13. ALDIZKARIA - 2009ko urtarrilaren 30a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

LEITZA

Ordenantza behin betiko onetsirik

Leitzako Udalak, 2008ko urriaren 31n egindako osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Leitzako Udalak ur banaketa eta saneamendua emateko eta hauei loturiko gaineko zerbitzuen tasak arautzen dituen ordenantza fiskala.

Erabaki hau azaroaren 21ean argitaratu zen, 2008ko 142. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean.

Jendaurrean egoteko epea iragandakoan eta inork erreklamazio, kexa edo oharrik aurkeztu ez duenez, behin betikoz onetsirik gelditu da aipatu ordenantza, hori guztia Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325 c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legean eman dion idazketaren arabera.

Leitza, 2009ko ilbeltzaren 7an.-Alkatea, Javier Zabalo Betelu.

ORDENANTZA FISKALA, LEITZAKO UDALAK UR BANAKETA ETA SANEAMENDUA EMATEKO ETA HAUEI LOTURIKO GAINEKO ZERBITZUEN TASAK ARAUTZEN DITUENA

I. Kapitulua. Oinarria.

1. artikulua. Ordenantza fiskal hau Nafarroako toki entitateei aplikagarri zaien araudi fiskalak ematen dizkien ahalmenen babesean eta beraiekin bat ezarri da.

II. Kapitulua. Ordainarazpenaren izaera.

2. artikulua. Ordenantza honen xede diren tasak edateko uraren hornidura eta uren saneamenduaren zerbitzuan oinarritzen dira, bai eta horrekin zerikusia duten gainerako zerbitzuetan ere.

III. Kapitulua. Aplikazio eremua.

3. artikulua. Ordenantza hau Leitzako herriaren udal mugape osoan aplikatuko da.

Aipatutako lur eremuaz gain, ordenantza hau aplikatuko zaie Leitzako Udalak egin eta ordenantza honek arautzen dituen zerbitzuak erabiltzen dituzten pertsona fisiko edo juridiko guztiei, zerbitzua non egiten den kontuan hartu gabe.

IV. Kapitulua. Zergapeko egitatea.

4. artikulua. Zergapeko egitatea, ezartzen diren tasetarako, ondotik aipatzen diren inguruabarrek dakarte:

a) Edateko ur horniduraren zerbitzua izatea eta horren mantenimendua, hau da, hornidura kontratatu zen lekuan edateko ura berehala izateko aukera.

b) Saneamenduaren zerbitzua izatea eta horren mantenimendua, hau da, hornitutako leku batean hondakin edo soberakin urak berehala husteko aukera, Udalaren saneamendu sarearen bitartez.

c) Udalak ematen duen edateko ura izatea eta erabiltzea. Tasa aldatzeko aukera izanen da, emandako urak zer erabilpen edo xede duen kontuan harturik.

d) Saneamendu zerbitzua egiazki erabiltzea.

e) Edateko uraren eta saneamenduaren zerbitzuari hartune edo lotunea egitea edo haren aldaketa egitea.

Hartuneko obra egitea eta kostua ordaintzea eskatzailearen kontura izanen dira. Udalak ematen duen zerbitzua, tasa honen zergapeko egitatea sortzen duena, alegia, izanen da obra alderdi teknikotik gainbegiratzea eta dagokion konpentsazioa egitea, etxebizitza nahiz lokalentzako zerbitzua gauzatzeko egin behar dituen inbertsio orokorretan.

f) Erabiltzaileak eskatutako ikuskapen-lanak. Honen barrenean daude Udalak, abonatuak hala eskatuta, egin beharreko ikuskapen-lan guztiak, hala nola kontagailuen funtzionamendua egokia dela egiaztatzea, ustez oker egindako irakurketak berrikustea, eta antzeko beste lan batzuk, ikuskapena egin ondotik erabakitzen bada erabiltzaileak ez duela behar bezalako arrazoirik izan ikuskapena eskatzeko.

g) Mantentze lanetako taldeek edo administrazio nahiz obretako langileek egindako joan-etorriak, honako kasu hauetan:

g-1) Joan-etorria egiten denean erabiltzaile batek hala eskatuta, partikularraren instalazioari dagozkion matxurak konpontzeko.

g-2) Interesatuaren eskaerak sortua denean, sare orokorretik hornidura mozteko, instalazio partikularretan obrak edo konponketak egiteko xedez.

g-3) Interesatuak eskatuta edo ofizioz egiten denean, erabiltzaile bati hornidura mozteko, Udalarekiko beharkizunak ez betetzeagatik.

h) Zerbitzuaren erregelamenduan eta ordenantza teknikoetan ezarritako arauak betetzen ote diren frogatzeko ikuskapen-lanak, arau-hausteren bat gertatzen denean.

V. Kapitulua. Subjektu pasiboak.

5. artikulua 1. Zergadun diren aldetik, ordainarazpen honen subjektu pasiboak dira pertsona fisiko eta juridikoak eta izaera juridikorik gabeko entitateak, unitate ekonomiko bat izan edo ondare bereizia eduki eta edateko uraren etxeko hornidura zerbitzua eta saneamendukoa eskatu dutenak edo hartaz baliatzen direnak.

Kasuan kasuko etxeko jabeak hartuko dira zergadunaren ordezkotzat. Horiek onuradunei kobratu ahalko dizkiete kuotak, hala bada.

Azkenik, j) atalak aipatzen dituen jarduketetarako, arau-haustea egin edo horren onura ateratzen duen pertsona natural edo juridikoak izanen du ordaindu beharra.

2. Zergadunaren ordezkoak izanen dira zerbitzuaren xede diren finka edo higiezinen jabeak. Hauek, dagozkien onuradunei jasanarazi ahalko dizkiete kuotak.

Ustiapen edota ekonomia-jardueraren titulartasunaz jabetu nahi duenak, aldez aurretik titular denaren onespena izanik, eskubidea izanen du Udalari jarduera edo ustiapenetik etorritako tributu-zorren ziurtagiri zehaztua eskatzeko.

VI. Kapitulua. Zerga oinarria.

6. artikulua. Lehenagoko 4. artikuluan aipatu zergapeko egitate bakoitzerako karga-oinarriak ondoko hauek dira:

a) 4. artikuluaren a) atalean ezarritako zergagairako: Edateko uraren hodietan jarritako kontagailuaren diametroa.

b) 4. artikuluaren b) atalean ezarritako zergagairako: Saneatutako lekuak Udalak emandako edateko uraren hornidura ere baduen kasuetan, zerga-oinarria izanen da edateko uraren hodietan jarritako kontagailuaren diametroa.

Saneatutako tokiak ez badu Udalak emandako edateko uraren hornidurarik, zerga-oinarria izanen da harrerako hodiaren diametroa.

c) 4. artikuluaren c) atalean ezarritako zergagairako: Kontsumitutako uraren metro kubikoen kopurua, kontagailuaren bidez neurtua edo, halakorik falta edo matxuraturik dagoen kasuetan, estimazioa eginen da, aurreko urtean kontagailuan erregistratutako datuetan oinarrituz.

Estrapolaziorako behar diren datuak falta direlako aipatutako estimazio hori egiterik ez badago, kontsumitutako metro kubikoen ebaluazioa arlo horretan indarra duen legeriak ezarritako prozeduren bidez eginen da.

d) 4. artikuluaren d) atalean ezarritako zergagairako: Artikulu honen aurreko atalean ezarritako oinarri bera erabiliko da.

e) 4. artikuluaren e) atalean ezarritako zergagairako: Hornidura edo saneamendu zerbitzuaren lotunearen kuota, etxebizitza edo lokal bakoitzeko, norbanakoak erabili edo aprobetxatu ahal duena.

f) 4. artikuluaren f) atalean ezarritako zergagairako: Zerbitzua emateko behar diren lanen kostua.

g) 4. artikuluaren g) atalean ezarritako zergagairako: Zerbitzua emateko behar diren lanen kostua.

VII. Kapitulua. Tarifak.

7. artikulua. Tasa bakoitzari dagokion tributu kuotaren kalkulurako, aurreko artikuluan aipatzen diren zerga-oinarriei aplikatu beharreko tarifak ordenantza honen eranskinean ageri dira.

VIII. Kapitulua. Tributu-kuotak.

8. artikulua. Tasa bakoitzari dagokion tributu-kuota, zerga-oinarriari bere tarifa aplikatzetik ateratzen den emaitza izanen da.

9. artikulua Tributu-kuota horri aplikatuko zaizkio legeek une bakoitzean finkatzen dituzten zeharkako zergak, haiek ezarri era eta baldintzetan.

IX. Kapitulua. Salbuespenak.

10. artikulua Ez da salbuespenik eginen ordainarazpen honi dagokionez.

X. Kapitulua. Kudeaketa arauak.

11. artikulua. Higiezin batean hartunea paratu nahi duten sustatzaileek, eraikitzaileek, pertsona juridikoek edo fisikoek, eskabidea aurkeztu beharko diote Leitzako Udalari. Bertan adierazi beharko dute zenbat etxebizitza, etxabe edo lokaletan instalatu daiteken hornidura partikularra. Beharrezkoa da kontagailu bat izatea herritar edo famili unitate bakoitzeko.

Etxebizitzen kasuetan gainera, bizigarritasunaren zedula aurkeztu beharko da (horren ordez, behin-betiko kalifikazioaren zedula edo zaharberritzekoa aurkezten denean, lehen okupazioaren lizentzia aurkeztu beharko da).

Merkataritzako eta industriako lokalen kasuetan gainera, Irekitzeko lizentzia eta Lizentzia fiskaleko altaren frogagiriak aurkeztu beharko dira.

Eskabidea ikusita, Udalak eskaria ebatziko du. Egoki iritziz gero, argibide osagarriak eskatu ahalko ditu eta jarraibideak eman ahalko ditu komenigarritzat jotzen duen hartune orokorra egiteko.

12. artikulua. Udalak ardura handiz zainduko du ur horniduraren zerbitzua, lanak eta antzeko zerbitzuak ahal diren baldintza hoberenetan emateko, baina horregatik ez da erantzule izanen erabiltzaileek jasan ditzaketen kalte edo galeretan, presio gutxiegi, ur hornidura eten edo zerbitzuan beste edozein gorabehera gertatuz gero. Udalak oharra emanen du, bando bidez, eten luzeak izaten direnean, salbu eta larritasun handiko kasuak badira.

Aurreneurri moduan, etxe edo instalazio barrenean ur galera dakarten matxurak dituen hartunearen titularrari ur hornidura moztu ahalko zaio.

13. artikulua. Erabiltzaileak behin ere ezin izanen dio urik eman beste pertsona bati, eta ez die erabiltzen utziko horretarako eskubiderik ez dutenei. Utzikeriagatik izan litekeen iruzur oro saihestu beharko du. Hala gertatuz gero, erabiltzailea izanen da errudun bakarra.

14. artikulua. Erabiltzaileak behartuak daude ura banatzeko sare nagusiko matxura baten ondorioz gertatutakoak toki entitateari lehenbailehen jakinaraztera.

ERANSKINA

Tasen zenbatekoa

A) Ordenantzako 6. artikuluaren a) atalean ezarritako zerga oinarriarena, Hornidurako kuota finkoa sortuko duena:

Kontagailuaren diametroaren arabera, lauhileko bakoitzeko:

20 mm bitarte: 5,30 euro.

40 mm bitarte: 13 euro.

80 mm bitarte: 70 euro.

B) Ordenantzako 6. artikuluaren b) atalean ezarritako zerga oinarriarena, Saneamenduko kuota finkoa sortuko duena: 2,16 euro/lauhileko.

Kontuan hartu gabe hustutako ura zertan erabili den.

C) Ordenantzako 6. artikuluaren c) atalean ezarritako zerga oinarriarena, Hornidurako kuota aldakorra sortuko duena:

-A-1 tarifa: Etxeko beharretarako kontratatzen diren hornidurak:

.50 metro kubiko bitarte: 0,20 euro/m³.

.51 eta 150 metro kubiko bitarte: 0,32 euro/m³.

.151 metro kubikotik gora: 0,41 euro/m³.

-A-2 tarifa: Industria eta merkataritzako erabilpenak direnean, kontzeptu honetan sartzen dira industria, bulego eta lantokiak, aisialdi-finketako ureztapen eta apainketarako hornidura, militarren egoitzak, obra, abeltegi eta bizigarritasun agiririk ez duten eraikinetarako hornidurak, eta, oro har, jarduera ekonomikoen zergari loturiko jarduera oro:

.650 metro kubiko bitarte: 0,35 euro/m³.

.651 eta 2.000 metro kubiko bitarte: 0,93 euro/m³.

.2.001 eta 5.000 metro kubiko bitarte: 1,32 euro/m³.

.5.000 metro kubikotik gora: 1,50 euro/m³.

-A-3 tarifa: Ezkutuko jarioak eragindako kontsumoak: 0,10 euro/m³.

Tarifa hau aplikatu ahal izateko honako baldintza guzti hauek batera bete beharko dira, eta behar bezala frogatu beharko dira.

1. Kontsumoa 100 m³ baino gehiagokoa izanen da.

2. Ezkutuko jarioa izan beharko du, non subjektu pasiboak hodietan edo kontsumoa neurtzeko aparatuetan jasandako matxuraren berri ez zuen izanen lehendik.

3. Ez jarioa eragin zuen zergatian ez ondorengo jokabidean ez dela arduragabekeriarik izan egiaztatu beharko da.

Jarioa eragindako sareko haustura edo matxuraren konponketa, haren berri izan zenetik zazpi eguneko epean konpondu beharko da. Horren frogagiri moduan fakturaren kopia aurkeztu beharko da.

4. Tarifa honen aplikazioa zergadunak eskatu beharko du kasu guzietan, beti ere, ordainagiria jaulki zenetik bi hilabeteko epean.

D) Ordenantzako 6. artikuluaren d) atalean ezarritako zerga oinarriarena, Saneamenduko kuota aldakorra sortuko duena: 0 euro.

E) Zerbitzuko hartune edo lotunea egitearen tasa sortuko duen 6. artikuluaren e) atalean ezarritako zerga oinarriari:

1) Banaketa sareari lotzeko baimenagatik:

e-1) Hornidura sarera lotzeko:

.Hartune-hodiaren diametroa 30 mm bitartekoa denean: 110 euro.

.Hartune-hodiaren diametroa 30 mm baino handiagoa denean: 330 euro.

e-2) Saneamendu sarera lotzeko:

.Lotura-hodiaren diametroa 30 mm bitartekoa denean: 40 euro.

.Lotura-hodiaren diametroa 30 mm baino handiagoa denean: 120 euro.

Promotoreak lotura-hodiaren diametroa adierazten ez badu, Udalak kuota handiena ezarriko dio.

2) Etxebizitza bakoitzeko lotunea, obra bukatu ondoren: 31 euro.

3) Negoziorako lokal bakoitzeko lotunea, obra bukatu ondoren: 31 euro.

Lotura-hodiaren aldaketa suertatzen denean, ordaindu beharreko tasa, behin-betiko lotura-tasaren eta lehen ordaindutako tasaren diferentzia izanen da, beti ere, hau positiboa bada.

F) Erabiltzaileak hala eskatu ondotik egiten diren alferrikako ikuskapenen tasa sortuko duen 6. artikuluaren h) atalean ezarritako zerga oinarria; jarduketa hauetan guztietan 30 euro kobratuko dira, kontagailuen irakurketak berrikusten diren kasuetan salbu, horien tarifa 7 eurokoa izanen baita.

G) Ordenantza Fiskal Orokorrean ezarritako zehapen orokorrak aplikatuko dira.

Iragarkiaren kodea: L0900097