35. ALDIZKARIA - 2009ko martxoaren 23a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

84/2009 FORU AGINDUA, otsailaren 24koa, Erakundeekiko Harremanetarako kontseilari eta Gobernuaren eledunak emana, etorkinen integrazioaren esparruan ari diren gizarte ekimeneko entitateentzako 2009ko diru-laguntzen deialdia onesten duena.

Nafarroako Gobernuak, abenduaren 18ko 91/2006 Foru Dekretuaren bidez, Immigraziorako Bulegoa sortu zuen honako helburu honekin: etorkinek gizarte babeserako eta bizikidetzarako sistema normalizatu guztietan sartzeko bidea errazteko politika publikoak sustatu eta koordinatzea, horrela gizatalde horren beharrei erantzuteko, hobeki integra daitezen gizartean, lanean, arlo juridikoan, hezkuntzan, osasun sisteman, kulturan, lurraldeko bizikidetzan eta herritarrek parte hartzeko eremuetan.

Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak ezartzen du Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura onura publikoko edo gizarte intereseko jarduerak sustatzeko ematen diren diru-laguntzei aplikatu beharreko araubide juridiko orokorra. Diru-laguntzak eman baino lehen, organo eskudunak haien oinarri arautzaileak ezarri eta argitaratu beharko ditu, halako jarduerak egiten dituztenek eta deialdiaren xede den egoeran daudenek diru-laguntza eskuratzeko aukera izan dezaten.

Deialdiaren xedea da etorkinen gizarte integrazioaren esparruan jarduketak egiten dituzten gizarte ekimeneko entitateentzako diru-laguntzen oinarri arautzaileak ezartzea.

Deialdiak bide ematen die entitate interesdun guztiei berdintasunez parte har dezaten eta era berean bermatzen du diru-laguntza irizpide objektiboei jarraikiz emanen dela. Irizpide horiek Espainiako eta Nafarroako Foru Komunitateko Gobernuek arlo horretan sinatutako lankidetza hitzarmenean ezarritako jarraibideen arabera lehenetsiko dira.

Espedienteko txosten teknikoek eta juridikoek adierazten dute, hurrenez hurren, diru-laguntza horiek egokiak eta interes publikokoak direla eta deialdia eta oinarri arautzaileak legezkoak direla.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen bidez eta Erakundeekiko Harremanetarako eta Gobernuaren Eledunaren Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 3ko 120/2007 Foru Dekretuaren bidez esleitu dizkidaten eskudantziak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. 2009ko diru-laguntzen deialdia onestea, gizarte ekimeneko entitateek etorkinen gizataldeak gizarteratzeko proiektuak egin ditzaten, foru agindu honen I. eranskineko oinarri arautzaileekin bat.

2. 312.000 euroko gastua baimentzea, 2009ko indarreko aurrekontuko "Lanaren eta Immigrazioaren Ministerioarekin sinatutako hitzarmena toki entitateentzako, etorkinak gizarteratzeko" izeneko B40000 B0200 4819 231903 kontu-sailaren kargura (Id 1588).

3. Foru agindu hau jakinaraztea Programak Kudeatu eta Koordinatzeko Atalari, Immigraziorako Bulegoari, Erakundeekiko Harremanetarako eta Gobernuaren Eledunaren Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiko Kudeaketa Ekonomikoaren Atalari eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuko Kontu-hartzailetza Delegatuari, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

4. Adieraztea foru agindu honen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko dela, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitara eman eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2009ko otsailaren 24an.-Erakundeekiko Harremanetarako kontseilari eta Gobernuaren eleduna, Alberto Catalán Higueras.

I. ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1.-Xedea.

Deialdiaren xedea da etorkinak gizarteratzeko arloan ari diren gizarte ekimeneko entitateei 2009an diru-laguntzak emateko araubidea ezartzea. Gizarte ekimeneko entitateak dira immigrazioaren arloan ari diren fundazioak, elkarteak, kooperatibak eta gainerako irabazi-asmorik gabeko entitate eta erakundeak.

Diru-laguntzen bidez, aipatu erakundeek etorkinen gizarteratzearen esparruan 2009an proiektuak eta jarduketak garatzeko dituzten langileen, funtzionamenduaren eta jardueren gastuak finantzatuko dira.

2.-Jarduketa esparrua eta helburua.

Diru-laguntzen xede diren proiektuak eta jarduketak Nafarroako Foru Komunitatean eginen dira eta etorkinak gizarteratzea izanen dute helburu.

Beren estatutuen arabera nagusiki kulturan eta aisian diharduten entitateak diru-laguntzen deialdi honetatik kanpo daude.

3.-Entitate eskatzaileek bete beharreko baldintzak.

Beren estatutuen arabera, bigarren oinarri arautzailean aipatzen den jarduketa eremuan parte hartzen ahal duten entitateak izan daitezke diru-laguntzen onuradun.

Aurkezten diren entitateek betebehar hauek izanen dituzte:

a) Legez eratua izatea eta Nafarroako Elkarteen Erregistroan edo erregelamenduz dagokienean inskribatuta egotea.

b) Irabazi-asmorik ez edukitzea.

c) Helbide soziala edo ordezkaritza iraunkorra Nafarroan izatea.

d) Zerga arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneraturik izatea eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekiko eta haren erakunde autonomoekiko zorrak kitatuak izatea.

e) Diru-laguntzen onuraduna izateko Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 13. artikuluaren 2. eta 3. idatz-zatietan ezarritako gainerako debekuetan ez egotea.

Aipatutako baldintza horiek guztiak eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean eta lagundutako jarduerak irauten duen denbora osoan bete beharko dira.

4.-Proiektuek bete beharreko baldintzak.

Diru-laguntza jaso ahal izateko, proiektuek Immigraziorako Bulegoak deialdiaren eremuan ezarritako helburuetara egokitu beharko dute, oinarri arautzaileetako II. eranskinean ezarritakoaren arabera.

5.-Eskaerak aurkeztea.

5.1. Eskaerak non eta noiz aurkeztu.

Entitate interesdunek eskabidea aurkeztu beharko dute, horretarako prestatu den ereduaren araberakoa. Eredu hori eskuragarri egonen da Nafarroako atariko webguneko (www.navarra.es) "Laguntzak eta bekak" atalean eta Immigraziorako Bulegoaren egoitzan (Vadoluengoko monasterioa, 4, behea). Horrekin batera, Nafarroako Gobernuaren eskabide orokorra aurkeztu beharko dute.

20 egun naturaleko epea izanen da eskabideak, entitate interesdunaren legezko ordezkariak sinatuak, aurkezteko, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

Eskaerak Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokorrean edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 38. artikuluko 4. idatz-zatian ezarritako tokietan aurkezten ahalko dira, eta Immigraziorako Bulegora zuzenduta aurkeztu beharko dira.

Postetxeetan aurkezten diren eskaerak gutun-azal irekietan sartuko dira, lehenbiziko orrialdeko goiko aldean onartu zeneko eguna eta abenduaren 3ko 1829/1999 Errege Dekretuan, posta zerbitzuak arautzen dituen horretan, aipatzen diren gainerako zehaztapenak adieraz daitezen. Gainera, entitate interesdunak, egun berean, fax baten bidez jakinarazi beharko dio Immigraziorako Bulegoari eskaera igorri duela.

5.2. Aurkeztu beharreko agiriak.

Entitate interesdunek 5.1 oinarrian adierazitako lekuetan eskuratzen ahalko dute eskabidea eta horretarako ezarritako ereduari jarraikiz bete eta entitatearen ordezkariak behar bezala sinatuko du. Horrekin batera, Nafarroako Gobernuaren eskabide orokorra eta agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Entitatearen estatutuak.

b) Helbidea Nafarroan daukala edo, bestela, ordezkaritza iraunkorra Foru Komunitatean daukala frogatzen duen agiria.

c) Eskabidea sinatzen duen ordezkariari emandako ahalordea frogatzen duen agiria eta haren nortasun agiri nazionala.

d) Entitatea Nafarroako Elkarteen Erregistroan edo erregelamenduz dagokionean inskribatuta dagoela frogatzen duten ziurtagiriak.

e) Identifikazio fiskaleko txartela.

f) Erantzukizuneko aitorpena, entitatearen ordezkariak emana, entitateak Gizarte Segurantzarekiko zerga betebeharrak eguneratuak dituela edo Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekiko eta haren erakunde autonomoekiko zorrak kitatuak dituela dioena.

Aitorpena Nafarroako atariko webguneko (www.navarra.es) "Laguntzak eta bekak" atalean eskuratzen ahal den ereduari jarraikiz aurkeztuko da.

g) Erantzukizuneko aitorpena, entitatearen ordezkariak emana, entitatea, administratzaileak edo ordezkariak diru-laguntzen onuradun izateko debekuetan ez daudela dioena. Debeku horiek Diru-laguntzei buruzko 2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. idatz-zatietan ezartzen dira.

h) Diru-laguntza transferentzia bidez jasotzeko eskabidea.

i) Hala bada, onartutako zenbatekoa aldez aurretik kobratzeko oinarri arautzaileotan xedatutakoaren arabera, diru-laguntzaren xede diren helburuak lortzeko funtsak aurretik hartu beharra frogatzen duen txostena.

Aurkeztu beharreko agiriak jatorrizkoak izanen dira edo, bestela, notario batek edo administrazioak berak kautotutako fotokopiak.

Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 13. artikuluko 8. idatz-zatian eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko Foru Legearen 9. artikuluko 4. idatz-zatian xedatutakoarekin bat, Foru Komunitateko Administrazioko organoek ziurtatu behar badituzte edo horrek badauzkan datuak badira, a), b), c), d), e) eta h) letretan eskatzen diren agiriak aurkeztu beharrik ez dago. Kasu horietan, agirietan aldaketarik izan ez bada, berriz aurkeztu beharrean, entitatearen ordezkariaren adierazpen bat egin daiteke, inguruabar hori azaltzeko.

Aurreko paragrafoan ezarritakoari begira, entitateek frogatutako antzinatasuna errespetatuko da haiek izandako aldaketa bakarra entitatea izendatzeko forma juridikoaren gainekoa besterik ez bada, eta betiere hori entitatearen estatutuetan frogatzen bada.

Eredu normalizatuaren araberako eskaera osatu eta sendotzeko, entitate interesdunak interesgarritzat jotzen dituen agiriak aurkez ditzake.

5.3. Eskaerako akatsak zuzentzea.

Eskabideak adierazitako betebeharrak bete ezik edo harekin batera agindutako agiriak aurkeztu ezik, instrukzio organoak entitate interesdunari eskatuko dio gehienez ere 10 egun balioduneko epean akatsak zuzen ditzala eta adieraziko dio, horrela egin ezik, haren eskaera ezetsitzat joko dela. Kasu horretan, espedientea artxibatzeko aginduko da eta dagokionari jakinaraziko zaio, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 42. artikuluan xedatu bezala.

6.-Prozedura antolatu, instruitu eta ebazteko eskumena duten organoak.

Deialdiaren ondorioetarako, diru-laguntzak emateko prozedura antolatu eta tramitatzeko eginkizunak Immigraziorako Bulegoko Programak Kudeatu eta Koordinatzeko Atalari esleitu zaizkio. Oinarri arautzaileotan "instrukzio organoa" aipatzen delarik, ulertzen da atal horretaz ari dela.

Instrukzio organoak ofizioz ebaluatuko ditu eskaerak, oinarri arautzaileotan ezarritako irizpide, modu eta lehentasunak kontuan hartuz, eta ebazpen proposamena emanen du, txosten batekin batera, non adieraziko baitu onuradunek diru-laguntzak hartzeko betebehar guztiak betetzen dituztela.

Erakundeekiko Harremanetarako kontseilari eta Gobernuaren eledunak du kontzesioaren gaineko prozedura ebazteko eskumena.

7.-Balorazioa.

Deialdian aipatzen diren laguntzak emateko prozedura norgehiagoka bidez tramitatuko da, aurkezten diren eskaerak konparatuz, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 17. artikuluko 1. idatz-zatian xedatutakoarekin bat.

Balorazioa honako irizpide hauen arabera eginen da:

a) Entitatearen barne koherentzia (20 puntu).

-Entitateak etorkinen gizarte integrazioaren arloan egindako jarduera nagusiaren izaera eta egokitasuna.

-Diru-laguntzaren xede diren proiektuetan entitateak egin duen ibilbidea, etorkinak gizarteratzearen esparruan duen aurreko esperientzia.

-Proposatzen diren helburuak beteko direla bermatzeko azpiegitura aski izatea.

-Aretoak konpartitzea eta elkarteen batasuna izatea.

-Proiektua entitatearen egiazko gaitasun tekniko eta ekonomikoarekin bat etortzea.

Halaber, hasierako aurrekontua eta aurreko urteko azken balantzea elkarrekin bat etortzea ere baloratuko da.

b) Proiektuaren izaera (50 puntu).

-Proiektuaren alderdi teknikoak (egokitasuna eta barne batasuna alderdi hauen artean: oinarriak, helburuak, jarduerak, lortu nahi diren emaitzak, langileak eta baliabideak, ebaluatzeko adierazleak, eta abar).

Halaber, aurkezpena, idazkera eta azalpenaren argitasuna ere baloratuko dira.

-Esku-hartzearen originaltasuna eta alderdi berritzaileak, gauzatu nahi diren proiektuek behar ez den bikoizketarik ez ekartzea.

-Entitateak proiektua aurrera eramateko beste entitate batzuekin eta gizarte baliabide publikoekin duen osagarritasuna eta koordinazioa: oinarrizko eta espezializatutako gizarte zerbitzuak, osasun sareko zentro eta zerbitzuak, enplegukoak, eta abar.

-Programetan parte hartzen duten pertsonak. Hori baloratzeko, proiektuen xede den populazio osoa kontuan hartuko da.

c) Lehenagoko ekitaldian hasitako proiektuak edo jarduketak sustatzea, haien eragina frogatu bada eta, zuzendua dagoen kolektiboaren errentagarritasun soziala dela medio, haien iraupena interes publikoarengatik komeni bada (20 puntu).

Aurreko urteko antzeko proiektuaren edo proiektuen eraginkortasuna baloratuko da. Proiektuan jarritako helburuen eta lortutako emaitzen arteko konparazioa eginen da, eta egindakoaren eta aurreikusitakoaren arteko aldea neurtuko.

Halaber, baloratu eginen da elkarrekin bat etortzea aurten proposatutako helburuak eta aurreko urtean lortutako emaitzak eta aurreko urteko proiektuaren egiazko gastua eta aurtengo aurrekontua.

d) Kofinantzaketa egotea, alegia, entitateak, bazkideek, parte-hartzaileek eta/edo beste entitate publiko eta pribatuek dirua ematea (5 puntu).

Atal honetan egungo proiektuan kofinantzazioa egotea ere baloratuko da.

e) Entitatean boluntarioak izatea, eta haien inplikazio maila (5 puntu).

Diru-laguntza hartu ahal izateko, proiektuek gutxienez ere 60 puntu lortu beharko dituzte. Horietarik 30, gutxienez, ''b" atalean.

Eskuarki, eskatutako diru-laguntzaren xedeak langileak, funtzionamendua eta jarduerak badira, funtzionamendu gastuak gehienez ere %30ekoak izanen dira.

Organo instruktoreak noiznahi ere eskatzen ahalko dio elkarteari eskaera hobeki baloratzeko edozein argibide.

8.-Diru-laguntzaren zenbatekoaren esleipena.

Diru-laguntzaren zenbatekoa lortutako puntuen arabera banatuko da. Eskatutako zenbatekoaren arabera, ehunekoen tarteak ezarriko dira.

-Ehunekoen tarteak:

  • 60 puntu baino gutxiago, %0.
  • 60 eta 64,99 artean, %75.
  • 65 eta 69,99 artean, %80.
  • 70 eta 74,99 artean, %85.
  • 75 eta 79,99 artean, %90.
  • 80 eta 84,99 artean, %95.
  • 85 eta 100 artean, %100.

Balorazio ekonomikoaren ondoriozko zenbateko osoa aurrekontuetan dagoen dirua baino handiagoa bada, kasuan kasuko baremoen aplikazioaren ondoriozko zenbatekoak hainbanatuko dira.

Instrukzio organoak proposamen txostena eman aurretik, interesdunei entzuteko tramitea egiten ahalko da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 84. artikuluari jarraikiz.

Proposatzen den diru-laguntzaren zenbatekoa aurkeztutako eskabidean ageri dena baino txikiagoa izanez gero, entitate eskatzaileak eskabidea aldatzen ahalko du, gehienez ere hamar egun naturaleko epean, jakinarazten denetik hasita. Betiere, bermatu beharko da aldatutako proiektuak jatorrizko proiektuaren xede eta ezaugarri berak izanen dituela.

Proiektua onartu ahal izateko, aldatutako proiektua hasiera batean egindako balorazioko tarte berean sartu beharko da. Bestela, entitateak proiektua hasierako proposamenari hertsiki lotuz burutu beharko du.

Halaber, aldaketaren aurrekontua ez da txikiagoa izanen proposatutako diru-laguntzaren zenbatekoaren eta hasiera batean baldintza antzekoetan aurreikusitako kofinantzaketaren batura baino.

9.-Prozeduraren ebazpena eta argitaratzea.

Eskaerak aztertu ondoren, organo instruktoreak aurkeztutako ebazpen proposamena ikusirik, Erakundeekiko Harremanetarako kontseilari eta Gobernuaren eledunak ebazpena emanen du diru-laguntzen gainean.

Ebazpena entitate interesdunei jakinaraziko zaie eta hura emateko arrazoiak, diru-laguntza hartzen duten eskatzaileen zerrenda eta, halakorik bada, beste eskaerak ukatzeko arrazoiak adieraziko dira. Emanez gero, diru-laguntzaren helburua, zenbatekoa, pagatzeko modua eta gastuak justifikatzeko modua eta epea adieraziko dira.

Aurrekoa deusetan galarazi gabe, Nafarroako atariko webguneko "Laguntzak eta bekak" atalean argitaratuko da (www.navarra.es). Argitalpenean deialdia, programa, diru-laguntzak finantzatzeko aurrekontuko kreditua, onuradunak, onartutako zenbatekoa eta diru-laguntzaren helburua adieraziko dira.

Ebatzi eta jakinarazteko epea sei hilabetekoa izanen da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita. Epe hori bukatuta, eskaera ezetsi dela ulertuko da. Hala ere, Administrazioa beharturik dago ebazpena ematera.

10.-Bateragarritasuna.

Deialdian aipatzen diren diru-laguntzak Espainiako edo atzerriko beste administrazio publiko, norbanako edo erakunde publiko zein pribatu batzuek jarduera gauzatzeko ematen dituztenekin batzen ahal dira.

Hala ere, diru-zenbatekoak, bakarrik edo beste diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo norberaren baliabide batzuekin batuta, ez du behin ere gaindituko entitate onuradunak egin beharreko jardueraren kostua.

11.-Diru-laguntzaren ordainketa eta justifikazio ekonomikoa.

Entitateak eskatzen badu, 5.2 oinarriko i) letran xedatutakoarekin bat, emandako zenbatekoa zatika emanen da, aurrerakin gisa. Halakoetan, ordainketa bitan eginen da: %60 diru-laguntza emateko ebazpena sinatzean, eta gainerako %40a aurretik ordaindutako zenbatekoa justifikatu eta gero. Horretarako, hauek aurkeztu beharko dira, 2009ko urriaren 16a baino lehen:

a) Proiektuko diru-sarreren eta gastuen balantzea.

b) Diru-laguntzaren xede den proiektuari aplikatutako gastuen zerrenda, agiri zenbakia, kontzeptua, igorlea, igorri zeneko data, zenbatekoa eta egiazki pagatu zeneko data adieraziz. Zerrenda horrekin batera, kasuan kasuko egiaztagiriak aurkeztuko dira (jatorrizkoak edo behar bezala konpultsatutako fotokopiak). Egiaztagiri gisa, banku laburpenak, gordekinak eta fakturak onartuko dira bakar-bakarrik. Horietan, igorlearen eta hartzailearen datuak, data, kontzeptua, prezioa eta ordaintzeko modua adierazi beharko dira, fakturazio eginbeharrak arautzeko erregelamendua onetsi zuen maiatzaren 17ko 205/2004 Foru Dekretuan xedatutakoarekin bat. Jatorrizko fakturak Immigraziorako Bulegoan zigilatuko dira, hartutako diru-laguntza justifikatzearren.

Aurretik ordaintzen den zenbatekoa denez gero, aurrerakin hori emateko beharrezkoa izanen da Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren baimen berariazkoa, Foru Ogasunak aitortutako betebeharrei aurre egiteko funts likidoen egoeraren arabera emana.

Aurreratu beharreko kopurua 60.000,00 eurotik goitikoa bada, entitate onuradunak banku abal bat edo legeetan aipatzen den beste berme bat aurkeztu beharko du, aurreratu beharreko zenbateko osoa estaliko duena.

Ordainketa aurreko lerroaldeetan ezarritakoari jarraikiz egiteko baldintzarik ez badago, diru-laguntzak Diru-laguntzei buruzko Legearen 32. artikuluan ezarritakoari jarraikiz ordainduko dira, zatika, hiru hiletik hiru hilera, egindako proiektu zatiaren justifikazio ekonomikoa egin eta gero. Azkeneko hiruhilekoari dagokion ordainketa tramitatzeko, epe horri dagokion jardueraren justifikazio ekonomikoa 2010eko urtarrilaren 9a baino lehen aurkeztu beharko da.

Proiektua bukatu eta hilabeteko epean entitateak aurkeztu beharko du diruz lagundutako proiektuaren justifikazio ekonomikoa, hurrengo ordainketetarako aurreko lerroaldean adierazitako baldintzetan.

Gastu onargarritzat hartuko dira, bakar-bakarrik, diruz lagundutako proiektuetan aurreikusitako jarduerak egiteko organo emaileak beharrezkotzat jotzen dituenak.

Jarduerak, diru-laguntzaz gain, berezko funtsekin edo bestelako diru-laguntza edo baliabideekin finantzatuak izan direnean, justifikazioan diru-laguntza horien zenbatekoa eta jatorria frogatu beharko da eta, orobat, funtsak diruz lagundutako jarduerei aplikatu zaizkiela.

12.-Entitate onuradunen betebeharrak.

a) Diru-laguntza ematea eragin duten proiektua eta jarduerak deialdiaren oinarri arautzaileen, baldintzen, betebehar formalen eta materialen arabera gauzatzea eta dirua, betiere, eman zen helburuetarako baizik ez erabiltzea.

b) Oinarri arautzaileotan aipatzen diren frogagiriak, tartekoak eta azkenekoak, aurkeztea.

c) Proiektuaren publizitate eta hedatze lan guztietan diru-laguntzaren jatorria adieraztea. Zabalkunde idatzia edo grafikoa egiten baldin bada, Nafarroako Gobernuaren eta Lanaren eta Immigrazioaren Ministerioaren logotipoa paratu beharko dira, diru-laguntza jaso duen entitatearen logotipoaren neurri berean eta ikusteko baldintza berberetan.

d) Laguntza ematen duen organoak eta indarra duen legeriaren arabera eskudun diren bestelakoek egin beharreko egiaztapenak onartzea.

e) Lagundutako jarduera finantzatzeko eskatutako edo lortutako beste laguntza, diru-laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea diru-laguntza eman duen organoari. Egoera hori jakin bezain laster jakinarazi behar da eta, betiere, jasotako dirua zertan erabili den justifikatu baino lehen.

f) Entitatearen ezaugarriak direla-eta, eskatzen ahal zaizkion kontabilitate arloko baldintzak betetzea.

g) Diru-laguntza hartu eta hurrengo urteko urtarrilaren 31 baino lehen, diru-laguntzaren xede diren proiektu bakoitzaren betetze mailaren zenbatekoaren eta nolakoaren gaineko datuak ebaluatzen dituen memoria Immigraziorako Bulegoan aurkeztea, horretarako dagoen ereduaren arabera. Eredua Immigraziorako Bulegoan izanen da entitate interesdunen eskura.

Nahi izanez gero, entitate onuradunak bestelako agiriak, idatziak edo grafikoak, aurkezten ahalko ditu, diru-laguntzaren xede den proiektua ongi gauzatu dela bermatzen dutenak.

h) Deialdian eta aplikatzekoak diren legeetan ezarritako kasuetan, hartutako funtsak itzultzea.

i) Diru-laguntzei buruzko Foru Legeak onuradunei ezartzen dizkien gainerako eginbeharrak.

13.-Azpikontratazioa eta hornitzaileen kontratazioa.

13.1. Azpikontratazioa.

Deialdiari dagokionez, bidezkoa da hitzartzea azpikontratazioa, alegia, beste batzuekin diru-laguntzaren xede den jardueraren hein bateko gauzatzea. Onuradunak berez diru-laguntzaren xede den jarduera egiteko pagatu behar dituen gastuen kontratazioa kontzeptu horretatik kanpo gelditzen da.

Onuradunak, gehienez ere, lagundu den jarduerari emandako diru-laguntzaren %50 erabiltzen ahalko du azpikontratazioetarako. Hirugarrenekin hitzartutako jarduerak diru-laguntzaren zenbatekoaren %20 gainditzen duenean eta zenbateko hori 60.000 eurotik gorakoa denean, azpikontratazioa egin ahal izateko, idatzizko kontratua sinatu beharko da.

13.2. Hornitzaileen kontratazioa.

Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 28. artikuluko 3. idatz-zatian xedatutakoarekin bat, diru-laguntzaren xede den gastuaren zenbatekoa 30.000,00 eurotik gorakoa bada, obraren exekuzioaren kostuaren kasuan, edo 12.000,00 eurotik gorakoa, aholkularitza edo laguntza enpresek ekipamendu ondasunen hornidurak edo zerbitzu emateak egiten dituztenean, onuradunak frogatu beharko du organo emailearen aurrean hornitzailea eragimen eta ekonomia irizpideei jarraikiz hautatu dela.

Kasu horietan, entitate onuradunak gutxienez ere helburua lortzeko gai diren hiru enpresarekin kontsultatu eta negoziatu beharko ditu kontratuaren baldintzak, eta eskaintzarik hoberena egiten duenarekin sinatuko du. Entitate onuradunak kontsultatzeko, izapidearen inguruko dokumentazioa eta eskaintzak gorde beharko ditu. Kontu horiek agirien bidez frogatu beharko ditu, diru-laguntza ematen duen organoaren aurrean, kontratua sinatu bezain laster. Agiri horiekin batera, enpresa hautatzeko arrazoiei buruzko txosten labur bat aurkeztuko da.

Enpresa batzuei kontsultatu beharra ez da gauzatuko, diru-laguntzaren xede diren ezaugarrien berezitasunagatik, merkatuan hornidura edo zerbitzua ematen duten enpresak behar adina ez direnean.

14.-Baldintzak aldatzea.

Entitate onuradunek, jasotzen dituzten bestelako diru-laguntza, laguntza edo diru-sarrerez gain, diru-laguntza emateko eta haren zenbatekoa zehazteko kontuan hartutako baldintzen aldaketa guztiak ere jakinarazi beharko dizkiote Immigraziorako Bulegoari.

Salbuespen gisa, diru-laguntzak hartzen dituzten entitateek zilegi izanen dute diruz lagundutako programaren edukia aldatzeko eskatzea, bai eta hura egiteko modua eta epeak ere, programa gauzatzea eragotzi edo zailtzen duten gorabeherak azalduz gero.

Programa aldatzeko eskaeretan aldaketa edo zailtasun horren gaineko behar adina arrazoi eman beharko dira eta inguruabar horiek gertatu eta berehala jakinarazi beharko dira, betiere, diru-laguntzaren xede den programa burutzeko epea bukatu baino lehen.

Diru-laguntza emateko kontuan hartutako baldintzen edozein aldaketak, Administrazioak onartua izanda ere, diru-laguntza emateko ebazpena aldarazten ahalko du, eta, bidezkoa bada, kasuan kasuko zenbatekoa itzultzeko eskatuko.

15.-Itzulketa.

Programa burutzen ez bada, diru-laguntza emateko ezarritako baldintzak betetzen ez badira, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren zergatikoak gertatzen badira edo deialdian berariaz aipatzen diren betebeharrak betetzen ez badira, hartutako zenbatekoa itzuli beharko da, osorik edo hein batean. Legeek ezarritako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da diru-laguntza pagatu zenetik itzuli beharraren gaineko ebazpena ematen den arte sortutako berandutza interesak pagatzeko eskatzea.

Dirua itzultzeko prozedurak goian aipatutako artikuluan xedatutakoari jarraikiko dio eta irekitzen denetik 12 hilabeteko epean ebatzi beharko da haren gainean.

Entitate onuradunak ia baldintza guztiak betetzen dituenean eta konpromisoak betetzeko jarrera garbia erakusten duenean, itzuli beharreko zenbatekoa proportzionaltasun irizpideari jarraikiz zehaztuko da, diru-laguntza emateko ezarritako baldintzak zenbateraino eta noraino bete ez diren ikusita.

16.-Erantzukizuna eta zehapen araubidea.

Deialdian aipatzen diren diru-laguntzen entitate onuradunak Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 43. artikuluan eta hurrengoetan diru-laguntzen arloan ezarritako erantzukizunaren eta administrazio arau hausteei buruzko zehapen araubidearen mende egonen dira.

Diru-laguntzen arloko zehapenak erregelamendu bidezko prozeduraren arabera ezarriko dira edo, halakorik izan ezean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen V. tituluan xedatutakoari jarraikiz.

17.-Deialdiaren eta oinarri arautzaileen aurka bidezkoak diren errekurtso administratiboak.

Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontra bidezkoa da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko Foru Legean xedatutakoarekin bat.

18.-Aplikatu beharreko arauak.

Oinarri arautzaileotan ezarrita dagoenaz gain, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen xedapenak ere dira aplikatzekoak.

II. ERANSKINA

Immigraziorako Bulegoaren helburuen arabera diru-laguntza
jaso dezaketen proiektuak

1.-Etorkinen lehenengo harrera errazteko eta horiei informazioa, orientazioa eta aholkularitza juridiko-administratiboa emateko proiektuak.

2.-Prebentzioa eta/edo laguntza sustatzen duten proiektuak, egoerarik ahulenean dauden etorkinentzat.

3.-Etorkinak gizartearen esparru guztietan parte hartzera bultzatzeko proiektuak.

4.-Kulturarteko elkarbitzitza sustatzeko, tolerantzia baloreak bultzatzeko, tratu berdintasuna errazteko eta jarrera arrazista eta xenofoboei aurre egiteko proiektuak.

5.-Kulturarteko bitartekotzarako prestakuntza proiektuak.

Iragarkiaren kodea: F0910985