125. ALDIZKARIA - 2009ko urriaren 9a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

1932/2009 EBAZPENA, irailaren 23koa, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak emana, Oltza-Ororbiako udal mugapean motelgailuak fabrikatzeko instalazioaren Ingurumen baimen integratua aldatzen duena, eskatutako aldaketaren ondoren instalazioak izanen duen eraketa berriari egokitzeko. Jardueraren titularra Kyb Suspensions Europe, S.A. da.

Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak, azaroaren 8ko 2243/2007 Ebazpenaren bidez, Ingurumen baimen integratua eman zion Oltza-Ororbiako udal mugapean motelgailuak fabrikatzen dituen instalazioari. Jardueraren titularra Kyb Suspensions Europe, S.A. da.

2008ko uztailaren 31n titularrak eskaera egin zuen ondoko aldaketa egiteko: 3 zenbakiko margo-linea eta ur-margoa nahasteko kabina ordezkatzea, ur-margoa ezartzeko planaren barnean.

Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak, abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuak onetsitako Erregelamenduaren 25. artikuluan ezarritako irizpideei jarraikiz -erregelamendu horrek garatzen du Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea-, erabaki zuen aldaketa hori ez zela funtsezkoa eta, beraz, ez zela beharrezkoa beste Ingurumen baimen integratu bat ematea.

Hala ere, aldaketa nabarmena da instalazioaren funtzionamenduan aldaketa garrantzitsuak gertatzen direlako, eta oraingo Ingurumen baimen integratuan agertu behar dira. Horretarako, baimena aldatu behar da.

Egokitzat jo da II. eranskinaren 8.2 atala -isurpenak murrizteko sistemari dagokiona- eguneratzea eta titularrak 2009ko maiatzaren 28an egindako eskaera onartzea, ur-margoa ezartzeko planari egokitzeko epea zabaltzeko. Hori egiteko justifikazioa enpresaren egungo egoera ekonomiko larria da. Halaber, II. eranskinaren 1.1 atala eguneratzen da, ekoiztutako motelgailu bakoitzeko disolbatzailearen kontsumo-ratioa murriztu delako. Horri esker, murriztu egiten dira estaltzeko jarduera dela-eta eguratsera egindako emisioak. II. eranskinaren 3.5 atala ere eguneratzen da, 2009-2012 aldirako hondakin arriskutsuen sorrera ahalik gehien murrizteko plan berriaren ondorioz. Azkenik, egokitzat jo da Ingurumen baimen integratuaren eranskinen testu bategina prestatzea, izan ere instalazioan egindako segidako aldaketak aurretik izapidetu ziren.

Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 105. eta 106. artikuluek ezartzen dutenez, administrazio publikoek beren egintzak alda ditzakete, betiere aldaketa antolamendu juridikoaren kontrakoa ez bada, kasu honetan gertatzen den bezala, zeinetan, gainera, aldaketa Ingurumen baimen integratuaren titularrak eskatuta egin baita.

Aipatu den agindu juridikoa ikusirik eta ingurumen arloko eskumenak Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiari, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariari eta Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuko zuzendariari eskuordetzen dizkien urriaren 10eko 426/2007 Foru Aginduaren bidez eskuratu ditudan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Oltza-Ororbiako udal mugapean motelgailuak fabrikatzen dituen instalazioaren Ingurumen baimen integratua aldatzea, titularrak 2008ko uztailaren 31n eskatutako aldaketaren ondoren instalazioak izanen duen eraketa berriari egokitzeko. Jardueraren titularra Kyb Suspensions Europe, S.A. da. Baimena Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak eman zuen, 2007ko azaroaren 8ko 2243/2007 Ebazpenaren bidez.

2. Baimena aldatzearen ondorioz, aldaketa batzuk sartu behar izan dira Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak 2007ko azaroaren 8an emandako 2243/2007 Ebazpenaren eranskinetan -ebazpen horren bidez Ingurumen baimen integratua eman zitzaion instalazio horri-; horiek ebazpen honen eranskinen araberako testua izanen dute, hauetan ezarri baitira industria jardueraren garapenerako bete beharko diren baldintzak.

3. Aldaketak ez du ukitzen hasiera batean emandako Ingurumen baimen integratuaren indarraldia, eta 2015eko azaroaren 8an bukatuko da. Berritu nahi izanez gero, titularrak indarraldia bukatu baino hamar hilabete lehenago, gutxienez, berritzeko eskatu beharko du, erregelamenduz ezarriko den prozedura administratiboari segituz.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, horren kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epe horiek ebazpen honen jakinarazpena egin edo, bestela, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera hasiko dira kontatzen.

6. Ebazpen hau jakinaraztea Kyb Suspensions, S.A.ri, Oltza-Orobiako Udalari, Nafarroako Larrialdietako Agentziako Babes Zibilerako Zuzendaritzari eta Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2009ko irailaren 23an.-Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusia, Andrés Eciolaza Carballo.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura daude Ingurumenaren eta Uraren Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (Iruñeko Armada etorbidea, 2, behea, Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzua, 7. solairua) eta Nafarroako Gobernuko web atarian, hain zuzen ere Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren sailean, "Ingurumen baimenak" kontsulten atalean.

Iragarkiaren kodea: F0923269