedadura adieraziko dituzte. Hala badagokio, berariaz adierazi beharko dute jarduketa egin dela, bakar-bakarrik, tributudunaren egoera eta jarduera ekonomikoari buruzko informazioa eta datuak jasotzeko eta haien zerga aitorpenen egiazkotasuna eta zehaztasuna egiaztatzeko, eta adierazi beharko dute, orobat, ez direla ikuskapenerako zerga egiaztapen bat egiten ari.

3. artikulua. Zerga agentea tributuen ikuskatzailetzako langile gisa hartzea.

Zerga agenteak, arlo horretan esleitu zaizkion lanetan ari direlarik, tributuen ikuskatzailetzako langiletzat hartuko dira, ikuskatzailetzaren eginbehar, begiramen edo ahalmenen ondorioetarako.

Zehazki, Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 131. artikuluan eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Tributu Ikuskapenari buruzko Erregelamendua onetsi zuen ekainaren 11ko 152/2001 Foru Dekretuaren 17. eta 18. artikuluetan ezarritakoaren arabera, kargatu beharreko jarduerak egiten dituzten finketan, negozioen lokaletan eta gainerako establezimendu eta tokietan sartzen ahalko dira.

Azken xedapenetan lehena.-Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Tributu Ikuskapenari buruzko Erregelamenduaren aldaketa.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Tributu Ikuskapenari buruzko Erregelamendua onetsi zuen ekainaren 11ko 152/2001 Foru Dekretuaren 3. artikuluaren 3. idatz-zatia aldatzen da. Hona hemen testu berria:

"2. Nafarroako Zerga Ogasuneko zerga agenteek, ogasuneko teknikariek eta Nafarroako ogasuneko kudeatzaile eta ikertzaile laguntzaileek osatzen dute tributuen ikuskatzailetza, Tributu Ikuskapenerako Zerbitzuari atxikita."

Azken xedapenetan bigarrena.-Zerga agenteen lanpostuaren atxikipen maila eta ordainsarien araubidea.

Plantilla organikoa aldatzeko foru dekretu baten bidez, beharrezkoak diren zerga agenteen lanpostuak sortuko dira eta bertan zehaztuko da bai haien atxikipen maila, baita esleitzen zaizkien ordainsari osagarriak ere.

Azken xedapenetan hirugarrena.-Foru dekretu hau garatu eta betearazteko ahalmena.

Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariari eta Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariari ahalmena ematen zaie foru dekretu honetan ezarritakoa garatu eta betearazteko behar diren xedapenak eman ditzaten, nork bere eskumenak erabiliz.

Azken xedapenetan laugarrena.-Indarra hartzea.

Foru dekretu honetan xedatutakoak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2010eko irailaren 13an.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.-Ekonomia eta Ogasuneko kontseilaria, Álvaro Miranda Simavilla.

Iragarkiaren kodea: F1015119