101. ALDIZKARIA - 2010eko abuztuaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2010eko uztailaren 28an hartua, "Tafallako saihesbidearen proiektuari buruzko informazio azterlana", Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak sustatua, Udalez gaindiko Proiektu Sektorial deklaratu, jendaurrean jarri eta mugapea ukitutako udalari entzunaldia ematen diona, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legean aurreikusitako ondorioetarako, baita Ingurumen gaineko eraginaren ebaluazioaren prozeduraren ondorioetarako ere.

Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak, 2010eko martxoaren 23an, "Tafallako saihesbidearen proiektuari buruzko informazio azterlana", Ingurumen eraginaren azterlana barne zela, igorri zuen Lurraldearen Antolamentu eta Etxebizitza Departamentura, Udalez gaindiko Proiektu Sektorial gisa onesteko tramitazioa hasi eta Ingurumen eraginaren adierazpena egiteko.

Lizarra eta Zangoza arteko NA-132 errepidearen Tafallako hegoaldeko saihesbiderako soluzioen definizioa, analisia, balorazioa eta konparazioa ditu xede aipatu informazio azterlanak.

Trazadurak aztertzeko, 80 Km/h-ko abiadura hartu da kontuan, sekzioa galtzada bakarrekoa izanik (erreiak 3,5 m eta bazterbideak 1,5 m zabal).

Tramitatzeko aurkeztu den informazio txostenak hiru liburuki ditu:

-I. liburukia: Memoria, 0-2 eranskinak.

-II. liburukia: 3-10 eranskinak eta planoak.

-III. liburukia: Ingurumen eraginaren azterlana.

Orobat, azterlanak bi analisi aldi ditu: A fasea, aldez aurreko hamalau alternatiba garatzen dituena, eta B fasea, aurreko alternatiba horietatik lau hautatzen dituena; horien guztien trazadura Tafallako herrigunearen hegoaldetik igarotzen da. Gero, alternatiba bakoitzak bi abiaburu izatea erabaki zen: bata, A tartea izenekoa, NA-132 eta NA-6140 arteko egungo gurutzagunetik abiatzen dena nahiz biribilgune bihurtu; eta bestea, B tartea izenekoa, NA-132 errepidetik abiatzen dena 31.k.p.tik.

Araudiak ezarritako baldintza geometrikoez gain -bide segurtasuna bermatzea, ingurumenaren gaineko eragina gutxitzeko helburua betetzea eta elementu sozio-ekonomikoetan, kulturakoetan, historikoetan eta ondarekoetan den ukipena-, baldintza partikular batzuk finkatu dira alternatiba guztientzat, honako hauek hain zuzen:

. Tafalla eta Miranda Arga arteko NA-6140 errepidearekiko lotura.

. Iruña eta Tutera arteko N-121 errepidearekiko lotura.

. Iruña eta Zaragoza arteko AP-15 autobidearekiko lotura.

. Ukipenak saihestea dauden eraikinetan eta, oro har, eraikitzen ari direnetan eta, bereziki, nekazaritzako eta abeltzaintzako ustiategietan.

. Lurralde antolamendu egin berria, eskualdeko ureztatze proiektuaren ondoriozkoa, errespetatzea, lurzati eta bideetako ukipena gutxituz.

. Kontuan hartzea abiadura handiko trenbidearen trazadura.

. Industria lorzuaren okupazioa, aisialdiko baratzeen plan bereziko lurrena eta nekazaritzako produktibitate handiko lurrena gutxitzea.

Aipatzekoa da planteatzen diren alternatiben trazadura gutxi gorabeherakoa dela eta eraikuntza proiektuan doituko dela. Gauza bera esan daiteke hainbat biderekiko loturei eta bide berritzeari buruz, zehatzago aztertuko baitira aipatu eraikuntza proiektuan.

I.-Proposatutako alternatiben deskripzioa.

Hainbat alternatiba diseinatu dira, abiaburuko bi tarteren (A tartea edo B tartea) eta bukaerako beste lau tarte alternatibo edo nagusiren inguruan (1. tartea - 1-4 alternatibak).

A tarteak eta B tarteak bukaerako puntua dute komunean, eta puntu horretan abiatzen da alternatiba bakoitzeko "1. tartea".

Hortaz, ondoko tarteez osatzen dira alternatiba horiek:

. 1. alternatiba: A tartea edo B tartea + 1. tartea - 1. alternatiba.

. 2. alternatiba: A tartea edo B tartea + 1. tartea - 2. alternatiba.

. 3. alternatiba: A tartea edo B tartea + 1. tartea - 3. alternatiba.

. 4. alternatiba: A tartea edo B tartea + 1. tartea - 4. alternatiba.

A tartea

NA-132 (Lizarra-Zangoza) eta NA-6140 (Tafalla-Miranda Arga) errepideen egungo gurutzagunean abiatzen da tarte hau, lehen errepidearen 32. k.p.an. T itxurako egungo gurutzagunea moldatzen da biribilgune bihurtuta; bera izanen da Tafallako herrigunerako sarbidea saihesbidetik. Hegoaldera doala, saihesbidea Tafallako hilerriaren eta Alto de las Cruces artean igarotzen da bihurgunea ezker aldera eginda, eta zuzen jarraitzen du hego-ekialderantz, Gallos Cantan aldean sartzen da, eskuinaldean inguruko erreka zuloa duela, eta hartara gehien hurbiltzen den tokian bukatzen da. Guztira, tarte hau 1.300 m luze da; gainera, pasabide bat egin beharko da abiadura handiko trenbidearen azpitik.

B tartea

B tartea NA-132 errepidearen 31. k.p.tik hurbil abiatzen da, eskuinera egin eta egungo errepidetik urruntzen da hego-ekialderantz jotzeko, eta hor maldan behera egiten du AHTren azpiko bidegurutzeak behartuta. Gero, ezker aldera egin eta Tafalla eta Miranda Arga arteko NA-6140 errepideari lotzen zaio. Ondoren, erreka zulo batekin paraleloan jarraitzen du eta altxonbidearen 9. zeharbidea gurutzatzen du. Hura berritzeko, pasabide bat eginen da errepidearen gainetik.

Tafalla eta Miranda Arga arteko NA-6140 errepidearen bitartez izanen du sarbidea Tafallako herriguneak saihesbide berritik.

1. tartea. - 1. alternatiba

"1. tarte" guztiak bezala, A eta B tarteen bukaeratik abiatzen da. Errepide berria hegoalderantz abiatzen da, bide bat eta sakan bat gurutzatzen ditu, ezker aldean berotegi batzuk dituela, eta Las Hoyas alderdian ezker aldera egin eta ekialdera jotzen du eta beherantz, N-121 errepideari lotzeko. Lotune hori gaineko gurutzagunea da, biribilgune modukoa, eta N-121 errepidean, errepide berrian eta AP-15en, hegoldeko norantzan, sartzeko adarrean dabilen trafikoa biltzen du.

Biribilgune berritik aurrera, lehenagoko bideetatik jarraitzen du saihesbideak, hasieran N-121eko tarte txiki batean barna AP-15era sartzen den biribilgunera iritsi arte. N-121 eta AP-15 arteko egungo lotunea baliatuz, 1. tartea - 1. alternatibarako ibilbideak AP-15ean barna jarraitzen du Iruñerantz AP-15 eta egungo NA-132 gurutzatzen diren tokira iritsi arte. Gurutzagune horretan egonen da iparraldeko lotune berria, egungo NA-132 berriz hartzeko aukera emanen duena. Lotune horren tipologia diamante baten itxurakoa da "pisuekin", baina aldatua, inguruneari egokitzeko eta dauden eraikinen gaineko ukipena gutxitzeko.

1. tartea. - 2. alternatiba

1. tartea. - 1. alternatibaren trazadura bera du N-121 eta AP-15 arteko egungo lotuneraino. AP-15aren ekialdean, hura azpitik pasabide baten bitartez gurutzatu ondoren, ibilbide berriko (hegoaldeko saihesbidea) azpitarte berri bat lotzen da. Lotune hori egiteko, biribilgune bat eraikiko da autobidearen ekialdean, eta hari lotuko zaizkio autobidean sartzeko adarra eta ateratzekoa. Gero, trazadurak ipar-ekialdera egiten du pixka bat, zuzenean, eta sestra %4,71raino igoko da Castejón - Altsasu trenbidea gainetik gurutzatzeko. Trenbidea gurutzaturik, trazadurak ezker aldera egiten du are ipar-ekialderago jotzeko, Caracierzo de Santa Marina alderdiko muinoa gurutzatuta. Hortxe, 16 m altuerako lur-erauzketa dago. Trazadura NA-132 errepidera hurbildu ahala, ekialdera okertzen da T itxurako gurutzagunearen bidez egungo errepideari lotu arte. Horrek mugimendu guztietarako aukera emanen du, abiadura bizitu eta mantsotzeko erreiak izanen ditu, baita erdiguneko itxaron erreiak ere, ezker aldera biratzeko.

1. tartea. - 3. alternatiba

1. tartea - 3. alternatiba 1. eta 2. alternatiben "1. tarteen" abiaburuarekin bat dator, bai oinplanoan bai altxaeran. Kasu honetan, aurrekoetan baino zerbait luzeagoa da hegoaldera doan zuzengunea, gero ezker aldera okertzen hasten da N-121arekin biribilgune baten bidez lotu arte. Gurutzagune horretara dator AP-15 autobidean, hegoalderantz, sartzeko adarra ere.

AP-15aren egituratik hegoaldera eta N-121aren gainetik beste egitura bat kokatuko da, saihesbidea N-121 eta AP-15 errepideekin lotuko duena, autobideari N-121 saihestea ahalbidetzen dion gaurko egitura aprobetxatuz. Biribilgune horretatik trazadura AP-15 eta V. Luzuriagaren jabetzaren artean doa -aparkalekuaren zatitxo bat ukitzen dio- eta maldan gora eskuinaldera egiten du autobidetik urrunduta, gero, zuzen eta ekialderantz, Cidacos ibaia eta trenbidea gurutzatzeko. Bidegurutze horren ondotik, ibilbideak ipar-ekialdera jarraitzen du N-132 errepidea jo arte. Bukatu aurretik, N-132 errepidea lotuko da T itxurako gurutzagune baten bitartez, abiadura bizkortu eta mantsotzeko erreiak eta erdigunean itxarotekoak dituela, mugimendu guztiak egin ahal izateko.

1. tartea. - 4. alternatiba

1. tartea - 4. alternatiba bat dator oinplanoan eta altxaeran 1., 2. eta 3. alternatiben "1. tarteen" abiaburuarekin. Tarte horiek bezala, trazadurak Camino del Curtido gurutzatzen du eta, aurrekoek ez bezala, bide horren paraleloan eta beherago jarraitzen du transformadore-azpiestazio elektrikoaren (STR) ondotik, ezkerrera egiten duen arte AP-15arekin perpendikular jartzeko. Bilgune horretan proiektatzen da hegoaldeko lotune berria, NA-132 eta AP-15 artekoa, diamate itxurakoa "pisuekin".

Orobat, N-121 eta NA-8602 (Erriberriko zeharbidea) errepideen arteko gurutzagunerako biribilgune handi bat diseinatu da, haiek AP-15ari eta NA-115ari (Tafalla eta Azkoien arteko errepidea) lotzeko.

Hegoaldeko lotune berriaren bitartez, ibilbideak AP-15 barna jarraitzen du, gaur egun NA-132arekin duen bidegurutzeraino, non iparraldeko lotune berria proiektatzen baita. Lotune hori eta 1. tartea - 1. alternatibarako diseinatu dena bera da.

Hegoaldeko lotune berriaren bitartez Nasuinsak egin gogo duen industrialdea lotuko zaio AP-15ari; gainera, Tafallako hiriguneak lotune hurbila izanen du aipatu autobidearekin.

Tafallako egungo lotunetik eta Erriberriko adarretatik iparraldean AP-15arekiko lotune berri bat, eta beste bat hegoaldean egiteagatik ez dira haien arteko segurtasun tarteak betetzen; horregatik, Erriberrin sartzeko eta bertatik ateratzeko adarrak kendu behar dira, baita Tafallako egungo lotunea ere.

Iritzi askoren bidez aztertuta, honako alternatiba hauek proposatzen dira hobekien baloratuak direlako ingurumen, lurralde, ekonomia eta eginkizunen aldetik:

. A tartea eta 1. tartea - 1. alternatiba.

. A tartea eta 1. tartea - 4. alternatiba.

Bi alternatiben trazadurek ia guztiz bat egiten dute, erdibideko tartean edo AP-15arekiko lotunean izan ezik, 4. alternatibakoa 1. alternatibakoa baino hegoalderago doalako.

II.-Maileguak eta zabortegiak.

Aztertu den bideko betegarrietarako material beharrak asetzeko, trazaduratik kanpoko materiala ekarri behar da. Helburu horrekin, proiektuak hiru mailegu eremu aukeratzen ditu aztertutako korridorearen inguruan, El Juncal, El Raso eta El Plano alderdietan.

Era berean, mailegu horien osagarri, proiektuak bi eremu aukeratzen ditu zabortegi gisa: bata P-2 maileguaren ondoko ustiategi bateko hutsunea, eta bestea Nafarroako Ubideko 7B tarteko obrentzat erabiltzen ari den mailegua.

III.-Lurraldeari eta hirigintzari buruz kontuan hartu beharrekoak.

Erdialdeko Lurralde Antolamentuko Planak (LAP4), berriki jendaurrean jarritakoak, bide sisteman esku hartzeko helburu eta irizpide nagusi gisa jasotzen du sare mailaduna izatea garraio sistemetan, Foru Komunitatea zeharkatzen duten ardatz nagusien osagarri. Sare mailaduna osatzeko, kontuan hartzen ditu, besteak beste, Lizarra eta Zangoza arteko komunikazio bidea, gaur egungo NA-132 errepidea (Lizarra-Tafalla-Zangoza) oinarritzat hartzen duena, hobetu eta indartzea, baita haren luzapena Gasteiz aldera NA-132-A bitartez eta Zangoza A-21 autobiari edo Jacako autobiari lotzea ere. Ingurumari horretan hartu da gogoan Tafallako saihesbidea eraikitzea aipatu Lizarra-Zangoza ardatzaren hobekuntza gisa.

Azterlanean egiten den lehen analisiak behar horretara (sare mailaduna) eraman gaitu. Bide horrek kanpoaldeko lurrak lotzen ditu, Tafallaren, A-15aren ezkerraldeko bide sistema guztiaren eta A-15 beraren lotune bakarra baita San Martin Unx, Uxue, Lerga, Eslaba, Oibar eta Zangozako herriekin.

Orobat, bide horri esker arintzen da Tafallako herrigunea; izan ere, gaur egun Lizarra eta Zangoza arteko NA-132 errepideko trafikoa herrigune horretan barna egiten da eta, zehazkiago, kale nagusietan edo zirkulazio handikoetan barna, hala nola Lizarrako Etorbidean, Errekoleten kalean, Zangozako etorbidean eta Uxueko Andre Mariaren etorbidean barna.

Ikuspegi horietatik -sare mailaduna eta egun NA-132 errepideak Tafallako herrigunean barna duen pasabidea kentzea saihesbide baten bitartez- aitzakiarik gabea da, eta proposatu diren alternatibetako edozeinek helburuak guztiz lortuko lituzke. Alternatiba horien artean ez dago alde garrantzitsurik, lurraldearen ikuspegi zabal batetik: guztiak dira NA-132 errepidearen hegoaldeko saihesbidea.

Hegoaldeko saihesbiderako korridore edo alternatiba hori hautatzen da arrazoizkoentzat jotzen delako, ikuspegi funtzionaletik batez ere; izan ere, Erriberriko herrigunearekin eta Foru Komunitateko inguruko gainontzeko errepide sarearekin (Mendigorria-Tafalla NA-6030 errepidea izan ezik) lotzeko aukerak ematen ditu, Tafalla eta Erriberri artean dauden industria eremuekiko lotuneak hobetzen ditu, eta ez du eraginik hiri lurzoruetan edo lurzoru urbanizagarrietan.

Proposatutako alternatiba guztien trazadurek, Tafallako udal mugapearen barrenean baitaude oso-osorik, mugimendu guztietarako aukerak ematen dituzte eta, oro har, oso antzekoak dira: Tafallako herrigunetik mendebaldean abiatzen dira, hura hegoaldetik inguratu eta A-15ari lotzen zaizkio (1. eta 4. alternatibak) edo Tafallako ekialdean, autobidea gurutzatu ondoren (2. eta 3. alternatibak). Trazadura horien alderik nabariena haien azken partean dago. 1. eta 4. alternatibak lehenagoko bide egituretan oinarritzen dira; aldiz, 2. eta 3.alternatibak ezartzeko, bide berriak eraiki beharko lirateke.

Abiaburuko bi tarteak, A eta B tarteak, azterturik, lau alternatibentzat komunak baitira, adierazi behar da A tartearen abiaburua Tafallako lur antolatutik hurbilago -200 bat metro- kokatzen dela NA-6140 eta NA-132 errepideen egungo gurutzagunean, eta gurutzagune horren diseinua, T itxurakoa, biribilgune bihurtzen dela. Tarte hori herriaren eta hilerriaren artean doa, kota nagusi batean eta handik 15 bat metrotara.

Bestetik, B tarteak Nafarroako Ubidea zeharkatzen du, baita NA-6140 errepidea ere -gurutzagunea biribilgune bat izanen da- eta gainera, abiadura handiko trenbidearen trazadura, lubeta egiten duena toki horretan, haren azpitik. Saihesbidearen abiaburuko alternatiba hau egokiagoa da hirigintzaren ikuspegitik, baina kostu ekonomiko handiagoa du, egitura gehiago behar dituelako.

Saihesbidearen trazaduraren gainerakoari dagokionez, 4 alternatiba proposatzen baitira, bidezkoa da bi multzotan aztertzea: erdibideko tarteari dagokiona, A-15arekiko gurutzaguneraino, eta azken tarteari dagokiona.

Erdibideko tartean batera hartu behar dira kontuan 1. eta 2. alternatiben trazadurak, bat egiten baitute, eta, bestetik 3. eta 4. alternatibenak, aurrekoetatik hegoalderago baitoaz.

Bat egiten duten 1. eta 2. alternatibetako tarteak gehiago oinarritzen dira lehendik dauden azpiegituretan A-15arekiko gurutzaguneraino, eta N-121ean biribilgune berria egitea baino ez dute eskatzen. Bestetik, 3. eta 4. alternatibek biribilgune bikoitzeko lotuneak eraikitzera behartzen dute (3. alternatibaren kasuan N-121arekin lotuko litzateke eta, bi adarren bidez, AP-15arekin Zaragozako norabidean). Biribilgune hori alternatibaren azken tartearen abiaburua izanen litzateke, Zangozako norabidean. 4. alternatibaren kasuan, biribilgune bikoitz horrek hegoaldeko lotune berri oso bat ekarriko luke AP-15arekin eta, hura, aldi berean, N-121arekin, La Navako industria eremuekin eta Erriberriko herrigunearekin lotzeko abiaburua izanen litzateke.

Alternatiben azken tarteetarako ere, bi ibilbide mota bereizi behar dira lehen deskribatutako lotuneetatik abiatuta: 1. eta 4. alternatibena, AP-15 baliatuz lotune berri batean bukatzen baitira NA-132arekiko gurutzagunean (proiektuan iparraldeko lotune berria deitu dena), eta 2. eta 3. alternatibena, ipar-ekialdera egiten baitute NA-132 jo arte, aipatu iparraldeko lotunetik ekialdean den puntu batean. (4. alternatibaren kasuan, hartan aurreikusitako hegoaldeko eta iparraldeko lotune berriek gaur egungo AP-15eko Tafallako lotunea kentzea dakarte).

Puntu honetan, Tafallan Jarduera Ekonomikoetarako Eremu bat (JEE), NASUINSAk sustatua, ezartzeko plan sektoriala aipatu behar da, berriki aurkeztu baita tramitatzeko. Jarduketa hori, 175 ha hartzen dituena, eta 45 ha-ko industria lurzoru urbanizagarri baten antolamendua AP-15arekiko iparraldeko lotune berriaren hego-ekialdean kokatzen dira, eta lotune berri horretatik planteatzen da harat sartzea (1. edo 4. alternatibak). Lotune hori eginez gero, edo, lehen urrats gisa, alternatiba horietako bat hautatuz gero, Tafallako herrigunearen eta autobidearen arteko lotunea hobetu eta hurbiltzeaz gain, bi lurralde jarduketak koordinatuko lirateke. Bestela, beste alternatibetako (2.a edo 3.a) bat aukeratuz gero, eta jarduera ekonomikoetarako eremuak aurrera eginen balu, berriz kontuan hartu beharko litzateke haren trazadura; izan ere, haien azken tarteak UPSk aurreikusitako "erreserba eremua" zeharkatuko luke; bestela, trazadura horien bidea erreserbarako ezarriko litzatekeen antolamenduarekin koordinatu beharko litzateke.

Aurrekoaz gain, bere unean baloratu beharko da NASUINSAk proposatzen duen JEEk, zein hedadura zabala duen ikusita, beste lotune bat beharko ote duen kanpoko bide sarearekin. Alde horretatik, saihesbidearentzat proposatzen diren alternatiba guztiek ematen dute aukera azpiegituraren bat egiteko, eremuaren hegoaldetik lotuta.

Horrenbestez, aurrekoa ikusita eta UPSen bildutako balorazioekin bat, B (edo A) tarteak eta 1. tartea -1. alternatibak osatzen dutena jotzen da trazadura egokientzat.

Azkenik, proposatutako alternatiben trazadura guztiek zeharkatzen dituzte Nafarroako Ubidearen eremu ureztagarriak; hortaz, beharrezkotzat jotzen da Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuak ukipen horren gaineko txostena egitea, espedientea ebatzi baino lehen.

IV.-Ingurumenaren gaineko zehaztapenak.

Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak, 2010eko apirilaren 21ean, aditzera ematen du "ingurumenaren gaineko eraginaren azterlanak behar bezala jorratzen dituela ingurunea eta jarduketak oro har izan ditzakeen ondorioak; hortaz, aurkeztu den dokumentazioa ikusita, hura onartzen ahal dela uste du -izan ere, oro har araudian aurreikusitako edukiari erantzuten dio- eta jendaurrean jartzen ahal da proiektu teknikoarekin batean 30 egunean."

Horrenbestez, Lurraldearen Antolamenduko Batzordearen txostenarekin bat, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legeari eta aplikatu beharreko gainerako arauei jarraikiz, Nafarroako Gobernuak, Lurraldearen Antolamenduko eta Etxebizitzako kontseilariak proposaturik,

ERABAKI DU:

1. "Tafallako saihesbidearen proiektuari buruzko informazio azterlana" Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak sustatua, Udalez gaindiko Proiektu Sektorial deklaratzea, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legean aurreikusitako ondorioak izan ditzan.

2. Aipatu departamentuari adieraztea, UPSa ebatzi aurretik, Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuaren txostena aurkeztu beharko duela.

3. Espedientea jendaurrean jartzea eta planteatu diren jarduketek ukitutako lurretako udalari entzunaldia ematea, 30 egunean, gutxienez. Bi tramiteak aldi berean eginen dira, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legean aurreikusitakoaren eta Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioaren prozeduraren ondorioetarako.

Hartarako, espedientea interesdunen eskura egonen da Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren bulegoetan (Alondegi kalea, 1, 1. solairua, 31002 Iruña), eta epe horretan zilegi izanen da idatziz nahi adina alegazio aurkeztea.

Halaber, Ingurumen eraginaren azterlana interesdunen eskura egonen da Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren bulegoetan (González Tablas kalea, 7 31005 Iruña).

4. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea eta jakinaraztea Herri Lan Zuzendaritza Nagusiari, Kultura Zuzendaritza Nagusiari, Ingurumenaren eta Uraren Zuzendaritza Nagusiari, Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuari, Tafallako Udalari eta NASUINSAri, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2010eko uztailaren 28an.-Erakundeekiko Harremanetarako kontseilari eta Gobernuaren eleduna, Nafarroako Gobernuko idazkariaren ordez, Alberto Catalán Higueras.

Iragarkiaren kodea: F1012939