134. ALDIZKARIA - 2009ko urriaren 30a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

LAKUNTZA

Udal ordenantza, Kolunbarioen kontzesioaren prezio publikoak arautzen dituena. Behin betiko onespena

Lakuntzako Udalak, 2009ko urtarrilaren 8an egin osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batean onestea Kolunbarioen kontzesioaren prezio publikoak arautzen dituen udal ordenantza. Iragarkia 2009ko 39. Nafarroako Aldizkari Ofizialean eman zen argitara, apirilaren 1ean.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurreko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, ordenantza hori behin betiko onetsi eta osorik argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Lakuntzan, 2009ko urriaren 14an.-Alkatea, José Ramón Garin Lizarraga.

ORDENANTZA, KOLUNBARIOEN KONTZESIOAREN PREZIO PUBLIKOAK ARAUTZEN DITUENA

Oinarria

1. artikulua. Ordenantza hau honako lege testuen babespean ezarri da: Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 122. artikulua, urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Nafarroako Toki Entitateen Ondasunei buruzko Erregelamenduko 93-96 artikuluak, eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 28. artikulua eta hurrengoak.

Zergapeko egintza

2. artikulua. Zergapeko egintza da kolunbarioen esleipena edo kontzesioa egitea lurzoru publikoan.

Kontzesioa

3. artikulua. Kontzesioak eta errentamenduak honela ematen ahalko dira:

a) Pertsona fisiko bakar baten izenean.

b) Bi ezkontideren izenean, lehen eskuraketaren unean. Kontzesioak behar den tituluaren bidez egiaztatuko dira; udal administrazioak emanen du hura.

Kontzesioaren tituluetan honako hauek jasoko dira:

-Kolunbario zenbakiduna eta titularra identifikatzeko datuak.

-Kontzesiorako udal erabakiaren data eta horren epea.

Interesdunek aurretik eskatuta, Udalak osoko bilkuran emanen du hilobien kontzesioa, eskaeren ordenari jarraikiz.

Adinez nagusia bada, jende guztiak eskatzen ahal du hilobien kontzesioa.

Ez da inoiz epe mugarik gabeko kontzesiorik emanen, inola ere.

Kontzesioak 10 urte iraunen du; luzapenak eman ahal izanen dira, aldi berdinetan, gehienez ere 30 urte egin arte.

Ordaintzera behartuak

4. artikulua. Esleipen edo kontzesio hori eskatzen duen pertsona natural edo juridikoak ordaindu behar du prezioa.

Zenbatekoa

5. artikulua. Udalbatzak finkatuko du urtero ordenantza honen xedea den prezio publikoaren zenbatekoa, legeak kontzesio mota honetarako finkatzen duen denbora mugarekin.

Ordaintzeko beharra

6. artikulua. Prezio publikoa ordaindu beharra aprobetxamendua ematen denean sortzen da, edo aprobetxamendua hasten denetik, baimenik gabe hasten bada.

Azken xedapenak

Lehenbizikoa.-Ordenantza honetan ezarririk ez dagoen guztian Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea izanen da aplikatzekoa.

Bigarrena.-Ordenantza honek indarra hartuko du eta ondorio juridiko osoak sortuko ditu, testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoan.

I. ERANSKINA

2010erako prezioak

-Kolunbarioen erabileraren lagapena: (hondarrak eta/edo errautsak)

a) Kolunbarioaren erabileraren kontzesioa, 10 urtez: 120 euro.

b) Kolunbarioaren erabileraren 1. luzapena, 10 urtez: 120 euro.

c) Kolunbarioaren erabileraren 2. luzapena, 10 urtez (azkena): 120 euro.

Iragarkiaren kodea: L0924356