46. ALDIZKARIA - 2009ko apirilaren 17a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.1. Kargu-uzteak, izendapenak eta bestelako egoerak

227/2009 EBAZPENA, otsailaren 18koa, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuko Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren zuzendari nagusiak emana, zenbait eskudantziaren erabilera Toki Entitateentzako Koordinazio eta Lankidetza Zerbitzuko zuzendariaren esku uzten duena.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 26.3 artikuluak ezartzen du, artikulu horrek espresuki ezarritako eginkizunez gain, zerbitzuko zuzendariek kontseilariak edo zuzendari nagusiak banatutako edo eskuordetutako eginkizunak bete beharko dituztela, bere eskumenekoak diren arloetan.

Berdintsu dio Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 3ko 125/2007 Foru Dekretuaren 6. artikuluak, departamentuko organo eskudunek banatu edo eskuordetutako eginkizunen erabilera zerbitzuei dagokiela esaten baitu.

Behar den eraginkortasuna eta bizkortasuna lortzeko, bidezkotzat jotzen da Toki Entitateentzako Koordinazio eta Lankidetza Zerbitzuko zuzendariaren esku uztea Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren zuzendari nagusiari esleitutako zenbait arlori buruzko espedienteen ebazpena.

Eskuordetza hau arlo honetan indarra duen legerian ezarritakoaren arabera egin behar da, hots, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 36. artikuluaren arabera.

Horiek horrela, Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legeak eta Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen irailaren 3ko 125/2007 Foru Dekretuak emandako ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Toki Entitateentzako Koordinazio eta Lankidetza Zerbitzuko zuzendariaren esku uztea Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren zuzendari nagusiak gai honi buruzko espediente administratiboak ebazteko dituen eskudantziak: genero-indarkerian oinarritutako biktimei laguntzeko espedienteak, biktimek baliabide urriak eta enplegua lortzeko zailtasun bereziak dituztenean.

2. Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren zuzendari nagusiak noiznahi eskuratzen ahalko du edozein espediente, erabaki ahal izateko.

3. Eskuratutako eskuordetzaren indarrez ematen diren ebazpenetan, inguruabar hori adierazi beharko da espresuki. Ebazpen horiek Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren zuzendari nagusiak emandakotzat hartuko dira ondorio guztietarako, eta haien kontra gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariari zuzendua.

4. Ebazpen hau jakinaraztea Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusiko Toki Entitateentzako Koordinazio eta Lankidetza Zerbitzuari eta Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiko Administrazio Aferetarako Bulegoari eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2009ko otsailaren 18an.-Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren zuzendari nagusia, Marta Álvarez Alonso.

Iragarkiaren kodea: F0910811