73. ALDIZKARIA - 2009ko ekainaren 15a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.3. Nahitaezko desjabetzeak

680/2009 EBAZPENA, ekainaren 2koa, Herri Lanetako zuzendari nagusiak emana, "NA-134 errepidean (Ebroko Ardatza) Valtierrako eta Arguedasko saihesbidea egiteko proiektua" delakoak ukitutako ondasun eta eskubideak okupatu aurreko aktak egiteko deia egiten duena.

Herri Lan, Garraio eta Komunikazioko kontseilariak, maiatzaren 7ko 42/2009 Foru Aginduaren bidez, "NA-134 errepidean (Ebroko Ardatza) Valtierrako eta Arguedasko saihesbidea egiteko proiektua" jendaurrean egoteko epea ebatzi eta proiektu hori behin betiko onetsi zuen.

Nafarroako Gobernuak, 2009ko ekainaren 1eko Erabakiaren bidez, aipatu proiektuak ukitutako ondasun eta eskubideen presako okupazioa deklaratu du.

Hori horrela, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1 d) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. "NA-134 errepidean (Ebroko Ardatza) Valtierrako eta Arguedasko saihesbidea egiteko proiektua" delakoak ukitutako ondasun eta eskubideen titularrei dei egitea, 2009ko ekainaren 29an eta 30ean eta uztailaren 1ean, 2an eta 3an Valtierrako eta Arguedasko herriko etxeetan ager daitezen, ukitutako ondasun eta eskubideak okupatu aurreko aktak eta, beharko balitz, behin betiko okupaziokoak, egiteko.

2. Ekitaldi horretara norberak joan beharko du, edo bere izenean aritzeko behar bezala baimendutako pertsona batek; titularra dela frogatzen duten agiriak eraman beharko ditu (eskritura publikoa, jabetza erregistroko ziurtagiria, etab.); egoki baderitzo, perituak eta/edo notarioa eraman ditzake, baina, betiere, norberak ordaindu beharko die.

3. Ebazpen hau argitara ematea Nafarroako Aldizkari Ofizialean, Komunitateko bi egunkaritan eta Valtierrako eta Arguedasko herriko etxeetan, eta ukituriko titularrei jakinaraztea, banakako zitazio zedulen bidez. Halaber, ohartaraztea Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 59.5 artikuluan xedatzen diren ondorioetarako argitaratu dela honako hau.

4. Ebazpen hau Valtierrako eta Arguedasko udaletara, Proiektu, Trenbide eta Lan Hidraulikoen Zerbitzura eta Desjabetze Atalera igortzea.

Iruñean, 2009ko ekainaren 2an.-Herri Lanetako zuzendari nagusia, José Luis Echávarri Arraiza.

Iragarkiaren kodea: F0917106