125. ALDIZKARIA - 2009ko urriaren 9a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

AZAGRA

Ordenantza. Behin betiko onespena

Azagrako Udalak, 2009ko uztailaren 16an egin osoko bilkuran, aho batez onetsi zuen hasiera batean Udako igerilekuen eta instalazio osagarrien erabilera arautzen duen ordenantza. Hori 2009ko 103. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, abuztuaren 21ean.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurreko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, ordenantza hori behin betiko onetsi eta testu osoa ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan.

Azagran, 2009ko irailaren 28an.-Alkatea, María Antonia Berisa Sánchez.

Udako igerilekuen eta instalazio osagarrien erabilera arautzen duen ordenantza

Oinarria.

1. artikulua. Nafarroako Toki Ogasunei buruzko 2/1995 Foru Legearen lehen tituluko III. kapituluko 2. idatz-zatiko 2. azpiatalean xedatutakoari jarraituz ezarri da ordainarazpen hau, eta haren 28. artikuluko baimenaren babesean.

Ordaindu beharra.

2. artikulua. Igerilekuak eta instalazio osagarriak erabiltzen dituztenak daude ordainarazpen hauek ordaintzera beharturik.

Kudeaketa arauak.

3. artikulua. Egun bateko balioa duten txartel edo sarrerak instalazioetan sartzeko unean luzatuko dira. Horretarako arau berezia izanen da instalazioetako diru-bilketa zerbitzuei ordaintzea prezioa. Haiek luzatuko dituzte txartelak, ordainketaren frogagiriak izanen direnak.

4. artikulua. Instalazioak abonamendu bitartez erabili nahi dituztenek, abonamendu hori denbora mugarik gabekoa ala denboraldikoa izan, Udalak finkatzen duen moduan eta baldintzetan eskuratuko dute.

5. artikulua. Urtero Udalak erabakiko du noiz hasi eta noiz bukatuko den igerilekuen denboraldia, baita instalazio bakoitza zein ordutan ireki eta itxi ere.

Erabiltzeko arauak.

6. artikulua. Instalazioen barrenean diren bitartean, erabiltzaileek aldean eraman beharko dituzte txartelak eta arduradunei erakutsi eskatutakoan, bertzenaz kanpora bidaliko baitituzte.

7. artikulua. Instalazioetan sartzen diren guztiek men egin beharko diete zentro bakoitzean ikusgai dauden funtzionamendu arauei. Beraz, instalazioen erabiltzaileek uneoro bete beharko dituzte portaera arauak eta instalazioa erabiltzekoak, ikusgai baitaude.

8. artikulua. Instalazioetan sartu ahal izateko nahitaez eduki beharko dira ordainduta tarifen eranskineko kuotak.

Denek bete beharreko arauak.

Debeku da animaliak sartzea, gidazakurrak izan ezik.

Gurasoak edo pertsona helduak haurren arduradunak izanen dira instalazioen barruan.

Instalazioetan sartzeko, abonamendu karneta aurkeztuko da edo, bestela, sarrera erosiko, legez ezarritako prezioa ordainduz.

Igerilekuen esparruan ontzi hauek daude:

-Palastako igerilekua: bakarrik 6 urtetik beheitikoek erabiltzekoa.

-Lehiaketako igerilekua: oro har denek erabiltzekoa.

Igerilekuak 11:00etatik 21:00etara erabiliko dira; azken ordu horretan ur barruan ez da inor egonen.

Ongi hezitakoen oinarrizko arauak eta besteekiko begirunea urratzen dituenari kargu hartuko zaio.

Gaixotasun kutsakorrak (bereziki, azaleko infekzioak) dituzten pertsonak ezin dira igerilekuen esparruan sartu.

Esparru osoan debeku da gainerako erabiltzaileen lasaitasuna eta erosotasuna kaltetzen duten egintzak egitea; hala nola, baloiekin jolastea, uretara bortizki salto egitea, ur zipriztinak botatzea, etab.

Instalazioak ahalik eta garbien eduki behar dira; horretarako, paperontziak erabiliko dira eta debeku da pipak jatea.

Debeku da igerilekuen esparruan kristalezko objektuak sartzea.

Debeku da irratikaseteak esparruan sartzea.

Debeku da instalazioen perimetroa mugatzen duen hesiaren gainetik salto egitea.

Bainu-jantzia aldageletan jantzi edo erantzi behar da nahitaez.

Bainuaren eremuko arauak.

Debeku dira igerilekuetako uraren kalitatea kaltetzen duten egintzak: txistua botatzea, pixa egitea, objektuak botatzea, etab.

Erabat debekatuta dago bainuaren esparruan jatea.

Bainuaren eremuan ezin da erre.

Igerilekuetan sartzeko dutxetan, ezin dira txanpuak eta xaboiak erabili gorputza edo ilea garbitzeko.

Igerilekuetako ontzietan sartu aurretik, ezinbestekoa da dutxatzea.

Ezin da bainatu aldez aurretik kirola egiteko erabili diren bainu-jantzi edo bermudekin.

Debeku da igerilekuetako ontziak eta berdegunea bereizten dituen hesiaren gainetik salto egitea.

Erabiltzailearentzat eta gainerako erabiltzaileentzat arriskutsuak diren jauziak eta akrobaziak ezin dira egin.

Arau-hausteak eta zehapenak.

Arau-hausteak arinak, larriak eta oso larriak izan daitezke.

-Arau-hauste arinak.

Hona hemen arau-hauste arinak:

1.-Esparruko instalazioak zuzen ez erabiltzea.

2.-Behar bezalako zapatak ez erabiltzea bai berdeguneetan bai igerilekuen esparruan.

3.-Jatea edo edatea horretarako eremuetatik kanpora.

4.-Paperontziak, hautsontziak eta instalazioa garbi edukitzeko gainerako elementuak ez erabiltzea.

5.-Esparruan bizikletak, trizikloak, patinak, etab. sartzea.

6.-7 urtetik beheitiko haurrak zaindu gabe edukitzea, arrisku egoerei kasurik egin gabe, hala nola ondoan heldurik ez dutela palastakoak ez diren igerilekuetan bainatzea.

7.-Haurrak ez zaintzea.

8.-Igerilekuan edo eremu hezeetan dutxatu gabe sartzea.

9.-Uretan hegatsak, flotagailu handiak erabiltzea. Orobat, jaurtitzen diren zerekin edo besteei traba egiten dietenekin jostatzea.

10.-Helduak palastako igerilekuan premiarik gabe gelditzea

11.-Palastako igerilekuan bainujantzirik edo pixoihalik gabe sartzea.

12.-Palastako igerilekuaren barnean jatea edo jatera ematea.

13.-Aldageletan edo igerilekuen esparruan erretzea.

14.-Aire zabaleko jantokia erabili ondoan zikin uztea.

15.-Instalazioko langileek (begiraleek, sorosleek, udal langileek eta oro har mantentze lanetakoek) erabilera dela-eta egiten dituzten oharrei kasurik ez egitea.

16.-Instalazioko edozein arau ez betetzea, arau-hauste larria edo oso larria ez denean.

-Arau-hauste larriak.

Hauek dira arau-hauste larriak:

1.-Txartelaren titularra ez denak hura erabiltzea, hura galdu edo galtzeagatik salaketa dagoenean izan ezik. Txartelaren titularra izanen da arau-hauste honen erantzulea.

2.-Egun berean bi arau-hauste arin egitea.

3.-Instalazioan animaliak sartzea, gidazakurrak izan ezik.

4.-Bainu hartzaileei traba egitea.

5.-Basakerietan aritzea.

6.-Horditurik edo edozein drogaren eraginpean bainatzea.

7.-Beste edozein arau ez betetzea, beste erabiltzaileen edo arau-hauslearen beraren segurtasunari eragiten ahal badio, bereziki igerilekuak eta aldagelak oker erabiltzeari dagozkion guztietan.

8.-Instalazioko edozein higigarri edo higiezini kalte egitea.

9.-Instalazioaren barnean ordena publikoa asaldatzea dakarren edozer egitea edo ez egitea.

10.-Langile arduradunak eta instalazioan lan egiten dutenak iraintzea edo mendratzea.

11.-Instalazioetan hordi itxura nabarmenean edo drogen eraginpean sartzea.

12.-Eguneko erabilpenaren ondotik takilla itxirik uztea.

-Arau-hauste oso larriak.

Honakoak dira arau-hauste oso larriak:

1.-Hutsegite larrien errepika.

2.-Instalazioaren barnean bizikidetzari, ordenari eta segurtasunari bereziki eragiten dieten arau-hauste larriak.

3.-Instalaziora sartzeko txartel edo giltzak faltsutzea.

4.-Instalazioko materiala edo besteen ondasunak lapurtzea eta ebastea.

5.-Instalazioaren erabiltzaileei edo bertako langileei erasotzea.

6.-Instalazioaren barnean drogak saldu edo kontsumitzea.

7.-Inor instalaziora edozein arma mota daramala sartzea.

8.-Instalaziora sartzea horretarako aurreikusitako sarbideak erabili gabe.

Zehapenak.

Arau-hausteak honela zehatuko dira:

a) Arinak:

-Lehen hutsegite arina, idatziz kargu hartzea.

-Bigarren hutsegite arina urte berean, egun baterako bidaltzea.

-Hirugarren hutsegite arina urte berean, aste baterako bidaltzea.

-Laugarren hutsegite arina urte berean arau-hauste larritzat hartuko da.

b) Larriak:

-Lehen hutsegite larria, hamabost egunerako bidaltzea.

-Bigarren hutsegite larria urte berean, hogeita hamar egunerako bidaltzea.

-Hirugarren hutsegite arina urte berean arau-hauste oso larritzat hartuko da.

c) Oso larriak:

-Lehen hutsegite oso larria, hiru hilabeterako bidaltzea.

-Bigarren hutsegite oso larria urte berean, abonamendua galtzea.

1. ERANSKINA. Tarifak

Udalak urtero argitaratuko ditu.

Iragarkiaren kodea: L0923243