43. ALDIZKARIA - 2009ko apirilaren 10a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

GALAR

Aldaketa ordenantzan. Behin betiko onespena

Galar Zendeako Udalak, 2008ko azaroaren 27an egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen aldaketa Kulturaren, kirolaren, iraskaskuntzaren, gazteriaren, osasunaren, aisiaren eta gizarte zerbitzuen arloetako jardueretarako diru-laguntzak arautzen dituen ordenantzan. Iragarkia 2008ko 157. Nafarroako Aldizkari Ofizialean eman zen argitara, abenduaren 26an.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, ordenantza horretako aldaketa behin betikoz onetsi eta argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Getze Galarren, 2009ko otsailaren 16an.-Alkatea, Ricardo Ariz Imízcoz.

Kulturaren, kirolaren, iraskaskuntzaren, gazteriaren, osasunaren, aisiaren eta gizarte zerbitzuen arloetako jardueretarako diru-laguntzak arautzen dituen ordenantza

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Galar Zendeako udalerrian diru-laguntzak emateko irizpideak eta prozedura egituratu eta finkatzea da ordenantza honen xedea. Helburu batzuk zehaztu nahi dira, eta herritar eta entitateei laguntza hauek baldintza beretan eskuratu ahal izateko aukera bermatu. Laguntza hauek udal eskumeneko zerbitzu eta jarduerak osatu edo ordezkatzen dituzten zerbitzu eta jardueretarako dira.

2. artikulua. Diru-laguntza da Udalaren kontura Udalbatzak ematen duen edozein laguntza, zuzenekoa zein zeharkakoa, ekonomikoki baloratzen ahal dena, hala nola, bekak, hobariak, sariak eta laguntza pertsonal, material eta ekonomikoko gainerako gastuak.

3. artikulua. Diru-laguntzak emateko, arau hauei jarraituko zaie:

1. Borondatezkoak eta aldi baterako izanen dira, ordenantza honek bertzelakorik xedatu ezik.

2. Ezin izanen dira aurrekaritako erabili.

3. Ez da eskatzen ahalko diru-laguntza handitu edo berritzerik.

4. Diru-laguntzarako eskubidea izateko, eskatzaileek gutienez ere 5 urte lehenagotik erroldaturik egon behar dute, ordenantza hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik.

4. artikulua. Baliorik ez dute izanen diru-laguntzak emateko eskuzabaltasun hutsez hartzen diren erabakiek.

II. KAPITULUA

Eskatzaileak

5. artikulua. Hona zein diren diru-laguntzak eskatzen ahal dituztenak:

a) Irabazteko asmorik gabeko entitate eta elkartea, helbidea udalerrian badute.

b) Pertsona fisikoak, modu partikularrean, udalerriko bizilagunak badira.

c) Adin tikikoak izanez gero, eskatzaileak nahiz hartzaileak familia buruak izanen dira.

III. KAPITULUA

Diru-laguntza jaso dezaketen jarduerak

6. artikulua. Diruz laguntzekoak dira:

a) Eskaera egiten den urte berean udalerriaren barnean egiten diren jarduera programatuak, arlo hauetakoak badira:

-Kirolak.

-Musika.

-Kultura.

-Gazteria.

-Gizarte zerbitzuak.

b) Eskatzen diren urtean edo aitzineko urtearen azken hiruhilekoan egiten diren jarduerak, udalerritik kanpokoak eta eragina dutenak eskola gastuetan, musika ikasketetan, euskaran eta gainerako jardueretan eman daitezkeenetan, Kultur Zinegotzigoa eta Gizarte Zerbitzu Oinarrizkoa ados badaude, bakoitzaren atalean zehazten den gisan.

7. artikulua. Ordenantza honen babespean ez dira diruz laguntzekoak:

a) Udalerritik kanpo egiten diren jarduerak, aitzineko artikuluan zehaztu direnak izan ezik.

b) Lokalak egokitzea edo eraikinetan egiten den bertze edozein obra.

c) Funtzionamendutik heldu diren gastuak (alokairua, telefonoa, argia, langileen nominak, etab.).

d) Ondasun higiezinak erostea.

e) Musika edo euskara ikasketak, kurtsoa errepikatzearen ondorioz badira.

8. artikulua. Kirolaren arloan, diruz laguntzekoak dira kirol ekitaldi eta jarduerak antolatzeko edo kirola sustatzeko gastuak eta, batez ere, aparteko ekitaldiak edo garrantzi nahiz tradizio handikoak.

9. artikulua. Musikaren arloan, diruz laguntzekoak dira musika klasikoko kontzertuak, abeslarienak, abesbatzenak, jazz eta rock jaialdiak, folk musikakoak eta banden edo txarangen emanaldiak.

Musika ikasketak ere diruz laguntzekoak dira, baldintza hauetan badira:

a) Ikasleek 16 urte izanen dituzte gehienez ere.

b) Orobat, diruz laguntzekoak dira Noaingo "Julián Gayarre" eta Zizurko musika eskoletan egiten diren musika ikasketak, eta bertze eskoletan egiten direnak, betiere ikasketa horiek Noaingo eskolan ematen ez badira eta Gizarte Zerbitzuen adostasun txostena badute.

c) Solfeo ikasketak eta eskatzaile bakoitzeko musika tresna bakarrekoak baizik ez dira diruz laguntzekoak.

d) Noain Elortzibarko Udalaren "Julián Gayarre" musika eskolan eta Zizur Nagusiko Udalaren musika eskolan direnean, diru-laguntzen zenbatekoa izanen da onuradunek beren ikasketak bi udalerri horietan erroldaturik daudenen pareko baldintzetan egiteko bezainbat, betiere betetzen badute ordenantza honetan ezartzen diren gainerako baldintzak.

10. artikulua. Kulturaren arloan, diruz laguntzekoak dira kultur jarduera guztiak, arteekin, zientziekin eta letrekin ikusteko dutenak, bereziki herriko artisten sormena eta herritarren partaidetza bultzatzeko egiten diren sustapen soziokultural arlokoak.

11. artikulua. Gazteriaren arloan, diruz laguntzekoak dira ondokoak:

a) Gizarte eta kultur jardueren sustapena:

-Gazteendako asteak.

-Jardueren sustapena ikastetxeetan.

-Gazteriaren etxeetarako programak.

-Lehiaketak, erakusketak eta sustapeneko bertze jarduerak.

b) Informazio eta aholku programak, gazteak gizarteratu eta berreskuratzen laguntzen dutenak esparru hauetan:

-Delinkuentzia.

-Droga mendekotasuna.

-Sexualitatea, etab.

c) Haur eta gazteendako udako jarduerak.

d) Begiraleak eta sustatzaileak prestatzeko ikastaroak.

e) Gazte munduarekin ikusteko duten azterlanak egitea eta/edo argitaratzea.

f) Gazte aldizkariak.

g) Gazteen inguruko informazio eta dokumentazio zentroak.

12. artikulua. Gizarte zerbitzuen arloan, diruz laguntzekoak dira familiari, haur eta nerabeei, zaharrei eta gorputzez, adimenez edo zentzumenez urritasun fisikoak dituztenei laguntza emateko eta haien ongizatea bultzatzeko jarduerak, aurreneurriak izan, errehabilitaziokoak izan edo laguntzakoak izan. Orobat, diruz laguntzekoak dira droga mendekotasunaren inguruko aurreneurriak eta ukitutakoen bergizarteratzea, eta larrialdi sozialeko egoeratan egiteko ekintzak, etab.

13. artikulua. Eskola alorrean, jantokiko gastuak diruz laguntzekoak dira, betiere irakaskuntza publikoko ikastetxeak badira eta ikasleek gehienez ere 16 urte badituzte.

14. artikulua. Euskara arloan diruz laguntzekoak dira udalerrian ematen diren euskara ikasketak, baita udalerritik kanpora ematen diren ikasketak ere bertan ematen ez direlako, betiere ikasleek gehienez ere 16 urte badituzte.

IV. KAPITULUA

Prozedura

15. artikulua. 1. Udalak zenbateko bat finkatuko du urtero aurrekontuan, diru-laguntzekoak diren jardueretarako. Gastu arrunten %4 izanen da.

2. Diru kopurua kirolaren, musikaren, kulturaren, gazteriaren, gizarte zerbitzuen, eskolaren eta euskararen arloen artean banatuko da, urte horretarako finkatutako plangintzaren eta helburuen arabera. Halarik ere, behar diren aldaketak eginen dira, arlo batzuetako eskaera kopurua oso tikia bada.

16. artikulua. Udalaren Osoko Bilkura da ordenantza honetan aipatzen den deialdiko oinarriak onetsi, argitaratu, zuzendu, luzatu edo deuseztatzeko organoa, baita diru-laguntzak ematekoa ere.

17. artikulua. 5. artikuluan aipatzen diren eskatzaileek, deialdia Udalaren eta Kontzejuen iragarki oholetan hogei egunean paratu eta gero, ondoko agiriak beharko dituzte aurkeztu:

Kirolaren, kulturaren, gazteriaren eta gizarte zerbitzuen alorretan egiten diren eskakizunak:

a) Jarduera bakoitzeko eskabide bana, entitateko buruak edo behar bezala egiaztatutako eskuordetza duenak sinatua, horren NANa eta guzti. Diru-laguntza zein programa edo jardueratarako eskatzen den adieraziko da.

b) Entitatearen idazkariak luzaturiko ziurtagiria, eskabidea aurkeztera deliberatzen den gobernu organoaren erabakia frogatzen duena.

c) Programa zehatza eta haren aurrekontu osoa atalez atal, hau da, diru-sarrerak eta gastuak zehazturik.

d) Estatutuen ale bat, elkartea edo patronatua berriki sortua bada.

e) Eskaria banako batek egiten badu: eskabidea, NANa eta guzti, eta programa zehatza, bere aurrekontuarekin batean. Eskatzailea adingabea bada, familiburuaren, ezkontidearen eta adingabearen N.A.N.aren eta I.F.Z.ren fotokopiak.

Banantze, dibortzio edo alarguntzarik izanez gero tarteko, familia liburuaren, ebazpen judizialaren edo heriotza agiriaren fotokopia, familia egoera edo eritasuna, minusbalioa eta gisako egoera bereziak baloratzeko bidea emanen dutenak.

Familia unitateko kide guztien errenta aitorpenaren fotokopia osoa, alegia, eskabidea egin aitzineko urtekoarena. P.F.E.Z.en aitorpena egin beharra dago.

Musika eta euskara ikasketetako eskatzaileek:

a) Eskabidea, eta harekin batera, ikaslearen NANaren fotokopia eta familia buruaren IFZrena, ezkontidearena edo adin tikikoarena.

b) Matrikularen eta urteko aurrekontuaren gordekina.

c) Banantze, dibortzio edo alarguntzarik izanez gero tarteko, familia liburuaren, ebazpen judizialaren edo heriotza agiriaren fotokopia, familia egoera edo eritasuna, minusbalioa eta gisako egoera bereziak baloratzeko bidea emanen dutenak.

Eskolarako laguntzen eskatzaileek:

a) Eskabidea, eta harekin batera, NANa, eta familia buruaren, ezkontidearen edo adin tikikoaren NANaren eta IFZaren fotokopia.

b) Eskola matrikularen gordekina.

c) Jantokiko gastuen faktura.

d) Banantze, dibortzio edo alarguntzarik izanez gero tarteko, familia liburuaren, ebazpen judizialaren edo heriotza agiriaren fotokopia, familia egoera edo eritasuna, minusbalioa eta gisako egoera bereziak baloratzeko bidea emanen dutenak.

e) Familia unitateko kide guztien errenta aitorpenaren fotokopia osoa, alegia, eskabidea egin aitzineko urtekoarena. P.F.E.Z.en aitorpena egin beharra dago.

Eskolako gastuetarako diru-laguntza eskatzeko, beharrezkoa izanen da frogatzea beka eskatu zaiola Nafarroako Gobernuari, Hezkuntza Ministerioari edo bertzelako entitate edo elkarteari, baita hark onartu duela ere.

18. artikulua. Aitzineko artikuluak aipatu agiriak Herriko Etxean aurkeztuko dira eta handik halako lekuetara bidaliko dira:

a) Gizarte Zerbitzu Oinarrizkora, Noainen baita, gizarte zerbitzuen, gazteriaren, musikaren, euskararen eta eskolaren alorretakoak, eta

b) Kultur eta Kirol Zinegotzigora, alor hauetakoak.

V. KAPITULUA

Diru-laguntzak esleitzeko irizpideak

19. artikulua. Udalbatzak osoko bilkuran deialdiaren oinarriak zehaztean arlo bakoitzerako finkatzen dituen irizpide berariazkoez gain, oinarrizkotzat jotzen dira honako hauek diru-laguntzak emateko tenorean:

a) Jardueraren interes orokorra.

b) Gisako jardueren urria.

c) Diru-laguntzarik gabe nekez gauzatuko liratekeen jarduerei laguntza ematea.

d) Hartzen diren kuoten zenbatekoa.

e) Kultur partaidetza eraginkor handiagoa.

20. artikulua. 1. Gizarte Zerbitzu Oinarrizkoak eta Kultur Zinegotzigoak eskabideak aztertuko dituzte eta haien arteko konparaketa eginen dute, eta datuak zehaztu, jakin eta egiaztatzeko beharrezkotzat jotzen dituzten ekintza guztiak egin ditzakete ofizioz, horietan oinarriturik idatzi beharko baitute ebazpen proposamena.

2. Egin zaizkion proposamenak osoki bere egiten baditu eta aurrekontuan horretarako kontsignaziorik baldin bada, alkateak emanen du ebazpena, eta bertzenaz Udalak osoko bilkuran, kasuan kasuan Kultur eta Kirol Zinegotzigoaren eta Gizarte Zerbitzu Oinarrizkoaren txostenetan oinarriturik. Ebazpenean baloraziorik handiena jaso duten eskabideak baietsiko dira, betiere deialdian zehaztutako baldintzak betetzen badituzte eta aurrekontuko kreditua xahutu arte. Kasu bakoitzean zenbatekoa zehaztuko da, baita hura emateko irizpideak zein izan diren. Ebazpena gehienez ere hiru hilabeteko epean emanen da deialdia argitaratzetik. Epe hori espresuki ebazpena eman gabe iraganez gero, diru-laguntza ezetsitzat hartuko da.

Eskabideen behin-behineko ebazpena Udalaren eta Kontzejuen iragarki oholean argitaratuko da.

Behin-behineko ebazpenekin bat heldu ez diren eskatzaileek beren espedienteak berrikusteko eskatzen ahal diete Gizarte Zerbitzu Oinarrizkoari eta Kultur eta Kirol Zinegotzigoari. Horretarako 15 egun balioduneko epea izanen dute Udalaren iragarki oholean behin-behineko ebazpena paratzen denetik. Halaber, espedienteak ofizioz berrikusten ahalko dira, akatsik edo ordenantza honetan agindutakoaren kontrakorik sumatzen bada.

Berrikusteko eskariak aurkezteko epea bukatu ondoko hilabetea baino lehen onetsiko da behin betiko laguntza edo diru-laguntzen zerrenda eta Udalaren iragarki oholean argitaratuko.

Diru-laguntza emateko behin betiko ebazpenen kontra berraztertzeko errekurtsoa para daiteke, Udalaren Osoko Bilkurari zuzendua, hilabetez zerrenda argitaratu eta biharamunetik hasita, edo gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabetez, edo administrazioarekiko auzi errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari zuzendua bi hilabeteko epean.

Prozeduraren laburpena

HURRENKERA

JARDUKETA

NON

NOIZ

1

Diru-laguntzen deialdiaren argitalpena

-Udalaren eta iragarki oholean

-Kontzejuen iragarki oholean

Urtarrilean

2

eskabideak eta 17. artikuluko agiriak hartzea

Herriko Etxean

20 egunean

3

Ebazpen proposamena

-Gizarte Zerbitzu Oinarrizkoa

-Kultur Zinegotzigoa

Ahalik lasterren

4

Alkatearen edo osoko bilkuraren behin-behineko ebazpena

-Udalaren iragarki oholean

-Kontzejuen iragarki oholean

3 hilabete gehienez deialdia argitaratzetik

5

Erreklamazioak

Herriko Etxean

15 egun behin-behineko

ebazpena argitaratzetik

6

Alkatearen edo osoko bilkuraren behin betiko ebazpenak

-Udalaren iragarki oholean

-Kontzejuen iragarki oholean

hilabete baino lehen, erreklamatzeko epea bukatzetik

7

Berraztertzeko errekurtsoa, alkateari edo Osoko bilkurari zuzendua

Gora jotzeko errekurtsoa

Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa

Udalean

Nafarroako Gobernuan

Administrazioarekiko Auzien Epaitegian

Hilabetean

Hilabetean

2 hilabetean

8

Diru-laguntza ematea, aurretik aurkeztuta

27. artikuluko dokumentazioa

Herriko Etxean

Egiaztatzen denean

dokumentazioa

21. artikulua. 1. Udalaren eta interesatuaren itunaren bitartez ematen ahal zaio bukaera prozedurari, diru-laguntzaren zer nolakoak eta deialdiak horrela aurreikusten badute.

2. Nolanahi den ere, itun bidez bukatuta ere, diru-laguntzaren xedea, baldintza eta helburua errespetatu beharko dira, baita ezarritako balorazio irizpideak ere eskabide edo eskariei dagokienez.

VI. KAPITULUA

Onuradunen betebeharrak

22. artikulua. Diruz lagundutako jarduerak, zer urtetan ematen diren, aurrekoaren urriaren 1etik eta urte bereko irailaren 30a bitarte egin beharko dira.

23. artikulua. Emandako diru-laguntza guztiek baldintza bat dute: jardueraren gaineko agirietan eta inprimatutako propagandan esapide hau agertzea: "Udalaren laguntzarekin". Orobat, Udalaren aurrekontuaren kontura diru-laguntzak jasotzeko baldintza izanen da onuradunek beren zerga betebeharrak eta, horrelakoak baditu, Gizarte Segurantzari dagozkionak beterik izatea.

24. artikulua. Diru-laguntza emanda dagoenean, ez da onartuko bertze deusetarako erabiltzea.

25. artikulua. Jarduera baterako diru-laguntza eskabidea aurkezteak berarekin dakar ordenantza hau eta diru-laguntza emateko oinarriak jakin eta onartzen direla.

26. artikulua. Ordenantza honetako betebehar eta zehaztapenak ez betetzeak diru-laguntza galtzea ekar dezake.

VII. KAPITULUA

Justifikazioa eta kobrantza

27. artikulua. Ordenantza honetako oinarrien arabera emandako diru-laguntza biltzeko, beharrezkoa da:

-Onuradunen zerrendan behin behinekoz egotea.

-22. artikuluan errandako epean egin izana diruz lagundutako jarduera.

-Zer urtetan ematen den, harexen urriaren 15ean baino lehenago agiri hauek aurkeztea Herriko Etxean:

a) Egindako jardueraren memoria zehatza.

b) Kasuan kasuan, entitateko buruak, partikularrak edo familia buruak sinatutako eskabidea, alkateari idatzia, diru-laguntza ordaintzeko eskatu beharrez. Bertan, kontu korrontearen zenbakia adierazi behar da hartara transferentzia egiteko.

c) Entitatearen idazkariak luzatutako frogagiria, gordekin gisa aurkezten diren fakturak organo eskudunak onetsi dituela ziurtatzen duena.

d) Zinpeko aitorpena, arrazoi beragatik bertze laguntza edo diru-laguntzarik jaso ez ezta jaso zain ez dagoelakoa.

e) Fakturak. Fakturek ez baldin badute hasieran aurreikusi bezainbat diru egiten, horren heinean murriztuko da diru-laguntza.

f) Jarduerak sorrarazitako agiri inprimatu guztien ale bana.

28. artikulua. Aitzineko artikuluan aipatu fakturak baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Jatorrizkoak izatea, edo idazkariak konpultsatutako fotokopiak.

b) Diru-laguntza eman den urteko data edukitzea, edo aitzineko urteko 4. hiruhilekokoa.

c) Jasotzailearen NANa edo lizentzia fiskalaren zenbakia edukitzea.

d) Etxe hornitzailearen zigilua eta izenpea edukitzea.

29. artikulua. Jarduera egin eta ondoko hogeita hamar egunetan aurkeztuko dira 27. artikuluan aipatutako frogagiriak, eta betiere ematen den urteko urriaren 15a baino lehenago.

30. artikulua. Alor guztietan, kirolak, musika, kultura, gazteria, gizarte zerbitzuak, eskola eta euskara dela, banakoendako laguntza edo diru-laguntza eskatu ahal izateko, familiaren errentak, eskabidearen aitzineko urtekoak, ez du egin behar Nafarroako Gobernuak irakaskuntzarako beketarako urte bakoitzean onesten duen deialdian ezartzen diren gehieneko mugetatik goiti.

Jantokiko gastuetarako laguntzek ez dute beren kostuaren %80tik goiti eginen, Hezkuntza Ministerioak eta Nafarroako Gobernuak testu liburuetarako ematen dituzten laguntzak kenduta.

Ez da laguntzarik izanen ikastetxe itunpeko edo pribatuetarako, ikasketak ikastetxe publikoetan egiten ahal badira.

Eskolatik kanpo, euskara ikasteko diru-laguntzak kostuaren %60 izanen dira gehienez, betiere errentaz den bezainbatean arestian aipatu baldintzak betetzen badira eta kurtsorik errepikatzen ez bada.

Banakoendako laguntzak ez dira inoiz ere urtean 700,00 euro baino gehiago izanen.

31. artikulua. Ordenantza honetan jasotzen ez den orotan, Diru-laguntza publikoak emateko prozeduraren gainean abenduaren 17ko 2225/1993 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen Erregelamendua aplikatuko da.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza honek indarra hartuko du Udalak behin betikoz onetsi eta haren testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denean, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/90 Foru Legeraen 326. artikuluan agindutakoari jarraikiz, salbu eta irakaskuntzako jardueretarako diru-laguntzei buruzkoak (eskolakoak, euskara eta musika), horiek 2009-2010 ikasturtean hartuko baitute indarra.

Iragarkiaren kodea: L0910498