134. ALDIZKARIA - 2009ko urriaren 30a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

URDAZUBI

Urdazubiko Udalaren kontribuzio bereziak arautzen dituen ordenantza fiskala. Behin betiko onespena

Urdazubiko Udalak, 2009ko martxoaren 20an egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Urdazubiko Udalaren kontribuzio bereziak arautzen dituen udal ordenantza (2009ko 50. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, apirilaren 27an).

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurreko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, 2009ko ekainaren 19an egin bilkuraren ondorioz, ordenantza hori behin betiko onetsi da eta osorik argitaratzeko agindu, behar diren ondorioak izan ditzan.

Urdazubin, 2009ko uztailaren 6an.-Alkatea, Santiago Villares Otheguy.

ORDENANTZA FISKALA, URDAZUBIKO UDALAREN KONTRIBUZIO BEREZIAK ARAUTZEN DITUENA

1. Ordenantza

Oinarria

1. artikulua. Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen lehenbiziko tituluko IV. kapituluko 8. ataleko 109tik 120ra bitarteko artikuluetan, biak barne, xedatutakoaren babesean ezarri da ordainarazpen hau.

Zergapeko egintza

2. artikulua. Honako hau da kontribuzio berezien zergapeko egintza: subjektu pasiboak onura bat edo bere ondasunen balio gehitze bat erdiestea Urdazubiko Udalak herri lanak egitearen ondorioz edo zerbitzu publikoak ezarri edo handitzearen ondorioz.

3. artikulua. 1) Honakoak hartuko dira Udalaren obra eta zerbitzutzat:

a) Udalak bere eskumenen esparruan esleitu zaizkion eginkizunak betetzeko egiten dituenak, salbu eta bere ondareko ondasunen jabe titular gisa egiten dituenak.

b) Udalak beste entitate publikoren batek esleitu edo eskuordetuta egiten dituenak eta legeari jarraikiz titulartasuna bere gain hartuta egiten dituenak.

c) Udalak diru laguntza emanik beste entitate publikoren batek edo haien kontzesiodunek egiten dituztenak.

2) Aurreko zenbakiko a) letran sartzen direnak Udalaren esparruko lan edo zerbitzutzat joko dira nahiz eta haien egileak izan kapital soziala osorik Udalarena duten erakunde autonomo edo merkataritza elkarteak, edo Udalak diru-laguntza emandako kontzesiodunak edo zergadunen administrazio elkarteak.

4. artikulua. Zein obra edo zerbitzutarako biltzen diren kontribuzio bereziak, haien gastuak ordaintzeko bakarrik erabiltzen ahal dira.

Salbuespenak

5. artikulua. Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen seigarren xedapen gehigarriaren ondorioz, mankomunitateak eta batasunak, baita horiek beren xedeak garatzeko sortutako entitate juridikoak eta administrazio barrutiak ere, kontribuzio berezietatik salbuetsirik egonen dira.

Subjektu pasiboa

6. artikulua. 1) Unitate ekonomikoa edo ondare banatua osatzen duten pertsona fisikoak zein juridikoak eta nortasun juridikorik gabeko entitateak dira kontribuzio berezien subjektu pasiboak, haiek ordaintzera behartuak, obrak egiteagatik edo Udalaren zerbitzuak ezarri edo handitzeagatik onura berezia jasotzen badute.

2) Onura berezien hartzailetzat jotzen dira:

a) Kontribuzio berezia delarik ondasun higiezinak ukitzen dituzten obrak egiteagatik edo zerbitzuak ezarri edo handitzeagatik, haien jabeak.

b) Kontribuzio berezia delarik enpresa ustiapenen ondorioz obrak egiteagatik edo zerbitzuak ezarri edo handitzeagatik, haien titular diren pertsona edo entitateak.

c) Kontribuzio berezia delarik su-itzaltze zerbitzuak handitu edo hobetzeagatik, ukitutako ondasunen jabeak eta, gainera, arlo horretan udalerrian diharduten aseguru konpainiak.

d) Kontribuzio berezia delarik lurpeko galeriak egiteagatik, haiek erabili behar dituzten hornidura enpresak.

3) Jabetza horizontaleko kasuetan, jabeen komunitateko ordezkaritzak udal administrazioari emanen dizkio jabekideen izenak eta komunitate horretan bakoitzak duen parte hartzearen koefizientea, banako kuotak igor ditzan. Horrela egiten ez bada, kuota bakarra igortzea onartzen dela ulertuko da, eta komunitateak berak eginen duela banaketa.

Zerga-oinarria

7. artikulua. 1) Gehienez ere, obrak egiteagatik edo zerbitzuak ezarri edo handitzeagatik Udalak pairatzen duen kostuaren %90k osatuko du kontribuzio berezien zerga oinarria. Udalak, ordenatzeko erabakia hartzean, kasu bakoitzean aplikatu beharreko portzentajea finkatuko du.

2) Kostu hori honako kontzeptu hauek osatuko dute:

a) Peritu lan, proiektu prestatze eta obra zuzentze, plan eta egitarau teknikoen kostu benetakoa.

b) Egin beharreko obren edo zerbitzuak ezarri edo handitzeko lanen zenbatekoa.

c) Lan edo zerbitzuek etenik gabe okupatu behar dituzten lurren balioa, non eta erabilera publikoko ondasunak ez diren, edo Udalari dohainik eta nahitaez emandako lurrena edo Estatuak nahiz Nafarroako Foru Komunitateak Udalari emandako eraikinena.

d) Eraikinak lurreratu eta laborantzak, obrak edo instalazioak desegiteagatik ordaindu behar diren kalte-ordainak, baita lurreratu edo okupatu beharreko ondasunen errentariei dagozkienak ere.

e) Zerbitzu eta obretan inbertitu den kapitalaren korritua, Udalak kreditura jo behar duenean kontribuzio bereziek ez dutelako kostu osoa berdintzen edo, berdinduta ere, kontribuzioak orokorki zatikaturik daudelako.

3) Obra edo zerbitzuetarako aurrekontuak jarritako kostu osoa aurreikuspen hutsa izanen da. Benetako kostua handiagoa edo txikiagoa izatera, hura hartuko da dagokion kuota kalkulatzeko.

4) Obra edo zerbitzuak direlarik 3.1 artikuluko c) letrak aipatzen dituenetakoak, edo artikulu horrexetako 2) zenbakiak aipatzen dituenetakoak, Udalak diru-laguntza emanda kontzesiodunek egindakoa alegia, kontribuzio berezien zerga-oinarria finkatzeko, diru-laguntza horien zenbatekoa hartuko da kontuan; horrek ez du galarazten beste administrazio publikoek lan edo zerbitzu horrexengatik ezar ditzaketenak. Nolanahi ere, artikulu honen lehen zenbakiak aipatzen duen muga begiratuko da, %90 alegia.

5) Zerga-oinarria finkatzeko, honako hau izanen da udal administrazioak bere gain hartutako kostua: osotarako kostuaren zifrari udal administrazioak erdiesten dituen diru-laguntzak kenduz ateratzen den zenbatekoa.

6) Diru-laguntza edo laguntza hori kontribuzio bereziaren subjektu pasibo batek emana bada, haren zenbatekoak pertsona edo entitate horren kuota konpentsatzea izanen du lehen helburua. Diru-laguntzaren edo laguntzaren zenbatekoak kuotari gainez egiten badio, gaindikina, hainbana partiturik, bertze subjektu pasiboen kuotak gutxitzeko erabiliko da.

Kuota

8. artikulua. Kontribuzio berezien zerga-oinarria subjektu pasiboen artean banatuko da, obra eta zerbitzuak zer motatakoak eta nolakoak diren kontuan hartuz eta arau hauei jarraikiz:

a) Kasu guztietarako, batera nahiz bereiz, banaketa modulutzat ezarriko dira eraikinen fatxadako metro linealak, haien azalera, haien bolumen eraikigarria eta lurraren gaineko kontribuziorako duten katastroko balioa.

b) Su-itzaltze zerbitzua ezarri, handitu edo hobetu beharra delarik, udalerrian dauden ondasunengatik arriskua estaltzen duten entitate edo sozietateen artean eginen da banaketa, aurre-aurreko urtean bildutako primen zenbatekoaren proportzioan egin ere. Subjektu pasibo bakoitzari eskatuko zaion kuota baldin bada berak bildutako primen %5 baino gehiagokoa, gaindikina hurrengo ekitaldietara pasako da, erabat amortizatu arte.

c) Ordenantza honetako 5. artikuluko 2. zenbakiko d) atalean aipatzen diren obren kasuan, haiek erabili behar dituzten konpainia edo enpresen artean banatuko da kontribuzio bereziaren zenbateko osoa, bakoitzari erreserbatzen zaion espazioaren arabera edo haien osotarako sailarekiko proportzioan, nahiz eta berehala erabiltzekoak ez izan.

9. artikulua. Lege edo hitzarmen nazioartekoek onura fiskalak ematen badituzte, onuradunei egokitzen zaizkien kuotak ez dira banatuko beste zergadunen artean.

10. artikulua. Ordaindu beharreko kuota finkatu delarik, Udalbatzak zilegi izanen du, subjektu pasiboak hala eskatuta, kuota zatikatu edo gerokotu dadin agintzea gehienez bost urtez.

Tributuaren sorrarazpena

11. artikulua. 1) Obrak egiten diren unean berean gertatzen da kontribuzio berezien sorrarazpena, edo zerbitzua ematen hasten denean. Obrak zatikatzea zilegi baldin bada, tarte edo zatiki bakoitza burutu denetik izanen da sorrarazpena subjektu pasibo bakoitzarentzat.

2) Aurreko zenbakian xedatu dena ukatu gabe, ezartzeko eta ordenatzeko erabaki zehatza hartu delarik, Udalak zilegi izanen du eskatzea aurrez ordain daitezela kontribuzio bereziak, hurrengo urterako aurreikusten den kostuaren arabera. Aurrerakina zer obratarako eskatu zen, hura burutu ez bada ez da zilegi izanen bertze urtealdi bat aurreratzeko eskatzea.

3) Kontribuzio bereziak sorrarazteko unea kontuan hartuko da ordaintzera nor beharturik dagoen finkatzeko 5. artikuluaren arabera, nahiz eta ordenatzeko erabaki zehatzean beste subjektu pasibo bat agertu, hura onetsi zen datan hala zena alegia, eta kuoten ordainketa berak aurreratu bazuen ere, artikulu honetako 2. zenbakiak xedatzen duenarekin bat. Ordenatzeko erabaki zehatzean subjektu pasibo gisa ageri den pertsonak jakinaren gainean egon eta ezarpena sortzen duten ondasun edo ustiapenen gainean dituen eskubideak eskualdatzen baditu, erabaki hori onestetik hasi eta sorrarazpena gertatu arteko epean, egin den eskualdatzearen berri eman beharko dio Udalari eskualdatzearen datatik hasi eta hilabeteko epean, eta hala egiten ez badu, administrazio horrek zilegi izanen du espedientean subjektu pasibo gisa ageri zenaren kontra jotzea kobratzeko ekintza.

4) Obrak osorik nahiz partez bururatu direlarik, edo zerbitzua ematen hasi delarik, subjektu pasiboak, oinarria eta kuota indibidualizatu behin betikoak seinalatuko dira, bidezko likidazioak igorriko eta aurreratuta egon litezkeen ordainketak konturako entrega gisa konpentsatuko. Udalak eginen du behin betiko seinalamendu hori, zein obra edo zerbitzutarako antolatzen den tributua, hartarako erabakiaren arauei jarraituz.

5) Ordainketa aurreratuak tributua sortu zen egunean subjektu pasibo ez diren pertsonek egin badituzte, edo berez tokatzen zaien kuota indibidual behin betikoaz goiti egiten badute, udal administrazioak bere kabuz eginen du behar den itzulketa.

Ezarpena eta ordenazioa

12. artikulua. 1) Kontribuzio bereziak ordainarazteko, kasu bakoitzean hura ezartzeko erabaki hartu beharko da aldez aurretik.

2) Ez da zilegi izanen kontribuzio berezien bidez ordaindu beharreko obra bat egiteari edo zerbitzu bat ezarri nahiz handitzeari buruzko erabakia betetzea, harik eta kontribuzio berezien ordenazio zehatza onesten ez den arte.

3) Ordenatzeko erabakia nahitaez hartu beharrekoa izanen da eta obra eta zerbitzuen kostu zenbatetsia finkatu beharko du, baita onuradunen artean banatu beharreko zenbatekoa eta banaketa irizpideak ere. Ordenatzeko erabaki zehatzak ordenantza honi eginen dio aipua.

4) Behin kontribuzio bereziak ordenatzeko erabaki zehatza hartu delarik eta ordaindu beharreko kuotak finkatu, subjektu pasibo bakoitzari emanen zaizkio aditzera kuota horiek, baldin subjektua edo bere helbidea ezagunak badira, eta, bertzenaz, ediktu bidez. interesdunek zilegi izanen dute errekurtsoa aurkeztea, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen Bederatzigarren Tituluko II. Kapituluak aurreikusten duen moduan.

13. artikulua. 1) Udalaren eskumeneko obrak eta zerbitzuak Udalak beste toki entitate baten laguntzarekin egiten dituenean, eta baldin kontribuzio bereziak ezartzen badira foru arauetan xedatzen denaren arabera, obra egitea edo zerbitzuak ezartzea bere gain hartzen duen entitatea arduratuko da kontribuzio horiek kudeatu eta biltzeaz, nahiz horrek ez duen galarazten entitate bakoitzak dagokion eskumena atxikitzea, ezartzeko eta ordenatzeko erabakiei dagokienez.

2) Entitate horietako batek onesten ez badu ordenatzeko erabaki zehatza, jarduketa unitatea baliogabetuko da eta haietako bakoitzak bakarka hartuko ditu behar diren erabakiak.

Herritarren lankidetza

14. artikulua. 1) Lanek ukitutako jabe edo titularrek zergadunen elkarte administratiboa sortzen ahal dute, Udalak lanak egin edo zerbitzuak paratu edo handitu ditzan sustatzeko, konpromisoa hartuz, lana edo zerbitzua zein izan, dagokien zatia ordaintzeaz gain, hari dagokion zatia ere ordaintzeko, Udalaren finantza egoera larria denean.

2) Orobat, Udalak sustatutako lanak egitean edo zerbitzuak ezartzean edo handitzean, ukituriko jabe edo titularrek zergadunen elkarte administratiboak sortzen ahal dituzte, kontribuzioak ordenatzeko erabakia jendaurrean egon artean, Udalak aurretik erabakita eginen den lanean edo zerbitzuan parte hartzeko.

3) Zergadunen elkarteen funtzionamendu eta eskumenak haien estatutuetan xedatzen direnak izanen dira. Estatutuak Udalak onetsi beharko ditu. Nolanahi dela ere, zergadunen elkarteak erabateko gehiengoaz hartzen dituen erabakiak, ukitutako jabetzaren bi herenak biltzen baldin badituzte, lotesleak izanen dira gainerakoentzat. Elkarteak, behar den quoruma bildurik, zuzendaritza batzordea izendatzen baldin badu, horrek hartutako erabakiak lotesleak izanen dira interesdun guztientzat.

15. artikulua. Aurreko artikuluak aipatzen dituen zergadunen elkarte administratiboak sortu ahal izateko, ukitutakoen erabateko gehiengoaz hartu beharko da erabakia; betiere, ordaindu beharreko kuoten bi herenak biltzen baldin badira edo, kuotak zehaztu gabe izanez gero, ukitutako jabetzaren bi herenak.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa.-Ordenantza honetan jasotzen ez den orotan, toki entitate honek onetsitako Ordenantza fiskal orokorra eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea aplikatuko dira.

Bigarrena.-Ordenantza honek indarra hartuko du eta ondorio juridiko osoak sortuko, bere testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoan.

Iragarkiaren kodea: L0924741