125. ALDIZKARIA - 2009ko urriaren 9a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

744/2009 EBAZPENA, irailaren 21ekoa, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena "Lodosa-Cárcar" 13,2 kV-eko linea elektrikoaren bariantea eta "Jesús Pérez" Transformazio Zentrorako deribazioa egiteko proiekturako, hegazti ustiategi bat eraikitzeko, Sesmako udal mugapeko 3. poligonoko 227. lurzatian. Iberdrola Distribución Eléctrica, S.A.U.k sustatu du.

Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuan sartu da goian aipatutako espedienteari dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko dokumentazioa. Proiektua abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko I) idatz-zatian sartuta dago. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

Foru dekretu horren 36. artikuluan ezarrita dago Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua eginen duela Ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz, eskaera aurkezten denetik lau hilabeteko epean.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 31.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarako baimena ere bilduko duela. Horrek Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen ditu.

Proiektatu den instalazioaren xedea da oraingo linea elektrikoa egokitzea, nekazaritzako instalazio berri batzuek segurtasuneko arauzko distantziak bete ditzaten. Linea elektriko berriak 362 metroko luzera du eta 3 euskarri, zereal alorretan.

Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak apirilaren 30ean emandako 283/2009 Ebazpenaren bidez, jendaurrean jarri zen "Lodosa-Cárcar" 13,2 kV-eko linea elektrikoaren bariantea eta "Jesús Pérez" Transformazio Zentrorako deribazioa egiteko proiektua, hegazti ustiategi bat eraikitzeko, Sesmako udal mugapean. Iberdrola Distribución Eléctrica, S.A.U.k sustatu du. Ez da alegaziorik jaso.

Espedientean dauden txostenak ikusirik eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak urriaren 10eko 426/2007 Foru Aginduaren bidez eman dizkidan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea "Lodosa-Cárcar" 13,2 kV-eko linea elektrikoaren bariantea eta "Jesús Pérez" Transformazio Zentrorako deribazioa egiteko proiekturako, hegazti ustiategi bat eraikitzeko, Sesmako udal mugapeko 3. poligonoko 227. lurzatian. Iberdrola Distribución Eléctrica, S.A.U.k sustatu du.

2. Baimena baldintza hauen menpe egonen da:

-Instalazioan elektrokuzio arriskua murrizteko, loturazko kate horizontal guztiek behar beste isolagailu izanen dituzte, metro bateko luzerara iritsi arte. Tarte hori zeharragatik azken isolagailura bitarte neurtuko da, loturazko grapa sartu gabe. Halaber, instalatzen diren luzagailuak ez dira metro bateko segurtasun tartera iritsiko; jartzen badira, abuztuaren 29ko 1432/2008 Errege Dekretuaren eranskinean ezarritako segurtasunezko metrotik aparteko segurtasunezko tartea utzi beharko da.

-Abuztuaren 29ko 1432/2008 Errege Dekretuarekin bat, euskarriak (zubiak, ebakigailuak, fusibleak, banaketarako transformadoreak dituztenak, deribaziokoak, ainguratzekoak, loturazkoak, bereziak, angeluzkoak eta linea bukaerakoak) diseinatzerakoan, euskarrien gurutzeta edo erdigurutzeta ez-osagarriak tentsiodun elementuekin ez gainditzen ahalegindu beharko da. Nolanahi ere, tentsiodun elementuen arteko lotura zubiak isolatu eginen dira.

-"Lodosa-Cárcar" 13,2 kV-eko linearen 271. eta 275. euskarrien artean erabilerarik gabe gelditzen diren linea eta euskarriak eraitsi eginen dira.

-Obra amaitutakoan, eremua ongi garbituko da. Hondakindegi baimendu batera eramanen dira hondakin guztiak eta berriz erabili ezin diren hondar guztiak. Birziklatzen ahal diren soberakinak hondakinak tratatzeko zentro batera eramanen dira.

-Proiektua gauzatzeak uki ditzakeen azpiegitura eta zortasunei dagokienez, enpresa sustatzaileak, obrak gauzatzen hasi baino lehen, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu, kasuan kasuko gaian eskudun diren organoei eskatu eta gero.

-Obrak egiten hasi baino lehen hegazti ustiategia handitzeko baimena eduki beharko da.

3. Baimenak, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu. Artikulu horretan, lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, horren kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita zenbatuko dira.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Ebazpen hau Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari, Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Sesmako Udalari eta sustatzaileari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2009ko irailaren 21ean.-Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Iragarkiaren kodea: F0922982