19. ALDIZKARIA - 2009ko otsailaren 13a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.3. Nahitaezko desjabetzeak

7/2009 FORU AGINDUA, otsailaren 3koa, Herri Lan, Garraio eta Komunikazioko kontseilariak emana, "Pirinioetako Autobiaren 3. tarteko (Izko-Judasen Benta) 2. proiektu aldatuan" adierazitako trazadura aldaketak ukituko dituen ondasun eta eskubideen zerrenda jendaurrean egoteko aldia ebatzi, proiektua behin betikoz onetsi eta ukitutako ondasun eta eskubideen titularrei okupatu aitzineko aktak egiteko dei egiten diena.

Herri Lan, Garraio eta Komunikazioko kontseilariak ekainaren 1ean emandako 77/2007 Foru Aginduaren bidez, "Pirinioetako A-21 Autobiaren 3. tartea: Izko-Judasen Benta egiteko proiektua" jendaurrean egoteko aldia ebatzi eta proiektua behin betikoz onetsi zen.

Herri Lan, Garraio eta Komunikazioko kontseilariaren urriaren 2ko 120/2007 Foru Aginduaren bidez, "Pirinioetako A-21 Autobiaren 3. tartea: Izko-Judasen Benta" egiteko obrak Arian Construcción y Gestión de Infraestructuras, S.A. enpresari esleitu zitzaizkion, 31.141.300,08 eurotan. Obrak 2009ko ekainaren 30erako bukatu behar dira.

Zuinketa egiaztatzeko akta 2007ko abenduaren 17an sinatu zen. 2007ko abenduaren 18an hasi ziren obrak.

Herri Lan, Garraio eta Komunikazioko kontseilariak azaroaren 27an emandako 118/2008 Foru Aginduaren bidez, behin-behinekoz onetsi zen "Pirinioetako Autobiaren 3. tarteko (Izko-Judasen Benta) 2. proiektu aldatua", bai eta proiektu horrek ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda berria ere. Horiek guztiak jendaurrean jarri ziren, 2008ko 151. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, abenduaren 12an, argitaratutako iragarkiaren bitartez.

Bide eta Eraikuntza Zerbitzuak aditzera eman du alegazio hau jaso dela, jendaurreko epea amaitu eta gero:

Isidoro Bidondo Esandi jaunak, bere izenean eta Juliana Esandi Beroiz eta Alberto eta María Jesús Bidondo Esandi jaun-andreak ordezkatuz, honako hau azaldu du:

1.-3. poligonoko 212. lurzatian (proiektuko 60. finka) mahats parrak daudela eta mahastia gaztea dela.

2.-Hasierako proiektuaren ukipenak balio handia kendu diola finkari.

3.-Desjabetze berriak erabat kenduko diola balioa mahastiari.

Horrenbestez, lur ukituak baloratzean hori guztia kontuan har dadila eskatu du, eta gainerako mahasti azaleraren hegalkina ordain dadila, oraingo nekazaritza laborerako erabilezina baita.

Erantzuna:

1.-Desjabetze espedientean dagokion unean, finkako kalte eta balio galtze guztiak baloratuko dira, eta, gainerako mahasti azaleraren hegalkina ordaintzeko eskaerari dagokionez, ezetsi egin da, ez direlako Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 23. artikuluan ezarritako baldintzak agertzen.

Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52.1 artikuluan xedatutakoaren arabera, Nafarroako Gobernuak 2007ko uztailaren 16ko Erabakiaren bidez eginiko presako okupazioaren adierazpena ondoren egin beharreko aldaketei ere aplikatuko zaie.

Horrenbestez, Bide eta Eraikuntza Zerbitzuak jakinarazi eta proposatu duenarekin bat, eta Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen otsailaren 24ko 47/2005 Foru Dekretuaren bidez emandako eskudantziak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. "Pirinioetako Autobiaren 3. tarteko (Izko-Judasen Benta) 2. proiektu aldatua" jendaurrean egoteko aldia ebaztea.

2. "Pirinioetako Autobiaren 3. tarteko (Izko-Judasen Benta) 2. proiektu aldatua" behin betikoz onestea.

3. "Pirinioetako Autobiaren 3. tarteko (Izko-Judasen Benta) 2. proiektu aldatuak" ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda behin betikoz onestea.

4. "Pirinioetako Autobiaren 3. tarteko (Izko-Judasen Benta) 2. proiektu aldatuak" ukitutako ondasun eta eskubideen titularrei dei egitea, banakako zitazioaren bidez, 2009ko otsailaren 25ean eta 26an Irunberriko udaletxean ager daitezen, ukitutako ondasun eta eskubideak okupatu aitzineko aktak eta, beharko balitz, behin betiko okupaziokoak, egiteko.

5. Ekitaldi horretara norberak joan beharko du, edo bere izenean aritzeko behar bezala baimendutako pertsona batek; titularra dela frogatzen duten agiriak eraman beharko ditu (eskritura publikoa, jabetza erregistroko ziurtagiria, etab.); egoki baderitzo, perituak edo/eta notarioa eraman ditzake, baina, betiere, norberak ordaindu beharko die.

6. Foru agindu hau argitara ematea Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Nafarroan argitaratu eta gehien zabaltzen diren egunkarietako batean. Halaber, ohartarazten da argitalpen hau Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 59.5 artikuluan xedatzen diren ondorioetarako ere egiten dela.

7. Foru agindu honek ez dio administrazio bideari bukaera ematen, eta haren aurka interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aitzina.

Aurreko lerroaldean xedatutakoa deusetan ukatu gabe, foru agindu honek bukaera ematen dio Administrazio Publikoendako administrazio bideari. Dena den, Administrazio Publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, jakinarazi eta, hala bada, argitaratu eta biharamunetik bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen ekainaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epeetan.

8. Foru agindu hau jakinaraztea Arián, Construcción y Gestión de Infraestructuras, S.A.ri, Irunberriko Udalari, SPRIN sozietate publikoari eta Bide eta Eraikuntza Zerbitzuari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2009ko otsailaren 3an.-Herri Lan, Garraio eta Komunikazioko kontseilaria, Laura Alba Cuadrado.

Iragarkiaren kodea: F0901934