36. ALDIZKARIA - 2009ko martxoaren 25a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

GALAR

Ordenantza fiskala, Lurzoru, hegalkin eta zorupeko aprobetxamendu berezien tasak arautzen dituena.
Behin betiko onespena

Galarko Udalak, 2008ko azaroaren 27an egin osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batean onestea Lurzoru, hegalkin eta zorupeko aprobetxamendu berezien tasak arautzen dituen ordenantza fiskala. Iragarkia 2008ko 155. Nafarroako Aldizkari Ofizialean eman zen argitara, abenduaren 22an.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraituz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, ordenantza hori behin betikoz onetsi eta osorik argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Getze Galarren, 2009ko otsailaren 16an.-Alkatea, Ricardo Ariz Imízcoz.

ORDENANTZA FISKALA, HORNIDURAKO ZERBITZU PUBLIKOAK USTIATZEN DITUZTEN ENPRESENDAKO HERRIKO JABARI PUBLIKOKO ZORU, HEGALKIN ETA ZORUPEAREN APROBETXAMENDU BEREZIEN TASAK ARAUTZEN DITUENA

Oinarria

1. artikulua. Ordainarazpen hau ezarri da Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Legearen Lehenengo Tituluko IV. kapituluko 7. atalean xedatutakoaren arabera eta lege bereko 12. artikuluan jasotzen den baimenari jarraituz.

Zergapeko egintza

2. artikulua. Zergapeko egintza dira toki entitateko jabari publikoko zoru, hegalkin eta zorupearen erabilera pribatibo edo aprobetxamendu bereziak, hala nola hariak, hodiak eta galeriak, argi indarra, ura, gasa edo beste edozein fluido eramateko; lineetarako zutoinak; kableak, horma-besoak, lotura, banaketa edo erregistrorako kaxak, transformadoreak, burdin-barrak, baskulak eta gisakoak, betiere herritar guztiei edo ugariri eragiten dieten horniduren zerbitzu publikoen enpresa ustiatzaileek egiten badituzte.

Ordaindu beharra

3. artikulua. Tasa urtarrilaren 1ean sortuko da urtero, eta zergaldia urte naturala izanen da, salbu eta erabilera pribatiboa edo erabilera berezia urte hartan hasi edo bukatu egin den kasuetan, orduan zergaldia horren arabera moldatuko baita eta kuota hainbanatuko.

Ordaintzera behartuak

4. artikulua. Enpresak tasa ordaintzera beharturik daude, zergadunak diren aldetik, baldin eta, toki entitatearen jabari publikoko zoru, hegalkin eta zorupearen erabilera pribatibo edo aprobetxamendu berezia egiten badute, edo hari onura ateratzen badiote, hornidurako zerbitzu publikoak ustiatzeko.

Oinarriak, tasak eta tarifak

5. artikulua. Kuota emanen digun tasa aplikatzeko oinarria enpresek udal mugapearen barnean urtean lortutako fakturazioak emandako diru-sarrera gordinen arabera kalkulatuko da.

6. artikulua. Aplikatuko den tasa %1,5 da hornidurako zerbitzu publikoen enpresa ustiatzaileek eskuratzen dituzten diru-sarrera gordinen gainean.

Tasa hauek bateragarri izanen dira toki erakundeen eskumeneko zerbitzuak edo jarduerak egiteagatik ezar daitezkeenekin. Aipatu enpresek izan beharko dute haien subjektu pasiboak.

Kudeaketa arauak

7. artikulua. Hornidurako zerbitzu publikoen enpresa ustiatzaileek erabilera pribatibo edo aprobetxamendu bereziren bat egin behar dutenean, hori egiteko behar den lizentzia eskatu beharko dute.

8. artikulua. Erabilera edo aprobetxamendu hori egin ahal izateko obra egin behar denean, enpresek behar den obra lizentzia eskatu beharko dute.

9. artikulua. Erabilera pribatiboak edo aprobetxamendu bereziak berekin dakartenean toki erakundearen jabari publikoaren suntsiketa edo narriadura, onuraduna, behar den tasaren ordainketa ukatu gabe, aipatu horiek berreraiki edo konpontzeko gastuen kostu osoa ordaintzera beharturik dago, baita aurretik zenbateko hori gordailutako uztera ere.

Gordailu hori ukituta gerta daitezkeen ondasun eta instalazio guztien balioaren arabera finkatuko da, hura zenbakietara ekartzeko udal teknikariak txostena aldez aitzinetik eginda.

Enpresek aprobetxamenduak nola edo halako jarraikortasun eta aldiorotasun batez egiten badituzte, kudeaketa administratiboa erraztu ahal izateko, gordailu oso bat ezar dezaten itun daiteke, itunean ezarri aldietan ikuskatu eta aipatu aldietan aprobetxamendu horietan ustezko kalteen arabera haien zenbatekoa atera ahal izateko.

Indarra duen arautegia edo lizentziaren baldintzak ez betetzeagatik ezarritako zehapenekin lotu daiteke gordailua. Gordailua berreskuratu ahal izateko adostasun txostena beharko da, indarra duen arautegia eta lizentzia hartzeko baldintzak hertsiki bete eta lurzorua behar bezala konpondu dela egiaztatzen duena.

10. artikulua. Tasa ordaintzera beharturik dauden hornidurako zerbitzu publikoak ustiatzen dituzten enpresek hiruhilero aurkeztu beharko dute udalerrian erdietsi diru-sarrera gordinen aitorpena. Diru-sarrera horiek aurreko hiruhilekoari dagozkionak izanen dira.

Aipatu aitorpen horretan tasaren zenbatekoa kalkulatu beharko da, arau honetan ezarritakoaren arabera.

11. artikulua. Aitorpena aurkeztearekin batera, enpresek dagokien tasaren zenbatekoa Udalean berean edo horretarako ezarri erakundean sartu beharko dute.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza honek 2009ko urtarrilaren 1ean hartuko du indarra.

Iragarkiaren kodea: L0910494