43. ALDIZKARIA - 2009ko apirilaren 10a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

IRUÑA

ARS-3/Lezkairuko Plan Partzialeko hirigintzako arauen aldaketa

Iruñeko Udalak, 2009ko urtarrilaren 16an egin osoko bilkuran, honako erabaki hau hartu zuen:

PLE 16-ENE-09 (6/CU).

"ARS-3/Lezkairuko Plan Partzialeko hirigintzako arauen aldaketari buruzko dokumentua hasiera batez onetsi ondoren (2008-10-21eko JOB) jendaurrean egon da eta epe horretan alegaziorik jaso ez denez,

Honako hau erabaki da:

1. Behin betiko onestea ARS-3/Lezkairuko Plan Partzialeko hirigintzako arauen aldaketari buruzko dokumentua, Iruñeko Hirigintza Gerentziako Zerbitzu Teknikoek prestatua.

2. Igor bekio Nafarroako Gobernuari erabaki hau eta onetsitako proiektuaren ale bat, eta argitara bedi Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Udalaren iragarki oholean."

Ebazpen honen kontra, errekurtso hauetako bat aurkez daiteke, hautara:

-Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita; edo, bestela,

-Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazten denetik hasita.

TESTU ARAU-EMAILEA

1) Aurrekariak:

Iruñeko Udalak 2006ko urtarrilaren 19an behin betiko onetsi zuen Lezkairuko Plan Partziala (ARS-3 banaketa eremuko plan partziala).

Ordutik eremu hori garatuko duten birzatiketa dokumentuak eta urbanizazio proiektua onetsi dira. Orobat, urbanizazio lanak egiten ari dira.

Momentu honetan zenbait sustatzaile eta arkitekto hasiak dira auzo berrirako eraikinak aztertzen eta haien gaineko proiektuak egiten. Gerentzia honetan ere Plan Partzialaren zenbait alderdi berrikusi da. Bada, aurreproiektu hauen eta eragile batzuek egindako gogoeten ondorioz, plan partzialeko hirigintzako arauak aldatzeko eskaera batzuk aurkeztu dira. Udalaren Hirigintza Gerentziak alderdi horiek eta kanpoko eskaerak aztertu ditu, bai barne bileretan bai Lezkairun interesak dituzten sustapen pribatuko teknikariekin egindakoetan. Lan horrekin ondorioztatu da beharrezkoa dela araudiaren zenbait artikulu osatu, argitu edo aldatzea, planeamendu honen oinarrizko helburuak egoki bete daitezen.

2) Proposatutako aldaketaren eremua eta izaera:

Aldaketa honek soil-soilik eragiten die ARS-3 banaketa eremuko Plan Partziala osatzen duten oinarrizko unitateen araudi partikularrari eta hirigintzako arau orokorrei.

Zehaztu beharra dago aldatu nahi diren alderdiak xehakatuen mailakoak direla, eta antolamenduko oinarrizko gai guztiak, egiturazkoak, ez direla aldatzen.

3) Argitu edo aldatuko diren hirigintzako determinazioak:

1.-Hegalkinak. Gerentzia honek uste du hegalkinetarako baimendutako luzera murriztailea dela oso, eta horregatik erabaki da kasuan kasuko eraikinaren fatxadak duen luzeraren %50 arte handitzea, eta hegalkinen luzera osoa metatu ahal izatea fatxadako edozein puntutan. Aldaketa horiek guztiak biltzen ditu 30. artikuluaren idazketa berriak.

2.-Etxebizitza bakoitzeko eskatzen diren aparkatzeko tokiak: Udalaren Hirigintza Batzordeak erabaki zuen plan horretarako zer estandar finkatu, eta hala Udal Planak bere egunean finkatutakoa baino handiagoa ezarri zuen; alegia, etxebizitzako 1,3 tokitik gorakoa. Erabaki hori Plan Partzialeko hirigintzako arauen 41. artikuluan jaso da. Baina araudi bereko 25. artikuluan, beste gaien artean, betebehar horren gaineko bestelako interpretaziorik ere egin daiteke, hain zuzen ere 41. artikuluan ezarritakoari aurka egiten diona. 25. artikuluak ezartzen du aparkatzeko toki kopuruak ez duela zerikusirik eraikitako etxebizitza kopuruarekin, baizik eta bizitegitarako eraikitako 110 m² bakoitzeko eskatzen du kopuru hori. Udalaren eskaria baitzen zalantzarik gabe etxebizitzako 1,5 toki izatea aparkatzeko, 25. artikulua aldatuko da etxebizitza bakoitzeko behar den aparkatzeko tokien kopuruari dagokionean.

Aldaketa horiek guztiak jasotzen dira 25. artikuluaren idazketa berrian; bertan, aparkatzeko tokien kopuruaren erreferentzia ezabatu da, hori 41. artikuluan behar bezala jasotzen baita.

3.-Lurzatiketa: planak gutxieneko lurzatia zein den ezartzen du, izan ere horiek dira proposatu eta hirigintzako araudi partikularreko fitxetan jasotzen direnak. Bakoitzerako gehieneko eraikigarritasuna eta lerrokadura baldintzak ezartzen dira, eta horiek malguak direnez, fatxadetan bolumenarekin jolasteko aukera ematen dute, fatxada horiek eremu libre pribatuetara jotzen dutenean. Araudiaren berrikuspen prozesu honetan zalantza sortu da nola jokatu behar ote den gutxieneko lurzatien eransketak egiten direnean handiago bat sortzeko, azken horrek kasu batzuetan etxesail bateko lurzati guztiak hartu ahal baititu. Lurzatiak erantsi eta berri bat sortzen denean, gure ustez baimendu beharra dago erantsitako lurzati guztien aprobetxamenduen batura izanen den erabateko aprobetxamendu hori libreki banatu ahal izatea lurzati berrian, betiere araudi partikularrak ezarritako lerrokadura eta gehieneko altuerak errespetatuz.

Aldaketa horiek guztiak biltzen ditu 25. artikuluaren idazketa berriak.

4.-Eraikinaren garaiera: plan partzialak gehieneko altuera batzuk ezartzen ditu bizitegitarako edo hirugarren sektorerako diren unitate guztiendako eta ezartzen du, halaber, eraikin bakartu ororen gailurrak garaiera berbera izan beharko duela, sustapen ezberdinen ondorioz eraikiak badira ere. Bestalde ataripeen nahitaezko garaiera ere arautzen du, hirigintzako elementu horiek proposatzen diren kaleetan. Arauketa hori guztia logikoa eta ohikoa da. Baina Lezkairu eta Arrosadia auzoen kasuan, zenbait kaleren sestra ezberdintasunek konponbide zaileko egoerak sortzen dituzte zenbait puntutan. Talde prestatzailea horretaz ohartu, eta eraikin mailakatuak egitea proposatu zuen urbanizazio kotetan diferentziarik handiena duten bi puntuetan. Guztiarekin ere, halako toki jakin batzuetan 7 m-koak baino garaiagoak izan daitezkeen beheko solairuak egin beharko lirateke, non eta 3 m-ko garaiera librea nekez hartuko luketen beste batzuen aurre-aurrean, eta hori guztia eraikinaren gailurraren lerroa berbera izan dadin. Arazo hori are gehiago korapilatzen da ataripeak proposatu diren zenbait etxesailetan, eta horren ondorioz gerta daiteke Udal Planeko Eraikuntzari buruzko ordenantza orokorrean baimendutako gutxieneko garaiera baino txikiagoa duten beheko solairuak agertzea.

Horregatik guztiagatik erabaki da eraikinaren errematearen garaieraren irizpidea aldatzea. Araudian ezarritakoa mantenduko da urbanizazio sestren ezberdintasuna handia ez denean; horrelakoetan indarrean den araudia aplikatzeak ez baitakar arazorik. Sestra horien artean 1,5 m-tik gorako ezberdintasuna badago, eraikin mailakatuak eginen dira, kalearen maila ezberdinetara egokitzeko. Kasu horietan xehetasun azterlana eskatuko da, eraikinaren mailakatzea jasotzen duena, eraikin bakartu baten gainean egiten diren jarduketa ez unitarioen kasuan.

Bestalde, bizitegitarako eta hirugarren sektorerako eraikinetarako gehieneko garaierak handitu egin dira, ohikoa baita zenbait instalazio ezartzea sabaizunetan edo zoru teknikoetan, eta horrek hasiera batean aurreikusitakoak baino garaiera handiagoak eskatzen ditu. Gainera, Etxegintzaren Kode Teknikoko zenbait atal indarrean sartzearekin ere, batez ere isolamendu akustikoaren arazoei buruzkoa, orain artekoak baino zoru lodiagoak egitera behartuko du.

Aldaketa horiek guztiak biltzen ditu 33. eta 42. artikuluen idazketa berriak. Gainera, zehaztu behar da araudi partikularreko artikulu batzuk aldatu eginen direla, baldin eta, grafikoki edo idatziz, Plan Partzialeko aldaketa honekin baimentzen direnak baino garaiera txikiagoak proposatzen badituzte solairu, eraikin edo ataripeetarako.

5.-Atarietako sarbidea: Lezkairuko etxesailen barnealdeek konfigurazio berezia dute eremu libre pribatu direlako; hori dela eta, auzokide guztiek erraz sartu behar dute bertara. Horretarako, indarrean den araudiak proposatzen du alderik aldeko atariak izan daitezen; hau da, kaletik eta barnealdeko eremu horretatik sarbidea izanen dutenak. Araudi hori aztertu ondotik, eta kontuan izanik Lezkairu aztertzen ari diren sustatzaile eta proiektugileek egindako zenbait iradokizun, ondorioztatu da oinarrizkoena dela atariek barnealdeko eremu horretatik sarbidea izan dezatela, horrela bermatuko baita auzokideek eremu hori erabiliko dutela. Proiektugile batek Gerentzia honetan aurkeztu duen proiektu ideia bat da, eta ez gaude harekin desadostasunean, etxesail bat jabekidetzan antolatu daitekeela; bertara sartzeko kontrol gune batetik pasatu beharko da eta hortik auzokideen eremu librera. Etxesaileko atarietara eremu horretatik iritsi ahalko da. Noski, atarietara kaletik ere iritsi ahalko da, baina hori jadanik ez da nahitaezkoa izan behar. 40. artikulua aipatutakoaren arabera aldatu da.

6.-Aparkaleku pribatua eraikinaren azpian: espediente honetako 1. puntuan azaldu da bere garaian hartutako erabakia, Lezkairuko etxebizitzen eta hirugarren sektoreko eraikinen barnean aparkatzeko izan beharreko tokien kopuru estandarrari buruz. Beharkizunak handitu direnez, zenbait arazo sortu dira horiek sotoetan izan beharreko kokalekua dela eta. Sotoetan ezarri beharreko elementuak sartzeko (aparkatzeko tokiak, trastelekuak eta eraikinaren instalazio komun batzuk), zenbait kasutan bi solairuko sotoa eraiki beharko litzateke. Bi solairuko sotoak erabili behar horrek arazo tekniko bereziak sortzen ditu, Udal Planeko Hirigintzako Araudi Orokorrak ezartzen duen bezala, beste kasu batzuetarako bada ere. Beraz, beharrezkotzat jo da Plan Partzialaren araudia aldatzea eta sotoko bi solairutan sar daitekeen gehieneko aparkaleku kopurua eskatzea, betiere Udal Planean ezarritako gutxieneko estandarra betez. Helburu berarekin aldatu da 42. artikulua. Bertan etxesailen barnealdeko eremu libre pribatua arautzen da eta aldaketarekin sotoaren lehenengo solairuaren erabateko okupazioa baimendu nahi da, betiere zuhaitz ertainak landatzea ahalbidetuko lukeen tartea bermatzen bada.

Aldaketa horiek guztiak biltzen ditu 41. 42. artikuluen idazketa berriak.

7.-Eremu libre pribatuaren antolamendua: eremu libre pribatuetan sestrak aldatzea baimentzen da beheko solairuetako etxebizitzetara lotutako etxesailen patioetan, kasu batzuetan eraikinerako baimentzen den mailakatzearekin koherentzia mantenduz. Orobat, etxesailen erdigunean zuhaitzak landatu beharra dagoenean, landatzeko eremu horietan nolabaiteko askatasuna dago lerrokadurei dagokienez. Eremu hori guztia hartuko duen proiektu bakarra aurkeztea nahitaezkoa denez, egokitzat jo da eremu libre hori antolatzeko askatasun handiagoa izatea.

4) Artikulu aldatuen eduki berria:

4.a) 25. artikulua. Edukia eta interpretazioa.

Antolamenduan aurreikusitako unitateen araudi partikularreko fitxetan ezarritako determinazio partikularrak arau zehaztuak dira eta, batzuetan, diseinurako baldintzak; unitate eta lurzati bakoitzerako determinazio funtzional eta formalak garatzen dituzte, bai eta haien kudeaketa eta garapenerako aurreikuspenak ere.

1.-Azalera, Erabilerak, Eraikigarritasuna eta Aprobetxamenduaren taulan ezartzen dira parametro horien izaera eta balioak unitate eta lurzati bakoitzerako.

Taula horretan, eredu-etxebizitzen kopurua -110 m² eraikiak dituena, hori baita erreferentzia eredu-etxebizitzak txikiagotzeko- soilik ezartzen da unitate osorako, eta hortaz, lurzati bakoitzerako ulertu behar da eredu-etxebizitza kopurua izanen dela bizitegitarako esleitutako eraikigarritasuna zati 110 egitetik ondorioztatzen dena.

Zatiketa horren zatidura, oraindik zehatza ez dena, bider lau pieza egitean ateratzen da lurzati bateko gehieneko pieza kopurua. Kopuru hori ez bada osoa, beherantza borobilduko da.

Bizitegitarako unitateetan hirugarren sektoreko lokalak badaude (dendak edo bulegoak) lehenengo solairuan, lurgaineko solairuen eraikigarritasunak bereizi egiten ditu 1. solairua eta lurgaineko eredu-solairuak, eta azken horiekin ulertu behar da goiko solairu guztietaz ari dela.

Kasu horietan, grafikoki adierazitako eraikinaren garaierak bereizi egiten du, orobat, lehenengo solairua gainerakoetatik.

Atarien azalera edo komunikazio guneen azalera beheko solairuan, edo 1. solairuan, beheko solairuak bizitegitarako ez diren eraikinen kasuan, solairuari esleitutako erabilera orokorreko azaleratzat joko dira aprobetxamendua zenbatzeko garaian.

Plan Partzial honen araudiari dagokionez, hirugarren sektoreko esaten denean, ulertu behar da denda eta bulegoetaz ari dela, Udal Planean definitzen diren bezala. Dendak eta Bulegoak erabilera xehakatuari dagokionez, erabileren bateragarritasuna eta baliokidetasuna izanen da aipatu Udal Planean ezarritakoa, eta bere kokalekua eta kopurua, Plan Partzialeko dokumentazio grafikoan zehazten dena eta antolamenduan definitutako oinarrizko unitate bakoitzaren araudi partikularrean.

Determinazio Orokorrei dagokien atalean, Jarduketa Unitatea zehazten da (U.P.k definitua); bere esparruaren baitan kokatzen da dena delako oinarrizko unitatea eta horren izendapena eta azalera.

2.-Determinazio Funtzionalei dagokien atalean, eraikinari esleitutako erabilerak eta tipologia azaltzen dira.

3.-Determinazio Formalei dagokien atalean, eraikinaren konfigurazio fisikoa arautzen duten parametroak zehazten dira.

Eraikinaren garaiera honela zehazten da: solairu kopurua eta espaloiaren sestratik erlaitzeko nahiz gailurreko lerroetara dagoen gehieneko tartea. Azken solairuko forjatu-teilatuaren beheko maila da erlaitzeko lerroa -atikoa kanpo utzita, halakorik bada-, eta azken solairu horri dagokion fatxadaren erremate-lerroa da gailurreko lerroa.

Lurzatiaren gehieneko okupazioak zehazten du eraikinak okupatu ahal duen azalera, eta, oro har, eraikinaren lerrokadurek grafikoki definitzen dute, dotaziotarako zenbait unitatetan salbu, horietan lurzatitutako azalera osoaren araberako portzentajeak ematen baitira.

Lurzatiaren eta sotoaren gehieneko okupazioari dagokionez, ekipamendutarako unitate bai publiko bai pribatuetan, adiera horrekin grafiatzen den azalera lur azpian okupatu daitekeen eremuari dagokio, eta ez inolaz ere gehieneko azalera eraikigarriari; izan ere, azalera hori lurzatitutako azaleraren araberako portzentajetan ematen da edo, bestela, Udal Planaren Araudi Orokorreko 79. artikuluan oro har ezarritakoaren arabera.

Partzelazioa grafikoki definitzen da. Horrekin lotuta, salbu eta berariaz banantzea baimentzen denean, hori dotaziotarako lurzati publiko guztietan eskaintzen baita, definitutako lurzatiak gutxieneko lurzatiak dira eta horregatik banatu ezinak dira.

Lurzati bat sortzen denean beste batzuen eransketaren ondorioz, horren eraikigarritasuna, noski, erantsitako lurzati guztienen batura izanen da, eta hori libreki banatu ahalko da lurzati berrian, betiere araudian ezarritako gehieneko garaierak eta lerrokadurak zainduz.

4.-Unitatearen kudeaketa eta garapenari lotutako determinazioen atalean, unitatearen urbanizazioaren eta eraikuntzaren garapenari lotutako baldintza partikularrak ezartzen dira.

Hainbat lurzatirako garaje komuna dagoenean, hura zein unitatetan dagoen kokatua bada hari lotutako lehenengo proiektuarekin batera agertuko da, jarduera sailkatuaren proiektu gisa.

4.b) 30. artikulua. Hegalkinak.

Gehieneko lerrokaduren gainean inposta, erlaitz, teilatu-hegal eta gisako osagaien hegalkina baizik ezin daiteke jarri, eta berariaz debekatuta dago hala balkoien nola gorputz itxien hegalkina.

Lerrokadura derrigorrezkoa den fatxadetan, elementu horiez gain balkoien eta begiratokien hegalkina baimentzen da. Balkoietan ezin izanen da bistatik estaltzeko elementurik paratu, hedatoki gisa erabiltzeko.

Araudi honen ondorioetarako, begiratokitzat jotzen da kristalez itxitako egitura oro, kristal horrek itxituraren azaleraren %70 gutxienez hartzen duenean. Eraikinaren barnealdeko eremu bati edo gehiagori lotu ahal zaizkio.

Ez da baimentzen hegalkinik beheko solairuetan, ez eta ere unitate edo eremu jakin batzuen araudi partikularrean ezarritako solairu edo fatxadetako tokietan.

Eraikin baten fatxadetan hegalkinek pila dezaketen luzera ez da izanen kasuan kasuko fatxadetako forjatuen luzera osoaren %50etik gorakoa.

Hegalkina ez da inola ere 1,00 m-tik gorakoa izanen.

4.c) 33. artikulua. Eraikinaren garaiera.

Ordenantza honen ondorioetarako, hona zer den:

Eraikinaren garaiera edo erlaitzaren lerroa: erreferentziako sestratik eraikinaren azken solairuari dagokion sabai-forjatuaren behe alderainoko distantzia. Azken forjatu hori horizontala ez bada, garaiera ulertuko da haren behe aldeak eta fatxadaren lerrokadurak bat egiten duten punturaino.

Oro har, eraikinen gutxieneko garaierak eta gehienekoak ezarri dira, eta horiek lehentasuna izanen dute unitatearen araudi partikularrean eta araudi grafikoan adierazitakoaren aurrean:

-Bizitegitarako unitateak:

  • Beheko solairuen altuera librea: 3.50 m ? H ? 5.00 m.
  • Lurgaineko solairu bakoitzaren garaiera osoa: H ? 3.10 m.

-Hirugarren sektorerako unitateak:

  • Beheko solairuen altuera librea: 3.50 m ?. H ? 5.00 m.
  • Lurgaineko solairu bakoitzaren garaiera osoa: H ? 3.50 m.

Eraikinaren garaiera osoa izanen da eraikin bakoitzerako plan horretako araudian aurreikusitako solairuek duten garaieren batura. Ondorio horietarako, atikoa beste solairu bat izanen da.

Eraikinetik bereizten diren eraikin exentu edo gorputz bereiziek, unitate bakoitzean aurreikusitakoek, eraikuntza garaiera komuna izanen dute, eta hori neurtuko da sestra goratuagoa duen fatxadako puntua kontuan hartuta.

Araudi hori aplikatu ahal izateko, kontuan hartuz zenbait kaleren malda, bolumen eraikigarria mailakatu eginen da. Halakorik behar denean, unitate osoa hartuko duen xehetasun azterlana aurkeztu beharko da eta bertan adieraziko, eraikitako gorputz bakoitzaren gehieneko eta gutxieneko garaierak eta mailakatze puntuak betetzen direla. Xehetasun azterlana indarrean egon beharko da eraikitzeko lizentzia eman aurretik, unitatea osatzen duten lurzati orotan. Unitatean jarduketa bakarra aurreikusten bada, ez da xehetasun azterlan hori prestatu beharko, eraikuntza proiektuak jasoko baitu mailakatzea.

Araudi hori aplikagarri zaie ataripeak eta araudi grafiko zehatz bat duten unitateei. Kasu horretan, ataripearen gutxieneko garaiera librea, ateburuaren behealdetik, 3,00 m-koa izanen da. Neurri horrek lehentasuna izanen du hirigintzako araudi partikularrean ezarritakoaren aldean.

Gailurraren garaiera: erreferentziako sestratik fatxadaren erremate lerroraino edo estalkiaren kareleraino dagoen distantzia.

Garaiera horri dagokionez, esan beharra dago ezen unitate bakoitzean aurreikusitako eraikin exentu bakoitzaren fatxaden gailurraren garaiera komuna izanen dela, eta eraikuntzaren garaieraren edo erlaitzeko lerroaren gainetik 1,50 m-ra egonen dela, eraikina mailakatu beharra dagoen kasuetan izan ezik, aurreko puntuan zehaztu den bezala.

Atikoko solairuari dagozkion eraikuntzaren garaiera eta gailurraren garaiera ez dira izanen eraikinaren azken solairuari dagozkion eraikuntzaren garaiera eta goialdearen garaiera baino 3.00 metro altuago.

Lurzatiketaren ondorioz gerta daiteke erlaitzerako eta gailurrerako garaiera komuna esleitua duen eraikinen bat lurzati bat baino gehiagotan kokatua egotea eta, hortaz, proiektu bat baino gehiagoren xede izatea. Halakoetan, garatzen den lehenbiziko proiektuan finkatuko da zein den multzo bateratuaren garaiera eta proiektu horretako grafikoen bidez erakutsi beharko da gainerako lurzatien eraikinetan ere antolamenduan aurreikusitako solairu kopuruak eta garaierak bete daitezkeela.

Eraikinak babes edo itxitura opaku batekin errematatuko dira, fatxadaren gainerakoarekin bat etorriko dena bai konposizioari bai materialei dagokienez. Hori bera aplikatuko zaie atikoko solairuen fatxadei, bai eta ere, kasua bada, bereizita dauden bolumenak osatzen dituzten eraikinen beheko solairuei.

Nolanahi ere, eraikin edo eraikitako bolumen bakoitzaren gailurraren lerroa jarraia eta horizontala izanen da perimetro osoan, arestian azaldutako salbuespenekin.

Lerrokadura behartua duten fatxadetan goialdeko errematea edo karela kokatuko da lerrokadurak definitutako planoan, Atzeraemanguneen gaineko arauan ezartzen den bezala.

Ezin da inolako hegalkinik egon azken eredu-solairuaren forjatu-sabaiaren goiko kotaren eta eraikinaren gailurraren lerroaren artean.

4.d) 40. artikulua. Lokalak eta Atariak.

Bizitegitarako eraikin baten atzealdeko edo barnealdeko fatxada, beheko solairuan lokalak izan edo ez, eremu libre pribatura ematen badu, bertako atariek, gutxienez, barnealdeko patio-lorategi pribatutik sarbidea izanen dute.

Suteen gaineko araudia betetzeko nahitaezkoa bada suhiltzaileen ibilgailua etxesaileko patioan sartu ahal izatea, sarbidearen eta barnealdeko pasabideen neurriak eta egituraren baldintzak aipatutako araudian eta udal xedapenetan ezarritakoak izanen dira.

4.e) 41. artikulua. Barneko aparkalekuak. Garajeak.

Antolamenduan mugaturiko unitate guztietan -ekipamendu publikotarako direnetan izan ezik- aparkatzeko barneko tokiak egin beharko dira ezinbestean, honenbeste egin ere:

a) Merkataritza edo bulegotarako baino erabiliko ez diren unitateetan Udal Planeko araudi orokorra aplikatuko da; hau da, aparkatzeko toki bat eraikitako 75 m²-ko.

b) Gainerako unitateetan, aparkatzeko 1,5 toki eginen da eraikitako etxebizitza bakoitzeko eta toki 1 eraikitako 100 m²-ko. bizitegitarako erabilerarik ez duenean.

Bada, b) atalean ezarritakoa betetzea teknikoki ezinezkoa denean -horretarako bi solairutik gorako sotoa eraiki behar denean, alegia- honela konpondu ahalko da aparkatzeko tokien behar hori:

Sotoko bi solairutan behar diren trastelekuak egin ahalko dira (gehienez ere, bat etxebizitza bakoitzeko, eta 7 m²-koa batez beste) eta teknikoki ahalik eta aparkatzeko toki kopuru handiena. Kopuru hori ez da Udal Planeko Hirigintzako Araudi Orokorrean ezarritakoa baino txikiagoa izanen, hau da, aparkatzeko 1,3 toki etxebizitzako eta beste bat 100 m²-ko, bizitegitarako erabileraz bestekoa bada.

Parametro horiek aplikatzetik ateratzen diren tokiak lortzeko, zenbait lurzatitan baimendu egiten da sotoak eraikitzea barnealdeko eremu libre pribatuen azpiko zati batean, bai eta ere, kasua bada, erabilera publikoko eremuen azpian; kasu horretan, erabilera publikoko zortasuna ezarriko da lurzati pribatuaren zati horretan eta, aparkalekuaren sabai-forjatuaren goialdeko kota ezin izanen da 1,00 m-tik beherakoa izan kanpoaldeko sestrekiko, salbu eta ataripeetarako lekuetan.

Araudi partikularreko fitxetan grafikoki adierazten da sotoaren gehieneko okupazioa antolamenduan mugatutako unitate eta lurzati bakoitzarendako.

Determinazio horri dagokionez, grafikoan adierazitako sotoaren gehieneko okupazioa sotoko lehenengo solairuari dagokio; beheragoko solairuetan, baina, unitatearen azalera osoa okupatu ahalko da. Gainera, Plan partzialean eskatutako aparkatzeko tokien kopurua lortzeko beharrezkoa baldin bada, sotoko lehenengo solairu osoa okupatu ahal izanen da, betiere zuhaitz ertainak landatzeko eremu bat bermatzen bada. Eremu horrek, araudiaren 42.3 artikuluan arautzen baita, gutxienez 400 m²-ko azalera izanen du. Lerrokadurak libreak izanen ditu eta edozein modutan haren barruan 12 m-ko diametroa sartu ahal izanen da. Gutxienez 150 cm-ko lur geruza izan beharko du landaketetarako.

Sotoko garajeak komunak izanen dira oinarrizko unitate bakoitzerako eta, horregatik beragatik, proiektu bakarrean sartuko dira, zeina unitatean garatzen den eraikuntzako lehenengo proiektuarekin batera prestatuko baita. Eraikuntzako lehenengo proiektuari lotuta aurkeztuko da, orobat, garaje osoarendako jarduera sailkatuaren proiektu bat.

Garajeko ibilgailuendako sarbideak jabari eta erabilera pribatuko tokietan paratuko dira, kasua bada, eraikinaren azpian edo 5 m baino gertuago dauden bi gorputz eraikigarriren artean, edo eraikinean barna lurzatiaren edozein aurrealdeetan, ahal dela ibilgailuen trafikoa duen kalera ematen duen horretan.

4.f) 42. artikulua. Eremu libre pribatua(k).

Unitate eta lurzati bakoitzari lotutako eremu libre pribatuak antolamenduko planoetan agertzen dira grafikoki adieraziak eta, zenbait unitatetan eraikuntzako gehieneko lerrokadurekin mugatzen diren heinean, haien azalerak gutxieneko neurriak dira. Horiei gehitu behar zaie eraikinak okupatu gabeko lurzati eraikigarriaren azalera.

Araudi honi dagokionez, bi eremu libre pribatu mota bereizten dira:

1. Beheko solairuetako etxebizitzei lotutako eremu libre pribatuak.

2. Kalera ematen duten kanpoaldeko eremu libre, pribatu eta komunak.

3. Etxesailen barnealdeko eremu libre, pribatu eta komunak.

Jabari eta erabilera pribatuko eremu horietaz gain, antolamenduaren zenbait unitatetan erabilera publikoko zortasuna duten eremu libre pribatuak ezarri dira, aparkatzeko barnealdeko tokien inguruko beharkizunak bete ahal izateko.

1.-Beheko solairuetako etxebizitzei lotutako eremu libre pribatuak.

Beheko solairuko etxebizitzen barnealdeko fatxadaren eta etxesailaren (unitatea) barnealdeko lorategi komunaren artean kokatzen dira eta haien kanpoaldeko lerrokadura, lorategi komunarekin muga egiten baitu, antolamenduko planoetako grafikoetan zehazten da.

Eremu horien sestra izanen da etxesailaren barnealdeko lorategi komunari dagokion sestraren parekoa edo handiagoa, eta bakarra eta beti berbera izanen da unitate bakoitzerako, salbu eta kaleen malda dela-eta eraikin mailakatuak dauden unitateetan, 33. artikuluan arautu bezala. Kasu horietan eremu horien sestra mailakatze horretara doituko da, eta dagokion xehetasun azterlanean adieraziko da.

Mailakatzerik ez dagoen tokietan, baldin eta lurzatiketagatik, beheko solairuko etxebizitzetara bideratutako eraikinak momentu ezberdinetan egiten badira, lorategi pribatu horien sestra ezarriko da garatzen den lehenengo proiektuan. Dena dela, proiektu horrek etorkizuneko proiektuek aurreko arau hori betetzeko aukera izanen dutela aurreikusi eta justifikatu beharko du grafikoki, hain zuzen ere etxebizitzetako lorategien eta barnealdeko lorategi komunen sestren arteko harremanari dagokion araua.

Eremu horietan, haien azaleraren %50 lorategi izanen baita, debeku da edozein motatako eraikin, etxola edo eranskin, salbu eta instalazioen armairutarako gorputz linealak, betiere mugakideen artean itxiturarekin bat egiten badute. Bai itxitura horiek bai lorategietakoak landaresiak izanen dira. Sare metaliko edo zelosiekin batera joan ahalko dira eta haien altuera ez da 1, 80 m-tik gorakoa izanen, barnealdeko sestratik abiatuta.

Hedatokirik jartzekotan aldeetan jarriko dira eta itxitura bera izanen dute. Itxitura berdina izanen da unitate osoan eta beraz, komuna, oro har, lurzati guztietarako. Bere diseinua lehenengo jarduketan erabakiko da, Udalak aldez aurretik onartuta. Eremu horretan, dena dela, oinezkoendako eta bizikletendako pasabideak ezarri ahalko dira atari eta garajeetara.

2.-Eremu libre komunak, kalera ematen dutenak.

Lurzatien lerrokadura ofizialaren eta eraikinaren nahitaezko lerrokaduraren artean kokatzen dira eta antolamenduko planoetan definitu dira grafikoki.

Lurzati edo unitatearen eremu komuna dira eta osorik lorategitako erabiliko dira, salbu eta ataritarako edo, kasua bada, garajetarako sarbidea egiteko bideratzen diren zatietan. Zein kaletara ematen duten, bada kale horretako sestretara egokitu beharko dute.

Lorategi hauetan debeku da edozein motatako eraikuntza, barne zatiketa eta kanpo itxitura egitea, landaresiak barne; halere, haien esparruaren barnean atari eta garajetarako sarbideak ezarri ahalko dira.

3.-Etxesailetako eremu libre komunak.

Antolamenduko zenbait etxesail edo unitateen barnealdean kokatzen dira eta haien esparrua, grafikoki definitua, mugatzen dute eraikuntzaren barnealdeko gehieneko lerrokadurek eta beheko solairuko etxebizitzei lotutako lorategien kanpoaldeko lerrokadurek.

Unitate osoaren zerbitzura dauden eremu komunak dira eta haien azaleraren %50 gutxienez lorategitako erabiliko da, eta zuhaitzetarako, sotorako okupatu ezin den tokian, normalean etxesailaren erdialdean.

Zuhaitzak landatzeko eremu horrek gutxienez 400 m² izanen ditu. Lerrokadurak libreak izanen ditu eta edozein modutan haren barruan 12 m-ko diametroa sartu ahal izanen da. (Determinazio honek lehentasuna izanen du hirigintzako araudi partikularrean ezarritakoaren aldean). Eremu horretan zuhaitz ertainak landatzeko aukera bermatu beharko da. Horretarako, gutxienez 150 cm-ko lur geruza izan beharko du landaketetarako. Eremu horretan igerilekuak, instalazio komunak edo leku zolatuak jartzekotan, haien azalera ez da azalera osoaren %25etik gorakoa izanen.

Etxesailetako eremu komun edo patio-lorategi horietako bakoitza unitate funtzionala eta diseinukoa izanen da. Hartara, urbanizazio proiektu bateratua izanen dute, unitatearen esparruan egiten diren eraikuntza proiektuetako lehenengoari lotua, eta unitate horretako azken eraikineko etxebizitzak lehen aldiz erabiltzeko lizentziak eman aurretik gauzatu beharko da.

Etxesaileko barnealdeko lorategiaren sestrak bertako eraikinaren sestretara egokitu beharko dira, eremu horretatik atari guztietara izan behar den bigarren sarbidea errazte aldera. Bereziki, etxesailaren lorategiko sestrak, bere lerrokadura edo muga irekian, ondoko kaleari dagozkionak izanen dira, oinezkoendako eta bizikletendako sarbidea egin ahal izateko, bai eta, salbuespen gisa, ibilgailuen etxebizitzarainoko sarbidea egiteko.

Lorategian zehar etxebizitzetara oinezkoendako eta bizikletendako, bai eta larrialditako ibilgailuendako, sarbidea bermatzeko haren perimetroan zehar ibilbideak eginen dira, eta haien sekzioa ez da 3 m-tik beherakoa izanen. Suteen gaineko araudia bete beharrez, suhiltzaileen ibilgailua etxesailaren patiora sartu behar bada, sarbidearen eta barnealdeko ibilbideen neurria eta egitura baldintzak araudi horretan eta udal xedapenetan ezarritakoak izanen dira.

Etxesailetako lorategien esparruan debeku da sestra gainean edonolako eraikuntzarik kokatzea, ez eta espazioa banatuko duen zatiketarik egitea, salbu eta arrazoi funtzionalak direla medio egin beharrekoak, igerilekuak, kirol pistak eta antzeko espazioak mugatzeko; kasu horietan, landaresiak eta sare metalikoa erabiliko dira.

Lorategiaren itxitura, eremu publikora ematen duen mugan, landaresiekin eta sare edo zelosiekin eginen da eta ez da 2,00 m-tik gorakoa izanen; orobat, 0,50 m-ko zokaloak onartzen dira, betiere fatxadarekin bat egiten badute".

Iruñean, 2009ko otsailaren 11n.-Alkatea, María Yolanda Barcina Angulo.

Iragarkiaren kodea: L0910255