72. ALDIZKARIA - 2009ko ekainaren 12a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

AURITZ

Udalean ezkontza zibilak, heriotza ondoko agur zibilak eta jaiotzak (omenaldiak) baimendu eta egiteko ordenantza.
Behin betiko onespena

Indarra duten xedapenei jarraikiz, behin betikoz onetsi da eta, beraz, argitara ematen da ezkontzak, heriotza ondoko agur zibilak eta jaiotzak (omenaldiak) baimendu eta egiteko ordenantza, biharamunean indarra har dezan; izan ere, 2009ko otsailaren 5eko bilkuran onetsi zen hasiera batean eta 2009ko 26. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu, martxoaren 2an, eta jendaurrean egon den legezko epean inork ez du haren aurkako alegaziorik aurkeztu.

Auritzen, 2009ko maiatzaren 12an.-Alkatea, José Irigaray Gil.

ORDENANTZA, EZKONTZAK, HERIOTZA ONDOKO AGUR ZIBILAK ETA JAIOTZAK (OMENALDIAK) BAIMENDU ETA EGITEKO

Prozeduraren hasiera

1. artikulua. Aurizko Udalaren mugapean horrelako ekitaldiak baimendu eta egiteko arauak jartzea du helburu ordenantza honek.

2. artikulua. Alkateak eta/edo haren ordezko zinegotziak emanen du ekitaldi horietarako baimena; aldez aurretik, Aurizko Udalari eskaera egiten dion ahaideak edo pertsonak igorritako dokumentazioa jaso beharko da.

Ezkontzetarako arauak

3. artikulua. Ezkontza zibila Aurizko Udalean egin nahi dutenek, Erregistro Zibilean baimena eskuratua dutela, eskabidea aurkeztu beharko dute Udal honetan, eta horretarako emanen zaien galdetegia erantzun beharko dute.

4. artikulua. Aurizko Udalean urteko egun guztietan egiten ahalko dira ezkontza zibilak batzar gelan, alkatearekin eta/edo haren ordezko zinegotziarekin adosten den orduan.

5. artikulua. Ezkontza zibila egiteko eskabidearekin batera, bertan azaltzen diren lau pertsonen nortasun agiri nazionalak zein pasaporteak (jatorrizkoa eta fotokopia, egiaztatu ahal izateko) aurkeztuko dira.

6. artikulua. Noiz eskatzen diren eguna, ordua eta lokala, ordena horren arabera eginen dira erreserbak. Udalak zer behar dituen lokal horiek erabiltzeko, horren arabera emanen da baimena.

7. artikulua. Zeremonia honela eginen da:

Ekitaldia hasiko da alkateak edo haren ordezko zinegotziak honakoa esanez:

"................... jaun/andrearen eta ................... jaun/andrearen ezkontza zibila egiteko bildu gara, beraiek ere hemen direla. Ezkondu nahi dutela ulertzen dut eta Kode Zibilaren 58. artikuluan ezarritakoarekin bat, ezkongaien arteko harremanak arautzen dituzten testuak irakurriko ditut.

Kode Zibilaren 66. artikulua:

"Ezkontideak berdinak dira eskubideetan eta betebeharretan".

Kode Zibilaren 67. artikulua:

"Ezkontideek elkar errespetatu eta lagundu behar dute eta familiaren interesa zaindu".

Kode Zibilaren 68. artikulua:

"Ezkontideek elkarrekin bizi, leialtasuna zaindu eta elkarri lagundu beharko diote. Horrez gain, etxeko zereginak eta aurrekoen eta ondorengoen eta beren kargura dituzten menpeko pertsonen zaintza partekatuko dute".

Agindu hauen edukien berri izanik, honako galderei erantzun behar diete:

Izena: ................. jaun/andrea; ................... jaun/andrea, ................... jaun/andrearekin ezkondu nahi duzu eta ekitaldi honetara modu kontziente, aske eta boluntarioan etorri zara?

Izena: ............................................... ................... jaun/andrea, ................... jaun/andrearekin ezkondu nahi duzu eta ekitaldi honetara modu kontziente, aske eta boluntarioan etorri zara? (Eraztunik badago, eraztunak eman).

Legeak ematen didan eskumen eta ahalmenez baliatuz, ezkontza bidez batzen ditut ................... jaun/andrea eta ................... jaun/andrea.

8. artikulua. Ezkontideek, lekukoek eta alkateak edo zinegotziak aktaren lau aleak sinatuko dituzte eta Udalaren zigilua ezarriko zaie. Akta bat Udalean gordeko da, ezkontideei bana emanen zaie, ziurtagiri gisa, eta laugarrena Erregistro Zibilera igorriko da, bertan inskribatzeko.

Agur zibiletarako eta jaiotzetarako (omenaldietarako) arauak

9. artikulua. Aurizko Udalean horrelako ekitaldia egin nahi dutenek, horretarako eskabidea aurkeztu beharko dute Idazkaritzan.

10. artikulua. Horrelako ekitaldietarako eskabideak oso azkar tramitatuko dira, egoerak hala eskatzen baitu. Tramitatzeko, eskumena duen pertsonari igorriko zaizkio.

11. artikulua. Eskabideetan honako datuak agertuko dira:

-Familiakoaren edo interesdunaren izena, deiturak, helbidea eta identifikazioa.

-Eskabidean adierazi beharko da zer egun eta ordutan egin nahi den agur zibila.

-Eskabidea zein toki eta egunetan aurkezten den.

-Eskatzailearen sinadura edo, bestela, edozein bide erabili beharko da haren gogoa benetakoa dela frogatzeko.

12. artikulua. Alkateak edo bere ordezko zinegotziak finkatuko ditu ekitaldirako eguna eta ordua.

13. artikulua. Eskabidea ikusita, alkateak, edo bere ordezko zinegotziak erabakiko du Udalaren zein aretotan eginen den omenaldia. Aurizko Udalaren Osoko Bilkuren aretoa erabiliko da, oro har, eta toki nahikorik ez bada, Udalaren pilotalekua.

14. artikulua. Omenaldiak astelehenetik igandera eginen dira, eta beharrezkoak diren udal baliabideak erabiltzen ahalko dira.

15. artikulua. Ekitaldi horietarako 30 minutu emanen dira, gehienez ere.

16. artikulua. Aretoen egoera behar bezalakoa izan dadin, ekitaldian parte hartzen dutenek ez dute barrenean gela-aretoak kalte ditzakeen deus eginen.

17. artikulua. Ekitaldiaren hotsanditasunak eskatzen duen modukoa izanen da aretoa. Hala ere, familiartekoek edo adiskideek aretoa apaindu edo egokitu nahi badute, udal arduradunari garaiz jakinarazi beharko diote, hark behar den erabakia har dezan. Tokiaren harmonia eta ezaugarriak begiratuko dira beti, eta haien kontura izanen dira apainketa eta egokitze gastu guztiak.

18. artikulua. Ordenantza honetan ezartzen ez den orotan, udal arduradunen jarraibideak bete beharko dira.

AZKEN XEDAPENA

19. artikulua. Ordenantza honek indarra hartuko du Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 70.2 artikuluan ezarritakoarekin bat, Nafarroako Aldizkari Ofizialean testu osoa argitaratu ondoan eta lege beraren 65.2 artikuluan ezarritako 15 eguneko epea iraganda.

TASEN ERANSKINA, EZKONTZAK, HERIOTZA ONDOKO AGUR ZIBILIAK ETA JAIOTZAK (OMENALDIAK) BAIMENDU ETA EGITEKO ORDENANTZARI BURUZKOA

Ordenantza honetan aurreikusitako ekitaldien erabiltzaileek ordaindu beharreko tasa 100 eurokoa izanen da 2009an, eta Nafarroako KPIa gehituko zaio urtero, Udalak besterik erabaki arte.

Iragarkiaren kodea: L0916066