100. ALDIZKARIA - 2010eko abuztuaren 18a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

TAFALLA

Udal ordenantza, Tafallako trafikoa arautzen duena.
Behin betiko onespena

Tafallako Udalak, 2010eko martxoaren 30ean egin osoko bilkura arruntean, erregelamenduz ezarritako quoruma zuela, erabaki zuen hasiera batean onestea Tafallako trafikoa arautzen duen udal ordenantza.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, erabaki hori 2010eko 51. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, apirilaren 26an, baita Tafallako Udaleko iragarki oholean ere.

Jendaurreko aldi hori bukatu ondoan, 2010eko ekainaren 29ko osoko bilkuran emandako erabakiaren bidez, hasiera batean onetsitako testuaren iradokizunak ezetsi dira eta ordenantza horren testua behin betiko onetsi da; Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 326. artikuluari jarraikiz, testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen da behar diren ondorioak izan ditzan.

Argitara ematen da aipatu agindua betez, eta ohartarazten da ezen honako ordenantza honen aurka -xedapen administratibo bat baita- ez dela administrazio bidean errekurtsorik aurkezten ahal, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 107.3 artikuluari jarraikiz; hortaz, behin betiko onespen honen aurka ondoko bideren bat erabiltzen ahalko da:

a) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salari zuzenean aurkeztuta, bi hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aitzina, Administrazioarekiko Auzietako Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10.1.b) artikuluari jarraikiz.

b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita.

Zioen azalpena

Tafallak ez du trafikoaren gaineko ordenantzarik, bide publikoen erabilera egokia arautzen duenik, trafikoaren premia orokorrak eta ibilgailu partikularren erabilera eskaerak bateratuz.

Udalaren eskumenak erabiliz, Tafallako Udalak, ordenantza honen bidez, Udalaren bide publikoak arautzen ditu, xedea izanik haien erabilera egokia; horretarako, bizikidetza arauak ematen dira, bateratu beharrez, batetik, erabilera pribatu edo bereziaren premiak, eta bertzetik, interes publiko orokorra.

Ordenantza sei gai multzotan egituratzen da, bakoitzak bere titulua duela, eta horiek kapitulu eta artikulutan banatuak daude.

I. tituluan ordenantzaren xedea eta aplikazio esparrua deskribatzen da gaingiroki.

II. tituluan Tafallako udal mugapean gelditzea eta aparkatzea arautzen da, eta, hartara, bideak zuzen erabiltzeko bete behar diren arauak zehazten dira, baita zehaztu ere gelditzean eta aparkatzean zer kasutan egiten zaion kalte trafikoari.

Aparkatze mugatuko eremuak ezarriz bermatu nahi da halako eremu batzuen banaketa zuzena eta erabilera solidarioa, haien erabilera handia dela medio beharrezkoa baita bertan txandakako aparkatzea posible izatea. Bide publiko horiek ibilgailuak aparkaturik modu berezian eta baztertzailean erabiltzeak aukera emanen du zenbateko bat ordainarazteko, dagokien ordenantza fiskalen bidez zehaztuko dena. Eremu horietan, aparkatzeko mugapenak laxoagoak izanen dira bizilagunendako; hartara, eremu mugatu horiek erabiltzeko araubide berezia izanen dute, aitzinetik dagokien txartela eskuratzen badute.

Ordenantzak konponbide bereziak ematen dizkie mugikortasun murriztua duten pertsonei, eta kontuan hartzen du mugitzeko duten premia.

Tafallako Udalak arautze berariazkoa du pasatzeko lizentziak emateko, hain zuzen ere Ibilgailuak espaloietan barna pasatzeko lizentziak eta eremu publikoetako erreserbak arautzen dituen ordenantza, 1989ko ekainaren 8ko osoko bilkuran onetsi zena; handik goiti iragan den denbora kontuan harturik, beharrezkoa de hura berrikustea.

Espaloietan eta jabari eta erabilera publiko orokorreko espazioetan barna pasatzeko baimenak eta halako lokal batzuetatik ateratzea bermatu beharrez aparkatzeko ematen diren debekuek bizikidetza baketsurako bidea ematen dute, lokal horien premien eta trafikoaren eta espazio publikoaren erabileraren arauketa egokiaren artean.

III. tituluak arautzen du bide publikoan abandonatzen diren ibilgailuen egoera eta horien aitzinean hartu beharreko neurriak, traba ez ditzaten bide horien erabilera normala eta berezko xedea, hura ez baita trafiko etengabea baizik, eta ez ibilgailuen altxatoki noizbehinkako edo betierekoa izatea.

IV. tituluak arautzen ditu ibilgailu bereziak eta merkataritzako gai arriskutsuen garraioak, oro har herritarrendako eta bereziki trafikorako arriskuak saihestu nahirik.

V. tituluaren helburua da bide seinaleen ezaugarriak bateratzea Tafallako udal mugapean.

VI. tituluak arautzen du ordenantzako aginduak ez betetzeagatik erabili beharreko zehapen prozedura, baita hartzen ahal diren neurriak ere, hala nola ibilgailua ibilgetzea edo kentzea, dagozkien ataletan deskribatzen diren kasuak gertatuz gero.

Lehen xedapen gehigarriak ordenantza bertzerik gabe eguneratzeko araubidea dauka, hartan erabiltzen den erreferentziazko araudian lege aldaketak gertatzen direnean; gisa horretara, haren aplikazioa arinduko da aldatzeko berariazko tramiterik erabili behar izan gabe.

Lehen, bigarren eta hirugarren xedapen iragankorrek araubide iragankorra ezartzen dute, ordenantzak indarra hartu aitzin ziren egoerak egokitu beharrez, xedea izanik ezari-ezarian bat egitea ordenantzan ezarritako determinazioekin.

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea eta aplikazio esparrua.

Ordenantza honen xedea da trafiko arau egokiak ezartzea ibilgailu motordunek Tafallako udalerriko espazioak eta hiri bideak erabiltzea arautzeko.

Ordenantza honetako aginduak Tafallako udal mugape osoan aplikatzekoak dira.

II. TITULUA

Gelditzea eta aparkatzea

I. KAPITULUA

Gelditzea eta aparkatzea

2. artikulua. Arau orokorrak.

1. Tafallako Udalari dagokio, eta hari baizik ez, erabilera publikoko bideetan, jabetza pribatukoak izanik ere, aparkatzearen eta zirkulazioaren antolamendua baimentzea.

Horren ondorioz, ez da zirkulazioa mozten ahal, ezta inolako seinalerik edo adierazlerik paratzen ahal ere, halako baimenik gabe. Soil-soilik atal honetan aipatzen denari dagokionez, presako kasu justifikatu eta frogatuetan, Udaltzaingoko buruak baimentzen ahalko du, baina Udaleko organo eskudunari berehala eman beharko dio horren berri.

2. Gelditu eta aparkatzean ibilgailuak ez du zirkulazioa trabatuko, ezta arriskurik sortuko ere bidearen gainerako erabiltzaileei; zainduko da non uzten den eta begiratuko, gidaria kanpoan delarik, mugitzen has ez dadin.

Aparkatzeko uzten den tokia zoladuran mugaturik dagoenean, markaturiko esparruaren barnean aparkatu beharko da.

Aparkatu behar da gainerako erabiltzaileei sartu eta ateratzeko maniobrak egiten uzteko eta gelditzen den espazioa ahalik eta hobekien erabiltzeko maneran.

3. Gidariek ez dute zilegi izanen ibilgailua geldirik eta motorra pizturik dagoela uztea, ibilgailu barnean gelditzen ez badira.

4. Jendea hartu edo uzteko edo zamalanak egiteko, ibilgailua 2 minutu baino gutxiagoz mugitu gabe edukitzea da gelditzea. Ez da gelditzetzat hartuko zirkulazioaren beharrak direla eta halabeharrez edo une batez geratzea.

5. Galtzadan geldituz gero, ertzetik ahalik eta hurbilena kokatuko da ibilgailua.

6. Auto-taxiak eta alokatzen diren bertzelako ibilgailu arinak Tafallako Udalak zehazten dituen tokian eta berak dioen gisan geldituko dira; gainerakoan, ordenantza honetan orokorrean ezartzen diren arauei hertsiki lotuko zaizkie gelditzean.

7. Auto taxiak erabiltzaileak eskatzen duen tokian gelditzen ahalko dira bezeroak hartu eta utzi beharrez, betiere trafikoari trabarik egiten ez badiote.

8. Autobusak, berriz, Tafallako Udalak espresuki baimentzen dituen geralekuetan baizik ez dira geldituko bidaiariak hartu edo utzi ahal izateko.

9. Aparkatzea da ibilgailu bat bi minutu baino gehiagoan ez mugitzea, betiere zirkulazioak edo erregelamenduzko edozein baldintza bete beharrak eraginez ez bada.

10. Bertze erabiltzaileek gainerako tokia ahalik eta hobekien erabiltzeko maneran aparkatuko da.

11. Tafallako Udalak aparkatze mugatuko araubidea ezartzen ahalko du halako eremu batzuetan, doakoa nahiz ordainduzkoa, parkimetroen edo bertze edozein sistemaren bidez arautua, trafikoa antolatzeko edo hautatzeko, edo aparkatzeko tokien banaketa bidezkoa bermatzeko.

12. Eskola garraioari eta haren geralekuei dagozkien determinazioak eta aldeak Tafallako Udalak erabakiko ditu, eta sektoreko araudia begiratu beharko dute.

3. artikulua. Autobusak, kamioiak, atoiak eta karabanak.

1. Debeku da udal mugapeko bide guztietan 5.000 kg-tik goitiko GPB duten ibilgailuak aparkatzea. Bide horietan zamalanak baizik ez dira egiten ahalko.

2. Debeku da 3.500 kg-tik goitiko gehieneko pisu baimendua ibiltzea eta aparkatzea oinezko eremuetan eta oro har Alde Zaharrean.

3. Debeku da 21 bidaiari baino gehiagorendako tokia duten autobusak udal mugapeko bide guztietan aparkatzea.

4. Debeku horiek ez dira beteko behar bezala justifikaturiko salbuespen kasuetan, betiere, aldez aurretik agintari eskudunaren baimena eskuratu baldin bada.

5. Debeku da karabanak, atoiak eta erdiatoiak aparkatzea, Udaleko organo eskudunek baimena eman ezik.

6. Modu generikoan, autokarabanak aparkatuko dira luzetara aparkatzea uzten den eremuetan. Baterian, berriz, bakarrik aparkatzen ahalko dira haien luze-zabalak aparkatzeko tokia baino gehiago ez badira eta galtzadan edo espaloian berrogeita hamar zentimetro baino gehiago sartzen ez badira.

7. Orokorrean, debeku da karabana, atoi eta etxebizitza-ibilgailuetan bizitzea udal mugapearen barrenean, salbu eta horretarako egokitutako tokietan. Horiek osasungarritasuna eta higienea bermatzeko bezainbat bitarteko izan beharko dute.

4. artikulua. Gelditzea.

Honelakoetan debeku da gelditzea:

a) Babeslekuetan, babesguneetan, erdibitzaileetan, oinezkoen eremuetan eta trafikoa bideratzen duten gainerako elementuetan.

b) Eraikinetako sarrera-irteeretan, dagokien pasabide seinalea dutenetan.

c) Espaloi, pasealeku eta oinezkoak ibiltzeko gainerako tokien gainean.

d) BUS, eskola garraio eta larrialdiko zerbitzuen geraleku behar bezala seinalatuetan.

e) Taxi geralekuetan eta salgaien zamalanetarako erreserbaturiko tokietan.

f) Gelditzeak gidariei ikusi beharreko trafiko seinaleak ikustea eragozten dien tokietan.

g) Bidariarien garraio kolektiboko ibilgailuak Tafallako Udalak bidaiariak utzi edo hartzeko erreserbatu edo baimenduriko eremuetatik kanpora aparkatzen direnean.

h) Garraio publikoak edo bizikletek baizik ez erabiltzeko bide lerroetan.

i) Jendeari higiezinetara sartu edo handik ateratzea eragozten zaionean.

j) Zubietan, tuneletan eta gainetiko pasabideen azpian, non ez dagoen kontrako seinalerik.

k) Semaforoek araututako gurutzagune batean, gurutzagunea arautzen duten semaforoei eusteko zutoinek mugaturiko eremuaren barnean, seinaleek kontrakoa adierazi ezik.

l) Zirkulazioaren bi norabideko bideetan, norantzaren ezker aldean gelditzean.

m) Bigarren ilaran.

n) Galtzadaren erdian, espresuki baimendurik egon ezean.

o) Desgaitasuna dutenek bertze inork ez erabiltzeko toki seinalatuetan.

p) Lorategien aldean.

q) Ibilgailu edo oinezkoen zirkulazioa arriskuan jartzen edo larriki trabatzen duten bertze edozein tokitan.

5. artikulua. Aparkatzea.

1. Honelakoetan debeku da aparkatzea:

a) Debekatzeko seinale zutitako edo etzana duten tokietan.

b) Espaloi, pasealeku eta oinezkoak ibiltzeko gainerako tokien gainean.

c) BUS, taxi, eskola garraio, erakunde ofizial eta larrialdiko zerbitzuen geraleku behar bezala seinalatuetan.

d) Zamalanetarako erreserbaturiko tokietan, erreserbarako behar diren seinaleen bidez ezarritako ordutegiaren barnean.

e) Aparkatzeak gidariei ikusi beharreko trafiko seinaleak ikustea eragozten dien tokietan.

f) Jendeari higiezinetara sartu edo handik ateratzea eragozten zaionean.

g) Bigarren ilaran, nolanahi ere.

h) Edukiontzien ondoan, zabor bilketa galarazi edo oztopatzen denean.

i) Aparkaleku publiko batean, ongi aparkatutako ibilgailu bat ateratzea eragozten edo oztopatzen denean.

j) Garraio publikorako erreserbaturiko bide lerroetan.

k) Desgaitasuna dutenek bertze inork ez erabiltzeko toki seinalatuetan.

l) Pasabide behar bezala seinalatuetan, aparkatzeko debekua dagoen ordutegiaren barnean.

m) Galtzadaren erdian, espresuki baimendurik egon ezean.

n) Udal agintaritzak ordutegi mugatuan aparkatzeko gaitutako lekuetan, horretarako baimena ematen duen bereizgarria jarri gabe edo, bereizgarria jarrita ere, ibilgailua aparkaturik uztean udal ordenantzak gehienez uzten duen denbora baino luzeago.

ñ) Oinezkoendako pasabideetan, txirrindulariendako pasabideetan eta bide gorrietan.

p) Luzetara aparkatzean, dauden seinaleen arabera baterian aparkatu behar bada.

q) Bide bazterrean.

r) Aldi batean bertzelako erabilera edo jarduketetarako okupatu behar diren tokietan. Toki horiek behar bezala seinalatu behar dira, gutienez ere hogeita lau ordu lehenago.

s) Ibilgailu bat eremu publikoan aparkaturik gelditzen denean salgai edo alokagai jarri delako, eta funtsean publizitate helburuekin, edo kalez kaleko salmenta baimendu gabean edo bertzelako jarduera ez zilegietan aritzeko, edo behin baino gehiagotan konpontzeko.

t) Landa eta orubeetan, hara sartzeko modu bakarra espaloietan barna denean.

u) Lorategien aldean.

v) Bide publikoko toki berean, hilabete baino gehiago.

2. Nolanahi ere, jabeak egiaztatu behar du, berez edo bertze pertsona edo bitarteko baten bidez, bere ibilgailua ez dagoela behar ez bezala aparkaturik, seinaleak edo trafikoaren antolamendua nolanai aldatu direlako; horretarako, berrogeita zortzi orduko epea izanen du gehienez, horretarako egun baliodunak kontatuko direla.

II. KAPITULUA

Ordutegi mugatuan aparkatzeko eremua

1. ATALA

Aparkatze mugatuko eremua

6. artikulua. Aparkatze mugatuko eremuak.

1. Aparkatze mugatuko eremuak (AME, laburturik) dira Tafallako udal mugapeko jabari eta erabilera publikoko eremu batzuk, zerrenda urdin batek zedarrituak; haietan, beren sektorearen barnean bizilagun txartela agertzen duten ibilgailuak baizik ez dira aparkatzen ahal, denbora mugarik gabe; gainerako ibilgailuak, berriz, horretarako bidea ematen duen tiketa ateratzean ordaintzen den denboran.

2. Tokiko Gobernu Batzarrak erabakiko du zein diren aparkatze mugatuko eremuak eta horiek aldatzeko ahalmena izanen du.

7. artikulua. Ordutegi mugatua.

1. Aitzinetik ordainduta, aparkatze mugatuko eremuetan egun eta ordu hauetan aparkatzen ahalko da:

a) Lanegunetan, astelehenetik ortziralera: 9:30etik 13:30era eta 16:00etatik 20:00etara.

b) Larunbatetan: 9:30etik 13:30era.

2. Aparkatze mugatuko eremuetan aparkatze librea izanen da igande eta jaiegunetan.

3. Bizilagunek bizilagun txartela eskuratu ondoan aparkatzen ahalko dute beren sektorean.

4. Tokiko Gobernu Batzarrak aldatzen ahalko ditu datak eta ordutegiak, erabaki baten bidez.

8. artikulua. Aparkatzearen kontrola.

1. Aparkatze mugatuko eremuetan, tiketak saltzeko delako eremuetan paratutako makinetan erositako tiketaren bidez kontrolatuko da aparkatzea. Tiketean data eta aparkaldiaren hasiera eta bukaeraren ordu zehatzak agertuko dira, baita ordaindutako zenbatekoa ere. Aitzineko haizetakoen barne aldean paratuko da, datu guztiak kanpotik irakurtzeko maneran.

2. Aparkatze mugaturako ezarritako ordutegiaren barnean, ezin izanen da aparkatu alde horretako karriketan, horretarako bidea ematen duen tiketa erosi ezean. Salbuespena, mugapenak ukitu gabeko ibilgailuak izanen dira.

9. artikulua. Tarifak.

Dagokion ordenantza fiskalean ezarriko dira aparkatze mugatuko eremuetan ordaindu beharreko tarifak.

10. artikulua. Aparkatzeko gehieneko denborak.

1. Bizilagun txartela izan ezean, tiketak zenbat denbora markatzen duen, horrenbertze iraunen du aparkaldiak, eta ez gehiago.

2. Ibilgailua gehienez ere ehun eta hogei minutu egoten ahalko da aparkatuta. Denbora akituta, hurrengo hamar minutuan gutxienez ere lehengo lekutik 100 metrora mugitu beharko da ibilgailua, aparkatze mugatuko eremuan segituz gero.

3. Tokiko Gobernu Batzarrak aldatzen ahalko ditu aparkatzeko gehieneko denborak, erabaki baten bidez.

11. artikulua. Aparkatzeko murriztapenaren salbuespenak.

Aparkatzeko muga edo murriztapenik at geldituko dira:

1. Horretarako bidea ematen duen txartela indarrean duten bizilagunen ibilgailuak, beren sektorearen barnean eta betiere garbi ikusteko maneran badute.

2. Motozikletak, ziklomotorrak (hiru eta lau gurpilekoak izan ezik) eta bizikletak, nahiz eta, betiere, horretarako prestaturiko tokietan aparkatu beharko diren eta sekula ere ibilgailuendako erreserbatutako eremuetan.

3. Zamalanetan ari diren merkataritzako ibilgailuak, horretarako ezarritako ordu eta tokietan ari badira.

4. Anbulantziak, zerbitzuan ari direnean.

5. Autotaxi ibilgailuak, gidaria bolantera jarria eta zerbitzu egiten ari bada.

6. Hilotzak eramateko autoak, zerbitzu egiten ari badira.

7. Suhiltzaileen, larrialdietako, Gurutze Gorriaren, DYAren eta poliziaren ibilgailuak, zerbitzu egiten ari badira.

8. Feriazaleen ibilgailuak (feriazale bakoitzeko ibilgailu bat), saltzeko baimena dutenak Tafallako Udalak emanik, aipatu diren baldintza eta lekuetan, otsaileko eta urriko feria egunetan. Ibilgailuak beharko du bistan izan Udaltzaingoak emaniko salmentarako baimenaren kopia konpultsatua, haizetakoaren barrenean, kanpotik behar bezala ikusteko gisan.

9. Aparkatzeko baimena duten ibilgailuak (elbarriendako erreserba bereziak, hoteletakoak, zentro ofizialetakoak etab.), horretarako erreserbaturik dauden toki eta orduetan.

10. Baimena duten bertze ibilgailu batzuk.

2. ATALA

Bizilagunak

12. artikulua. Bizilaguna nor den.

1. Txartela eskuratzeari dagokionez, sektoreko bizilaguna izateko baldintza hauek bete behar dira:

a) Pertsona fisikoa izatea eta sektorearen barnean dagoen etxebizitza batean erroldatua, eta hura bere ohiko eta benetako bizitokia izatea. Halaber, txartela zein ibilgailutarako eskatzen den, ibilgailu horrek, eskatzailearen izenean egoteaz gain, leku berean egon behar du helbideratua.

b) Tafallako Udalari bizilagun txartela eskatu eta hura eskuratzea, eredu ofizialaren araberako eskabidearekin batean agiri hauek aurkeztuta:

1.-Nortasun agiri nazionalaren kopia konpultsatua, eskatzailearen gidabaimenarena eta ibilgailuaren zirkulazio baimenarena.

2.-Autoaren aseguru polizaren kopia konpultsatua eta ibilgailuen ikuskapen teknikoak eman aldeko txostenarena, hura eduki behar bada.

3.-Urteko zenbatekoa ordaindu izanaren frogagiria. Zenbateko hori tasa izanik, behar den ordenantza fiskalean finkatuko da.

c) Bizilagun txartela eskuratuz geroztik egoera aldatu ez eta, beraz, hura lortzeko eskatzen diren baldintza guztiak betetzen jarraitzea.

2. Udal zerbitzuek beharrezkotzat jotzen dituzten ikerketak eginen dituzte inguruabar horiek betetzen direla frogatzeko.

13. artikulua. Sektorea.

Txartela duten bizilagunak beren sektorean aparkatzeko baimena du, eta sektore hori du aparkatze mugatuko eremuaren barnean bere bizitokiaren parean duen aldea, delako higiezineko sarrera ordutegi mugatua ez duen bertze bide publiko batean izanik ere.

14. artikulua. Bizilagun txartela

1. Lagun bakoitzeko ez da, inola ere, bizilagun txartel bat baino gehiago emanen, haren izenean zenbanahi auto egonik ere.

2. Bizilagun txartela ibilgailuen aitzineko haizetakoen barne aldean paratuko da, kanpotik garbi ikusteko maneran. Txartelean zein urte agertzen den urte hartarako balioko du eta eskatzailearendako eta eskariko ibilgailurako baizik ez da izanen.

3. Txartela duen bizilagunak denbora mugarik gabe aparkatzen ahal du bere sektorean libre dauden aparkatzeko tokietan. Bere sektoretik kanpora, bizilaguna arauketa honen murriztapen guztien menpe egonen da, eta arlo hau arautzen duen ordenantza fiskaleko tasa ordainduko du.

4. Txartela eskuratzen duten eskatzaileak haren erantzule izanen dira, eta etxez edo ibilgailuz aldatzen direnean, edo hartarako eskubidea ematen duen edozein baldintza aldatzen denean, horren berri eman beharko diote Udalari, gehienez ere astebetean. Hartara, txartel berria eskuratuko dute, horretarako eskubidea izanez gero, edo anarteraino indarra izan duen txartela indargabetuko zaie.

5. Bizilagun txartel berria eskuratzeko, nahitaezkoa izanen da zaharra itzultzea interesadunari berria ematen zaionean, bai eta behar den tasa ordaindua izatea ere.

Halaber, etxez edo bertze edozein baldintza aldatzeagatik txartel berria eskuratzeko eskubidea galduz gero, orduan ere txartela itzuli behar da.

Txartela ebatsi edo galduz gero, berehalakoan eman behar zaio horren berri Udalari.

6. Tafallako Udalak noiznahi begiratu dezake txartelak emateko ezarritako baldintzak betetzen ote diren, eta betetzen ez dituztenei baliorik gabe utziko dizkie, bidezko bertze neurri edo zehapenak deusetan ukatu gabe.

III. KAPITULUA

Zamalanak

15. artikulua. Arau orokorrak.

1. Salgaien garraioan aritzen diren ibilgailuek eginen dituzte zamalanak, haietarako erreserbatutako eremuetan eta erregelamenduzko seinale etzan edo zutikakoen bidez adierazitako orduetan; betiere, ibilgailuak 2,50 metro zabal edo 5,5 metro luze izanen dira, gehienez ere.

2. Hiribideetan salgaiak banatzeko dauden ibilgailuendako gehieneko pisu baimendua -GPB- 8.000 kg izanen da; pisu handiagoa eramaten duten ibilgailuek behar den udal baimena eskuratu beharko dute lan horiek egin ahal izateko.

3. Inolaz ere ez daiteke oinezkoen eta ibilgailuen ibilia eragotz edo oztopa, ezta atari, saltoki edo pasabide baimenduen sarbideak ere. Horretarako, zamalanetan erabiliko diren merkataritzako gaiak, materialak eta gauzak, lurrean utzi gabe, zuzenean eramanen dira ibilgailutik eraikinera edo alderantziz.

4. Lan horiek egiteko behar adina langile egonen da, eta arretaz ariko dira, azkar, arriskurik gabe eta asots guti aterata.

5. Ibilgailuak espaloiarekiko paraleloan lerrokatu beharko dira, ertzaren kontra, aitzinaldea zirkulazio orokorraren norabidean, salbu eta bateriako aparkalekuetan, kasu horretan ibilgailuak ezin izanen baitira horretarako seinalatu den eremutik kanpora atera.

16. artikulua. Denbora.

1. Zamalanetarako erreserbatuetan ezin izanen da aparkatu lan horiek egiteko behar den denbora baino luzeago, eta inoiz ez 30 minutu baino gehiago.

2. Salbuespenez, desgaitasuna duten pertsonendako aparkatzeko txartela duten ibilgailuei utziko zaie gehienez ere 20 minutuz aparkatzera.

17. artikulua. Kasu bereziak.

Zamalanetarako eremu berariazkoetatik kanpora, Udalak ematen ahalko ditu, aldi baterako erreserbak, halako lan zehatz batzuk egiteko, hala nola etxe aldaerak, fuel horniketak eta gisakoak.

IV. KAPITULUA

Mugikortasuna murriztua izateagatik desgaitasuna dutenendako aparkatzeko txartela eta aparkatzeko erreserba

18. artikulua. Lurralde eremua.

Mugikortasuna murriztua izateagatik desgaitasuna dutenendako aparkatzeko txartelak, aitzineko artikuluetan aurreikusitako baldintzen eta prozeduraren arabera emanak, Tafallako udal mugaperako balioko du, eta ahalmena emanen dio titularrari aparkaleku erreserbatuak erabiltzeko eta desgaitasuna duten pertsonek ibilgailua aparkatzeko ezartzen diren eskubideak izateko; bertzetik, Europar Batasuneko Estatu kide guztietan erabiltzen ahal da, Europako udal bakoitzak ibilgailuen antolamendu eta zirkulazio arloan ezarrita duenaren arabera.

Era berean, Europar Batasuneko gainerako administrazioek mugikortasuna murriztua dutenei aparkatzeko ematen dizkieten txartelak erabiltzeko eskubidea aitortu da Tafallako udal mugapean.

19. artikulua. Betebeharrak.

Desgaitasuna dutenendako aparkatzeko txartela eskuratu ahal izateko, interesdunak baldintza hauek bete beharko ditu:

1. %33 edo gehiagoko elbarritasun maila aitortua izatea.

2. Osasun egoera dela edo bertze arrazoi batzuk direla-eta, etxetik kanpo joan-etorriak egiteko ezindurik ez bizitzea.

3. Honelako kasuren batean egotea:

Desgaitasuna dutenak, baremoaren A, B edo C ataletan daudenak eta, gehienetan, beren muga funtzionaletara egokiturik dagoen ibilgailu baten jabe eta gidariak direnak.

Desgaitasuna dutenak, baremoaren D, E, F, G eta H ataletako puntuazioen baturak 7 puntu edo gehiago egiten dutenean, eta ibilgailu baten jabe eta gidariak direnak.

Bizikideak eta etxe berean bizi direnak, edo bertzenaz, horretarako izendatzen den ahaidea, desgaitasuna duten pertsonak laguntzen edo garraiatzen dituztenak, pertsona horiek aurreko atalean sarturik daudenean eta ibilgailu baten gidariak ez direnean.

20. artikulua. Baremoa..

1. Foru Komunitateko departamentu edo erakundeen artean desgaitasuna baloratzeko eskumena duenak egiaztatuko ditu mugitzeko zailtasunak, alegia, garraio publiko kolektiboen erabilera galarazten dutenak; aginduzko baremoa erabiliko du horretarako.

2. Hona hemen baremoa aplikatzeko graduak:

A.-Gurpil-aulkira beharturiko erabiltzailea.

B.-Ibiltzeko behar-beharrezko ditu bi makila.

C.-Ibiltzeko gauza da, baina eskasia intelektual larrien ondorioz kontrolatzen zailak diren portaera erasokor edo gogaikarriak agertzen ditu, eta horrek garraiobide normalizatuak erabiltzea zailtzen.

EZ DU ZAILTASUNIK

ZAILTASUN ARINA

ZAILTASUN LARRIA

ZAILTASUN OSO LARRIA (EZINA)

D.-Bazter zelaietan ibiltzea

0

1

2

3

E.-Oztopoak dituzten bazterretan ibiltzea

0

1

2

3

F.-Eskailera tarte bat igotzea edo jaistea

0

1

2

3

G.-40 cm-ko eskailera maila gainditzea

0

1

2

3

H.-Garraiobide normalizatu bateko plataforman zutik irautea

0

1

2

3

21. artikulua. Prozedura.

1. Txartela eskuratzeko interesa dutenek eskabidea aurkeztu behar dute, eta harekin batean honako hauek:

-Elbarritasun mailaren ziurtagiria, garraio publiko kolektiboak erabiltzea eragozten duten mugikortasun arazoak direla erabakitzeko baremoan eskuratutako puntuak agertuko dituena, aplikatzekoa den araudiari jarraikiz.

-Karneterako argazki bat.

-Desgaitasuna duenaren nortasun agiri nazionalaren fotokopia eta, halakorik bada, gidariaren lagunarenarena.

-Ibilgailuaren zirkulatzeko baimenaren fotokopia.

-Gidabaimena.

3. Eskatutako baldintzak betez gero, aparkatzeko txartela luzatuko da, eta hura bere titularrari aurkeztuko zaio, sina dezan, eta sinatu ondoan Udalak plastifikatuko du eta interesdunari emanen dio.

4. Desgaitasuna dutenek aparkatzeko txartelaren eredu europarraren araberakoak izanen dira txartelak.

5. Txartela aitzineko haizetakoan paratu beharko da, haren aurreko aldea ibilgailuaren kanpotik irakurtzeko maneran dela. Agintari eskudunak edo agenteek eskatuz gero, aztertzera utzi behar zaie.

22. artikulua. Aparkatzeko txartelaren indarraldia eta eskuragarritasuna

Aplikatzekoa den araudian argitaraturiko arauei jarraikiz, elbarritasun mailaren balorazioa egiteko, oinarria da gaitz iraunkorrak zehaztea, eta hala izaten da inor alterazio organiko edo funtzionaletatik oneratzerik ez denean, erran nahi baita ukituriko organoaren egitura edo eginkizuna ez dela lehengoratzen edo hobetzen ahal. Hori dela-eta, aparkatzeko txartelak behin betikoz emanen dira, salbu eta osasun txostenaren tramitazioan kontrakoa adierazten denean; halakoetan zenbat denboratarako ematen den adieraziko da, baina inoiz ez da izanen sei hilabete baino gutiagorako.

Behin betiko txartelak 5 urtera iraungiko dira, administrazioaren kontrola erraztearren. Epe hori iraganik, txartela eskatu beharko da berriz. Lehengo txartela eskuratzeko baldintzak aldatu ez badira, eskaera aski izanen da bertzerik gabe hura berritzeko. Udalak berritzea baimenduko du, baina lehenago eskatzen ahalko ditu baldintzak mantentzen direla frogatzeko agiriak. Mugikortasun murriztua aldi baterakoa bada, noiz arteko ezintasuna den, ordu arteko balioa izanen du.

Desgaitasuna duen pertsona ibilgailuan lekualdatzen denean baizik ez da erabiltzen ahalko aparkatzeko txartela, orduan baizik ez baita baliozkoa izanen. Txartela erabiltzen bada desgaitasuna duen pertsona ez dagoenean, bertzerik gabe kenduko zaio eta ezinezkoa izanen du etorkizunean txartelik erdiestea, dagozkien zehapenez aparte.

Txartelak eskuratzeko eskatu ziren baldintzak aldatuz gero, horien berri eman beharko dute txartelen esleipen hartzaileek, horren arabera erabaki beharko baita berritzen edo deuseztatzen zaion. Aldaketen berri ematen ez bada, txartela bertzerik gabe kenduko zaio eta ezinezkoa izanen du etorkizunean txartelik erdiestea, dagozkien zehapenez aparte.

Txartela ebatsi, hondatu edo galduz gero, berria atera beharko da. Ebatsiz gero, interesdunak salaketaren ziurtagiria aurkeztu beharko du, txartel berria luzatuko bazaio. Hondatuz gero, txartel hondatua aurkeztu beharko du. Aitzineko kasu guztietan, Udalak txartel zaharraren iraungitze data berarekin emanen du berria.

23. artikulua. Desgaitasuna dutenendako erreserbatuak.

1. Desgaitasuna dutenendako aparkatzeko txartelek beren titularrari aukera ematen diote, Udalaren eskumeneko bideen barnean, desgaitasuna dutenendako aparkatzeko toki erreserbatuetan ordu mugarik gabe aparkatzeko, eta gehienez ere 20 minutuan zamalanetarako erreserbatuetan aparkatzeko.

2. Desgaitasuna dutenendako aparkatzeko tokiek izan beharko dituzte behar bezalako seinaleak, zutikakoak nahiz etzanak. Toki horiek erabiltzen dituztenean, desgaitasuna dutenendako aparkatzeko txartelen titularrek ikusteko maneran utzi beharko dituzte txartelak.

3. Txartela zer ibilgailutarako den, haren gidariak bizi diren etxebizitzaren inguruan badira baizik ez dira onartuko desgaitasuna dutenendako toki erreserbatuak sortzeko eskaerak.

Desgaitasuna dutenendako tokiak ez dira eskatzailearendako bakarrik erreserbaturik egonen; txartel ahalmen emaileak dauzkaten gainerakoek ere erabiltzen ahalko dituzte.

4. Gainerako udalerrietan beren arauei jarraituko diete.

24. artikulua. Bertzelako erreserbatuak.

1. Administrazio publikoek, bertze erakunde publikoek eta interes orokorrak edo gizartearenak asetzen dituzten entitate pribatuek toki erreserbatuak eskatzen ahalko dituzte beren egoitza edo helbide fiskaletatik hurbil aparkatzeko.

2. Erreserbatzeko tokiak hagitz kasu mugatuetan baizik ez dira onartuko, nahi bezala, eta betiere hala egitea trafikoarendako edo ibilgailuen joan-etorriarendako mesedegarri, eragozpenak kentzeko baliagarri edo nolanahi dela ere interes publikoarendako onuragarri gertatzen den neurrian.

3. Orokorrean, aparkatzeko toki erreserbatua ordutegi mugatuan onartuko da; salbuespenetan baizik ez da mugarik emanen, aurretik arrazoi aski ematen badira.

4. Udalak bere aldetik erabakitzen dituen baldintzak paratzen ahal ditu ematen den lizentziari dagokionez, eta emate hori berritu edo bere aprobetxamendua aldatzen ahalko da noiznahi eta kalte-ordainik izan gabe.

5. Eskumena duen udal organoak, eskabidea eta bertzelako alderdi batzuk azterturik, hala nola alde horretako trafikoa eta aparkatzea, erreserbatua baimendu edo ezetsiko du, eta erabakiko du zein ibilgailuk erabiltzen ahalko duten eskaera egin dutenen artean. Halaber ematen ahalko du Udalaren bertze ibilgailu batzuek edo bertze administrazioetakoek erabiltzeko baimena. Ibilgailu bakoitzerako txartelak jaulkiko ditu, eta horiek ikusgai paratu beharko dituzte erreserbatua erabiltzen dutenean.

6. Tokia erreserbatzeko lizentziak eskatu nahi izanez gero, honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:

-Eskariaren xedea zehazten duen eskabidea, onura jasoko lukeen jardueraren titularrak sinatua.

-Eskatzen den erreserba beharrezkoa eta trafikoarendako oro har nahiz interes publikoarendako onuragarria dela frogatzeko txostena.

-Planoa, erreserbatzeko eskatzen den tokia ahalik eta zehatzena adierazi eta mugatzen duena.

7. Erreserbarako lizentzia hauek arlo hau arautzen duen ordenantza fiskalean ezartzen diren tasak izanen dituzte.

V. KAPITULUA

Pasatzeko lizentziak

25. artikulua. Pasatzeko lizentziaren definizioa.

1. Bi gurpil baino gehiagoko ibilgailuak erabilera pribatuko lokal edo eremuetara, espaloietan edo oinezkoen erabilera publikoko eremuetan barna pasatzeko, beharrezkoa izanen da pasatzeko udal lizentzia edukitzea.

2. Pasatzeko lizentzia hau nahitaezkoa da aitzineko paragrafoan adierazitako oinarrizko kasuan, nahiz eta hura baliatzeko ez den eskatzen pasagunean edo parean aparkatzeko debekua, bai trafiko arauek sektorean gelditzea edo aparkatzea debekatzen dutelako bai erabiltzen ez delako, edo bertze arrazoi batzuengatik.

26. artikulua. Pasatzeko lizentziaren baldintzak.

1. Pasatzeko lizentzia bakar bat ematen ahalko da lokal bakoitzeko, lokala izanik unitate fisiko bat, fabrika-obrako bertze tarte batzuen bidez guztiz eta modu iraunkorrean isolatua.

Orokorrean, ematen den lizentzia, luzeraz, ez da lokalean sartzeko atearen zabalera haren %20 baino gehiago izanen, eta gehienez ere 4,5 metro izanen ditu, alboetako piezako errematea barne ez dela.

Gainera, lizentzia honen izaera murriztailea denez, interes publikoak hartaratuta, ahaleginak eginen dira elkarrengandik hurbil edo ondoan diren lokalak (bereziki titular berarenak ez badira) banan-banan ez baliatzeko lizentzia horietaz.

2. Nolanahi ere, salbuespenez eta interes publikoak hartaraturik, handitzen ahalko dira arestiko mugak, hala nola ibilgailuak altxatzeko lokaletan sartzeko pasaguneetan, ibilgailu kopuru handia altxatzeko edukiera badute, eta orobat bertze kasu bakan eta arrazoituetan.

3. Orokorrean, pasatzeko lizentziak egoera hauetan baizik ez dira emanen:

a) Merkataritzarako edo industriarako lokaletan, jardueraren ezaugarri orokorrengatik, ibilgailuen ohiko sar-aterak nahitaezkoak direnean.

b) Familia bakarreko etxebizitzetan, udal planeamenduak araututako aldeetan, betiere baldintza hauek betetzen badituzte:

1.-Eremuak familia bakarreko etxebizitzetarako antolamendua izatea, eta gisa hartara eraikia.

2.-Eremu publikoan halako jarduketa batzuk egiteko murriztapen nabarmenik ez ekartzea.

3.-Familia bakarreko etxebizitzaren eremu pribatiboaren barnean aparkatzeko tokia izatea.

c) Ibilgailuak altxatzeko lokalak, aitzineko ataletan sarturik egon gabe, ibilgailuen ohiko sar-aterak behar dituztenak.

27. artikulua. Ordutegia.

1. Lizentziak ordu jakin batzuetarako edo gau eta egun erabiltzeko izan daitezke, baina lehenbizikoak arau orokorra izanen dira.

2. Gau eta egun pasatzeko lizentziak hagitz modu murriztuan emanen dira, eta nahitaezko kasuetan, hala nola bi ibilgailu baino gehiagorendako edukiera duten altxatokietan, familia bakarreko etxebizitzetan, larrialdiko zerbitzuetan edo interes edo zerbitzu publikoko bertzelako zerbitzuetan, baita merkataritzako edo industriarako establezimenduetan ere, beren beharra behar adina arrazoitzen badute.

3. Ordu jakin batzuetan pasatzeko lizentziak merkataritzako edo industriarako establezimenduetan eta 2 ibilgailu baino gutiagoko edukiera duten altxatokietan erabiliko dira betiere.

4. Ordu jakin batzuetan pasatzeko lizentziek aukera emanen dute ibilgailuak pasatzeko gehienez ere hamabi orduz egunean, ordutegia 8:00etatik 20:00etara dutela, jaiegunetan izan ezik (bertzelako akordio espresua salbu, merkataritzako edo industriarako establezimenduetan), eta 20:00etatik 8:00era, 2 ibilgailu baino gutiagoko edukiera duten altxatokietan.

28. artikulua. Seinaleak.

Pasabideetan seinale zutikako nahiz etzanak paratu beharko dira, gisa honetara:

-Zutikako seinaleak erregelamenduzko debeku plakak izanen dira, atearen erdian edo, salbuespenez, lokal edo espazio pribatuko sarbidearen alde batera ezarriko direnak; ordutegia eta aparkatzeko debeku gau eta egunekoa agertuko dituzte.

-Plaken beheko aldea zorutik 1,50etik 2 metro bitarteko garaierara egonen da, Udaleko zerbitzu teknikoek salbuespenez bertzerik baimentzen dutenetan izan ezik.

-Plakak tasa baten truke Udalak ematen duen eredu ofizialekoa izan behar du, eta identifikazio zenbaki bat izan beharko du.

-Gainera, pasatzeko lizentzia halako ordu jakin batzuetarako denean, hori erraz ikusteko maneran agertuko da seinaleetan.

-Seinale etzanak paratzeko, pasabidea edo zintarriko oketsa gorriz eta zuriz pintatuko da, kolore bakoitzari 50 zentimetroko zabalera emanen zaiola. Bertzalde, galtzadan pasabidea mugatzeko bi marra hori elkarzutak pintatuko dira, 2 metro luze eta 15 zentimetro zabal izanen direnak, kolore hori eta zabalera bereko marra hautsiak baturik, edo marra eten bat, aparkatzeko tokirik ez dagoenean.

29. artikulua. Zintarria edo "pasabidea" oketsa egitea

1. Pasatzeko lizentziek pasabidea edo zintarri oketsa beharko dute haren garaiera bortz zentimetro edo gehiagokoa denean. Espaloiaren zabalera 1,20 metro baino handiagoa bada, lehen baldosan horren araberako oketsa egin beharko da, gehienez ere 0,30 metroko luzeran.

2. Espaloiko zintarrian edo gisakoan ("pasabidea", laburki) oketsa egitean, bere hartan utziko da sestra ofiziala, fatxadak eta espaloiak bat egiten duten gunean zehazten den fatxada lerroan. Gainera, gaur egun hirian ohi den eredu edo diseinuari egokituko zaio, baita zintarriaren gainerakoan eta alde horretako espaloietan erabili diren materialei ere.

3. Kasu berezietan eta salbuespenez, Udalak bertzelako neurri batzuk baimentzen ahalko ditu, zintarrian oketsa egin ordez, eskatzaileak proposamen arrazoitua aurkeztuta, oketsa egiteak interes publikoari kalte egiten dionean. Hala bada, Udalaren baimena nahi bezalakoa izanen da, eta interes publikoa bermatzeko behar diren baldintzak inposatuko ditu. Onuradunaren kontura izanen da hura zaintzea, baita erantzukizuna ere haren erruz inori kalterik egiten bazaio. Haren ordez paratzen den neurriak kalte egiten badu edo bere helburuarekin bat etortzen ez bada, aldatu eginen da, onuradunak bertzelako neurri batzuk proposatuta; halakorik ez bada, edo neurriak bideragarriak ez badira, pasatzeko lizentzia baliogabetzea gerta liteke, horrek ekarriko lituzkeen ondorioekin.

4. Zintarrian oketsa egin edo horren ordez baimentzen diren neurriak hartuz gero, begiratu beharko dira oztopo arkitektonikoak eta elbarritasunek jotako pertsonendako trabak kentzeari buruz indarra duten xedapenak.

30. artikulua. Pasatzeko lizentziak ukitutako eremuan aparkatzea.

1. Debeku da pasatzeko lizentziak ukitutako eremuan aparkatzea, ordutegi baimenduaren barnean, ordu jakin batzuetan erabiltzeko lizentzien kasuan, edo egunak dituen 24 orduetan, pasatzeko gau eta eguneko lizentziak badira. Ordutegi horietan, gidaria ibilgailuaren barnean dagoenean eta berehala kentzen duenean baizik ez da toleratuko aparkatzea. Debekua lizentziaren titularrari ere dagokio.

2. Seinaleak behar bezala paraturik eta zaindurik ez badaude aginduta dagoen maneran, ez da salatuko ez kenduko pasalekuan aparkatzen den ibilgailua; pasatzeko lizentzia baliogabetzeko arrazoia izan daiteke hori.

31. artikulua. Bermea.

1. Eskatzaileak berme bat eratu beharko du Tafallako Udalaren alde, erantzun ahal izateko zoladuran egin daitezkeen kalteengatik eta bermatu ahal izateko pasabidea egitean eta seinaleak paratzean zuzen eta Udalak ezarritako baldintzen arabera jokatuko dela.

2. Bermearen zenbatekoa edo hura eratzeko manera dagokion ordenantza fiskalean ezarriko da.

3. Bermaturiko betebeharrak beterik, Udala ados egonik, lizentziaren onuradunak bermea itzultzeko edo ezeztatzeko eska dezake. Pasatzeko lizentzia ematen ez denean ere Udalak bermea itzuli edo ezeztatuko du, betiere obra egin ez bada.

32. artikulua. Erantzukizuna.

1. Pasatze lizentziaren titularrari dagokio zintarrian oketsa egitea eta horren kostua, edo, hala behar badu, horren ordezko neurria; orobat, seinale zutikako nahiz etzanak paratzea eta hori guztia behar bezalako baldintzetan mantentzea eta zaintzea.

2. Pasatzeko lizentziaren titularrak bere gain hartuko ditu zoladurak edo zintarriak hartzen dituen kalteen konponketa eta, tenorea etorrita, zintarria lehengoratzea eta seinale zutikako nahiz etzanak kentzea.

3. Tafallako Udalak noiznahi eskatzen ahalko du hura konpontzeko, sendotzeko edo nahi denera moldatzeko.

4. Aitzineko kasuetan, lokalaren jabea ere erantzule subsidiarioa izanen da, pasatzeko lizentziaren titularra bertze bat bada.

5. Udalak pasatzeko lizentzia baliogabetuko du pasatzeko lizentziaren titularrak ez lokalaren jabeak egiten ez badituzte zintarrian oketsa egiteko obrak edo horren ordezko neurriei dagozkienak, edo paratzen ez badituzte seinale zutikako nahiz etzanak, edo egokitzen ez badituzte, edo mantentzen ez badituzte behar bezalako baldintzetan.

6. Lizentzia iraungi edo baliogabetu ondoan, pasatzeko lizentziaren titularrak ez lokalaren jabeak zintarria edo ordezko neurria eta zoladura lehengoratzen ez badute, eta seinale zutikako nahiz etzanak kentzen ez badituzte, hala behar duenean, orduan Udalak nahitaezko betearazpena eginen du eta zuzenean ordainaraziko dio erantzuleari, haren borondatez edo, bertzenaz, premiamendu bidez.

33. artikulua. Eskaera eta dokumentazioa.

1. Pasatzeko baimenak eskatzeko agiri hauek aurkeztuko dira:

a) Pasabidea zein lokaletarako eskatzen den, haren erabilera definitu beharko da.

b) Eraikinaren edo eremuaren kokalekuaren argazkia eta planoa, 1/100etik 1/200rainoko eskalan; hartan zehaztuko da zein den erabiltzen dena eta zein diren pasabideari eragiten dioten hiri elementuak (espaloiak, kutxetak, kale argiak, ibilgailuak aparkatzeko eremuak, autobus geralekuak, edukiontziak etab.)

c) Krokis kotaduna, banaketa eta guzti; hartan bereziki adieraziko da ibilgailuendako eremua, sarbideak, haietan joan-etorriak egiteko korridoreak, ezaugarriak eta azalera.

d) Bertze xederen bat duten negozio-lokalak direnean, txosten labur bat erantsiko da, bere hartan gauzatzen den jarduerari buruzkoa, zehazturik banaz-bertze zenbat ibilgailu sartu eta ateratzen diren handik egunean.

e) Ordenantza honen 31. artikuluan aipatzen den bermea.

2. Pasatzeko lizentzien eskabideak irekitzeko edo lehen aldiz erabiltzeko lizentziaren eskaerarekin batean aurkezten ahalko dira.

34. artikulua. Baimena.

1. Udal organo eskudunak, behar den tenorean, ebazpena emanen du pasatzeko lizentzia eman beharrez, eta titularraren eskutan utziko du plaka, dagozkion xehetasunekin, arlo hau arautzen duen ordenantzak ezartzen dituen tasa eta prezioak ordaindu ondoan.

2. Eskaera egin bada irekitzeko edo lehen aldiz erabiltzeko lizentziarekin batean, edo horiek oraindik eman gabe daudenean, bertze horiek eskuratzearekin batera eta horren ondoan ebatziko da pasatzeko lizentzia. Halakoetan, ez dira plakak emanen irekitzeko edo lehen aldiz erabiltzeko lizentzia lortzen ez den bitartean.

3. Ezin izanen da pasatzeko lizentzia eman, sarbidez hornitzen duen lokalak ez baditu zehaztu den erabilerarako behar diren baimen edo neurri zuzentzaileak.

4. Lizentzia hauek nahi bezala emanen ditu Udalak, ukatu gabe ere ordenantza honek zer dioen hura ukatu edo onartzeko kasu zehatzez.

5. Pasatzeko lizentzia emanda, titularrak hilabeteko epea izanen du zintarrian oketsa egiteko edo, hala behar badu, horren ordezko neurria hartzeko, eta behar diren seinale zutikako eta etzanak paratzeko.

35. artikulua. Oinezkoen joan-etorriak.

Pasabideen erabiltzaileak eta orobat ibilgailuak sartzeko erabilera publikoko gainerako espazioen erabiltzaileak ere beharturik daude oinezkoen joan-etorriak begiratzera, betiere lehentasuna izanen baitute.

36. artikulua. Pasatzeko lizentziaren iraungipena.

Hona baimena iraungitzeko arrazoiak:

a) Zintarrian oketsa ez egitea edo, bertzenaz, horren ordez baimendutako neurria ez hartzea, edo nahitaezko seinale zutikako eta etzanak ez paratzea.

b) Titularrak uko egitea edo baja egitea.

c) Udalak ezeztatzea, Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legean aurreikusten diren arrazoiengatik, hartan barne dela zaintzea zintarriko oketsa edo, bertzenaz, horren ordezko neurria, eta nahitaezko seinale zutikako eta etzanak.

c) Borondatezko epean ez ordaintzea pasabideari dagozkion tasak.

37. artikulua. Pasatzeko lizentzia iraungitzeak ekartzen dituen betebeharrak.

Pasatzeko lizentzia iraungitzeak betebehar hauek ekarriko dizkio hartarainoko titularrari:

a) Disko seinaleak itzultzeko eta zintarria seinalatzeko pintura deuseztatzeko betebeharra.

b) Zoladura eta zintarria lehengoratzea.

38. artikulua. Debeku orokorrak.

1. Hona hemen zer den espresuki debeku:

a) Edozein motatako ibilgailuei sarbidea edo zintarrietako igoera errazteko asmoz, gailu finko edo mugikorrak paratzea erabilera publikoko bide edo eremuetan. Bidezko kasuetan soilik onartuko da pasabidea edo zintarri oketsa paratzea, ordenantza honen baldintzen arabera, 29.2 artikuluan ezarri dena salbu.

b) Pintura, errotulu, seinale edo adierazpen suerte guztiak, grafikoak izan edo bertzelakoak izan, baldin eta, tokia erreserbatzeko nahiz pasatzeko lizentziarik izan gabe, aipatu lizentziek aparkatzeko izan ohi dituzten mugapenen ordezko izan nahi badute edo mugapen horien gainean oker egitera bultzatzen badute.

c) Ibilgailu erabilezinak, gurdiak edo bertzelakoak uztea lokalen sarreraren parean edo inguruetan, aitzineko atalean zehazten den asmo berarekin.

2. Horietan guztietan, udal zerbitzuek eraman, kendu edo ezabatzen ahal dituzte debekaturiko lanabes, seinale eta gainerakoak, aldez aurretik errekerimendurik egin beharrik izan gabe, eta udal biltegian altxatu. Hortik eragindako gastuak, jarduera haiexen titularraren bizkar geldituko dira, zehapenak ere ezar badaitezke ere.

III. TITULUA

Ibilgailu abandonatuak

I. KAPITULUA

Aplikazio eremua

39. artikulua. Definizioa.

1. Ibilgailu bat eremu publikoan abandonaturik dagoela uste izatekoa izanen da leku berean hilabete baino gehiago aparkaturik gelditzen denean eta berez mugitzea ezinezko egiten duten hondaketak dituenean edo matrikula plakak falta dituenean.

2. Bizikletak direnean, aski izanen da ibiltzea eragozten dioten hondaketak agerian izatea.

3. Ibilgailu bat abandonaturik dagoela uste izatekoa izanen da, orobat, eremu publikotik kendu eta altxatu denetik, bi hilabete baino gehiago iragan direnean.

II. KAPITULUA

Prozedura

40. artikulua. Prozedura.

Ibilgailuak eremu publikoan daudenean, Tafallako Udalak ibilgailuaren erregistroko titularrari jakinaraziko dio hura ustez abandonatua dagoela, eta hamar egun naturaleko epea emanen dio egokitzat jotzen dituen alegazioak aurkezteko. Ibilgailuak arriskuren bat sortzen ahal badu, hortik kenduko da eta, gero, titularrari jakinaraziko zaio.

Aitzineko lerroaldean aipatutako epean titularrak alegaziorik aurkezten ez badu, ibilgailua udal altxatokira eramanen da.

Bizikletak badira, bortz egunen buruan udal altxakoria eramanen dira.

Abandonaturik egoteagatik edo bertze arrazoiren batengatik ibilgailu bat altxatokira eramaten denetik bi hilabete iraganda, errekerimendua eginen zaio titularrari hamar egun balioduneko epean eraman dezan, eta ohartaraziko zaio ezen, hala egiten ez badu, hiri hondakin solidoa balitz bezala erabiliko dela.

Orokorrean eta bidezko arrazoirik izan ezean, ibilgailuak kentzeko eta altxatzeko gastuak horiek altxatokitik eraman aitzin ordaindu beharko dira.

IV. TITULUA

Salgai arriskutsuen garraioa eta ibilgailu bereziak

i. KAPITULUA

Zirkulazioa

41. artikulua. Zirkulazioa.

1. Debeku dute Tafallako udal mugapeko hiri tarteetan zehar ibiltzea Merkataritzako Gai Arriskutsuen Errepide bidezko Garraioaren gainean indarra duen Erregelamendu Nazionalaren 1-a, 1-b, 1-c eta 2 motetan sartutako merkataritzako gai arriskutsuak garraiatzen dituzten ibilgailuek, aldi berean Erregelamendu horren 1 edo 2 arrisku etiketak eraman behar badituzte.

2. Aitzineko lerroaldean aipatu ibilgailuek Udaleko organo eskudunaren baimena beharko dute. Hartan zehaztuko dira garraio horren mugak egun, ordu eta ibilbideei dagokienez.

3. Debeku da arras Tafallako udal mugape osoan aparkatzea.

II. KAPITULUA

Ibilgailu bereziak

42. artikulua. Ibilgailu bereziak.

Beren ezaugarri bereziengatik, neurriengatik edo zamaren kokaeragatik Ibilgailuen Erregelamendu Orokorraren 14. artikuluan ezarritako baimenak behar dituzten ibilgailuek eskaera egin beharko diote Tafallako Udalari, Udaltzaingoak eman diezaien udalerrian barna gidatu, zaindu eta lagun egiteko zerbitzua. Dagokion tasa, Tafallako Udalaren behar den ordenantza fiskalean jasoa, sorraraziko da.

43. artikulua. Bertzelako ibilgailuak.

Debeku da Tafallako udal mugapeko hiri bideetan animaliek tiraturiko ibilgailuak ibiltzea, espresuki baimena eman eta hartan zer bidetan eta zer baldintzatan ibil daitezkeen adierazi ezik.

Trizikloak ez dira ibiltzen ahalko ez bide gorrietan ezta espaloietan ere, metro bat zabal baino gehiago badira.

Segway-ekin bizikletekin bezala jokatuko da eta ordenantza honetan horiendako erran diren guztiak aplikatuko zaizkie.

Bertzelako ibilgailuak nolakotzat hartuko diren, eta zer baldintzatan, Tafallako Udalak erabakiko du.

V. TITULUA

Seinaleak

I. KAPITULUA

Paratzea

44. artikulua. Ezartzea.

Udaleko organo eskudunak aginduko du kasu bakoitzean bidezko diren trafikoko seinaleak ezartzea, kentzea eta ordezkatzea.

Partikularrek ez dute libre izanen trafikoko edo zirkulazioko seinaleak paratzea, salbuespenak izan ezik, hala nola ibilgailuendako pasabideko seinaleak, Udaleko organo eskudunak behar den baimena eman ondoan.

Ordenantza honen xede diren bideen erabiltzaile guztiak beharturik daude zirkulazioko seinaleei obeditzera eta beren portaera egokitzera beraiek doazen bideetan aurkitzen dituzten gainerako erregelamenduzko seinaleen mezuaren arabera.

45. artikulua. Aplikazioa.

Hiriko sarbideetan paratzen diren seinaleek udal mugape osoan izanen dute indarra, halako karrika tarteren baterako seinale berariazkoak izan ezik.

Oinezkoendako lehentasun eremuen eta zirkulazio murriztuko edo aparkatze mugatuko gainerako aldeen sarreretan paratzen diren seinaleek delako perimetroko barne bide guztietan izanen dute indarra, bertze seinale batek salbuespena adierazi ezik.

II. KAPITULUA

Edukia

46. artikulua. Edukia.

Partikularrek ez dute libre seinaleak paratzea (hotelak, jatetxeak, garajeak eta bertze), Udalak nahi bezala baimendu behar dituen salbuespenak izan ezik. Ez da baimenik emanen trafiko seinaleen gainean nahiz ondoan plakarik, afixarik, iragarkirik edo bertzelakorik paratzeko, nahasmendua ekarri, haien ikusgaitasuna edo eraginkortasuna murriztu edo bidearen erabiltzaileei arreta galarazten ahal badie.

Trafikokoak ez diren seinale guztiak berehala kenduko dira, behar bezala baimendurik ez badaude edo udal baimenaren baldintzak betetzen ez badituzte, arau-hauslearendako bidezko izan daitekeen zehapena aparte utzirik.

Zirkulazioko Seinale eta Bideko Marken Katalogo Ofizialean ohartarazi, jakinarazi, agindu edo arautu nahi denari dagokion erranahia duen seinalerik ez bada, Udalak onetsiko du egokiena iruditzen zaion seinale eredua edo seinale multzoa.

Delako seinalea edo seinale multzoa diseinatzeko, ahaleginak eginen dira aipatu katalogoko forma, sinbolo eta hiztegi berariazkoak erabiltzeko, oker egiteko biderik eman gabe.

47. artikulua. Bidegorriak.

Bidegorriek seinale berariazkoak izanen dituzte, zutikakoak nahiz etzanak. Seinale etzanek zirkulazioaren norantza adieraziko dute, eta ohartaraziko hurbil dela oinezkoendako pasabidea, semaforoa edo gurutzagunea. Zutikakoek oinezkoekin partekatzen diren eremuak arautuko dituzte, baita semaforoak dituzten gurutzabideetan nahitaez egin behar diren geldiketak ere, eta ibilgailu motordunen gidariei ohartaraziko diete txirrindulariak heldu direla zirkulazioaren bi norantzetan. Seinale horiez gain eta horien osagarri, Udalak bertze seinale batzuk ere paratzen ahalko ditu, argibideak emateko eta jendeak kasu emateko.

Galtzadak gurutzatzeko seinaleak honelakoak izanen dira: marra bikoitz etena, zuria, 0,40 m zabal eta 0,50 m luze, tarte bera dagoela hurrengo markaraino eta bi marren artean tarte aldakorra dagoela, bide gorriaren zabalera zein den eta horrela.

VI. TITULUA

Arau-hausteak eta zehapenak. Zuhurtasunezko neurriak

I. KAPITULUA

Ibilgailuak ibilgetzea

48. artikulua. Ibilgailuak ibilgetzea.

1. Udaltzainek ibilgailu bat ibilgetzen ahalko dute, hura erabiltzeak zirkulaziorako, pertsonendako edo ondasunetarako arrisku larria ekartzen ahal badu bide segurtasunari buruzko araudiko aginduak ez betetzeagatik, baita honelakoetan ere:

a) Istripuren edo matxuraren bat izan eta segurtasun baldintza ohikoetan bidean jarraitu ezinik gelditzen denean edo galtzada hondatzen duenean.

b) Gidaria gaizkitu eta ibilgailua normaltasunez eraman ezinean gelditzen denean.

c) Ageri denean gidaria edari alkoholdunen eraginpean dagoela, edo droga toxikoak edo sorgorkariak hartu edo bere organismoan sartu dituenean, edo botiken edo bertzelakoen eraginpean dagoenean, horiek gidatzeko gorputzez nahiz buruz behar den egoera bertzelakotzen badute.

d) Gidariak alkohola, sorgorgarriak edo gisako bertze gai batzuk hautemateko probak egin behar baditu eta horiei uko egiten dienean edo proba horiek eginda, araudian gehienekotzat jotzen diren parametroak baino handiagoak ateratzen direnean.

e) Gidariak gidabaimenik ez duenean edo aldean duena baliozkoa ez denean.

f) Gidariak gidabaimena edo horren ordezko baimena aurkezten ez eta haren nortasunaz eta helbideaz dudak daudenean.

g) Ibilgailuaren kanpo egoera dela-eta uste izatekoa denean arriskugarria dela, galtzadan kalte egin dezakeela edo haren kargaren parte bat eremu publikora erortzen ahal zaiola.

h) Dabilen ibilgailu baten garaiera edo zabalera handiagoak direnean Bide Segurtasunari buruzko Legeak edo haren Erregelamenduak, edo ibilgailuaren beraren baimen bereziak, halakorik badu, baimentzen dituenak baino.

i) Bidaiarien kopuru edo kokaeraren ondorioz edo garraiatzen diren gauzen kokaeraren ondorioz, gidariak mugitzeko eta ikusteko dituen aukerak modu nabarmen eta arriskutsuan murrizten direnean.

j) Kateak edo pneumatiko bereziak erabiltzea nahitaezkoa izan eta ibilgailua horiek gabe ibiltzen denean.

k) Ibilgailuak nahitaezko asegururik ez duenean.

l) Motozikleta edo ziklomotor baten gidaria kasko homologaturik gabe ibiltzen denean, gabezia hori zuzendu arte.

m) Ibilgailuak ateratzen duen asotsa eta aireratzen dituen gas eta keak indarra duen legeriak ezarritako mugak baino handiagoak direnean.

n) Ibilgailuari baimendu gabeko erreforma handia egin zaionean.

2. Ibilgailua ibilgetzeak ekartzen dituen gastuak titularraren bizkar izanen dira; horrek ordaindu beharko ditu edo ordaintzea bermatu, neurri horiek kentzeko aldez aurreko baldintza gisa, ukatu gabe ere defendatzeko duen eskubidea ezta erantzukizuna erantzuleari pasatzeko aukera ere, Administrazioak harengatik hartu baitu delako neurria.

3. Udal agintaritzak adierazten duen tokian gauzatuko da ibilgetzea, eta ez da indargabetuko harik eta hura ekarri duten akatsak zuzendu edo ibilgailua agintaritza horrek zehazten dituen baldintzetan kentzen ez den arte, aitzinetik behar den tasa ordainduta, horrela ezarri bada.

II. KAPITULUA

Ibilgailuak eremu publikotik kentzea

49. artikulua. Ibilgailuak eremu publikotik kentzea.

Ibilgailua kendu behar duenak segituan egiten ez badu, udaltzainek eremu publikotik kendu eta udal altxatokira eramaten ahalko dute, kasu hauetan:

a) Arriskutsua denean, ibilgailuen edo oinezkoen zirkulazioari nahiz zerbitzu publikoen funtzionamenduari traba larria egiten dienean, ondare publikoa hondatzen duenean eta, orobat, ibilgailu hori eremu publikoan abandonatua dagoela uste denean.

b) Istripuren bat izan eta abiatu ezinik gelditzen denean.

c) Ibilgailua bera hondatu delako ibilgetzen denean.

d) Arau-haustea dela eta ibilgailua ibilgetuta, arau-hausleak ez badu frogatzen bere ohiko bizilekua lurralde espainarrean duela eta isunaren zenbatekoa ez ordaintzera edo haren ordainketa ez bermatzera tematzen denean.

e) Udal agintaritzak ordutegi mugatuan aparkatzeko gaitzen dituen tokietan ibilgailua aparkaturik gelditzen denean, horretarako baimena ematen dion bereizgarria ezarri gabe, edo udal ordenantzaren arabera ordaindutako denbora halako bi egiten duenean.

f) Ibilgailua zirkulaziorako edo zenbait erabiltzaileren zerbitzurako soilik erreserbatutako bide lerroetan edo bide zatietan aparkatuta dagoenean.

g) Edukiontziak husteko lanak oztopatzen dituenean.

50. artikulua. Arriskua eta trafikoa larriki trabatzea.

1. Aipatze aldera baizik ez, honelakoetan ulertuko da ibilgailua 49. artikuluaren a) atalean adierazitako egoeran dagoela eta, beraz, hura kentzeko arrazoiak daudela:

a) Gelditzea debeku den toki batean aparkatuta dagoenean.

b) Ibilgailua bigarren ilaran eta gidaririk gabe aparkatuta dagoenean.

c) Kantoi baten erpinetik edo izkina baten mutur edo eskuadratik zati bat aterata, bertze gidariak maniobra arriskutsuak egitera behartzen dituenean.

d) Oinezkoen pasabide seinalatu batean edo espaloian elbarriak pasatzeko oketsean aparkatua dagoenean.

e) Ordutegi erreserbatuaren barnean pasabide bat osorik edo partez okupatzen duenean.

f) Zamalanetarako tokietan aparkatua dagoenean, haiek erabiltzen diren orduetan eta halako lanak egin gabe.

g) Garraio publikorako geraleku seinalatu eta mugatu batean aparkatua dagoenean.

h) Larrialdiko edo segurtasuneko zerbitzuentzat erreserbaturiko tokian aparkatua dagoenean.

i) Desgaitasuna dutenendako toki erreserbatuan aparkatua dagoenean.

j) Espaloi, ibiltoki, babesgune, pasaleku, bide gorri edo zoladuran zerrendak pintatuta dauden tokietan aparkatua dagoenean, osorik nahiz partez, espresuki baimenduta dagoenean izan ezik.

k) Bidean doazen gainerako erabiltzaileei trafiko seinaleak ikustea eragozten dienean.

l) Biraketa eragotzi edo hura egiteko maniobrak egitera behartzen duenean.

m) Bide batetik heldu diren gidariei bertze bidea ikustea trabatzen dienean.

n) Eraikin bateko sarrera osorik nahiz zati bat oztopatzen duenean.

o) Galtzadan aparkaturik egonda zirkulazioa trabatzen duenean.

p) Oinezkoendako eremu batean baimendutako orduetatik kanpo aparkatua dagoenean, espresuki baimendutako aparkalekuetan izan ezik.

q) Eremu partekatuetan, oinezkoendako eremuetan aparkaturik dagoenean.

r) Landetan aparkatua dagoenean, hara sartzeko modu bakarra espaloietan barna baldin bada.

s) Lorategien aldean aparkaturik dagoenean.

t) Garraio publikorako erreserbaturiko bide lerroetan aparkaturik dagoenean.

u) Taxien geralekuetan aparkaturik dagoenean.

v) Aparkatze mugatuko eremuetan aparkaturik dagoenean, ordaintzeko ordutegian, eta aparkatzeko behar den tiketik gabe edo behar den bizilagun txartela izan gabe.

w) Betiere, aurreko kasuetan bezala, arriskua edo zirkulazioari zein zerbitzu publikoen funtzionamenduari eragozpen larria sortzen zaienean.

2. Ebatsia denean edo, behar bezala frogaturik, ibilgailua titularraren borondatearen kontra bertzela erabiltzen denean izan ezik, ibilgailua kentzen bada, horren ondoriozko gastuak titularraren kontura izanen dira; eta horiek ordaintzea edo haien ordainketa bermatzea aldez aurreko baldintza izanen du ibilgailua itzuliko bazaio. Horrek ez du deusetan ukatzen errekurtsoa aurkezteko duen eskubidea, ezta gastu horiek istripua eragin, ibilgailua abandonaturik utzi edo arau-haustea egin duen lagunari kobratzea ere, egitate horietariko batengatik eraman badiote ibilgailua.

51. artikulua. Bertzelako kasuak.

1. Arau-hausterik egon gabe ere, bide publikotik ibilgailuak kendu ahal izanen dituzte honelakoetan:

a) Behar bezala baimendutako ekitaldi publiko bat egiteko erreserbatua dagoen toki batean aparkaturik daudenean.

b) Bide publikoa garbitu, konpondu, kontserbatu edo hartan seinaleak jarri ahal izateko ibilgailuak kendu beharra dagoenean.

c) Jabeei ebatsirik eremu publikotik kentzen diren ibilgailuak. Jabeak, horretarako, lapurreta salaketaren kopia aurkeztu beharko du.

d) Larrialdietan.

2. Inguruabar horien gaztigua lehenbailehen egin beharko da, eta baimendutako tokirik hurbilenera eramanen dira ibilgailuak, edo udal altxatokira, eta titularrei non dauden jakinaraziko zaie.

3. Eramateak ez du inolako ordainketarik sorraraziko, ibilgailua noranahi eramanda ere.

52. artikulua. Kentzeko lanak bertan behera.

Baldin eta, ibilgailua eremu publikotik kentzeko lanak hasita, gidaria agertzen bada, bertan behera utziko dira lan horiek, betiere, behar den ordenantza fiskalean kontzeptu horrengatik agertzen den tasa ordaintzen bada.

III. KAPITULUA

Zehatzeko prozedura

53. artikulua. Prozedura.

1. Ordenantza honetan araututako gaietan eraman beharreko prozedura Trafiko, Ibilgailu Motordunen Zirkulazio eta Bide Segurtasunaren arloko Zehapen Prozeduraren gaineko araudian ezarritakoa izanen da, eta aipatutakoan aurreikusirik ez daudenetan aplikatuko da Zehapen Ahalmenaz Baliatzeko Prozeduraren Erregelamendua, abuztuaren 4ko 1398/1993 Errege Dekretuaren bidez onetsia.

2. Zehapen prozedura irekitzea, instruitzea eta burutzea bide batetik joaten da, eta legezkotasuna lehengoratzeko espedientea bertze bide batetik, horren osagarria izan arren.

54. artikulua. Arau-hausteen sailkapena.

1. Arau-hauste arina izanen da ordenantza honetan xedatua ez betetzea, trafikoari buruzko araudian edo aplikatzekoa den bertze araudi batean arau-hauste larriaren edo oso larriaren kalifikazioa ez baldin badu.

2. Zehatz-mehatz, aparkatze mugatuko eremuaz den bezainbatean, hauek dira arau-hauste arinak:

a) Indarrean dagoen tiket edo bizilagun txartelik gabe aparkatzea.

b) Tiket eta bizilagun txartel faltsutuak edo maneiatuak erabiltzea.

c) Tiketa edo txartela behar bezala agerian ez paratzea.

d) Tiketean markatu baino denbora gehiagoz aparkatzea.

e) Zenbat denbora ordaindu duen, halako bi baino gehiago egiten badu aparkaturik.

f) Gehienez ere egoteko denbora iraganda, ordenantza honen 10. artikuluak ezarritako 100 metroko mugen barnean aparkatzea.

g) Motozikleta, ziklomotor edo bizikletak aparkatzea horiendako espres ezarritako lekuetatik kanpo.

3. Mugikortasun arazo larriak dituzten pertsonendako aparkatzeko txartelak emateaz ordenantza honetan ezarritako aginduez den bezainbatean, hauek dira arau-hauste arinak:

a) Txartela lortzeko aurkezten diren datuak faltsutzea eta txartela lortzea galeraziko luketenak gordetzea.

b) Txartelak Udalaren kontzesio administratiborik gabe erabiltzea.

c) Baimendua ez bertzeko lagun batek txartela erabiltzea.

55. artikulua. Zehapenak.

1. Zehapenen zenbatekoa trafiko arloko araudiak ezartzen duena izanen da, artikulu honetan xedatzen dena salbu.

2. Zehapenak, aparkatze mugatuko eremuan arau-haustea egiteagatik:

a) 60 euroko isuna:

1.-Aparkatze mugatuko eremuan indarrean dagoen tiket edo bizilagun txartelik gabe aparkatzeagatik.

2.-Tiketa edo bizilagun-txartela faltsutzeagatik edo maneiatzeagatik, bai eta tiketa edo bizilagun-txartel faltsutua edo manaiatua erabiltzeagatik, bidezko izan daitezkeen bertzelako zehapen edo neurriak deusetan ukatu gabe.

3.-Zenbat denbora ordaindu duen, halako bi baino gehiago aparkaturik egiteagatik.

b) 30 euroko isuna:

1.-Tiketa edo bizilagun-txartela agerian ez paratzeagatik.

2.-Tiketean markatu baino denbora gehiagoz aparkatzeagatik.

3.-Ordenantza honen 10. artikuluan ezarritako 100 metroko tartea ez errespetatzeagatik

4.-Motozikleta, ziklomotor edo bizikletak aparkatzeagatik horiendako espres ezarritako tokietatik kanpo.

3. Zehapenak, ordenantza honen 54.3 artikuluan xedatutako arau-hausteak egiteagatik:

a) 100 eurorainoko isuna, ordenantza honen 54.3.a artikuluan jasotzen den kasuan.

b) 600 eurorainoko isuna, ordenantza honen 54.3.b artikuluan jasotzen den kasuan.

c) 1000 eurorainoko isuna, ordenantza honen 54.3.c artikuluan jasotzen den kasuan.

Txartelaren titularrak eta hura oker erabiltzen dutenak izanen dira arau-haustearen erantzule. Berreroriz gero, Tafallako Udalak 2 urterako baliogabetzen ahalko dio txartela titularrari.

4. Artikulu honetan aipatzen diren zenbatekoak arlo hau arautzen duen ordenantza fiskalaren bidez eguneratzen edo aldatzen ahalko dira.

56. artikulua. Zehapenen graduazioa.

Zehapenen graduazioa trafikoko araudian xedatzen denari jarraikiz eginen da eta, bertzenaz, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 131. artikuluan xedatzen denari jarraikiz.

57. artikulua. Berehalako ordainketa.

Ordenantza hau urratzeagatik jartzen diren isunak trafikoko araudi aplikagarrian ezarritako deskontuekin ordaintzen ahalko dira, betiere hartan eskatzen diren baldintzak betetzen badira.

Ordenantza honen 55.2 artikuluan aipatutako arau-hausteen kasuan, ordainketa ixtantean egiten bada, alor hori arautzen duen ordenantza fiskalean ezarritako zenbatekoak ordainaraziko dira.

58. artikulua. Instrukzioa.

1. Ordenantza honetan arautuaren kontrako arau-hausteengatik irekitako espedienteak Udaltzaingoak instruituko ditu.

2. Instrukzioa burututa, udal organo eskudunak behar den ebazpena emanen du, trafikoko araudian xedatua salbu.

59. artikulua. Udalak eskumenik ez duenean.

Zehapena Udalaren eskumenekoa ez den arau-hausteen kasuan, Tafallako Udaltzaingoak salaketa eginen du, eta ondoren Tafallako Udalak berak administrazio eskudunari igorriko dio.

LEHEN XEDAPEN GEHIGARRIA

Bakarra.-Ordenantza eguneratzea.

Ordenantza honetara ekarritako erreferentziazko araudia aplikatzean bertze administrazio batzuei dagozkien ahalmenak bete beharrez, bertze administrazio horiek araudi horretan egiten dituzten eguneratze edo aldaketak, udal esparruari dagozkion gaietan, ordenantza honetan hartuko dira; hartara, bertzerik gabe jasoko du aldaketa, horiekin kontraesanean ez gelditzeko, eta bere testua eguneratuko du, Udalbatzaren Osoko Bilkurak eskumena izan ezik bertze zerbait erabakitzeko.

Hala bada, ulertuko da ordenantza honetara ekarritako erreferentziazko araudiari buruz egiten diren aipamenak, horren ordezko araudiari buruz egin direla. Kontraesanik baldin bada Tafallako udalerrian nahitaez aplikatu behar den ordezko arauaren aginduen eta ordenantza honen artean, aitzineko paragrafoan xedatuarekin bat jokatuko da.

XEDAPEN IRAGANKORRAK

Lehenbizikoa.-Lehengo araudiaren araberako pasatzeko lizentziak.

1989ko ekainaren 8ko osoko bilkuran onetsitako ordenantzaren arabera emandako lizentziak bertzerik gabe baliokidetuko dira, udal zerbitzuek banan-banan egokitzapenak eskatzen ahal badizkiete ere. Egokitzapenak, nagusiki, seinaleak homologatzeko eta zintarrian oketsa egiteko izanen dira. Egokitzapen epea urtebete izanen da ordenantza honek indarra hartzen duenetik.

Bigarrena.-Izatezko egoerak.

Ordenantza hau aldarrikatu eta indarra hartzean diren izatezko egoerak legeztatu beharko dira eta ordenantza honekin bat egin, egitatezko egoera horiek noiznahitik etorrita ere.

Hirugarrena.-Desgaitasuna duten pertsonendako egun diren aparkatzeko txartelak.

Ordenantza honek indarra hartu aitzin desgaitasuna duten pertsonendako diren aparkatzeko txartelek berritu arte balioko dute; une horretatik aitzina, hemen onetsi diren baldintzak bete beharko dira halakorik lortu nahi izanez gero.

Laugarrena.-5.000 kg-tik goitiko gehieneko pisu baimendua (GPB) duten ibilgailuak.

Tafallako Udalak paratzen ez duen bitartean 5.000 kg-tik goitiko gehieneko pisu baimendua (GPB) duten ibilgailuak aparkatzeko egokia den eremurik, etenik geldituko da ordenantza honen 3.1 artikuluak ezarritako debekua, ibilgailuen eta/edo oinezkoen trafikoa trabatuz aparkatu ezik.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa.-Indargabetzea.

Indarrik gabe gelditu dira ordenantza honen aurka jotzen duten maila bereko edo tikiagoko udal arauak edo honetan araututako gaiei buruzko xedapenak dituztenak. Bereziki, indarrik gabe gelditu da Ibilgailuak espaloietan barna pasatzeko lizentziak eta eremu publikoetako erreserbak arautzen dituen ordenantza, 1989ko ekainaren 8ko osoko bilkuran onetsi zena.

Bigarrena.-Indar hartzea.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, ordenantza honek ez du sortuko ondorio juridikorik harik eta testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta Estatuko Administrazioak edo Foru Komunitateko Administrazioak toki erakundeei egintzak edo erabakiak deuseztatzeko errekerimenduak egiteko ahalmena erabiltzeko epea iragan arte.

Tafallan, 2010eko uztailaren 12an.-Alkatea, Cristina Sota Pernaut.

Iragarkiaren kodea: L1011998