24. ALDIZKARIA - 2009ko otsailaren 25a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

ESTERIBAR

Aldaketa Esteribarko Arau Subsidiarioetan. Testu arau-emailea

Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariaren ekainaren 17ko 162/2008 Foru Aginduaren bidez onetsi da behin betikoz Esteribarko Arau Subsidiarioetako aldaketaren espedientea, Inbuluzketako mugapean: 24. poligonoa, 76. lurzatia; María Equisoain Arriola andreak eta Eric Paul Berdor Triste jaunak sustatu dute eta 2008ko 90. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, uztailaren 23an.

Beraz, Toki Araubideen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/85 Legearen 70-2 artikuluan ezarritakoari jarraikiz, horren testu arau-emailea ematen da argitara.

TESTU ARAU-EMAILEA

Hiri lurzorua-erabilerak handitzeko proposamena:

Proposatutako aldaketak populazioaren hazkuntzaren dinamika errealari jarraitzen dio: eraikita dagoen multzoaren ondoko orubean eraikitzea.

Kasu honetan, Inbuluzketan, herrian sartu eta hura zeharkatzen duen errepidearen bi aldeetara daude eraikinak.

Horregatik, gure kasuan, errepide ondoan eta hiri lurzoruaren mugan segitzen du osatzen herriko bilbeak.

Proposamen horrek hiri lurzorutzat jotzeko behar diren baldintzak betetzen ditu, egungo Foru Legeriak 92. artikuluan ezarritakoaren arabera; izan ere, aise integratuko da hiri-sarean urbanizazio egokia egindakoan. Horren bidez, behar den sarbidea izanen dute ibilgailuek udalerrian barna; baita ur hornidura, hondakin uren ebakuazioa eta energia elektrikoaren hornidura ere, hurrengo atalean justifikatzen denez.

Orobat, eraikitzeko gai den orubea izatea, foru araudiaren 93. artikuluan aipatzen dena, direlako baldintzak betez eskuratzen ahal da, baita lerrokadura eta sestrak adierazita eta urbanizazio kargak zehaztuta ere; hori ez da arazoa; izan ere, lurzoruaren sailkapen aldaketa onartzen denean nahitaez gauzatu beharreko baldintzak izanen dira, hiri lurzoruari dagokion moduan.

Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen 97. artikuluari jarraituz, hiri lurzoruaren jabeek eskubidea dute lurren urbanizazioa osatzeko, orube bihur daitezen; orobat, hirigintzan dagokien aprobetxamendurako eskubidea, planteamenduarekin bat, lurzorua orube bihurtutakoan. Hirigintzako legerian zehaztutako moduan eskura daitezkeen erabilera eta intentsitateak ukitutako jabeari egoztea, horixe da hirigintza aprobetxamendurako eskubidea.

Hirigintzako zerbitzuak:

Lurralde Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Legearen gaur egungo 80. artikuluaren arabera tramitatzen da hiri lurzorua handitzea; lurzoru urbanizaezina hiri lurzoru bihurtzen da egokia oso delako urbaniza daitekeen euskarri bilakatzeko. Izan ere, Auzitegi Gorenak behin eta berriro ezarri duenez, hiri lurzoru izateko eta horrela sailkatu ahal izateko, ibilgailuendako sarbidea, ur hornidura eta hustubideak eta energia elektrikoaren hornidura izan behar ditu. Txosten honetan ikus daitekeenez, aurreikusita dago oinarrizko zerbitzu horietarako hargunea eta, hortaz, argi dago baduela gaitasuna sailkapen horretarako.

Zerbitzu horiek, Jurisprudentziak ederki dioen moduan, ez dute zertan finka osoan izan behar, beharrezkoak diren haren zatietan baizik. Halaber, lurzati ondoan egon behar dute, 100 metro baino hurbilago. Kasu honetan egiaztatzen ahal denez, ez dago horrelako arazorik.

Banan-banan deskribatu dira zerbitzu horiek, ez dadin zalantzarik izan proposatutako aldaketaren egokitasunari buruz. Begi bistakoa da aise bihurtzen ahal dela lur hori hiri lurzoru, Inbuluzketako kale bilbearen jarraian baita eta finkatuta dauden eraikinetatik hurbil; hortaz, errazak dira baldintza hauek betetzeko behar diren lotuneak:

Ibilgailuen sarbidea:

Lur batean bada horrelako zerbitzua beribilek bertarako sarbidea dutenean titulartasun publikoko bideen bitartez, auto horiek ibiltzeko moduko baldintzak betetzen dituen zoruarekin; beraz, herrira sartzeko errepide nazionala edo San Martin kalea lurzatiaren mugetako bat izanik, argi dago zoru egonkorreko bide publikoa dela.

Esteribarren, 2009ko urtarrilaren 23an.-Alkatea, Francisco Javier Borda Garde.

Iragarkiaren kodea: L0901452