123. ALDIZKARIA - 2009ko urriaren 5a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

1852/2009 EBAZPENA, irailaren 11koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiarena, Ingurumen eraginaren adierazpena egiten duena "San Martín" izeneko mailegu proiekturako, Nafarroako Ubidearen eraikuntzaren lehenbiziko faserako (7 B, 8., 9. eta 10 A tarteak), San Martin Unxeko (Nafarroa) udal mugapean. Tafalla Canal ABEEak sustatu du.

2009ko ekainaren 29an, Tafalla Canal ABEEak ebazpen honen idazpuruan azaldu den espedientearen dokumentazioa aurkeztu du.

El Saso aldeko sakan baten eskuineko bazterrean proiektatu da mailegua, Corral de Sagüés izeneko lekuaren ondoan, Nafarroako Ubideko 7 B tartearen bukaeraren iparraldean. Hauxe da kokagunea: San Martin Unxeko 5. poligonoko 31., 32., 52 A, 34., 35., 36. eta 1640. lurzatiak, Saso aldean, Corral de Sagüés izeneko lekuaren ondoan.

Mailegu horretarako 181.700 m³-ko bolumena aurreikusi da, eta 7 B tartearen beraren eraikuntza da horren xede nagusia. Obra nagusiari egokituko zaizkio materialen maileguaren lanak eta egutegia, eta 2010eko maiatza izanen da lehengoratzeko azkeneko epea.

Hona hemen proiektuaren ezaugarri teknikoak: bi urte baino gutxiago iraunen du, errepidetik ikusiko da, eta abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 3 B eranskinaren A.1.e puntuan dago sartuta (foru dekretu horren bidez garatu zen Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen Erregelamendua). Hortaz, martxoaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren arabera, Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioa tramitatu da.

Mailegu hori ustiatzeak 38.850 m² okupatzea ekarriko du. Lur horretan badira lehorreko alorrak, berezko landareak dituzten mugak eta sasiak dituzten mendi hegalak, landaretza hau dutenak hain zuzen ere: abaritzak, hego-ipuruak, miterrak, hesilaharrak, txorbeltzak, arteren bat eta landatutako aleppo pinuren bat. Sasi horien azpian beste espezie batzuk ere hazten dira: erromeroa, elorri-triska, erratza, ezkaiak, etab. Maileguak ez du ukituko hustubidetxo naturala, San Martin Unxeko 5. poligonoaren 33. lurzatiaren ekialdean dagoena, ezta hari lotutako berezko landaretza ere.

Bestalde, Saso aldeko ondare arkeologikoaren ukipenei dagokienez, kontuan hartzekoa da badela aurkikuntza solte bat: seguru aski erromatarra izanen den zutabe baten fustea. Hortaz, proiektu nagusirako eskatu den jarraipen arkeologikoa egin behar da.

Guztira, 3.000 m² galduko dira: abariztiak eta berezko landaretza edo landaretza nitrofiloko ezpondak. 20 metroko hondeaketako ezponda bat eratuko da, NA-132 errepidetik ikusiko dena, erauzketako lekua inguratuz. Mailegua azkenean lehengoratzeko proposatu den moduan, bide berri batek zeharkatuko du ezponda, eta 2 H:1 V-ko malda izanen du. Malda naturalera moldatuko da, topografikoki garaien dauden hegaletan, proiektuaren iparraldean. Erauzketako lekua egokitu eginen da, eta itzuli, laborantzarako prest.

Emandako dokumentazioak adierazten du ezen, lekua aukeratzeko, alternatibak aztertu direla eta kontsultak egin direla Nafarroako Gobernuaren Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko langile teknikoarekin, bera baita arduraduna proiektu mota honen ingurumen arloko tramitazioa egiteko.

Ingurumen ondorioen azterlanak egoki aztertzen ditu proiektuak sortutako ukipen garrantzitsuenak, eta neurri zehatzak ezartzen ditu, bermatzeko ez direla ingurumenean eragin esanguratsurik izanen. Ukitutako lekuko erabilerak (laborantza) berreskuratzeko proposamenak dira garrantzitsuenak, eta ustiapenaren aurrealdean geldituko den ezpondaren baso-berritzea. Dokumentazioan bada, gainera, ingurumena zaintzeko programa bat, eta hartan kontrolerako neurri egokiak proposatzen dira, obraren alderdi bakoitzarekin lotutako zuzenketa neurri bakoitza gauzatzeko.

Maileguaren lehengoratzea pixkanaka eginen da: landare-lurreko 0,4 metroko geruza bat zabalduko da (erauzketaren aurretik bildua), eta egokituko, lurra landatuz. Ezpondaren kasuan, ereite hidraulikoa eginen da bertako belarrekin eta zuhaixkekin. Proposatzen da azaleraren % 15 landatzea, proiektuaren lekuaren ondoko berezko sasietako zuhaixka espezieekin.

Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendari nagusiak uztailaren 2an emandako 520/2009 Ebazpenaren bidez (2009ko 93. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, uztailaren 29an), jendaurrean jarri ziren Ingurumen eraginaren azterlana eta maileguaren proiektua, Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioaren ondorioetarako, eta 30 egun baliodunean izan ziren eskuragarri San Martin Unxeko Udaletxean eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan (Armada etorbidea, 2, Iruña).

Jendaurreko aldian ez da alegaziorik jaso.

Espedientean dauden txostenak ikusirik, Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioa osorik dagoela iritzita, eta bat datorrela Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak urriaren 10ean emandako 426/2007 Foru Aginduarekin (haren bidez Ingurumenaren gaineko Eraginaren Ebaluazioari buruzko ahalmenak esleitu ziren),

EBATZI DUT:

1. Ingurumen eraginaren adierazpena egiten da, aldekoa, "San Martín" izeneko mailegu proiekturako, Nafarroako Ubidearen eraikuntzaren lehenbiziko faserako (7 B, 8., 9. eta 10 A tarteak), San Martin Unxeko (Nafarroa) udal mugapean. Tafalla Canal ABEEak sustatu du.

2. Goiburuan aipatutako espedienteko agiri teknikoetan ezarritako baldintzak bete behar dira jarduera horretan, baita baldintza hauek ere:

  • Obra nagusian egiten ari den jarraipen arkeologikoaren barnean txertatuko da maileguko sasi garbiketa.
  • Lehengoratze topografikoa egitean, mailegua lur emankorreko 40 cm-ko geruzarekin estaliko da leku lauetan, eta gutxienez 30 cm-koarekin ustiapenaren aurrealdeko ezpondan. Beraz, obrak behar baino landare lur gutxiago baldin badu, kanpoko landare lurra ekarri beharko da, batez ere ezpondaren begi-inpaktua txikitzeko.
  • Proposatutako lehengoratzean landaketak egin aurretik, berrikusiko da zer mulu-espezie erabiliko diren lehengoratutako ezpondan, eta tamaina txikiko espezieak ordeztuko dira, urte gutxian tamaina handi samarra lor dezaketen beste batzuekin.

3. Mailegua lehengoratzeko plana gauzatuko dela bermatuko da honako arau hauek aplikatuz: urriaren 15eko 2994/1982 Errege Dekretua eta abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretua, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onesten duena (109. artikulua). Horien arabera, banku-abala aurkeztuko da, edo eskudiruzko fidantza, Nafarroako Gobernuaren Ekonomia eta Ogasun Departamentuan, 36.199 euro guztira, alegia, lehengoratze planaren aurrekontuko zenbateko bera.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, abenduaren 28ko 93/2006 Foru Legearen 64. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

5. Ebazpen hau jakinaraztea Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari, Ingurumenaren gaineko Eragina Aztertzeko Atalari, Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, San Martin Unxeko Udalari eta sustatzaileari, behar diren ondorioak sor ditzan.

Iruñean, 2009ko irailaren 11n.~Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusia, Andrés Eciolaza Carballo.

Iragarkiaren kodea: F0922642