123. ALDIZKARIA - 2009ko urriaren 5a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

SUNBILLA

Sunbillako Autotaxien erregelamenduaren behin betiko onespena

Sunbillako Udalak, 2009ko abuztuaren 6an egin bilkuran, honako erabaki hau hartu du:

Sunbillako Autotaxien zerbitzu publikoaren erregelamendua hasiera batez onetsi zen, eta, iragarkia 2008ko urriaren 27an, 131 Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoren, ez baita erreklamazio bakar bat ere aurkeztu.

1.-Behin betikoz onestea Sunbillako autotaxien zerbitzu publikoaren erregelamendua.

2.-Erregelamenduaren testua Nafarroako Aldizkari Ofizialera igortzea, oso-osorik argitara dadin.

3.-Erabaki hau Udalaren iragarki oholean jartzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Sunbillan, 2009ko irailaren 14an.-Alkate udalburua, José Francisco Errandonea Zubieta

SUNBILLAKO AUTOTAXIEN ZERBITZU PUBLIKOAREN ERREGELAMENDUA

Atariko xedapena

1. artikulua. Indarra duten xedapenek ematen dizkioten eskurantzez baliaturik, Sunbillako Udalak antolatu du bidaiariak alokatzeko ibilgailuetan, taximetrorik gabekoetan, garraiatzeko zerbitzua, agindu hauei jarraikiz antolatu ere: Erregelamendu hauxe bera, ekainaren 1eko 7/1998 Foru Legea, Zirkulazio Kodea, Ibilgailu Arinetako Hiri eta Hiriarteko Garraio Zerbitzuari buruzko Erregelamendu Nazionala onetsi zuen martxoaren 16ko 763/1979 Errege Dekretua, horiekin bat heldu diren xedapenak eta etorkizunean Erregelamendu honi aplikatzen ahalko zaizkionak.

I. KAPITULUA

Erregelamenduaren xedea

2. artikulua. Erregelamendu honen xedea da orokorki arautzea gidaria duten alokatzeko ibilgailu arinetan bidaiariak garraiatzeko zerbitzua.

Autotaxien arloan, zerbitzuaren antolaketa eta antolamendua Sunbillako Udalari dagozkio, aldez aurretik arlo honetako lanbide elkarteentzako entzunaldia izanda.

II. KAPITULUA

Ibilgailuak, jabetza eta zerbitzu egiteko baldintzak

LEHENBIZIKO SAILA

Autotaxi ibilgailuak

3. artikulua. Ibilgailu guztiek balio izanen dute ibilgailuak alokatzeko zerbitzu publikorako, baldin eta, potentzia, segurtasun eta itxura aldetik, erregelamenduzko baldintzak betetzen badituzte, eta zerbitzua egiteko Udalaren baimena badute.

Ibilgailu horiek karrozeria itxia izan beharko dute, baita sarrera errazeko ateak ere, zeinetan eta atzealdean lehiatilak izan beharko baitituzte, ahalik eta ikuspen, argitasun eta aireztapen handiena lortzeko adina, beira garden eta ezpaldu ezinezkoez horniturik.

Ibilgailuen barrenean beharrezko argiteria elektrikoa ezarri beharko da.

Ateek beti modu onean egon beharko dute, ibilgailuan aise sartu eta atera ahal izateko, eta behar den mekanismoa eduki beharko dute, beren lehiatilak gora eta behera mugiarazteko.

4. artikulua. Autotaxi ibilgailuek 9 HP baino potentzia handiagoa izan beharko dute, eta beren edukiera erreala Industri Delegazioak mota bakoitzerako zehazten duena izanen da. Nolanahi ere, ibilgailuaren edukiera ez da inoiz 5 leku baino gutxiagokoa eta 9 baino gehiagokoa izanen, gidariarena barne.

Ez da baimenik emanen bost urte baino gehiagoko ibilgailurik zerbitzuan jartzeko, eta halakoak direnak ezingo dira ibili Alkatetzaren baimenik ez badute.

5. artikulua. Autotaxiek karrozeriaren aurrealdean nahiz atzealdean plaka bat eramanen dute, "S.P." letrak agerian dituena. Halaber, "Taxi Sunbilla" hitzak eraman beharko dituzte atzealdeko kristalean.

6. artikulua. Ibilgailuek beren barrenean eraman beharko dute plaka bat, zeinetan jarriko baitu bere matrikula, lizentziaren zenbakia eta jarleku erabilgarrien kopurua; horretaz gain, behar bezala homologatutako su-itzalgailu bat ere izan beharko dute.

Ibilgailuetan honako agiri hauek eduki beharko dira:

1. Ibilgailuaren eta gidariaren agiriak.

2. Erregelamendu honen ale bat.

3. Aseguruko poliza.

4. Erreklamazio liburua.

5. Indarra duen legeriak eskatzen dituen gainerako guztiak.

7. artikulua. Ibilgailuak desinfektatu eta desintsektatu egin beharko dira, gutxienez, urtean behin eta Alkatetzak hala agintzen duen aldiro, Osasun arloko Ikuskapenak proposatuta. Hori horrela, erakunde horren egiaztagiria eraman beharko da.

8. artikulua. Autotaxi ibilgailuaren azterketa bat eginen da urtero, Alkatetzak edo Industri Delegazioak beharrezkotzat joz gero agindu ditzaketenez gainera, eta ibilgailuen titularrei zehapena jartzen ahalko zaie, baita lizentzia kendu ere, arauak behin eta berriz hautsiz gero, alegia, zainketa, itxura eta garbitasun aldetik beharrezkoak diren baldintzak betetzen ez badituzte edo eskatutako bereizgarriak eta agiriak falta badituzte.

Autotaxien urteroko azterketa Udalak egokiro erabakitzen duen epean eginen da. Azterketaren ordena autotaxien ordezkariekin ados jarrita eginen da.

BIGARREN SAILA

Lizentziak

9. artikulua. Sunbillako Udalak erabakiko du autotaxirako zenbat lizentzia izan, eta horiek emateko aldez aurretik entzunaldia izanen da Taxisten Lanbide Elkartearentzat, halakorik baldin badago herrian, eta betiere indarra duen legerian ezarritakoari egokitu beharko zaio.

Zenbat lizentzia izan erabakitzeko, ikusiko da zerbitzua behar edo komeni den, kontuan hartuz haren egoera, kalitatea eta hedadura, edo jende kopurua, eta garraioan nahiz zirkulazioan, oro har, izaten ahal duen eragina.

Lizentziak lehiaketa publikoaren bidez emanen dira, Udalak egindako baremoaren arabera, taxi lanpostua hutsik gelditzen denean, Taxisten Lanbide Elkartearentzako entzunaldia izan eta gero.

10. artikulua. Pertsona fisikoek baizik ez dute eskatzen ahal autotaxientzako udal lizentzia.

Lizentziarako eskabidea alkateari idatziz zuzenduko zaio. Hartan eskatzaileak adieraziko du baduela Erregelamendu honen xedapen guztien berri eta onartzen dituela. Horrekin batera agiri hauek ere aurkeztuko ditu:

1. Behar den motako ibilgailuentzako gidabaimena, agintaritza eskudunak emana.

2. Nortasun agiria.

3. Hiru argazki, nortasun agirirako tamainakoak.

4. Udal erroldako ziurtagiria, urtebeteko antzinatasuna ziurtatzen duena, bederen.

5. Zinpeko aitorpena, ez prozedura penalaz ez administratiboaz gidabaimena kentzeko zehapena jaso ez duela dioena.

6. Zinpeko aitorpena, indarra duen legerian ezarritako zerga-beharkizunak, lan-arlokoak, gizarteari dagozkionak eta aseguruetakoak betetzen dituela dioena.

Eskatutako baimena lortuz gero, onuraduna behartuta egonen da, jakinarazpen egunetik hasi eta gehienez ere hilabeteko epearen barrenean, honako agiri hauek aurkeztera:

a) Zerbitzua eginen duen ibilgailuaren zirkulazio baimena, bost urte baino gutxiagoko antzinatasuna duena.

b) Hirugarrenei eta garraiatutako lagunei egindako kalteen erantzukizun mugagabearen aseguru poliza.

Aipatu epean agiri horiek auzkeztu ezean, lizentzia iraungitzat joko da, eta berriz ere lehiaketa publikorako deialdia eginen da, lehen adierazitako prozedura erabiliz.

11. artikulua. Plazaren bat hutsik gelditzen bada, Udalak xedatutakoaren arabera beteko da, huts hori Udal honen iragarki oholean eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko den ediktuaren bidez iragarri ondoan. Ediktu horretan deialdi publikoaren baldintzak zehaztuko dira, aurreko artikuluko baldintzak betetzen dituzten izangaiek lanpostu huts hori eskatu ahal izan dezaten.

Artikulu honek aipatzen dituen plaza hutsak adjudikatuko dira 9. artikuluan zehazten den baremoan oinarriturik.

12. artikulua. Udalak honako hauei buruzko azterketa eginen die lizentzia eskatzen dutenei:

a) Erregelamendu honen edukia.

b) Herria eta inguruak; hurbileko leku edo herrietara joateko bideak; Foru Komunitateko administrazio egoitzetara, laguntza zentroetara eta ospitaleetara nahiz beste zerbitzu interesgarrietara joateko bideak.

c) Ibilgailuen mekanika eta zirkulazio seinaleak.

d) Azterketa medikoa.

13. artikulua. Ematen diren lizentziak pertsonalak eta besterenduezinak izanen dira, eta titularrek debekatuta izanen dute lizentzia eskuz aldatzea, lagatzea edo saltzea.

14. artikulua. Titularrak behartuta daude beren lizentzia pertsonalki eta dedikazio oso eta bakarraz ustiatzera, beste edozein lan ordainduren gainetik.

Debekaturik dago, baita ere, ibilgailua beste norbaiti gidatzen uztea, non ez duen Udalak kasu bereziren batean baimena ematen, Alkatetzaren xedapen espresuaren bitartez eta zerbitzua egin baino lehen.

Noiznahi ordezkatzen ahal da auto bat beste batekin, Udalaren baimenaren bidez, baldin eta Erregelamendu honetako baldintza guztiak betetzen baditu.

Aparteko kasuetan, betiere lizentziaren titularrak berak ezin badu bere lana egin, Udalak laguntzaile bat baimendu dezake, epe jakin baterako, interesatuak ziurtagiria aurkeztu ondotik eta Erregelamendu honetako baldintzak betetzen baditu.

III. KAPITULUA

Zerbitzu ematea

LEHENBIZIKO SAILA

Baldintza orokorrak

15. artikulua. Zerbitzua eginen da erabiltzaileek lizentziaren titularrari eskatzen diotenean.

Zerbitzuak ez du etenik izanen, egunaren hogeita lau orduetan eman beharko baita, igandeak eta jaiegunak barne direla.

Titularrak garbi, apain eta txukun agertu beharko du, itxura fisikoaren nahiz janzkeraren aldetik.

BIGARREN SAILA

Zerbitzua emateko modua

16. artikulua. Gidariak ez dio uko egiten ahalko zerbitzu bat egiteari, bidezko arrazoirik ez bada.

Bidezko arrazoitzat hartuko dira honako hauek:

1. Polizia atzetik segika duten lagunek zerbitzua eskatzea.

2. Ibilgailurako baimendutako lekuak baino lagun gehiago eramateko eskatzea.

3. Ibili ezin den bideetan barna joateko eskatzen zaionean, alegia, erabiltzaileen eta gidariaren nahiz ibilgailuaren beraren segurtasunerako arriskua ekar lezaketen tokietan barna. Ordea, trafikoarentzat irekitako bideetan zerbitzua egiteko eskatzen zaionean, ez dio uko egiten ahalko.

4. Bidaiaria mozkorturik edo sorgorkarien eraginaren pean baldin badago, salbu haren bizirako edo osotasun fisikorako arrisku larria dagoenean.

5. Bidaiarien jantziagatik edo haiek dakartzaten pakete, fardel nahiz animaliengatik ibilgailuaren barnealdea hondatu edo zerbait hautsi-edo egiten ahal bada.

17. artikulua. Taxilarien eginbeharra da, edozein momentutan, agintzaritzako agenteek agindutako zerbitzua betetzea, istripuan zauritutakoak edo laguntza behar duten pertsonak eramateko.

Kasu horietan ibilgailuek jasaten dituzten kalteak Udalaren kontura konponduko dira, Udalak laguntza hartu duen pertsonari gastuen ordaina eskatzea deusetan galarazi gabe, baina horretarako, nahitaezkoa izanen da ibilgailua Udalean aurkeztea, ezbeharra gertatu eta 24 orduko epearen barrenean.

IV. KAPITULUA

Titularren arau-hausteak

18. artikulua. Erregelamendu honetako aginduen aurkako arau-hausteak honela sailkatuko dira: arinak, larriak eta oso larriak. Halakotzat joko dira, bakoitzak dagokion gradua duela, testu honetako aginduetan zehaztu direnak.

19. artikulua. Hutsegite arinak:

a) Norberaren txukuntasun falta.

b) Zerbitzuan ari izanik, erabiltzaileak uzteko eskatuagatik, ibilgailuaren barrenean erretzea.

c) Ibilgailuaren garbitasun falta.

20. artikulua. Hutsegite larriak:

a) Bi hilabeteko epearen barrenean lau hutsegite arin edo urtebetean hamar egitea.

b) Erabiltzaileak aukeratutako ibilbiderako aginduei kasu ez egitea, beharrik gabe ibilbide luzeagoak eginez.

c) Ibilgailua zerbitzuan jartzea, funtzionatzeko baldintza egokietan egon gabe.

d) Bezeroekiko harremanetan edo oinezkoen nahiz beste ibilgailuen gidarien kontra hitz edo keinu zakarrak edo mehatxuak egitea.

e) Zerbitzu ematea ukatzea justifikatutako arrazoirik gabe.

21. artikulua. Hutsegite oso larriak:

a) Bidaiaria abandonatzea, eskatu duen zerbitzua eman gabe, justifikatutako arrazoirik gabe.

b) Urtebetean lau hutsegite larri egitea.

c) Ibilgailua mozkorturik edo sorgorkarien eraginaren pean gidatzea.

d) Zirkulazio Kodearen 289. artikuluan zehaztutako arau-hausteak.

e) Lanbidean aritzerakoan, doluzkotzat hartutako delituak egitea.

f) Erabiltzaileei gehiegizko prezioak kobratzea.

22. artikulua. Hutsegite horiengatik honako zehapen hauek jarriko dira:

Hutsegite arinak: Ohartarazpen idatzia, edo lizentziaren etendura 15 egun natural bitarte.

Hutsegite larriak: Lizentziaren etendura 6 hilabete bitarte.

Hutsegite oso larriak: Lizentziaren etendura urtebete bitarte, edo lizentzia behin betiko kentzea 21. artikuluko c eta d ataletan hutsegite oso larritzat jotzen diren kasuetan.

23. artikulua. Alkatetzak emanen dio hasiera zehapen prozedurari. Hala, ustezko arau-hauste baten jakinarazpen edo salaketa bat jasotzerakoan, instruktore bat eta idazkari bat izendatuko ditu, eta horren berri emanen dio espedientatuari.

Instruktoreak behar adina froga eta jarduketa aginduko ditu, gertatutakoa argitu eta zehatu beharreko erantzukizunak aurkitze aldera.

Burututako jarduketak ikusirik, kargu plegu bat aurkeztuko da eta horren berri emanen zaie interesatuei, zeinek hamar egun naturaleko epea izanen baitute erantzuteko.

Kargu pleguari erantzun edo hori egiteko epea bukatu ondoren, instruktoreak ebazpen proposamena eginen du, interesatuak beste hamar egun naturaleko epearen barrenean bere defentsarako egokia iruditzen zaion guztia alega dezan.

Ebazpen proposamena, egindako guztiak jasoko dituena, Alkatetzari igorriko zaio, eta hark behin betikoz ebatziko ditu irekitako zehapen espedienteak eta dagokien zehapena, salbu eta lizentzia behin betikoz kentzen denean, orduan Udalbatzak izanen baitu ebazteko eskumena.

Hartutako erabakien aurka, Zuzenbidean onartutako errekurtsoak jar daitezke.

AZKEN XEDAPENA

Erregelamendu honetan berariaz araututa ez dagoen guztirako, Nafarroako Foru Parlamentuak gaiari buruz onetsi dituen eta indarra duten xedapenei edo egunen batean onetsiko dituenei jarraituko zaie. Bestalde, horien osagarri gisa, Ibilgailu Arinetako Hiri eta Hiriarteko Garraio Zerbitzuari buruzko Erregelamendu Nazionala onetsi zuen martxoaren 16ko 763/1979 Errege Dekretuari edo gerora haren ordez ematen den xedapenari jarraituko zaio.

Iragarkiaren kodea: L0922673