43. ALDIZKARIA - 2009ko apirilaren 10a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

128/2009 FORU AGINDUA, martxoaren 20koa, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Kontseilariarena. Honen bidez, nekazaritzako nitratoez kutsa daitezkeen eremuak berrikusi dira.

Ura nekazaritzan erabiltzen diren nitratoen kutsaduratik babesteko, Kontseiluaren 1991ko abenduaren 12ko 91/676/EEE Zuzentaraua onetsi zen.

Zuzentarau hori gure legedian sartu zen Ura nekazaritzako nitratoek sortutako kutsaduratik babesteko otsailaren 16ko 261/1996 Errege Dekretuaren bidez.

Errege Dekretuak bere 4. artikuluan ezartzen duenez, autonomia erkidegoetako organo eskudunek neurrizko aldizkakotasun batekin aztertu eta, kasua bada, aldatu edo handitu egin behar dituzte kutsagarri deklaratzen diren eremuak, gutxienez lau urtean behin, izendatu ziren unean aurreikusi ez ziren aldaketa edo faktoreak kontuan hartzeko.

Beste alde batetik, Errege Dekretuaren 3. artikuluak ezartzen du Landa Ingurunearen eta Itsas Ingurunearen Ministerioak eskumena duela kutsaduraren eraginpean dauden edo hala egoteko arriskua duten ur masak definitzeko, eta 4. artikuluak ezartzen du autonomia erkidegoek lurzoruak eremu kutsagarri izendatuko dituztela baldin eta isurketa edo iragazketengatik kutsaduraren eraginpean dauden edo hala egoteko arriskua duten uren nitrato kutsaduran eragina izan badezakete.

Landa Ingurunearen eta Itsas Ingurunearen Ministerioak 2008an nekazaritzako nitratoen eraginpean dauden edo hala egoteko arriskua duten eremuak sorrarazten dituzten lurpeko ur masak zehaztu ditu, eta zehaztapen horren berri Europako Batzordeari eman dio. Zehaztapen horretan, Nafarroari dagokionez, hau agertzen da.

ERAGINPEAN DAUDEN EDO HALA EGOTEKO ARRISKUA DUTEN EREMUAK

LURPEKO UR MASAK

Ebroko alubiala Mendabian

Errioxa-Mendabiako alubiala (090.048)

Cidacoseko alubiala Tafalla eta Murillo el Cuende artean

Cidacoseko alubiala (090.051)

Ebroko alubiala Tutera eta Alagon artean

Ebroko alubiala, Tutera-Alagon (090.052)

Zehaztapena oinarri hartuta eta Ebroko Ur Konfederazioak bidalitako dokumentazio kartografikoa kontuan hartuta bidezkoa da eremu kutsagarriak izendatzea 2008-2011 lau urteko eperako.

Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariaren ekainaren 26ko 240/2006 Foru Aginduaren bidez nekazaritzako jardueren ondoriozko nitratoez kutsa daitezkeen eremuetarako jardueren programa onetsi zen. Lurzoruaren kontroletarako plan bat duen programa hori urtero burutzen da, eta egokitzat jotzen da Foru Agindu honen bidez izendatu diren eremu kutsagarri berriei aplikatzeko.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Ura nekazaritzako nitratoek eragin kutsaduratik babesteko otsailaren 16ko 261/1996 Errege Dekretuaren arabera, Ebroko akuifero alubialeko eta bere adarretako hiru eremu izendatuko dira Nafarroan kutsa daitezkeen eremu gisa:

a) 1. eremua: Ekonomia eta Ogasun Departamentuko Lurralde Aberastasunaren Zerbitzuko katastroaren arabera I. motakoak (ureztalurrak) diren Mendabiako udal mugarteko katastro-lurzatien multzoa, eta udalerri horretako ureztalurrean lekunetzat jotzen diren lurzatiak, beren katastroko kalifikazioa edozein dela ere.

b) 2. eremua: Cabanillas, Buñuel, Fustiñana, Ribaforada eta Cortesko udal mugarteetako katastro-lurzatien multzoa, baita Ekonomia eta Ogasun Departamentuko Lurralde Aberastasunaren Zerbitzuko katastroaren arabera I. motakoak (ureztalurrak) diren Fontellasko udal mugarteko 3. eta 6. poligonoetako katastro-lurzatien multzoa ere, eta udalerri horretako ureztalurrean lekunetzat jotzen diren lurzatiak, beren katastroko kalifikazioa edozein dela ere.

c) 3. eremua: Tafallako udal mugarteko 5. poligonoko katastro-lurzatien multzoa, Erriberriko udal mugarteko 15. eta 26. poligonoetako katastro-lurzatien multzoa, Pitillasko udal mugarteko 1. eta 2. poligonoetako katastro-lurzatien multzoa, Beireko udal mugarteko 2. eta 3. poligonoetako katastro-lurzatien multzoa eta Murillo el Cuendeko udal mugarteko 2. poligonoko katastro-lurzatien multzoa, baldin eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuko Lurralde Aberastasunaren Zerbitzuko katastroaren arabera I. motakoak (ureztalurrak) badira, eta udalerri horretako ureztalurrean lekunetzat jotzen diren lurzatiak ere bai, beren katastroko kalifikazioa edozein dela ere.

2. 1. puntuan izendatutako eremuetarako jardueren programa Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariaren ekainaren 26ko 240/2006 Foru Aginduaren bidez onetsitakoa izanen da.

3. Foru Agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila aginduko da.

4. Foru agindu honen berri emanen zaio Landa Ingurunearen eta Itsas Ingurunearen Ministerioko Uraren Zuzendaritza Nagusiari, otsailaren 16ko 261/1996 Errege Dekretuaren 4. artikuluko 3. idatz-zatian aurreikusita dagoena betetzeko; baita Ingurumenaren eta Uraren Zuzendaritza Nagusiari eta Ur Zerbitzuari ere, behar diren ondorioak izan ditzan.

5. Foru agindu honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

Foru agindu honen kontra administrazio publikoek zilegi izanen dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, jakinarazi eta bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2009ko martxoaren 20an.-Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria, Begoña Sanzberro Iturriria.

Eranskinaren kodea: -. Izena: Nekazaritzako nitratoez kutsa daitezkeen eremuen berrikuspena.

Proposamen hori aurkeztu zaizu iritzia eman dezazun.

Espedienteari buruzko ohar osagarriak, kontzeptu honengatik: Nekazaritzako nitratoez kutsa daitezkeen eremuen berrikuspena.

Teknikaria: Ez da bidezkoa. Data: -.

Oniritzia. Ataleko burua: Javier Castiella Muruzabal. Data: 2009ko martxoaren 17a.

Oniritzia. Zerbitzuko zuzendaria: Juan José Grau Las Heras. Data: 2009ko martxoaren 17a

Oniritzia. Juridikoa: Joseba Asiain Albisu. Data: -.

Oniritzia. Zuzendari Nagusia: Andrés Eciolaza Carballo. Data: -.

Oniritzia. Kontu-hartzailetza: Ez da bidezkoa.

Iragarkiaren kodea: F0912740