76. ALDIZKARIA - 2009ko ekainaren 22a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

180/2009 FORU AGINDUA, maiatzaren 7koa, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariak emana, Larrialdietarako Telefono Zerbitzuaz baliatzeko arauak ematen dituena.

Nafarroako Foru Komunitateak, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 44. artikuluaren bidez, eskumen osoa du gizarte zerbitzuen arloan. Horren arabera, Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legea eman zuen, funtsezko helburua, Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan, herritarren gizarte ongizatea lortzea zuena. Horretarako, gizarte zerbitzuen sistema bat osatu du, mendekotasuna duten pertsonenganako arreta biltzen duena.

Foru lege hori garatzeko, ekainaren 17ko 69/2008 Foru Dekretuaren bidez, Gizarte Zerbitzu Orokorren Zorroa onetsi zen. Horren bidez, gizarte zerbitzuen sistema publikoko prestazio guztiak zehaztu dira. Haien aplikazio esparrua Nafarroako Foru Komunitate osoa da.

Larrialdietarako telefono zerbitzua Iegearen I. eranskineko B letran eta 2. eranskineko A, B eta C letran azaltzen da. Arreta anbulatorioko prebentzio prestazio bat da eta erabiltzaileei segurtasuna ematea eta gerta daitezkeen larrialdiei beharrezkoak diren baliabide guztiak mobilizatuz erantzutea du helburu.

Larrialdietarako telefono zerbitzua arretarako prebentzio zerbitzu bat da, bere kasa baliatzeko mugatuta dauden pertsonak bere inguruan bizitzen segitzea ahalbidetzen duena eta segurtasuna ematen diena, horrela zerbitzu hori erabiltzen duten pertsonen bizi kalitatea hobetzen baita, hain integratzaileak ez diren beste baliabide garestiago batzuen erabilera saihestuz edo atzeratuz, egoitzak esate baterako.

Horren harian, Autonomia pertsonala sustatzeari eta mendetasun-egoeran dauden pertsonak zaintzeari buruzko abenduaren 14ko 39/2006 Legeak ezartzen du beharrezkoa dela mendekotasuna duten pertsonei laguntza integrala, integratua eta pertsonalizatua ematea eta ahalik eta autonomia handienarekin bizi daitezen behar diren baldintzak sustatzea, ahal den guztietan, eguneroko bizitza egiten duten inguruan bizitzen segitzeko aukera izan dezaten.

Lege horren prestazio katalogoan, 22. artikuluan, Telelaguntza Zerbitzua ageri da, hots, Larrialdietarako Telefono Zerbitzuak Nafarroako Foru Komunitatean hartzen duen izen generikoa.

Beste alde batetik, abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legea garatu nahian, Nafarroako Gobernuak urtarrilaren 19ko 6/2009 Foru Dekretua onetsi zuen, batetik, mendekotasuna baloratzeko lan talde teknikoa eta, bestetik, Nafarroako Foru Komunitatean mendekotasuna baloratu eta aitortzeko prozedurak eta Mendekotasuna duten pertsonendako Banakako Arreta Programa prestatzeko prozedurak arautzen dituena.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1 g) artikuluak eta Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 3ko 125/2007 Foru Dekretuak eman dizkidaten ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. artikulua. Larrialdietarako Telefono Zerbitzuaz baliatu ahal izateko betebeharrak.

1.-Larrialdietarako Telefono Zerbitzuaz prestazio bermatu gisa baliatu ahal izateko, Gizarte Zerbitzuen Zorroaren 1. eranskineko B letran agertzen diren betebeharrez gainera, honako betebehar hau bete beharko da eskaera aurkezten den momentuan, eta zerbitzuaz baliatzen den bitartean ere betetzen segitu beharko da:

-Onuradunaren helbidean zerbitzua instalatu ahal izateko behar diren baldintza teknikoak izatea.

2.-Larrialdietarako Telefono Zerbitzuaz prestazio ez-bermatu gisa baliatu ahal izateko, Gizarte Zerbitzuen Zorroaren 2. eranskineko A, B eta C letretan agertzen diren betebeharrez gainera, honako betebehar hau bete beharko da eskaera aurkezten den momentuan, eta zerbitzua jasotzen den bitartean ere betetzen segitu beharko da:

-Onuradunaren helbidean zerbitzua instalatu ahal izateko behar diren baldintza teknikoak izatea.

2. artikulua. Erabiltzaileen parte-hartzea zerbitzuaren kostuan.

Onuradunek Larrialdietarako Telefono Zerbitzuaren kostuan izanen duten parte-hartzea foru dekretu bidez arautuko da. Foru dekretu horren bidez onuradunen kaudimen ekonomikoa zehazteko modua eta onuradunek Nafarroako Foru Komunitatearen prestazioen finantzabidean izanen duten ekarpena finkatuko dira.

3. artikulua. Beste prestazio eta laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

Prestazio hau Gizarte Zerbitzu Orokorren Zorroan agertzen diren prestazio bermatu eta ez-bermatu guztiekin bateragarria da, salbu eta egoitzako prestazioekin.

4. artikulua. Larrialdietarako Telefono Zerbitzuaz baliatzeko prozedura.

1.-Larrialdietarako Telefono Zerbitzuaz baliatzeko prozedura 2009ko urtarrilaren 19ko 6/2009 Foru Dekretuan ezarritakoaren araberakoa izanen da, horren bidez arautu baitziren, batetik, mendekotasuna baloratzeko lan talde teknikoa eta, bestetik, Nafarroako Foru Komunitatean mendekotasuna baloratu eta aitortzeko prozedurak eta Mendekotasuna duten pertsonendako Banakako Arreta Programa prestatzeko prozedurak arautu baitziren.

2.-Prestazio ez-bermatuen kasuetan, alderdi batek eskatuta hasiko da prozedura.

Eskaera eskabide orokor baten bidez edo zerbitzuaz baliatzeko eskaera egiteko dagoen inprimaki normalizatuaren bidez egin daiteke.

Eskabideak, behar bezala beteak eta eskatutako agiriekin batera, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuko erregistroan aurkeztuko dira edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aurreikusitako lekuetako batean.

Eskaerak foru agindu honetan ezarritako baldintzak betetzen ez baditu, eskatzaileari errekerimendua eginen zaio 10 eta 15 egun baliodun bitarteko epean akatsa zuzen dezan edo behar diren agiriak ekar ditzan. Halaber, ohartaraziko zaio ezen, horrela egin ezik, eskaera bertan behera utzi duela ondorioztatuko dela, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 42. artikuluan ezarritakoari jarraikiz emanen den ebazpenaren bidez.

Eskaera aurkeztearekin batera, Administrazioari baimena ematen zaio bidezko diren egiaztapen lanak egin ditzan, interesdunek emandako informazioa benetakoa ote den eta eskatutako betebeharrak betetzen ote dituzten egiaztatzeko.

Eskaerarekin batera, agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Eskatzailearen nortasun agiri nazionalaren edo, Espainiako hiritartasunik ez duten pertsonendako, egoitza-txartelaren fotokopia.

b) Erroldatze-agiria, eskaera egin aurreko bi urteetan Nafarroako Foru Komunitatean etengabe bizi izan dela egiaztatzeko.

c) Eskatzailearekin batera etxean bizi diren pertsonen zerrenda, 2. eranskineko A letran adierazitako prestazio ez-bermatua eskatzen denean.

d) Minusbalioaren ziurtagiria, eskatzaileak %33ko edo hortik gorako minusbalioa duela egiaztatzeko, 2. eranskineko B eta C letretan adierazitako prestazio ez-bermatua eskatzen denean.

e) Eskatzaileak ordezkari baten bidez badihardu, ordezkariaren nortasun agiri nazionalaren fotokopia eta ordezkaritza frogatzen duen agiria.

Aurreko atalean adierazitako dokumentazioa ez da aurkeztu beharrik izanen, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren esku baldin badago. Horrelako kasuetan, eskatzaileek zein espedientetan dagoen adierazi beharko dute eta, gainera, aitorpen bat aurkeztu beharko dute, agiri horietan aldaketarik izan ez dela adierazteko. Era berean, prozeduraren instrukzio organoak behar diren datuak eskatzen ahalko dizkie interesdunei.

5. artikulua. Onuradunen betebeharrak.

Hauek dira onuradunen betebeharrak:

a) Foru agindu honetan eskatzen diren betebeharrak eta baldintzak betetzen dituela justifikatzea.

b) Zerbitzua erabiltzea Larrialdietarako Telefono Zerbitzuaren arloan eskumena duten entitate eta erakundeek emandako jarraibideei jarraikiz.

c) Gizarte zerbitzuen arloan eskumena duen departamentuak egin ditzakeen egiaztapenak onartu, horretarako eskatzen zaizkion agiri eta ziurtagiriak aurkeztu eta, prestazioa emateko kontuan hartu ziren inguruabarrak aldatzen badira, haien berri ematea.

d) Zerbitzuaren kostuaren finantzabidean parte hartzea, indarreko araudiaren arabera horretara behartua baldin badago.

6. artikulua. Larrialdietarako Telefono Zerbitzua etetea edo bertan behera uztea.

Larrialdietarako Telefono Zerbitzuaren prestazioa honelako kasuetan etenen zaio onuradunari aldi baterako:

a) Sistema modu desegokian erabiltzea.

b) Zazpi hilabete jarraian ohiko etxetik kanpora egotea.

c) Onuradunak berak edo haren legezko ordezkariak eskatuta.

Prestazioaren etenaldia 3 hilabeterako izanen da gehienez. Epe hori bukatuta, zerbitzua iraungiko da. Etenaldia bitartean, onuradunek ez dute zerbitzuaren kostua ordaindu beharrik izanen.

Prestazioa berriz abian jartzeko interesdunak eskatu egin beharko du, eskabide baten bidez, eta hura etetea ekarri zuten arrazoiak desagertu direla frogatu beharko du.

Honako kasuotan zerbitzua bertan behera utziko da:

a) Laguntza emateko ezarritako betebehar edo baldintzaren bat ez edukitzea edo betetzetik gelditzea.

b) Zerbitzua jasotzeko iruzurrez jokatzea.

c) Sistema behin eta berriz gaizki erabiltzea.

d) Egoitza batean sartzea etengabe bizitzeko.

e) Onuradunak berak edo haren legezko ordezkariak eskatuta.

f) Onuraduna hiltzea.

Xedapen indargabetzaile bakarra: arau eta agindu indargabetuak.

Indarrik gabe uzten dira foru agindu honetan ezarritakoari aurka egiten dioten maila bereko edo beheragoko arau guztiak. Zehazki, indarrik gabe utzi dira, berariaz, honako arau hauek: Gizarte Ongizate, Kirol eta Etxebizitzako kontseilariaren irailaren 22ko 540/1992 Foru Agindua, ekainaren 28ko 168/1990 Foru Dekretua garatu zuena, etxez etxeko telelaguntza foru dekretu horren 8. artikuluaren "Familian eta gizartean integratzeko laguntzak" izeneko atalean sartzeko; eta Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuko zuzendari kudeatzailearen uztailaren 17ko 4063/2002 Ebazpena, Larrialdietarako Telefono Zerbitzua jasotzeko arauak onesten dituena.

Azken xedapen bakarra:

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2009ko maiatzaren 7an.-Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilaria, María Isabel García Malo.

Iragarkiaren kodea: F0915805