24. ALDIZKARIA - 2009ko otsailaren 25a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

11/2009 FORU DEKRETUA, otsailaren 9koa, Nafarroako Administrazio Publikoetako funtzionarioen opor, lizentzia eta baimenen erregelamendua onesten duena.

Nafarroako Administrazio Publikoetako Langileen Estatutuak, 36. artikuluan, oporrak, lizentziak eta baimenak aurreiskusten ditu funtzionarioen eskubideen artean, erregelamenduaren bidez ezartzen diren kasu eta baldintzetan. Artikulu horrek agintzen duena garatzeko asmoz, ekainaren 19ko 121/1985 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Administrazio Publikoetako funtzionarioen opor, lizentzia eta baimenen erregelamendua onetsi zen. Horrek aldaketa asko izan ditu urteetan zehar.

Gero, urriaren 30eko 348/2000 Foru Dekretua eman zen, arautzen duena zer araubide aplikatu behar zaien Nafarroako Foru Komunitateko eta haren erakunde autonomoetako funtzionarioei beren opor, lizentzia eta baimenetarako. Horrek ere aldaketa batzuk izan ditu, familia eta lana bateratzen laguntzeko neurriak bildu baititu, sindikatuen ordezkariekin hartu eta adostu izan direnak.

Funtzionarioen opor, lizentzia eta baimenak erregelamendu baten bidez arautu nahi direnez, Nafarroako Publiko Administrazioetan orotariko aplikazioa izan dezan, eta Gizon eta Emakumeen arteko Egitezko Berdintasunari buruzko martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoan eta apirilaren 12ko 7/2007 Legearen bidez onetsiriko Langile Publikoen Oinarrizko Estatutuan ezartzen diren aurreikuspenen ondoriozko aldaketak bildu behar direnez, bidezkoa da Nafarroako Administrazio Publikoetako funtzionarioen opor, lizentzia eta baimenen beste erregelamendu bat ematea, gaur egun arlo horretan dagoen arautegia ordezten duena.

Nafarroako Administrazio Publikoetako Langileen Estatutuko XI. kapituluan xedaturikoarekin bat, proiektua sindikatuen ordezkariekiko negoziazio kolektiboaren mende jarri da Negoziaziorako Mahai Orokorrean.

Kontuan hartuz erregelamendu berriak Nafarroako Administrazio Publiko guztiak ukitzen dituela eta, beraz, baita toki entitateak ere, proiektua Toki Araubideko Foru Batzordean tramitatu da. Horrek aldeko txostena eman dio.

Hori horrela, Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak proposatuta, Nafarroako Kontseiluarekin bat eta Nafarroako Gobernuak 2009ko otsailaren 9ko bilkuran hartutako erabakiari jarraikiz,

DEKRETATU DUT:

Artikulu bakarra.-Erregelamendua onestea.

Nafarroako Administrazio Publikoetako funtzionarioen opor, lizentzia eta baimenen erregelamendua onesten da, foru agindu honen eranskinean ageri dena.

XEDAPEN IRAGANKORRAK

Xedapen iragankor bakarra.-Erregelamendua indarra duten lizentzia eta baimenenei aldi baterako aplikatzea.

Erregelamendu honetan aipatzen diren aurreikuspenak indarra hartu baino lehen hasi diren lizentzia eta baimenei aplikatuko zaizkie, baldin eta data horretan bukatu ez badira eta langileak hartzeke duen denborarako bakarrik.

XEDAPEN INDARGABETZAILEAK

Xedapen indargabetzaile bakarra.-Indargabetzen diren arauak.

Indarrik gabe gelditzen dira:

a) 121/1985 Foru Dekretua, ekainaren 19koa, Nafarroako Administrazio Publikoetako funtzionarioen opor, lizentzia eta baimenen erregelamendua onesten duena.

b) 348/2000 Foru Dekretua, urriaren 30ekoa, arautzen duena zer araubide aplikatu behar zaien Nafarroako Foru Komunitateko eta haren erakunde autonomoetako funtzionarioei beren opor, lizentzia eta baimenetarako.

c) 181/2007 Foru Agindua, apirilaren 13koa, Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak emana. Haren bidez arautzen da haur baten jaiotza, familia-harrera edo adopzioagatik aitak gozatzen duen baimen ordainduaren iraupena, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako funtzionarioei aplikatzen zaiena.

d) Foru dekretu honek ezarritakoari aurka egiten dioten maila bereko edo beheragoko xedapen guztiak.

AZKEN XEDAPENAK

Azken xedapenetako lehena.-Foru agindua garatu eta betearaztea.

Ahalmena ematen zaio Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariari foru dekretu hau garatu eta aplikatzeko behar diren xedapenak eman ditzan.

Azken xedapenetan bigarrena.-Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2009ko otsailaren 9an.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.-Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilaria, Javier Caballero Martínez.

NAFARROAKO ADMINISTRAZIO PUBLIKOETAKO FUNTZIONARIOEN OPOR, LIZENTZIA ETA OPORREN ERREGELAMENDUA

I. KAPITULUA

Orotariko xedapenak

1. artikulua. Erregelamenduaren xedea.

Erregelamendu honen xedea Nafarroako Administrazio Publikoetako Langileen Estatutuaren testu bateginean aurreikusten diren opor, lizentzia eta baimenak arautzea da. Testu bategin hura abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsi zen.

2. artikulua. Aplikazio esparrua.

Erregelamendu hau Nafarroako Administrazio Publikoetako funtzionarioei aplikatuko zaie.

3. artikulua. Oporrak, lizentziak eta baimenak emateko araubidea.

1. Kasuan kasuko administrazio publikoko organo eskudunak emanen ditu erregelamendu honetan aipatzen diren opor, lizentzia eta baimenak, interesdunak eskatu ondoren. Horrek, ezinbesteko kasuetan izan ezik, hamar egun natural lehenago aurkeztu beharko du eskaera.

2. Oporrak zerbitzuaren beharren arabera emanen dira.

4. artikulua. Oporrak, lizentziak eta baimenak emateko eskumena.

Administrazio Publikoan oporrak, lizentziak eta baimenak emateko eskumena langileria arloko eskudantziak zehazten dituen berariazko arautegiak esleitzen dion organoari dagokio.

II. KAPITULUA

Oporrak

5. artikulua. Oporren iraupena.

1. Funtzionarioek, zerbitzu aktiboko urte bakoitzeko, eskubidea izanen dute hogeita zazpi laneguneko opor soldataduna hartzeko, edo zerbitzu denbora gutxiagokoa izan bada, proportzionalki zor zaien oporraldia.

2. Lanaldia orotariko araubidearen arabera banaturik ez daukaten langileei dagozkien oporrak lanaldiaren iraupenaren arabera doituko zaizkie, kasuan-kasuan lantokian egon beharreko urteroko lanaldia kontuan hartuz.

6. artikulua. Oporrak hartzeko araubidea.

1. Opor horiek urte naturalean hartu beharko dira, eta hartzeko eskubidea urteroko abenduaren 31n galduko da. Zerbitzua hobeki antolatzeko, hurrengo urteko urtarrilaren 15a arte hartzen ahalko dira, gehienez.

2. Aurreko atalean xedaturikoaren salbuespen gisa, funtzionarioek eskubidea izanen dute oporrak erditze, adopzio edo harreraren ondoriozko lizentzien eta gurasotasun baimenen edo lanaldi osoko edoskitze aldiaren ondoren hartzeko, erregelamendu honetan xedatu bezala, opor horien urte naturala bukatu ondoren.

3. Opor horiek hartzen ez dituzten funtzionarioek ez dute diru-ordainik izanen non eta ez hartzea zerbitzuko beharrengatik izan ez den.

4. Oro har, funtzionario guztiek eskubidea dute erregelamenduz zor zaizkien oporren erdiak udan hartzeko, ekainaren 15etik irailaren 15era. Gainerakoa urtean zehar hartuko dute, zerbitzuko beharren arabera.

5. Hezkuntza Departamentuaren ikastetxeetan irakaskuntzan edo laguntzan diharduten funtzionarioek eskubidea izanen dute aurreko artikuluan zerbitzu aktiboan emaniko ikasturte oso bakoitzerako adierazten diren oporregunetarako, eta eskubide hori sortu deneko ikasturte berean hartu beharko dituzte.

7. artikulua. Oporren etenaldia.

Funtzionario bat oporretan dagoela eritzen bada, haren oporraldia ez da hortaz etengo, non eta istripu edo gaitz horren ondorioz lau egun baino gehiago ospitaleratuta egon beharrean gertatzen ez den edo mediku batek eritasun larri edo oso larriaren irizpena egiten ez dion (ospitaleratu edo ez); hori behar diren osasun ziurtagirien bidez frogatu beharko da.

Kasu horietan oporraren etena ospitaleratzearen edo eritzearen lehenbiziko egunean hasiko da.

III. KAPITULUA

Lizentzia soldatadunak

8. artikulua. Lizentzia soldatadunak, azterketa ofizialak egiteko.

1. Zilegi izanen da lizentzia soldatadunak ematea azken azterketetara eta ikastetxe ofizialetako bestelako behin betiko gaitasun eta ebaluazio probetara aurkezteko.

2. Aurreko lerroaldeak aipatzen dituen lizentziak eman zaizkien funtzionarioek beren administrazio publikoko organo eskudunean aurkeztu beharko dute azterketa edo proba horiek egin egin dituztela adierazten duen frogagiria.

9. artikulua. Lizentzia soldataduna, ezkontzeagatik edo bikote egonkorra osatzeagatik.

1. Ezkontzeagatik edo bikote egonkorra osatzeagatik funtzionarioek hamabost eguneko lizentzia soldataduna hartzeko eskubidea izanen dute. Lizentzia hori ezkontzen diren egunetik aurrera hasiko da edo bikote egonkorra osatzen dutela frogatzen denetik aurrera.

2. Ezkontzea frogatzeko, familia liburua edo erregistro zibileko ziurtagiria aurkeztu beharko du funtzionarioak bere administrazio publikokoko organo eskudunean. Bikote egonkorraren osaera zuzenbidean frogatako onartzen den edozein baliabideren bidez frogatzen ahalko da.

3. Pertsona berek ez dute behin ere eskubiderik izanen ezkontzegatik edo bikote egonkorra osatzeagatik artikulu honetan arautzen diren lizentzietarik bat baino gehiago hartzeko.

10. artikulua. Lizentzia soldataduna, erditzeagatik.

1. Emakumezko funtzionarioek, haurdun daudenean, eskubidea izanen dute amatasun lizentzia bat hartzeko hamazazpi aste etengabekoa. Lizentzia hori bi astez luzatuko da, haurrak ezgaitasunik badu, eta, aldi berean ume bat baino gehiagoz erditzean, bigarrenetik aurrera ere bai. Interesdunak erabakiko du lizentzia hori nola banatu. Sei aste betiere erditu ondoan hartu beharko ditu. Ama zenduz gero, aitak eskubidea izanen du lizentzia osoa edo hartzeke dagoen zatia hartzeko. Haurra zenduz gero, lizentzialdia ez da murriztuko, salbu eta erditu eta gero nahitaez hartu beharreko sei asteko atsedenaren ondoren, amak lanpostura itzultzea eskatzen badu.

2. Aurreko atalak esanak esan, erditu eta gero amak nahitaez hartu beharreko sei asteko atsedena deusetan galarazi gabe, bi gurasoek lan egiten badute, amak, erditu ondorengo atsedenaldia hastean, erabakitzen ahalko du aitak har dezala erditu ondorengo atsedenaldiaren zati zehatz eta etengabe bat, amarenarekin batera edo amarenaren ondoren. Aitak hasiera batean onarturiko lizentzialdia hartzen segitzen ahalko du, ama lantokira itzultzeko aurreikusiriko unean hark aldi baterako ezgaitasuna badu ere.

3. Garaia baino lehen erdituz gero edo jaioberriak jaio ondoren ospitalean iraun behar badu, lizentzia jaioberriak ospitalean diraueino luzatuko da, betiere beste hamahiru astez, gehienez ere.

4. Bi gurasoek aldi berean hartzen badituzte atsedenaldiak, ez da zilegi izanen aldi horien batuketak aurreko lerroaldeetan xedatzen diren hamazazpi asteak baino gehiago izatea, edo haur bat baino gehiagoren kasurako agindu dena baino.

5. Erditze lizentziaren eskaerarekin batera txostena aurkeztu beharko da, adierazteko haurdunaldia ehun eta laurogei egunetik goiti joan dela. Halaber, jaioteguna frogatzeko, familia liburua edo erregistro zibileko ziurtagiria aurkeztu beharko du funtzionarioak bere administrazio publikokoko organo eskudunean.

11. artikulua. Lizentzia soldataduna, adopzio edo harreragatik.

1. Adopzioaren kasuan edo harrera bakun, iraunkor eta adoptatu aurrekoaren kasuan, lizentziak hamazazpi aste iraunen du, etenik gabe. Lizentzia hori bi astez luzatuko da, adoptaturiko edo harreran harturiko haurrak ezgaitasunik badu, eta, ume bat baino gehiagoren adopzio edo harreran, bigarrenetik aurrera ere bai.

2. Interesdunek erabakiko dute noizdanik kontatu epe hori, administrazioak edo epaileak harrera erabakitzen duenetik edo epaileak adopzioa ebazten duenetik aurrera. Adingabe berak ez du behin ere sortuko artikulu honetan arautzen diren lizentzietariko bat baino gehiago hartzeko eskubiderik.

3. Bai aitak eta bai amak lan egiten dutenean, lizentzia berek nahi duten bezala partituko da, aldi berean edo hurrenez hurren, beti ere zati etengabeetan.

4. Nazioarteko adopzio edo harrera kasuetan, gurasoek adopzioan hartuko duten haurraren jatorrizko herrialdera joan beharra dutenean, aurreko lerroaldeetako kasu bakoitzerako aurreikusitako lizentzia epaileak adopzioari buruz emaniko ebazpena eman edo administrazioak edo epaileak harrerari buruz harturiko erabakia baino lau aste lehenagotik ere hasi ahal izanen da. Halaber, kasu horietan bi hilabete bitarteko baimenaz gozatzeko eskubidea izanen da, epe horretan oinarrizko lansariak bakarrik jasoz, betiere.

5. Bi gurasoek aldi berean hartzen badituzte atsedenaldiak, ez da zilegi izanen aldi horien batuketak aurreko lerroaldeetan xedatzen diren hamazazpi asteak baino gehiago izatea, edo haur bat baino gehiagoren adopzio edo harreretarako eta adoptaturiko edo harreran harturiko adingabearen ezgaitasunerako agindu dena baino.

6. Adopzioa edo harrera bakun, iraunkor eta adoptatu aurrekoa, artikulu honetan aipatzen direnak, aplikatzekoa den arautegian ezarriko dira. Harrera bakunak gutxienez ere urtebete iraunen du.

12. artikulua. Erditze, adopzio eta harreraren ondoriozko lizentzia soldataduna lanaldi partzialean hartzea.

1. Erditze, adopzio edo harreraren ondoriozko lizentzia soldataduna, aurreko artikuluetan ezarri dena, lanaldi partzialez hartzen ahalko da, arau hauei jarraituz:

a) Lizentzia lanaldi partzialez hartzeko, interesdunek aldez aurretik eskatu beharko dute eta organo eskudunak ebatzi. Ebazpen hori emateko, beharrezkoa izanen da haien ordezkoak izatea, bidezkoa bada.

b) Lanaldi partzial hori lanaldiaren heren baterako edo erdirako izanen da, unibertsitatez kanpoko irakaskuntzako langileen kasuan izan ezik, horiek, betiere, lanaldiaren erdirako hartu beharko baitute.

c) Lizentzia hau, oro har, egunero hartuko da langileak ezarririk daukan lanaldiaren lehen edo azken orduetan, zerbitzuaren beharren arabera.

d) Txandaka ari diren langileen kasuan, lanaldi partziala lanaldi osoei metatzen ahalko zaie, zerbitzuaren beharren arabera.

2. Lizentzia lanaldi partzialez hartzeko aldia hura onartzeko ebazpenean zehaztuko da eta, etenik gabe, bukatu arte luzatuko da, erditze kasuetarako hurrengo atalean xedaturikoa deusetan galarazi gabe.

3. Bai amak bai aitak izanen dute lizentzia hau lanaldi partzialez hartzeko eskubidea eta atsedenaldia batera edo bata bestearen ondoren hartzeko edozein kasutan.

Erditze kasuan, amak ezin izanen du lizentzia modalitate hau erabili, erditu ondoko sei asteetan, horiek nahitaez atsedena hartzekoak baitira.

4. Lizentzia lanaldi partzialez hartzeko aldian, interesdunek behin ere ezin izanen dute aparteko ordurik edo bestelako zerbitzurik egin modalitate horretan bete behar duten lanalditik aparte.

5. Langileak, lizentzia hau lanaldi partzialez hartzen dueino, ez ditu eskubide hauek izanen:

a) Hamabi hilabetetik beherako haurren edoskitze aldiaren ondoriozko baimen soldataduna, foru dekretu honen 17. artikuluan xedatzen dena.

b) Lanaldia murrizteko erregelamendu bidez ezarririko edozein kasuren gozatzea.

13. artikulua. Lizentzia soldataduna, haurdunaldian edo berezko edoskitze aldian arriskuak izateagatik.

Lanpostu baten baldintzek haurdun baten edo haren haurraren osasunari kalte egin diezaiokeenean, lizentzia soldataduna ematen ahalko zaio, haurraldian arriskuan egoteagatik, laneko arriskuei aurrea hartzeko arautegian ezarririko baldintzetan.

Aurreko lerroaldean xedatzen dena berezko edoskitze aldian ere aplikatuko da.

IV. KAPITULUA

Norberaren aferetarako lizentzia soldatagabeak

14. artikulua. Norberaren aferetarako lizentzia soldatagabeen iraupena eta araubidea.

1. Zilegi izanen da lizentzia soldatagabeak ematea, osotara bi urte naturaletan gehienez hiru hilabete osatu artekoak.

2. Artikulu honetan aipatzen diren lizentziak arrazoiak azaldurik eskatu beharko dira eta, emateko, betiere zerbitzuaren beharren arabera jokatuko da.

3. Halaber, lizentzia hori funtzionarioei ematen ahalko zaie Nafarroako Segurtasun Eskolak antolaturiko oinarrizko prestakuntza ikastaroetara joan daitezen, funtzio publikoan sartzeko hautapen prozesuetakora, hain zuzen ere.

Lizentzia horiek ez dira zenbatuko artikulu honen 1. atalean ezarririko mugaegunaren ondorioetarako eta oinarrizko prestakuntza ikastaroa egiteko behar-beharrezkoa den denborarako emanen dira bakarrik, interesdunak hasi aitzin eskatu ondoren.

15. artikulua. Norberaren aferetarako lizentzia soldatagabeen araubidearen berezitasunak Nafarroako Foru Komunitateko eta haren erakunde autonomoetan.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan ematen diren lizentzia soldatagabeek gehienez ere bost hilabete iraunen dute bi urte naturaletan, betiere ere arau hauei jarraituz:

a) Eskaerak arrazoien gainean eginen dira.

b) Lizentzia hau eskatzeko ez da beharrezkoa izanen oporrak aurretik ahiturik izatea.

c) Lizentzia eman edo ukatzeko, zerbitzuaren beharrak hartuko dira aintzat, salbu eta eskatzaileak lizentzian hasi baino lehendik ordezkoa duenean.

d) Lizentzia ukatzen denean, departamentuko edo erakunde autonomoko organo eskudunak ukatze horren arrazoiak azaldu beharko ditu.

e) Lizentzia soldatagabean egondako denborak ez du opor eskubiderik sortuko eta beraz kontzeptu hori ez da kontuan hartuko egin behar den soldata deskontuan, salbu eta opor horiek lehendik hartu badira edo eskatzaileak nahitaez gero hartu behar baditu.

V. KAPITULUA

Baimen soldatadunak

16. artikulua. Baimen soldataduna, gurasotasunagatik.

1. Hamabost egun naturaleko baimen soldataduna emanen da, haur baten harrera edo adopzioagatik. Jaiotzen denetik, administrazioak edo epaileak harrera erabakitzen duenetik edo epaileak adopzioa ebazten duenetik aurrera hartuko du gurasoak.

2. Baimen horrek hogei egun natural iraunen du jaiotza, adopzioa edo harrera familia ugari batean gertatzen denean, familia jaiotza, adopzio edo harrera horrekin ugari bihurtzen denean edo familian ezgaitasuna duen pertsona bat dagoenean.

3. Haur bat baino gehiagoz erdituz gero edo haur bat baino gehiago adoptatu edo hartuz gero, aurreko ataletan aipatzen den baimenaren iraupena beste bi egun naturalez luzatuko da, bigarrenetik aurrera, edo haietarik batek ezgaitasunik badu.

4. Baimen hau bereizia da foru agindu honen aurreko artikuluetan jaiotza, adopzio edo harreragatik ezartzen diren lizentziak elkarrekin hartzeko araubidetik.

17. artikulua. Baimen soldataduna, hamabi hilabetik beherako haurrei bularra emateagatik.

1. Hamabi hilabete baino gutxiagoko haurra duten funtzionarioek eskubidea izanen dute egunean ordubetez lantokitik lekutzeko. Denbora horren ordez zilegi izanen dute, funtzionarioak nahi duen moduan, 3 ordu laurdeneko bi aldi hartzea edo lanaldia ordu batez murriztea. Kasu horretan, lanaldiaren hasieran edo bukaeran hartu beharko da. Hautaketa hori ezin izanen zaio ukatu salbuespenez eta arrazoien gainean baizik, emateak zerbitzuaren funtzionamenduari traba handia egiten dioten kasuetan.

2. Haur bat baino gehiagoz erdituz gero, baimen hori hein berean handituko da.

3. Aitak edo amak bereizketarik gabe hartzen ahalko dute baimen hori, biek lan egiten badute.

4. Bularra emateko baimena bateraezina izanen da aitak edo amak erditze, adozpio edo harreraren ondoriozko lizentziekin edo lanaldia murrizteko erregelamendu bidez ezarri diren kasuekin.

5. Bularra emateko denboraren ordez bidezkoa den denbora lanaldi osoetan metatzen duen baimen soldatadun bat eskatzen ahalko dute interesdunek.

18. artikulua. Ernalketa lagunduko tekniketan parte hartzeko baimen soldataduna.

Emakumezko funtzionarioek eskubidea izanen dute ernalketa lagunduko tekniketarako behar-beharrezkoa den denboraz lanetik ateratzeko, betiere aldez aurretik lanaldian egin beharra frogatuz gero.

19. artikulua. Jaio aurreko azterketetarako eta erditzea prestatzeko tekniketarako baimen soldataduna.

Zilegi izanen da baimen soldatadunak ematea emakumezko funtzionarioei erdi-aurreko azterketak egiteko eta erditzea prestatzeko tekniketan trebatzeko, lanaldian egitekoak direnean.

20. artikulua. Baimen soldataduna, emakumezko funtzionarioen kontrako genero bortizkeriagatik.

Genero bortizkeriaren biktimak diren emakumezko funtzionarioak egun osoz edo ordu batzuetan lanera joan ezik, justifikatutzat joko da, laguntzarako edo osasunerako gizarte zerbitzuek, kasuan-kasuan, ezartzen dituzten denbora eta baldintzetan.

21. artikulua. Hezkuntza bereziko ikastetxeetara doazen seme-alabei kasu emateko baimen soldataduna.

Legez onartutako ezgaitasun fisiko, psikiko edo zentzumenetakoa duten seme-alabak dituzten langileek zilegi dute lanetik ateratzea, tratamendua ematen zaien hezkuntza bereziko ikastetxeetako koordinazio bileretan parte hartzeko edo osasun esparruan laguntza gehigarria jaso behar badu, hara laguntzeko.

22. artikulua. Baimen soldataduna, ahaideak hiltzeagatik.

1. Lau egun naturaleko baimen soldataduna emanen da ezkontidea edo bizikidea, odolbidezko nahiz ezkonbidezko lehen mailako ahaideak hiltzen direnean, hiltzea Nafarroako Foru Komunitatean gertatzen bada, eta bost egunekoa handik kanpora gertatzen bada.

2. Hiru egun naturaleko baimen soldataduna emanen da ezkonbidezko lehen mailako ahaideak edo senideak hiltzen direnean, hiltzea Nafarroako Foru Komunitatean gertatzen bada, eta lau egunekoa handik kanpora gertatzen bada.

23. artikulua. Baimen soldataduna, ahaideak gaizkitzeagatik.

1. Lau egun naturaleko baimen soldataduna emanen da ezkontidea edo bizikidea, odolbidezko nahiz ezkonbidezko lehen mailako ahaideak bost egun baino gehiagoz ospitaleratu beharrean daudenean edo irizpen medikoa (ospitalean egon edo ez) eritasun larriarena edo oso larriarena denean, gertaera Nafarroako Foru Komunitatean agitzen bada, eta bost egunekoa handik kanpora agitzen denean.

2. Hiru egun naturaleko baimen soldataduna emanen da ezkonbidezko lehen mailako ahaideak edo senideak bost egun baino gehiagoz ospitaleratu beharrean daudenean edo irizpen medikoa (ospitalean egon edo ez) eritasun larriarena edo oso larriarena denean, gertaera Nafarroako Foru Komunitatean agitzen bada, eta lau egunekoa handik kanpora agitzen denean.

3. Ospitalaldiak hori baino gutxiago irauten badu, edo irizpen medikoa pronostiko erreserbatuko eritasunarena edo eritasun ez hain larriarena delarik, baimen soldataduna egun natural batekoa izanen da gertaera Nafarroako Foru Komunitatean agitu denean eta bi egunekoa handik kanpora agitu denean

4. Aurreko idatz-zatietan aurreikusitako gaixotasun edo ospitaleratzeen kasuan, ordaindutako baimeneko kasuan kasuko lan egunak, ospitaleratzea edo eritasuna gertatu zen eguna kontuan hartuta edo, langilearentzat laneguna ez bada, haren ondoko egun naturaletik hasita, gertakariak irauten duen denbora guztian erabili ahal izanen dira, baldin eta hori zerbitzuaren betebeharrekin bateratzen ahal bada.

24. artikulua. Bestelako baimen soldatadunak, ahaideak hil edo gaizkitzeagatik.

1. Egun natural bateko baimen soldataduna emanen da 22, 23.1 eta 23.2 artikuluetan esan diren arrazoi berengatik artikulu horietan aipatzen ez diren odolbidezko nahiz ezkonbidezko bigarren mailako ahaideen kasuan, baldin eta gertaera Nafarroako Foru Komunitatean agitu bada, eta bi egunekoa handik kanpora agitu bada.

2. Aurreko lerroaldean aipatu den baimena hartzeko, foru dekretu honen 23.4 artikuluan ezarri diren arau berak hartuko dira aintzat.

25. artikulua. Baimen soldatadunen mugak, ahaideen gaixotasunengatik.

Foru dekretu honen 23. eta 24. artikuluetan ezarririko baimenetarikorik ezin izanen da berriro eman subjektu eragile beragatik harturiko baimena bukatzen denetik gutxienez ere hilabete iragan arte. Baimen hori emateko zergatikoak badirau, bakarrik baimen soldatadun bat ematen ahalko da, subjektu eragile beragatik eta ospitaleratze edo gaixotasun beragatik.

26. artikulua. Baimen soldataduna, ahaideen kirurgia anbulatorio handiagatik.

1. Bi egun naturaleko baimen soldataduna emanen da ezkontide edo bizikideari, seme-alabei edo gurasoei kirurgia anbulatorio handia egin behar zaien kasuetan.

2. Kasu horietan, kirurgia anbulatorio handitzat hartuko dira eriak ebakuntzaren egun berean etxera itzultzen diren prozedura kirurgikoak, zein ere anestesia mota aplikatu zaien eta ebakuntzak zenbat ere iraun duen.

27. artikulua. Baimen soldataduna, aldairagatik.

Egun natural bateko baimen soldataduna emanen da etxe aldairagatik.

28. artikulua. Baimen soldataduna, ezinbesteko eginbehar bat, publikoa nahiz pertsonala, egiteko.

Zilegi izanen da baimen soldatadunak ematea ezinbesteko eginbehar bat, publikoa nahiz pertsonala, egiteko behar den denborarako, lanaldian egin behar dela frogatu ondoren.

29. artikulua. Baimen soldataduna hauteskundeetan hautagai izateko.

Funtzionario bat hautagai baldin bada Europako Parlamenturako hauteskundeetan, Gorte Orokorretako diputatu eta senadoreak hautatzekoetan, Nafarroako Parlamentukoetan edo autonomia erkidego bateko beste parlamentu baterakoetan eta Toki Entitateetakoetan, zilegi izanen da hauteskunde kanpainaren denboran lan egin beharretik libratzea, hartarako behar den baimen soldataduna emanik, interesdunak hala eskatuta.

30. artikulua. Baimen soldataduna, eginkizun partikularrengatik.

Urte batean funtzionarioek eskubidea izanen dute gehienez hiru laneguneko baimen soldataduna (edo, zerbitzualdia laburragoa izan bada, proportzioan dagozkien egunetakoa) hartzeko aurreko artikuluetan sartzen ez diren eginkizun partikularretarako. Baimen hori zerbitzuaren beharren arabera emanen da.

Lanaldia eskuarki ezarririkoa ez bezala banaturik daukaten langileei, kasuan-kasuan ezarririk daukaten lanaldiaren iraupenaren arabera dagozkien egunetara egokituko da baimenaldia.

31. artikulua. Baimen soldatadunen justifikazioa.

Foru dekretu honen 16. artikulutik 29. artikulura bitarte arautu diren baimenak eskatzen dituztenek bere administrazio publikoko organo eskudunean aurkeztu beharko dituzte baimena emateko baldintzak betetzen dituztela adierazten duten frogagiri guztiak.

Iragarkiaren kodea: F0902209