125. ALDIZKARIA - 2009ko urriaren 9a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

749/2009 EBAZPENA, irailaren 21ekoa, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariarena, Ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena Baztan ibarreko Kapainatzetan lurrak botatzeko eremuaren proiekturako. Construcciones A. Bengotxea S.L.k sustatu du.

2009ko uztailaren 2an, eremu bat hondeaketako lurrekin betetzeko (116.999 m³) baimena eskatu zen, toki honetan: Kapainatzetan, Baztango 27. poligonoko 55. lurzatian, sakan baten goialdean, 136.81 kotatik 111.55 kotara. Dantxarinea gasolina gunea (Urdazubi) ordezteko lanetatik heldu da hondeaketako soberako materiala, izan ere N-121Bren zeharbidea zabaltzeko lanek, Urdazubin egin beharrekoek, ukitu baitute.

Proiektuan azaldu da zein den betelana ustiatzeko metodoa; aski izanen da kamioien pisua lurra trinkotzeko, aurretik zabaldutako geruzen gainean, kontu eginik azkeneko geometriak bat egin dezan zehaztutako formarekin. Azkeneko azalera guztiaren gainean landare lurra zabalduko da, 25 cm-ko geruza. Horretarako, aldez aurretik, ukitutako azaleran landare lurreko geruza kendu eta gordeko da. 6 hilabeteko epea jartzen da jarduketarako.

Azalerako drainatzea mantenduko da, eta lurren hondoa drainatzeko 200 mm-ko hodia jarriko da, harri landugabez estalia, gerta litezkeen infiltrazioak hustuko direla bermatzeko. Baso eremua izatea izanen da lurzatiaren azkeneko xedea.

Sakan horren goialdeko landaretzan txilarrak eta iratzeak daude. Hondoan dagoen errekan, urtaro batzuetan soilik igarotzen da ura. Lurzatia ez dago inongo naturgune babestutan, eta ez du intereseko florarik nahiz faunarik. Ikusgarritasunari dagokionez, jarduketa ez da ikusten inolako herrigunetatik nahiz komunikazio bidetatik.

Jarduketaren ezaugarriak ikusirik, abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C O) eranskinean dago sartuta. Foru dekretu horren bidez onetsi zen Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua. Beraz, Ingurumen ukipenetarako baimena behar du.

Foru dekretu horren 36. artikuluan ezarrita dago Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua eginen duela Ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz, eskaera aurkezten denetik lau hilabeteko epean.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 31.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarako baimena ere bilduko duela. Horrek Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen ditu.

93/2006 Foru Dekretuaren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat, 2009ko abuztuaren 12an txostena jaso da Baztango Udalaren proiektuaren hirigintzako bateragarritasunari buruz, aldekoa, betiere alderdi hauek argitzen eta osatzen badira: kamioien igarotzea, sarbideak mantentzea eta sarbideak lehengoratzeko bermeak, baldin eta ukitzen badira. Azkenik, adierazten da Baztango Udal Planean ezarritako ordenantza estetikoak bete beharko dituztela itxiturak eta kontrol etxolak.

Osoa eta nahikoa den espedientean dauden txostenak ikusita eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak urriaren 10eko 426/2007 Foru Aginduaren bidez eman dizkidan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea Baztan ibarreko Kapainatzetan lurrak botatzeko eremuaren proiekturako. Construcciones A. Bengotxea S.L.k sustatu du.

2. Ingurumenari buruzko baldintza hauen mende egonen da baimena:

-Baztango udal mugapeko 27. poligonoko 55. lurzatiko hondakindegian soilik hartuko dira hondeaketako lurrak eta harriak baldin eta gai arriskugarriekin kutsatu ez badira. Botatzen diren materialak zorrotz kontrolatuko dira eta ez da botako proiektuan adierazitako bolumena baino gehiago (116.999 m³).

-Proiektuan ezarritakoak dira hondakindegiaren okupaziorako mugak, eta behin-behineko hesien bidez finkatuko dira. Hesiak argi eta garbi ikusi beharko dira.

-10 metro zabaleko babes zerrenda bat ezarriko da jarduketa eremuko ipar-ekialdean dagoen haritz kanduduneko baso mistoaren ondoan. Hesietatik kanpo egonen da zerrenda hori. Proiektuan jaso dira hesien ezaugarriak.

-Proiektuan adierazi bezala, hondoko drainatze bat ezarriko da 200 mm-ko diametroko hodi batekin.

-Landare lurra kentzea. Landare lurra behar bezala bildu eta zainduko da lehengoratze lanetan erabili ahal izateko. Ez da bestelako materialekin nahasi behar. Beraz, landare lurra pilatzeko tokia aukeratzen denean kontuan hartu behar da botatzen diren lurrak zein norabidetan mugituko diren.

-Betelana modu ordenatuan eginen da, geruzak behetik gora zabalduz. Bermatuko da azkeneko erliebea proiektuan zehaztutakoa izatea, salbu azkeneko ezponda, izan ere, paisaian hobeki txertatzeko, %50eko (2H/1V) aldapa izanen du.

-Lerro zuzenegiko topografia bukaerak saihestuko dira. Ertzak leundu eginen dira, eta gainazal berrien eta lurzatiko gainazal naturalen arteko batasun fisiografikoa lortzeko ahaleginak eginen dira.

-Kalitateko landare lurra botako da, gutxienez 25 cm-ko geruza, eta gero xehetasunak atonduko dira. Landare lurra betelana egin den tokian bildutakoa izanen da.

-Lurra landu, harrotu eta fintzeko lanak eginen dira, ereiterako behar bezala prestatzeko.

-Hondakindegiko azkeneko azalerak (ezpondak eta azalera lauak) landaretuko dira, eskualdeko belar eta zuhaixken haziekin, eta inguruko zuhaitz espezieekin, konpentsatzeko eta paisaian hobeki txertatzeko. Hauek dira landaketarako espezie egokienak: Betula celtiberica, Quercus robur, Fraxinus excelsior, Castanea sativa, Corylus avellana, Cornus sanguinea, Salix atrocinerea, Crataegus monogyna. Landareak behar bezala zurkaiztatuko dira eta landaketa irregularra eginen da 5 m-ko tarteak utziz. Zuhaitzak gutxienez 1,60 m garai izanen dira eta zuhaixkak 1,00 m garai. Landareek oinean babesa izanen dute (belarren kontrako xafla edo babes hodia), eta landaketan ongarri organikoa erabiliko da. Landaketa azarotik otsailera bitartean eginen da.

-Landaketa egiten denetik 2 hazkunde aldi igaro arte, gutxienez, mantentze-lanak eginen dira proiektuaren eta aurrekontuaren barnean, landaretza berria ongi sustraituko dela bermatzeko.

-Ustiapenaren egutegiak 6 hilabete iraunen du gehienez, Ingurumen ukipenetarako baimena ematen denetik.

-Ingurumena Zaintzeko Planak alderdi hauek bilduko ditu gutxienez:

-Betelanaren ondorengo topografiaren kontrola. Proiektatutako azken topografia lortu behar da, eta helburu hori aintzat hartuko da hondakindegia ustiatzen hasten denetik bertatik. Horretarako hertsiki jarraitu beharko zaio proiektuan deskribatutako ustiapen metodoari (modu ordenatuan eta geruzaka). Jarduketa amaitutakoan, azken topografia erakusten duen planoa aurkeztuko da, desbideratzerik ez dela izan egiaztatzeko. Hondakindegia betetzeko lanak egiten diren bitartean, behin betiko ezpondetako lehengoratze lanak ere eginen dira.

-Euri uren eta hondoko drainaren irteera kontrolatuko da, uneoro garbi egon dadin eta bere funtzioa bete dezan.

-Obrak amaitutakoan Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari "Obra amaierako txostena" igorriko zaio. Horri argazkiak erantsi behar zaizkio, hartu diren neurrien emaitzak eta ukitutako eremuen azken egoera erakusten dutenak.

-Eremu osoa garbi utzi behar da, obretako hondarrik gabe. Zarata eta ke mailak kontrolatu eta ahalik gehien murriztu behar dira, eta inguruan ez da obretako zabor, isurkin eta hondakinik bota behar.

3. Proiektuaren Ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko, ezinbestekoa da 32.061,83 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu, horiek konpondu edo murriztuko direla bermatzeko, kontuan izanik Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onesten duen abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 109. artikulua eta horri jarraikiz.

4. Baimenak, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu. Artikulu horretan, lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek, administrazioek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hura jakinarazi eta hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita zenbatuko dira.

6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Ebazpen hau Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari, Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Basozaintzari, Baztango Udalari eta sustatzaileari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2009ko irailaren 21ean.-Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Iragarkiaren kodea: F0922981