17. ALDIZKARIA - 2009ko otsailaren 9a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

6/2008 FORU DEKRETUA, urtarrilaren 19koa, mendekotasuna baloratu eta aitortzeko eta Mendekotasuna duten pertsonendako Banakakoaren Arreta Programa prestatzeko prozedurak arautzen dituena.

ZIOEN AZALPENA

Mendekotasuna duten pertsonen autonomia sustatzeko eta laguntza emateko abenduaren 14ko 39/2006 Legeak gutxieneko baldintzak ezarri ditu mendekotasuna duten pertsonei eskubideak bermatzeko eta Autonomiarako eta Mendekotasunaren Arretarako Sistema eskuratzeko. 27. artikuluak xedatzen duenez, autonomia erkidegoek mendekotasuna baloratzeko organoak zehaztuko dituzte eta, 28. eta 29. artikuluek mendekotasuna bera eta Autonomiarako eta Mendekotasunaren Arretarako Sistemako prestazioetarako eskubidea aitortzeko prozedura arautzen dute.

Nafarroako Foru Komunitateak, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 44. artikuluaren bidez, eskumen osoa du gizarte zerbitzuen arloan. Horren arabera, Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legea eman du, funtsezko helburua, Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan, herritarren gizarte ongizatea lortzea duena. Horretarako, gizarte zerbitzuen sistema bat osatu du, mendekotasuna duten pertsonekiko arreta biltzen duena.

Foru lege hori garatzeko, ekainaren 17ko 69/2008 Foru Dekretuaren bidez, Gizarte zerbitzu orokorren zorroa onetsi da. Horren bidez, gizarte zerbitzuen sistema publikoko prestazio guztiak zehaztu dira. Haien aplikazio esparrua Nafarroako Foru Komunitate osoa da.

Zorro horrek bermatzen dituen prestazioak eskuratzeko, horien artean, mendekotasuna baloratzeko zerbitzua, Mendekotasuna duten pertsonendako Banakakoaren Arreta Programa prestatzea ezinbesteko betebeharra da.

Hori dela eta, foru dekretu honen bidez, mendekotasuna baloratzeko lantalde teknikoa arautzen da, eta mendekotasuna baloratu eta aitortu eta Banakakoaren Arreta Programa prestatzeko prozedurak tramitatzeko modua ere bai.

Horrenbestez, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuko kontseilariak proposaturik, Nafarroako Kontseiluaren adostasunarekin, eta Nafarroako Gobernuak 2009ko urtarrilaren 19an egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

Dekretatu dut:

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea eta aplikazio eremua.

Foru dekretu honen xedea mendekotasuna baloratzeko lantalde teknikoa eta mendekotasuna baloratu eta aitortzeko prozedurak eta Nafarroako Foru Komunitatean mendekotasuna duten pertsonendako Banakakoaren Arreta Programa prestatzeko prozedurak arautzea da.

2. artikulua. Eskumena.

Mendekotasuna baloratu eta aitortzeko eta mendekotasuna duten pertsonendako Banakakoaren Arreta Programa prestatzeko eskumena Nafarroako Mendekotasun Agentziari dagokio. Horrek kasuan-kasuan ezartzen diren organoen bidez beteko du eskumen hori.

II. KAPITULUA

Mendekotasuna baloratzeko lantalde teknikoa

3. artikulua. Balorazio Lantalde Teknikoa.

Nafarroako Mendekotasun Agentziako Balorazio Lantalde Teknikoak baloratuko du mendekotasuna. Osasun eta gizarte arloetako langileek osatuko dute lantalde hori.

4. artikulua. Balorazio Lantalde Teknikoaren eginkizunak.

Balorazio Lantalde Teknikoak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Autonomia sustatzeko eta Mendekotasuna duten pertsonei laguntza emateko abenduaren 14ko 39/2006 Legean ezartzen diren baremo eta eskalak aplikatzea, mendekotasuna baloratzeko baremoa onesten duen apirilaren 20ko 504/2007 Errege Dekretuaren bidez onetsiak.

b) bizilekuaz eta sarbideez txosten bat ematea, mendekotasun mailaz eta graduaz txosten tekniko egokia emateko behar diren osagaiak lortzeko.

c) Mendekotasun graduaz eta mailaz irizpen tekniko bat ematea, mendekotasuna baloratzeko errege dekretu horretan ezarririko baremoari jarraituz.

d) Mendekotasuna baloratzeko organoei legeen edo erregelamenduen arabera dagozkien gainerako eginkizunak.

5. artikulua. Irizpen teknikoak.

1. Balorazio Lantalde Teknikoak luzaturiko irizpide teknikoak eredu normalizatuetan aurkeztuko dira eta, nahitaez, kontu hauek bilduko dituzte: diagnostikoa, pertsonaren mendekotasuna, horren gradua eta maila eta behar dituen zainketak.

2. Aurreko atalean aipatzen den kalifikazioa behin betikoz edo behin-behinekoz emanen da, baloraturiko pertsonaren balizko suspertzeaz edo larriagotzeaz Balorazio Lantalde Teknikoak aurreikusten duenaren arabera.

III. KAPITULUA

Mendekotasuna baloratu eta aitortzeko prozedura

6. artikulua. Prozeduraren hastapena.

Mendekotasuna baloratu eta aitortzeko eta prestazioak eskuratzeko prozedura interesdunak eskaturik hasiko da edo, bidezkoa bada, hura ordezkatzen duenak.

7. artikulua. Eskaera.

1. Interesdunek mendekotasuna baloratzea edo, eskatzaileak baliaezintasun handia edo beste inoren laguntzaren beharra aitorturik badaukate, egoera hori homologatzea eskatzen ahalko dute, apirilaren 20ko 504/2007 Foru Dekretuaren lehen xedapen gehigarrian xedaturikoarekin bat.

2. Eskaeran, interesdunak adierazi beharko du mendekotasuna baloratzea bakarrik eskatu nahi duen edo, gainera, sistemako prestazioak eskuratu nahi dituen.

8. artikulua. Dokumentazioa.

1. Eskabidearekin batera, agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Nortasun agiri nazionalaren edo, Espainiako nazionalitaterik ez duten pertsonendako, hemen bizitzeko txartelaren fotokopia.

b) Familia Liburuaren fotokopia. (Adingabeak izanez gero bakarrik).

c) Eskatzailea Nafarroako Foru Komunitateko udalerri batean erroldaturik dagoela frogatzen duen agiria, errolda horretan noiz sartu zen eta noiz atera adierazirik. Espainiako nazionalitaterik ez dutenek frogatu beharko dute Espainian bost urtez bizi izan direla, erroldatze agirien bidez. Agiri horietarik bik eskabidea aurkeztu aurre-aurrekoak izan beharko dute.

d) Osasun txostena, eredu normalizatuari jarraituz.

e) Legezko ezintasunaren kasuetan, legezko ezintasunari buruzko ebazpen judiziala eta tutela duen pertsonaren izendapena.

f) Eskatzaileak ordezkari baten bidez badihardu, ordezkariaren nortasun agiri nazionalaren fotokopia eta ordezkaritza frogatzen duen agiria.

g) Familia unitatea osatzen duten pertsonen titulartasuneko errenta eta ondare ondasunen zinpeko adierazpena eta, mendekotasuna baloratzeaz gain, bidezkoak diren prestazio edo zerbitzuak eskatzen badira, prestazioaren onuradunaren eskaera, transferentzia bidez kobratu ahal izateko.

h) Zaintzaile nagusiaren nortasun agiri nazionalaren fotokopia, profesionala ez bada eta Gizarte Segurantzako Araubide Orokorreko afiliatuekin parekaturiko egoeran sartu nahi badu, maiatzaren 11ko 615/2007 Errege Dekretuan ezarririko baldintzetan.

2. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak artikulu honetan eskatzen diren agiriak badauzka ez dira berriro aurkeztu behar. Horien ordez, eskatzaileek agiriak daudeneko espedientea identifikatzen ahalko dute. Instrukzio organoak interesdunei horixe eskatzen ahalko die.

9. artikulua. Instrukzioa.

1. Nafarroako Mendekotasun Agentziari dagozkio prozeduraren instrukzioa eta ebazpena emateko datuak zehaztu, ezagutu eta egiaztatzeko behar diren jarduketa guztiak.

Halaber, instrukzio organoak eskatzen ahalko ditu bestelako administrazio unitate edo organoen osagarri diren txostenak, txosten teknikoa edo prozedurako ebazpen proposamena emateko.

2. Mendekotasuna baloratu eta aitortzeko prozeduraren instrukzioak jarduketa edo txosten hauek beharko ditu.

a) Baloraziorako hitzordua bizilekuan:

Eskaera behar den moduan hartuz gero, interesdunari balorazioa egiteko eguna eta ordua jakinaraziko zaizkio. Hori interesdunaren ohiko bizilekuan eginen da, eskabidean adierazirikoarekin bat, mendekotasuna baloratzeko apirilaren 20ko 504/2007 Errege Dekretuaren bidez onetsiriko baremoa aurreikusiriko irizpideekin bat.

Balorazioa interesdunari egotz dakizkiokeen zergatikoengatik egiterik ez bada, beste hitzordu bat ezarriko da, aurreko lerroaldean azaldu den moduan. Ohartaraziko zaio bigarren hitzorduaren ondoren hari egotz dakizkioen zergatikoengatik balorazioa berriro egiterik ez bada, ulertuko dela bere eskaera bertan behera utzi duela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkidegoari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 42. artikuluan xedatu bezala horren gainean ebazpena eman eta gero.

b) Balorazio Lantalde Teknikoaren irizpena.

Balorazioa egin eta behar diren txostenak hartu eta gero, Balorazio Lantalde Teknikoak txostena emanen du bizilekuaz eta sarbideez eta gero irizpen teknikoa.

10. artikulua. Ebazpena.

1. Nafarroako Mendekotasun Agentziako organo eskudunak, irizpen teknikoan eta kasuan kasuko unitate administratiboaren ebazpen proposamenean oinarriturik, espresuki ebazpena emanen du mendekotasunaren balorazioaz eta, bidezkoa bada, aitorpenaz eta eskatzaileari aitorturiko mendekotasun gradu eta mailaren arabera dagozkion prestazio edo zerbitzuez.

2. Foru dekretu honen bidez arautzen den ebazpena eman eta jakinarazteko epea hiru hilabetekoa izanen da, tramitatzeko eskumena duen organoan erregistratzen denetik hasita. Epe hori ezin izanen da behin ere atzeratu hamar egun baliodun baino gehiago, eskabidea edo agiria Nafarroako Foru Komunitateko erregistro ofizial batean sartzen denetik hasita.

3. Eskabidea Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aipatzen den edozein erregistrotan sartzen denetik aurrera izanen ditu ondorioak mendekotasunaren aitorpenak.

11. artikulua. Mendekotasunaren aitorpena berrikustea.

1. Abenduaren 14ko 39/2006 Legean xedaturikoarekin bat, mendekotasun gradua edo maila gorabehera hauek gertatzean berrikusten ahalko da:

a) Mendekotasunak hobera edo okerrera egitean.

b) Diagnostikoan edo baremoaren aplikazioan akatsak jazotzean.

2. Prozedura interesdunak, haren ordezkariek edo Nafarroako Mendekotasun Agentziak ofizioz ekinik hasiko da.

3. Berrikusteko eskabidearekin batera horretan eragina izan dezaketen txosten edo agiri guztiak aurkeztuko dira.

4. Eginiko berrikuspenaren ondoriozko egoeraren balorazioak, hori interesdunaren aldekoa denean, hark eskaturik hasi diren kasuetan, berrikusteko eskabidea aurkezten denetik aurrera izanen ditu ondorioak eta ofizioz hasten denean mendekotasuna baloratzen denetik aurrera.

Gainerako kasuetan, berrikuspenak balorazio berria adierazten duen ebazpena eman eta biharamunetik aurrera izanen ditu ondorioak.

Hori ukatu gabe, aitorturiko prestazioen aldaketek, berreikuspenaren ondoriozkoek, berariazko arauak ezartzen direnetik aurrera izanen dituzte ondorioak.

IV. KAPITULUA

Banakakoaren Arreta Programa

12. artikulua. Banakakoaren Arreta Programa.

Banakakoaren Arreta Programak bere graduaren eta bere mailaren arabera mendekotasuna duen pertsonaren beharretara hobekien egokitzen diren esku-hartze modalitateak zehaztuko ditu, mendekotasuna konpontzeko aurreikusiriko zerbitzu eta prestazioen artetik, onuradunari galdeturik eta horrek edo horren ordezkariak proposatzen zaizkion aukerak hautaturik.

13. artikulua. Prozeduraren hastapena.

1. Mendekotasuna baloratu eta aitortzeko ebazpena eman eta gero, sistemako prestazioetarako eskubidea izanez gero, Nafarroako Mendekotasun Agentziak ofizioz ekinen dio eskatzailearendako Banakakoaren Arreta Programa prestatzeko prozedurari.

2. Halaber, eskatzaileak mendekotasuna aitorturik daukanean, bai lehenagoko egoera baloratzeagatik edo mendekotasuna homologazioaren bidez aitortzeko kasuetan egoteagatik, indarra duten arauetan eskatzen diren gainerako betebeharrak betetzen baditu, organo eskudunari eskatzen ahalko dio Banakakoaren Arreta Programa bat prestatu dezala. Horretan, norberaren egoerarekin eta mendekotasun maila eta graduarekin bat bere eskubideen xede diren prestazio edo zerbitzuak bilduko dira. Kasu horretan, eskatzaileak kasuan kasuko unitate administrazioak eskaturiko agiriak aurkeztu beharko ditu, foru dekretu honen 7. artikuluan xedaturikoarekin bat.

14. artikulua. Banakakoaren Arreta Programaren proposamena.

1. Banakakoaren Arreta Programaren hasiera bateko proposamena gizarte zerbitzu oinarrizkoak edo auzoko unitateak prestaturiko gizarte txostenean oinarrituko da. Horretan pertsonaren bizikideak eta haren bizilekuaren ezaugarriak adieraziko dira, haren bizi kalitatea mantendu edo hobetzeko prestazio eta sostenguak teknikoki baloraturik. Eskatzaileak edo haren legezko ordezkariak eta txostena eman duen gizarte langileak sinatuko dute proposamena, ados badaude.

2. Hasierako proposamen hori zerbitzuen edo prestazio bermatugabeen bidez osatzen ahalko da. Gorabehera hori gertatuz gero, espresuki adieraziko da.

3. Hasierako proposamena Nafarroako Mendekotasun Agentziako kasuan kasuko unitate administratibora igorriko du. Horrek behin betiko proposamena burutu eta organo eskudunera igorriko du, ebazpena eman dezan.

15. artikulua. Banakakoaren Arreta Programa onesteko ebazpena.

1. Nafarroako Mendekotasun Agentziako organo eskudunak, behin betiko proposamenean oinarriturik, Banakakoaren Arreta Programa onesteko ebazpen bat emanen du, aitorturik daukan mendekotasunaren arabera onuradunari dagozkion zerbitzu edo prestazioak bilduko dituena.

2. Ebazpena eman eta jakinarazteko epea hiru hilabetekoa izanen da mendekotasuna aitortzeko ebazpena jakinarazten denetik hasita edo, bidezkoa bada, Banakakoaren Arreta Programa prestatzeko eskaera tramitatzeko eskumena duen organoko erregistroan sartzen denetik hasita, 9.2 artikuluan xedatu bezala. Epe horretako lehenbiziko bi hilabeteetan, gizarte zerbitzu oinarrizkoak edo auzoko unitateak Banakakoaren Arreta Programaren hasierako proposamena aurkeztu beharko du.

16. artikulua. Banakakoaren Arreta Programaren berrikuspena.

Banakakoaren Arreta Programa kasu hauetan berrikusiko da:

a) Interesdunak edo haren ordezkariek eskaturik.

b) Nafarroako Mendekotasun Agentziak ofizioz ekinik, ebazpena emateko gorabeheren aldaketaren arabera.

c) Bizilekua Nafarroako Foru Komunitatetik kanpora eramateagatik.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Xedapen indargabetzaile bakarra. Arau eta agindu indargabetuak.

Indarrik gabe geldituko dira foru dekretu honetan ezarritakoari aurka egiten dioten maila bereko edo beheragoko arau guztiak. Partikularzki, apirilaren 6ko 126/1998 Foru Dekretua indargabetzen da, hirugarren adinekoen laguntza premia neurtzeko metodo ofiziala onesten duena.

AZKEN XEDAPENAK

Azken xedapenetan lehena. Garatzeko gaitasuna.

Ahalmena ematen zaio gizarte zerbitzuen arloan eskumena duen departamentuko titularrari foru dekretu honetan ezarritakoa garatzeko beharrezkoak diren xedapenak eman ditzan.

Azken xedapenetan bigarrena. Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2009ko urtarrilaren 19an.-Nafarroako Gobernuko lehenbiziko lehendakariordea, Javier Caballero Martínez.-Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilaria, María Isabel García Malo.

Iragarkiaren kodea: F0900893