I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.3. BESTELAKO XEDAPENAK
1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak
83/2009 FORU AGINDUA, martxoaren 3koa, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariak emana, unibertsitate tituludunentzako bi prestakuntza beka emateko deialdia egiten duena, Nafarroako Gazteriaren Institutuan aritzeko.
Nafarroako Gazteriaren Institutuak proposatu du Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuko Nafarroako Gazteriaren Institutuan unibertsitate tituludunentzako bi prestakuntza beka sortzea eta haiek banatzeko deialdia egitea, tituludun gazteen prestakuntza modu eragingarrian sustatzeko lagungarria izan daitekeelakoan. Zehazki:
a) Beka bat Soziologiako lizentziadunentzat.
b) Beka bat Zuzenbideko edo Politika Zientzietako lizentziadunentzat.
Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen eta Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 3ko 125/2007 Foru Dekretuaren bidez eskuratu ditudan eskudantzien arabera,
AGINDU DUT:
Lehena. Nafarroako Gazteriaren Institutuan aritzeko bi prestakuntza beka emateko deialdiaren oinarriak onestea. Oinarriok foru agindu honen eranskinean ageri dira.
Bigarrena. Deialdiari aurre egiteko 18.900 euroko gastua baimentzea, 2009ko gastuen aurrekontuko "Prestakuntza bekak" izeneko 960002-96100-4809-232100 kontu-sailaren kargura.
Hirugarrena. Foru agindu hau Nafarroako Gazteriaren Institutuko Idazkaritza Nagusiaren Atalari igortzea.
Laugarrena. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2009ko martxoaren 3an.-Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilaria, María Isabel García Malo.
ERANSKINA
Nafarroako Gazteriaren Institutuan aritzeko bi prestakuntza
bekaren deialdiaren oinarriak
1.-Xedea.
Deialdi honen xedea da unibertsitate-tituludunei bi prestakuntza beka ematea, norgehiagoka bidez, Nafarroako Gazteriaren Institutuan aritzeko. Zehazki:
a) Beka bat Soziologiako lizentziadunentzat.
b) Beka bat Zuzenbideko edo Politka Zientzietako lizentziadunentzat.
Deialdiaren xedea unibertsitate tituludunen prestakuntza bultzatzea da, institutuan gazteriaren arloan gauzatzen diren jarduerak zuzenean ezagut ditzaten.
2.-Aurrekontuko dirua.
Deialdi honetara 18.900 euro bideratu dira, 2009ko gastuen aurrekontuko "Prestakuntza bekak" izeneko 960002-96100-4809-232100 kontu-sailaren kargura ordainduko direnak.
3.-Iraupena.
Beken iraupena hiru urtekoa izanen da, litezkeen luzapenak barne. Bekaldia bekak emateko ebazpenean adierazten den egunean hasiko da, eta 2009ko abenduaren 31n bukatuko. Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak nahi izanez gero, bekak luzatzen ahalko dira. Luzapena urtebetekoa izanen da eta aurrekontuan dagoen diruaren arabera erabakiko da.
4.-Zenbatekoa eta bekaren ordainketa.
Beka bakoitza 9.450 eurokoa izanen da, 2009. urterako. Diru hori hilabetero ordainduko da, 1.050 euro aldi bakoitzean, edo dagokion zati proportzionala, hala behar bada.
5.-Bateraezintasunak.
Prestakuntza beka bateraezina izanen da administrazio beraren edo beste administrazio publiko batzuen bekekin.
6.-Eskatzaileek bete beharreko baldintzak.
Jarraian azaltzen diren baldintza guztiak betetzen dituzten pertsona fisikoek baizik ez dituzte hartuko bekak:
a) Adinez nagusia eta 30 urtez beherakoa izatea.
b) Espainiako herritarra izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko itunen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen duen estaturen batekoa. Dena den, Espainiako nazionalitatea ez dutenek gaztelaniaz behar adina badakitela frogatu beharko dute.
c) Jarduteko gaitasun osoa izatea eta Nafarroako Foru Komunitatearen eta haren erakunde autonomoen laguntza eta diru-laguntza publikoak jasotzeko desgaitua ez egotea, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Aginduaren 13.2 artikuluarekin bat.
d) Bizitokia Nafarroan izatea, deialdiaren eguna baino urte bat lehenagotik gutxienez.
e) Lehenengo oinarrian azaldu den unibertsitateko titulu ofiziala izatea, Espainiako agintariek emana edo homologatua eta deialdia argitaratu baino lehenagoko hiru urteetan lortua.
f) Bekaren prestakuntza jardueran aritzea galaraz dezakeen ezgaitasun fisikorik edo bestelako gaixotasunik ez izatea.
7.-Balorazio baremoa.
Eskaerekin batera aurkeztutako merezimenduak honako baremo honen arabera kalifikatuko dira:
a) Ikasketa espedientea. Espedienteko batez besteko nota gehienez ere 4 puntuz baloratuko da, honela: gai/nahikoa: 1 puntu; oso ongi: 2 puntu; bikain: 3 puntu; eta ohorezko matrikula: 4 puntu.
b) Informatika. Egindako ikastaroengatik, 0,25 puntu emanen dira 20 ikastorduko, gehienez ere 1,5 puntu egin arte.
c) Hizkuntzak jakitea: ingelesa, frantsesa, alemana, italiera eta euskara. Hizkuntza eskola ofizial batek luzatutako gaitasun agiria edo ofizialki baliokidea den titulua edukiz gero, 0,75 puntu hizkuntza bakoitzarengatik. Tarteko tituluengatik 0,375 puntu emanen dira. Atal honetako gehieneko puntuazioa 1,5 puntukoa izanen da.
d) Prestakuntza ikastaroak, gazteen inguruko lanekin zerikusia badute, esate baterako: aisialdiko zuzendaria eta/edo begiralea, gazteen informatzailea, "Gazteria eta Gizartea" arloan aditua edo arlo horretako masterra izatea, eta antzeko beste batzuk. 20 ordutik beherako ikastaroak ez dira kontuan hartuko. Atal honetako gehieneko puntuazioa puntu batekoa izanen da.
e) Beste ikasketa titulu eta prestakuntza ikastaro batzuk: 0'5 puntu bitarte. 20 ordutik beherako ikastaroak ez dira kontuan hartuko.
f) Gazteriarekin zerikusia duten gaietan langile edo boluntario gisa izandako esperientzia: 1,5 puntu bitarte. Hiru hilabetetik gorako aldiak baloratuko dira bakarrik.
g) Buruz buruko elkarrizketa. 2 puntu arteko balorazioa emanen zaio, hauek aintzat hartuz: gazteriarekin zerikusia duten lanei buruzko ezagutza, motibazioa, erantzunen argitasuna eta ordena, gaiak beren artean lotzeko gaitasuna, lantalderako gaitasuna eta bestelako trebetasun sozialak. Eskatzaileei telefonoz eta posta elektronikoz deituko zaie, elkarrizketa egin baino 72 ordu lehenago gutxienez. Elkarrizketara joatea nahitaezkoa da. Hortaz, elkarrizketara agertzen ez diren izangaien eskaerak artxibatuko dira.
Lor daitekeen gehieneko puntuazioa 12 puntukoa izanik, baremoan 4 puntu, hots, gehienekoaren %33, lortzen ez duten eskatzaileak beka deialditik baztertuta geldituko dira zuzenean.
8.-Eskaerak.
8.1. Prestakuntza beka bat jasotzeko interesa dutenek eskaera aurkeztu beharko dute Nafarroako Gazteriaren Institutuko Erregistroan, Iruñeko Arrieta kaleko 25ean, edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4. artikuluan aipatzen diren tokietako edozeinetan, 30 egun naturaleko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
8.2. Eskabidearekin batera ondoko agiriak aurkeztuko dira:
a) Prestakuntza bekaren eskaera eskabide normalizatua erabiliz eginen da. Eredu hori eranskin honen azkeneko orrialdean ageri da eta Nafarroako Gazteriaren Institutuan bertan ere jaso daiteke (Arrieta kalea, 25, Iruña).
b) Eskatzailearen curriculum vitae-a, non jasoko baitira, zehatz-mehatz, aipatutako merezimendu guztiak, eta dagozkien frogagiriak.
c) Ikasketa espedientearen ziurtagiria, maila bakoitzeko irakasgai guztien kalifikazioekin, batez besteko nota barne, zein deialditan gainditu zituen espresuki aipatzen duena.
d) Dauzkan titulu eta diplomen fotokopia konpultsatua.
e) Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia konpultsatua.
f) Nafarroako erroldatze ziurtagiria, antzinatasuna zehazten duena.
g) Alegatutako gainerako merezimenduak (jatorrizko ziurtagiriak edo fotokopia konpultsatuak aurkeztu beharko dira).
h) Eskatzailearen erantzukizuneko aitorpena, azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluari jarraikiz, onuradun izatea galarazten dioten egoeretako bakar batean ere ez dagoela adierazten duena.
Konpultsak Nafarroako Gazteriaren Institutuan bertan egin daitezke.
8.3. Organo eskudunak epearen barrenean aurkezten diren eskaerak berrikusiko ditu. Epearen barrenean aurkeztutako eskaeraren batek aurreko zenbakietan finkatutako baldintzak betetzen ez baditu, organo eskudunak interesdunari eskatuko dio hamar egun balioduneko epean zuzen dezala, eta adieraziko dio ezen, zuzendu ezean, eskaerari uko egiten diola ondorioztatuko dela eta espedientea artxibatuko dela, eta azken gorabehera horren berri emanen zaio.
Deialdian ezarritako merezimenduei buruzko agiriak aurkezten ez badira, ezin izanen da hori zuzendu.
8.4. Bekak jasotzeko eskaera aurkezteak berarekin dakar eskatzaileak deialdiaren oinarriak onartzea.
9.-Ebaluazio batzordearen osaera eta bekak emateko prozedura.
9.1. Ebaluazio Batzordea arduratuko da betebeharrak egiaztatzeaz, bekak eskatzen dituztenek alegatutako merezimenduak ebaluatzeaz eta ebazpen proposamena prestatzeaz, non izangai onartu bakoitzari guztira emandako puntuak adieraziko baitira.
Ebaluazio Batzordea kide hauek osatuko dute:
Batzordeburua: María Teresa Iriso Velasco andrea, Gazteriako zuzendariordea.
Ordezkoa: Basilio Ramírez de Arellano jauna, Entitateekiko Harremanen Ataleko burua.
Idazkaria: María José Caminos Rebolé andrea, Nafarroako Gazteriaren Institutuko APTa (arlo juridikoa), edo haren tokia hartzeko izendatzen den pertsona.
Mahaikidea: Alejandro Palacios Elizalde jauna, Idazkaritza Nagusiaren Ataleko burua.
Ordezkoa: Alfonso Estévez Jiménez jauna, Gazteriaren Etxeen Bulegoko burua.
9.2. Prozedura ofizioz hasiko da interesdunaren eskaera jasotakoan.
9.3. Ebaluazio Batzordea instrukzio organoa da eta ofizioz ebaluatuko ditu eskaerak, deialdi honetan ezarritako irizpideen arabera.
Hori baino lehen, eskatzaileek laguntzak jasotzeko baldintza guztiak betetzen dituzten ala ez adieraziko duen txosten bat prestatuko du. 6. oinarrian ezarritako baldintzak betetzen ez dituzten eskaerak ez dira baloratuko.
9.4. Ebaluazio Batzordeak aurkezten diren eskaerak aztertu eta baloratuko ditu; eta gero, lortutako puntuazioaren arabera dagokien izangaiei beka emateko proposamena eginen du, lehenespen ordenaren arabera.
9.5. Beken banaketa Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen ebazpenaren bidez eginen da, instrukzio organoaren aurreko proposamena ikusita. Ebazpen hori eta eskatzaileen lehenespen ordena, merezimenduen balorazioaren ondoriozko puntuazioaren araberakoa, Nafarroako Gazteriaren Institutuko iragarki-oholean jarriko dira jendaurrean (Arrieta kalea, 25, Iruña).
Ebazpenean, gutxienez, beka jaso duten eskatzaileen zerrenda jaso beharko da, eta espresuki adieraziko da zein eskaerari esan zaion ezetz, halakorik baldin bada.
Ebazpena puntuaziorik altuena lortzeagatik beka jasotzen duten interesdunei jakinaraziko zaie eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 22. artikuluan ezarritakoarekin bat.
Eskaerak aurkezteko epea amaitu eta hiru hilabeteko epean horretarako ebazpenik jakinarazten ez bada, ukatu direla ulertuko da.
10.-Tutoretzak.
10.1. Kasuan kasuko administrazio unitateak tutore bat, eskatutako titulazioa edo goragokoa duena, izendatuko du, bekadunen jarduerak zuzendu eta gainbegiratzeko.
10.2. Tutoreak egin beharreko lanak agindu eta ordutegiak finkatuko ditu, eta bekadunek beren eginbehar orokor eta berariazkoak betetzen dituzten begiratuko du.
11.-Justifikatzeko prozedura eta modua.
Beka amaitu eta hurrengo hilabetean, onuradunek egindako prestakuntza jardueraren azken memoria aurkeztu beharko dute.
Tutoreak adostasuna eman beharko dio memoriari, eta beka emateko baldintzak eta bertan aurreikusitako helburuak nola bete diren baloratu beharko du.
12.-Onuradunen betebeharrak.
a) Beka emateak ezartzen duen prestakuntza jarduera betetzea.
b) Organo emaileari frogatzea betekizunak eta baldintzak betetzen dituela eta, orobat, beka jasotzeko arrazoi izan diren jarduerak egin eta helburuak bete direla.
c) Eskumena duten organoek eman den bekaren inguruan egin ditzaketen egiaztapen lan guztiak onartzea.
d) Xede berarekin eskatu edo jaso dituen bestelako beka edo diru-laguntzen berri ematea beka eman duen organoari.
e) Jarduerak hasten direnean frogatzea, hala behar denean, zerga guztiak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak eguneratuak dituela.
f) Organo eskudunari jakinaraztea harturiko bekari espresuki uko egiten diola, jarduerak utzi baino hamabost egun natural lehenago gutxienez.
g) Beka dela-eta egindako jardueraren zuzeneko ondorio diren argitalpen guztietan bekadun direla adieraztea.
h) Isilpekotzat jo behar diren eta prestakuntza jardueran ezagutu diren argibide tekniko edo administratiboen gainean sekretua eta konfidentzialtasuna gordetzea.
i) Zein erakundetan jarduten duen, bertako barne edo funtzionamendu araubidea betetzea.
13.-Prestakuntza jardueraren hasiera eta uko egitea.
Onuradunek beka emateko ebazpenean adierazten den egunean hasi beharko dute lanean. Horrela egiten ez badute, bekari behin betiko uko egiten diotela ulertuko da, non eta organo eskudunak ezinbesteko arrazoiak edo behar bezala justifikatutako beste edozein gorabehera ikusten ez dituen.
Bekari uko eginez gero, Nafarroako Gazteriaren Institutuari horren berri eman beharko zaio, jarduera utzi eta gutxienez hamabost egun natural lehenago.
Emandako bekari edozein arrazoirengatik uko eginez gero, zilegi izanen da beka instrukzio organoak ezarritako zerrendan hurrengo dagoenari ematea, deusetan galarazi gabe onuradunak uko egin arte dituen betebeharrak.
14.-Prestakuntza jarduera egitea.
Bekaren xede diren jarduerak Nafarroako Gazteriaren Institutuaren instalazioetan eginen dira, astean gehienez ere 30 orduz.
Bekaldiaren hilabete bakoitzeko 2,5 egun naturaleko oporraldia emanen zaie bekadunei.
15.-Jabetza intelektuala.
Bekadunek jabetza intelektualerako dituzten eskubideak, bekaldian egindako jardueraren ondorioz eskuratzen dituztenak, eskubide horiek erregulatzen dituzten Estatuko arauetan ezarritakoari jarraikiz arautuko dira. Horri dagokionez, Administrazio Publikoak ez dio uko egiten agirien, azterlanen, ikerlanen, lanen, eskubideen, emaitza zientifikoen eta izan litezkeen asmakuntzen gainean legokiokeen jabetzari.
16.-Lan edo administrazio harremanik eza.
16.1. Beka jasotzea eta bekaduna izatea ez da zerbitzuak ematea, eta egoera horrek ez dakar berarekin lan harremanik, administratiborik edo estatutupekorik sortzea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekin edo haren erakunde autonomoekin, ez eta antzeko eskubiderik lortzea ere. Administrazioak ez du konpromisorik hartuko beka bukatutakoan bekaduna bere plantillan sartzeko.
16.2. Prestakuntzako bekadunei agintzen zaizkien lan edo jarduerak, kasuan kasuko departamentu edo erakunde autonomoko funtzionario edo kontratudunek gainbegiratuko dituzte, horiek izanen baitira lan horien erantzuleak. Bekadunek ezin izanen dituzte funtzionario publikoen eginkizunak bete edo beretzat hartu, ez eta hirugarrenen aurrean administrazio publikoaren kide, ordezkari edo agente gisa agertu ere.
17.-Kalte-ordainak jasotzeko eskubidea.
Bekadunek, prestakuntza egiten ari direneko administrazio publikoarekin duten harreman juridikoa ezertan aldatu gabe, eskubidea izanen dute zerbitzu eta bidaien arabera izaten dituzten gastuengatik funtzionarioei dagozkien ordain berberak jasotzeko.
18.-Ez-betetzeak.
Azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, zilegi izanen da jasotako dirua itzultzeko eskatzea. Zehazki, honako hauek izanen dira jasotako dirua itzultzeko arrazoiak:
a) Bekadunak bere gain hartutako betebehar eta eginkizunak ez betetzea, jarduerak egiten ardurarik ez jartzea, errendimendu eta aprobetxamendu eskasa izatea eta lanak kalitate gabekoak izatea.
b) Amaierako memoria ez aurkeztea eta/edo tutorearen adostasuna ez jasotzea.
c) Prestakuntza beka emateko kontuan hartu diren baldintzak ezertan aldatzea, aldez aurretik administrazio baimena lortu gabe, eta aldi berean jasotzea horrekin bateratu ezin den beste beka edo diru-laguntzarik.
19.-Errekurtsoak.
Deialdi honen oinarrien kontra gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, eta haiek aplikatzeko egintzen kontra, berriz, gora jotzeko errekurtsoa, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariari zuzendua.
Bi kasuetan, errekurtsoa jartzeko epea hilabetekoa izanen da, errekurritu behar den egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. eta 115. artikuluetan ezarritakoarekin bat.
NAFARROAKO GAZTERIAREN INSTITUTUAN PRESTAKUNTZA
ETA IKERKETA BEKEN 2009KO DEIALDIA
Tituludunentzako beka
Iruñean, 2009ko .......................................aren ...............(e)an.
Norberaren datuak:
Lehen deitura:
Bigarren deitura:
Izena:
NANa:
Jaioteguna:
Tokia:
Helbidea (kalea, zenbakia, solairua):
Herria: ............................................... PK:
Probintzia:
Telefonoa: ............................ Faxa:
Helbide elektronikoa:
Datu akademikoak:
Titulazioak:
Ikasketak hasi zitueneko urtea: .............. Karrera amaitu zueneko urtea:
Espedienteko batez besteko nota:
Fakultatea edo eskola:
Unibertsitatea:
Gazteriarekin lotutako prestakuntza ikastaroak, bestelako ikastaroak edo tituluak:
Izena: Ordu kopurua
Gazteriarekin zerikusia duten gaietan lan esperientzia:
Erakundea edo entitatea Lanpostua Noiz
- Informatika badakizu?
- Ingelesez badakizu?
- Frantsesez badakizu?
Eskatzailearen sinadura
Iragarkiaren kodea: F0911392