24. ALDIZKARIA - 2009ko otsailaren 25a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

2.2.2. Plantilla Organikoa, Lan Publikoaren Eskaintza, oposizioak eta lehiaketak

IRUÑA

Deialdia, lan harremanetako diplomadunendako lanpostuak, hautaproben bitartez eta prestakuntzako zerbitzu berezietan aritzeko izangaien zerrenda osatzeko, Iruñeko Udalean sortzen diren beharrei erantzutearren

Iruñeko Udalaren Lehendakaritzako Alorreko zuzendariak deialdia onetsi zuen 2009ko urtarrilaren 26an; hona hemen oinarriak:

OINARRIAK

Lehenbizikoa.-Deialdia egin da, lan harremanetako diplomadunendako lanpostuak, hautaproben bitartez eta prestakuntzako zerbitzu berezietan aritzeko izangaien zerrenda osatzeko, betiere Iruñeko Udalean sortzen diren beharrei erantzutearren.

Bigarrena.-Izangaiek bete beharreko baldintzak.

2.1. Izangaiek, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Iruñeko Udalaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langile finkoa izatea, C, D edo E maila edo taldekoa.

b) Lanpostuan gutxienez hiru urteko zerbitzualdia benetan egin izana.

c) Borondatezko edo nahitaezko eszedentzian ez egotea.

d) lan harremanetako diplomadunaren titulua edo horren parekoaren titulua izatea, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

2.2. Baldintza guztiak bete beharko dira eskabideak aurkezteko epea burutzen den egunerako, eta dei egiten zaienean eta prestakuntzak diraueino.

Hirugarrena.-Hautapen prozesuaren bilakaera eta balorazioa.

3.1. Proba teoriko edo/eta praktiko baten edo batzuen bidez eginen da hautaketa, deialdiko II. eranskinean bildutako gai-zerrendarekin lotutakoak betiere.

Proba egiteko gehieneko denbora epaimahaiak zehaztuko du, hasi aitzin.

3.2. Hautaprobaren balorazioa 50 puntukoa izanen da gehienez ere, eta gehieneko puntuazioaren erdia (25 puntu) gutxienez lortzen ez duten izangaiak kanpoan geldituko dira.

3.3. Probarako deialdi bakarra eginen da, eta izangaiak nortasun agiri nazionala aldean dutela azalduko dira. Agertzen ez diren izangaiak baztertu eginen dira.

Laugarrena.-Prestakuntzarako izangaien deia.

Izangaiendako deia eta, behar bada, prestakuntzarako zerbitzu berezietako egoeraren deklarazioa indarra duen legerian ezarritakoaren arabera eginen da.

Bosgarrena.-Eskabideak aurkezteko epea.

Eskabideak aurkezteko epea hogei egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Seigarrena.-Eskabideak.

6.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak Iruñeko Udaleko erregistro orokorrean aurkeztu beharko dira, Merkatuko kalean, edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 30/1992 Legeko 38.4 artikuluan aipatzen diren aukeretako edozein erabiliz.

Eskabideak I. eranskineko ereduaren arabera bete beharko dira. Iruñeko Udaleko Aurrez Aurreko Harrera Bulegoan eskura daiteke, Merkatuko kalean, edo Internet bidezko www.pamplona.es gunean, edo, bestela, aldizkari ofizialetik bertatik hartuta, argitaratzen denean.

Parte hartzeko eskabidean, izangaiek adierazi behar dute baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

Era berean, parte hartzeko eskabideari erantsi beharko diote baldintza gisa eskatutako tituluaren fotokopia.

Aski justifikaturik dauden ezinbesteko kasuetan izan ezik, aipatutako agiri horiek aurkezten ez dituztenek ezin izanen dute deialdian parte hartu, eta ordura arteko egintza guztiak baliorik gabe geldituko dira, euren eskabidearen faltsukeria dela eta, legokiekeen erantzunbeharra galarazi gabe.

Zazpigarrena.-Behin-behineko zerrendak.

Eskabideak aurkezteko epea burututakoan, Lehendakaritzako Alorrak jendaurrera aterako du ebazpen honen bidez onetsitako deialdiko izangai onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda, Iruñeko Udalaren iragarki oholean (Merkatuko plazan, Udaletxearen gibelaldean).

Egun horretatik aurrera, izangaiek bost egun balioduneko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko eta eskabidean egindako akatsak zuzentzeko.

Zortzigarrena.-Behin betiko zerrendak.

Erreklamazioak aurkezteko epea burutu eta haiek ebatzi ondoan, Lehendakaritzako Alorreko zuzendariaren ebazpen baten bidez, izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsi eta Iruñeko Udalaren iragarki oholean edukiko da jendaurrean, ebazpen honetan aipatzen diren hautaprobak egiteko eguna eta tokia adierazita.

Onartuen zerrendetan agertzea ez da aski deialdietan eskatutako baldintzak betetzen direla onartzeko. Dei egiten zaienean izangaiek aurkeztu behar duten dokumentazioa edo Administrazioak bere eskuetan daukana aztertutakoan, baldintzaren bat betetzen ez dela ohartuz gero, interesdunek deialdi hauetan parte hartzeagatik dituzten eskubide guztiak galduko dituzte.

Bederatzigarrena.-Epaimahaia.

9.1. Kide hauek osatuko dute epaimahaia:

Mahaiburua: Eduardo Palacios Sureda, Funtzio Publikoko zinegotzi berezia.

Mahaikidea: Carmen Valer López, Lehendakaritza alorreko legelaria.

Mahaikidea: Julio Sucunza Azcona, Lehendakaritza Alorreko zuzendaria.

Mahaikidea: Iruñeko Udaleko Langileen Batzordeko ordezkari bat, Batzordeak berak izendatua.

Mahaikide idazkaria: Alfredo San Miguel Díaz, Lehendakaritza Alorreko idazkari teknikoa.

9.2. Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean aipatzen diren abstentzio arrazoietako bat gertatzen denean, epaimahaiko kideek ezin izanen dute epaimahaian parte hartu, eta Lehendakaritza Alorreko Zuzendaritzari eman beharko diote horren berri.

Izangaiek, halaber, zilegi dute mahaikideak errefusatzea, inguruabar horietako bat izaten denean.

Mahaikideek parte ez hartzeko eta haiek errefusatzeko legez ezarritako arrazoiak izateagatik epaimahaia aldatzen bada, jakinarazi eginen da, izangai onartu eta baztertuen zerrendekin batera.

9.3. Epaimahaia hautaprobak hasi baino lehen eratuko da.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta aritu ere, kideen gehiengo osoa bertan izan gabe.

9.4. Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdi hauen oinarriak ulertu eta aplikatzeko moduaz sor daitezkeen gorabehera guztiak.

9.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza eska dezake probarako. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko eta epaimahaiari horietan bakarrik emanen diote laguntza.

Hamargarrena.-Probak gainditzen dituztenen zerrenda.

10.1. Proben kalifikazioa buruturik, epaimahaiak jendaurrean jarriko du, Iruñeko Udalaren iragarki oholean eta ariketa egin den tokian, prestakuntzarako zerbitzu berezietan aritzeko probak gainditu dituzten izangaien zerrenda, lortutako azken puntuazioaren hurrenkeran, eta Lehendakaritza Alorreko zuzendariari helaraziko dio, baita hautapen prozesuaren espediente osoa ere, onets dezan.

10.2. Izangaien puntuetan berdinketarik gertatuz gero, deialdian eskabideak aurkezteko epea burutzen den egunean izangaiek aitorturik daukaten antzinatasunaren arabera erabakiko da. Berdinketak jarraituz gero, zozketa bidez erabakiko da. Zozketa Lehendakaritzako Alorrean eginen da eta bertara deituko zaie ukitutako izangaiei.

Hamaikagarrena.-Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka, nahiz bere oinarrien eta aplikazio egintzen aurka, errekurtso hauetakoren bat aurkez daiteke, hautara:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintzaren organo egileari berari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Iruñeko Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.

Epaimahaiaren egintzen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

Iruñean, 2009ko urtarrilaren 26an.-Lehendakaritza Alorreko zuzendaria, Julio Sucunza Azcona.

I. ERANSKINA

Eskabide eredua

Izena: ..................., adinez nagusia. NANa/nortasun agiria: ............. Jaioteguna (urtea/hila/eguna): ............ Jaioterria (udalerria, probintzia): ............. Nazionalitatea: .................... Egungo helbidea (karrika, zenbakia, eskailera, etxebizitza): ............ Posta kodea/herria: ............................. Telefonoa: ............ Sakelako telefonoa: .................

Honako hau azaltzen dut:

Deialdian eskatzen den titulazioa badudala, eta oraingo jarduneko egoerarako dudanetik ezberdina dela.

Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, behar diren baldintza guztiak betetzen ditudala.

Eskatzen dut:

f Onartua izatea hautaproben bitartez lan harremanetako diplomadun gisa prestakuntzako zerbitzu berezietan aritzeko izangaien zerrenda osatzeko deialdian, ..... zenbakiko Nafarroako Aldizkari Ofizial ean argitaratu baitzen, egun honetan: .......

Datuen babesa. Datu Pertsonalak Babesteari buruzko 1999ko abenduaren 13ko Lege Organikoan ezarritakoa betetzeko, aditzera ematen zaizu inprimaki honetan ematen diren datu pertsonalak hautapen prozeduran Udalak dituen eskumenetan aritzeko baizik ez direla erabiliko eta Iruñeko Udalaren datu basea osatzen duten fitxategiei batuko zaizkiela. Fitxategietan sartu, datuak zuzendu eta ezabatzeko eta horien aurka jotzeko eskubideak Iruñeko Udalari zuzendurik erabiltzen ahalko dituzu, Erregistro Orokorrera joz (Merkatuko karrika, 7-9, 31001-Iruña).

Iruñean, 20...eko .............aren ........(e)an.

(Sinadura)

Oharra.-Eskabidearekin batera, deialdian eskatzen den titulazioaren fotokopia ekarri.

II. ERANSKINA

Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileriaren estatutua.

31/1995 Legea, azaroaren 8koa, Laneko Arriskuei Aurrea Hartzeari buruzkoa.

Lan kontratua. Kontratazio motak. Lan kontratua etetea eta amaitzea.

Gizarte Segurantza: Arau orokorrak eta aplikazio esparrua. Gizarte Segurantzaren araubide orokorra.

Administrazio prozedura erkidea.

Eskubide sindikalari buruzko Legea.

Iragarkiaren kodea: L0901712