134. ALDIZKARIA - 2009ko urriaren 30a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

LAKAR

Kontzejuaren ordenantza, Lakarko bide publikoen eta finketako sarbideen erabilera arautzen duena. Behin betiko onespena

Lakarko Kontzejuko Batzarrak, 2009ko martxoaren 26ko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Lakarko Kontzejuko bide publikoen eta finketako sarbideen erabilera arautzen duen ordenantza. Onesteko erabakia 2009ko 53. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, maiatzaren 4an, eta jendaurreko epean aurkeztu diren alegazioak ebatzi dira; hortaz, ordenantza hori behin betikoz onetsi da eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen.

Lakarren, 2009ko abuztuaren 26an.-Kontzejuko burua, Juan Miguel Bugallo Eguaras.

KONTZEJUAREN ORDENANTZA, LAKARKO BIDE PUBLIKOEN
ETA FINKETAKO SARBIDEEN ERABILERA ARAUTZEN DUENA

1. artikulua. Xedea.

Lakarko mugapean, bide publikoetarako eta finketako sarbideetarako arauak ezartzea du xede ordenantza honek.

Araudi ezak eta bide publikoetan izandako gehiegikeriak eta erabilera txarrak ekarri dute erregulazioa; izan ere, Kontzejuaren betebeharra da haiek egoki zaintzea.

2. artikulua. Definizioak eta bide motak.

Bide publikoak dira jende, ibilgailu eta animalien joan-etorrietarako lur publikoak, baita haien inguruko eremuak ere, ura garraiatzeko edo bertze xedeetarako erabiltzen direnak, hala nola, aparkaleku eta abarretarako, landalurrean.

Ordenantza honi dagokionez, honela sailkatzen dira bide publikoak:

a) Lurzatien berrantolamenduko bideak: lurzatiak berrantolatzeko prozesuen ondorioz sortzen direnak; harea eta legar trinkotuaz eginak izateaz gain, dagokien planimetrian agertzen dira.

b) Gainerako bideak: Kontzejuko bertze bideak, zolan lurra dutenak eta planimetrian agertzen direnak, baita lurzatiak berrantolatzeko prozesuetan sartu ez direnak, edo sartuak izanik aurrera eraman ez direnak.

c) Mendiko bideak: arboladietara edo larreetara iristeko sarbideak, haiek zaindu, kontserbatu eta ustiatzeko direnak.

3. artikulua. Aplikazio eremua.

Ordenantza hau Lakarko Kontzejuaren mugapeko bide publiko guztietan aplikatuko da, baita areka eta gainerako azpiegituretan ere, ibilgailuak bideetan ibiltzeko behar badira.

4. artikulua. Erabilera baimenduak.

Bideak erabil daitezke udalerrian dauden nekazaritza, abeltzaintza, basogintza, industria edo aisiako jarduera guztietarako; betiere, ordenantza honetan ezarritako mugekin.

Behar diren mugak ezartzen ahal zaizkio ibilgailu motordunen pisuari; batez ere, lurzoruaren egoera, ur bideen gaineko pasabideak eta drainatzeko azpiegiturak kontuan hartuta. Kasu bakoitzean, gehieneko tona kopuru bat ezarriko da.

Hezetasunagatik eta lurzoruaren egoeragatik, bideak zer urte sasoitan erabili mugatu daiteke, ez daitezen hondoratu eta desegin.

5. artikulua. Erabilera debekatuak.

Lakarko bide publikoen azpiegituretan, erabilera hauek espresuki debeku dira:

a) Bideetan ibiltzen diren ibilgailuen pisuari edo tamainari ezarritako mugak gainditzea.

b) Areka eta bideak lantzea.

c) Lurzatiak lantzen direnean, nekazaritzako makineriarekin bidera ateratzea itzulia egitera, horretarako espresuki ezarritako tokitik ez bada.

d) Ezpondak hondar-hondarreraino lantzea, lubetaren lurra erauzita. Gutxienez, 30 zentimetro utzi beharko dira ezpondatik.

e) Arbolak landatzea edo finken itxiturak egitea, bidearen kanpoko ertzetik hiru metroko zortasun eremua gorde gabe, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 112.2 artikuluan xedatuarekin bat.

f) Lasto metak eratzea areketatik, finken sarreretatik eta bideetatik 5 metro baino gutxiagora. Haiek egiteko, Kontzejuaren baimena beharko da. Fardelak bide hurbilenetik perperdikularrean jarriko dira, nahitaez.

g) Harriak eta nekazaritzako hondakinak (lastoa etab.) botatzea bide, areka eta erretenetara.

h) Bideetako areka eta hustubideak betetzea edo haietara lurra botatzea, haietatik hurbil nekazaritzako lanak egitean edo finkan sartzean.

i) Debeku da nekazaritzako lurzatietako euri-uren azaleko saneamenduak bertze bide edo lurzatietako sarbideetara ateratzea, zuzenean erretenetara eraman behar baitira.

j) Hodiak tapatzea, areka gaineko pasabideak barne.

k) Nekazaritzako hondakinak (lastoa, etab.) bide, areka edo erretenetan erretzea.

l) Lanabesak edo bertze edozein makineria garraiatzea, bideetako zolaren kaltetan bada.

m) Kontzejuko bide publikoetan jende, ibilgailu eta abarren joan-etorria erabat edo parte batean trabatzea.

ñ) Espresuki debekaturik gelditzen dira lehiaketak eta lasterketak, bai eta paseoan dabiltzanentzat, txirrindularientzat, etxeko animalientzat eta basa-faunarentzat arriskugarri gerta daitezkeen gidatzeko manera muturreko guztiak. Salbuespen gisara, Kontzejuak baimena ematen ahalko du taldean antolatzen diren ibilgailu motordunen lehiaketa ofizialak eta jarduera turistikoak egiteko.

o) Lasto fardelen zamalanak bidetik egitea, lurzatiaren barrenean egin behar baitira.

p) Sarbideak egitea finketara, Kontzejuaren baimenik gabe.

Euri bortitzeko egunetan komeni da bideak ahalik eta gutxiena erabiltzea.

Debekatutako erabilera horietako edozeinen ondorioz Kontzejuari sortzen zaion gastua arau-hausleari egotziko zaio.

6. artikulua. Mugapen eta debekuen salbuespenak.

Kontzejuak salbuespenak ezartzen ahalko ditu, interes publikoa tartean denean.

7. artikulua. Baimenak.

Bide publikoetan, areketan edo lurzatietako sarbideetan edozein jarduera egin gogo duenak baimena eskatu beharko dio Kontzejuari.

Kasu bakoitzean, eta jarduera, bideak erabiltzeko urte sasoia, baimendu behar diren ibilgailuak, etab. nolakoak diren, Kontzejuak egoki iruditzen zaizkion mugapenak eta fidantza osagarriak ezarriko ditu.

8. artikulua. Baimenak ematea.

Eskabideak ikusita, Kontzejuak onartu edo ukatu eginen du baimena, erabili beharreko bideetan sortzen ahal diren arriskuen arabera.

Baimenak urtebete iraunen du, salbu eta lan publiko baten esleipenaldirako eskatzen bada.

Baimen guztiek fidantza edo abal bat jartzera behartuko dute; Kontzejuak bideen gain zenbatesten duen arriskuaren arabera kalkulatuko du, eta itzuliko da, hasierako egoera berreskuratuta, bidea kalterik gabe dela egiaztatzen denean.

9. artikulua. Erabiltzaileen betebeharrak.

Hauek dira finken erabiltzaile eta/edo jabeen betebeharrak:

a) Finketara sartzeko areka gaineko pasabideak jarri, aldatu edo handitzeko, Kontzejuari eskatu eta baimena eskuratu beharko da eta obrarako lizentzia ere izan beharko da. Eragiketa horiek partikularraren kontura eginen dira; hormigoizko hodiak jarriko dira, 50 cm-ko diametrokoak, gutienez; ahoak hormigoiz hartu beharko dira. Lurzatietako sarbideak zenbateko zama jasoko duten kontuan izanda eginen dira, eta 6 metro zabal izanen dira, gutienez. Jabeak, sarbidea egindakoan, Kontzejuari jakinaraziko dio, ikuskatu eta oniritzia eman diezaion.

Finketara sartzeko areka gaineko pasabideak urari igarotzea galarazten badio eta bidea hondatzen badu, lurzatiaren jabeak edo baimenaren eskatzaileak sarbidea egokitu beharko du eta bidea bere kontura konpondu.

Ordenantza honek indarra hartu aurretik egindako finketako sarbideak hari egokitu beharko zaizkio, Kontzejuak, bideak hobetu edo zaintzearren, eskatuz gero.

Kontzejuaren baimenik gabe eta arau honen aurka areka gaineko pasabidea eginez gero, ohartaraziko da 15 eguneko epean legeztatu dadin. Ez bada epe horretan legeztatzen, Kontzejuak desegiteko aginduko du eta gastuak partikularrari egotziko zaizkio.

b) Areka gaineko pasabideak eta finketako arekak garbi mantentzea, ura aise pasa dadin. Edozein inguruabar dela-eta, areka edo erretenak betetzen edo zikintzen badira, finkaren jabeak eta/edo erabiltzaileak izanen du haiek garbitzeko ardura, eta zehapena ezarriko da hala egin ezean. Erabiltzaileak edo jabeak ez badu garbitzen, Kontzejuak eginen du eta gastuak arau-hausleari egotziko dizkio.

c) Oro har, bide guztietan barna ibiltzeko, gehieneko abiadura 30 kilometro/ordua da, hiru ardatzeko edo gehiagoko ibilgailuendako, eta 40 kilometro/ordua, gainerako ibilgailuendako. Nolanahi ere, abiadura behar adina mantsotu beharko da tarte maldatsu eta arriskutsuetan, ibilgailu bereziak, ibilgailu motelak eta animalia taldeak hurbiltzen direnean, eta aske dabilen aziendaren eta oinezkoen ondoan, istripurik eta trabarik izan ez dadin, are gehiago idorraldietan, hautsa metatzen baita, bideetako goiko geruza desagertu ez dadin. Bide horietan ezartzen diren trafiko seinaleak errespetatuko dira beti.

Kontzejuak bertze muga batzuk ezartzen ahalko ditu, eguraldia, bidearen egoera eta abar kontuan hartuta.

d) Bide bat konpondu, moldatu edo egokitu ondoan, bide publiko horretatik beren lurzatietako sarbide desegokiak dauzkaten edo sarbide horiek trabaturik edo hautsirik dituzten jabe guztiek hilabeteko epea izanen dute haiek konpontzeko.

10. artikulua. Arau-hausteak.

Arau-hausteak dira, indarrean diren xedapenetan ezarritakoez gain, ordenantza honetan xedatutakoa ez betetzea, Kontzejuak edo Kontzejuko buruak idatziz edo bandoen bitartez agindutakoa ez betetzea, eta ordenantza honetan ezarritako baimenak ez eskatzea.

Arau-hausteak arinak edo larriak izan daitezke.

Arau-hauste arina izanen da: ordenantza honetan xedatutakoaren aurkako ekintza edo omisioak, baita Kontzejuak edo Kontzejuko buruak idatziz edo bandoen bitartez agindutakoaren kontrakoak ere, eta ordenantza honetan aurreikusitako baimenak ez eskatzea.

Arau-hauste larria izanen da: ordenantza honetan xedatutakoa urratzeaz gain, pertsonei edota ondasunei ondorio ekonomiko txarrak ekartzen dizkien edozein ekintza edo omisio.

Beraz, bertzeak bertze, arau-hauste larritzat hartuko da bide baten ezaugarriak aldatzea, haren planimetrian agertzen direnak, alegia.

Halaber, arau-hauste larritzat hartuko da pertsona batek edo nekazaritza nahiz abeltzaintzako ustiategi bateko zein enpresa bateko kideek hiru arau-hauste arin egitea bi urteko epean.

11. artikulua. Zehapenak.

Arau-hausteek isuna izanen dute zehapen; hura 300,00 euro izanen da gehienez ere, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legearen 52. artikuluan ezarritakoaren arabera.

Zehapenak ezartzea eragindako kalte-galeren ordainetik aparte izanen da, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 117. artikuluan ezarriari jarraituz.

Isunen dirua eta kalte-ordainak biltzeko, premiamendu bideari ekinen zaio borondatez ordaintzen ez bada.

Zehapen espedienteak ofizioz irekiko dituzte bai Kontzejuko Batzarreko kideek bai goragoko agintariek bai salaketa bidez. Izendatutako udalkideek, arau-haustea egiaztatutakoan, salaketa-orri bat jaulkiko dute eta hasiera emanen zaio zehapen espedienteari. Kontzejuak batzarrean izendatzen ahal du nork hartuko dituen eginkizun horiek bere gain, aldi baterako edo betiko.

AZKEN XEDAPENAK

Lehena.-Ordenantza honetan ezarri ez den orotan, indarrean diren xedapenetan ezarritakoa aplikatuko da. Ordenantza honen interpretazioaz sor daitezkeen zalantzak Kontzejuak argituko ditu.

Bigarrena.-Ordenantza honek indarra hartuko du eta ondorio juridiko osoak sortuko ditu, testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoan.

Aditzera ematen da, orok jakin dezan.

Iragarkiaren kodea: L0924345