138. ALDIZKARIA - 2009ko azaroaren 9a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

AURITZ

Ezkondu gabeko bikote egonkorren Aurizko Udalaren erregistroaren antolaketa eta funtzionamendua arautzen
dituen ordenantza. Behin betiko onespena

Indarra duten xedapenei jarraikiz, behin betikoz onetsi da Ezgaitasuna duten pertsonei aparkatzeko txartelak ematea arautzen duen ordenantza eta, beraz, argitara ematen da, biharamunean indarra har dezan; izan ere, 2009ko ekainaren 4ko bilkuran onetsi zen hasiera batean eta 2009ko 87. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu, uztailaren 15ean, eta jendaurrean egon den legezko epean inork ez du haren aurkako alegaziorik aurkeztu.

Auritzen, 2009ko urriaren 20an.-Alkatea, José Irigaray Gil.

ORDENANTZA, EZKONDU GABEKO BIKOTE EGONKORREN AURIZKO UDAL ERREGISTROAREN ANTOLAKETA ETA FUNTZIONAMENDUA ARAUTZEN DITUENA

1. artikulua. Ezkondu gabeko bikote egonkorren Aurizko Udaleko erregistroak administrazio izaera du eta bertan ezkontzaz kanpoko bizikidetasunezko elkartzeak, baita haien iraungitzea ere, inskribatzen ahal dira ordenantza honetan ezartzen den eran eta baldintzetan.

2. artikulua. Bikoteek, sexua kontuan izan gabe, erregistroan inskribatzeko eskatzen ahal dute, baldin eta haien adostasun libre eta osoarekin ezkontzaz kanpoko bizikidetasunezko elkartzea osatu badute.

Gutienez, elkartutako kide batek egon beharko du Aurizko Udalean erroldaturik, bertan bizi ohi delako.

Halaber, bi kideek zinpeko aitorpena aurkeztu beharko dute, ez daudela ezkonduak ezta inskribatuak ere ezkondu gabeko bikoteen bertze erregistro batean.

3. artikulua. Bikote bakoitzaren lehenbiziko inskripzioa egiteko, bi lagunek batera agertu beharko dute erregistroaz arduratzen den funtzionarioaren aurrera, haien artean ezkontzaz kanpoko bizikidetasunezko elkartzea osatzen dutela deklaratzeko.

Ez da inskripziorik eginen bikoteko bat burujabetu gabeko adingabea bada, edo lerro zuzenean odolkidetasunezko edo adopzio bidezko ahaide badira, nahiz alboko lerrotik bigarren maila bitarteko odolkidetasunezko ahaide badira.

Bikoteko batek akats edo anomalia psikikorik badu, orduan ere ez da inskripziorik eginen.

Halakoetan, medikuaren irizpena beharko du, ezkontzaz kanpoko bizikidetasunezko elkartzea osatzeko gaitasuna aitortzen diona.

Era berean, inskripzioa ukatuko da bikoteko bat ezkondua baldin bada edo ezkontzeko gaitasun gabea deklaratua bada.

4. artikulua. Lehenbiziko idazpena egitean, bikoteko kideek nahi dituzten argitasun guztiak agertarazten ahalko dituzte beren elkartzeari buruz.

Hitzez hitz idazten ahalko dira elkartutako kideen giza eta ondare harremanak arautzen dituzten hitzarmenak.

Aurreko lerroaldean aipatutako edukiak geroago ere inskribatzen ahalko dira, bikoteko bi kideak agertuta.

Nolanahi ere, elkartzea burutu edo iraungitzeko oharpenak egiteko, aski izanen da kide bakar batek hala eskatzea.

5. artikulua. Erregistroa Udalaren Idazkaritza orokorrean egonen da.

6. artikulua. Aitzineko artikuluetan aipatzen diren inskripzioak erregistratzeko, Liburu Orokorra erabiliko da.

Liburua orri mugigarri, zenbatu eta zigilatuez osatua egonen da, eta irekitzeko eta ixteko eginbideak paratuko dira hasieran eta bukaeran.

7. artikulua. Bikote bakoitzaren lehenbiziko inskripzioa izanen da bere oinarrizko inskripzioa, eta haren bazterrean jarriko dira geroago Liburu Orokorrean elkartze horri buruz egiten diren gainerako idazpen guztiak.

8. artikulua. Erregistroan Liburu Lagungarri bat ere izanen da, inskribatuen deituren arabera ordenaturik, eta bertan adieraziko da Liburu Orokorreko zein orrialdetan dauden inskribaturiko bikoteekin zerikusia duten idazpenak.

9. artikulua. Erregistroan inskribatutakoen intimitatea, norbanakoarena nahiz familiarena, babesteko ez zaio publizitaterik emanen idazpenen edukiari, salbu eta Erregistroaren arduradunak egiten dituen egiaztagiriak, bikoteko edozein kidek, epaileek edo auzitegiek hala eskatu ondotik.

10. artikulua. Egiten diren inskripzioak eta luzatzen diren ziurtagiriak doakoak izanen dira.

11. artikulua. Bikote egonkorren udal erregistroan inskribatzen diren ezkontzaz kanpoko bizikidetasunezko elkartze guztiek ezkontza bidezko elkartzeen tratamendu bera izanen dute Aurizko Udalean.

XEDAPEN GEHIGARRI BAKARRA

Ordenantza hau berrikusiko da, legeetan aldaketarik bada gai honen inguruan.

I. ERANSKINA

Aurizko Herriko Etxean, udal erroldaren bulegoan

................ egunean, honako hauek agertu gara:

Izena: ........, jaioterria: ............, helbidea (erroldakoa): ............, adinez nagusia (edo adingabe burujabea, horren agiria aurkezten baitu) NAN zenbakia: ...............

Izena: ........, jaioterria: ............, helbidea (erroldakoa): ............, adinez nagusia (edo adingabe burujabea, horren agiria aurkezten baitu) NAN zenbakia: ...............

Eta adierazten dugu:

"Ezkondu gabeko bikote egonkorren" Udal honen erregistroan inskriba gaitzatela nahi dugula, horri buruzko ordenantzaren arabera, eta horretarako,

Adierazten dugu:

Lehenbizikoa.-Aipatu ordenantzan aurreikusitako bizikidetasuna dela eta, gure helbidea honako hau izanen dela: ................... (oroitarazi behar zaio ................ jaun/andreari TAOLaren 15. artikuluari jarraikiz, erroldatu beharra duela ohiko bizilekuko udalerrian).

Bigarrena.-Ez gaudela gu biok ezkontzaren bidez lotuak, ez eta gutako inor bertze inorekin ere.

Hirugarrena.-Gure artean ez dagoela lerro zuzenean odolkidetasunezko edo adopzio bidezko ahaidetasunik, ezta alboko lerrotik bigarren maila bitarteko odolkidetasunezko ahaidetasunik ere.

Laugarrena.-Gutako inork ez duela akats edo anomalia psikikorik, ezta ezkontzeko inolako ezgaitasun aitorturik ere.

Borzgarrena.-Ez dugula nahi/nahi dugula Erregistroan jasotzea gure arteko giza nahiz ondare mailako harremanen gaineko hitzarmenak.

Seigarrena.-Baimena ematen dugula Aurizko Udal Erroldan datu hauek egiaztatzeko.

Eta zin egiten dugu gutako inor ez dagoela inskribatua ez Aurizko erregistroan, ez maila eta xede bereko inongo herritako erregistroan ere.

Horiek horrela,

Ezkondu gabeko bikote egonkorren Aurizko Udaleko Erregistroan inskribatu gaitzatela eskatzen dugu.

Sinatua: ................................ Sinatua: ...................................

II. ERANSKINA

Aurizko Herriko Etxean, ................ egunean, honako hauek agertu gara:

Izena: .....................................; NAN zenbakia: .............., eta

Izena: .....................................; NAN zenbakia: ...............

Eta Ezkondu gabeko bikote egonkorren Udal Erregistroaren antolaketa eta funtzionamendua arautzen dituen ordenantzan zehaztutakoarekin bat, adierazten dugu asmoa dugula gure arteko bikote egonkorra bukatutzat edo iraungitzat jotzeko, izan ere horrelaxe inskribatua dago aipatu Udal Erregistroan.

Horregatik guztiagatik, eskatzen dugu bukatutzat edo iraungitzat jo dadila aipatutako elkartzearen inskripzioa.

Iragarkiaren kodea: L0925148