43. ALDIZKARIA - 2009ko apirilaren 10a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

GALAR

Aldaketa ordenantzan. Behin betiko onespena

Galarko Udalak, 2008ko azaroaren 27an egin osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batean onestea Erabilera publikoko lurretan zangak, laginketak eta zuloak irekitzeko eta eremu publikoko zoladuran edo espaloietan edozein mugimendu egiteko tasak arautzen dituen ordenantza fiskala. Iragarkia 2008ko 155. Nafarroako Aldizkari Ofizialean eman zen argitara, abenduaren 22an.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, ordenantza horretako aldaketa behin betikoz onetsi eta argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Getze Galarren, 2009ko otsailaren 16an.-Alkatea, Ricardo Ariz Imízcoz.

ORDENANTZA FISKALA, ERABILERA PUBLIKOKO LURRETAN ZANGAK, LAGINKETAK ETA ZULOAK IREKI ETA EREMU PUBLIKOKO ZORUAN EDO ESPALOIETAN EDOZEIN MUGIMENDU EGITEKO TASAK ARAUTZEN DITUENA

Oinarria

1. artikulua. Ordainarazpen hau ezarri da Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Legearen Lehenengo Tituluko IV. kapituluko 7. atalean xedatutakoaren arabera eta lege bereko 12. artikuluan jasotzen den baimenari jarraituz.

Zergapeko egintza

2. artikulua. Zergapeko egintza da erabilera publikoko tokiko lurretan, tokiko errepide, bide eta gainerako eremu publikoak barne, zangak, laginketak eta zuloak irekitzea, tutueria, hodiak eta bertzelako instalazioak paratu eta konpontzeko, bai eta eremu publikoko zoruan edo espaloietan edozein mugimendu egitea ere. Orobat, erabilera publikoko bide eta lurretan lekua erreserbatzea, salgaien zamalanak egiteko edo aldamioak eta gisakoak paratzeko, enpresek edo partikularrek eskaturik.

Ordaindu beharra

3. artikulua. Zergak ordaindu beharra toki entitatearen jabari publikoaren erabilera pribatiboa edo aprobetxamendu berezia hasten denean sortzen da.

Subjektu pasiboa

4. artikulua. Subjektu pasiboak dira eta tasa ordaintzera beharturik daude, zergadunak diren aldetik, pertsona fisiko zein juridikoak eta, nortasun juridikorik ez izanik ere, unitate ekonomikoa edo ondare berezia osatzen duten entitateak, baldin eta ordenantza honetako 2. artikuluan aurreikusitako kasuetako bati jarraikiz, toki entitatearen jabari publikoa beren alde erabili edo ustiatzen badute edo hari onura ateratzen badiote.

Zerga-oinarria

5. artikulua. Tasa ateratzeko oinarritzat hartuko da egin beharreko aprobetxamendua egin ahal izateko mugitu edo ireki beharreko toki entitatearen jabari publikoko azalera.

Ordaindu behar den tasaz gain, ordaintzeko obligazioa dutenek ordaindu beharko dute lanaren ondorioz jabari publikoan eragiten den kalteari dagokion zenbatekoa, tarifen eranskinean ageri denaren arabera.

Ordenantza honetan jasorik, hornidurako zerbitzu publikoak ustiatzen dituzten enpresek egindako aprobetxamendu bereziei zein erabilera pribatiboei dagozkien tasak horren gaineko ordenantza fiskalak edo horiek arautzeko udal erabakiek gobernatuko dituzte.

Mota

6. artikulua. Karga-tasa ordenantza honen eranskinean agertzen da.

Kuota

7. artikulua. Kuota izanen da zerga-oinarriari ordenantza honetako eranskinean agertzen den karga-tasa aplikatzearen ondoriozkoa, edo bertzenaz horretarako adierazten den zenbateko finkoa.

Ondasunak eta instalazioak berreraiki, berrezarri edo konpontzea

8. artikulua. Ordaintzeko beharturik dagoenak aprobetxamendua egin den tokietako ondasun eta instalazioak berreraiki, berrezarri eta konpondu beharko ditu.

9. artikulua. Konponezinak diren kalteak egiten badira, interesdunak ordaindu beharko ditu. Udal teknikariek zehaztuko dute kalte-ordainaren zenbatekoa, desegindako gaiek balio dutenaren edo kaltetutakoaren balio galeraren arabera, aplikagarri den legeriari jarraikiz.

10 artikulua. Aurreko artikuluetan ezarritakoaren ondorioetarako, ordaintzera beharturik dagoenak gordailu bat egin beharko du, lehenik eta behin, zanga behar bezala betetzeko erabiliko dena eta, behar izanez gero, zoladura emateko, eta pasabideen kasuan, hurrengo batean berreraikitzeko, hala nola konponezinak gerta daitezkeen kalteak ordaintzeko.

Gordailua lot daiteke indarra duen arautegia edo lizentziaren baldintzak ez betetzeagatik ezarritako zehapenekin. Gordailua berreskuratu ahal izateko adostasun txostena beharko da, indarra duen arautegia eta lizentzia hartzeko baldintzak hertsiki bete eta lurzorua behar bezala konpondu dela egiaztatzen duena.

11 artikulua. Ordenantza honen xede diren gainerako aprobetxamenduetan, aipatu gordailu horien zenbatekoak aprobetxamendurako baimendutako azaleraren arabera zehaztuko dira, betiere tarifen eranskinean ageri denari jarraikiz.

Zaharberritzeko diru-laguntzen ordenantzari heldu dioten zaharberritze obren kasuan, gordailuaren zenbatekoa onuradunei dagozkien diru-laguntzek osatuko dute.

Kudeaketa arauak

12 artikulua. Edozein arrazoi dela medio, tokiko erabilera publikoko lurretan, zangak, laginketak edo zuloak ireki edo zoladura edo espaloiak kendu nahi dituen pertsona natural edo juridikoak, behar den baimena eskatuko dio Udalari, eta horretarako zehaztuko du zangaren ezaugarriak -luzera, zabalera, sakonera- zein diren, eremu zolatu edo zolatu gabeak ukitzen ote dituen, zenbat denboraz egonen ote den irekirik, karrika itxi behar ote den, etab.

13 artikulua. Lizentziak ematen diren unean behar diren tasak ordaindu beharko dira. Pasabideak egiten direnean, lizentziaren eraginkortasuna lotua geldituko da espaloia zeharkatzeko baimenari.

14 artikulua. Baimenak indarra galduko du hura eman eta sei hilabetetan ez badira obrak hasi edo ezarri epean ez badira bukatu.

Arau-hausteak eta zehapenak

15 artikulua. Iruzurtzat hartuko da baimendua baino azalera edo luzera handiagoko aprobetxamendua egitea, baita obrak egiteko emandako denbora baino gehiago luzatzea ere.

Arau-haustea da, orobat, behar den baimena izan gabe aprobetxamendua edo obrak abiatzea.

16 artikulua. Arau-hausteei eta zehapenei dagokien orotan, Ordenantza fiskal orokorrean xedatutakoari jarraituko zaio.

Tarifen eranskina

Arau honetan aplikatuko diren tarifak hauek dira:

I. epigrafea.-Zangak irekitzea.

I.1. Metro luze edo horren zati bakoitzetik, alderik handienean, 14,60 euro.

I.2. Zanga irekitzeagatik, dela osorik, dela norabide batean edo bide nahiz eremu nagusi batean, ibilgailuei bidea itxi behar bazaie, aurreko epigrafeetako tarifak %20 igoko dira.

II. epigrafea.

Ibilgailuen pasabideak, karga-ahoak, aireztapenak, lukanak, kalapatxak egin edo deuseztatzea eta zoladuran edo espaloietan edozein mugimendu egitea.

Metro luze bakoitzetik, alderik handienean, 14,60 euro.

-Kalte-ordainak zangak irekitzeagatik:

II.1. Zangaren zabalera metro lineal bat baino txikiagoa bada, metro luze bakoitzaren sorrarazpena izanen da: II.1.1 Zoladura orokorra duten lekuetan: 29,20 euro/metroa.

II.1.2. Zola eman gabeko lekuetan: 4,38 euro/metroa.

II.2. Zangaren zabalera metro lineal bat edo handiagoa bada, m² bakoitzaren sorrarazpena izanen da:

II.2.1. Zoladura orokorra duten lekuetan: 32,85 euro/metroa.

II.2.2. Zola eman gabeko lekuetan: 6,57 euro/metroa.

-Fidantzak zangak irekitzeagatik:

II.3. Zangaren zabalera metro lineal bat baino txikiagoa bada, metro luze bakoitzaren sorrarazpena izanen da:

II.3.1. Zoladura orokorra den lekuetan: 109,16 euro.

II.3.2. Zola eman gabeko lekuetan: 72,62 euro.

II.4. Zangaren zabalera metro lineal bat edo handiagoa bada, m² bakoitzaren sorrarazpena izanen da:

II.4.1. Zoladura orokorra duten lekuetan: 122,22 euro.

II.4.2. Zola eman gabeko lekuetan: 83,59 euro.

III. epigrafea.

Behin-behineko erreserba. Espazio publikoa erreserbatzen denean noizbehinkako obra edo jarduketa baterako, eta horrek edukiontziak, aldamioak, makinak edo gisakoak paratzea badakar, 1,12 euroko tasak ordainduko dira paratzen den edukiontzi edo makina bakoitzagatik, metro lineal eta egun bakoitzeko, eta 0,28 euro metro lineal eta egun bakoitzeko, berriz, aldamioak edo hesiak paratzeagatik.

Iragarkiaren kodea: L0910501