46. ALDIZKARIA - 2009ko apirilaren 17a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

2.2.2. Plantilla Organikoa, Lan Publikoaren Eskaintza, oposizioak eta lehiaketak

TAFALLA

Etxezain izateko 2 lanposturen deialdia

Tafallako Udalaren Tokiko Gobernu Batzarrak 2008ko otsailaren 17an egin bilkura arruntean erabaki hau hartu zen, besteak beste:

Ikusirik Tafallako Udaleko etxezain izateko 2 lanpostu, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuko 15.6 artikuluaren babesean, oposizio murriztuaren bidez betetzeko deialdiaren oinarriak.

Ikusirik lanpostu horiek sartuta daudela Tafallako Udalaren plantilla organikoan eta aurrekontuan badutela dagokien diru kopurua,

Ikusirik Jarraipen eta Kontrol Batzordearen data honetako irizpena,

Honako hau erabaki da:

Lehena.-Tafallako Udaleko etxezain izateko 2 lanpostu, Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuko 15.6 artikuluaren babesean, oposizio murriztuaren bidez betetzeko deialdiaren oinarriak onestea.

Bigarrena.-Behar diren tramiteak egitea lanpostua betetzeko.

Tafallan, 2009ko otsailaren 23an.-Alkatea, Cristina Sota Pernaut.

Deialdiaren oinarriak

Deialdia, Tafallako Udaleko etxezain izateko bi lanpostu oposizio murriztuaren bidez betetzeko.

1. oinarria.-Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea da Tafallako Udaleko etxezain izateko bi lanpostu betetzea, deialdian eskatzen diren baldintzak biltzen dituzten Tafallako Udalaren zerbitzuko plantillako langileen artean eta Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren 15.6 artikuluan aurreikusia dagoen oposizio murriztua erabiliz.

1.2. Hautapen probak gainditurik, deialdiko lanpostuak betetzeko izendatzen direnak D maila edo taldean egokituko da, eta maila edo talde horren lansariak eta plantilla organikoan ezarrita dauden osagarriak hartuko dituzte.

1.3. Deialdi honetan parte hartzeak ez du deusetan aldatuko langileak izendapenaren aurretik zuen araubide juridikoa, izanik hura funtzionarioa edo lan-kontratuduna. Orobat, sistema berari helduko dio eskubide pasiboei eta osasun laguntzari dagokienez.

1.4. Lanaldiaren araubidea zerbitzuaren beharretara moldatuko da, eta administrazio organo eskudunak noiznahi aldatzen ahalko du; orobat, etxezainaren kategoriaren eta lanpostuaren barrenean, izangai izendatuak komeni den lanpostura eramaten ahalko dira, lanpostu horien beharren eta antolaketaren arabera, udal antolamenduaren barrenean, zerbitzuak ahalik eta hobekien egin ahal izateko.

2. oinarria.-Izangaien betebeharrak.

Oposizio-lehiaketa honetan onartuak izateko, izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean:

a) Tafallako Udalaren zerbitzuko funtzionarioa edo lan-kontratudun finkoa izatea, E mailakoa.

b) Gutxienez ere, Eskola Graduatua edo horren baliokidea izatea.

c) Administrazio publikoetan bost urteko antzinatasun onartua frogatzea.

d) Borondatezko edo nahitaezko eszedentzian ez egotea.

Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dira aipatutako baldintzak, eta hautaketa bide osoan beharko dira bete, izendatzeko unera arte.

3. oinarria.-Eskabideak.

3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak Tafallako Udalaren Erregistro Orokorrean (Nafarroako plaza, 5) aurkeztu beharko dira edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 20ko 30/1992 Legeko 38.4 artikuluan aurreikusitako bideetako edozein baliatuz, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hogeita hamar egun naturaleko epean. Eskabideak deialdi honetako ereduari lotuko zaizkio (I. eranskina):

3.2. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.

3.3. Eskabidearekin batera ondoko agiriok ere aurkeztu beharko dira:

a) NANaren edo baliokidea den nortasun agiriaren fotokopia konpultsatua.

b) Eskatzen den titulazioaren fotokopia edo hura lortzeko eskubideak ordaindu izanaren frogagiria.

c) Izangaia zer lanpostutan eta zer mailatan dagoen, eta administrazio publikoetan zer antzinatasun aitortzen zaion, haien egiaztagiria.

4. oinarria.-Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, Alkatetzak ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko du.

4.2. Izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen denetik, erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, horiek zuzentzeko.

4.3. Erreklamazioetarako epea burututakoan eta erreklamazioei erantzun ondotik, alkateak ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko du. Ebazpen berean zehaztuko da probak non, noiz eta zer ordutan hasiko diren.

5. oinarria.-Epaimahaia.

5.1. Epaimahaiak kide hauek izanen ditu:

Mahaiburua: Cristina Sota, Tafallako Udaleko alkatea.

Ordezkoa: mahaiburuak hautatzen duena.

1. mahaikidea: Javier Ayerra Alfaro, Tafallako Garcés de los Fayos patronatuko kultura koordinatzailea.

Ordezkoa: titularrak hautatzen duena.

2. mahaikidea: Tafallako "Marqués de la Real Defensa" eskualdeko ikastetxe publikoko zuzendaria.

Ordezkoa: titularrak hautatzen duena.

3. mahaikidea: Tafallako Udaleko langileen ordezkari bat.

Ordezkoa: Tafallako Udaleko langileen ordezkari bat.

Mahaikide-idazkaria: Asunción Nieto Zabala, Tafallako Udaleko idazkaria.

Ordezkoa: titularrak hautatzen duena.

5.2. Epaimahaia hautaprobak egin baino lehen eratuko da eta bere eraketak eta jarduketak balio izateko kideen erabateko gehiengoa beharko da elkartu.

5.3. Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdiaren oinarriak ulertu eta aplikatzeko moduaz sor daitezkeen afera guztiak.

5.4. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake, proba batzuetan nahiz guztietan laguntzeko. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

6. oinarria.-Oposizioaren hasiera eta garapena.

6.1. Izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda argitaratzean adieraziko da non, noiz eta zein egunetan hasiko den oposizioa.

Ondotik, epaimahaiak behar den garaian emanen ditu argitara gainerako proben iragarkiak, Tafallako Herriko Etxeko iragarki oholean.

6.2. Oposizioaldian ariketa hauek izanen dira:

6.2.1. Lehen proban ondotik ematen diren hiru ariketak egin beharko dira; bakoitzak 15 puntu izanen ditu eta bazterturik geldituko da hiru ariketetan batera eskatu den puntazioaren erdia eskuratzen ez duena. Probaren gehieneko balioa 45 puntu da.

6.2.1.a) Lehen ariketan ortografia lan bat egin beharko da.

6.2.1.b) Bigarren ariketan matematikako problemak egin beharko dira, lau eragiketa aritmetikoak erabilita. Proba hau egiteko ezin izanen da kalkulagailurik erabili.

6.2.1.c) Hirugarren ariketako lehen proba, galdera laburrak eta/edo test motakoak izanen dira, II. eranskineko gaiei buruzkoak.

6.2.2.-Bigarren proba: Buruz buruko elkarrizketa epaimahaikoekin, deialdiko lanpostuarekin zerikusia duena; 5 puntu arte.

Epaimahaiak, ariketa batzuk edo guztiak, egun berean egitea erabaki dezake nahi badu.

6.3 Ariketa bakoitzerako dei bakarra eginen da, eta hartara izangaiek nortasun agiri nazionala aldean daramatela joan beharko dute. Agertzen ez diren izangaiak oposiziotik bazterturik geldituko dira.

6.4 Epaimahaiko kide bakoitzak bere aldetik emanen du bere kalifikazioa, eta guztien batez bestekoa izanen da ariketa zati bakoitzaren puntuazioa.

7. oinarria.-Probak gainditu dituztenen zerrenda eta epaimahaiaren proposamena.

7.1. Azken ariketaren kalifikazioa eman ondoren, epaimahaiak Tafallako Udalaren iragarki oholean ezarriko du gainditu dutenen zerrenda, guztira lortutako puntuazioaren arabera paratua.

7.2. Epaimahaiak puntuaziorik altuena lortu duten izangai gaindituen aldeko izendapen proposamena igorriko dio alkatetzari.

7.3. Proposatutako izangaiak espresuki uko egiten badio izendapenari, oposizioa gainditzen duen zerrendako hurrengoarentzat izanen da izendapen proposamena.

8. oinarria.-Izendapena eta jabetza hartzea.

8.1. Aurreko oinarrian aipatutako hautapen prozedura bukatu ondoren, puntuaziorik altuena lortutako izangaiak izendatuko ditu alkateak ebazpen baten bidez, etxezain lanpostuan jardun dezaten.

Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

8.2. Izangai izendatuek, izendapena jakinarazi eta ondoko hilabeteko epean lanpostuaren jabetza hartu beharko dute edo lan kontratuaren eranskina formalizatu. Hala egiten ez badute, epe berean ezinbestekoren bat frogatu ezean, izendapenaren eskubide guztiak galduko dituzte, 7.3 ataleko moduaren eta ondorioen arabera. Lanpostuaz jabetu edo bere lan kontratuaren eranskina formalizatzen ez duen bitartean, ez du ordainsaririk jasotzeko eskubiderik izanen.

9. oinarria.-Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka, nahiz bere oinarrien eta aplikazio egintzen aurka, errekurtso hauetakoren bat aurkez daiteke, aukeran:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza egin duen organo berari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik aitzina.

b) Gora jotzeko errekurtsoa, zuzenean Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, erabaki hau argitaratu edo errekurritzen den egintza jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epearen barnean.

c) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko arlo bereko Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, erabaki hau argitaratu edo errekurritu nahi den aplikazio egintza jakinarazi eta biharamunetik aitzina.

I. ERANSKINA

Eskabidea

Izen-deiturak: .........................................., adinez nagusia; NANa: ....................... Jaioteguna eta jaioterria: .................., .................. (...........); bizilekua, jakinarazpenak egiteko: ................. (............); karrika: ...........; zenbakia: .......; posta kodea: ......; telefonoa: ............; zure aitzinera agertzen naiz eta hau adierazten dut:

Onartua izatea eskatzen dudala Tafallako Udalaren zerbitzuko etxezain izateko bi lanpostu oposizio murriztuaren bidez betetzeko deialdian (.......... zenbakiko Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, data: ............).

Ez dudala karguan aritzea galarazten didan eritasunik edo akats fisikorik nahiz psikikorik.

Ez dudala indarra duten xedapenetan ezarritako ezintasunik.

Badudala deialdiko 2. oinarrian adierazten den titulazioa.

Baldintza guzti-guztiak betetzen ditudala eskabideak aurkezteko epearen azken eguna baino lehen.

Horrenbestez:

Eskabide hau ontzat eman eta, ondorioz, Tafallako Udaleko etxezain izateko bi lanpostu oposizio murriztuaren bidez betetzeko deialdian onartua izatea eskatzen dut.

Tafallan, 200.. (e)ko ................aren ..........(e)an.

(Eskatzailearen sinadura)

TAFALLAKO UDALEKO ALKATE UDALBURUA

II. eranskina

Gai zerrenda

1.-Tafallako Udalak gaur egun duen antolaketa politiko eta administratiboa. Tafallako Udaleko erregelamendu organikoa. Udal antolaketa. Oinarrizko organoak eta osagarriak. Osoko Bilkura. Tokiko Gobernu Batzarra, osaera eta eskumenak. Informazio batzordeak.

2.-Tafallako Udalaren historia eta geografia.

Iragarkiaren kodea: L0911898