138. ALDIZKARIA - 2009ko azaroaren 9a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

AURITZ

Udal ordenantza, Aurizko udalerriko armazoi eta
bertzelakoetako kanpo publizitatea arautzen duena

Indarra duten xedapenei jarraikiz, behin betikoz onetsi da eta, beraz, argitara ematen da Aurizko udalerriko armazoi eta bertzelakoetako kanpo publizitatea arautzen duen udal ordenantza, biharamunean indarra har dezan; izan ere, 2009ko abuztuaren 6ko bilkuran onetsi zen hasiera batean eta 2009ko 106. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu, abuztuaren 28an, eta jendaurrean egon den legezko epean inork ez du haren aurkako alegaziorik aurkeztu.

Auritzen, 2009ko urriaren 20an.-Alkatea, José Irigaray Gil.

AURIZKO UDALERRIKO ARMAZOI ETA BERTZELAKOETAKO KANPO PUBLIZITATEA ARAUTZEN DUEN UDAL ORDENANTZA

1.-Xedea.

Eremu publikotik agerian diren publizitateko instalazioek bete beharreko baldintzak ezartzea du xede kanpo publizitatea arautzen duen ordenantzak, horrelako elementu ugariek, batez ere tamaina handiko kartelek, paisaian duten eragin larria galaraztearren. Orobat, diziplina eta udal lizentzia eskuratzeko jarraitu beharreko prozedura.

Publizitateko karteldegi edo hesitzat hartuko dira hesi geometriko batez osaturiko instalazioak, beren baitan neurri normalizatuko elementu lauak dituztenak, material iraunkorrez eginak eta estetikoki egokiak, bertan publizitateko kartelak finkatzeko balio dutenak.

Publizitatetzat hartzen da jendearen artean jarduera politiko, sindikal, profesional, kultural, kirol arloko edo ekonomikoren bat edo kontsumorako produktu edo zerbitzuren bat ezagutarazteko egiten den guztia.

2.-Kokalekua.

Udalaren lizentziak zehaztutako tokian ezarriko dira publizitateko elementu lauak edo hesiak; honako leku hauetan, hain zuzen:

a) Orubeen barrenean, haietan eraiki ahal izan edo ez.

b) Eraikitzen edo zaharberritzen ari diren eraikinetan.

c) Eraikinen babes-hesietan edo aldamioetan, eraispen kasuan.

d) Mehelinetan, eraikuntza intentsiboko bi finka mugakideren kasuan, ez bazaie fatxada nagusiaren tratamendua ematen.

e) Erabilera publikoko hiri-lurzorua denean, Udalak erraten duen tokian.

f) Lurzoru urbanizagarrian eta urbanizaezinean.

g) Bide sarearen inguruan.

Eraikuntzari modu iraunkorrean lotutako guneak ixteko fatxada eta hormetan, bertan egiten diren industria jarduerak, merkataritzakoak edo zerbitzuetakoak aurkitzeko lagungarri diren errotuluen instalazioa baino ez da baimenduko.

3.-Debekuak.

Ez da baimenik emanen kasu eta toki hauetan publizitateko hesi edo errotuluak paratzeko:

a) Parke publiko baten sistema orokorrean edo lokalean.

b) Bereziki babestutako lurzoruan, bertan ematen diren zerbitzuen antolaketari lotutako publizitatea bakarrik ezartzen ahalko da.

c) "Elementu babestuak" izenez bereizitako hiriko guneetan.

d) Fatxada nagusiaren modu berean tratatzen diren eraikinen mehelinetan.

e) Fatxadetan, horman pintatutako publizitatea egiten ahalko da, eraikinaren barreneko jarduera baino ez bada iragartzen.

f) Erabilera publikoko eremuetan, ohiko iragaitza edo trafikoa zaildu edo galarazten denean edo bertze batzuei kalte egiten zaienean edo gogaitzen direnean, nahiz erabilera publikoko lorategiak, balio historiko artistikoko multzo edo eraikinak edo paisaia interesgarrien ikuspegiak galarazten direnean.

g) Guztiz debekatua dago publizitatea eta, oro har, kartelak edo pintaketak, Udalak aldez aurretik baimendu ez baditu.

h) Betiere, debekatua dago publizitateko hesi alokatuak paratzea udalerri guztian, hau da bertze batzuen iragarkiak paratzeko errentan hartzen direnak.

Debeku horietatik kanpo da lur horietako hiri altzarietan ezarritako publizitatea, baita Udalak erabilera publikoko eremuetan ezartzen dituen hesiak ere, Udalaren informazioa edo argibideak, edo gizarte eta kultura arlokoak eta abar emateko balio dutenak.

4.-Hesi eta errotuluen formatua eta ezaugarriak.

Publizitateko hesi eta errotuluen euskarriek, haien elementuek eta eusteko egiturek, eta haien itxura orokorrak, behar adina segurtasun eta kalitate baldintza bete beharko dituzte, apaingarri publiko izateaz gain. Euskarriak hesiaren egonkortasuna bermatu beharko du, baita baldintza atmosferiko txarrenetan ere.

5.-Udalaren lizentzia.

Beharrezkoa da aldez aurretik Udalaren lizentzia eskuratzea publizitateko kartel edo hesiak instalatu nahi badira, ordenantza honetan ezarritako baldintzak eta prozedura kontuan hartuz, eta titularrak beharturik daude ordenantza honen eranskinean ezarritako eskubide eta tasak ordaintzera.

Eskaeretan kokaera zehaztu beharko da, tokiaren planoa, forma eta neurriak, ezaugarriak eta publizitatearen edukia aurkeztuta.

6.-Eskatzailearen betebeharrak.

Udalaren lizentziaz gain, publizitatearen eskatzaileak edo sustatzaileak gainerako baimenen jabe izan beharko du.

Kartela ezin hobe eduki beharko du; bertzenaz, Aurizko Udalak kentzen ahalko du eta sortutako gastuak kobratuko ditu; gainera, kostu horien adinako zehapena ezarriko dio.

7.-Zehapen prozedura.

Udal lizentziarik izan gabe edo horretarako behar diren baldintzak edo ordenantza honetako aginduak bete gabe egiten den publizitateak edo instalazioak berarekin ekarriko du zehapen espedienteari hasiera ematea, kontuan hartuz egitate hori hirigintza arloko arau-haustea dela.

TARIFEN ERANSKINA

Aurizko Udalak urteko aurrekontuetan ezartzen duen tasa ordainduko da; 2007ko ekitaldirako 20 eurokoa izanen da jabetza partikularraren gainean ezarritako kartelaren m2 bakoitzeko.

Eremu publikoan edo Udalaren eremu publikoa osatzen duten bertze elementuetan ezarriz gero, tasa 40 eurokoa izanen da kartelaren m2 bakoitzeko.

Ez dute Udalaren tasarik ordainduko 1,50 m2-tik beheitiko kartelek, nonahi kokatuta daudela ere. Orobat, tasa hau ordaintzetik salbuetsita daude ibarreko kontzeju, mankomunitate eta partzuergoak, haien partaiteetako bat Udala bada, eta Nafarroako Gobernua.

Honen gainean Aurizko Udalak bertze erabakirik hartu ezean, diru kopuru horiek urtero eguneratuko dira, organo eskudun ofizialak Nafarroarako onesten duen KPIren arabera.

Auritzen, 2009ko abuztuaren 6an.-Alkatea, José Irigaray Gil.

Iragarkiaren kodea: L0925146